Sailkatugabeak

Huhezik Internet bidezko bi gradu eskainiko ditu

HEZKUNTZA. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak Internet bidezko bi gradu eskainiko ditu datorren ikasturtean: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza. Lehendik Hezkuntza Gradua dutenentzat da, beste bat izan dezaten. Be...

Zain

Ikasi egin behar da, zain egoten, alegia. Ez da nonbait zerbait naturala, ez behintzat gaur egun. Oinez ibiltzen, hitz egiten, jaten… ikasten dugun moduan, zain egoten ere ikasi egin behar…

Zain egote eta egoteak daude, dena dela. Esaterako, marrubi batzuk erostera dendara sartu eta ordaintzeko ilara luzea egitea nekeza da gero, kutxan ordaintzen ari dena zentimoak kontatzen ari bada behintzat. Bere dirua da, ordea, bere denbora, bere txanda, eta berak baino ezin du denbora hori kudeatu. Besteok zain egon behar, eta ez dago besterik.

Medikuarengana joandakoan ere zain egotea bizitza beraren parte dela esan dezakegu. Urduri jartzen gaituen egoera delakoan nago… Zain egoteagatik eztarriko mina areagotuko balitz bezala, ipurdi masailean atera zaigun granoa desagertu, eta medikuaren aurrean barregarri gelditzera behartuak egongo bagina bezala… Hasperenak eta arnas hotsak han eta hemen: "Nor da azkena? Zein ordutan zenuen txanda?". Eta betiko komentarioak: "Barruan dagoenak ordu erdi darama jada". "Bai, pazientziarekin etorri behar hona, ez dago besterik". "Ez ote du behintzat ezer larririk izango…". Kontsulta barruan ordu erdi pasa duena ateratzean, begiradak opari. Aurpegiko kolorea aztertu, ibilera, argala al dagoen edo itxuroso… Zenbat mediku, bat-batean, diagnostiko azkarra egiteko prest!

Eta ikasleak? Ikasleak leporaino beti zain egoteaz… Esaterako, azterketa eguna iritsi da. Eseri dira serio, azterketa hasteko prest, erabat urduri… Eta irakasleak: "Pixka bat atzeratuko gara. Izan ere, azterketak fotokopiatzen ari nintzela fotokopiagailua izorratu da". Zain egon behar, eta ezin!! Eguna iristeko presarik ez, sekula ez baita nahikoa denbora izaten azterketa bat behar den bezala prestatzeko, eta eguna iritsitakoan, berriz, zain egon behar, bai edo bai.

Trantze bat pasa ostean, bigarrena: azterketaren emaitza noizko? Zain egote latza, ados nago. Bai behintzat, neurri handi batean, etorkizuna jokoan baduzu.

Mina eragin dezaketen zain egoteak ere badaude, bihotzari eragiten diotenak, arimari nahi baduzue. Seme-alaben musuak, esaterako. Zain egote prozesuaren baitan leku garrantzitsua har dezakete. Txikiak direnean kiloka eta handitzean… Zain egon behar! Musuak emateari zergatik utzi dioten galdetu gabe, isilean… Egon, etorriko direlakoan, noizbait…

Orain eta ja! kulturaren gizartean bizi garenok ikasiko ote dugu noizbait zain egoten? Indukziozko suak, presio-eltzeak, aurrez prestatutako jakiak… Azkar eta orain! (Eta goxoa badago, hobe!)

Zain egoteak badituela ba bere onurak! Esaterako, orain irakurtzen ari zareten hau idazteko denbora hartu dut bilera bat hasteko zain nagoen bitartean.

Agenda estuak eta beteak sortzen digu presa… Presak, zain egoteari, alergia.

BERA BERAK ZERUA UKITU DU

Espainiako Superkopa eta Kopa irabazi ostean, denboraldi paregabea osatu du Bera Bera eskubaloi taldeak, Ohorezko Mailako Liga irabazi baitzuen larunbatean, Castro Urdialesen (Espainia) —irudian—. Goi mailan hainbat urte daramatzan arren, Reyes Karrerek entrenatzen duen taldeak Liga irabaztea zuen lortu gabekoen artean. Baina ez da hori izan Gipuzkoako emakumezkoen kirolak aste honetan emaniko albiste on bakarra. Realak ere liga irabazi du belar hockeyan.

Dantza eta musika, Museoen Nazioarteko Egunean

Museoen Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta egun berezia izango dute San Telmon ere. Museoko sarrera ez dute kobratuko, eta musika eta dantza programazio bat egongo da; Donostiako Musika eta Dantza Eskolarekin elkarlanean antolatu dute. Arratsaldea...

ANJE DUHALDE, URTEURRENAREKIN BAT

BERRIAk hamargarren urteurreneko ospakizun birarekin jarraituko du asteburuan. Gaur, Anje Duhalde batuko da festara, Tolosako Leidor aretoan eskainiko duen kontzertuarekin (20:30). Sarrerak BERRIAren urteurreneko webgunean eros daitezke, hamar euroan....

Mugi garraio sistema ezarri dutenetik, gipuzkoarren %40k erabili dute

Bi hilabete igaro dira Gipuzkoan Mugi txartel sistema bakarra ezarri zenetik, eta Garraio Agintaritza pozik agertu da orain arte jasotako erantzunarekin. Aste honetan ezagutarazi duten balantzean, "arrakastatsutzat" jo dute sistema berria. Larraitz Ugarte Garraioaren Agintaritzako zuzendari orokor eta Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuaren hitzetan, Mugik "jauzi kualitatiboa" ekarri du, "iraultza" Gipuzkoako garraio publikoan.

Sistema berria ezarri izana gipuzkoarrek "begi onez" ikusten dutela nabarmendu du Garraioaren Agintaritzak aurkeztutako txostenean. Martxotik hona gipuzkoarren ia %40k erabili dute txartel bakarra. Guztira, 271.348 erabiltzailek hartu dute garraio publikoa Mugi edo Lurraldebus txartela erabilita; hilabeteko lehenengo bidaiatik deskontuak jaso dituzte. Horietako hamarretik bik erabili dute Mugi berria.

Azken bi hilabeteetan, 54.812 txartel igorri dituzte. 26.066 arruntak dira, eta 28.746, hobari bereziak jasotzen dituzten taldeetakoak. Gainontzeko 10.300 txartelak anonimoak dira; edonork erabil ditzake. Igorritako txartelen kopurua nabarmendu du Ugartek sistema berriaren ezarpena aurkezteko prentsaurrekoan: "Mugi ezarri aurretik, hilean 6.000 Lurraldebus txartel igortzen ziren, orain 30.000 baino gehiago dira".

Txartel bakarra erabili duten erabiltzaileen %20k —56.500 bidaiarik— hobari berriak jaso dituzte. %65eko edo gehiagoko urritasuna dutenek, 25 urtetik beherako gazteek, 65 urtetik gorakoek, hainbat talde sozialeko kideek eta premia ekonomiko jakin batzuk dituztenek dituzte bidaiarik merkeenak. Bestalde, garraio publikoa gehien hartzen dutenak saritzen ditu ere sistema berriak: zenbat eta gehiagotan erabili, orduan eta deskontu handiagoa dute —%90era iristen da hilean 51 bidaia edo gehiago eginez gero—. Hala, hilabete bakarrean 3,2 milioi bidaia egin dira deskontu edo hobariekin, eta bidaiariek 2,5 milioi eurotik gora kargatu dute.

Garraio Agintaritzaren arreta zerbitzuak lan handia izan du Mugi sistema ezarri zenetik. Denbora horretan 31.000 pertsonaren zalantzak argitu dituzte, aurrez aurre, Easo plazako bulegoan —270 herritar egunean—. Horrez gain, 11.000 telefono dei baino gehiago jaso dituzte, eta 2.800 mezu elektroniko inguru erantzun. Orotara, 100.000 izapide baino gehiago kudeatu dituzte.

Kudeaketa lan handia

Txartel berrien eskaerak kudeatzen ditu Mugiko arreta zerbitzuak. Eskaera berriak ez ezik, orain artekoa aldatu behar zutenena ere eraman du. Izan ere, Lurraldebuseko hainbat bezerok berria eskatu behar izan dute. Desagertu egin da haurrentzako txartela, eta 18 urtetik 24 urtera bitarteko gazteek eta 65 urtetik gorakoek frogatu beharra dauakte ez dituztela gainditzen gutxieneko diru sarrerak.

Donostiako hiri barneko autobusetako erabiltzaileek ere berritu dute txartela, sistema berrira egokitzeko. Garraio Agintaritzaren datuen arabera, 8.132 erabiltzailek eguneratu dute Dbus txartela. 364 autobus, Euskotreneko 30 geltoki eta RENFEko 29 egokitu dituzte txartel berriak erabiltzeko.

Sistema ezartzeko hainbat arazo izan direla aitortu du Garraio Agintaritzak; batez ere, txartelak migratzeko eta horiek kargatzeko garaian. Hainbat arazo izan dira datuak manipulatzeko garaian, eta zenbait erabiltzailek atzerapenak izan dituzte. Kutxabanken sorrerak kutxazainetan eragindako aldaketek, berriz, lehenbiziko egunetan arazoak sortu zituzten txartelak kargatzeko.

“Gay eta lesbianen askapenaren gerrillari gehiago behar ditugu”

Homofobiaren heriotza aurpegiak orbana utzi zuen Errenterian orain dela 34 urte, Francisco Vadillo Francis tiroz hil zutenean. Haren omenezko plaka dagoen parkean erantzun ditu Gipuzkoako Hitza-ren galderak Mikel Martin Conde EHGAM elkarteko kideak (Donostia, 1954). Homofobia hiltzailea hitzaldia antolatu dute Errenterian aste honetan, eta Oiartzualdeko herri horretan zein Donostiako Koldo Mitxelenan Luis Arellanoren Memorandum in memoriam dokumentala eman dute. Gaur, Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Naziorteko Egunean, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Bulebarrean.

Homofobia hiltzailea izeneko hitzaldia antolatu duzue. Zergatik aukeratu duzue izenburu hori?

Gaur 23 urte bete dira OMEk homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kendu zuenetik. Ordutik, aniztasun sexuala aldarrikatzeko erreferentzia gisa hartzen da maiatzaren 17a. Luis Arellanok orain dela bi urte Ugandan grabaturiko dokumentala eskaini dugu, izozmendiaren erpin bezala. Homofobiak hil egiten du; hainbat homofobia gradu daude, baina hilketa da adierazle gorena. Edozein erlijioren pulpitutik etengabe gorrotoaren apologia egiten denean, sexu bereko pertsonak maite ditugunekiko krimenen oinarriak sendotzen dira. Gayen, lesbianen eta transexualen askapen mugimenduen eta elkarte feministen lanari esker, gero eta gutxiagok sinesten dituzte gezur horiek.

Gizartea irekitzen ari da, baina hor dirau homofobiak.

Homofobia legerian sartua dago. San Petersburgon [Errusia], homosexualitatearen apologia debekatzeko lege proiektua aurrera atera zuten iaz. Kolektiboek ezin dute jarraitu orain dela lau urte egiten zuten lanarekin. Baina ez da hain urruti joan beharrik homofobia basatia topatzeko. Iruñean, apirilean, bi mutiko jipoitu zituzten; ezin ahaztu ezta ere urriko Bizkaiko [Plentziako] bullying homofobikoa. Gay askapen mugimenduok ate ugari jo ditugu, baina homofobia beste garai bateko arazo larria dela dirudi. Ez da hala, hor dirau.

Heterosexualitatean oinarriturik al dago gaur egun jasotzen dugun hezkuntza?

Sexofobia testuinguruan bada ere, ez da berdina 2013. urtea edo 1970eko hamarkada. Gauza asko aldatu dira, eta ikuspegi berriak azaldu dira zientzien alorrean, psikologian, sexologian —azkenean!—... Sexu heziketa sexologoen esku dago, eta ez apaiz edo politikarien gidaritzapean. Sexualitatea aniztuna da, eraldatu egiten da, ez da zertan ugalkorra izan. Dena den, mendeetan ereindako gorrotoak gizartean errotuta jarraitzen du, eta lan asko egiteko dugula erakusten digu horrek.

Gizarteak homosexualitatea barneratu du, baina akaso ez hainbeste horrek dakarren sexualitatea, ezta?

Hori da kontua. Zenbatek diote "nik lagun gay edo lesbiana bat daukat eta ez dut inongo arazorik"? Barkatu, zergatik izan beharko zenukeen arazoren bat harekin? Askapen mugimenduen lanari esker, Iñaki Oiarzabal bezalako politikari batek bere homosexualitatea onartu du. Eta haren aurretik gehiago egon dira, Iñigo Lamarca arartekoa kasu. Gaur egun hainbat eskubide eta "ongizate" baditugu, aurretik ehunka aktibistak ezinezkoa zirudiena posible bihurtu dutelako ditugu.

Oraindik zaila al da bakoitzak bere homosexualitatea aitortzea?

Bai, noski. Adibidez, nik dakidala Euskal Herriko futbol taldeetan inork ez du bere homosexualitatea aldarrikatu, ezta eskubaloian ere, edo txirrindularitzan, edo alpinismoan... Hautazkoa denez, eta gay eta lesbianen askapenaren gerrillari batzuk dagoeneko armairutik atera direnez, ez zaio garrantzia ematen. Ez ba, gerrillari gehiago behar ditugu. Ezagutzen ditut publikoki sexu bereko pertsonak gogoko dituztela aitortzen ez dutenak, horretarako beharrik ez dutela diotenak. Azken 40 urteetan makina bat pertsonak bat egin du sexu askapenarekin; homofobia ahalik eta azkarren desagertzea komeni dela ulertu dute.

Egungo gazteria orain dela 30 bat urtekoa baino toleranteagoa al da?

Zalantzarik gabe. Eta kalean gay eta lesbiana asko —ez hainbeste transexual— ikusi dituelako da toleranteago. Aspaldi bistaratu gara, eta erreferente izan gaitezke askorentzat. Agerian jartzea oso garrantzitsua da; ea gehiago bistaratzen garen homofobia gelditzeko. Gizartean eragin izanak heteronormatibitatearen aurrean lekua egin izana ekarri du. Gero eta leku gehiago dugu, eta hor sartzen da gazteria, inguruan duena bereganatzen baitu. Hori bai, zenbat eta ageriago homosexualitatea, orduan eta homofobia handiagoa; bere emozioak kudeatzen ez dakien jendea baitago.

Sexu askapeneko elkarteetako kideok egin duzuen lana ezinbestekoa izan dela uste duzu?

Ez daukat zalantzarik. Ezinbestekoa izan da gay-les-trans askapen mugimenduak, feminismoak, sexologoek eta hainbat irakaslek egindako lana. Irakasleek Euskal Herriko eskoletan sartzeko aukera eman digute, milaka neraberekin zuzenean hitz egiteko.

Zein arlo landu behar da orain? Edo zein arlo jarraitu behar da lantzen?

Heziketa. Heziketa da bidea. Sexualitatearen inguruan izan behar dugun jarrera erakusteko, hezkuntza erabili behar dugu. Txikitatik egin behar dugu, ekarriko dugun pertsona hori nolakoa izango den amesten dugunetik. Haur bat euki dugunean, gauza ugari planteatu beharko genituzke. Hasteko, ez genuke ez femeninoan ez maskulinoan izendatu behar; gizaki, zerbait neutroa. Kokatuko da bere lekuan gizaki hori. Ez dezagun pentsatu gure seme-alabak heterosexualak direlako bihurtuko garela gu aitona edo amona, haiek homosexual izanda ere bilaka gaitezkeelako. Izan dezagun jarrera plurala, pentsa dezagun aniztasunean, ez dezagun nortasun sexualik ezarri; aurkituko dute, egon gaitezen gu ondoan, ezer markatu gabe.

Harriaren indarra gizartean

Antzina, harria edo pisua jasotzeko saio ugari egiten ziren baserri eta harrobi inguruetan. Dena den, duela 100 urte hasi zen harri-jasotzearen historia homologatua; herri kirol mota horrek plazetarako jauzia egin zuenean. Hastapen haietatik egun kirol moderno bihurtu arteko ibilbidea jasotzen du Harri-jasotzaile. Harriaren indarra erakusketak. Harria-Herria elkarteak antolatu du, eta harri-jasotzeari eta harri-jasotzaileei "aitorpena" egitea da helburua. Donostiako San Telmo museoan egongo da irailaren 8ra arte.

Harri-jasotzearen historiari gainbegiratua ematen diote erakusketan, harriak, harri-jasotzaileak eta gaur egungo kirola ahaztu gabe. Horretarako, bost ataletan banatu dute erakusketa: Aitzindariak, Harriak, Harri-jasotzaileak, Emakumeak eta Gaur Egun. Garai bateko nahiz egungo harri-jasotzaileen irudiak ikus daitezke. Baita hainbat harri mota ere. Harri baldarrak, irregularrak dira horietako batzuk; harri bereziak eta prestatuak besteak. Urrian, Donostian egin zen harri-jasotze ekitaldiari buruzko ikus-entzunezkoa ere badago.

Duela hilabete batzuk, kaleratu zuen Harria-Herria elkarteak Harria liburua, eta proiektu horri jarraipena ematera dator erakusketa. "Euskal kulturari bultzada ematea da gure helburua, eta herri kirolak zati berezia direnez, horiek sustatu eta ezagutzera eman nahi ditugu", azaldu du Patxi Jauregi elkarteko presidenteak.

Historiari dagokionez, ardatzak izan diren harri-jasotzaile esanguratsuenak aipatzen saiatu dira. 1925eko martxoaren 15a hartzen da harri-jasotze modernoaren hasierako datatzat. Arteondo eta Aritza lehiatu ziren Eibarren. "Harrien homologazioa hasi zen, pisu eta tamaina aldetik; epaileak ere bazeuden".

70eko eta 80ko hamarkadetan ere berrikuntza handia izan zen; kirolarien prestaketa, harrien berrikuntza eta tradizioaren hedapenari dagokienez. Iñaki Perurenaren garrantzia ere aipatu du Jauregik: "Bera izan zen harriari eskulekuak non jarri pentsatu zuena, harria belaunen gainera errazago atera ahal izateko. Horrelako berrikuntza batzuk egin zituen". Kirolaren hedapenean ere asko lagundu zuela Perurenak gaineratu du.

Egun, herri kirolak "erabat kirol moderno" bihurtu dira. "Beste edozein kirolen mailan daude; atzean talde lan handia dago. Prestakuntza fisikorako pertsona bat, harriarekin laguntzeko beste bat, elikadura espezialista, erlojuaren arduraduna...".

Emakume harri-jasotzaileak

Emakume harri-jasotzaileei leku berezia egin nahi izan diete erakusketan. Damasa Agirregabiria hartzen da lehen emakume harri-jasotzailetzat, 1940ko hamarkadakoa. Haren atzetik etorri ziren, besteak beste, Anttoni Ibar, Miren Urkiola eta Marijo Sardon. "Emakume harri-jasotzaile gutxi izan diren arren, beren garrantzia izan dute. Egun Idoia Etxeberria egiten ari den lan bikaina aipatu nahi nuke. Egiten ari den erakustaldiarekin, ea neska gehiago animatzen diren kirol honetara".

Jaia hasi aurretik, ahora

'Ahora' asteaTolosaGero eta gutxiago falta da Kilometroak Tolosara iristeko, eta, eguna heldu aurretik, askotariko jarduerak antolatuko dituzte herrian. Igandetik aurrera, esaterako, Ahora astea egingo dute; kirola, musika, hitzaldiak eta ikus-entzune...