Sailkatugabeak

Bertso eskolak, bizitza eskolak

Bertsolaritza abestuz, errimatuz eta neurtuz egiten den berbaldia da definizioz. Ahozko euskal literaturaren adar nagusietako bat ere bai. Bertsolaritza herri baten, hizkuntza baten eta izaera jakin baten isla dela esan daiteke. Transmisioaren emaitza da, ahoz nahiz idatziz euskaldunek mendeetan iraunarazi dutena. Egun, bertso eskolak dira bertsolaritzaren habia eta hazia. Hiru hamarkada igaro dira sortzen hasi zirenetik, eta gaur egun unerik gozoenean daudela esan daiteke. Etzi, Gipuzkoako bertso eskolek euren eguna ospatuko dute Pasaian.

Gipuzkoako IX. Bertso Eskolen Eguna ospatuko da zehazki datorren igandean Pasaian, Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteak antolatuta. Amaia Agirre bertsolaria eta elkarteko kidea da, eta, azaldu duenez, "bertso eskoletan dabiltzan gazteentzat antolatzen den egun osoko festa da". Festaren helburua, bertsoa ardatz hartuta, "ondo pasatzea eta beste herrietako bertsozaleekin harremana sendotzea da". Goizean, herriko plazan elkartuko dira guztiak, eta taldeak osatuko dituzte jolasen bidez. Eguneko egitaraua sekretupean gorde nahi dute, baina "ipuin kontalari bat" izango dela aurreratu du Agirrek.

Bertsolaria izan edo egin

Bertso eskolen jatorriaren berri izateko, atzera egin behar da. Agirrek gogoan duenez, "1980ko hamarkadaren hasieran hasi ziren sortzen, Xabier Amurizaren ekimenez, eta, geroztik, Euskal Herri osoko hainbat herritan egin dute euren habia". Hasieran, bidea ez zen erraza izan. "Bertsolaria jaio edo egin" zen dilema. Lazkao Txikik zioen moduan, "lehenengo jaio egin behar da, ondoren izateko".

Bertsotan ikasi egiten dela uste du Agirrek. Bertso bat osatzea "erraza" da, bertso ona egitea, "zaila", eta bertsolari izatea, "are zailagoa". Bertsolari izatea ez da bertsotan egitea soilik, "horren atzean ahalegin handia dago, eta jendaurreko eginkizunak betebehar asko dakartza berarekin".

Egun, baina, eztabaida hura gaindituta dago. Are gehiago: "Bertsotan ikasi egin daitekeela" frogatuta dago. Gaur egun, plazetan dabiltzan "ia denak" bertso eskoletan zaildutakoak dira. Andoni Egaña haratago doa, "bertso eskolak bizitza eskolak" direla baieztatzeraino. Agirre bat dator, bertso eskoletan bertsotan egiten ikasteaz gain "beste balio batzuk ere" barneratzen direlako.

Guztiak bezala, bertso eskolek ere bilakaera bat izan dute urteen joanean. Duela 30 urteko eskoletan bat-bateko jardunera bideratzen ziren ikasleak. Gaur, ezin daiteke horrelako baieztapenik egin. "Bertsogintza oso esparru zabala da, eta denentzat dago lekua". Horregatik, bertsolariak ez ezik, "epaileak, gai-jartzaileak eta bertsozaleak sortzea ere ezinbestekoa da". Lehen, "frustrazio handiak" sor zitezkeen, eta, orain, irakasteko moduak eta langaiak "asko aldatu" dira.

Autonomoak eta ezberdinak

Aldaketak aldaketa, bertso eskolen gaur egungo egoera "osasuntsua" da; herri askotan oso finkatuta eta errotuta daude. Debaldeko lana izan da urte askotan, eta, oraindik ere, hala da, nolabait, eta horrek "lan eskerga eskatzen du asteroko eta urteroko lanetan". Hala ere, egiteko asko dago oraindik etorkizunean. "Bertso eskolen arteko sarea eraikitzen ari gara urtez urte, eta oraindik ere lana oso banakakoa den arren, poztuko nintzateke aurrera begira katebegi guztiek elkarrekin lotura izatea lortuko bagenu", azpimarratu du Agirrek.

Elkarlana funtsezkoa den arren, eskola bakoitzaren egituraketak, funtzionamenduak eta filosofiak ez du besteekin zerikusirik. Hasieratik izan da horrela. "Ume, gaztetxo zein helduek osatutako bertso eskolak daude. Batzuk autonomoak dira, beste batzuetan irakaslea kanpotik dator, eta beste batzuetan gehiago daude antolakuntzara begira".

Jakina da bertso eskolek bertsolaritzan eragin nabarmena izan dutela. Eskolek "abanikoa zabaldu dute"; hala ere, "neska-mutil asko hasten dira bertsotan, baina plazara gutxi batzuk iristen dira". Dena den, bertso eskolek "herriko dinamikan izan dute eraginik nabarmenena, bertsolaritzaren sostengu eta abiapuntu diren neurrian".

Xabier Amurizak ereindako haziaren emaitza dira bertso eskolak, baina, Agirrek esan duenez, "gerora irakasle eta bidelagun asko egon dira". Eta, oraindik, badaude. Horregatik, etorkizunera begirako asmorik ez zaie falta. "Eskola bakoitzak bere martxa jarraitzea litzateke onena. Gipuzkoako Bertsozale Elkartea eginkizun horretan laguntzeko prest dago". Helburuen artean daude elkarlana sustatzen jarraitzea eta gazte zein helduek bertsoarekin gozatzeko parada bermatzea.

Etorkizunera begiratzea, aurrekoek utzitako ondarea ahaztu gabe. Horixe erronkarik handiena. XIX. mendekoak dira lehendabiziko zantzu idatziak. Garai hartako bertsolari ezaguna da, oraindik orain, Xenpelar. Hortik aurrera zerrenda nahi adina luzatzen da: Pello Errota, Txirrita, Uztapide, Basarri, Xalbador, Lazkao Txiki, Amuriza, Egaña, Murua, Iturriaga, Elortza, Irazu, Lujanbio... Eta, noski, egun oholtza gainean eta bertso eskoletan ernetzen ari diren etorkizuneko bertsolariak.

Herri baten historiaren zati dira guztiak. Bizitzaren eskolan hazi eta hezitakoak.

%12,4

Turista kopuruaren igoera martxoan Gipuzkoan. Eustat estatistika erakundeak kaleratutako datuen arabera, martxoan %12,4 ugaritu da turista kopurua Gipuzkoan, iazko datuekin alderatuz gero. Gaua igaro dutenen kopurua ere nabarmen igo da lurraldean iaztik: %21,2.

Tren geltokietako segurtasuna, kolokan

Anoetako trenbidea gurutzatzen ari zela tren batek harrapatuta hil zen emakume bat joan den larunbatean. Gipuzkoako Renfeko geltokietako segurtasun gabeziaren ondorioa izan dela salatu du Eguzki ekologista taldeak. "Urtero bi edo hiru hildako izaten d...

Gernika, gune sinboliko dinamikoa ala fosilizatua?

Apirilaren 26aren bueltan memoria hotsek zeharkatu ohi dituzte hedabideak, zer esanik ez, urteurren beteetan. Iazko urtean, esaterako. Presentzia mediatiko apalxeagoarekin bada ere, baina, urtero antolatu ohi dira gertaera hura oroitzeko ekimen ugari. Eta ezaguna denez, ekimen horietan guztietan, ezin ahaztu sekula Picassoren Gernika margolana. Badirudi Picassoren lanaren arrakastaren eta hedapenaren ondorioz ezinezkoa dela gertaera historiko hori dimentsio kultural horretaz beste ulertzea, jasotzea eta geureganatzea. Eta nolabait, gertakari historikoaren balio sinbolikoak gero eta presentzia handiagoa hartu du —margolanaren balio sinbolikoarekin batera—, eta arindu egin dira gertakariaren inguruko interpretazio historikoak (batik bat Gernika margolana erabili ohi denean memoriaren arrastoak azalarazteko bitartekari gisa).

Jakina denez, hasiera-hasieratik Gernika margolana borroka sinbolikorako gudu-zelai bihurtu zuten. Bernardo Atxagak Markak (2007) saiakeran gogorarazten digun moduan, faxistek Gernika margolanaren hedapena geldiaraztea ezinezkoa izango zela ikusirik, margolanaren interpretazioa baldintzatu nahi zuten, eta hartara, margolanaren inguruko diskurtsoa sortu eta hedatu zuten: faxisten diskurtso hartan, Gernika margolana (berr)adiskidetzearen eta bakearen ikurra zen. Gernika-ren irakurketa sinbolikoak egiteko joera ez zen orduan eten, eta bizi-bizi dugu egun. Alegia, gehiagotan aipatu ohi da Gernikako bonbardaketa herritar zibilen aurkako erasoen ikurtzat (Gaza, Gernika berria eta halako leloek iradoki bezala), edota gerrako sarraskien ondorio lazgarritzat, egiazki testuinguru historiko batean kokaturiko gertaeratzat baino. Bernardo Atxagaren ustez, esaterako, margolana zentzuz blaitu da urteetan, eta egun "giza sufrimenduaren sinbolo" bihurtu da.

Inpresioa dut Gernika-ren balio sinbolikoetarako joera horrek indar berezia hartu duela azkenaldian. Gernika margolanaren agerpena areagotu egin da gertaera kultural, sozial eta politikoetan; eta kasu askotan, gainera, Gernika margolanaren agerpenak ez du helburutzat gertaera historiko hura gogoraraztea, edo salatzea. Bestelakoak omen dira margolanaren balio sinbolikoak.

Bide horretatik, deigarria egin zait nolako hari fina eraiki den Gernikako bonbardaketaren eta egungo euskal gatazkaren artean —baita konponbidearen errepresentazioetan ere—. Haginetako mina (Txalaparta, 2008) antologian, gatazkaren inguruko narrazio-antologian, adibidez, Picassoren Gernika ageri da azalean. Antza, ikur hori egiten baitzuten bere egile guztiek, ideologiak ideologia. Ziur asko, Gernika horren atzean hamaika Gernika eta hamaika sinbolo daudelako. Batzuek 36ko gerraren ikurtzat hartuko zuten, eta beste batzuek, aldiz, gerraren edo biolentziaren ikurtzat, ikuskera orokortuago batetik.

Antzeratsu, Gara egunkariak ETAk su-eten iraunkorraren berri emateko ere Gernika ekarri zuen gogora, orduko hartan Zumetaren Gernika margolanaren zatiak josiz erreportajearen bueltan. Ez dakit ongi zergatik, baina orduko hartan ezinegona sorrarazi zidan lotura hark. Picassoren Gernika (berr)adiskidetzearen eta bakearen ikurtzat hartzeak hotzikara sortzen baitit, akaso, horixe izan zelako beste testuinguru batean batzuek margolanari erantsitako balio sinbolikoa; akaso, margolan horrek bakearen sentimendua helarazteak kezkatzen nauelako. Ziur asko, erreportaje hartan iraganari egin nahi zitzaion erreferentzia, memoria historikoari, edo, Atxagaren bidetik, "giza sufrimenduari" egin nahi zitzaion erreferentzia. Ez dakit. Baina, ikusirik Gernikako Akordioak ere Gernika duela erakusleiho eta bakea zein (berr)adiskidetzea helburu…

Argi dago Gernika askotariko herritarren erreferentzia dela eta, hartara, elkargune izan daitekeela, baina… erne!, Gernika margolana gune sinboliko fosilizatu bilaka ez dadin.

Ibaia, ura baino gehiago

Ibaia, ura baino gehiago

Imanol Garcia Landa Tolosa Ikuspuntu aldaketa», «jauzi ideologikoa» eta gisakoak aipatu dituzte Tolosako Topic zentroan, Naturaldia jardunaldien barruan egindako Ibaiak bizirik izateko erronkak mahai inguruan. Parte hartu duten lau hizlariek bat egin dute puntu nagusi batean: ibaien egoeraz eta kudeaketaz hitz egiterakoan, kontuan izan behar da arro guztia. Asteartean aritu ziren solasean Iñaki Antiguedad EHUko...