Sailkatugabeak

Herriaren opioari kalada pare bat

Norbaitek futbolak eta politikak zerikusirik ez dutela edo bata eta bestea ez nahastea komeni dela esaten duenean, Franco eta Videla jeneralak algara batean esnatzen dira. Ni neu ere bai. Ez bakarrik hirien eta herrialdeen ordezkariak, balio etiko eta estetikoen —hutsetik asmatuak eta faltsuak gehienak— gordailu harroak ere badirelako klubak. Politikariak eta beren alderdiak bezala.

Aste osoa daramat Real Madrilen izaera oldarkorrari egindako gorazarreak entzuten, arazoak arazo sekula amore ematen ez duelako; eskola zaharreko instituzioa omen da, jauntasunaren zaindaria. Alderdi Popularraren egoitzan idatzitako dekalogoa dirudi, eta pitokeria erabatekoa da, noski. Real Madrilen indar bakarra hantuste inperialista baita, beti irabazlearen alboan egon nahi duen jendetza otzanak elikatua. Bere ez den guztia mendekotzat hartuta diruz erostean datza haren benetako ideologia. Urdinez apaindu ohi den alderdi politiko baten antzeko jarrera, alegia.

Josep Guardiolak Bartzelonako aulkia utzita, haren eta haren klubaren ustezko balioen inguruko matraka ere zeharo gogaikarria iruditu zait. Futbolaren estetikaz arduratzeaz gain, atariko baratzea ezin egokiago zaintzen dutenaren plantak egiten iaioak dira horiek. Berdin dio hango eta hemengo 12 urteko haurrak bere ingurunetik aldentzeko ohitura beldurgarria izatea edo haiek ere ortuan falta zaizkien fruituak dirutza erraldoiak xahututa erostea. Barça atsegina eta kosmopolita da, eta irizpide eskasa duten milioika txaketerok etxean dituzten taldeak ahaztuta pozik babesten dute. Horrela, Madrilgo arerio zantarrari erantzun hipokrita ematen diote, ezusterik gabekoa eta zeharo espainiarra —senyerak senyera—. Alderdi Popularraren itxura gogorrak behar duen alter-egoa direla esango nuke, zapaterismo txepel eta gezurtia futbol bihurtua.

Baina politika eta futbola uztartzen dituen adibide argienetakoa Euskal Herrian daukagu. Dresdengo Dynamok Stasi edo Moskuko CSKAk Sobietar Armada ordezkatzen zuten bezala, gure sentimendu nazionala defendatzen duen kluba Athletic Club da. Horretarako, kirol egitarauari ukitu ideologikoa eman zioten haren agintariek aspaldi, euskal herritarrekin bakarrik jokatzeak arrazoi politikoei soilik erantzun baitiezaieke. PPren eta PSOEren espirituari aurre egiteko, hori eta gehiago beharko zuten. Horrexegatik, lastima da gero Athletic hain erlijiosoa eta hertsia izatea eta lagatzen diotenero Real Madril eta Bartzelonaren handinahikeria errepikatzea. San Mames lepo ikusten dudan bakoitzean, denak jokalari kuttunari lehendakari deituz, batzoki erraldoi bat begitantzen dut, eta zelai erdiko zirkulua EAJren logo bihurtzen da bat-batean. Baina herriaren opio gehiegi erretzen ari naiz aspaldian, ziur aski.

“Gizartearekin inplikatuta dagoen ikaslearen irudia ez da ezaguna”

EHUko Gipuzkoako Campuseko Ikasleen Kontseiluko buru kargua hartu berri du Adrian Llorente Aginagaldek (Donostia, 1989). Esan du unibertsitatean hasi zenetik hasi zela ikasketez harago mugitzen, eta "halabeharrez" ikasi duela ikasketak eta bestelako zereginak uztartzen. Medikuntzako bosgarren mailako ikaslea da.

Gipuzkoako Ikasleen Kontseiluan aldaketa bat izan da. Zergatik?

Iaz eratu zen Gipuzkoako Ikasleen Kontseilua. Orduan egin zen araudiaren arabera, kontseiluak zuzendaritza batzorde bat behar zuen, eta, orain arte, hori ez da garatu. Zuzendaritza horretan, unibertsitate zentroetako ikasle kontseilu guztien ordezkaritza dago: Ibaetakoa, ospitaleetakoa eta Eibarko Ingeniaritza Eskolakoa. 13-14 kide inguru gara.

Nola dago eratuta kontseilua, eta zein funtzio ditu?

Esan bezala, 13-14 kide gara denera, eta horietatik lauk osatzen dugu talde eragilea. Ibaetako campuseko ikasleen kontseiluak ordezkatzea da gure zereginetako bat, eta, horrez gain, koordinazio lana egiten dugu beste zentroetako ikasle kontseiluen artean; gainera, ahal dugun neurrian, campuseko ikasleen arteko dinamizatzaileak ere izan nahi dugu. Orain, bitartekariak gara zentroetako ikasle kontseiluen artean eta EHUko ikasle kontseilu nagusiaren artean. Egoeraren arabera, hilean behin edo bi astean behin bilerak egiten ditugu. Egoera ez da erraza, eta zentroetako ikasleen kontseiluetako ordezkariek dituzten arazoak ekartzen dituzte aztertzeko eta, konpontzeko biderik balego, horri eusteko. Guk ez dugu irtenbiderik ematen; bitartekari lana egiten dugu.

Zuen ardatzetako bat da ikasleen elkarlana bultzatzea. Nola egiten da hori?

Sumatu dugu unibertsitateko ikasleen mugimendua geldirik dagoela. Horren gaineko plan bat garatzen hasi gara, eta, horretarako, ardatza da ikasleen elkarteak sortzea eta sustatzea, eta ikasleen arteko topaketak egitea. Ahal den heinean zentroetako ikasle kontseiluen jardunari laguntzea ere bada gure asmoa, horietako asko makal daudelako.

Zuen lanerako esparrua, ordea, ez duzue soilik mugatzen ikasketa eremura. Gizarte eragile ere izan nahi duzue.

Adibidez, Gipuzkoako unibertsitate ikaskuntzak dituen ezaugarrietako bat Junior Enpresak egitasmoa da. Hori ez dago ez Bizkaian, ez Araban. Gure asmoa da Junior Enpresa horiek bultzatzea; alegia, unibertsitatearen barruan dauden enpresa txiki horiek indartzea —fakturatzeko ahalmena dutenak—. Ikasleak lan mundura gehiago gerturatu nahi ditugu horrela. Beste helburu bat da ikasleen ordezkaritza elkarteak bultzatzea; horren adibide dira Medikuntzako Ikasleen Batzordea eta Ikasle Abertzaleak. Azkenik, prest gaude gizarteari oro har laguntzeko, zenbait boluntario egitasmoren bitartez.

Zeintzuk dira egun unibertsitateko ikasleen ezaugarriak?

Nik uste dut ikasleek, unibertsitatea barru-barrutik ezagutzen ez duten arte, ez dutela izaten unibertsitate ikasleen profil apropos bat. Estereotipoak daude: asko ikasten duten gazteena, edo festazaleak diren gazteena. Baina gizartearekin inplikatuta dagoen ikaslearen irudia ez da ezaguna. Unibertsitatearen erraiak ezagututa, ikasleak konturatzen dira egitasmo asko daudela unibertsitatearen barruan, ez oso ezagunak, beharbada. Adibidez, boluntariotza asko lantzen da, baita nazioarteko kooperatibismoa ere. Guk, Medikuntzako ikasleok, Adams izeneko egitasmoa abian jarri dugu berriki. Horrez gain, irakasle ikasketak egiten ari diren azken urteko ikasleen artean, ohikoa da kooperatiba ekintzak egitea garatzeko bidean dauden herrialdeekin. Nik uste dut mugitzen garela, baina hori ez da jakiten, eta gehiago mugitu behar dugu.

Espainiako Gobernuak proposatu du murrizketak egitea eta tasak igotzea unibertsitate eremuan, besteak beste. Zein iritzi duzue horretaz?

Egia esateko, ez dago batere garbi Espainiako Gobernuaren erabaki horiek nola eragin diezaioketen Euskal Herriko Unibertsitateari; izan ere, EHUn Euskal Autonomia Erkidegoko legedia dago, eta uste dut Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere ez duela guztiz garbi gai hori. Hori esanda, ikasleen kontseiluek egin beharko luketena da neurri horiek garbi daudenean horien gaineko informazioa eman, har litezkeen neurriak adostu, eta unibertsitate barrutik egin daitekeen guztia egin; alegia, Gobernu Kontseilura proposamenak eraman, irakasleen eta bestelako langileen sindikatuekin ados jarri, eta indarra egin errektoreak hein batean ere indarra egin dezan neurri horien kontra Hezkuntza sailburuaren aurrean.

Donostiako campusean pil-pilean dago TAOren gaia.

Orain, konponbiderik ez du TAOren gaiak. Donostiako Udalak ez du aldaketarik jaso TAOren ordenantzan; beraz, berdin eutsiko zaio; hau da, Ibaetan TAO egongo da aurrerantzean ere. Guk ez daukagu eskumenik hori aldatzeko; Donostiako Udaleko alderdi politikoen esku dago ordenantza hori aldatzea. Ez gara haiekin bildu, eta unibertsitateak itxitzat eman du gaia. Hala ere, urratsak egin dira aurrera alde horretatik: autoak uzteko toki gehiago jarri dituzte. Beste gai garrantzitsu bat da garraio publikoarena. Herrialde barruko herrietako garraio publikoaren eskaintza hobetu behar da, bereziki: linea gehiago behar ditugu, eta horiek maiztasun handiagoa izatea. TAOren gaia garrantzitsua da, baina garraioaren gabezien ondorioz da horren zaila autoa aparkatzea.

Gipuzkoako ikasleen arteko topaketa prestatzen ari zarete; zergatik?

Orain, martxan hasi berriak garela, iruditzen zaigu ikasleok elkartu egin behar dugula, alderdi ludikotik zein ikasketa alorretik badugulako zertaz hitz egin. Proposamen asko ditugu buruan, mota guztietakoak. Besteak beste, gure zereginetako bat da unibertsitateko bizitza kulturala indartzea, eta, alde horretatik, proposamen asko ditugu mahai gainean eztabaidatzeko; tartean, musika banda bat osatzea.

Errepideen egoerari buruz kanpaina hasi du aldundiak

Errepideen finantzaketaren, errepide sarearen kudeaketaren eta diputazioak esparru horretan duen "defizit" ekonomikoaren berri emateko, kanpaina bat abiatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Larraitz Ugarte Azpiegitura diputatuak eta Joseba Altube depart...