Sailkatugabeak

“Asko poztu nintzen Erkibera sartu zirenean”

Zumaian gazteek Erkibe eraikina okupatu zuteneko garaiari buruzko hitz onak besterik ez ditu Jon Maiak (Urretxu, 1972). Ni ere han izan nintzen kanpainarekin bat egin dutenetariko bat izan da bertsolari zumaiarra, gaztetxeak iraun zuen urtebete hari b...

UMOREZKO BIKOTEA

Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa, Ramon eta Inaxio ez baina, Ray eta Nick bihurtzen dira Xentimorik gabe antzezlanean. Honorioren aholkuari jarraituz —eta Honorio nor den ez badakite ere—, etxera, Euskal Herrira itzultzea erabakiko dute Ray eta Nick artistek. Ikuskizun eroa da Xentimorik gabe, antzerkia, musika eta umore ona uztartzen dituena. Gaur, Beasaingo Igartza jauregian ikusi ahal izango da, 19:30ean.

Zumaian etxe bat okupatzeagatik epaiketaren zain dira hamar gazte

2008an eraikin bat okupatu zuten ehun gazte inguruk Zumaian. Herriaren erdiguneko Erkibe etxera sartu —1999tik hutsik zegoen —, eta gaztetxe izendatu zuten. 2008ko uztaila zen. Egun gutxi barru, ertzainak sartu eta han zeuden hamar gazte identifikatu zituzten. Okupazioak urtebete gehiago iraun zuen, baina orain hamar gazte horiek auzipetuta daude. Azpeitiko Epaitegitik jaso zuten gutuna: fiskalak 1.500 euroko isuna eskatzen du auzipetu bakoitzarentzat, legez kontra eraikin batean sartzeagatik. Erkibe etxearen jabeek, berriz, 80.000 euroko kalte-ordaina eskatu dute "eraikinak jasandako kalteengatik" eta etxea okupatzeagatik. Epaiketa egingo dela jakin arren, ez dakite noiz izango den.

Isunei dagokienez, auzipetuek azpimarratu dute akusazio partikularrak ez duela arrazoirik 80.000 euroko kalte-ordaina eskatzeko: "Eraikinean apurketak egon zirela dio etxearen jabeak, baina irudietan argi ikusten da eraikin hori okupatu zen egunean ere egoera oso txarrean zegoela, hamar urtetik gora zeramatzalako hutsik", azaldu du Maddi Gallastegi auzipetuak. Gainera- tu du eraikina txukundu egin zutela: "Hormak margotu ziren, dena garbitu zen, eta sotoan zutoinak jarri ziren, erortzeko arriskuan zegoelako".

Gazteek Ni ere han izan nintzen kanpainarekin erantzun diote isunaren mehatxuari. Auzipetuak hamar izan arren "erasoa denen kontrakoa" izan zela azaltzea da helburuetako bat: "Ertzainak sartu zirenean hamar lagun geunden, baina Zumaiako gazteria osoaren aurkako erasoa izan da". Horregatik, kanpaina ez dute irudikatu nahi izan hamar gazteren inguruan, "herriko gazte guztiek aurrera eramandako kanpaina baten gisan" baizik. Hala, hainbat ekintza egin dituzte elkarlanean. Esaterako, sinadura bilketa egiten dute larunbatero Zumaian, eta txandak antolatu dituzte mahaiak jartzeko. "Denok sentitzen dugu epaiketaren zama gainean, baita erantzukizuna ere aurrera egiteko", azaldu du Gallastegik. Oraingoz, 540 sinadura bildu dituzte. Gainera, gaur egungo Torreberri gaztetxean antolatzen diren ekintzetatik diru kutxa bat osatzen ari dira, isuna egongo balitz hari aurre egiteko.

Sinadurez gain, eta kanpainaren barruan, herriko hainbat pertsona idatziak egiten ari dira gero komunikabideetara bidaltzeko. "Herriko hainbat eremutan mugitzen diren gazte eta ez hain gazteek astero komunikabideetara idatzi bat bidaltzea zen gure asmoa, kontatzeko haiek nola bizi izan zuten gaztetxeak iraun zuen urtebete hori". Besteak beste, Jon Maia bertsolariak, Beñat Lizeaga euskal presoak eta Ikasle Abertzaleetako eta Dardara musika kolektiboko kideek egin dute euren ekarpena. Idatziak www.galernasarean.info webgunean irakur daitezke.

Mezu baikorra

Pozik daude orain arte herritarrengandik jasotako erantzunarekin. Igaro berri diren San Telmo jaietan ere hainbat ekintza egin zituzten, eta "400 pertsonatik gora" elkartu zituzten herri bazkarian. "Pixkanaka ari da gaia herritartzen, eta alde horretatik pozik gaude". Gallastegik gaineratu du udalak ere kezka eta laguntzeko prestasuna agertu dituela, eta mahaia jartzen dutenean herritarrak galdezka joaten zaizkiela. Gallastegik uste du gaztetxeak iraun zuen urtebetean egindako lanak "bere fruitua" eman zuela, eta herriari "ekarpen handia" egin ziotela. Hain zuzen ere, 2009ko urritik gaztetxe finkoa dute, udalarekin hitzarmen bat sinatu ondoren: "Gaur egun, Erkibetik bi minutura dagoen eraikin batean dugu gaztetxea, Torreberrin. Denak animatu nahi ditugu gaztetxean parte hartzera. Guk berdin-berdin jarraituko dugu lanean; izan lau hormen artean, izan kalean, izan kristalezko jauregi baten barruan [orain dauden eraikin berriari erreferentzia eginez]".

2008ko uztailaren 9an sartu ziren Erkibe etxean ehundik gora gazte; Eman o hartu lelodun elastiko urdinak zituzten soinean. Gaztetxea sortzea zen asmoa, eta, lehen egunetik, hainbat ekintza egin zuten han. 2009ko uztailaren 24an bidali zituzten handik ertzainek. Ordurako, Zumaiako Udalarekin hitz eginda zeuden, bota egingo zituztela jakitun. Udalak Torreberri eraikinaren zati bat eskaini zien, eta han du Zumaiak gaztetxea 2009ko urritik.

Normal

Pasa den apirilaren 17tik indarrean da euskaraz egindako ikasketa ofizialak hizkuntza-tituluak lortzeari begira kontuan hartuko dituen dekretua EAEn (47/2012). Hemendik aurrera, beren ikasketak 2008tik hona euskaraz egin dituzten ikasleek ez dute aparteko frogarik egin beharko beren euskarazko ezagutza ziurtatzeko.

Bati gogora etortzen zaizkio bat-batean gaur egun batxilergoan, edo lanbide heziketan, edo unibertsitatean ari diren milaka ikasle euskaldun. Edo dagoeneko lanean ari direnak. Eta pentsa liteke horietako askok arindu bat hartuko zutela albistea entzundakoan. Poztu egingo zirela. Gainetik zama bat kendu zaiela sentituko zutela. Eta normala poztea, ez baitute azterketa estra-rik egin beharko. Pentsa izatekoa da ere gobernuko arduradun politikoen aldetik (kasu honetan, hezkuntzakoak eta kulturakoak) atsegina izango zela erabaki hori hartzea eta iritzi publikoari jakinaraztea. Azken finean, beti da atseginagoa azterketa bat kenduko duzula esatea, zergak igoko dituzula esatea baino, adibidez.

Dena den, erabakia ona edo txarra norentzat den alde batera utzita, nabarmentzekoa da dekretu honen erabakia euskararen "normalizazioaren" aldeko gisa aurkeztu dela. Normalizazioa (hizkuntza-normalizazioa) oso kontzeptu erabilia izan da eta da hizkuntzaren inguruko gora-beheretan, baina karga polisemiko dezentekoa du, eta haren gainean teorizatu duten guztiek ez dute gauza bera adierazteko erabili izan. Esango nuke, gainera, euskara eta gaztelaniaren arteko kontuetarako erabiltzen denean ere azken urteotan gero eta zentzu zabalago batean erabiltzen dela. Alde horretatik, ez legoke gaizki dekretuaren kasu honetan, eta beste askotan, kontzeptu horrekin epe erdira edo luzera zer irudikatzen ari garen adieraztea.

Normalizazio kontzeptua bera, askoz lehenagokoa den arren, 1965 ingurutik da bereziki erabilia soziolinguistika arloan, Aracil eta beste soziolinguista katalan batzuen lanetatik abiatuta. Lan horietan, normalizazioa terminoa hizkuntza-gatazka-ren ereduan kokatzen da (conflicte lingüístic) eta prozesu sozial zabal bat adierazten du, funtzioen berrantolaketa sakon bat, non minorizazio-egoeran dagoen hizkuntza bat atera egiten den egoera horretatik, bere erabilpena hedatuz gizarte-esparru eta funtzio guztietara. Esan beharrik ez da, esaldi bakarrean kabitzen den arren, oso prozesu konplexua biltzen duela bere baitan kontzeptuaren adiera horrek, mila zailtasun dituena bere bidean.

Nolanahi ere, ez da batere erraza gaur egun euskararen "normalizazioaren aurka"-ko iritzi publikoak topatzea. Bestalde, ordea, jakin badakigu gizartean euskararen inguruko bizipen eta nahi ezberdinak daudela gurean; eta ez dirudi erraza "normalizazioa" nahi duten guztiek egoera "normal" bera izatea buruan... Hala bai?

Osakidetzak eta Arrasateko Udalak ituna egin dute ospitaleko aparkalekuez

Arrasateko Udalak eta Osakidetzak hitzarmen bat sinatu dute asteon, Arrasaten eraiki berri den Debagoieneko Ospitaleko aparkalekuei buruz. Ekainaren 18an zabalduko dute ospitale berria, eta, ordurako, 110 aparkaleku erabiltzaileentzat zein herritarrentzat prest egongo dira —eraikin berriaren azpian egongo dira plaza horietatik 63, eta eraikinaren atzealdean, beste 47ak—. Bigarren fasean, beste 94 aparkaleku ere prestatuko dituzte, ospitale zaharraren eraikinaren orubea baliatuz. Orotara, beraz, 204 aparkaleku egongo dira Debagoieneko ospitalearen inguruetan. Osakidetzako zuzendari nagusi Julian Perez Gilek eta Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek asteazkenean sinatu zuten hitzarmena, ospitale berrian bertan. Ekitaldian izan ziren ospitale berriko ordezkari nagusiak ere.

Horrez gain, bi aldeek konpromisoa hartu dute Fagor Arrasate kooperatibarekin negoziazioak abiatzeko, egun Gamein enpresaren inguruan dauden 100 tokiak ahalik eta denbora gehienez erabili ahal izateko.

Hitzarmena sinatzean, bi aldeek adierazi zuten itunaren bidez "konpondu" egingo dela Arrasateko inguru horretan dagoen aparkaleku gabezia. Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkateak, gainera, duela lau urte ezarritako epeak bete direla adierazi zuen, eta Arrasate "erreferente" bihurtu dela osasun zerbitzuei dagokienez.

BETIKO ILDOTIK, ENTZULEAK DANTZARAZIZ

Hesian, Sakanako (Nafarroa) musika taldea, han-hemen dabil emanaldiak egiten azarotik, Hitzetik izeneko diskoa kaleratu zuenetik (Elkar). Kontzertu zerrenda horri beste bat gehituko zaio bihar, 21:30ean kontzertua emango baitu Azkoitian, herriko plazan. Laugarren diskoa du Hitzetik, eta bertan aurreko diskoetako pop-rock eta punk-rock doinuak dira nagusi. Zortzi musikarik osatzen dute Hesian taldea, eta Zuriñe abeslariaren ahotsak haizezko musika tresnen garrantziarekin partekatzen du taldeko protagonismoa. Bihar, Azkoitian joko dute, eta datorren astean, Gasteizko Arabatakadan.

“Andraitzen ikusi nuen Ehunmiliak menderatu nuela”

Leire Iruretagoiena (Tolosa, 1974) korrikalariak bigarren egin zuen iaz Ehunmiliak proban, eta orain bi urte hirugarren G2Hk lasterketan. Mendi lasterketetan ohiko korrikalaria da, baina Ehunmiliak "proba kuttuna" da harentzat; jendearen babesak gogortasuna arintzen duela esaten du.

Bi proben artean, zein duzu nahiago, proba luzea edo motza?

Bi probak, motza eta luzea, biak dira proba luzeak, baina, biak egin ondoren, Ehunmiliak aukeratuko nuke. Oso proba berezia izan zen niretzat, eta proban zehar jasotako harrera, berotasuna eta nik neuk bizitako sentsazioak ez ditut inoiz ahaztuko. Orain bi urte galdera hau eginez gero, motza esango nukeen, luzea egitea astakeriaz gain ezinezkoa zela iruditzen zitzaidalako.

Zer sentitu zenuen batean eta bestean?

Horrelako proba luzeetan sentsazio mordoa izaten dira: poza, emozioa, nekea, mina, hotza, beroa, logura… Bat-batean, kantari hasten zara, pozez; handik minutu batzuetara, zer demontre egiten ari zaren galdetzen diozu zeure buruari. Eta hori dena proba berean gertatzen da. G2Hn sentsazio orokorra hotza eta mina izan ziren —bihurritua nuen, eta proba aurrera zihoan heinean mina igartzen hasi nintzen—. Ehunmiliak-en, emozioa, pozak eragindako negar malkoak, jendearen berotasuna... Lasterketa prestatzerakoan lasterketa egunean baino ordu gehiago egiten dira mendian bakarrik, eta lasterketan zehar noiznahi eta nonahi jendea ikusten genuen, gauez eta egunez, herri barruan edo mendi puntan… eta horrek kilometroak eta orduak ahazten laguntzen du.

Bietan oso emaitza onak lortu dituzu. Zein exijentzia maila du bakoitzak?

Edozein probatan exijentzia maila bakoitzak bere buruari jartzen diona da. Argi dagoena da bai bata eta bai bestea egiteko gorputza kilometroak egitera ohituta egon behar dela. Proba luze hauetan eramaten dudan erritmoa baxua da; beraz, gorputzak jasotzen duen desgastea orduak igarota gorputzari etortzen zaion nekea da. Gakoa hor dago, neke hori zenbat eta beranduago azaltzean edo azaldutakoan aurrera nola egin jakitean. Gorputzaren indarra bezain garrantzitsua da mentalki duzun indarra.

Ibilbideko zein zati egin zitzaizun gogorrena?

Gogortasuna askotan ez du ibilbideak markatzen, zure egoerak edo eguraldiak baizik. G2Hn zatirik gogorrena gauez Txindoki-Aralar zatia egin zitzaidan. Lasterketa hasi berria zen, eta ez genituen kilometro asko gainean, baina hotza eta euria ari zuen, eta lokatza zegoen; zati hura astuna egin zitzaidan. Ehunmiliak-en, berriz, bizkarrean ehun kilometro inguru nituen, eta zati bera eguerdiko eguzkipean, paseoan zebiltzanen artean, gustura egin nuen. Aizkorrira askotan joan naiz, baina egun hartako igoerak beste egunetan baino kilometro gehiago zituela eta harriak handiagoak zirela iruditu zitzaidan. Hura izan zen zatirik gogorrena. Andraitzeko puntakoa, berriz, momenturik bereziena. Hor ikusi nuen proba menderatuta neukala eta hilabete batzuk lehenago neure buruari jarritako erronka bete nuela. Helmugako unea ere berezia izan zen, etxekoak eta lagunak bertan ikustean hilabeteetan egindako lanaren saria orduan lortu bainuen.

Aurtengo uztailean, egongo al zara Beasaingo irteeran?

Irteeran segur aski bai, eta ibilbidean zehar ere bai, baina dortsalik gabe. Aurten ez dut parte hartuko, eta animatzera joango naiz. Halako probetan nire helburua ez da izaten markak hobetzea, esperientziak bizitzea baizik. Ehunmiliak-en oso oroitzapen onak ditut, eta, oraingoz, horrekin geratzen naiz.

Begi askotatik irakurtzen

Afizio bakartia eta intimoa da irakurketa. Liburuak bakoitzari bere erara hitz egiten dio, besaulkian edo ohean, eta banaka irekitzen ditu bere barrura sartzeko ateak. Irakurketak ere bilatu du, ordea, taldean lekua hartzeko modua: herri ugaritan daud...

Oso asteburu magikoa

VIII. Magia MostraElgetaZortzigarrenez, Nazioarteko Magia Mostra egingo dute Elgetan, Espaloia kafe antzokian, asteburu honetan. Gaurtik igandera bitartean oraingo magorik entzutetsuenak Elgetan izango dira. Hainbat ikuskizun Espaloia kafe antzokian b...