Sailkatugabeak

Bost neurri adostu dituzte Urumeak gainezka egitea eragozteko

Urumeak berriz gainezka egin ez dezan, epe laburrean gauza daitezkeen bost neurri adostu ditu uholdeak eragozteko batzordeak; astearte goizean bildu zen lehenengoz, eta datozen bi urteetarako ildo estrategikoa zehaztu zuen. Iazko azaroko uholdeek eragin handiena izan zuten lekuetan egingo dituzte lan horiek; Donostiako Loiola eta Martutene auzoetan, eta Hernaniko Karabel inguruetan, hain zuzen ere.

Batzordea hainbat erakundetako ordezkariek osatzen dute: Donostiako, Astigarragako eta Hernaniko udaletakoek, Eusko Jaurlaritzakoek, Gipuzkoako Foru Aldundikoek, Uraren Euskal Agentziakoek eta Espainiako Gobernuko Kosta Zuzendaritzakoek. Urumearen aldeko herri plataformako kideak ere badaude batzorde horretan.

Proiektu "egingarrienak" izango dira lehenetsiko dituzten lanak; 2014rako bukatu nahi dituzte denak. Loiolatik hasiko dira; auzo horretan, Euskotreneko zubia kentzeko asmoa dute, baita Añarbeko Urak enpresak inguru horretan dituen ur hodiak ere.

Donostiako beste auzoetan ere laster hasi nahi dute lanean: batzordea osatzen duten kideek adierazi dutenez, 2013an ekingo diote Txomin Enea auzoa "urbanizatzeari". Martuteneko lanak, berriz, 2014an hasiko dira, beharrezko tramiteak egin ostean. Auzo horretako zubia eraitsi eta berri bat egin nahi dute, eta ibaiaren ibilgua zabaltzeko asmoa ere adierazi dute. Dena den, posible da horren ondorioz inguruko eraikin batzuk bota behar izatea, Ricardo Burutaran Donostiako Hirigintza zinegotziak asteartean azaldu zuenez.

Hernaniko Karabel auzoan eta Añarbeko urtegian ere hobekuntzak egitea lehenetsi du uholdeen aurkako batzordeak. Hemendik aurrera, bi hilean behin elkartuko da; beraz, hurrengo bilera maiatzean izango da. Batzar horretan lanen hurrenkera eta finantzatzeko aukerak aztertuko dituzte. Oraingoz, Uraren Agentziak Karabel auzoko lanen hiru laurden finantzatzea proposatu du; gainerakoa enpresa pribatuen esku egongo litzateke.

Aspaldiko eurite handienak izan ziren azarokoak, eta Gipuzkoako hainbat ibaik gainezka egin zuten. Urumea inguruko herrietan kalte handiak eragin zituen urak, baina Oria eta Urola ibaiek ere egin zuten gainezka. Hainbat etxetako sotoak eta behe solairuak urpean gelditu ziren, eta zenbait lekutan enpresa eta lantegietara ere sartu zen ura.

“Ahozkotasuna, umeek baino gehiago, helduek landu behar dute”

Ahozko komunikazioa eta transmisioa lantzeko asmoarekin sortu zuten Ahoz Aho jaialdia, duela lau urte. Harrezkero, kultura eta genero ezberdinetako artistak ekarri dituzte urtero Tolosara eta Ordiziara. Intujai Teatro taldeko May Gorostiaga (Tolosa, 1971) eta Beatriz Larrañaga (Errenteria, 1974) buru-belarri dabiltza antolaketa lanetan. Gaur zabalduko dute egitaraua, Ordizian, Metrokoadroka taldearen Hura ez da lekua ikuskizunarekin. Jaialdi nagusiak, berriz, datorren astean izango dira; martxoaren 16an, Ordizian, eta hilaren 17an, Tolosan.

2008an egin zenuten Ahoz Aho jaialdia aurreneko aldiz. Nolatan sartu zineten saltsa horretan?

MAY GOROSTIAGA. Berez gara nahiko saltseroak [barrez]. Lleidan [Herrialde Katalanak] egiten den jaialdi batera joan ginen, eta han ezagutu genuen German Ibarra artista euskalduna. Ahozkotasunaren inguruko jaialdi bat antolatzen dute han, eta, haren bidez, nazioarteko hainbat artista hona ekartzeko aukera sortu zen; horiek eta hemengo artista batzuk elkartuta antolatu genuen aurreneko jaialdia, Tolosan. Gero, Ordiziara ere zabaldu zen, eta, harrezkero, bi herrietan egiten dugu.

Ahozkotasuna eta transmisioa dira jaialdiaren ardatzak, baina batez ere antzerkian eta ipuinetan oinarritzen da, ezta?

M. G. Oro har esaten dugu espresatzeko hitza erabiltzen duten artistak direla. Hor sartzen dira pregoilariak, bertsolariak, ipuin kontalariak, narratzaileak... kantautore batzuk ere izan dira gurekin. Azken finean, erreminta moduan hitza erabiltzen duten artistak sartzen dira gure jaialdian.

BEATRIZ LARRAÑAGA: Poesia ere sartu dugu aurreneko aldiz. Aurten, esaterako, Jone Gorostarzu gonbidatu dugu.

Euskal Herrian ahozkotasunerako tradizio handia egon izan da, baina gonbidatu dituzuen artistak ikusita, mundu osoan izan du garrantzia ahozko transmisioak.

M. G. Bai. Gure helburuetako bat nazioarteko artistak ekartzea da, haiengandik ikasteko. Baina baita daukaguna erakustea ere, Euskal Herriko artistak erakustea eta elkarrekin egoteko aukera ematea. Urtero begiratzen dugu inguruko artistek zer egiten duten, gure jaialdian sartzeko.

Kultura eta genero ezberdinak uztartu dituzue egitarauan. Nahita bilatu al duzue aniztasun hori?

M. G. Beti saiatzen gara leku ezberdinetako jendea ekartzen. Aurten, batez ere, Argentinako eta Afrikako jendea etorriko da. Falilou Diagne senegaldarra, adibidez; pregoilari moduko bat da, herrian gertatzen diren gauzak kontatzen dituena, eta kontatzeko modu hori ekarriko du, guk ikus dezagun. Harekin batera, Enekora ariko da; euskalduna da, baina Afrikako kora instrumentua jotzen du, kalabaza batekin egindako harpa moduko bat. Biek elkarrekin ikuskizun bat egingo dute.

Agertoki aldetik ere, denetik dago, hasi tabernetatik eta antzoki handietara. Jendearengana gerturatzeko modu bat al da?

M. G. Hori da gure helburuetako bat, kultura leku batean bakarrik ez zentralizatzea. Kultura izan daiteke areto handi batean ikusteko; baina ahozkotasuna beti tximiniaren ondoan edo kobazulo batean transmititu izan da, eta guk ere lortu behar dugu txoko horietan xarma hori sortzea, harreman zuzen hori bilatzea.

B. L. Jendearengana gerturatzea lortzen badugu, tabernetan-eta egonez, agian errazagoa izango da aurrera begira jende horrengana iristea. Ipuinpoteoa, adibidez, kalejira moduko bat da, eta tabernetan, jendeak trago bat hartzen duen bitartean, ipuinak entzun ditzake. Iaz, Ordizian egin genuen, eta oso ondo atera zen.

Beste eragile batzuen laguntza ere izan duzue. Harreman sare hori lantzen saiatzen zarete, ezta?

M.G. Bai, pixkanaka-pixkanaka ari gara sare hori zabaltzen. Aurten, azpimarratzekoa da Ordiziako ikastetxeek egin duten lana, Urdanetak eta Jakintza ikastolak. Zoragarria da egiten ari direna. Ahoz aho, eskuz esku proiektuarekin hasi ginen. Umeek eskulanak egiten dituzte, baina ez bakoitzak berea, baizik eta kate moduko bat osatuz, gero erakusleihoak dekoratzeko. Aurten, oso gauza polita egin dute kalabaza batzuekin. Zuzendarien eta irakasleen inplikazioa ere zoragarria da.

B. L. Ikastetxeetan, ipuinak nola kontatu lantzeko ikastaro bat egiten dugu. Ikasle horiek parte hartuko dute ikuskizun nagusian, baita Barrenako saioan ere. Aurten, ipuin inprobisatuak izango dira, eta jendeak joan behar du, ikusteko hori zer den.

Umeekin ahozkotasuna lantzeko hainbat saio egin dituzue. Baina jaialdia ez da umeentzat bakarrik.

M. G. Agian, umeek baino gehiago, helduek landu behar dute. Askotan, ipuinak eta ahozkotasuna umeekin bakarrik lotzen dira, baina ez dira umeentzat bakarrik. Guk familia osoak gonbidatzen ditugu; umeekin batera gurasoak edo aiton-amonak etor daitezela.

Baina hainbeste teknologia, bideo joko, ordenagailu... Umeek ez al dute galdu harritzeko gaitasuna?

M.G. Teknologiak beste komunikazio mota bat ekarri du, ahozkotasunetik gutxi duena. Hala ere, jokoak eta jolasak beti elkarrekin egin izan dira, eta fisikotasun bat behar da.

B.L. Aukera ematen zaienean, oso azkar jartzen dira ipuinak egiten. Imajinazio handia dute, eta ikastaroan, adibidez, bigarren egunerako martxa hartzen dute.

M.G. Bai, helduak gara kutsatuen gaudenak.

Aste osoko egitaraua antolatu duzue, bai Tolosan eta bai Ordizian. Jaialdi nagusia zer izango da, egitarau horren laburpen moduko bat?

M.G. Bai, gutxi gorabehera denek parte hartuko dute; bertako guztiek ez agian, beste saio batzuk dituztelako, baina kanpotik etorritako denak han izango dira, bai Tolosan, baita Ordizian ere. Gure ustez hori opari bat da publikoarentzat; dastatze menu baten modukoa da, teknika ezberdinak, jatorri ezberdinak, erritmo ezberdinak ikusteko aukera dagoelako; oso jaialdi aberatsa da. Ahozkotasuna oso zabala da, eta ezinezkoa da dena biltzea, baina hor zatitxo bat izango dute.

Eta jendea gauza berriak ikusteko jarrera irekiarekin joaten al da?

B. L. Denetik dago; batzuei gehiago kostatzen zaie sartzea, eta besteak irekiagoak dira.

M. G. Bost urte hauetako esperientziak erakutsi digu jendea poliki-poliki gerturatzen dela; orain, behin etortzen denak errepikatu egiten du.

Eta, aurrera begira, zein asmo dituzue esku artean?

M. G. Asmoak ugari! Argi dago krisi famatu hau dela eta artista guztiek sekulako ahalegina egiten dutela. Eta guk ere ez dugu nahi gure eskaintza murriztu; horregatik, denok egin dugu ahalegin handia hau mantentzeko. Proiektuak baditugu, batez ere formazio aldetik. Eta, gero, plataforma moduan ere, bertako artistak kanpora zabaltzen lagundu nahi dugu, pixkanaka zubiak eraikitzen jarraitu.

Odol Bankuak dituen langileak.

Herriz herri odola jasotzen profesional talde bat aritzen da. Gipuzkoako Odol Bankuko langileak dira denak, 60 lagun guztira. Tartean daude erizainak, medikuak, administrazio langileak eta odola garraiatzeko ibilgailuen gidariak.

Odolak duen plasma portzentajea.

Odolaren %55 plasmak osatzen du. Likido garden eta horixka da. Odolaren %45, berriz, zelulak dira. Horien artean globulu gorriak, zuriak eta plaketak daude. Gipuzkoako Odol Bankuan osagaiak banatzen dira, beharraren arabera erabiltzeko.

47 urte tantaz tanta lanean

Erizain batzuen ekimenez sortu zen Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartea. Orain dela 47 urte izan zen hori. "Ordura arte norbaitek odola behar izaten zuenean, senitartekoek ematen zuten normalean", kontatu du Sabin Urzelaik. Odol Bankuko sendagilea eta elkarteko lehendakaria da. Gaineratu duenez, senitartekoen faltan, "odola erosi eta ospitalera eraman behar izaten zen". Garai hartan, ordea, Espainiatik jende asko etorri zen Euskal Herrira lanera, eraikuntza arlora eta industriara, eta "erizain batzuk ohartu ziren haiek ez zutela ez senitartekorik, ez dirurik, odola lortzeko". Izan ere, "garai hartan tuberkulosi asko zegoen, eta torax ospitalean jende asko zegoen odol faltan, dirurik eta senitartekorik gabe". Egoera hartan "erizainak beraiek hasi ziren odola ematen, eta baita beraien lagunekin antolatzen ere, odola lortzeko".

Gipuzkoan zehar lehendik ere bazegoen odola ematen zuen jendea, Urzelairen esanetan: "Esaterako, emakume batek haurra izan eta odola galtzen zuenean, beti zegoen norbait odola emango zuena; odol emaileak bazeudela, alegia". Baina ez zeuden ondo antolatuta, sakabanatuta baizik. "Hala sortu zen odol emaileen elkartea. Pixkanaka, herri guztiak elkartzen joan ziren, eta lauzpabost urtetan elkartea probintzia osora zabaldu zen". Elkartea eratu, eta herri bakoitzean ordezkaritza autonomoak sortu ziren. Gaur egun ere hala jarraitzen dute: "Gu gara erdigunea, baina herri bakoitza bere erara antolatzen da, eta Odol Bankutik odola ateratzera joaten garenerako, dena prest izaten dute".

Egituran hainbat aldaketa

Alde batetik, Odol Bankua dago; bestetik, Odol Emaileen Elkartea. Odol Bankuan sendagileak, erizainak, gidariak eta administratiboak daude: profesionalak dira guztiak. Odol Emaileen Elkartean, berriz, lan boluntarioa egiten dute denek. 1982 arte Odol Bankua Odol Emaileen Elkartearen barruan zegoen. Ordutik, ordea, hainbat aldaketa izan da egituran. Izan ere, garai hartan odolaren osagaiak banatzen hasi ziren eta, beraz, prozesua konplexuago bihurtu zen. Hies kasuak agertzen ere hasi ziren. Horregatik, Odol Bankua elkartetik kanpora atera, eta hainbat erakunderen esku gelditu zela azaldu du Urzelaik: "Patronatu bat osatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Insaludek (gaur egun Osakidetza), Eusko Jaurlaritzak eta Odol Emaileen Elkarteak".

2005era arte gisa horretan jarraitu zuten. Orduan, patronatua fundazio bihurtu zuten, eta hango lehendakaria Osakidetza da ordutik: "Gauza bera da, baina orain jabea edo presidentea Osakidetza da. Hierarkikoki, Odol Bankua Osakidetzaren barruan dago. Ez gara Osakidetza, baina kanpotik begiratuta hala garela esan daiteke".

600 boluntario, ezagun bat

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak 600 boluntario ditu, eta horien lana "asko nabaritzen da". Herrietako ordezkarien lana ere oso garrantzitsua dela deritzo Urzelaik: "Ordezkaria langilea izatea, giroa sortzen jakitea… gauza horiek garrantzitsuak dira. Ez da odola ematea bakarrik; hala izan behar luke, baina giroak asko laguntzen du, eta Gipuzkoako giroa oso ona dela uste dut". Ordezkari asko ia hasieratik daude elkartean, "40 urte daramatzate askok". Hala ere, "zorionez" orain arte ez da arazorik egon ordezkoak aurkitzerakoan.

Urte hauetan guztietan, elkarteak eta bankuak hartu du bisitari ospetsurik ere: "1969an Christian Barnard zirujaua elkartean izan zen. Berak egin zuen gizaki bati egindako aurreneko bihotz transplantea". Bisita liburuan esker oneko hitzak utzi zizkien.

“Jakin-nahiak eman dit bizitzeko indarra eta ilusioa”

Ofizioz, txokolategilea; zaletasunez, berriz, argazkilaria, idazlea, irakurlea… Eta jakin-nahiz betetako pertsona: "Jakin-nahiak eman dit bizitzeko indarra eta ilusioa", dio. Txokolateak egin du ezagun Joxe Mari Gorrotxategi (Tolosa, 1929), jaioterrian, Euskal Herrian nahiz nazioartean.

Familiako obradorea txikitatik ezagutu zuen, eta bertan hasi zen lanean, aita maisu zuela, 14 urterekin. Garai zailak ziren, gerra ondorengo errazionamenduari loturikoak, eta horrek ezinbestean baldintzatzen zuen txokolategileen lana. "Espainiako Gobernuak azukrea, kakaoa eta irina neurtuta banatzen zigun, eta txokolatea osagai kantitate berekin egitera behartuta geunden guztiak. Garai hartan, txokolatearekin soilik aurrera egitea zaila zen, eta, horregatik, beste askoren moduan, argizaria ere egiten genuen", azaldu du.

Tolosako Kale Nagusian zegoen obradore zaharra. "Beheko solairuan, denda eta txokolatea egiteko alokatutako mandoak eragiten zuen harria genituen; lehenengo solairuan, garai batean herriko jauntxoak jokoan egitera joaten ziren jangela zegoen; bigarrenean, logelak, eta hirugarrenean, obradorea. Azken solairuan zegoen, suteren bat gertatuz gero eraikin osoa ez erretzeko". Errazionamendu garaia amaiturik, Donostian, Miarritzen (Lapurdi) eta Iruñean izan zen Gorrotxategi, txokolatearen inguruko jakintza handitzen. "Gehiena Katalunian ikasi nuen, Sabat maisu handiaren gozogintza eskolan; oinarrizko jakintza banuen, eta txokolatearen mundua txikitatik izugarri maite nuenez, gehiago jakiteko ilusioz nengoen beti". Eta, horrela, pixkanaka, txokolategile handienen pare jarri zen tolosarra.

65 urte zituela, ezbehar handi batek bultzatuta, obradorea seme-alaben esku utzi zuen. "Benidormera [Herrialde Katalanak] oporretan gindoazela istripua izan, eta Mirentxu emaztea hil zitzaidan; kolpe handia izan zen niretzat, eta pixka bat urruntze aldera, Alemaniara joateko erabakia hartu nuen, garai hartako txokolategintza eskolarik onenera".

Urte hauetan guztietan, txokolategintza eta gastronomiako liburuen bilduma itzela osatu du. Haren liburutegian, halaber, hark idatziriko Historia de la Confitería Vasca (Euskal gozogintzari buruzko historia) liburuaren bi liburukiak ere badira, noski. "Jose Miel Barandiaranek proposatu zidan liburua egiteko; jakintza ugari nuela arlo horretan eta nekien guztia liburu batean jasota geratzeak merezi zuela esan zidan. Juan Garmendia Larrañagak idatzi zidan hitzaurrea". Geroago, Tolosako babarrunaren inguruko liburua ere idatzi zuen. Liburu horien aldamenean gordetzen ditu bai gastronomian, bai eta txokolategintzan lortuak dituen sari, aipamen eta izendapenak ere, hala nola Munduko Gozogintza Lehiaketan zilarrezko saria, Felix Mokoroa Gastronomia Ikerketan aipamen berezia, Gastronomiaren Euskal Kofradiaren Eguzki Lora saria, Euskal Gastronomiaren kide izendapena eta Eusko Jaurlaritzak ematen duen Euskadi Turimo saria.

Argazkigintzaren amuak ere oso gazte zela harrapatu zuen. "Ikusten dudana nolabait etorkizunerako gordeta geratzea interesatu izan zait beti. Gainera, une, leku edota pertsona bat ikusita, hor argazki bat dagoela antzemateko dohaina izan dut". Argazki kamerarekin ere maisu dela esan behar, eta horren erakusle irabazi dituen sariak. Haren argazkiez gozatzeko aukerarik izan dute, gainera, tolosarrek, 400 argazki jarri baitzituen erakusgai duela lau urte.

Politikan eta kulturan ekarpena

1961. urtean politikarekin jolasten ere aritu zen, Tolosako Udalean zinegotzi izan baitzen. "Abertzalea naiz, baina ez naiz inoiz alderdi batekoa izan. Udaletxean egon nintzen garaian, nire asmoa tolosar guztientzat lan egitea zen". Diputatu izateko ere proposatu zuten, baina "beldurtu" egin zuen ideia hark, eta ez zuen onartu. Zinegotzi zela, euskarazko haur eskola eta txistu eskola jarri zituen martxan, eta kale garbitzaileei soldata igotzea lortu zuen.

Asko irakurri du Gorrotxategik Euskal Herriko historiaz, eta "oso ondo" ezagutzen du. "Jakinduria horrek gure herriarekiko dudan maitasuna areagotu dit". Kultur munduarekin ere lotura estua izan du, eta Jose Inazio Telletxea, Jose Miel Barandiaran, Antonio Maria Labaien, Jorge Oteiza, Mikel Laboa, Juan Inazio Uria, Ixaak Lopez Mendizabal eta Fernando Larruquert sortzaileekin ikusi ahal izan da maiz. "Lagun onak ditut, eta asko irakatsi didate, batez ere, gauzak garbi esaten; beti laguntzeko prest azaldu zaizkit".

Bizitzan antzeztea egokitu zaizkion askotariko rolen artean, toreatzailearena ere bada, eta El Cordobés eta besterekin batera aritutakoa da zezen plazan. "Beti zezenaren aurrean jartzen nintzen, baina, kapoterik eta horrelakorik gabe, oso arina bainintzen. Sokamuturra eta pattar-zezena oso gogoko nituen, eta aitak obradoretik irteteko baimena ematen zidan horietan parte hartu ahal izateko".

Garrantzi berezia dute argazkiek, liburuek, sariek… bizitzaren oroitzapenek Gorrotxategirentzat. "Gure jatorriak, historiak eta kulturak beti izan dute pisu handia nigan, baina unibertsalizazioarekin, geroz eta gutxiago inporta zaio jendeari zer izan garen; balioak galtzen ari dira". Orduak irakurtzen ematen ditu gaur egun, eta gogoetari ere tartea gordetzen dio: "Orainaz, etorkizunaz, egungo egoeraz pentsatzen dut, baina ez diot garrantzi gehiegirik ematen, pertsona bakoitzak bere unean unekoa bizitzen duela uste baitut". Duen adinera dagoen moduan iristeko formula "gorrotorik inori ez izatea, bizitzaz ahal den gehien gozatzea eta txokolatea jatea" dela dio, "txokolatea oso osasungarria baita".

Harrera familia gehiagoren bila

Aurten, oraingoz, ez doa oso ondo". Halaxe esan du Marian Izagirre Aizpeoleak (Errenteria, 1968), Txernobyl Elkarteko presidenteak, eta urtero legez Txernobyl ingurutik haurrak ekarri ahal izateko azaroan abiatu zuten kanpainaz mintzo da. "Urte hau ez da oso ongi abiatu; egia esan behar da. Lehengo urtean ere krisian geunden, baina, hala ere, 59 adingabeko gehiago gonbidatzea lortu genuen", azaldu du. Aurten, ordea, "gehiago" kostatzen ari zaiela onartu du: "Oraindik familia berri gutxi ditugu, eta horrek haur berri gutxi esan nahi du". Alegia, programan parte hartu nahi duten haur batzuk Euskal Herrira etortzeko aukerarik gabe uztea.

Krisiaz gaindi, ordea, Txernobyl inguruko haurren beharrek hor segitzen dute. "Osasunaren Mundu Erakundeak eta Nazio Batuen Erakundeak esaten dute haur hauek kutsatuta dagoen eremutik atera behar dutela, eta toki garbi batean egon behar dutela, janari garbia janez. Adituek diote lau, bost edo sei uda eremu horretatik kanpo bizitzeak modua emango diela heldu osasuntsu moduan garatzeko. Eta hori da gure lanerako oinarria", azaldu du Izagirrek. 1996az geroztik ari dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familietara Txernobyl inguruko haurrak bideratzen. Iaz, esaterako, 262 adingabek Euskal Herrian igaro zuten uda —horietatik 178k, Gipuzkoan—. Izagirreren etxean, esaterako, Ukrainako bost haur batzen dira udan. Ukrainako bi haur adoptatuta dauzka; ikasketak direla medio, Ukrainako beste adingabeko bat etxean bizi du, eta haren bi senide udan harreran hartzen ditu.

Hain justu, besteak beste haurren osasunaren inguruko kezkak bultzatu zituen Itziar Ibañez (Andoain, 1944) eta haren senarra haur bat harreran hartzera: "Arduratu egiten zaitu munduan osasun arazoak dituzten edo oso baldintza txarretan bizi diren hainbeste haur daudela ikusteak". Arrazoi hori zela medio, lehendik hainbat haur besoetako hartu zituzten, "baina, beti, apur bat urrutitik. Ezin genuen haurrik harreran hartu: lan egiten genuelako, nire ama zaintzeko ardura nuelako...". Erretiroa hartzearekin batera sortu zitzaien aukera. "Irratian egiten ari ziren eskaera entzun eta pentsatu genuen: 'Hau da garaia'".

Kezka apur batekin jo zuten, ordea, Txernobyl Elkartera. "Gure kezka zen erretiratuak ginela biok, bagenuela adin bat, eta pentsatzen genuen, akaso, baztertu egingo gintuztela". Ez zen, ordea, hala izan. Aurtengo udan, laugarren urtez, etxean izango dute Dima: 10 urteko mutikoa. "Gure kasua oso-oso positiboa izan da. Gainera, epe luzerako zoriontasuna da; poztasun handia ematen du". Areago, bikotearen barnean "batzeko" ere balio izan diela uste du: "Etorri aurretik antolatu egin ginen, biok inplikatzeko, eta horrek biok batzeko ere balio izan du".

Berme guztiekin

Familiek, haurrak harreran hartu ahal izateko, ez dute baldintza zehatzik bete behar. Honela azaldu du Izagirrek: "Haur bakoitzak bere beharrak ditu, eta elkarteak, behar horien arabera, familia egokia bilatzen dio". Izan ere, familia guztiek egin dezakete ekarpenen bat: "Denbora eskaini dezakete batzuek; beste batzuek, gaztetasuna, jolastu ahal izateko etxean haurrak izatea, beste batzuek arreta... Hala, haur bakoitzaren beharrak eta familiak egin dezakeen ekarpena uztartzen saiatzen gara".

Eta uztarketa horretatik harremana sortzen da. Ibañez, esaterako, iaz Ukrainan izan zen, elkarteak Aste Santuan urtero antolatu ohi duen bidaian. "Txernobylgo leherketaren 25. urteurrena zenez, berezia zen. Han egon ginen haurraren familiarekin, ingurua ikusi genuen, haurrek eskutik helduta eskola erakusten ziguten...". Eta udako hilabeteek, Ukrainarako bisitek zein telefono deiek lotura estua sortzen dute, apurka. "Orain, telefonoz hitz egiten dugu. Eta euskaraz, gainera". Lehen urtean zalantza izan bazuten ere, euskararen aldeko hautua egin zuten Ibañezen etxean: "Orain gure komunikazio modua euskara da".

Familiek zein haurrek jasotzen duten babesa eta aholkularitza ere azpimarratzen dituzte: bai programan sartu aurretik, baita ondoren ere. Xedea, harrera "ongi" joatea: "Ongi joateak esan nahi du haurra gustura egotea, familia gustura egotea eta berriz egitea", adierazi du Izagirrek. Berriz egiteak modua ematen baitu urte osoan erradiazioa jasaten duten haurrak osasuntsu hazteko.

Txernobylgo zentral nuklearraren leherketak kalte egindako Ukrainako bi eremutatik ekartzen dituzte haurrak: batzuk Kiev hiriburuaren ingurutik eta besteak landa eremutik, "baina, betiere, Txernobylgo ziurtagiria duten haurrak dira". Alegia, erradiazioak eragina duen eremuetan bizi direla ziurtatzen duen agiria duten adin txikikoak dira. Izan ere, Txernobyl Elkarteak berme guztiekin egiten du lana: "Beharra duten haurrak bakarrik etortzen dira".

Ibañezen arabera, bi eremu horietako errealitatea ere ezberdina da. "Haur batzuk hiriburuaren inguruan bizi dira: baldintza txarretan dauden herriak dira. Baina, landa eremukoak are baldintza txarragoetan bizi dira. Batez ere lurrak ematen dietenetik bizi dira, ez daukatelako besterik. Baina kontua da lurreko produktuek kutsatuta egoten jarraitzen dutela. Biziraupen kontua da".

Legezko epeak amaitu bitartean familia berrien bila jarraituko dute. Eta eurekin harremanetan jartzeko bideak, zabal-zabalik dituzte: 670-41 90 78 telefonora deituta, edo chernobil@asociacionchernobil.info posta elektronikora mezu bat idatzita. Informazio gehiago nahi izanez gero, sarean http://asociacionchernobilelkartea.blogspot.com helbidean ere lor daiteke. Helburua: ilusio eta behar hori duten Txernobyl inguruko haurrak aste batzuez handik atera eta osasuntsu hazi ahal izateko aukera eskaintzea.

@sarean

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen webgunean hainbat informazio dago. Besteak beste, odola eman daitekeen herri guztien zerrenda, urte guztiko hitzorduekin. Hainbat argibide azaltzen dituen bideoa ere zintzilikatu dute.

www.donantesdesangre.com/gipuzkoa.

Blues doinuak, tabernan

Blues jaialdia

Zizurkil

Hamargarren aldiz, Blues Jaialdia ospatuko dute bihar gauean Zizurkilen. Aurtengoa, ordea, berezia izango da. Agertoki batean egin beharrean, taldeek herriko hainbat tabernatan eskainiko baitituzte kontzertuak. Emanaldi batetik bestera, metro gutxiko distantzia egonik, eta kontzertuen ordutegiak ezberdinak izanik, entzuleek kontzertu batetik bestera mugitzeko aukera izango dute, gainera.

Gaueko lehen saioa Atxulondo tabernan izango da, 22:30ean. Bertan, Markos Untzeta trio taldeak kontzertua eskainiko du. Mississippi da Untzetaren azken lana, eta blues, gospel eta country doinuak dira bertan nagusi. 45 minutu geroago, 23:15ean leku berean, Xabi eta Pettiren —irudian— txanda izango da. "Arima bikiak" dira Xabi eta Petti, eta ezin hobeto ulertzen dute elkar agertokiaren gainean. Iazko abenduan kaleratutako Xabi ta Petti diskoan, country eta blues kantuen bertsioak moldatu zituzten. Xabik eta Pettik elkarrekin egindako lehen lana da hori.

00:15ean, Egarri tabernara zabalduko dira blues doinuak. Bertan, Nico Wayne Toussaint Band taldeak joko du, aho-soinua eta ahotsa oinarrian dituen taldeak. 2009. urtean kaleratu zuen azken lana, Blues entre les dents. Egun, hurrengo lana prestatzen ari da.

Ordu eta laurden geroago, 01:30ean, Pasus tabernan Los Mighty Calacas taldearen emanaldia izango da. Mexiko eta Galizia artean ernetako taldea da The Mighty Calacas: blues, soul, funk, surf eta groove musika estiloetan oinarrituriko taldea.