Sailkatugabeak

LIPUS ETA EGAÑA, LEHIAN

Erregea eta bufoia ikuskizuna emango dute astelehenean Ander Lipus aktoreak eta Andoni Egaña bertsolariak. Unai Elizasu ariko da gai-jartzaile lanetan. Floreaga eskolako aretoan izango da emanaldia, 15:30ean. Protagonistek bertsoa eta antzerkia, antzezlea eta bertsolaria uztartzen dituzte oholtzan. Norgehiagoka horretan, ordea, nor izango ote da nagusi? Tokian tokiko egoeretara egokituta, bat-batekotasunetik ere badu emanaldiak.

24 ORDUAN, BI PARADA DANTZARAKO

Rocka, reggaea eta ska. Hiru musika estilo horiek eta hamar musikariren lana uztartuz, dantzarako eta festarako aukera ederra eman ohi du Ze Esatek! taldeak. 2009tik, sortu zenetik, bi disko kaleratu ditu taldeak; 2010eko martxoan lehena eta 2011ko az...

Urteroko bertso festa

Bertso Eguna

Donostia

Urteroko ekitaldi handia dute bertsozaleek bihar Donostian, Kursaalean: Bertso Eguna. Aurten, gainera, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen 25. urteurrena dela eta, ospakizun berezia egingo dute, eta urteurrena bera izango da jaialdiaren ardatza ere.

43. Bertso Eguna izango da biharkoa, eta domino jokoa irudikatu nahi izan dute egunaren karietara egindako kartelean, bertsozaleen bilguneak "piezaz pieza" egin baitu bidea. Hala, 25 zenbakia eta domino jokoa bera izango dira Bertso Eguneko gaien abiapuntu ere.

Egitarauari dagokionez, 18:00etan izango da ekitaldi nagusia, Kursaaleko areto nagusian, eta Jon Azpillagak emango dio hasiera. Orotara, 25 lagun arituko dira kantuan arratsaldeko ekitaldian. Besteak beste, Azpillaga bera, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Odei Barroso, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Oihana Bartra eta Nerea Elustondo. Gaiak jartzeko ardura, bestalde, Laxaro Azkune, Joana Itzaina eta Unai Elizasuren gain egongo da.

Lehenago, ordea, 12:00etatik aurrera, kalez kale Donostian zehar ibiliko dira hainbat bertsolari; Arrate Illaro, Xebastian Lizaso, Maddi Ane Txoperena, Xabier Sukia, Eneko Abasolo Abarkas, Alaia Martin eta Eneko Lazkoz, hain zuzen. Eta, besteren artean, Viktoria Eugeniako balkoitik, Bretxako merkatuan eta Konstituzio plazan arituko dira kantuan.

Ekitaldiaren ostean ere izango da bertsoaz gozatzen jarraitzeko aukerarik, 21:00etatik aurrera afaria eta festa izango baitira Kursaaleko NiNeu jatetxean. Bertan, bat-bateko bertsoez gain, bertso musikatuak ere kantatuko dituzte Ander Lizarralde eta Unai Muñoak. Eñaut Agirrek, bestalde, bertso historikoak abestuko ditu. Gainera, Bertsolari filmean oinarrituta egindako antzerkia eskainiko dute Zarauzko Bertso Eskolako kideek.

Emanaldira joaterik ez dutenek edo sarrerarik gabe geratu direnek www.bertsoa.com webgunean ekitaldi nagusia zuzenean ikusteko aukera izango dute.

Lehenengo, lana; gero, gozamena

Tolosako inauteriak fama handikoak dira, bertako eta inguruko biztanleek gogotik bizitzen dituztelako. Bisitariak behin baino gehiagotan harritu dira kaleetan ikusitako karroza erraldoiekin, plataforma jendetsuekin eta mozorrotutako milaka pertsonekin...

Palista bizitza laburra, betiko papereratua

Azkar gertatu zen dena: palan jokatzen hasi eta oso gutxira heldu zen punta-puntara Joxe Mari Iturzaeta (Andoain, 1964-1994), eta are denbora gutxiagoan eten zen haren ibilbide profesionala, gaitz batek jota. Haren heriotzak pala mundua hunkitu zuen, baina handik denbora gutxira gelditu zen hura ere ahanzturan; hala uste dute Joxe Mari Iturzaeta Batzordeko kideek. Iaz "palaren erregea" izandakoa omendu zuten, profesionaletan debutatu zueneko 25. urteurrena baliatuz; orain, haren bizitzaren nondik norakoak, lorpenak eta Iturzaeta ezagutzen zutenek esandakoak biltzen dituen liburu mardula argitaratu dute. Joxe Mari Iturzaeta. Pala belaunaldi bat Andoaingo liburu dendetan dago salgai.

Sorabilla auzoan jaio zen Iturzaeta, 1964an; aste honetan bertan beteko zituzkeen 48 urte. Etxe ondoko frontoia izan zen haren lehen pala eskola; hamabost urterekin jokatu zuen lehen partida. Ez zuen denbora asko behar izan afizionatuetan puntara iristeko, eta 23 urterekin egin zuen goi mailako debuta. Hiru aldiz irabazi zuen Euskadiko txapelketa, eta behin, bakarkakoa —urte haietan jokatutako bakarra—.

Xabier Lasa (Andoain, 1966) eta Mateo Ponce (Andoain, 1968) aritu dira liburuaren erredakzio lanetan; guztira, 611 orrialdeko lana osatu dute. Liburuaren atal handi bat palari gisa egindako ibilbideari buruzkoa da, eta beste batean, Iturzaeta ezagutzen zuten 67 pertsona elkarrizketatu dituzte. Ponceren ustetan, "beharrezkoa" zen Iturzaetaren bizitza papereratzea: "Orain, hogei urte eta gero, antolatzen baduzu pala txapelketa bat Joxe Mariren oroimenez, belaunaldi berriek ez dakite Joxe Mari Iturzaeta palista, harakina edo gozogilea zen. Tristea da, baina jendeak ez daki; liburuak oinarri hori ematen du".

Laudorio asko jaso arren, bere garaian behar bezainbesteko aitortzarik ere ez zitzaion egin, egileen arabera. Izan ere, "palaren hamarkada dekadentea" egokitu zitzaion Iturzaetari. Lasaren hitzetan, "pala gainbehera zetorren" Iturzaetak debuta egin zuenerako: "Garai hartako onentsuenak ere zahartuz zihoazen, eta Joxe Mari bezalako pilotari gehiago ez zeuden; horrek ez zituen frontoiak betetzen. Hura bezalako beste dozena erdi bat egon izan balira, desberdina izango zen".

Baldintzak, pilotalekuak, soldatak... Denak ziren palaren aurkakoak. Lasak azaldu duenez, pilotaleku gehienak eskupilotarako diseinatuta zeuden, eta Bilboko Deportivo pilotalekua zen palarako erabiltzen zen bakarra. Goi mailan aritu arren, soldata nekez ateratzen zuten, gainera, palariek: "Partida bakoitzeko lau mila pezeta irabazten zituzten, eta horiek gasolinan eta bidesarietan gastatzen zituzten".

Gazteek, oro har, ez zioten etorkizunik ikusten palari. Iturzaeta salbuespena zen: Poncek adierazi du Reala ere aritu zela haren atzetik, futbolerako ere gaitasun handia zeukalako, baina hark nahiago izan zuela pala. "Ikusgarriak" izaten ziren haren partidak, Ponceren hitzetan. Ezkerreko eskua baino ez zuen erabiltzen pilotari ematerakoan: "Lehen, ezkerrak gaizki ikusita zeuden. Frontoiak eskuin jokalarientzat daude diseinatuta; horregatik daukate ezker pareta hori. Ezker bat pala luzean ikustea eromena zen; ezinezkotzat zeukaten. Baina Joxe Marik molde guztiak hautsi zituen".

Ponceren hitzetan, "onena" zen, eta bigarrenari alde handia ateratzen zion, gainera. Horregatik, joko zailagoak jartzen zizkioten batzutan: "Pilota arinxeagoa, sakea atzetik, lesio batetik atera berri zen atzelaria jarri Joxe Mariri zuku gehiago ateratzeko...". Behin txapelketa batetik kanpo ere utzi zuten, lehiakideen artean parekotasun handiagoa egon zedin.

Prentsan ere sarri nabarmentzen zuten Iturzaetaren berezko gaitasuna. "Pala luzeak kilo bat pisatzen du, eta pilota harrizkoa bezala da", azaldu du Lasak. "Joxe Mariren kasuan, esaten zuten ping-pongeko pala hartuko balu bezala erabiltzen zuela pala; naturak oso gutxitan ematen duen indarra zeukan besoetan".

Horren gazte hil izan ez balitz, "lasai asko" egingo zituzkeen beste hamar edo hamabost urte pilotalekuan, Ponce eta Lasaren iritziz. Hartara, Iturzaetaren itzala ere luzeagoa zatekeela uste dute. Pertsonalki gehiegi ezagutu ez arren, Poncek ongi oroitzen du Iturzaeta lehenengoz jokatzen ikusi zuen aldia, artean afizionatu mailan jokatzen zuela: "Joxe Mari hasiberria zen pala luzearekin; gu hura ikustera joan ginen, eta harrituta gelditu ginen zeukan erraztasunarekin. Partida ofizialetako presiorik gabe jokatzen zuen; haiek errebesak, zartakoak eta boteprontoak! Txundituta gelditu ginen; ostiral gauero joaten ginen haren entrenamenduak ikustera, eta pentsatzen genuen: 'Hau horrela bada, nolakoa izango ote da profesional baten entrenamendua ikustea?'".

Bultzada behar duen kirola

Onena izan arren, Iturzaetak ere ez zion loraldirik ekarri palari. Aitzitik, gaurdaino maldan behera joan den kirola da pilota; horretan bat datoz Lasa eta Ponce. Eskola mailan, kosta egiten zaio futbolarekin edo beste kirol batzuekin lehiatzea, eta pilota aukeratzen duten gehienek eskupilotara jotzen dute. "Hamar urterekin uste dute [Juan Martinez de] Irujo izango direla, baina hogei urtetik aurrera oso gutxik jarraitzen dute". Goi mailan jarduteko aukerak are eskasagoak dira palan, eta horrek askori atzera eragiten die. Desinformazioari ere bota dio errua Lasak: "Umeei erakutsi behar zaie mundua ez dela bukatzen eskupilotarekin".

Enpresek eta komunikabideek ere palari arreta gehiago eman behar lioketela uste du Poncek: "Inon ateratzen ez bada, nork ezagutuko du?". Nahi izanez gero, eskupilotaren maila berean egon zitekeen pala, Lasaren ustez: "Irujo eta Olaizola idoloak diren bezala, Joxe Mari ere izan zitekeen. Eskupilota dagoen lekuan dago, EITBk haren aldeko apustua egin duelako".

Zer da gizentasun morbidoa?

Gizentasunaren aldaera larriena da. Gizentasun morbidoa duten pertsonen koipe maila normala baino askoz handiagoa da: %150 eta %200 artean, hain zuzen ere. Horrek asko handitzen du gaixotasun kronikoak eta arazo kardiobaskularrak izateko aukera. Gipu...

Gerriari neurria hartzea

Argaltasuna miresten duen gizartean geroz eta gehiago dira pertsona gizenak. Eguberrietan gehiegi jateagatik edo urte berrirako asmo baikorrengatik, asko dira garai honetan dietei eta argaltzeko metodoei ekiten dietenak. Kasu askotan, arrazoi estetikoek bultzatzen dituzte koipe eta litxarreriak alde batera uztera. Geroz eta pertsona gehiago dira, ordea, dietetara osasun arazoengatik jo behar izaten dutenak.

Donostiako Poliklinikak emandako datuen arabera, Gipuzkoako biztanleen %12ri diagnostikatu diete gizentasuna, eta %1ek —6.000 pertsona inguruk— gizentasun morbidoa dute, gaixotasun horren aldaera larriena.

Gehiegizko pisua eta gizentasuna ez dira gauza bera; bai, ordea, "gaixotasun berberaren maila desberdinak", Ana Elbusto (Paris, 1964) elikadura aholkulariaren arabera. "Medikuok gizentasuna gaixotasun gisa ikusten dugu beti", azaldu du. Izan ere, gehiegizko pisuak hainbat gaitz sorraraz ditzake; besteak beste, arterietako presioa handitzea, kolesterol altua eta bihotzekoa izateko arriskua.

Elbustoren arabera, gizentasuna ez dago heriotza gehien eragiten dituzten gaixotasunen artean, baina larritzekoa da eritasuna dutenen kopurua goraka doala etengabe: "Bi hamarkada daramatzagu fenomeno hori behatzen, eta, apurka-apurka, gomendagarria dena baino gehiago pisatzen dutenen kopurua handitzen doa".

Gehienetan, ohituren ondorio

Bakoitzaren bizi ohiturak daude gaixotasunaren oinarrian: elikadura desegokiak eta ariketa fisiko gutxi egiteak eragiten du gehiegizko pisua. "Ezin diogu errua genetikari bota; gizentzea progresiboa denez, ez dugu uste horrekin zerikusirik duenik. Bizitza estiloa da kontua".

Gizentasuna diagnostikatzeko, gorputz masaren indizea erabiltzen dute medikuek; pertsona bakoitzaren garaiera eta pisua neurtuz lortzen da hori. "Pertsona bat gizena dela esaten dugu bere indizea 25etik gorakoa denean. Normalena indizea 18,5 eta 25 artean egotea da, baina geroz eta gehiago dira 25etik gorakoa ematen dutenak", azaldu du aholkulariak.

Dena den, gehiegizko pisua soilik ez da nahikoa arrazoi gizentasuna diagnostikatzeko; pisu horrek pilatutako koipearengatik izan behar du. Koipe hori non dagoen ere bada kontuan hartu beharreko faktorea: "Pertsonaren gerria ere neurtu behar da, eta ikusi ea koipea bularrean eta sabelaldean pilatzen den. Halakoetan, gorputz masaren indize oso altua izan gabe ere, arriskutsua izan daiteke". Adinak ere badu zerikusia: zenbat eta zaharragoa izan pertsona, orduan eta kalte gehiago egin diezaioke gehiegizko pisuak.

Gizentasuna duten pertsonei, normalean, kaloria gutxiko dieta gomendatzen zaie, eta ariketa fisikoa egiteko aholkatu. Dena den, kasu batzuetan ez da nahikoa izaten horrekin: gizentasun larria duten pertsona batzuek kirurgia behar izaten dute. "1,60 metro neurtuta, 150 kilo pisatzen dituzten pertsonez ari gara", esan du Elbustok. "Dietarekin eta ariketa fisikoarekin, lortuko dugu haiek pisua galtzea. Hogei edo 30 kilo galduko dituzte, baina hala ere gehiegi pisatuko dute, eta beharbada osasun arazoak izaten segituko dute. Kasu horiek kirurgiarako hautagaiak izan daitezke".

Elbustok Donostian du kontsulta; bertaratzen diren gehienak osasun arazoengatik joaten direla azaldu du, baina badira bestelako arrazoiek bultzatuta joaten direnak ere. Gaixotasunak ez du gizarteko konnotazio negatiboa galdu, pertsona gizenak geroz eta gehiago izanagatik ere: "Pertsona gizen asko baztertuta sentitzen dira, esaterako, erosketak egin eta euren neurriko arropa politik topatzen ez dutenean. Horrek, batzuetan, elikadura nahasmenduak dakartza, esaterako, betekadaren nahasmendua. Kasu horietan, noski, ez da nahikoa nutrizio mediku bat egotea; jarraipen psikologiko bat ere egin behar zaie pertsona horiei". Gizentasunari garrantzia gehiago eman behar zaiola uste du: "Ez gaude arazo estetiko baten aurrean; osasun arazo bat da".