Sailkatugabeak

Hiru txio

Diotenez, batzuek informazioari mendekotasuna diote, ezin dituzte pasatu egun batzuk berririk jakin barik, maila guztietan, gainera. "Badago nobedaderik herrian?", galdetzen digu hamabost egunetarako oporretan abiatu denak. Berdin dio Santanderrera ed...

Egun osoko festa, batukaden erritmoan

Euskal Herriko 3. Batukaden Topaketa hartuko du bihar Lasarte-Oriak. 170 perkusio jotzaile elkartuko dira herrian, eta goizetik gauera arte askotariko jarduerak izango dira: haurrentzako tailerra goizean, poteoa eta bazkaria eguerdian, Sanbodromoa arratsaldean... Batukaden emanaldi nagusia 18:30ean izango da, Okendo plazan. Parte hartuko duten taldeen artean daude Zo-Zongo, Buruntzantzan, Dinbi Banda, Sambamaña, Kumbalaye, Builaka, Beriba, Zaparrada eta Batukale. Gauean, Skakeitan taldeak kontzertua emango du 22:30ean, Okendo plazan.

Sare sozialen leihoan, kukuka

Sare sozialek eta, bereziki, Twitterrek aukera ematen dute politikarien jarduna jarraitzeko. Nork bere neurrian, gutxiago edo gehiago, Gipuzkoako hautagaiak txioka dabiltza egunotan; kanpaina dela eta, ekitaldi, mitin eta abarren berri ematen dute tok...

“Mitoek kalte izugarria egiten dute”

Giza balio onez, bikote harreman sanoez eta ez sanoez eta tratu onez ahalik eta espazio gehienetan hitz egin beharra dagoela uste du Mariangeles Alvarezek (Donostia, 1957), Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialeko kideak. Bikotean ematen den indarker...

Askotariko mobilizazioak herri ugaritan

Gaixo dauden presoen etxeratzea eskatzeko, mobilizazio ugari antolatu dituzte datozen egunetarako. Gaur, esaterako, manifestazioa egingo dute Hernanin, 20:00etan, Sarek deituta. Gudarien plazatik aterako da martxa. Biharko deialdi zabala egin dute pre...

Familia ugarien bozeramaile

Batasunak eta elkarlanak ematen duen indarrarekin, familia ugarien eskubideen alde lanean ari da Hirukide federazioa. Gizartean eragin nahi dute, Natalia Diez Caballero lehendakariak dioenez: "Elkarte transbertsala gara; arlo guztietan lan egiten dugu...

“Gustura nago udaletxean sortu den errespetu zikloarekin”

Datozen lau urteetan, Urnietak "erronka politak" izango dituela uste du Mikel Pagola EAJren alkategaiak (Urnieta, 1970), eta horiei heltzeko gogoz da. Hilaren 24an "libreki" botoa emateko eskubidea betetzeko deia egin die urnietarrei.

Zer iritzi duzu lau urteko agintaldiaz?

Agian, ez gara gu egokienak balorazioa egiteko, baina gustura nago udaletxean sortu den errespetu zikloarekin. Politikaren artean, bakoitzak bere ideiak defendatzeko eta plazaratzeko aukera izan du; gainera, arlo askotan elkarrekin batzeko aukera izan dugu, eta pozik nago errespetutik abiatuta egin ditugun gauzekin.

Zertan egin du aurrera herriak?

Batez ere, herriaren kalitatea hobetzeko apustuak egin ditugu. Lau parke berriztatu dira: hainbat belaunaldi espazio berean egoteko aukera izan dezaten saiatu gara, haien arteko harremanak lantzeko. Inbertsio moduan, herriko sarbideetan hobekuntzak egon dira. Zerbitzu aldetik, oso garrantzitsua da udalean eman den eredu aldaketa: herritarrak lehenetsi dira erabat, eta horren lekuko da herritarren arreta zerbitzua, Bertan bulegoa. Herritarren ikuspegitik hobetzeko zer genuen aztertu dugu, eta horiek izan dira kontuan hartu ditugunak.

Eta hobetzekoen artean?

Urnietako plan orokorra lehenago onartu izana, adibidez. Gusturago egongo ginateke 2014ko azaroan onartu ordez lehenago onartu izan bagenu. Dokumentu horrek gauza asko baldintzatzen ditu etorkizunean eta garapenari dagokionez. Nahi baino gehiago atzeratu da, eta horrek ekarri digu ekintza konkretu batzuk egin ez izana. Horrez gain, gusturago nengoke Egape ikastolako DBHko eraikin berriaren aurreneko obra txikiak hasi izan balira, edo beste inbertsio batzuk egiteko gai izan bagina: irisgarritasuna hobetzeko ekintzak, berrikuntzak kiroldegian...

Langardako etxebizitzen arazoa urte luzeetan egon da presente Urnietan. Auzia konpontze bidean da, azkenean.

Oraindik ez dugu dena egin, baina, behintzat, akordio bat sinatu dugu, eta soluzio baten oinarriak markatu ditugu. EH Bilduko Xabier Iurramendi zinegotzia izan da Langardako batzordeko burua, baina garbi dago udaletxeko alderdi guztiek genuela asmoa arazoari irtenbide bat bilatzeko. Nabarmentzekoa da bizilagunek eta udaleko alderdiek akordio horretara iristeko izan dugun gogoa eta nahia. Ea hemendik pare bat urtera akordio horrek isla erreala daukan eta auzo horretan saneamendu aldetik geneuzkan arazo larriak saihesteko formula aplikatzen dugun.

Hondakinen arloan, bosgarren edukiontziaren alde egin zenuten EAJk eta PSE-EEk, eta Bilduk babestu. Helburua %60 birziklatzea zen; datuak, ordea, %43 inguruan dira.

Oso baikorra da udalean ordezkaritza politikoa dugun alderdi politiko guztiek eredu batekin bat egin izana. Eredu horrek helburu batzuk jarri zituen, eta helburu horietara iristeak markatu zuen adostasun politikoa. EH Bildu alderdiak argi eta garbi esan zigun koiunturagatik onartzen zuten akordio bat zela, ikusita matematikak eginda garbi zegoela zeintzuk ziren udaleko aritmetikak, eta aritmetika horiek aukera horren aldekoak zirela. Gutxieneko horiek lortzeko epeak dira hor dauzkagun arazoak. Kontuan hartu behar dugu Europako lurralde aurreratuenetan birziklatze ehuneko altuak dituztela, %65-70ekoak, baina 30 urtetako kultura baten ondorioz. Guk urtebetean edo bi urtetan ezin ditugu gauzak bat-batean aldarazi. Baina aurreikuspenak ez dira bete. Aztertu behar dugu zergatik ez diren bete, eta berriz ere neurri batzuk planteatu beharko ditugu politikoki, herritarrek birziklatzean ezinbestean parte hartu eta emaitza hobeak lortzeko.

San Markoko mankomunitateko presidenteorde ere bazara. Nola ikusten duzu hondakinen kontuarekin Gipuzkoan sortutako zalaparta?

Ikuskizun txar bat ematen ari gara. Ez gara gai izan Gipuzkoako gizarteak eskatzen zigun irtenbidea topatzeko. Errua ez da inorena, baina guztiona da aldi berean. Lau urte hauetan daukagun errealitate bakarra da lurraldeko arazoa ez dela konpondu, zaildu egin dela, gaiztotu egin dela. San Markon, larrituta gaude, gure mankomunitatea delako Gipuzkoako zaborren erdia gutxi gorabehera kudeatzen duen eremua. Guztion artean saiatu beharko genuke, nahitaez, ahalik eta azkarren erantzun egokiren bat ematen; ahal den heinean, adostutakoa, nahiz eta jakin politikoki ematen zaion erabilerarekin oso zaila izango dela.

Ekonomikoki nola dago Urnietako Udala?

Ez dauka zorrik, eta ia bost milioi euroko gerakin bat ere badauka, orain dela lau urte baino zerbait gehixeago. Zerikusia izan du horretan Espainiako Gobernuak gastua kontrolatzeko jarri dizkigun neurriak eta zorroztasuna; horrek aukera eman digu diru pixka bat aurrezteko. Hori bai, arrisku bat dauka: Urnietan ez dago industria askorik; industria gune pare bat badaude, baina ez gara herri aberats esaten zaien horietako bat. Gure gastuak ondo kontrolatu beharko ditugu beti. Urtero urtero, lanketa handi bat egin behar da dauzkagun baliabideei ahalik eta etekin gehien ateratzeko. Ea datozen lau urteetan Madrilek aukera ematen digun gerakin hori libreki erabiltzeko.

Zertan inbertituko duzue?

Irisgarritasun plan bat onartu dugu legealdi honetan, eta igogailu bat jartzea litzateke aukera bat. Baita Idiazabal ibilbidean oinezkoei lehentasuna emateko ekintzak egitea, kiroldegian erreforma egitea —1985ekoa da—... Herrian, gero eta gehiago dira eguraldi txarra egiten duenerako estalitako guneak falta direla esaten dutenak; hori aztertzea ere izan daiteke. Garapen urbanistikoari dagokionez, zortzi-hamar urtetan Urnietan ez da etxerik egin. Jadanik martxan da urbanizazio bat, baina beste batzuk etorri behar dira. Etxe berriak egiten ez badira, belaunaldiren bat galtzeko arriskua dago, beraien beharrak herrian ez badituzte asetzen etxe bila kanpora joango direlako.

Herritarrei aukera emango diezue zertan inbertitu erabakitzeko?

Gure asmoa da herritarrei aukera ematea parte hartze prozesu baten bidez; galdetzea zertan inbertitu gerakin horretatik gutxienez lau bat milioi euro. Hor hainbat aukera izango dira. Aldez aurretik, asmatu behar dugu herritarrei adierazten guztiei eragiten dien gauza bat dela.

Duela lau urte boto gutxiko aldea izan zen EAJren eta EH Bilduren artean. Aurten ere hala izango delakoan zaude?

Orain ere uste dut lehia EAJren eta EH Bilduren artean egongo dela. Talde txukun bat aurkeztu dugu, eta esperantza badaukat; baina, noski, EH Bilduko hautagaiek izango duten berdina.

Aulki Zuriak hautagaitza aurkeztuko da Urnietan, Gipuzkoa osoan bakarra. Aukeratuak izanez gero, eserlekuak hutsik utziko dituzte. Zer iruditzen zaizu?

Ez dut informazio askorik. Lehenik, entzun egin beharko zaie, eta orduan bai, jakin genezake zer asmorekin datozen. Bitartean, beste edozein lehiakiderekin bezala, errespetu guztiz tratatuko ditugu. Hautagaien artean badago bat Urnietan erroldatua dagoena, herrian bizi dena, baina besteak kanpotik etorritakoak dira, asko Gipuzkoa kanpokoak ere.

‘Bazen behin herri txiki bat…’ antzezlana, bihar

Maiatza Saltsan egitasmoa antolatzen dute Zizurkilen duela dozena bat urtetik gora. Azkeneko urteetan, gai jakin baten inguruan landu dute hilabete osoko egitaraua: Jorge Oteiza, Pello Mari Otaño, El Salvadorko Meangerarekin duten senidetzea eta kanpotik Zizurkilera bizitzera joandako herritarrak hartu izan dituzte ardatz. Alaitz Ormazabal Zizurkilgo kultura zinegotziak esan duenez, aurten zalantza gutxi zuten: "Gabonen aurretik bildu ginen kultura batzordean, eta data hori buruan hartuta generaman. Aurten 400 urte dira herri aitortza jaso genuela". Honako galdera hauen bueltan hasi ziren Maiatza Saltsan antolatzen: "Zer dakigu egiten? Zer eskain diezaiekegu gure herrikideei? Nola ospa dezakegu gure burujabetza?".

Herritarrek egindako ekitaldiek hartuko dute, nagusiki, egitarauaren zati handiena. Besteak beste, herriko Nigeriar Taldeak ikastaroa eskainiko du hilaren 21ean, eta hilaren 29an, berriz, Nerea Barriola sopranoak emanaldia egingo du Arantzazuko Amaren elizan.

Ekitaldi nagusia, berriz, biharko herri antzerkia izango da. Bazen behin herri txiki bat... izenburua jarri diote. "Denek parte hartzeko moduko ekitaldia egin nahi genuen; hori zen gure premisa nagusia", adierazi du Leire Zubeldia komunikazio eta parte hartze zinegotziak. 22:30ean ikusi ahal izango da: eguraldi onarekin, Joxe Arregi plazan, eta, bestela, Zizurkil goiko Intxaur frontoian.

Antzezpenak egongo dira, baina baita esketxak, dantza koreografiak, musika eta bertsoak ere. Lau ataletan banatu dute emankizuna. Lehenengoan, duela 400 urte herria sortu zeneko gizarte egitura islatu nahi zan dute. Bigarrenean, 1864tik aurrerako lehen industrializazioa kontatuko dute, eta hirugarrenean, berriz, 1965etik aurrera Zizurkilen jaso zen migrazioa. Etorkizuneko herria irudikatuz bukatuko dute antzerki lana. Iragana, oraina eta etorkizuna uztartuko dituzte, beraz.

Ikuskizuna oso-osorik herritarrek egina da, hasi gidoitik eta azken antzezpeneraino. Guztira ehun zizurkildarrek parte hartu dute. Iraitz Lizarraga herriko aktorea aritu da zuzendari lanetan, eta, besteak beste, Joseba Otaegi aizkolariak, Iker Goenaga soinu jotzaileak eta Unai Mendizabal bertsolariak parte hartuko dute.

Lanbidea, memoria eta kultura soziala

Pasatu berria da munduko langileriaren eguna, eta gaiak emango zuen lagun artean hizpide bat baino gehiago, zergatik, zertarako. Etxeko txikienek zergatik jai edo zertarako manifestazioa galdetuz gero, ordea, zer erantzun?Gure herria ez da aberastasun...

Ezkeltzutik Oriaraino

. Herriko historia 16 pausotan eman du Hernandorena kultur elkarteak 'Zizurkil 1615. Hiribildu baten eraketa' liburuan. Urrats horiek paneletan bildu dituzte, eta maiatz osoan ikusi ahal izango dira erakusketa batean, Zizurkilgo bi kultur etxeetan.

Ezkeltzu eta Zarateko Haitza mendien hegoaldeko magalean dago Zizurkil. Gain haietatik beherantz egiten du herriak Oria ibaia aurkitzeraino. Hain justu, Pagamendi gainan topatu zuten trikuharri bat, 1954an, K.a. 2500. eta 1200. artean eraikitakoa. Zarateko Benta izenez bataiatu zuten.

X. eta XI. mendeetan biztanleria sedentarioagoa bihurtu zen, eta leku garaietatik 100-200 metroko kotetara jaisten joan zen. Garai hartakoa da Zizurkilgo lehen aipamen idatzia. 1190. urtean Iruñeko gotzainak Baionakoari idatzitako gutun batean aurkitu dute Zichurchil hitza —Gipuzkoako leku batzuk administratzeko eskubidea eskatu zion eskutitz hartan—.

Erdi Aroan San Millan elizaren inguruan komunitate bat gorpuzten joan zen, eta hierarkikoki mailakatutako gizarte egituran, Ahaide Nagusiek eta herriko Donemillaga familiak lortu zuten nagusigoa. Jauntxoen gehiegikeriak eta orduko krisiak eraginda, Zizurkilek herri handiago baten babesa bilatu zuen, eta 1391n Tolosaren auzo bihurtu zen.

Elkarketa horrek 1615. urtera arte iraun zuen, baina zenbait gorabeherarekin. 1450etik 1475era, zizurkildarrek Donostiarekin bat egin zuten, Tolosari ordaindu beharreko zergak gehiegizkoak zirela iritzita. Urte zailak tokatu zitzaizkion Donostiari, ordea: krisian sartu, eta herri osoa kiskali zuen sute bat jasan zuen. Zizurkilek, berriro, Tolosaren auzo izatea erabaki zuen, esperientzia txar haren ondoren.

XVI. mendea oparoagoa izan zen Zizurkilentzat. Herria hazi egin zen, bai biztanlez, bai aberastasunez, eta Tolosarekiko lehen zalantzak sortzen hasi ziren. Zizurkildarren interesak eta Tolosarenak sarritan ez zetozen bat. Gainera, 1608an Legazpik Seguratik askatzea lortu zuen, eta hori legezko aurrekaria bilakatu zen Zizurkilentzat Tolosatik bereizteko.

1615eko urtarrilean, Gaztelako gortearen altxortegiaren zuloa estaltzeko, Filipe III.ak hiribildu titulua saldu zion Zizurkili, 3.700 dukaten truke. Bat etorri ziren erregearen diru gosea eta ordura arte Tolosaren administraziopean zegoen herri txikiaren burujabetza gogoa.

Hernandorena elkarteak eman du datua: "1615ean etxeko jaun bakoitzak 25 dukat ordaindu behar izan zizkion erregeari, eta, [Pablo] Gorosabelek dioenez, 148 bezino zituen orduan Zizurkilek. Gure kalkuluen arabera, etxe bakoitzean 4 edo 5 lagun bizi zirela kontuan hartuta, esan daiteke garai hartan 600 lagun inguru bizi zirela herrian".

Burujabetza eskuratu ondoren, 1631n, Batzar Nagusietara ordezkari bakarra bidaltzeko kostuari aurre egin ezinik, Zizurkilek Zubiberria elkartea eratu zuen Amasa eta Anoetarekin batera, eta 1649an Aiztondoko Alkatetza Nagusian batu zen Adunarekin eta Alkizarekin.

XVIII. mende erdi aldean Zizurkilek bere bidea hartu zuen Batzar Nagusietara joateko, laguntzarik gabe. Heldutasun horrek udal ordenantza osatzera eraman zuen, eta orduan eraiki zuen gaur egungo udaletxea. 1768an onartu zuen Zizurkilek bere armarria, eta udalerri moduan erabat osatua geratu zen.