Sailkatugabeak

Boto zuriaren aldeko kanpaina martxan jarri dute Albizturren

Ez dute alderdi bat bozkatzerik nahi; ez dute alkategai baten aldeko botoa eskatzen. Albizturren, boto zuriaren kanpaina jarri du martxan Aizalde gazte elkarteak. Helburua: hautagaitza aurkeztu duten bi alderdiek alkatetza ez lortzea.

PSE-EEk eta PPk aurkeztu dituzte zerrendak herrian. Patricia Ainhoa Val izango da sozialisten alkategaia; PPrena, berriz, Jose Manuel Huidobro. Duela lau urteko emaitzak ikusita, Aizalde elkartekoek uste dute bi alderdi horiek ez dutela herriaren gehiengoa ordezkatzen: PSE-EEk bederatzi boto jaso zituen; PPk, berriz, bakarra. Zuriak 32 izan ziren. Aralarreko Gregorio Iraola da alkate egun; 117 boto jaso zituen 2011ko hauteskundeetan.

Whatsapp bidez egin zuten deialdia lehenik, eta gutunak banatzen aritu dira gero herriko etxeetan, egoeraz informatzeko. Bozkatzera joateko deia egin diete herritarrei, eta, boto zuria aukeratzekotan, gutuna hutsik uzteko. Ander Malbadi Aizalde elkarteko kideak Tolosaldeko Ataria-ri azaldu berri dionez, mezua gehienbat etxeko zaharrenei edo bozkatzera joateko ohitura gutxien dutenei bidali diete. Ordezkaritza izateko beharrezkoa da gutxienez botoen %5 eskuratzea —alderdi bati emandakoak edo zuriak dira balioa dutenak—. Baliogabeak ez dira aintzat hartzen ordezkaritza izateko kopuruak zenbatzerakoan.

Eskualdean badute aurrekari bat: Iruran, 2007an. EAEren hauteskunde zerrendak baliogabetuta, boto zuria eskatu zuen Marimi Ugalde alkateak: 606tik 562k boto zuria eman zuten. PSE eta PPk ez zuten botoen %5a lortu, ezin izan zuten udal talderik sortu eta Ugartek jarraitu zuen alkatetzan.

Hautagaitza bakarrekoak

Gipuzkoan zerrenda bakarra aurkeztu diren herriak ere badira: Errezil, Mutiloa, Leintz-Gatzaga, Altzo, Elduain, Gaintza, Hernialde, Orendain eta Orexa.

Baliarrainen kasua berezia izango da: ez da hautagaitzarik aurkeztu. Hori horrela, sei hilabeteko epean berriro deitu dituzte hauteskundeetara. Orduan ere zerrendarik ez bada, Gipuzkoako Aldundiak kudeaketa batzorde bat eratuko du.

Gipuzkoaz, lau erregetara

Hauteskunde atarian, foru aldundirako hautagaiak elkartu ditu Gipuzkoako Hitza-k eta BERRIAk, Hamaika telebistarekin lankidetzan —gaur emango dute, 22:00etan—. Bost partaideko eztabaida behar zuena lautara gelditu da, EAJko Markel Olanok ez baitu parte hartu. Gipuzkoako Batzar Nagusietako eserlekuak banatzeko hautagai nagusi diren gainerako lau alderdiak, ordea, bertan izan dira: Xabier Olano EH Bilduren ahaldungai nagusia, Denis...

Etxekoa, edan eta egiteko

ealeko zenbait jarraitzaileren eskutik sortu zen Ordiziako Emaneurre taldea, duela sei urte. Geroztik, eremua zabaldu, eta kirolarekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzen dabil. Horietako bat da Euskal Herriko Artisau Garagardo Azoka. Bihar egingo dute, Plaza Nagusian.

10:30etik 01:00era egongo da zabalik azoka. Dozenatik gora garagardo dastatzeko aukera izango da; besteak beste, Zerb, Falken Brewing, Mala Gissona, Olbea Pilsner, Garagart, Gross, Zarautz Beer Company, Bidassoa Basque Brewery, Boga eta Gar Gar.

Azokarekin batera, ordea, beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte biharko. 09:00etatik 11:00etara, garagardoa ekoizteko ikastaroa egingo dute D' Elikatuz zentroan, Lupulu.com taldearen eskutik. Ordiziako Kirkil tabernan eman daiteke izena —25 euro balio du—. Arratsalderako, berriz, garagardo txapelketa prestatu dute.

Euskal Herriko Artisau Garagardo Azoka

Bihar, 10:30etik 01:00era, Plaza Nagusian (Ordizia).

“Akordio integral bat nahi dugu”

Astelehenean aztertuko du ELAk grebak izandako erantzuna, eta zein estrategia jarraitu. Hala ere, Iñigo Zubeldia ELAko ordezkariak (Amezketa, 1964) argi du ez dutela atzera egingo. "Berdin zaigu hauteskundeetan zein emaitza dagoen. Aldundiarena da proposamena, eta dagoenari orain arteko berdina esango diogu".

Kalera atera zarete berriro. Zer eskatzen duzue zehazki?

Eskatzen duguna akordio integral bat da. Sektore honetan bi esparru daude hitzarmenetan: bata eremu sektoriala, eta bestea enpresa arlokoa. Berritu nahi ditugu sektoreko ituna eta sektore horretan dauden azpiko enpresen hitzarmenak, denak batera, eduki berarekin.

Zer hobekuntza lituzke langileentzat ituna berritzeak?

Diputazioak soldata igoera potente bat jarri du mahai gainean, eta, aldi berean, prekaritatezko elementuak ordenatzen ditu: batez ere egutegiak nola egin behar diren, zenbat atseden egun egin behar diren urte guztian, aldi baterako langileei zerrenda batean sartu behar zaiela eta eskubideak eman denboran mantentzeko... Oso eduki egokiak planteatu ditu, eta ikusten dugu akordio hori posible dela. Baina ikusita horren aurrean Adegik egin duen txanda pasa, grebara deitu dugu.

Patronalak ez du aldundiaren proposamena babestu, ezta?

Sektoreko eremua Adegiren esku dago; %75 dauka, eta Adegik erabaki politiko bat dauka hartuta: diputazioak eta sindikatuek onartutako edukiei ez diela estaldurarik emango. Onartu du ez duela hitzarmen hori sinatuko. Guk greba deialdia egin dugu, bai sektorekoa, eta baita hitzarmena duten enpresena ere. Adegi ez dago prest akordio hori egiteko, eta enpresak prest azaltzen dira. Elkarteak ez du nahi bere partaideek nahi dutena.

Enpresen aldetik, beraz, bestelakoa da jarrera?

Disfuntzio arazo bat dago enpresen eta Adegiren artean. Adegik ez ditu defendatzen enpresen interesak, enpresa bakoitza ari da berea defendatzen. Gutxi gorabehera 54 bat zentro deitu ditugu lanuztera, eta astearte eta asteazken artean, esaterako, enpresen %25ek akordioa egina zuten jada. Orain dela bi urte ere hala gertatu zen, eta berdin gertatzen ari da. Enpresa itunez gain, guk sektorekoa sinatu nahi dugu, baina hori Adegiren esku dago.

Hitzarmen sektoriala zertan da?

Hitzarmen sektorial bakarra izan da Gipuzkoako erresidentzietan, 2005-2008koa. Hurrengo hitzarmena gutxiengoan izan zen; CCOOk eta UGTk sinatu zuten, baina ez zen inoiz izan hitzarmen kolektiboa. 2013ko uztailaren 7an hil zena 2008koa izan zen.

Zer balorazio egiten duzue arlo honetan diputazioaren jardunaren inguruan?

Garbi dago klaseko borroka dagoela. Diputazioak badu legitimitate guztia planteatzeko berak azpikontratatutako langileei zein baldintza eman. Diputazioa langileei bere estaldura emanez ari da, gure eskubideak eta aldarrikapenak onartzen.

Bilerarik espero duzue Adegirekin?

Azken bilera martxoaren 13an egin genuen mahai sektorialean, eta Adegik esan zuen diputazioaren proposamena ez zitzaiola gustatzen baina erantzungo zuela. Erantzunik ez da izan. Mahaia ere ez du deitu.

2013ko gatazka luzea izan zen; mugagabeko greba ere egin zenuten. Haren ondoren, nola aurre egingo diozue datorrenari?

2013koa oso gogorra izan zen. Azken akordioa urtebete eta hiru hilabetera itxi genuen. Baina langileek oroitzapen ona ere badute; denek batera borroka egin genuen, eta jendeak ikusi zuen posible dela beste era batera gauzak aldatzea. Garbi dago azken urteotan Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek hobekuntzak izan dituztela, Rajoyk egindako erreformatik kanpo daudela, bermeak dituztela beren bermeak mantendu ahal izateko. Oraindik jendea badago borroka horri jarraitu nahi diona. Guk ez dugu politikara jokatu nahi, baina argi daukagu norbaitek nahi duguna ematen badigu azkenera arte borrokatuko garela hori lortu arte.

Hiru kontzertuk girotuko dute udaberriko jaia

Udaberrifest jaialdia hartuko du Zarautzek beste urte batez. Hiru talde ariko dira bihar Arizbatalde kiroldegian: Gatibu, Skakeitan eta Rolling Dice. Iaz aurkeztu zuten euren azken diskoa hiru taldeek: Euritan dantzan Gatibu Gernika-Lumoko taldeak —irudian—; Orekariak Skakeitan Donostiako taldeak, eta Rolling Dicek taldearen izen bereko diskoa. 21:00etan irekiko dituzte ateak. Sarrerak 12 eurotan eskura daitezke aldez aurretik erosiz gero —Kutxabanken webgunean edo Txiki Polit, Eguzki eta Itxaslurren—. Egunean bertan 15 euro balioko du sarrerak.

74

parte hartzaileak gipuzkoa bertsotan saio sortanGipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea da Gipuzkoa Bertsotan. Bihartik ekainaren 6ra bitarte, 74 bertsolarik parte hartuko dute fase horretan. 24 saio jokatuko dira, eta bertsolariek bina s...

“Gure musika ibilbide txikiko kontzerturik bereziena izango da”

Bihar iluntzean amaituko du bira John Berkhout taldeak, Oiartzunen. Bi Zaldi zaldibiarrekin batera ariko da, Elorsoro kiroldegian. Aspalditik ari dira kontzertua prestatzen, eta sorpresa ugari iragarri dituzte.

Duela urte eta erdi atera zenuten The Path lehenengo diskoa. Ordutik bidea egin duzue. Zer moduz joan da diskoa aurkezteko bira?

2013ko urrian atera zen diskoa merkatura. Hortik aurrera, orain arte, kontzertu asko eman ditugu Euskal Herrian zein hemendik kanpo. Hainbat hiritan jo dugu, baita Espainiako musika jaialdi garrantzitsu askotan ere. Egia esan, oso pozik gaude. Gaur egun, nahiko zaila da musikaren industrian sartzea. Mundu horretan sartu gara, eta esperientzia oso politak ari gara bizitzen.

Harrera ona izan al duzue?

Bai. Baina badakizu: behin sartuta, zuk ere gero eta gehiago nahi duzu. Jaialdietan jo nahi duzu, baina ordutegi hobeekin; areto batean ehun pertsona beharrean, 200 sartzea nahi duzu... Harrera ona izan da, baina asmo asko dauzkagu handitzen jarraitzeko eta gero eta jende gehiagorengana iristeko. Hasieran zaila da mota honetako musika jendearen belarrietatik sartzea, baina ongi sartu, eta jendeari gustatu zaio.

Zeintzuk izan dira birako momentu gogoangarrienak? Neil Youngen aurretik jo zenuten Miarritzeko Big Festivalen...

Bai, uste dut hori gure bigarren kontzertua zela. Pixka bat eromena izan zen, egia esan. Miarritzen jaialdi handi batean jotzea, agertoki handi-handi batean, Neil Young bezalako musikari baten aurretik aritzea... Hori oso berezia izan zen. Gainera, oso ongi jo genuen kontzertu hartan, urduri egon arren. Hala ere, kontzertu guztietan atera dira gauzak, onak edo txarrak izan. Beti dago zerbait: soka bat hausten dela, edo dena delakoa. Duela gutxi Zaragozan (Espainia) jo genuen, eguerdian, eta jende pila bat zegoen. Ez zuten taldea ongi ezagutzen, baina gustura geratu ziren.

Zein jaialdi zen?

Aurten, Girando Por Salas zikloan ibili gara. [Espainiako] Gobernuak ekitaldi kultural bat antolatzen du, eta hainbat kontzertu eskaintzen dizkizute. Horietako bat Zaragozan jotzea zen. Areto batean jo beharrean, merkatu batean aritu ginen.

Beraz, beti duzue zerbait kuriosoa kontzertuetan. Gainera, aspaldiko lagunak zarete...

Gauza on zein txarretarako, aspaldiko —eta oso— lagun izateak baditu bere kontuak: badakizu zeintzuk diren bakoitzaren maniak, baina oso ongi moldatzen gara. Gure arteko pikeak badaude, adar jotzeak, baina oraingoz ongi konpontzen gara.

Birako azkeneko kontzertua etxean emango duzue. Lehenengo aldia izango da, ezta?

Bai, bai. Jende askok galdetzen digu ea zergatik ez dugun jo Oiartzunen. Gauza batengatik edo bestearengatik, ez genuen aukerarik eduki. Hilabete asko dira Oiartzunen jotzea programatuta genuela. Asteak daramatzagu kontzertu hau prestatzen. Birako, edo gure musika ibilbide txikiko, kontzerturik bereziena izango da. Sorpresaren bat egongo da. Dena, gainera, gure gustuekin bat antolatu dugu: soinu ekipoa, argiak, proiekzio bat egongo da, Ibargain Musika Eskolako umeen abesbatza batek ere abestuko du... Jendeari asko gustatuko zaion kontzertua izango da.

Zein abesti joko dituzue?

Diskoko kantak; hiruzpalau berri ere, baita euskarazkoak ere.

Azkenean profetak izango zarete zuen etxean...

[Kar-kar] Jendeak, kanpoan jotzen dugunean, galdetzen digu ea nongoak garen. Donostia ondokoak garela erantzuten diegu. Flipatu egiten dute. Behin, Zarautzen jo genuen, estatubatuar batekin, eta guregana etorri zen. Gurekin hitz egiten hasi, eta 'Nor da John hemen?' galdetu zuen. Guk erantzun genion ez zegoela Johnik bertan... Horrelakoak askotan gertatu zaizkigu.

Abesti berriak joko dituzuela esan duzu. Bigarren diskoa egitea buruan al duzue?

Agian, primizia bezala, esan dezaket Gabonetan sorpresa txiki bat emango dugula. Bigarren diskoa aurten grabatuko dugu segur aski, baina 2016ra begira izango da. Disko oso ezberdina izango da. Abesti asko prestatuta ditugu, oraindik denbora dugu egiteko. Jendeak sorpresa handia eramango du... Ezin dut asko aurreratu, baina ezberdina izango da, bai.

Anbizioa edo gogoa badugu gauza berriak jorratzeko. Arrisku hori hartuko dugu. Aurreko taldearekin, Instepekin, ongi pasatzeko jotzen genuen. Orain, beste jarrera bat dugu, beste helburu batzuk. Serioago hartu dugu.

BI ZALDI ETA JOHN BERKHOUT

Non? Elorsoro kiroldegian.

Noiz? Bihar, 21:00etan.

Sarrerak: Garmendia okindegian, Elorsoro kiroldegian, Garbiñe estetika zentroan, Ibarreko gasolindegian eta Amazkar eta Miren tabernetan; Donostian, Koh Taon, zortzi euroren truke. Bihar, hamar euroan.

“Gehien gustatzen zaidana egiten geratu nintzen itsu”

“Gehien gustatzen zaidana egiten geratu nintzen itsu”

 

Surfean "oso berandu" hasi bazen ere, Aitor Frantzesenak (Zarautz, 1970) 30 urtetik gora daramatza olatuak hartzearen zaletasunari lotuta. "Gure gurasoak ez ziren oraingoak bezalakoak. Gaur egun, gazteek hatz bat jasotzerako nahi dutena lortzen dute: surfeko taula bat, patinetea, edo 14 urterako munduan bidaiatzea...". Seme-alabek nahi dutenerako gurasoek dirua inbertitzen dutela iruditzen zaio, oraingo gazteek dena eskura dutela: "Hegazkin bat, itsasontzi bat edo suziri bat gustatzen ote zaien galdetu, eta ‘ba, besterik gabe’ erantzuteko kapaz dira, gainera".

Bere kasua ez zen horrelakoa izan; gauza bat edukitzeko asko saiatu beharra zeukan, eta garai hartan aberatsak zirenek soilik egiten omen zuten surfa. Horregatik, lehorrean hasi zen surfean, patineteekin. Horiek pixka bat merkeagoak ziren, baina patineteak ere eurek muntatutakoak izaten ziren. "Gero, taulak egiten-eta hasi ginen, surfa asko gustatzen zitzaigulako, edo surfa egiten zuen jendeari eskatzen genion taula". 13 bat urterekin hasi zen surfean, eta, oraingo egoerarekin alderatzeko, alabaren adibidea jarri du: "2 urterako bere taula zuen, hortik kontuak atera".

Bizitza osoa darama surfari lotuta. Hamasei bat urtez aritu zen entrenatzen, eta 23 urte inguru besteei erakusten. Gaiaren inguruko bi liburu ere idatzi ditu: Las olas contadas eta Querer es poder. Horrez gain, Aritz Aranburu, Axi Muniain, Eneko eta Kepa Acero eta beste hainbaten entrenatzailea izan da; gaur egun ez da bere lanbidea, baina laguntza eskaintzen die surflariei.

Surfa eta itsasoa bere bizitza dira: "Paseatzen arituta ere itsasoa entzuteak asko eragiten dit. Itsaso gogorra dagoela entzuten badut, urduri jartzen naiz, edo adrenalina igotzen zaidala sentitzen dut; bare badago, berriz, asko erlaxatzen nau, musika entzuten arituko banintz bezala". Izan ere, 2012az geroztik, begiratuta ere ezin du itsasoa ikusi. Jaiotzatiko glaukoma baitu begietan: "Gaur egun horrekin jaioz gero kontrolatzea egongo litzateke, baina gure garaian ez. Ebakuntza mordoa egin zizkidaten, eta nire begiak oso kaltetuta daude".

14 urterekin eskuineko begiko ikusmena galdu zuen, eta ezkerrekoa mantentzeko etengabe ebakuntzak egiten hasi zitzaizkion. Begiaren tentsioa kontrolpean zuenean, kornea hasi zitzaion huts egiten, eta oso ondo geratu ez zitzaizkion bi transplante egin zizkioten. "Hirugarrenaren zain nengoela, olatu batek jota begia lehertu zitzaidan, eta hala geratu nintzen itsu". Baina bere ardurapeko kontua izan zenez, ez dio horrenbesteko tristurarik eragiten: "Neuri gehien gustatzen zaidana egiten ari nintzela gertatu zen, neure ardurapean, eta ez ebakuntza gela batean; horrek kontsolatzen nau".

Itsu geratu izanaren ondorioz, beste era batera ikasi du itsasoaz eta surfaz gozatzen, itsasoak asko kendu badio ere gehiago eman diola sentitzen baitu: "Hutsetik berriz ikasi behar izan dut. Pixkanaka ikasten ari naiz; geroz eta hobeto sentitzen naiz, geroz eta olatu handiagoak hartzen ditut, eta jendeak ere ongi ikusten nau. Hori bai, caddy batzuk ditut, beti alboan joaten direnak niri laguntzeko". Golfean laguntzaile lanetan aritzen direnak izaten dira caddy-ak, eta Frantzesenak halaxe deitzen die bere laguntzaileei.

Olatuak hartzeko modua aldatzeaz gain, surflariei irakasteko metodo propioa ere garatu behar izan du: "Surflariei euren entrenatzaile izaten erakusten diet". Entrenatzaile batek hainbat arlo izan behar ditu kontuan: fisikoa, teknikoa, psikologikoa, janariarena... "Surf saioak grabatu, eta gero fotogramaz fotograma aztertzen ditugu, une bakoitzean zer egin beharko luketen ikusteko. Izan ere, surfean segundo bakoitzean egin beharrekoa eginez gero, dena perfektu geratzen da gero".