Sailkatugabeak

Hiru herri batuta, 400 urtera ere

. Ordiziaren itzaletik irten orduko, herri elkargo bat sortu zuten hiru herriok, beste hirurekin. Baina berdinetik berdinera. Gaur egun ere udal administrazioa eta herri zerbitzu asko banatu egiten dituzte.

Aldea handia dago herri bat beste bati batuta egotetik herri askoren arteko batura egitera. Mendekotasuneko tratutik urruti, indar metaketaren alde egitera igaro ziren 1615ean Altzaga, Arama eta Itsasondo. Herri txikiak ziren orduan ere hirurak —140, 80 eta 360 biztanle ingurukoak, hurrenez hurren—, baina txiki askoren artean bat handiagoa egin nahi izan zuten, Ordizia handi bakarraren aldartera ibili segi baino.

Ordiziaren eskumenetik irten eta berehala osatu zuten hiru herriek Oria Ibaiko Batasuna, 1615ean bertan. Gaintza, Legorreta eta Zaldibia ere gurdi berera igo ziren, elkarrekin Batzar Nagusietara ordezkaria partekatu, foru gehiago bildu, gastuak murriztu eta oihartzun handixeagoa izateko. Beste 230 urte elkarrekin batera segitu zuten Ordiziatik irten ziren zortzi herrietatik seik. Berdintasunezko baturan, ordea. 1845ean desegin zuten Oria Ibaiko Batasuna. Baina XX. mendean ondo sartuta, Altzagak batzeko eskaria egin zion Itsasondori, udalerri txikia zela eta diru urritasuna zuela argudiatuz. 1967an onartu zuten bategitea, eta 1990era arte udalerri bakarra osatu zuten. Harrezkero, berriz udalerri beregainak dira.

Idazkaritza batuta 1927tik

Orain laurehun urte ere, biztanleria eta lurralde murritzekoak ziren Altzaga, Arama eta Itsasondo. Gainontzeko guztiek bezalaxe ordaindu behar izan zuten hiribildu titulua, hala ere. Altzagako eskubidedun 35 auzotarrek 332.713 beloizko marabedi ordaindu zioten Gaztelako Koroari; Aramako 20 auzotarrek, 185.156 marabedi; eta Itsasondoko 91 familiaburuek, 855.469 marabedi.

Egoera demografikoa eta geografikoa ez zaie askorik aldatu, behintzat Aramari eta Altzagari. Gipuzkoako udalerri txikiena da gaur egun Arama, hedaduraz. Biztanle gutxieneko hirugarren herria da Altzaga, Baliarrain eta Orexaren atzetik.

Hala, eta nahiz eta Batzar Nagusietako ordezkariaren karga historikoa desagertu zitzaien, gaur egungo beste gastu batzuk elkarbanatu beharrean dira Altzaga, Arama eta Itsasondo. Udal administrazio mailan, adibidez, idazkaritza multzoa osatzen dute hiru herriek. Idazkari kontu-hartzaile bakarra dago, eta hiru udaletxeetan ematen du zerbitzua. Berdin administrariekin eta beste zenbait udal langilerekin ere. "Hiru herriek osatzen dugu idazkaritza taldea, eta hiru herrietan lan egiten dugu. Gizarte langilea, adibidez, denera zazpi herritan aritzen da", azaldu du Pako Zubeldia altzagarrak, Itsasondon, Araman eta Altzagan administrari denak.

Itsasondoko plazatik Aramara kilometro eta erdi dago; Aramatik Altzagara, 1,7 kilometro. Herri lanetarako, adibidez, bakartzat hartzen dute: "Traktorea ere elkarbanatu egiten dugu", dio Zubeldiak. Medikuak ere hiru herrietan ematen du zerbitzua. Berez, azkeneko 400 urteotan udal independenteak izan badira ere, lotura asko mantendu dituzte benetan. Idazkaritza batasuna 1927tik daukate indarrean. "Orain arte mantendu egin da", dio Belen Mendizabal idazkari kontu-hartzaileak.

Hasieran, duela ia mende bete, batasun administratiboak herriko idazkariari edo sekretarioari bakarrik eragiten zion, "lehen idazkaria bakarrik egoten zelako udaletxean lanean. Idazkari berak zerbitzua hiru herrietan eman zezan sortu zuten taldea. Denborarekin, gaur egun egoera bestelakoa denez, langile gehiago sartzen dira. Lan funtzioak ugaritu ahala, beste udal zerbitzuetako langileak ere banatu egiten dira hiru herrietan, idazkaria bezala", zehaztu du Mendizabalek. Hala, idazkariak asteko egun eta ordu jakin batzuk ditu izendatuta Altzagako, Aramako edo Itsasondoko lanak egiteko —eta udaletxe horietan egoteko—.

Itsasondo, gune nagusia

Landa eremuko herri izateari erabat utzi gabe, hiruren artetik kalea duen udalerri bakarra Itsasondo da. Herri kozkorra da, 666 biztanlerekin, merkataritza eta zerbitzu aldetik osatuena. Laurehungarren urteurrena gogoratzeko asmoz, batzorde bat eratu dute itsasondoarrek. Hitzaldi bat egitekotan dira Kantabriako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle Susana Truchuelorekin. Ekainaren 11n izango da, 19:00etan, Itsasondoko udaletxean.

Itsasondo 1399an gehitu zitzaion Ordiziari, Arama, Altzaga eta beste bost herri bezala. Administrazio ekonomikoari eutsi zion, hala eta guztiz; baita herri lurren kudeaketari ere. Batasunaren garai modutsu hartan (1409an) eratu zen Enirio-Aralarko mankomunitatea, eta mendizerraren magaleko 15 herri ziren bazkide. Nahiz eta Ordiziaren edo Tolosaren menpeko izan gainontzeko gaietan, mendi baso eta abeltzaintzarako lurren erabilera eurek gobernatzen zuten. Itsasondo Bozue Handiko kide zen.

Behe Erdi Aroan, elkarren aurkari ziren bi jauntxo leinutako familiak bizi ziren Itsasondon: Ibarratarrak, ganboarren alderdikoak, eta Rekalde, Etxeberria eta Isasagatarrak, bestekoak. Itsasondo izena, aditu batzuen arabera, azken etxe horren izenetik datorke.

Arama, txikiaren ezinak

Hiribildu titulua lortu ondoren, ezintasun ekonomikoek batasunetara lerratu zuten Arama. Hainbeste, ezen metropoli izan zuen Ordiziari ere batu zitzaion berriz 1682an, onura handiagoak eskuratuko zituela eta. Ezin konponduek eta sestrek, hala ere, atzera Oria Ibaiko Batasunera bideratu zuten Arama.

Batzar Nagusietarako bilera-egoitza Arama izan ohi zen, bertako San Martin eliza, zehazki. Bozue Txikiko kide izan zen, bestetik. Kokagune estrategikoan dago lekututa herrigunea: Oria errekaren ibarraren zelatari, gaintxo batean, eta Aralar aldetik datorren Amundarain errekaren eta Oriaren gurutzearen gainaldean.

Altzaga, bat eginik iraunez

Altzagak Gipuzkoako 87. udalerri izendapena du zenbaketan. Azkenetakoa izan da sortzen (88 udalerri ditu, gaur egun). Izan ere, Ordiziarekin lehenbizi (1399tik 1615era), Oria Ibaiko Batasunean gero (1615-1845) eta Itsasondoren anparoan azkenik (1966-1990), beregaintasun egoeran bigarren aro luzeena ari da izaten Altzaga azken 25 urteotan. Dirurik ez zuela eta, 1966ko otsailaren 5ean eskatu zuen ofizialki Itsasondori eransteko. Hurrengo urtean batu zitzaion.

Laugarren mendeurrenaren aitzakian, agiri garrantzitsuak berreskuratu dituzte Altzagak, Aramak eta Itsasondok. Beren artxibategi historikoetan ez zeukaten 1615eko hiribildu tituluen eskuizkriburik. Valladolideko artxibategian (Espainia) eskatu, eta jaso dituzte. Lehendik udalerri baziren; orain, frogagiri eta guzti.

4.800

LANGILEAKAdministrazioarekin hitzartutako postuak dituzten egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak 4.800 dira. Emakumezkoak dira gehienak. Horien lan baldintzen hobekuntza finantzatzeko, 11 milioi euro jarri ditu diputazioak mahai gainean.

8

autoa partekatzeko sistema babestu duten udalak

Gipuzkoako Aldundiak Lurraldekar autoa partekatzeko sistema bultzatu du, Donostia, Irun, Tolosa, Zarautz, Ordizia, Bergara, Oñati eta Urretxuko udalekin. Proiektuaren oinarria da herritarrek autoa partekatzeko tresna bat izatea. www.lurraldekar.eus webgunea ere martxan jarri dute.

7.044

ADINEKOENTZAKO TOKIAKGipuzkoak adinekoentzako 7.044 toki ditu egoitza eta eguneko zentroetan. Horietako 5.932 foru sarekoak dira, eta hitzartuta daude, prezio publikoa finkatuta; hau da, irabazi asmoko edo irabazi asmorik gabeko entitateek kudeatzen d...

Aiala Zarautz, Ohorezko Mailara

Aiala Zarautz eskubaloi taldeak balentria egin du. Asteburuan 26-24 irabazi zion Logroñoko Sporting Errioxari Oviedoko Pumarin kiroldegian (Espainia), eta, 32 urte geroago, berriz ere itzuliko da Ohorezko Mailara

—1983an egon zen lehenengoz gorengo mailan—. Harmailetan hirurehundik gora herritarren babesa izan zuten jokalariek partidan. Oviedotik bueltan ere, harrera beroa egin zieten Zarautzen; udaletxe aurrean jendea zain zuten, eta propio apaindutako kamioi batean ibilbidea egin zuten neskek.

Duela bi urteko irudi bera

Soldatak eta lan baldintzak hobetzeko eskaerak. Blokeoa negoziazioan. Greba. Egoera ez da berria Gipuzkoako zahar etxeetako langileentzat. 2013an bezala, kalera atera dira berriro ere; hiru eguneko grebara deitu ditu ELAk aste honetan. Arrazoia: enpresa itunak eta sektoreko hitzarmena berritzeko negoziazio falta. Zahar etxeen sektoreko ordezkaritzaren %56 du ELAk; LABek eta biek ia %80 ordezkatzen dute; CCOOk eta UGTk, berriz, %21.

Bi urte atzera eginda, adinekoen egoitzetako langileen protestak aurki daitezke hemerotekan. Zehazki, 2012ko urrian hasi zen lan hitzarmena berritzeko gatazka. Patronalek —Adegi eta Lares— eta langileen ordezkariek negoziazioak hasi zituzten orduan, baina akordiorik ez zenez, lehen lanuzteak iritsi ziren: hiru eguneko greba 2013ko otsailean, astebeteko lanuzteak gero, eta, ELAk deituta, greba mugagabea urte bereko maiatzaren 13tik aurrera. Sektoreko hitzarmen kolektibo berria sinatzea zuten helburu, eta zenbait baldintza lotzea: soldatak igotzea, Espainiako Gobernuaren lan erreforma ez aplikatzea, eta itunak blindatzea. Lan erreforma aplikatzeak aldaketa nabariak ekarriko lizkieke langileei: hilean 400 euroko jaitsiera, eta urtean 200 ordu gehiagoz lanean aritu beharra.

Orain bezala, orduko hartan ere, patronalaren jarrera kritikatu zuten sindikatuek. ELAk Adegiri egotzi zion langileen soldaten eta lan baldintzen kontura irabaziak handitu nahi izatea. Gipuzkoako Aldundia tartean hartu zuen gatazkak. Zahar etxeetako eta eguneko zentroetako gastuen %87 finantzatzen ditu, eta negoziazioan aurrera egiteko asmoz, bi urterako 8,2 milioiko proposamena egin zuen Ander Rodriguez Gizarte Gaietarako diputatuak 2013ko otsailean. Administrazioarekin hitzartutako postuak dituzten zentroetako 4.800 langileen soldatak eta baldintzak bermatzea zen asmoa; patronalak, baina, baztertu eta ezetz esan zion. Eta salaketa jarri: Adegik Gipuzkoako Aldundia salatu zuen, lan hitzarmenerako proposamena aurkezteagatik. Patronalaren arabera, negoziazio kolektiboaren subjektu bakarrak sindikatuak eta enpresak ziren, eta, beraz, "esku sartzetzat" hartu zuen aldundiaren jarduna. Diputazioak, ordea, bere eskumenen barruan jardun zuela azpimarratu zuen, helburu zehatz batekin: erabiltzaileei kalitatezko zaintza bat bermatzea. Horretarako, beharrezkotzat zuen langileek lan baldintza duinak izatea. Salaketak helburu politikoak zituela adierazi zion Gizarte Gaietarako diputatuak BERRIAri: "Arazoa da Adegik ez dituela bete bere helburu politikoak, eta horregatik jarri ditu salaketak". EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen Adegiren eskaera aintzat hartu.

Diputazioak proposamena aurkeztu ondoren, pixkanaka, enpresak akordioak lotzen hasi ziren; egoitza batzuek langileekin hitzartu zituzten baldintzak. Azkenean, 75etik gora egoitza eta eguneko zentrotan lortu zuten akordioa sinatzea: blindatze klausulak jaso zituzten guztietan, eta Espainiako Gobernuaren lan erreforma ez aplikatzea eta lan baldintzak hobetzea lortu zuten.

Kudeaketa ere hizpide

Lan baldintzak eta itunak mahai gainean izan dira azken urteetan, baina ez horiek bakarrik: adinekoen egoitzen kudeaketa noren esku utzi ere eztabaida puntu izan da.

Iazko uztailean Kabia erakunde autonomoa aurkeztu zuen diputazioak. Horren bidez, udalek kudeatutako hamasei egoitza diputazioaren esku uzteko prozesua hasi zen, Gizarte Zerbitzuen legeak dioen bezala. Berez, 2009tik, hamasei udal egoitzaren kudeaketaren ardura aldundiarena da, nahiz eta agintaldi honetara arte eskualdaketarena geldirik egon den.

Gaia Batzar Nagusietara iritsi zen, eta PSE-EEren eta Aralarren babesa izan zuen EH Bilduk. EAJk eta PPk, berriz, egitasmoa kritikatu zuten. Hala mintzatu zen Markel Olano EAJko eleduna Batzar Nagusietan: "Kabiak okerrago kudeatuko ditu gizarte politikak; izan ere, irabazi asmorik gabeko elkarteei erasotzen die, eta lanik gabe utziko ditu". Diputazioak azaldu zuenez, orain arte arazorik handiena irabazi asmoa duten enpresekin izan dute —zahar etxeetako lekuen %41 kudeatzen dituzte—. ELAk eta LABek positibotzat jo zuten aldundiaren proposamena, eta, era berean, jeltzaleen jarrera kritikatu zuten, "pribatizazioa" babesteagatik.

Kabia hasia da udalen esku zeuden zenbait egoitza kudeatzen. Lehenak izan dira Elgoibar, Azkoitia, Villabona eta Zumaiako egoitzak. Lasarte-Oriakoa gehituko zaie jarraian. 2016an Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Irun eta Pasaiako udal egoitzak kudeatuko ditu, eta, Bergara, Hernani, Oñati, Ordizia eta Tolosako egoitzak aldundiaren eskuetara pasatuko dira 2017 eta 2018an.

Bosgarrena bortizkeria da

Donostiako apezpikuaren ekimen adoretsuetara ohituta, azkeneko hau ausartegia iruditu zait. Erdi bana bada ere, sexuari buruzko liburu bat argitaratu berritan da. Nire kalkuluen arabera, aitorleku laiotzetan ikasi du Jose Ignacio Munillak gaiaz dakien...

Dendarien omenez

Festetan da Andoain. Joan den asteburuan kuadrilla egunarekin berotu zituzten motorrak, eta aste honetan segida eman diete Santa Krutz jaiei. Aldaketa hitza erabili dute aurtengo festak deskribatzeko: "Guztia aldatzea modan dagoen honetan, gu ere ezin...

Irakurtzearen plazera

Badakit apirilaren 23a pasatu dela. Ez naiz dataz nahastu eta artikulua beranduegi bidali. Bai, badirudi efemeridearen bezperan edo egunean tokatzen bazaigu zerbait idaztea horretaz jardun behar dugula gure espazio hauetan. Hara, gaur Maiatzaren Lehen...