Sailkatugabeak

Lazkao Txikiren omenean

Beste urte batez, Joxe Migel Iztueta Kortajarena, Lazkao Txiki, gogoratuko dute Lazkaon. Aurten 22 urte dira bertsolaria hil zela. Gaur iluntzerako, bertso afaria antolatu dute Lazkaomendiko Lartxai elkartean. Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsola...

“Espazioko eguraldiak gero eta garrantzi handiagoa du”

Eguzkiak egungo gizartean gero eta eragin handiagoa duela uste du Itziar Garate Lopez astrofisikariak (Zarautz, 1986). Orain dela bost urtetik, EHUko Zientzia Planetarien Taldekoa da; zientzia planetariak ikertzen dituzte, hau da, eguzki sistemako planeten atmosferak. Eguzkikadak hitzaldia eman zuen Garatek atzo, Zarautzen, Arkamurka natur elkarteak antolatutako Astronomia Astean. Jardunaldien barruan, denboraz ariko da gaur Esteban Esteban —20:15ean, Arkamurkaren egoitzan—, eta bihar eguzkiaren behaketa egingo dute Munoan, eguerdian eta gauean, Santa Klara komentuaren atzeko parkean.

Eguzkikadak izan dituzu hizketagai. Zer dira?

Izenburua asmatutakoa da. Artikulu dibulgatibo batetan irakurri nuen hitza, eta gustatu egin zitzaidan. Azken finean, eguzkia denbora guztian aldatzen ari da, eta zenbait fenomeno gertatzen dira; gehien ezagutzen ditugunak gainazalean azaltzen zaizkion orban ilun batzuk dira. Baina badaude beste fenomeno asko, eta fenomeno horiez guztiez hitz egiteko, horrelako izen bat jartzea erabaki nuen. Zientzian gehien erabiltzen dena espazioko eguraldia da, space weather. Baina hori pixka bat hotza egiten zitzaidan.

Zeintzuk dira, bada, espazioko eguraldian gertatzen diren fenomenoak ?

Eguzkiari azaltzen zaizkion orban ilunez gain, eguzki haizeak eta eguzki ekaitzak ere sortzen dira. Edozein izarrek, baita eguzkiak ere, horrenbestez, une oro eta etengabe partikula korronte bat igortzen du, norabide guztietan. Horri, oro har, eguzki haizea deitzen zaio. Gero, noizean behin, eztanda batzuk ere badaude: korronte hori handitu egiten da, eta eztanda moduan, dentsitate handiagoan, partikulak igortzen ditu; horri ekaitza deitzen diogu. Horiez gainera, oso energia handiko argi flash-ak ere badaude; Lurrera begira badaude, gugan eragin handia izan dezaketen fenomenoak dira.

Horiek denek eragiten al digute?

Gehienek bai, era batera edo bestera, zuzenean edo zeharka.

Ilargiaren eraginak ezagunagoak dira. Eguzkiaren fenomenoek nola eragiten digute?

Batik bat, eguzkitik datozen partikulak gure atmosferan sartzen direnean eragin dezakete. Adibidez, aurorak. Eguzkitik datozen partikulak dira horren erantzule, eta hori eragin positibo bat da. Baina, badaude eragin negatiboa dutenak ere; esaterako, teknologian eragin dezaketenak. Hondamenak ekar ditzakete: abioiak ezin du oso ondo nabigatu; nabigazio sistema guztiak pixka bat nahasi ahal dira, GPSak, sakelako telefonoetako nabigazio sistemak. Orduan, horrelako ekaitz edo partikulen dentsitate haize handi bat gugana datorrenean, neurriak hartu behar ditugu.

Beraz, gaur egun teknologiak duen garrantzia kontuan izanda, eguzkiaren eragina handiagoa da?

Bai, hori horrela da. Gero eta teknologia gehiago daukagu, eta zaurgarriagoak gara. Horregatik, space weather edo espazioko eguraldiak gero eta garrantzi handiagoa dauka. Hori orain dela hogei bat urte sortutako zientziaren arlo bat da, astronomiaren eta meteorologiaren artekoa, eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da, teknologia gehiago daukagulako eta sentikorrago garelako.

Arkarmurkaren Astronomia Astean parte hartu duzu. Denbora da harremanetan zaudela haiekin, ezta?

Bai. Leioan (Bizkaia) Fisika ikasten ari nintzenean, zer espezialitate egin nahi nuen erabaki gabe nuen oraindik. Kasualitatez, Arkamurkak antolatutako Astronomia Asteko hitzaldietara joan nintzen, eta horrek piztu zidan astronomiaren inguruko interesa; badago esatea haiek izan zirela pixka bat nik Astronomia ikasi izanaren errudunak. Gero, jakin zutenean bazegoela zarauztar bat Astrofisikan doktoretza egiten, nirekin harremanetan jarri ziren, eta, hortik aurrera, Arkamurkakoekin harreman handiagoa dut.

Zerga iruzur gehien, operazio handietan

Azken kontsumitzaileekin lotutako iruzurra "oso txikia" da, enpresetan atzematen denaren aldean. Diputazioak inoizko iruzur kopururik handiena atzeman zuen 2014an —414,6 milioi—, eta horretatik zatirik handiena sozietate zergan izan zen (%41). Batez ere enpresak sustatzeko elkarteak ikertu zituen aldundiak. Erregimen bereziak ziren, onura fiskal handiekin, eta higiezinen sektoreak "irabazi handiak zerga ordaindu gabe pasatzeko" erabiltzen zituen. Diputazioaren arabera, "gaizki" egindako arau bat zen, halako jokaldiak ahalmentzen zituelako. Erregimen hori ezabatu zuen aldundiak.

Metalaren bost eskaintza

Euskal Metal Fest jaialdiak bost talde bilduko ditu bere seigarren aldian: Vita Imana, Elbereth, Dominium, Estampida eta Ankhar. Vita Imana hamargarren urteurreneko bira egiten ari da, eta lehenengoz joko du Donostian. Elbereth Legazpiko taldeak zuzen...

28

'ETXEKO URA' KANPAINA BABESTU DUTEN HERRIAKEtxeko Ura kanpainaren barruan, mila pitxer banatu dituzte Tolosaldeko 28 herrietako hainbat jatetxe eta tabernatan. Egitasmo horren bitartez, iturriko ura kontsumitzeko ohitura sustatu nahi dute herritarren...

Gogoeta eragitea, txotxongiloekin

Helduentzako txotxongilo ikuskizun bat dakar Javier Aranda Zaragozako artistak. Pieza txiki eta hunkigarriak eskaini nahi ditu; horretarako, txotxongiloak erabiliko ditu. Gizakiaren degradazioaren eta marjinazioaren sinbolo dira txotxongiloak, eta hai...

Laborategi bat herritarrentzat

Argiak ilun daude Bergarako Errege Mintegiko biltegian. Plastikoz estalita daude apalak; piezak babesean dituzte, lekualdatuak izateko bidean. Lehen begiratuan ikusi ez arren, kalkulaezina da eraikinak biltzen dituen istorioen eta historiaren balioa: XVIII. eta XIX. mendeetan Euskal Herriko hezkuntza eta zientzia erakunde garrantzitsuena hartu zuen Errege Mintegiak, eta orduko laborategietan erabilitako elementuetako asko gaur egunera arte...

37

donostitruk azokak hartuko dituen saltokiakDonostitruk Donostiako bigarren eskuko merkatua egingo dute bihar Donostia 2016ren lokalean, Easo kaleko 43an. 37 saltoki jarriko dituzte 10:00etatik 14:00etara. Ondasunak salgai jarri nahi dituenak 09:30etik...

Beasain, bere burua eraikiz

. Bidegurutze funtzioa bete zuen Erdi Aroan Beasainek, eta garrantzi estrategikoa eman zion kokaguneak. Herri txikia zen, ordea, eta 1399an Ordiziaren babesa aurkitu zuen, haren auzo bihurtuz. Azken 400 urteetan, bera bihurtu da erakargune.

Beasain Goierri eskualdearen burua da, gaur egun. Azkeneko 150 urteetan, industriaren bilakaerak eta garraio bideen muinean egoteak ahalbidetu diote nagusitasun hori —1863an iritsi zen trena, eta Erdi Arotik errege bideen bidegurutze zen—. Orain 400 urte, baina, Ordiziaren menpeko herrixka zen.

Gudugarreta eta Astigarreta ere udalerri izaerako hiribilduak izan ziren. Batasun berean topo egin zuten XX. mendearen hasieran -gaur egun Beasainen auzo dira-, baina bide desberdinei jarraituta. Segurako hiriaren menpe egon ziren bi herrixkak, 1384tik 1615era. Gudugarreta 1882an sartu zen Beasainen barruan —1860an 91 biztanle besterik ez zuen—; Astigarreta, 1929an.

Beasaingo gaurko beste auzo berezi bat, Arriaran, Itsasoko herriarekin bat eginik egon zen Erdi Arotik, Areriako alkatetzaren garaira arte. 1927an batu zitzaion Arriaran Beasaini. Goraxeago dagoen auzoa, berriz, Garin, inoiz ez da udalerri beregaina izan, beti Beasainen auzoa baizik.

Beasain, bidegurutzean

Beasaingo herriaren lehenengo erreferentzia 1200. urtekoa da. Aizkorriren magaleko San Adriango pasabidearen aipamen batean ageri da. Izan ere, Arabatik eta Iberiar penintsularen barrenetik Bidasorantz zihoan bidean zegoen Igartza.

Antzinako komunikazio bideen korapilo izateak eman zion Igartzari —eta hedaduraz Beasaini— garrantzi estrategikoa. Igartzako zubiaren ondoan zeukan izen bereko jauntxoak dorretxea, inguruan burdinola, benta eta dolarea zituela. XIX. mendean, San Adriango galtzada zaharraren ordez, Gatzaga-Irun errege bide berriak eta Donostia-Altsasu errepideak —Etzegaraten barrena— hartu zuten indarra, komunikazioetan. Haiek ere Beasainen lotzen ziren.

Estrategikoa bai, baina Erdi Aroan babesgabea ere bazen Igartza inguru hura. Bidelapurren, jauntxoen eta forurik gabeko kontzeju baten erasanak sufritu beharra zeuzkan. Hala, inguruko beste zortzi kontzejurekin batera, Beasain ere Ordiziako hiri gotortuaren auzotasunera igaro zen, 1399. urteko apirilaren 8an. Goierriko beste zortzi herrik gauza bera egin zuten Segurarekiko, hamabost urte lehenago.

Autonomia beharrak eta XVII. mende hasierako estatuaren porrotak eraginda —1607an ordainketa etena izan zen—, 216 urte geroago hiribildu beregain bihurtu zen atzera Beasain. 1615ean, Ordiziaren menpetik irteteko, hiribildu titulua erosi zuten Beasaingo bizilagunek. Eskubidedun auzotar bakoitzeko 25 dukat ordaindu zuten. 196 auzotar ziren gutxi gorabehera, eta denera 780 bat bizilagun —242 auzotar eta 600 biztanle, Martin Garcia Garmendia ikertzailearen arabera—. Titulua 1.859.766 beloizko marabedi kobratu zien Gaztelako Koroak.

Bestetik, herri lurrak ere saldu behar izan zituzten. "Modu horretan saldu zen 2.750.000 metro koadroko azalera, metro bakoitza herri lur onenen artean kokatua, lehen sailekoak baitziren. Horrenbestez, 1615eko Beasain txiki hartan, 95.000 beloi erreal inguru bildu ziren", dio Garcia Garmendiak. Beasaingo herrigunea 1615ean, eta bere bilakaera liburua argitaratu du ikertzaileak.

Lurren pribatizazioa

Herriaren kontzeju lur guztien %18 esku pribatuetara bihurtu ziren. Eragiketa "politiko eta finantzarioa" izan zen hura, Garcia Garmendiaren iritziz. Lur komunak galduta, herria txirotu egin zen, eta herritarrei bizimodua aurkitzeko zailtasunak handitu zitzaizkien: "Zeharkako ondorioetako bat euskaldunen emigrazio endemiko eta ohikoa are gehiago areagotzea izan zen". Nagusiki, Amerikara abiatu ziren. 1700-1800 bitarteko ehun urteetan Gipuzkoatik urtean 1.200 pertsonak emigratu zutela uste da. "Kopuru oso handia da hori, kontuan izanik XVIII. mendearen hastapenetan Gipuzkoako probintziak 120.000 biztanle eskas zituela".

Ez zen eragin bakarra izan. Herrietako oligarkia indartuta irten zen hiribildu titulua eskuratu orduko, botere posizioan zeuden jauntxoek, jabeek eta dirudunek hartu zutelako indarra, lurrak erosita eta udal berrian postuak hartuta. Hiri titulua 1615eko otsailaren 4an eskuratu zuen, eta Gaztelako errege Filipe III.a urte hartako azaroaren 2an Beasainen zen. Igartzako burdinolara bisita egin zuen. Industria izan du harrezkero motorra, Goierri osoa erakarriz.

Beasainen, Loinazko San Martinen festaburuan —Santa Ageda bezperarekin bat egiten du— ospatu dute aurten hiribildu izendapena lortu zuteneko 400. urteurrena. Otsailaren 4an ekitaldi instituzionala egin zuen udalak. Bestetik, Beasaingo Paperak ikerlan bildumaren 22. zenbakia (2014ko azarokoa) gaiari eskaini diote.

Aisiarako tokietan, bisitari ugari

Aste Santuak bisitari ugari erakarri ditu egunotan Gipuzkoara. Hotelen okupazioa %85ekoa izan da, eta Ostegun Santutik larunbatera egon da mugimendu gehien. Hondarribian "azken urteetako Aste Santurik onena" izan dute; 3.400 lagun baino gehiago igaro dira Arma plazako informazio bulegotik. Aisiarako eskaintzari dagokionez, Aquariumak azken hamar urteetako hasiera onena izan du: lehen bi egunetan 8.000 bisitaritik gora izan dituzte. Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan —irudian— %31,19 igo da bisita kopurua.