Sailkatugabeak

Herrietan, denok hezitzaile

Herri edo hiri solidario, libre eta justuagoak, munduari irekita daudenak dira herri edo hiri hezitzaileak; halaber, ezberdintasunen gainetik, elkarbizitza hobesten duten gizarteak eraikitzeko egitasmoak ere badira. Esparru irekiagoan kokatutako ikaskuntza komunitateak dira; herria bera hartzen dute ikaskuntzarako espazio, eta hezkuntza dimentsioak ematen dio zentzua komunitatearen bilakaera eta garapenari. Gipuzkoan badira horietako hainbat; Donostia, Zarautz eta Ordizia, kasu.

Mugimendu berria da hiri hezitzaileena. Edonola ere, 1970eko hamarkadan jada agertu zen Unescok egindako txosten batean. Izaten ikasi goiburupean kaleratu zuen argitalpenean, hezkuntzarako hiria kontzeptuak heziketaren eginkizuna zabaltzearen beharra nabarmendu zuen.

"Eskolaz harago, denok gara hezitzaile". Hala dio Joxe Garmendiak, EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko irakasleak. "Udala ere hezitzailea da, eta, konturatu gabe, lan asko egiten ari da. Ohartu gabe askotan. Udaltzaina ere hezitzailea izan daiteke, eta kontu hartzailea ere bai".

Filosofia eta Heziketa Zientzietan lizentziatua, hiri hezitzaileen egitasmoak ikertzen ditu. Duela zortzi urte ekin zioten, orri zuri baten gainean, Ordiziarako heziketa egitasmoa lantzeari. Herritarrak eta erakundeak elkarlanean jarri dituen proiektua diseinatu zuten orduan. EHUko irakasleen babesean, lehen lan ildoak zehaztu zituzten. Hiri hezitzaileen eredu teorikoaz aritu ondoren, eragileekin herriko diagnostikoa egin eta lehen oinarriak finkatu zituzten. Lau izan ziren helburu nagusiak: elkarte eta eragileen arteko harremana hobetzea, lankidetza eta trukaketa indartzea, ekintza batzuk elkarrekin antolatzea, eta ekintza horien zeharlerrotasuna lantzea. Hainbat urteko ibilbidearen ondoren, sustraiak bota eta oinarri sendoak ditu egitasmoak.

Egindako lanaren erakusgarri dira, esate baterako, 2013-2014 ikasturtean Ordizian egin zituzten 32 ekintzak. Belaunaldien arteko hartu-emana sustatzeko egitasmoak dira batzuk, euskara eta euskal kultura indartzekoak besteak, baina badira, halaber, emakumeak eta genero berdintasunaren ingurukoak, gazteak eta partaidetzari buruzkoak, eta gizarte inklusioa eta integrazioa lantzekoak.

"Ikuspegia da denok izatea pixka bat hezitzaile, bai erakundeak, eta baita eskola guneak nahiz herriko elkarte eta eragileak ere". Hortik abiatuta, Euskal Herrian lan asko egin dela dio, egiten ari dela, eta ikuspegi hezitzailea badagoela. Ordizian lanean hasi zirenean, galdera bat egin zioten beren buruei: "Ba ote dago Gipuzkoan besterik?". Eta baziren batzuk. Bakoitzak bere kontura lan egiten zuela ikusi zuten. Zenbait urteko ibilbidearen ondoren, ordea, hiri hezitzaileak saretzen dituen mugimendua badago. Bakoitzak bere nortasuna du, proiektu bakoitza ezberdina da. "Ez da erraza mataza hori osatzea. Baina bakoitzak egiten duen ekarpenarekin, bakoitzaren abiadurarekin, aleka-aleka denon artean aurrera egitea da kontua".

Batez ere aisialdiaren bueltan, Gipuzkoako hainbat herritako aisialdi elkarte nahiz ludoteka ere bide horretan ari dira. Horren haritik, Garmendiak HikHasi egitasmoak egindako lana aipatu du. "Ildo bat definitzen ari da, lan molde bat, bereziki aisialdiarekin lotutakoa".

Herri curriculumak

Udala, herri eragileak eta ikastetxeak osagarriak direla dio EHUko adituak. Ikuspegi horrekin, Gipuzkoan gero eta udal gehiagok ekin diote Herri Curriculuma diseinatzeari. Eskoletako curriculuma osatzeko, erakundeek eta tokiko eragileek abiatutako egitasmo hezitzaileak dira, hezkuntza formala eta ez formala uztartzen dituztenak. Ordizian, esate baterako, herriko historia jaso dute, nondik datozen jakinda nora joan nahi duten jakiteko. Argazki zaharren bilduma ere osatu dute garai bateko Ordizia ulertu ahal izateko.

Euskal curriculumaren itzalean, Orion ere historia, tradizioa eta nortasuna biltzen dituen proiektu pedagogikoa osatu dute. Orioko Curriculuma Sortzen taldea Gipuzkoako zenbait herritan egon da esperientzia elkarbanatzen, Oñatin edo Hernanin, esate baterako. Hala, Oñatiko Herri Curriculuma sortu dute, herriko ondarea ezagutu eta, belaunaldi berriei transmititzea helburu, bitarteko egokiak prestatu ahal izateko. Erroetara jotzea da gakoa, etorkizunera begira jartzeko.

Besteekin baina beti bera

. Ondoko herriekin elkarlanean aritzea beharrezkoa izan du Baliarrainek historian. Aurrena Tolosaren babesa bilatu zuen, eta 1615etik aurrera Amezketako Baturan eta Iruerrietan egon izan da. Gaur egun burujabe da berriz.Baliarrainen inguruko lehen er...

Eskolaz kanpo, hutsak betetzen

A hmed. 12 urte. Lehen Hezkuntzako seigarren maila. Matematikekin ari zaizkio laguntzen, eta euskaraz erantzun dio kazetariari. Aurten hasi da laguntza Hazi eta Ikasiko boluntarioekin eskolak jasotzen. "Orain arte anaia zaharrenak laguntzen zidan etxeko lanekin, baina orain ez dauka denborarik. Gurasoek ezin didate lagundu, ez dakite euskaraz". Jatorri arabiarreko hainbat ume daude Hazi eta Ikasiren Bidebietako eskoletan. Guztira 29 umeri ematen dizkiete eskolak Mendiola ikastetxearen geletan; horietatik 14 etorkinen seme-alabak dira, eta beste 15 bertakoak. Neskak 12 dira eta 17 mutilak. 22 irakasle boluntario daude.

Genesis. 8 urte. LHko bigarren maila. Ipuin bat irakurtzen ari da. Ikastolan euskaraz irakurtzen duela dio, baina gazteleraz erantzun dio kazetariari. "Gurasoek ezin didate lagundu, eta gustura etortzen naiz. Baina, batzuetan, haserre ere bai, gehiago gustatzen zait parkera joatea". Hazi eta Ikasik 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutilak hartzen ditu, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila bitartekoak. Amara, Atotxa eta Bidebieta auzoetan (Donostia) hartzen dituzte umeak, eta 120 ume inguru ari dira beraiekin guztira. Boluntarioak, berriz, 100 inguru dira. Astean bitan ematen dituzte eskolak, ordu eta erdi egun bakoitzean. Boluntario batzuk bi egunetan joaten dira, beste batzuk, berriz, egun bakarra egiten dute.

Valeria. 11 urte. LH 6. Gurasoak ukrainiarrak dira; bera hemen jaiotakoa da. Eskolan emaitza onak lortzen ditu, baina gurasoek ezin diote lagundu etxeko lanekin. "Hemen egiten ditut lanak, eta etxera itzultzean dena eginda izaten dut". Hainbat ume eskolara etxeko lanak egin gabe joaten zirela eta ikastetxean ezarritako erritmoa ezin zutela jarraitu ikusita, 2008-2009 ikasturtean jarri zuten martxan Hazi eta Ikasi, ume horiei laguntzeko. Luz Olmedo (Cuenca, 1949) da sortzaileetako bat, eta egun Bidebietako eskolen arduraduna da. "Gutako asko irakaskuntza mundutik etorritakoak gara. Argi ikusten genuen bazirela umeak etxeko lanak egin gabe etortzen zirenak, egun bat bai eta bestea ere bai. Etxean ezin zieten jarraipen egokia egin. Eta, noski, eskola partikularrak ere ez ziren irtenbidea: egoera ekonomikoagatik, txikiegiak zirelako umeak...".

Diana. 8 urte. LH 2. Aitarentzat marrazki bat egiten ari dela azaldu du, euskaraz. Ikastolan zer gustatzen zaion galdetuta, "ezer ez" erantzun du, lasai-lasai. Ikasleak ikastetxeetatik —publikoak zein kontzertatuak— bideratzen dituzte Hazi eta Ikasira. "Ikastetxeekin harremanetan jartzen gara, eta maila bakoitzean zenbat ume har ditzakegun esaten diegu. Ikastetxeek badakite zein ikasle mota bidali guri, etxean jarraipen egokia jaso ezin duten umeak dira, arrazoia edozein dela ere", azaldu du Olmedok. Hala, ikastetxeak erabakitzen du nork behar duen eskolaz kanpoko laguntza, eta zentroak jartzen ditu kontaktuan gurasoak Hazi eta Ikasirekin. "Inoiz etorri zaigu amaren bat bere umea hartzeko eskatzera; baina, hori ezin dugu egin, zentroak erabaki behar du nor etortzen den guregana". Ikastetxeak fitxa bat betetzen du umeak laguntza zein arlotan behar duen zehazteko.

Bi ume, irakasle bat

Ismael Bustos, 6 urte; bere aita Andreirekin joaten da. Txikienetako bat da. Kolorezko erregeletak erabiltzen ari da, zenbakiak ikasi eta batuketak egiten trebatzeko. "Gustura etortzen naiz, gauza asko ikasi ditut hemen. Gauza zailak ere bai. Orain dena dakit". Ismael eta beste ume bat lan bera egiten ari dira, andereño batekin. Mutikoak asko hobetu duela dio irakasleak. "Normalki, irakasle bat bi umerekin egoten da, edo bakarrarekin. Ratio ona da, eta jarraipena, oso pertsonalizatua. Inoiz, boluntarioren bat falta bada, irakasle batek hiru ume izan ditzake, edo lau, baina normalean bi dira", azaldu du Olmedok. Txikienekin bakarkako tratu hori oso garrantzitsua dela uste du Olmedok. "Txikienak irakurtzen eta idazten ikasten ari dira, eta oso lan nekaza da. Ume batzuek berehala harrapatzen dute, baina beste batzuekin... Lehen unetik ez bazaude gainean, galdu egiten dira, eta gainditzen oso zaila den atzerapen bat hartzen dute. Badakigu gure ekarpena ez dela oso handia, baina gure umeekin prebentzio lana egiten dugu".

Omar. 13 urte. Marokon jaioa. B ereduan dabil, eta, boluntarioek euskaraz hitz egiteko gai dela esaten dioten arren, berak gazteleraz egiten du. "Ez, nik ez dakit euskaraz", erantzun du. 3 urte zituela etorri zen Euskal Herrira. Ikasturte hasieratik ari da eskolak jasotzen. Olmedok dioenez, azken urte honetan jauzi handia egin dute irakasle boluntarioekin: "Gaur egun, euskararen kontua konponduta daukagu. Lehen arazo gehiago genituen. Gutako batzuk gai ginen euskaraz egiteko, baina beste batzuk ez. Orain, jende berria ari zaigu iristen, eta gero eta gehiago euskaldunak dira. Euskaraz ez dakitenek, halere, galdetu egiten dute, eta kito; izan ere, hemen ez ditugu gauza konplexuegiak ematen". Boluntario batzuei, beraz, aspaldian ikasitako euskara freskatzeko aukera ematen die Hazi eta Ikasik. Gobernuz kanpoko erakundeak bideo bat egin zuen iaz (www.hazietaikasi.org), eta, zabaltzearekin batera, boluntario dezente heldu zaizkiela azaldu du Olmedok, pozik. "Laguntza guztia da ongietorria".

Asier. 7 urte. LH 2. Genesis du aldamenean, eta Mari Karmen andereñoa ari zaie lanak egiten laguntzen. "Matematikak ikasten ari naiz. Biderketak. Taulak oso zailak dira". Lantzen duten materiala ikastetxeetan lantzen duten bera dela nabarmendu du Olmedok. "Hala ere, guk gehien lantzen duguna etxeko lanena da. Etxeko lanak dauzkatenean, egiten ditugu. Ulertu ez dutena berriz azaltzen diegu, eta lanak egiten dituztela ziurtatzen dugu". Olmedoren iritziz, etxeko lanak beti egin gabe eramaten zituen umearentzat "gauza handia" da eskolara lanak eginda joatea. "Motibazioan asko irabazten dute. Irakasleak lanak nork egin dituen galdetu eta eskua altxatzea, 'nik eginda ditut' esatea, beraientzat inportantea da". Baina etxeko lanak ez dituztenerako materiala ere badu Hazik eta Ikasik. "Txikienekin, adibidez, Cuisenaireren erregeletak erabiltzen ditugu matematiketarako, eta idatzi eta irakurtzen ikasteko testuak ere prestatuta ditugu".

Alberto Ancin. 68 urte. Irakasle boluntarioa. Irakaskuntza munduan inoiz ibili gabea. Bost urte daramatza Hazi eta Ikasin. "Hazi eta Ikasi martxan jarri zutenetako batzuk lagunak nituen, eta haien bidez etorri nintzen". Valeriari ari zaio laguntzen. "Ahal dudan moduan laguntzen dut. Askotan galduta etortzen dira, eta ez dute lanerako gogorik izaten. Gure lana da euren gogoa piztea, motibatzea, baina ez hain modu akademikoan". Ancinentzat, "esperientzia polita" da umeekin lan egitea. "Nik ere asko ikasi dut".

Haurren sormena museoan

Haurrentzako tailer ugari antolatu ditu San Telmo museoak egunotarako. Apirilaren 7tik 11ra, Natura sortzen haurrentzako programa prestatu du Mendia eta Japoniar lorategi bat aldi baterako erakusketekin lotuta. Saio guztiak 6 eta 12 urte bitarteko hau...

“Ardoa kopan ikusten dena baino askoz gehiago da”

Ardo dastatzaile ona izateko ikasketak beharrezkoak badira ere, eguneroko esperientzia pertsonalak axola du egiaz, Daniel Cormanen ustez (Donostia, 1976). Ardo bat probatuta haren jatorriaren berri izatea, ekoizteko zein modu baliatu den argitzea, eta zein paisaiatatik datorren jakitea gustatzen zaio. Une bakoitzerako ardo bat dagoela esan ordez, edaten den uneak ardoa berezi egiten duela esaten du.

Noiztik eta zergatik zara ardo dastatzailea?

Galdera konplexua da hori. Uste dut nire bizitzan egon zela une bat ardo dastatzailea izatea erabaki nuena; izan ere, oso pertsona gutxi aritzen dira esklusiboki ardoa dastatzen. Niretzat neuretzat, lanaren ezinbesteko zati bat da ardoa dastatzea; jakin behar dut nola egiten den, eta nire lan guztia garatzeko oinarria da. Baina ezin naiz ardoa dastatzetik bizi. Gogoan dut 14-15 urterekin hasi nintzela ardoarekin zaletzen; asko gustatzen zitzaidan ardo ezberdinak probatzea eta aldizkari espezializatuak irakurtzea.

Gero eta gehiago lotu nintzen horretara, eta lagun batek eta biok ardo taberna bat zabaldu genuen Donostian, Larramendi kalean: Bar Alex. Ohartu nintzen ardoaren munduari denbora gehiago eskaini nahi niola; beraz, taberna utzi eta Logroñora (Espainia) joan nintzen Enologia eta Mahastizaintza ikasketak egitera. Urte bat geroago, Zabaleta kaleko Essencia ardo denda zabaldu genuen, eta, denbora asko ez dela, Iñaki Irizarrek eta biok Essencia Wine Bar & Store berria zabaldu dugu.

Eta zer egiten duzue bertan zehazki?

Ardoa da protagonista nagusia. Lokalak bi solairu ditu: kalearen pareko solairuan taberna dugu; hor, ehun bat ardo dasta daitezke kopan, eta 700 bat erreferentziako karta eskaintzen dugu. Sukaldea ere badugu, eta janari eskaintza xumea prestatzen dugu: produktu onak prestatzen ditugu, errespetuz eta maitasunez. Goiko solairuan, berriz, ardo denda bat dugu, dastatzeak eta ekitaldiak egiteko. Bi asteazkenez behin, ardo dastatzea egiten dugu, adibidez. Ardoaren munduko ekoizle eta pertsona garrantzitsuak etortzen dira dastatzeak gidatzera. Horrez gain, ardoarekin zerikusia duten ikastaroak eta jardunaldiak ere antolatzen ditugu.

Beraz, formazio handia eskatzen duen lanbide bat da.

Bai, baina ikasketez gain, egiazko formazioa egunez egunekoa da, esperientzia pertsonala. Jakin egin behar da asko dakiten pertsonen inguruan ibiltzen eta haien ezagutzetatik ikasten. Ardoaren inguruan asko irakurri, bidaiatu eta mahastiak bisitatu, mahastietan lan egiten dutenekin hitz egin; ferietara, lehiaketetara eta hitzaldietara joan; eta, noski, diru asko gastatu ardo asko probatu eta edaten. Horrez gain, niri asko laguntzen dit dastatze eta sommelier ikastaroak emateak ere, gaia oso eguneratuta edukitzea eskatzen didalako. Gainera, ardo dastatzea amaierarik gabeko zerbait da. Beste arlo batean, akaso, ia dena kontrolatzera hel daiteke bat; baina ardoari dagokionez, etengabe ikasten da, eta beti daude ez dakizkizun gauza gehiago, dakizkizunak baino. Oso apasionatua da.

Zer izan behar da kontuan ardoa dastatzean?

Teknikoki, ardoa dastatzeko hainbat modu daude; baina, nagusiki, ardoari begiratu eta koloreari, distirari eta intentsitateari erreparatu behar zaie. Ondoren, ardoa usaindu behar da, eta jasotako aromen bidez ardoaren alde onak, txarrak eta ezaugarriak deszifratzen jakin. Gero, ahora eraman behar da, eta zaporeak eragiten dituen sentipenak interpretatu behar dira. Modu profesionalean egiteko, ordu asko pasatu behar da mundu horretan.

Zu, adibidez, begiak estalita ardoren bat ezagutzeko gai izango zinateke?

Itsu-itsuan egindako dastatzea oso konplikatua da, baita aditurik handienentzat ere. Kopara ateratako ardo bat identifikatzeko, esperientzia handia behar da, baita milioika ardo probatuta edukitzea ere. Beharbada, errazagoa da ardoaren jatorria identifikatzea: zein mahats barietatetakoa den jakitea, edo zein urtetakoa. Hala eta guztiz ere, zehazki zein ardo den jakiteko, beste ardoetatik ezberdinduko lukeen izaera propio bat beharko luke, eta, noski, beharrezkoa izango litzateke aurrez dastatu izana.

Gustuko ardo bat esateko eskatuz gero, zer erantzungo zenuke?

Niretzat ezinezkoa da gustuko ardo jakin batez hitz egitea. Urteotan guztiotan, ardo asko edandakoan, pentsatu dut: "Hau da inoiz probatu dudan ardorik onena". Egia esan, edaten duzun uneak egiten du ardo bat zoragarri eta errepikaezin. Horrez gain, konpainia eta aldartea ere badira asko eragiten duten beste bi faktore.

Beraz, une bakoitzerako ardo bat dagoela uste duten horietakoa zara.

Zalantzarik gabe, baina esango nuke unea dela ardo bakoitza bakar egiten duena.

Errioxaz, Bordelez, Oportoz, Italiaz eta abarrez hitz egiten da. Baina nongoa da ardorik onena?

Nire ustez, hiru eremu daude munduan besteak baino hobeak iruditzen zaizkidanak, baina hau oso iritzi pertsonala da. Frantzian, Borgoinaz eta Champagne-Ardennesez hitz egingo nuke, eta Espainian, Jerezez. Uste dut eremu horietako lurrak, klimak, mahats barietateak, mahastizaintza metodoek eta ekoizpen tradizionalak aukera ematen dutela izaera handiko eta ezaugarri propioko ardoak ekoizteko. Askotan hunkitu naiz ardo horiek edanda. Hala ere, probatzen dituenaren sentipenak pizten dituzten horiek dira ardo onak; jatorriaz hitz egiten duten ardoak, paisaiaz, historiaz... Ardoa kopan ikusten dena baino askoz gehiago da.

Ardo onetik egunean baso bat edatea ona omen da bihotzarentzat.

Osasun azterketa askok frogatu dute ardoaren kontsumo egokiak osasunari onura eragiten diola. Bereziki, ardo beltzek polifenol asko dute, eta horiek funtzio antioxidatzailea dute: odol hantura eta koagulazio arriskua gutxitzen dute, eta kolesterol ona igo. Esango nuke frogatuta dagoela ardoa kontsumitzen dutenen artean heriotza eta bihotz gaixotasun tasa txikiagoa dagoela. Nik jende guztia animatuko nuke ardoaren mundua apur bat ezagutzera.

Prozesioak Seguran eta Hondarribian

Seguran hirurehun urte baino gehiago dituen ohiturari eutsi diote aurten ere. Aste Santuko prozesioak herriaren erdigunea hartu zuen atzo, eta halaxe egingo du gaur ere. 350 herritar inguruk parte hartuko dute.

Prozesioa 18:15ean hasiko da; aurretik, beste hainbat ekintza ere izango dira. Goizean, gurutze bidea egingo dute Santa Engrazitik Sorkundetar komentura, 08:00etan. Arratsalderako, berriz, Jaunaren nekaldiaren ospakizuna prestatu dute, 16:30ean, parrokian. Meza santua ere egingo dute asteburuan, Sorkundetar komentuan: bihar 21:30ean eta igandean 11:00etan.

Seguran ez ezik, Hondarribian ere jende ugari bildu ohi da Aste Santuko ospakizunen bueltan. 17:00etako elizkizunaren ondoren irtengo da prozesioa gaur kalera. Igandean, Jaungoiko Hartzaileen erortzea eta ttopara —topaketaren prozesioa— egingo dituzte parrokian, 10:00etan; eguerdirako, sokamuturra antolatu dute Kale Nagusian. Astelehenean jarduera ugari egongo dira egun osoan: elikadura azoka, toka txapelketa, bertsolariak, haur jokoak, herri kirolak...

Prozesioak

Seguran, gaur, 18:15ean; eta Hondarribian, gaur, 17:00etatik aurrera.

%86,1

txipdun edukiontzien aldekoak debanParte hartze prozesu baten ondoren, galdeketa egin du Debako Udalak hondakinak biltzeko sistema aukeratzeko. Parte hartzea %54,5 izan da, eta gehiengoak txartel txipdun edukiontzi sistemaren alde egin du (%86,1). Uda...

Jolas egiteko proposamena, hitzen bitartez

Antzerkia, koplak, bertsoak eta txontxongiloak uztartzen ditu Hiru, bi, zast...egizu jolas haur eta gazteentzako ikuskizunak. Saioan, zertan jolastu ezin asmatu ibiliko dira Ander, Ximon eta Lide. Halako batean, bat-batean, jenio bat irtengo zaie, et...

Etxeko lanekin ezin lagundu, euskaraz direlako

Andrei Bustosek —kolonbiarra, 32 urte— semea eramaten du Hazi eta Ikasira. Bidebietako Mendiola ikastetxera joaten da Ismael astean bitan, eta aita pozarren dago han jasotzen duen laguntzarekin. "Semea ez zen bere gelakoen mailara iristen. Eta animoa apalduta zebilen. Ikaskideen mailara iristen ez zela ikusten zuen, eta batzuetan ez zuen eskolara joan nahi. Besteak gai ziren irakurtzeko, idazteko, batuketak eta kenketak egiteko, eta bera ez. Horrek lur jota zeukan".

Ikasturte honetan hasi da Ismael laguntza eskolak jasotzen, eta aldaketa handia nabaritu dute gurasoek. Ikastetxean eman zieten Hazi eta Ikasiren berri, eta semea haiengana eramatea proposatu zieten. "Bi hilabeteren buruan, aldaketa handia egin zuela esaten etorri zitzaigun irakaslea. Guk ere ikusten dugu; gusturago dago eta pozik joaten da eskolara. Etxean ere lanak jartzeko eskatzen dit".

Hizkuntza du arazo nagusi Bustosek. Semeak D ereduan ikasten du, "dena euskaraz", eta berak ezin dio ia ezertan lagundu. Hazi eta Ikasik laguntzen dituen ume gehienen arazoa da hori. Jaione Jimenezi ere gauza bera gertatzen zaio. "Ni hemengoa naiz, baina beti gazteleraz ikasi dut. Orain, ezin diot semeari eskolako lanak egiten lagundu". Bi urte daramatza Jimenezen semeak Hazi eta Ikasiko irakasle boluntarioen eskolak jasotzen.

Irakurtzeko eta irakurtzen duena ulertzeko ditu arazoak Jimenezen semeak. "Nik esaten diot buruketak itzultzeko, baina, noski, berak ez du irakurritakoa ulertzen, eta ezin du itzuli. Nahita ere, ezin diot lagundu".

Bustos eta Jimenez "oso gustura" daude Hazi eta Ikasik eskaintzen dien laguntzarekin. Umeei eskolako martxa eramaten laguntzen diete, eta etxeko lanak eginda itzultzen dira etxera. "Laguntza izugarria da", dio Jimenezek, "horrelako eskola gehiago egon beharko lirateke". "Ikastetxe guztietan egon beharko lirateke laguntza eta sostengu eskolak, inork ez dezan martxa galdu", gehitu du Bustosek.

Semeei ezin laguntzeak pena ematen die guraso biei. Halere, ezinbesteko ikusten dute umeek euskaraz ikastea eta euskaraz egitea, eta ez dira kexu. Alderantziz. "Noski, euskaraz ikasi behar dute. Nik nire umeek euskaraz egin dezaten nahi dut. Gaur egun euskara ezinbestekoa da, gero eta gehiago eskatzen dute, toki guztietan", esan du Jimenezek.

“Lerroko lehia ikusgarria da”

Arraun Elkartea sortu zeneko 50. urteurrena ospatzen ari da Orio. Ospakizun ekitaldien barruan, biharko, aulki mugikorreko Orioko XVI. Nazioarteko Estropadak antolatu dituzte. Egun guztirako jarduerak antolatu dituzte. Estropadan parte hartuko duten taldeen aurkezpena 11:00etan izango da, eta 16:15ean hasiko da kirol ekitaldia Oria ibaian. 700 metroko ibilbidea dute lerroan, Arraunetxetik Orioko plaza bitarteraino. Gizonezkoak zortzikoan ariko dira eta emakumezkoak laukoan.

Orioko aulki mugikorreko seniorretako gizonezkoen entrenatzailea da, 2012tik, Miguel Angel Millares (Ribadeo, Lugo, Galizia, 1980). Arraunlaria ere bada, bai mugikorrean, eta baita finkoan ere. 2003an iritsi zen Oriora arraun egitera, eta 2006tik bertan bizi da.

Orioko nazioarteko estropada jokatzeko gogoarekin al dago taldea?

Bai, oso gogotsu eta estropada eguna etortzeko zain. Aurten, estropada asko geratu dira bertan behera eguraldi txarragatik, eta lehiatzeko gogoarekin gaude. Bi txapelketa bakarrik jokatu ditugu aurten, eta gainontzeko ia guztiak ez dira egin eguraldiagatik. Horregatik, Orioko Nazioarteko Estropadara gutxi lehiatuta gatoz. Baina, beno, gu egunero ari gara ondo entrenatzen, eta estropadarako egin dugu lana bereziki. Orain, apirilaren 4ko [biharko] Orioko Nazioarteko Estropada dugu helburu bakarra.

Caminhense, Molesey, Cambridge, Bordele, Banyoles, Amposta, Tui-Miño, Labradores, Nautico de Sevilla, Aviron Baiona eta Santiagotarrak taldeak izango dituzue estropadako aurkariak.

Cambridge eta Molesey Ingalaterrako taldeak dira, eta horietatik arriskutsuena Molesey dela esango nuke, nolako mailarekin datozen ikusita. Gero, Labradores eta Nautico de Sevilla ere aurkari gogorrak izango dira; Labradores azken lau urteetako Espainiako txapelduna da. Baina, hala ere, lan pixka bat ematen saiatuko gara, eta baita irabazten ere. Irabaztea beti da ederra, baina etxean irabaztea are ederragoa da.

Irabazteko aukera bai, orduan?

Bai, bai. Talde guztiek izango dugu irabazteko aukera, 700 metroko estropada bat da eta. Hau da, hiru minutu baino gutxiagoan jokatuko den estropada bat izango da, eta elkarren artean egongo den aldea gutxienekoa izango da. Aldea, askotan, azken metroetan erabakitzen da, eta askotan photofinish-ean ikusi behar izaten da. Denok izango dugu irabazteko aukera, eta detaile txikien arabera erabakiko da estropada: gehiago den talde batek ontzia zuzentzeko orduan akats txikiren bat egin, eta horrek estropadaren bukaeran eragin dezake. Orioko taldea irabazteko ahalegin guztiak egiteko prest dago.

Seniorretako taldea nola dago osatuta?

Talde nahasia da. Alde batetik, Imanol Garmendia eta Ander Zabala daude, iazko 23 urtez azpiko munduko txapeldunak, eta baita Jon Carazo ere; 25 urte ditu eta absolutua da. Hirurak Espainiako aulki mugikorreko taldearekin ari dira lanean egun. Gero, gainerako taldekideok egunero Orion entrenatzen dugu: 20-22 urte arteko 3-4, eta beste bi beteranoak garenak. Beraz, denetik dago taldean: Espainiako selekzioarekin lanean ari direnak eta klubean bertan ari garenak eguneroko lanean gogoz.

Urte batzuetan jokatu gabe egon ondoren, aurten berreskuratu egin da Orioko Nazioarteko Estropada.

Hala da, estropada hau egingo zela esan zigutenetik, oso gustura gaude taldekook. Orion, etxean, oso gustukoa den estropada da, Oria ibaian, herri barruan egiten da. 2009tik ez da egin, eta orain berreskuratzea ederra da. Nik orain dela hamar urte hartu nuen parte Orioko nazioarteko estropadan. Arraunlari gisa jarduteko ederra da, eta ikuslearentzako ikusgarria da lerroko lehia. Aurten telebistak emango du eta pantaila handi bat ere muntatuko dute. Egun eder bat izango delakoan gaude.

Estropada honek aulki mugikorra bultzatzeko balioko al du?

Hala nahi dugu izatea. Batik bat hemen, Gipuzkoan, aulki mugikorra bultzatzeko eta ezagutarazteko balioko du, jendeak ikus dezan zortziko estropada bat zeinen ikusgarria den. Jendeak ikusi behar du arraunaren mundua ez direla bakarrik Kontxa eta TKE liga; arraunean badaude beste modalitate batzuk ere kontutan hartzeko modukoak.

Orion bertan nola dago aulki mugikorra?

Nahiko apal dago gaur egun: Orio Arraun Elkartean aulki mugikorrean lanean 8-9 pertsona gabiltza, eta finkoan 34-35 pertsona. Hor ikusten da garbi zein nabarmentzen den gehiago. Euskal Herrian finkoak du garrantzi gehiago, eta aulki mugikorra bigarren plano batean gelditzen da. Espainia hegoaldean, berriz, alderantziz da, han aulki mugikorrak indar gehiago du. Garai batean, Orio aulki mugikorrean erreferentzia zen, mugitzen zuen jende kopurua kontutan hartuta, baina, klubera etorri nintzenean, ohartu nintzen TKE, KAE zirela garrantzitsuenak. Baina, beno, azken urteotan egiten ari garen lanarekin emaitza politak lortzen ari gara, eta horregatik pozik nago.

Orio Arraun Elkartea sortu zeneko 50. urteurren honetan, aulki mugikorrari ere garrantzia ematen ari zaio, ezta?

Elkartea beti nabarmendu da aulki mugikorragatik. Gaur egun, haurrekin eta harrobiarekin lan oso ona eta txukuna egiten da, fitxa asko ditu klubak eta jende asko dabil arraunean. Niri gustatuko litzaidake haur horiek seniorretara iristen direnean aulki mugikorrean ere segi dezatela. Mugikorra eta finkoa biak batera egin daitezke, garai batean halaxe egiten zen. Gauzak ondo eginda eta ondo antolatuta biak uztartu daitezke, eta bai batean zein bestean emaitza onak eduki.

Nolatan hasi zinen Orioko zortziko aulki mugikorreko taldea entrenatzen?

2011ko denboraldia bukatuta zegoen, eta Orio Arraun Elkarteko zuzendaritza berritu zen. Zuzendaritza talde berriak aulki mugikorreko entrenatzaile postua eskaini zidan, onartu egin nuen, eta gaur arte.

Aulki mugikorreko taldea hartu zenuenean, nahiko apal zegoen, ezta?

2012an hartu nuen nik seniorretako taldea. 2011n hala-hola ibili zen; orduan aulki mugikorra gainbeheran zegoen herrian. 2012an lagun batzuekin lanean hasi nintzen, eta 2013an mailan jauzi bat eman genuen gora. Iaz, berriz, kirol emaitza aldetik urterik onena izan genuen: distantzia luzeko eta lerroko Euskadiko Txapelketak irabazi genituen, eta Espainiako Txapelketan bigarren gelditu ginen zortzikoa lemazainarekin mailan. 2012tik mailaz maila gora egin dugula esan dezakegu, eta Oriok aulki mugikorrean izandako maila lortuta gaudela. Goi mailan aurrean dabiltzan taldeekin lehiatzeko mailan gaude, Nautico de Sevilla edota Labradores de Sevillaren kontra.