Sailkatugabeak

Lekuko izateko ahaldunduta

Korrikak 300 kilometro eta 30 herri baino gehiago eramango ditu Gipuzkoara iristerako. Atzo abiatu zen, Urepeletik (Nafarroa Beherea), eta bihar iritsiko da lurraldera: Berastegitik sartuko da, goizaldean, eta Mutrikutik aterako da astelehen iluntzearekin. Hiru egun, 500 kilometrotik gora, eta lelo bat: Euskahaldun! Leitza aldetik (Nafarroa) helduko da Korrika, eta sarrera berezia egingo du lurraldean. Hogei...

22.431

Iaz Gida baimeneko puntuak galdu zituztenakIaz izandako zirkulazio arau-hausteengatik 22.431 gipuzkoarrek galdu zituzten gida baimeneko puntuak; guztira, 67.000 puntu gutxiago. Dena den, datuak ez dira hain txarrak. Gipuzkoako Trafiko Agintaritzak jak...

Murugarrenen ahotsetik

"Ikusteko dago" Txuma Murugarrenek zer-nolako errepertorioa eramango duen Zarautzera. Hala iragartzen du Garoa liburu dendak, Paperezko Kontzertuak saioaren antolatzaileak: "Berarekin ezin da inoiz jakin Nick Caveren bertsioak joko ote dituen ala bere...

Zortzi mila pauso bizimodua iraultzeko

Aldaketaren adibide da Marzia. Herriko eskolan ikasi zuen, eta, Batxilergoaren ondoren, kanpora joan zen, unibertsitatera. Irakaskuntza egin zuen, eta, herrira bueltan, andereño aritu zen lanean. Eskolako zuzendaria da egun. 20-22 urterekin ezkondu zen, eta ama da. "Neska askok ikasi nahi izatea ekartzen ari dira halako kasuak, kanpora joan nahi izatea, familiek emakumeez duten pertzepzioa aldatzen hastea, eta hezkuntzaren balioaz zuten pentsamendua aldatzen hastea". Jose Manuel Ruiz Felix Baltistan fundazioko lehendakariak dioenez, "iraultza txiki bat" hasi da.

Pakistanen menpeko Kaxmirren ari da fundazioa duela hamar urtetik baino gehiagotik, Baltistan eskualdean, Hushe bailaran. 14.000 lagun bizi dira han. Askotariko proiektuak jarri dituzte martxan; oraingoan, ehun neskato eskolatzen eta bi hezitzaile trebatzen lagundu nahi dute. Mondragon Unibertsitatearekin batera, Erronka proiektua abiatu dute horretarako: Instagram sare sozialean unibertsitatearen irudia duten argazkiak jartzea proposatu dute, #erronkaprest traola erabiliz. Helburua 8.035 argazki lortzea da, Pakistango Gasherbrum II mendiak metrotan duen altuera, zehazki. Handik jaisten ari zela hil zen Felix Iñurrategi mendizalea, 2000. urtean, eta hari keinu egingo diote horrela.

Urratsez urrats egingo dute igoera. Zortzi herri daude Hushe bailaran, eta bakoitzak kanpamentu bat irudikatzen du; hegoaldetik iparraldera. Fundazioa eskola bana laguntzen ari da Saling, Matxulu, Thalis, Baley Gone, Marzi Gone, Khane, Kande eta Hushe herrietan. 1.000 argazki biltzen dituztenean, beheko kanpamentura iritsiko dira, eta unibertsitateak lehen hamabi bekak emango ditu; horrela, mila argazkitik behin, ekarpena egingo du unibertsitateak. Gailurrera iristean emango ditu azken hamasei bekak, eta baita hezitzaileak trebatzeko bi bekak ere.

Neskatoen eskolatzea "arazo oso handia" zela atzeman zuten duela zortzi bat urte. "Oro har, Pakistanen legalki zehazten da emakumeen eta gizonen arteko eskubide berdintasuna, baina ohituren, tradizioaren eta erlijioaren ondorioz, semeak bakarrik joaten dira eskolara". Ruizek dioenez, gainera, familiek ordaindu egin behar dute hezkuntzagatik, eta kostu handia dakar horrek, sei-zortzi seme-alaba dituzten familiak baitira.

Neskak eskolara ez joateak analfabetismo handia ekarri du: duela hamar urte, fundazio lanean hasi zenean, emakumeen artean analfabetismo indizea %80 ingurukoa zen. "Inork ez zuen ikasten". 5 urterekin, neskatoak anai-arreba txikiak zaintzeaz arduratzen ziren: kalera joaten ziren haiekin, ibaira, baratzera... Etxeko animalia txikiak ere zaintzen zituzten. Urte batzuetara, amarekin lan egitera joaten hasten ziren: mendira, ereitera, negurako egurra biltzera... "Normalean, 13 urterekin edo, hilekoa izan eta gutxira, ezkondu egiten zituzten".

Aldaketa nabaria da. "Iaz, esaterako, babesten ari garen zortzi eskoletan neska gehiago zeuden mutilak baino; erabat ezohikoa da hori". Eskolatzea ez ezik, ikasten jarrai dezaten ere lortu nahi du fundazioak; lehen hezkuntzatik bigarrenera igarotzea, eta gutxienez unibertsitateko lehen mailako ikasketak egitea. "Familiak eurak balioen eskala aldatzen hasi dira emakumeen rolaren gainean, ez bakarrik etxean, baita kanpoan ere. Neska bat 20-22 urterekin itzultzen da etxera, ikasketak eginda, eta irakasle gisa lanean hasten da. Familiarentzat oso soldata garrantzitsua du, emakumea diru iturri izaten hasten da, eta etxean esaten diote ez arduratzeko etxeko beste ezerez".

Eskoletan ez dute urik, ez argirik. Askotan ezta mahai eta aulkirik ere. Bi eskoletan komunak egin ditu fundazioak, eta gainerako seietan egiteko asmoa ere badu. Eskola kanpoan egingo dituzte. "Oso sartuta daukate emakumeekiko errespetua, eta, ikasleen artean, 10-12 urte dituztenean, arazoak hasten dira". Ruizek dioenez, orain eginbeharrak landan egiten dituzte, eskolatik gertu, eta arazoa izaten da haur batzuk, mutilak gehienetan, neskei begiratzera joaten direla, edo ukitzen saiatzen direla. "Hori izaten da neskak eskolatik ateratzeko arrazoietako bat". Hori saihesteko, komunak aparte egiten ari dira, bata bestetik 50 metrora, neskenak eta mutilenak bereizita.

Eskolak laguntzeaz gain, eredu pedagogikoa aldatzen ere ahalegintzen ari dira, Montessori metodoan oinarrituta. Emaitzak lortu eta gazteek ikasketak ez uztea lortu nahi dute. Metodo hori Maria Montessori italiarrak garatu zuen, XIX. mende bukaeran; haurraren garapena du ardatz.

Hizkuntzari dagokionez, baltiera da haiena. "80.000 baltiar inguru dira, 170 milioiko herrialde batean". Inork ez daki baltieraz idazten. Gizonezkoek urdua ere ikasi dute, ingurukoekin komunikatu ahal izateko —batzuek idazten ere bai—. Emakumeek, ordea, ez dakite hitz egiten, ezta idazten ere. Ingelesa ere gizonen artean entzunagoa da. "Haran guztian ingelesez zerbait dakiten emakumeak bi eskuetako behatzekin zenba ditzakegu". Gizonek, berriz, udan garraiolari edo gida gisa lan egiten dute Karakorumera doazen espedizioetan. Atzerritik datorren jendearekin izandako harremanagatik, badakite apur bat, elkarrizketa bat izateko moduan. "Gainera, ikusi dute gehiago jakinda aukera gehiago dituztela lan egiteko".

Inguru bakartua

Etxeak "oso oinarrizkoak" dira. Bi solairukoak normalean, egurrez eta lasto buztinez eginak. Beheko zatian animaliak izaten dituzte, neguan bereziki. Goian, berriz, familia bizi da. "Familia kontzeptua ez da hemengoaren berdina. Han familia-klan kontzeptua dute. 30-40 lagun bizi daitezke etxe batean".

Kaleko azpiegiturei dagokienez, ez dute errepiderik; "zibilizazioa ez da iritsi". Haran estua da Hushe, eta pareta bertikalak ditu; 5.000-6.000 metroko mendiak inguruan. Mendiko bide bat badute, baina uneoro konpontzen aritu behar dute, luiziak eta abar daudelako. "Zailtasun handia da, inguru bakartua delako". Haran guztirako zentral elektriko txiki moduko bat dute, baina urte erdia baino gehiago argirik gabe egoten dira: "Lur-jausi bat badago, turbina apurtzen da, eta gobernuak hilabeteak ematen ditu konpondu arte, konpontzen badu. Gobernuak ez du han inbertitzeko inolako asmorik. Oso biztanle gutxi dira inguru oso malkartsuan".

Osasun arloan, hobera egin dute uraren kalitateari dagokionez. Orain, bailarako herri guztiek dute ur edangarria; duela hamar urte herrien erdiek ere ez zuten. Gaixotasun ugariren iturri zen, heriotzenak ere bai. Higienearen gainean ere lana egiten ari dira, gaixotasunak kutsatzea saihesteko: eskuak eta hortzak garbitzeaz kontzientziatzen dabiltza, esaterako.

Erditzeekin dituzte arazo nagusienak. "Hilkortasun tasa handia da erditzeetan". Batetik, ospitaletik urrun daudelako, eta, bestetik, erditu aurretik arazo txikiena dagoenean ez dutelako baliabiderik egon daitezkeen arazoak atzemateko. Gertuen dagoen erietxea bost ordura dago autoz. "Konturatzerako, auto bat hartu eta asko bidean hiltzen dira". Halakorik gerta ez dadin, osasun arloko bi gizarte langile hezten hasi dira, haurdunaldian egon daitezkeen arazoak garaiz detektatzeko forma daitezen.

Bakardadearen isla isila

Greziako Merlin Puppet txotxongilo konpainiak gizaki modernoaren bakardadea jorratu du Clown's houses lanean. Hitzik gabeko ikuskizuna da, eta eraikin bat, bost apartamentu eta sei pertsonaia dira protagonista. Bizitza miserablea daramate, eta ez diot...

Informatika zaleen topaketa

600 informatikari eta informatikazale elkartu ziren joan den asteburuan, Tolosan, IX. Gipuzkoa Encounter topaketan. Antolatzaileak gustura agertu ziren parte hartzearekin, eta nabarmendu zuten zerrenda ireki eta 41 segundoan osatu zutela parte hartzai...

Txindokiren altzoa nahiago

. Amezketak eta Tolosak harreman baketsua izan zuten 241 urtez, baina prozesu korapilatsu batean sartu ziren bi herriak, amezketarrei burujabe izateko grina piztu orduko.

Ameçeta, Amezcueta, Amezquetta, Amesquita nahiz Amezketa. Hamaika grafia eta forma erabili izan dira, mendeetan barrena, Txindokiren magaleko herri horri deitzeko. Eta, izen horien guztien etimologia edo jatorria zein den erabat ziurtatzerik ez den arren, argi dago herriaren ingurumari naturaleko ametz ugariek zerikusi zuzena dutela.

Gaur egun, 949 biztanleko herria da; antzina, ordea, ez zuen herri titulu hori izan, harik eta XI. eta XII. mendeen artean Amezketa bizileku egonkor izateko pausoak eman zituzten arte. Garai hartantxe hasi ziren erregeak hango eta hemengo komunitateei villa titulua ematen, baina, Alfontso X.ak ez zion Amezketari halakorik eman; hiribilduek interes ekonomiko, urbanistiko eta juridikoak beharrezko zituzten. Horrela, Amezketak ez bezala, Tolosak eta Segurak urte hartan eskuratu zuten hiribildu izateko eskubidea; besteak beste, erregeak kokaleku estrategikotzat hartu zituelako.

Izenak izen eta tituluak titulu, 1353. urtekoa da Amezketari buruzko lehen aipamena, egungo Jauregi Handin bizi ziren nobleen harira. Izan ere, hiribildu tituluak eskaintzen aritu ondoren, estrategia aldatu zuten bai Nafarroak eta bai Gaztelak, eta, beraz, ezinbestekotzat jo zuten Gipuzkoaren jabe egitea, Europari hain lotua baitzegoen. Gipuzkoa, ordea, Gaztelako zati zen 1200. urteaz geroztik; Nafarroako erregea adiskide gipuzkoarren bila hasi zen, horrela. Egia esan, arrakasta handirik ez zuen lortu, eta Lazkao, Berastegi eta Amezketako hiru familia indartsuren babesa besterik ez zuen jaso; hortik dator Jauregi Handikoen aipu historikoa.

Tolosari lotua, baina aske

1353ko lehen aipu hartatik urte gutxira, 1374an, Tolosaren babesa izateko hitzarmena sinatu zuen Amezketak. 1374 eta 1392 artean beste 24 herrik ere prozesu bera egin zuten, baina, Amezketaren kasua berezi samarra izan zen, borondatez uztartu baitzen hiribilduarekin; Amezketak ez zuen segurtasuna eta agintaritza eskain ziezaiokeen Tolosak.

Horrela, Tolosaren menpe egonagatik, amezketarrek eskumena zuten lurren jabetzaz eta eguneroko bizitzako arazoez erabakiak beren gisara hartzeko; horrek bi herrien arteko harreman baketsu bati bide eman zion. Bien arteko distantzia zela medio, ez zuten liskarrik izan, esaterako, mugarriekin, eta, era berean, Amezketako zirkulazioa oso eskasa zenez, ez zuten zergarik kobratzen bertako lurretatik pasatzearen truke.

Bi herrien arteko leialtasuna halakoa izanik ere, amezketarrei independente izateko grina piztu zitzaien, 241 urtez Tolosaren gerizpean bizi izan ondoren. Txindokipeko herrixka hazi egin zen demografikoki, batetik, eta XVI. mendeko egoera ekonomikoa ere suspertu egin zen, bestetik. Azkenik, monarkiak gain behera zeuden, eta, ondorioz, haien diru kutxak ere bai.

Azken arrazoi horri heldu, eta Amezketak eta beste zenbait herrik burujabetza aldarrikatzeari ekin zioten 1538. urtean, prozesu korapilatsu bat abiaraziz. 1602an, Valladolideko kantzelaritzara jo zuten beren asmoak azaltzera, eta 1607an jaso zuten ezezkoa. Zazpi urte geroago, ordea, Errege Zedula batek onartu egin zien eskaturiko eskubidea. Tolosak zedula hari aurka egin zion txosten bat idatziz, eta Hernando de Ribera Madrilgo lizentziatua eskualdera joan behar izan zen, afera epaitzera.

Azkenean, 1615eko urtarrilaren 26an, Amezketak eta beste bost herrik akordioa sinatu zuten Errege Ogasunarekin, Madrilen: herri izaera eskuratzearen truke, herritar bakoitzeko 25 dukat ordaindu beharko zituzten. Otsailaren 4an, horrela, Filipe III.aren eskutik jaso zuen Amezketak hiribildu titulua, Herri Noble eta Leialaren kategoriaz.

Garai hartan, eskubide osoko 303 bizilagun zituen herriak; etxe baten jabe zirenak edo zergak ordaintzen zituztenak, alegia. Beste 43, berriz, dudako herritarrak ziren, herrian bertan bizi baziren ere aurreko baldintzak ez zituztelako betetzen. Modu horretan, 7.575 dukat ordaindu behar izan zizkion Amezketak Errege Ogasunari; 2.651.250 marabedi, guztira. Herriko kutxetan hainbeste marabedi ez, eta herri lurrak saltzeko erabakia hartu zuten, burujabetzaren alde. Amezketarrek 1617ko apirilean sinatu zuten, azkenik, ordain karta.

Osinalde, “plaza ederra” bertsolarientzat

"Jendea adi egoten da, eta isil-isilik. Plaza ederra da Osinalde". Aratz Igartzabal gabiriarrak aukera izango du bere herriko Osinalde elkarteko sariketan kantatzeko. Aurretik, Aztiriako elkartean jokatuko du kanporaketa, hilaren 28an.Ilusio handia e...

Politika deserosoen beharra

Emakume izateak, hizkuntza gutxitu bateko hiztuna izateak bezala, toki batean kokatzen zaitu gizartean. Espazio batzuetara heltzen zara, eta beste batzuetara ez". Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria mintzo da. Korrikaren Euskahaldun! leloa kontu...