Sailkatugabeak

Herriz herri, Korrika

Badator Korrika! Korrika badator! Eta, Korrikaren hasiera hurbildu ahala, gero eta ekitaldi gehiago egiten dira herriz herri. Korrika Kulturalaren barruan, aurten zalantzarik ez dago: bertsoak, bertsolariek eta orotariko bertso saioek dute nagusitasuna.

Eta, bertsolaritzarekin lotuta, bat nabarmentzekotan, Bertsolaritzaren Sekretuak. Isilduriko emakumeen istorioa ikuskizuna, Villabonan asteazkenean eskainiko dutena. Narrazioz, bertsoz eta musikaz lagunduta, historiak sekretuan gorde dituen emakume bertsolarien lana argitara aterako dute, bai eta emakume haiek izan zituzten bizipenak ere. Emakume bertsolarien ikur izandako Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena —Xenpelar zenaren iloba— abiapuntu hartuta, haren aurretik eta ondoren izandako emakume bertsolarien lana eta ekarpena izango dira protagonista.

Urepelen Bilborako bidean lehen pausoak ematen hasi aurretik, hainbat aukera daude aste honetan gozamenerako:

Gaur

Larraul. Bertso Korrika, 19:00etan, Katillutxulo elkartean.

Arrasate. Bertso Korrika, 19:30ean, Jai Zale tabernan.

Tolosa. Bertso jale, 21:00etan, Lizardi elkartean.

Eibar. Bertso afaria, 21:00etan, Kultun.

Lasarte. Bertso Korrika, 22:30ean, Jalgi tabernan.

Bihar

Lasarte. Zu Gabe antzezlana, Anabel Arraiza eta Inazio Tolosa aktoreekin, 19:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean.

Asteazkenean

Villabona. Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historia ikuskizuna, 20:00etan, Subijana etxeko areto nagusian.

Zarautz. Gosariak, 22:00etan, Modelo aretoan.

Goenagatu bitez Senperrak (eta baita alderantziz ere)

(Hasi baino lehen. Badakit BERRIAren ildo editorialean kronika sozialak ez duela tokirik. Hau ez da kronika soziala, ordea, analisi politikoa baizik).

Bake prozesua abiatu zenetik aurrerapauso nabarmenena da Barbara Goenaga eta Borja Senperrek eman berri dutena. Ikusi besterik ez dago iraganean eroso asko egon eta su-etena errespetatzen ez duten frankotiratzaileen eraso gupidagabea jasan behar izan dutela. "Gurea" den norbait "fatxa pepero" batek nolatan limurtu ote duen galdetu dute gatazkaren nostalgikoek Twitterren. Baina zorionez prozesua ezin geldituzkoa eta atzera bueltarik gabekoa da.

Autoestimua herren samar dute ireki berria den aroan abagune historikoa antzeman ez dutenek. Izan ere, ziurtzat dute Goenaga azkar Senperizatuko dela. Aurreikusi gabe, inola ere, Senper Goenagatu daitekeen aukera. Russian Reden kontzertuetan besarkatuta imajinatzen dituzte biak, Anariren bat ere eror daitekeen itxaropenik gabe. Senper poesiarekin ausartu den honetan, Goenagak Harri eta herri oparitu diezaiokeen susmorik ez dute (edota Piedra y pueblo, besterik ez bada). Aitaren etxea defendatu bai, baina gatazkaren nostalgikoek ez dute sinesten bizilagunek beraiekin afaltzera etorri nahi dutenik.

Pertsona bat ezagutzea merezi ote duen ala ez jakiteko, ez dut ezagutzen "Berekin zapatuko poteoa egingo al nuke?" zalantzari erantzutea baino neurgailu fidagarriagorik. Eusko Barometroak nire froga bere galdeketetan txertatuko balu, begi-bistakoa da Borja Senperrek emaitza duin samarrak lortuko lituzkeela. Ez luke Antonio Basagoitik bezala ia %100 bat lortuko, ezta gutxiagorik ere, baina Iñigo Urkullu eta Markel Olanoren %0 biribiletik ere urrun legoke.

Nire gusturako —azaleko analisi politikoa da—, pijoegia dirudi Senperrek. Kaña eta kroketa pasa gustura partekatuko nuke berekin, eta toki eleganteren batean besaulki batean botata trago garestia hartu ere bai, baina gehienetan ez lidake deitu ere egingo ziur asko, zuloren batera technoa entzutera joatearekin matraka emango niokeelako. Goenagatzeak badu, izan ere, erakargarritasun agerikoa, baina Agirreketa ordea ez dago horren modan tamalez. Senper bera izango litzateke behin pare bat poteo eginda popatik hartzera bidaliko nindukeena (nik ere autoestimua pattal samar, bistan da).

Azken horrekin lotuta, gogoan dut Barbara Goenaga Gabonetan Donostiako udaletxe pareko karruselean haurrarekin paseatzen ikusi nuela. Neska metro batera edukitze hutsak belaunak paperezkoak balira bezala dardarka ipini zizkidan. Eta hotz egin zuen Gabonetan, baina ni izerdi batean lehertu nintzen.

Senper ni baino plazagizonago aritu dela egia enpirikoa da. Eta izan inbidia sanoagatik, izan morboagatik, bere poema bilduma eskatu berri dut, eta irakurtzeko irrikan nago. Guztiz Senperizatzen banaiz ere hementxe kontatuko dizuet, lasai; ez dut uste Abc-k fitxatuko nauenik.

Verne txikiaren abenturak

Julenek ez du ikasi nahi. Bat-batean, irakurri behar duen liburua bizirik dago, eta ezagutza eta abentura mundu batera bultzatuko du. Olagarro erraldoiei aurka egingo die, zulo beltzak zeharkatuko ditu, munduari bira emango dio globoan hegan eginez et...

Jazzaz gozatu, big band baten doinuaz

Usurbilgo XI. Soinurbil musika astearen erdigunean, jazz, swing, funk eta musika latinoarekin belarriak gozatu eta gorputza dantzatzeko aukera eskainiko du gaur Reunion Big Band taldeak. Europako hainbat tokitatik etorri eta Musikenen ikasitako hogei ...

Tipi-tapa, tipi-tapa… lanean

Abenduaren hasieran egin zuten Gipuzkoako eskualdeetako koordinatzaileek Korrika antolatzeko lehen bilera. Ordutik, hasieran lasaiago, eta, Urepeleko (Nafarroa Beherea) irteeraren eguna gerturatu ahala, gero eta lanpetuago eta urduriago, ez dute atsedenik izan. Donostiako AEKren egoitzan elkartu ditu Gipuzkoako Hitza-k koordinatzaileetako lau: Bidasoko Mattin Sorzabalbere, Lasarte-Oria eta Usurbilgo Nerea Arteaga, Hernani aldeko Aize Otaño eta Urola Garaiko Aitor Gordo.

Korrikako materialez beteta dago egoitza: petoak, pankartak, lekuko aldaketa markatzen duten kartelak... Eta jendea joan-etorrian. Astebete besterik ez baita falta egun handirako. Astebete besterik ez, Urepelen lekukoa eskuz esku aldatzen hasi eta 11 egunen buruan Bilbora iristeko.

"Hau eromena da" esanez sartu da Mattin Sorzabalbere (Irun, 1962) gelara. Zazpigarren Korrikarekin hasi zen antolaketa lanetan, 1991n, eta "pare bat kenduta" guztietan aritu da Bidasoko koordinatzaile moduan. Musikaria da Sorzabalbere, eta aurten Korrikako abestiarekin ere aritu da lanean. "Martxoan-edo hasi ginen, eta uda igaro arte aritu gara horretan. Beraz, pilak jarrita gabiltza aspalditik".

"Normalean, ibilbidea zehaztea izaten da lehen egitekoa. Ekainerako eskatu ziguten hori egiteko", azaldu du Nerea Arteagak (Lasarte-Oria, 1989). Korrikak zein ibilbide egingo duen, eskualdera nondik sartu eta nondik aterako den zehaztuta etortzen zaie jada. "Herri barruan nondik zehar ibiliko den erabakitzen dugu guk; auzo batzuk sartu eta besteak kanpo uztea gure erabakia da", azaldu du Arteagak. "Halere, guk Lasarte eta Usurbilen ezin dugu aldaketa handirik egin; ia beti bide bera egiten du Korrikak".

Eskualdeetako koordinatzaile guztiak ez daude egoera berean. Nerea Arteaga eta Aize Otaño (Donostia, 1988), esaterako, AEK-ko irakasle ere badira, eta ikasle taldeak dituzte. Hala, euskaltegiko beste irakasleak ere laguntzaile dituzte Korrika antolatzeko garaian. Aitor Gordok (Legazpi, 1986), ordea, ez du ez ikaslerik, ez eta irakasle laguntzailerik ere. "Legazpi, Urretxu eta Zumarraga koordinatzen ditut nik, eta horietan ez dago euskaltegirik; beraz, nahiko bakarrik lan egin behar dut". Sorzabalberek ez dauka ikasle talderik, eta Hondarribian ez, baina Irunen badago euskaltegia. Hala, Hondarribian zortzi bat laguneko herri batzordea du Korrika antolatzeko garaian laguntzaile, eta Irunen euskaltegiko irakasleek laguntzen dute.

Egunak, motz

Baina lana pilatu egiten da. Ibilbidea zehaztu, herri batzordeetarako deialdia egin, herriko eragileekin kultur ekitaldiak antolatu, Korrika Txikiak prestatu, Korrika igarotzen den egunerako jaia prestatu, ibilbidea taxutu... Hamaika egiteko, eta eguna, motz. "Egitaraua itxi, eragile batekin edo bestearekin bilera egin, kilometroak saldu... Eta, horrez gain, eskolak ditugu. Egunak 24 ordu ditu, eta batzuetan orduek ez dute ematen, eguneroko lanari ere erantzun egin behar baitzaio", azaldu du Arteagak.

Izan ere, AEKrentzat lan handia da Korrika antolatzea, baina bitarte horretan eskolak ematen jarraitzen dute, helduak euskalduntzen. "Eta, lehen, ikasleek inplikazio handiagoa zuten, gehiago parte hartzen zuten antolaketan. Garai batean ikasleek beste profil bat zuten, egoera ere bestelakoa zen, eta oso ondo zekiten zer zen Korrika; gaur egun, ikasle askok ez dakite. Ez da erraza garai bateko inplikazioa lortzea", nabarmendu du Sorzabalberek. Gipuzkoaz ari dela azpimarratu du, ordea. Izan ere, Nafarroan eta Iparraldean, ez AEKren egoera eta ez ikasleen konpromisoa ez da berdina, eta, ondorioz, Korrikaren antolaketa bera ere ez.

Kilometroen banaketa

Kilometroak banatu eta saltzea ere koordinatzaileen egitekoen artean sartzen da. "Nik duela bi urteko zerrenda hartu dut, eta horiengana jo dut. Taldeetako bat desagertu da, eta beste batzuek erdibana erosi dute kilometroa. Beraz, orain hutsuneak betetzeko eragileak bilatu behar ditut", azaldu du Otañok, "eta ez da beti erraza, kilometroak 425 euro balio baitu, eta askotan jendeak ezin du diru hori bildu. Orduan, kilometroa bi edo hiruren artean erosten dute".

Sorzabalberek dioenez, eskualde bakoitzak lan egiteko modu bat du, baina gehienetan aurreko Korrikako zerrenda izaten da abiapuntua. Legazpi, Urretxu eta Zumarragan 16 kilometroko ibilbidea taxutu behar izan du Gordok. "Ibilbidea 28 zatitan banatu nuen, 28 eragile lortzeko helburuarekin; baina, azkenean, 23-24 lotu ditut. Ikusi dudana da jendea eta eragileak fidelak direla, eta aurreko edizioan erosi zuenak aurten ere erosi duela".

Gordok eragile berri bat lortu du bere eskualdeko ibilbidea osatzeko; Otañok oraindik zerrenda guztiz itxi gabe dauka; eta Arteagak Lasarte itxita eta Usurbil ia itxita dauzka. Sorzabalbere da salbuespena. "Nik berri pila bat lortu ditut. Martxoaren 21a arrazismoaren kontrako nazioarteko eguna denez, Hamaika Kolore taldekoak etorri zitzaizkidan, eta, haien bidez, Jaurlaritza ere sartu da tartean, eta Jaurlaritzaren hainbat kilometro kudeatu ditut. Bestalde, lasterketa egunez pasatuko denez, aprobetxatu dut ikastetxeetara joateko, eta hor ere sartu zaizkik eragile berriak".

Izan ere, ez da gauza bera Korrika egunez edo gauez pasatzea, edo astegunean edo asteburuan pasatzea. Aurten, hiru egun egingo ditu Korrikak Gipuzkoan: martxoaren 21, 22 eta 23a. Asteburuan egingo du lurraldeko ibilbide osoa, eta, gainera, zubia da. "Nik hasieran pentsatzen nuen hobea zela zubia izatea, baina azkenean ikusi dut ezetz; jende askok esan digu kanpora joango dela", azaldu du Arteagak. Otañok ere ez du abantailatzat ikusten Korrikak zubiarekin bat egitea. "Jendea kale egiten ari da".

Baina aurkiak beti du ifrentzua, eta Sorzabalberek egoerari beste ikuspegi batetik begiratu dio. "Agian ez da kalterako. Nik uste dut, jai izanda, Gipuzkoatik jende asko joango dela Urepelera, eta hori ona da. Korrika lau egunetan ibiliko da Iparraldean, eta jendea hara joatea oso ona da".

Denen gustura ezin

Kilometroak saldu eta eragileen zerrenda osatu ostean, ibilbidea banatu behar da. Kilometroak ez dira beti kilometrora iristen. "Gehienetan metroak izaten dira", azaldu du Otañok. Eta kilometro guztiak ez dira berdinak. Sorzabalbereren arabera, batzuetan tokiak "zozketa bidez" erabakitzen dira; "baina beti ezin da horrela egin, segurtasuna ere zaindu behar da... Gauza asko hartu behar dira kontuan".

"Gu aurten erotu egin gara", aitortu du Arteagak: "Lekukoa Errekalden hartzen dugu guk, eta, zati batzuk autobidetik egiten direnez, hor ezin dituzu jarri ikastetxeak, ez baitira leku egokia umeekin egiteko; udalari ere herri barruko kilometro bat ematen zaio... Eta hor beti gelditzen dira elkarte batzuk kanpoaldeko kilometroak egiten dituztenak, eta beste batzuk pribilegiatuagoak-edo". Noski, denek nahi dituzte herri barrukoak. "Gu saiatu gara aurreko urtekoa begiratu eta, ahal zela, hori orekatzen. Ikusiko dugu nola ateratzen den, ea jendea gustura gelditzen den".

Tokiaz gain, kilometro horiek nola egiten diren ere izaten da kezka eta kexa iturri. "Guri azken urteetan beti tokatu zaigu Korrika berandu iristea gurera, eta eskualdetik garaiz ateratzea. Baina, noski, horrek zer esan nahi du? Abiadura bizian igaro dela. Eta halakoetan jendea kexatzen da". Korrika gauez igarotzen denean gertatzen da hori, eta baita hiriburutik zuzenean etortzen denean ere. Herri txikietan, galdutako denbora hori berreskuratu behar izaten da, eta Korrika korrikago egin.

Ibilbidean gerta daitezkeen gorabeherak ere kezka iturri izaten dira antolatzaileentzat. Hamaika ditu buruan Sorzabalberek. "Zaborrak biltzeko kamioi bat ibilbide erdian gelditu zitzaigun behin, nahita. Eta, noski, Korrika ezin da gelditu. Korrikalariak pasatu ziren albo batetik, baina furgonetak ezin zuen pasatu. Tentsioa handia izaten da; zure ardurapean dagoen zatia igarotzen den arte ez zara lasaitzen".

Koordinatzaileak ados daude horretan. "Guk ez dugu gozatzen Korrika besteek egiten duten bezala. Polita izaten da, jendea ikusten duzu parte hartzen eta animatzen, kaleak beteta eta jai giroa, eta pentsatzen duzu egindako lanak merezi izan duela. Baina nik ez dut korrika egingo Lasarten. Arratian erosi dugu kilometroa barnetegi ibiltaritik, eta hara joango naiz lasai korrika egitera. Eta, noski, Bilbora ere bai", azaldu du Arteagak.

Sorzabalberek ere beste tokietan gozatzen du Korrikaz. "Gure eskualdean dagoenean, tentsio handia izaten da. Badaude momentu onak, baina guk beste era batera bizi dugu, kezkarekin, urduritasunarekin. Batzuetan, eskualdeko azken metroak egiten ditugu, furgonetatik jaitsi eta Korrikari agur esanez. Orduan egiten duzu 'uf', eta lasaitzen zara. Gozatzera beste toki batzuetara joaten gara".

Aldarrikapena eta dirua

Gordok lehen aldiz egin du aurten Korrikaren koordinatzaile lana, eta argi dauka Korrikak zein esanahi duen berarentzat. "Niretzat, batik bat, aldarrikapena da. Euskal Herri euskaldun baten aldeko apustua egin dugu, eta hori aldarrikatzen dugu". Sorzabalberen aburuz, "jai handi bat" da Korrika, "jai erraldoi bat, euskararen inguruan egiten den jai erraldoiena". Baina ezin ahaztu Korrikak dituen beste helburuak. "Guztiok ezagutzen dugu zein den Korrikaren helburua. Ez dakigu noiz arte jarraitu beharko dugun funtzio sozial horren aldeko dirua modu honetan jasoz. Normalagoa litzateke dirua beste era batera jasotzea eta hau soilik jai bat izatea".

Ados dago horretan Arteaga ere: "Polita litzateke egun bat iristea, non Korrika egingo genukeen soilik aldarrikapen edo jai gisa, diruarena alde batera utzita. Ea noiz lortzen dugun".

Etorkizunari bidea irekitzen

Gazteek enplegu bat lortzeko aukerak gero eta txikiagoak dira. Emantzipazioa lortzeko zailtasunak, berriz, handiagoak dira, lanik gabe edo enplegua dutenen baldintza txarrak direla eta". Jokin Melidaren hitzak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria...

Udalerri euskaldunak, denon izenean erdaldunduak

Udalerri euskaldunak eguneroko bizimodua, familiakoa, soziala zein laborala ia erabat euskaraz duten horiek dira. Naturalki dira euskaldun, ez dute berariaz erabaki. Euskaldun izan dira mende luzetan, eta, frankismo gorrienean ere, euskaldun izan zire...

Amasagatik da Villabona

. Lehenagokoak dira Amasaren aztarnak Villabonarenak baino. 1615ean, Amasa Tolosatik banandu zen, eta hiribildu independente moduan osatu; handik lau urtera, bat egin zuten bi udalerriek. Gaurdaino.Goi Erdi Aroan, haranetan antolatzen zen Gipuzkoako ...