Sailkatugabeak

Etxegabetzeak eta Kaiku mamia

Duela pare bat aste, "heteropatriarkatuaren kontrako borrokan proiektu politiko ausarta" abiatzera doan talde bat jendartean aurkeztu zen Donostian. Ekimenaren xedearekin bat natorrela idatzi nahi nuke, baina ez naiz hain ziur ere, erabili zuten terminologia erabat arrotza zaidalako. Terminologiak baino gehiago, halere, eszenografiak hartu zuen nire arreta. Artzain Onaren elizaren kanpoaldeko eskaileretan ateratako erretratuan bost gizaseme ageri ziren. Mezua irakurtzen ari ez ziren laurek aurpegia buruzapi batekin estalia zuten.

Ez dakit nik neuk zein eszenografia erabiliko nukeen multzoaren asmoa den "gizarte osoaren askapen prozesu bati" ekiteko, sexualitate librea aldarrikatzeko, alegia. Aipatutako taldearena, herrixka bateko banketxeren batean gas bonbonarekin atentatua egin izana bere gain hartzera doan komando anarkistaren estetika hori, ez da nire molde kuttunena. Kontrako estetika erabili berri dute, urrutiegi joan gabe, Kaikuren iragarki berria ustezko mezu feministaz bete dutenek. Eta ez pentsa, dezente arriskutsuagoa iruditu zait azken kontu hori.

Ez dut uste Kaikuk kontratatutako publizistak Artzain Oneko kaputxadunak bezala "heteropatriarkatuaren kontrako borrokan proiektu politiko ausarta" bultzatu nahian dabiltzanik. Laktosarik gabeko esnekiak saltzeko hilean 3.000 euro irabaztearen traza duten amatxo lerden minigonadunak erakutsi dizkigute, esaldi hutsalez lepo betetako abestiarekin dantzan. Publizitateari orokorrean jardun ulertezina, toxikoa eta makurra deritzot, baina datorren epaia ez da adierazi berri dudan aurreiritzietan oinarritua, objektiboa baizik: laktosarik gabekoen iragarkia kirtenkeria potolo samarra da.

Etxegabetzeen aurka ari direnek mamia jaten dutela esan diezaguke hurrena Kaikuk, edo ebolaren aurka ari den boluntarioak etxera itzultzean sojazko jogurta zein gustura berdintzen duen kontatu. Egitate bat onartu behar diet ordea enpresako arduradunei: konkurrentziak anuntzio-gizon perfektua izan, eta esnekien publizitatearen testuingurua zeharo baldintzatua dago aspaldi.

Pareko larrean, Iñaki Perurenaren kolesterolaren aurkako kanpainak funtzionatu egiten du. Euskaraz, baina, batez ere, Leitzako bere gaztelera partikularra darabilenean. "Funtziona". Perurenak mirari ez hain txikia erdietsi du. Gure heroiren bat telebistan nabarmen patrikak betetzeko helburuarekin erdara hutsean aritzeak eragin ohi didan amorrua behingoagatik lausotzea. Danacolek berak kolesterolarekin funtzionatzen ez duela argi samar dut, eta ez dut sekula potorik erosiko, baina Danacolen anuntzioek eragindako irribarre tontoek mila gaitz aldentzen dituzte. Eta Kaikuren publizistek horrelakorik nola hobetu dezaketen niri ere ez zait okurritzen, egia esan.

Urte berriko zimurrak

Iritsi da urte berria, eta, harekin batera, iragarki argitsuak: urtean zehar zer egin, nola bizi, nora bidaiatu behar dugun gomendatzen hasiak dira. Dena posible dela diote: gure esku dagoela lirain eta eder egotea; kirola egin, guraso izan eta lanera garaiz iristea —alkandoran orbanik gabe—; etxeko lanak bukatu eta gauean irribarretsu egunari amaiera goxoa ematea... Eta ohera joaterakoan, sekula ez zahartzea lortzen duen mirarizko krema ahaztu gabe!

Guraso histeriko horietako bat bazara, haurrak besoetan dituzula eskolako atea berandu zeharkatzen duen horietakoa, eta arropan pintza bat zintzilik duzula lanera iristen bazara, hau ez omen da zure urtea izango, zimurrak aterako baitzaizkizu. Baina zer dira ba zimurrak bizitzaren seinale besterik?

Garbi dago errealitatea beste bat dela, eta etxea, haurrak, lana... uztartzeko benetako konpromisoak baleude, etxebizitza, hezkuntza, osasuna... eskubide errealak balira, osasuntsuago biziko ginateke denok, zimur eta guzti. Denbora librea nola pasatu badakigu, ez digu inork erakutsi behar, baina denbora da behar duguna, eta urte honek ere ordu kopuru bera izango du ba?

Urte berrian ere, zoritxarrez, haurrak, etxea, lana, dirua... dena antolatu eta gero, maite duzun hori besarkatzeko milaka kilometro egin behar duzun horietako bat bazara... edo elkartasuna adierazteagatik kartzelatu edo atxilo hartzen bazaituzte, lanik gabe geratu eta hipotekari aurre egin ezinik bazabiltza... hau ziurrenik iragarkietan agertuko ez den beste urte bat izango da.

Egia da, baina, gure esku dagoela hori dena aldatzea, eskubideen defentsan kalera atera behar dugula, elkartasuna gauza ona eta ederra dela, eta urtea elkartasuna lapurtzen hasi dutenentzat ez izaten saiatu beharko genukeela. Gure esku dago etorkizunak amesten dugunaren antza izatea, eta gaurko zein biharko herritarrek nondik gatozen eta herri honetan zer gertatu den jakinaraztea.

Elkartasunaren lapurrek jakin dezatela herri honetako biztanleok badakigula muxu ematen, besarkatzen eta barre egiten, horiek zimurrentzat batere onak ez diren arren. Zimurrez harro gaude, bizirik dagoen herria garelako.

Desanexioan aitzindari

. 1615eko urtarrilaren 26an Tolosatik independentzia lortu eta bakarkako bidea abiatu zuen Andoainek, hiribildu gisa. Beste 29 herrik ere hasi zuten bide bera, baina Andoainek denbora luzea zeraman desanexioa eskatzen; aitzindari izan zen.

Andoain lau mendetara. Izenburu hori darama herriaren sorreraren laugarren mendeurrenaren harira Bastero kulturgunean atondutako erakusketak. Joan den astelehenean, izan ere, Andoainek 400 urte bete zituen; 400 urte Espainiako Felipe III.a erregeak hiribildu titulua eman zionetik; 400 urte Tolosaren menpeko izatetik askatu eta bere bidea bakarka hasi zuenetik.

Erakusketa Andoaingo artxiboko Karmele Otaegik eta Marta Truchuelok atondu dute, eta erakusketaren inaugurazioan aurkeztu zuten Susana Truchuelok gaiari buruz idatzitako liburua ere: Andoain 1615. Hiribildu berri baten historia. Tolosaren menpeko zen garaitik desanexiorako ibilbidea jasotzen du liburuak; eta hiribildu bihurtu zenetik gaur arterako ibilbidea zedarritzen du erakusketak. Andoainekin batera, Gipuzkoako beste 29 herrik lortu zuten hiribildu titulua garai bertsuan —batzuek urtarrilaren 26an, eta otsailaren 4an besteek—, baina Andoain aitzindari izan zen borroka horretan.

Joan den astelehenean, herriaren sorreraren datarekin bat eginez, ekitaldi xumea egin zuten udaletxean, eta etzi ekitaldi instituzionala egingo dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin eta independentzia eskuratu zuten beste 29 herrietako agintariekin batera. Ana Karrere alkateak hartu zuen hitza asteleheneko ekitaldian, udal korporazioarekin batera urteurrenarengatik topa egin ostean.

Andoaindarrak zoriondu zituen Karrerek, duela laurehun urte hasitako ibilbidea oroituz. "Orain, 2015. urtean, begirada atzera bota eta gertatu zena gomutan daukagula, 400 urte hauetako ibilbideari erreparatu nahi diogu, gaur egungo Andoaingo eraikuntzan parte hartzen dugun guztiok bat eginez". Hiribildu titulua lortzeak asko aldatu zuen Andoain, eta hari esker bihurtu da gaur dena. "Horixe baita Andoain: jatorri ezberdinetatik etorritako herritarren mosaikoa, gure herria den bezala egiten duten kulturen artelana. Andoaindarrak hamaika garelako, andoaindarrak 400 (eta gehiago) garelako".

Tolosarekin tirabirak

Hiribildu izan aurretik, unibertsitatea zen Andoain, eta, ondorioz, hiribilduek zituzten eskubide eta pribilegiorik ez zuen. Donostiaren babesa bilatu zuen lehenik, 1379an, eta Tolosarena ondoren, 1475ean. Beraz, haiei atxikita egon zen XIV. mendeaz geroztik. Susana Truchuelo historialariaren arabera, Donostiak eta Tolosak garai hartan oraindik ez zuten garrantzi handirik, "baina barrualdea eta kostaldea lotzen zituen bidean zeuden biak, eta horregatik zuten Gaztelako erregeen laguntza". Abantaila fiskal eta komertzialak zituzten, eta abantaila horiek oso onuragarriak ziren bai bertako bizilagunentzat, eta baita haiei atxikita bizi ziren herrietako biztanleentzat ere.

Baina hasierako harreman baketsua berehala belztu zen, eta tirabirekin hasi ziren. Liskar artean eta auziz auzi pasatu zuten XVI. mende osoa. Ez zen Andoain, ordea, Tolosarekin liskarrak zituen bakarra, eta beste herri asko ere hasiak ziren euren nahigabea adierazten, bai kalean, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta baita Valladolideko kantzelergoaren aurrean ere.

Truchueloren arabera, "XVI. mendean Andoainek oso rol aktiboa jokatu zuen eskualdeko herrien artean, euren buru zen hiriaren kontra". Izan ere, Andoainen eta Tolosaren menpeko beste herrien iritzian, Tolosak "nagusikeriaz eta jauntxokeriaz" jokatzen zuen, bai gobernu kontuetan eta bai eguneroko elkarbizitzan ere. Andoaindarrek zuten edozein arazo Tolosan epaitzen zen, Tolosako alkatea epaile zela; eta bestelako arazorik bazegoen, Batzar Nagusietan ere aurkez zezaketen kexua, baina betiere Tolosa bitartekari zela.

Desanexioa hainbatetan eskatu zuen Andoainek, eta hainbatetan ukatu zitzaion. Baina 1615ean, Felipe III.a Gaztelako erregeak Andoaini eta Gipuzkoako beste 29 herriri hiribildu titulua saltzea erabaki zuen. Hala, herri horien eskaerak aintzat hartzearekin bat, Felipe III.ak bere diru kutxak betetzea lortu zuen, erresuma nahiko larri baitzegoen diruz.

Andoainek familiako 25 dukat ordaindu zituen hiribildu tituluaren truke; guztira, 7.270 dukat inguru. Behin diru hori ordainduta, 1615eko maiatzaren 2an, Andoainek lehen aldiz bere ordezkaria bidali zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietara, eta bakarkako bidean, egungo Andoain eraikitzen hasi ziren.

Urkijo: non pausoa, han auzia

Euskara, euskalgintza, naziogintza eta, oro har, euskal kutsua duen guztia jomugan hartua du Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako duen ordezkariak. Euskal erakundeek —berdin dio udal, foru gobernu edo Jaurlaritza izan— hartzen duten erabaki oro Urkijoren iragazkitik pasatzen dira, eta askok auzitegietan bukatzen dute. Joan den astean, Urkijok Gipuzkoako euskara planari helegitea jarriko ziola iragarri zuenean, foru aldundiak salatu zuen dagoeneko Urkijoren aldetik pairatzen duten "hamaseigarren erasoa" dela. Izan ere, foru aldundiaren hamasei erabaki eraman ditu auzitara Urkijok. Hona hemen, auzi horien nondik norakoak:

2011KO AZAROA
Espainiako bandera jartzearen kontrako plaka

Espainiako bandera jartzeko betebeharrarekiko desadostasuna erakusteko, foru jauregian plaka bat zegoen jarrita 2010eko otsailetik, eta hura kentzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Plaka Markel Olano (EAJ) ahaldun nagusiak jarri zuen aurreko agintaldian, eta Estatuaren abokatuak jarri zuen salaketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Auzitegiak, hasiera batean, ez zuen salaketa onartu eta Estatuaren abokatuak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Gorenak helegitea aintzat hartu eta plaka kentzeko agindua eman zuen 2011ko azaroan.

2011KO ABENDUAREN 6A
Espainiako Konstituzio Egunean, ezin lanera joan

Foru aldundiak 2011ko abenduaren 6an (Espainiako Konstituzioaren eguna) lanera joateko aukera eman zien diputazioko langileei. 2012ko martxoan, Urkijoren bultzadaz, Estatuaren abokatuak horren kontrako helegitea aurkeztu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiaren behin-behineko epaia, foru aldundiaren kontrakoa, 2013ko azaroan iritsi zen. Aldundiak helegitea aurkeztu zuen, baina ez zuen onartu. Ondorioz, langileek jai dute, ezinbestean.

2012KO URRIAREN 12A
Hispanitatearen Egunean, jai egin behar

2011n Espainiako Konstituzioaren Egunarekin bezala, 2012ko urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, lanera joateko aukera eman zien langileei foru aldundiak. Azaroan, Estatuaren abokatuak horren kontrako helegitea jarri zuen, Urkijok hala eskatuta. EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen salaketa, eta arrazoia eman zion Estatuaren abokatuari. Egun horretan, beraz, foru aldundiko langileak behartuta daude jai egitera.

2012KO URRIA
Espainiako banderaren kokapenaren auzi luzea

Espainiako banderaren kokapenaren auzia 2005ean hasi zen, eta EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi zenean bete-betean harrapatu zuen auziak. Espainiako Auzitegi Gorenak 2005ean EAJren esku zegoen foru gobernua behartu egin zuen Espainiako bandera jartzera. Baina Urkijok, 2012an, Espainiako bandera merezi zuen lekuan ez zegoela iritzita, Estatuaren abokatuari eskatu zion prozedura hasteko. Haien helburua zen foru aldundiak Espainiako bandera "ohorezko lekuan" jartzea. Foru aldundiaren helegiteak behin eta berriro baztertuta, 2014ko apirilean, Espainiako bandera "ohorezko lekuan" jartzera behartzen zuen epai irmoa eman zuen Auzitegi Gorenak. Egun, foru jauregiko balkoi batean dago jarrita, albo batean eta ikurrinaren eta Gipuzkoako banderaren artean.

2012KO ABENDUA
Gabonetako aparteko ordainsariaren ordainketa

2012ko abenduan Espainiako Gobernuak administrazio publikoetako langileen aparteko ordainsariaren ordainketa bertan behera utzi zuen dekretu bidez. Foru gobernuak, ordea, aldundiko 1.900 funtzionario publikoei soldata osagarria ordaindu zien, haien erosteko ahalmena kaltetua izan ez zedin. Urkijok hala eskatuta, Estatuaren abokatuak erabaki haren kontrako helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Oraindik ez dago ebazpenik.

2013KO MARTXOA
Presoen aldeko pankarta kentzeko agindua

2013ko martxoan, EH Bilduren foru gobernuak adostu zuen foru jauregiaren balkoian Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira zioen pankarta bat jartzea. Urkijoren eskaerari erantzunez, Estatuaren abokatuak helegitea aurkeztu zuen 2013ko apirilean, pankarta hori "delitua" zelakoan. 2014ko urtarrilean, pankarta kentzearen aldeko ebazpena kaleratu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Foru aldundiak helegitea aurkeztu zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen. Behin betiko epaia 2014ko irailean eman zuen Auzitegi Nagusiak. Jada ez dago pankarta hori foru jauregiko balkoian.

2013KO APIRILA
Xalbador ikastolari diru laguntza

2013ko apirilean Xalbador ikastolari emandako diru laguntza izan zen salaketaren iturri. Foru gobernuak Seaskari hiru urtez 200.000 euro ematea erabaki zuen, Kanboko (Lapurdi) ikastolak behar zituen zabalkuntza eta berrikuntza lanak egin ditzan. Urkijoren eskaerari erantzunez, baina, Estatuaren abokatuak salaketa jarri zuen 2013ko ekainean, neurria "legez kanpokoa" dela argudiatuz. Oraindik ez dago gaiaren inguruko epai irmorik.

2013KO URRIA
Obra publikoetan gizarte klausulak

2013ko urrian, Eusko Jaurlaritzak eta Estatuaren abokatuak obra publikoetako kontratuetan gizarte klausulak txertatzen dituen foru arauaren kontrako salaketa jarri zuten. 2013ko uztailean indarrean sartutako foru arau baten arabera, obra publikoen kontratazioan, Gipuzkoan indarrean dauden lan hitzarmenak betetzen dituzten eta gizarte irizpideak kontuan hartzen dituzten enpresak hobesten dira. Bi erakunde horiek foru arauaren kontra salaketa jarri zuten, eta, epaia egon bitartean, araua bertan behera uzteko eskatu zuten. EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu behin-behineko eten hori, eta klausulak indarrean segitu du. Joan den astean auzitegiak atzera bota zuen Jaurlaritzaren helegitea, eta aste honetan gauza bera egin du Estatuaren abokatuak aurkeztutakoarekin. Dena den, ez da epai irmoa, eta helegitea aurkez dezakete ebazpenaren aurka.

2013KO AZAROA
Igeldoko kontsulta

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Igeldoko bizilagunen elkarteak eskatuta, Igeldoren etorkizuna erabakitzeko kontsulta bultzatu zuen 2013ko azaroan. Igeldotar gehienek udalerri propioa izatearen alde bozkatu zuten, eta aldundiak erabaki hori gauzatzeko bidea eman zuen. Donostiako Udaleko oposizioko alderdiek (EAJk, PSE-EEk eta PPk) auzitara eraman zuten igeldotarren erabakia. 2014ko otsailean, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Igeldo herri bihurtzeko prozesua. Foru Aldundiak helegitea aurkeztu zuen apirilean, eta Gorenak berretsi egin zuen prozesua gelditzeko erabakia, epai irmoa eman arte. Auzi honekin hiru prozedura daude irekita —kontsulta bertan behera uzteko eskatzen duten bi eta segregazioa onartzen zuen erabakiaren kontrako beste bat—.

2014KO MARTXOA
Adolfo Suarezen heriotzagatik dolurik ez

2014ko martxoan, Espainiako Gobernuko presidente ohi Adolfo Suarezen heriotza zela eta, hiru eguneko dolua ezarri zuen Espainiako Gobernuak. Foru aldundiak eta Donostiako Udalak ez zituzten banderak masta erdira zintzilikatu. Urkijoren ekimenez, EAEko fiskalak diligentziak ireki zituen, baina artxibatuta daude.

2014KO EKAINA
Gure Esku Dago-rentzako diru laguntza

2014ko ekainean, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduari 100.000 euroko diru laguntza eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren kontrako salaketa ere jarri zuen Estatuaren abokatuak. Zabalik dago auzia. Jada emanda dauden laguntzak direnez, ebazpena edozein dela ere, diru laguntza ez litzateke itzuliko; baina foru aldundiari legokioke auzibidearen gastuen kargu egitea.

2014KO EKAINA
KPIaren igoera

2014ko ekainean, aldundiko langileei soldatan KPIaren igoera aplikatzea erabaki zuen. Urkijok eskatuta, Estatuaren abokatuak salaketa jarri zuen ebazpen horren kontra EAEko Auzitegi Nagusian. Auzia zabalik dago oraindik, eta langileen soldatetan aplikatu egiten da KPIaren igoera.

2014KO UZTAILA
Udalbiltzari diru laguntza

2014ko uztailean Udalbiltzari emandako diru laguntza hartu zuen jomugan Urkijok. Estatuaren abokatuak auzibidean jarri zuen foru aldundia. Zabalik dago auzia oraindik.

2014KO AZAROA
Kataluniako 'senyera'

2014ko azaroan, Kataluniako independentziari buruzko galdeketa zela eta, prozesuari sostengu sinbolikoa eman nahian, senyera Kataluniako bandera jarri zuen foru aldundiak jauregiaren aurrealdean. Estatuaren abokatuak auzibidean jarri du erabaki hori, eta zabalik dago oraindik. Bandera, ordea, aspaldi dago kenduta, galdeketa pasatzean kentzea baitzen asmoa hasiera-hasieratik.

2014KO ABENDUA
Seinale elebakarrak

Euskal Herriko zenbait interesgune seinalizatzen dituzten panelak jarri zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideetan. Seinale elebakarrak (euskaraz) eta tamainaz handiegiak direlakoan, legez kontrakoak direla iritzita, Estatuaren abokatuak helegitea jarri du Gipuzkoako errepideetan turismoa sustatzeko jarritako seinaleen harira. Auzia zabalik dago.

2015EKO URTARRILA
Euskara planari helegite iragarpena

Urtarrilaren 8an, Gipuzkoako Foru Aldundiak sektore publikoan euskarari lehentasuna emateko plana aurkeztu eta hurrengo egunean, Carlos Urkijok iragarri zuen Estatuaren abokatuari eskatu diola planari helegitea jartzeko. Bigarren hizkuntza ofizialari kalte egiten diola eta Espainiako Konstituzioak jasotzen duen koofizialtasuna urratzen duela uste du Urkijok. Oraindik helegiterik ez da aurkeztu.

Hogei urte, pausoka

Hogei urte betetzeak "omenaldi bat" merezi du. Hala uste du Ibarrako Alurr dantza taldeak, eta ibilbide osoan haurren irakasle izandakoak omenduz hasiko ditu urteurreneko ospakizunak. Uzturpe ikastolak antolatu duen kultur astearen barruan, haurren e...

“Polita da norbaitek lan bat egiten duenean hartzen duen poza”

Itziar de la Granjak (Donostia, 1970) sei urte daramatza Ordizian, Seguran eta Zegaman haurrei eta erretiroa hartutako herritarrei pintura eskolak ematen. Sormenari tartea egiteko denbora askorik ez zaio geratzen, baina gustuko du ikasleak euren lanekin pozik geratzen direla ikustea. Aisialdian kirolak kulturari lekua jan dion irudipena du, eta gazteak berehalakotasunera ohituta egoteak pazientzia falta eragiten duela iruditzen zaio. Noizbait, "grafiti ikusgarri bat" pintatzeko ametsa bete nahi luke.

Urte askoan sukaldari lanetan aritu ondoren, maite duzun lana duzu orain.

Arte Ederretan lizentziatu nintzen Leioan, baina ikasketak amaitutakoan ez nuen nire arloko lanik. Beraz, ahizparekin jatetxe batean hasi nintzen lanean; sukaldean aritu nintzen hamabost bat urtez edo. Baina, azkenean, jarraitzeko gogorik ez nuen unea iritsi zen, eta ikasketak berreskuratu nituen. Margotzen hasten ez banintzen, banekien lan batean jarraian ez nuela denbora luzez aritzerik. Donostiatik Zegamara etorri nintzen bizitzera; ez neukan lanik ziurtatuta, baina zortea izan nuen, eta iritsi bezain pronto aukera eman zidaten.

Zegamara iritsi eta berehala hasi zinen margolaritza klaseak eskaintzen?

Hasieran, lan egiteko eta berriz eskua hartzeko saiotxo batzuk egin nituen Beasainen, eta gero pintura klaseak eskaintzen hasi nintzen Zegaman, erretiratuei. Pixkanaka, umeei ere marrazketa klaseak ematen hasi nintzen, eta Ordiziara eta Segurara ere joaten naiz orain. Jada sei urte dira horretan nabilela. Denetariko guneak izaten ditut: zahar etxeak, kultur etxeak, eskolak —jangelako atsedenaldian—...

Nolakoa da haurrei eta erretiratuei erakusten aritzea?

Egia esan, ez da gauza bera batzuei edo besteei erakustea. Bakoitza bere motibazioengatik etortzen da pintura klaseetara. Denetariko haurrak ditut, 8-9 urtetatik hasi eta nerabeetara. Baina egungo haurrak oso oso azkarrak dira. Teknologiari lotuta bizi dira, eta berehalakotasunera ohituta daude; beren lagunak, elkarrizketak, denbora librea... Whatsappekin edo Play Stationekin lotzen dute; azkartasuna maite dute. Margotzen ari direnean erabakiak hartu behar izaten dituzte, zer nahi duten pentsatu, nola egin... Eta ez daude horretara ohituta; pazientzia handia behar dute, eta zaila egiten zaie. Dena azkar eta zoragarri egin nahi izaten dute. Horregatik, lan bat amaitu eta etxera pozik doazela ikustea oso atsegina da niretzat. Erretiratuen kasuan ere pazientzia handia behar da, baina euren jarrera bestelakoa da: bizitzan ia dena egin baitute. Askori, gainera, iruditzen zaie ez direla kapazak izango, baina gero denek lan egin dezakete; ez dakit, beste era batekoa da. Oso polita da norbaitek lan bat egiten duenean hartzen duen poza, eta horretatik konfiantza hartzea. Uste ez zuen arren nahi zuena egiteko gai izan dela ikusteak, horrek betetzen nau.

Ikasleek zuk agindutakoa egin behar izaten dute, edo euren sormenak markatzen die bidea?

Normalean nik esaten diet zer egin behar duten, baina nerabeekin horrek ez du funtzionatzen. Orduan, eurei nahi dutena egiten edo uzten diet, baina nik proposatutako gauzen artean: argazki mordo bat edo eredu batzuk eramaten dizkiet. Haurren kasuan, nik zehazten dut eurek zer marraztea nahi dudan, margolaritza ariketen bidez asko ikas dezaketelako. Helduen artean, berriz, denetarikoak izaten dira: batzuek eskulanak soilik egin nahi izaten dituzte, eta besteek pinturaz aparte ez dute aritu nahi izaten. Baina birziklapenaren kontuarekin-eta gauza pila egiteko aukera dugu, egia esan.

Eta zer egiten dute gero zure klaseetan egindako lanekin?

Normalean eurentzat izaten dira, baina Ordiziako kasua berezia da. Ikastarora doan etortzen dira nahi duten guztiak, eta bertan egindako lan guztiak bingora bideratzen ditugu gero. Bingorako sariak izaten dira, batzuk ilara osatutakoan jasotzeko, besteak bingo egindakoan.

Zeure kasa margotzen duzu?

Ez dut denbora askorik; klaseen prestaketak denbora asko eskatzen du, eta etxean ere nahikoa lan izaten dut semeekin eta zaindu behar dudan aitonarekin. Gustatuko litzaidake semeek ere margotzeko zaletasuna izatea, baina haiek futbolzaleak dira. Eta horrek ere denbora kentzen dit, beti hara eta hona nabil entrenamendu eta partida artean. Hala ere, tarteka margotzen aritzen naiz, eta etxean baditut neure lantxoak. Egia esan, zerbait margotzen dudanean, ia beti oparitzeko izaten da.

Eta zerekin inspiratzen zara?

Inspirazioa ez da etortzen; ideia txiki bat eduki behar duzu, eta hori garatzen joan; ez dago miraririk. Idazleek bezalaxe, orri zuri batean ideia bat idaztetik hasiko direla pentsatzen dut, eta gero horren gaineko garapena egin beharko dutela. Nire ustez, gainera, horixe da politena, hari batetik abiatu eta emaitzarekin pozik geratzea.

Gustatuko litzaizuke egunen batean irakasle lana utzi eta margotzetik bizitzea?

Uf, betiko galdera da hori, eta egia esan, ez dakit. Oso zaila da margolari izatetik bizitzea; zortea behar da. Egia da gaur egun gauzak beste era batekoak direla, eta teknologiari esker jende gaztea gehiago mugitzen dela; kanpora joateak-eta asko laguntzen du. Niri, gazteagoa nintzenean eta indar gehiago nuenean ere oso zaila egin zitzaidan. Batzuek lortzen dute, baina ez dakit nola. Egia esan, sormena ere ez da horrenbeste baloratzen. Jendea kirolarekin itsututa dago; ez dago kulturarentzako leku handirik.

Gustura margotuko zenukeen zerbait?

Zegaman eta inguruan grafiti asko daude, eta gustatzen zaizkit. Noizbait egin nahiko nuke nik ere bat, baina handia eta polita, grafiti ikusgarria. Noizbait aritu naiz espraiarekin pintatzen, baina oso gauza txikiak egin ditut, erdi jolasean bezala.

Itsasoko ipuinak eta bertso afaria

Samaniego ikastetxearen kultur astearen barruan, bi bertso saio antolatu dituzte gaurko. Lehena haurrentzako emanaldi bat izango da, 18:00etan, Larramendin. "Itsaso gazitik ipuin gozoak" kontatuko ditu Ibai Esoain bertsolari eta ipuin kontalariak Kulunkantauri ikuskizunean. Kantu zaharrak, berriak eta bertsoak eramango ditu. Afalordurako beste saio bat prestatu dute: bertso afaria egingo dute, 21:00etan, erretiratuen tabernan. Bixente Gorostidi eta Unai Muñoa ariko dira bertsotan.

Kultur astearen egitarauan, beste jarduera bat egongo da gaur: taldeko haur jolasak, 16:45ean, Larramendi auzoan.

Samaniegoko kultur astea

Gaur, arratsalde eta iluntzean, Larramendi auzoan eta erretiratuen tabernan (Tolosa).

Nick Caveren bertsioak

"Esperimentu batean" murgilduta dago Txuma Murugarren. Nick Cave abeslari australiarraren abestiak euskarara ekarri eta zuzenean eskaintzen ari da, Rafa Aceves pianistaren laguntzaz. Zehazki, Nick Cave & The Bad Seeds taldeak 2003an kaleratutako N...