Nola hil hautatu nahi denean

Nola hil hautatu nahi denean

Eider Goenaga Lizaso

Inork ez daki nola hilko den, noiz hilko den eta zergatik hilko den. Baina, galdetuz gero, gehienen erantzuna bat eta bera da: minik gabe, sufritu gabe... Aldagai gehiago sartzen dira, ondoren, "ez nuke bizi nahi burua galduz gero", "ohean, landare egoeran baino, nahiago dut hil", "ez dut ingurukoentzat karga bat izan nahi", "gertukoak agurtu eta kontu guztiak itxita utzi nahiko nituzke", "maite ditudanak inguruan eduki nahiko nituzke". Horrelako komentariorik egin ez duenik ez da, eta are gutxiago adin batetik aurrerakoen artean. Baina borondate hori idatzita uztea beste kontu bat da. Gipuzkoan, biztanleen %1ek baino gutxiagok daukate egina bizi testamentua edo aurretiazko borondateen adierazpena.

“Laguntza nahi nuke, hiltzeko”

E. Goenaga Lizaso

Bakarrik nago. Nor arduratuko da nitaz? (...) Diabetikoa naiz, eta badakit nolakoa den amaiera... Itsu, hankarik gabe, gurpil aulkian... Ez, ez dut hori nahi. Ez dut sufritu nahi, ez dut zama bat izan nahi. Gehiago jasan ezin dudanean, sufrimendua jasanezina denean, eta ez sufrimendu fisikoa, fisikoa gaur egun farmakoekin desagertu egiten baita, sufrimendu psikikoaz ari naiz... nire bizitzaren jabe ezin izateaz. Etorkizunik ez badut, hil egin nahi dut, eta une horretan norbaiten laguntza izan nahiko nuke hiltzeko, horrela ez bizitzeko...". Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak 24 lagun elkarrizketatu zituen 2014an Nola hiltzen da Euskadin txostena egiteko, eta horietako bat da Josemari —izen faltsuak dira txostenean agertzen direnak—.

Garaia iristen denerako bere burua hiltzeko laguntza —edo eutanasia— eskatzen ari da Josemari, eta txostenean "elkarrizketatutako gehienek" uste dute hiltzeko laguntzak "legean jaso eta babestutako eskubidea" izan behar duela, pertsonak behin eta berriro eskatzen badu.

Gaixotasun terminalen ondorioz eta baliaezintasun handiko egoeretan bizi ondoren hildako pertsonen senide eta lagunak dira elkarrizketatutako 18 pertsona; beste lau osasun arloko langileak dira, eta bi, DHE elkarteko kideak. "Prozesu terminalen inguruko esperientzia izan duten pertsonen artean adostasuna dago: heriotza duina min fisikoa arintzetik harago doa", dio txostenak.

"Bi edo hiru egun egin zituen sudurrean hodi batekin, eta zailtasunak zituen arnasteko. Lasai zegoen batzuetan, baina beste batzuetan, oso aztoratuta. Erizainak esaten zigun: 'Ez kezkatu, ez du sufritzen'. Ez nator bat sufrimendua interpretatzeko modu horrekin. Zer da sufritzea? Mina ez sentitzea bakarrik? Gauzak ulertzeko modu biologizista bat da hori. Sufrimendua beste zerbait da", dio Mikelek, amaginarrebaren azken orduak gogoratzerakoan.

Bizi testamentua

Hildako pertsonaren ondoan egon beharrak, haren ordez erabaki beharrak, medikuekin borrokan ibili izanak, aurretiazko borondateen agiria egitera eraman ditu elkarrizketatu asko. "Derrigorrezkoa izan beharko luke guztiontzat heriotzaren aurreko une horiek nola bizi nahi ditugun argi uztea... pisu handia kenduko lioke horrek jende askori, eta arazo ugari saihestuko lirateke. Zergatik erabaki behar dute osasun langileek?", dio Ritak. Bizi testamentuaren eta medikuen jarreraren arteko talka bizi izan zuen Ritak lagun bat zaintzen ari zela, baina, halere, sutsuki hitz egiten du aurretiazko borondateak idatzita uztearen alde. "Akigarria izan zen, suntsituta bukatu genuen, eta zertarako... bi egun gehiago bizitzeko, baldintza horietan... Gainera, berak idatzita utzi zuen hori ez zuela nahi. Ez du zentzurik: gizagabea da. Baina guk ezin izan genuen gehiago egin, medikuarekin eztabaidan bukatu genuen... Ez dut oroitu nahi; gogorra izan zen", gehitu du Ritak.

Bizi testamentua egiteak eta medikuek norberaren nahia errespetatuko dutela jakiteak ematen duen segurtasuna azpimarratzen dute, halaber, txostenean. "Moduren batean bere bizitzako azken egunetan erabaki ahal izango zuela ikusteak erabateko lasaitasuna eman zion", dio Lurdesek.

Baina, bizi testamentu batean jartzen zuenari kasu egiteagatik lanbideko beste profesionalekin talka izan zuen Yolanda medikuak. "Gaixoak alzheimerra zuen, eta garuneko hainbat infartu izan zituen. Egoitza batean zegoen sartuta, eta hango guztiei egin behar izan nien aurre, bai berak eta bai familiak esana zutelako ez zuela zunda gasonastrikorik nahi. Hala ezin zuen irentsi, itomena eragiten zion, eta egoitzakoek zoratuta banengo bezala begiratzen ninduten, eta hori nola onar nezakeen galdetzen zidaten. Nik gaixoaren eta senideen borondatea onartu nuen, hala adierazi baitzuen ondo zegoenean, ez zuela landare batek bezala bizi nahi".

Tematze terapeutikoa

Txostenaren arabera, oro har medikuek eta osasun langileek badituzte irizpideak prozesu terminalaren ez luzatzeko, baina oraindik gertatzen dira behar gabeko luzapenak eta "tematze terapeutikoak". Karmeleren ama egoitza batean zegoen, eta senideek egoitzako zuzendariari esana zioten ez zutela nahi bizitza luzatzen ibiltzerik. "Azken hiru hilabeteak oso gogorrak izan ziren; eraman egiten zuten tentsioa jaisten zitzaion bakoitzean, edo zerbait gertatzen zitzaion bakoitzean. Bi aldiz, guri ezer abisatu gabe deitu zioten anbulantziari ama ospitalera eramateko, eta joan-etorri horrek kalte baino ez zion egiten. Hirugarrenean, hain gaizki ikusi nuen ama, ospitalekoei esan egin bainien: 'Zergatik ez duzue bakean uzten? 97 urte ditu, oso gaizki dago; utzi ezazue bakean'. Zirkulazio arazoak zituela, ez dakit zein protokolok agintzen zuela... Uste dut ama ez zela bakean hil".

Rosak dio erru sentimendua gelditu zaiola amari laguntzen jakin ez zutelako. "Mediku taldearekin genuen harremana gaixo-mediku harreman hutsa zen: esaten zigutena egiten genuen. Amak ez zuen modu autonomoan erabakitzerik izan; medikuak erabaki zuen, eta guk hark esandakoa bete genuen. Gero frustrazioa etorri zen, amaren sufrimenduari erremedioa jartzen jakin ez genuelako. Nik ez dut hori nahi niretzat".

Heriotzaren orduan informazio osoa eta erabakietan parte hartzeko aukera ukatzea litzateke, txostenaren arabera, elkarrizketatuek aipatutako gabezia handietako bat. Mikel kexu agertzen da amaginarrebarentzat sedazioa eskatu zutenean eman ez ziotelako, eta , gero, egoera okertu zenean, abisatu gabe jarri ziotelako. "Medikuak erabaki zuenean eman zioten. Ez genuen agurtzeko aukera izan, eta ziur nago hori zela berak nahiko zuena. [...] Bestalde, sedazioa dosi txikietan jartzen diote, prozesua luzatzeko eta balizko akusazio bat saihesteko, ez dadin pentsa sedazioaren eta heriotzaren arteko harreman zuzena dagoenik".

Arrate osasun etxe bateko medikua da, eta zaintza aringarrietako formakuntza jasotakoa da. Medikuek jasotzen duten trebakuntzaz zalantza handiak ditu: "Familia medikuaren araberakoa da duintasunez hiltzea tokatzen zaizun, neurri handi batean. Medikua aringarrietan trebatuta badago eta sentsibilizatuta badago, errazagoa da gaixoa etxean, duintasunez, minik sufritu gabe eta, behar izanez gero, sedazioarekin hiltzea. Formakuntzarik ez badu, medikuak beldurra sentitzen du; ez du bere burua gai ikusten erabakiak hartzeko, eta litekeena da gaixoa ospitalean hiltzea; oso ondo diagnostikatuta, baina egur handia hartuta, eta minaren gaiari, sufrimendu espiritualari eta sufrimendu emozionalari arreta egokia eman gabe". Arratek esandakoaren bidetik, DHEren txostenak ezinbestekotzat jotzen du osasun arloko langileen formakuntza espezializatua, ez bakarrik mina arintzeko tekniketan, baizik eta baita une horretan pertsonak behar dituen lasaitasuna eta laguntza psikologikoa eskaintzeari dagokionez ere.

Berreraikitzeko eskuak

Berreraikitzeko eskuak

Maite Alustiza

Etxe bihurtzen den harresi batekin irudikatu du GuraSOS taldeak egin beharreko bidea: "Gizarte gisa erronka bat dugu. Boterearen gaztelua inguratzen duen harresia, herritarrekiko mesfidantzaren harresia, harriz harri eta pazientziaz desegitea eta harri horiekin beroiekin guztiontzako etxe bat eraikitzea, leiho eta ate irekiak dituena".

Kronologia

GuraSOSen ekimenez, hainbat prozesu daude martxan:Parte hartzea2016ko uztaila. Parte-hartze prozesua xede zuen egitasmo juridiko bat aurkeztu zuen GuraSOSek aldundian. Uztailaren 28an, diputazioaren ezezkoa jaso zuen. Helegitea jarri zuen GuraSOSek.20...

Egur zulatzaileen ingurunean

Egur zulatzaileen ingurunean

Maite Alustiza

Aurkikuntza egin berri dute Oñatin: duela 150 urtetik Gipuzkoan desagertutzat jotzen zen asun espezie bat topatu dute Araotzen, Aitzulo kobaren inguruan: asun mintzakara (Urtica membranacea). Donostian eta Irunen jaso zuten haren berri azkenekoz, eta, ordutik, ez da lurraldean berriro ikusi.

Etxeko egongelan, ihesbiderik gabe

Danel Agirre
Lantokian sarri mozkortu ohi naiz, eta ahal dudan guztietan txortan ere egiten dut bertan. Zer erremedio. Horrenbeste ordu pasatu ohi ditut bulegoan, bazkaltzera bakarrik ez, egunero afaltzera eta gosaltzera geratu behar izaten baitut. Ego...