Asier Perez-Karkamo
Autokarabanentzako paradisua omen da Hondarribia, batez ere behe denboraldian. Horrela ageri da arloko gidetan, eta ez da harritzekoa. Uda amaitzearekin libre izaten da Hondartza auzoko aparkalekuan sartzea, eta egiten duenak ur lerroan bertan aparkatzeko aukera izaten du, eskuinean badia eta parean Kantauri itsasoa dituelarik. Udaberrira arte jende gutxi ibiltzen da hondartza aldean, eta lotarako leku paregabea bilakatzen da aparkalekua, paradisua.
Baina aurten ezusteko latza hartu dute iraileko festen ondotik Hondarribira etxe ibiltariarekin joan direnek. Aparkatu bai, eguna pasatu bai, baina eguzkia ezkutatzearekin batera udaltzainen abisua jaso dute: "Ezin zarete hemen geratu; lotarako beste nonbaitera joan behar duzue".