Akuilua berriro zorrozteko unea

Akuilua berriro zorrozteko unea

Eider Goenaga Lizaso

Euskararen erabileraren sustatzaile, euskaltzaleen bilgune eta euskaldunen akuilu izateko bokazioarekin sortu zen Bagera elkartea, Donostian, duela 25 urte. Euskaldunentzat eta euskaltzaleentzat erreferente bihurtu da elkartea; baina, urteurrenarekin, Bagerak gogoeta prozesu bat abiatu du, elkartearen egitekoari, lanari eta erronkei buelta bat emateko. Akuilua zorrozteko garaia dela uste dute, eta horretan ari dira buru-belarri. Zuriñe Gonzalez (Donostia, 1977) eta Aitziber Gurutzeaga (Donostia, 1971) Bagerako langileek eta Dani Goñi (Donostia, 1957) elkarteko lehendakariak begiratu bat egin diote iraganari, orainaren gaineko irakurketa egin dute eta etorkizunari begiratu diote.

Elkartearen sorreratik da Goñi Bagerako kide, eta hastapenak oso gogoan ditu. Koro Zumalabe, Joseba Barriola eta Joxean Amundarain aipatu ditu sustatzaile nagusien artean, eta, testuingurua azaltzeko, Arrasateko AED elkartearen sorrera (Arrasate Euskaldun Dezagun) eta Txepetxen teoriak garatzeko sortutako Adorez mintegia nabarmendu ditu. "Horiek abiapuntu hartuta, Donostian zerbait egin behar zela pentsatzen zuten, eta lanean jarri ziren. Ahoz ahoko lan handia egin zen, batekin eta bestearekin bilerak eginez, egitasmoarekin bat egingo zuen jendearengana hurbilduz". Bilera ugari egin zituzten elkartea gorpuztu aurretik. "40-50 lagun elkartzen ginen bilera batzuetan, eta hasierako batzarretan Andia kaleko aretoa goraino betetzen genuen; 200 lagun baino gehiago joaten ginen".

Ilusioa eta gogoa

Zerbait aipatzekotan, "ilusioa" aipatzen du Goñik. "Izugarrizko ilusioa eta gogo handia antzematen ziren gure artean. Hamar urtean Donostia euskaldundu behar genuen", dio irribarrez. "Sekulako indarrarekin hasi ginen; eta, agian, horixe da orain abiatutako prozesuarekin lortu nahi duguna, hasiera hartan izandako indarra eta ilusioa berreskuratzea".

900 bazkide ingururekin hasi zuen ibilbidea Bagerak, eta bazkideen gogoaz eta indarraz egin zituen lehen urratsak. "Hainbeste jende elkartzen ginen, gehiegi ginen ondo funtzionatzeko, eta lantaldeetan banatu behar izan genuen". Kultura taldetik Asteazken Kulturalak sortu ziren; komunikabideen taldearen eskutik, Ser irratian irratsaio bat egin zuten hasieran, eta Irutxulo aldizkaria sortu zuten gero; haur eta gazteen sailak Udaberri Jaiak antolatzen zituen, eta ikastetxeetan ere egiten zuten lanketa; sentsibilizazio taldeak hitzaldiak, mintegiak, soziolinguistika ikastaroak... antolatzen zituen; aditu taldea ere bazegoen, nondik norakoak aztertu eta gogoetarako... Mintzalaguna egitasmoa ere ia-ia hasieran sortu zela dio Goñik, eta kale behaketak ere bai.

Asteazken Kulturalak, Mintzalaguna, kale behaketak, soziolingustika solasaldiak... hasiera hartan martxan jarritako jarduera askori eutsi egiten die oraindik Bagera elkarteak. Eta gehiago ere badira: Mintzodromoa, Auzoko egitasmoa, Mintzakuadrillak, Memelarien lehiaketa... Donostian antolatzen diren jaialdietako euskararen erabileraren inguruko behaketak, adibidez, urtero egiten dituzte: Aste Nagusia, Jazzaldia, Giza Eskubideen Zinema Jaialdia, dFeria, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema jaialdia... Goñik oso gogoan du behaketak egiten nola hasi ziren. "2 urte eta erdiko alabarekin Aste Nagusian umeentzat antolatutako ekitaldietara joaten hasi nintzen, eta dena gaztelera hutsez zen: jolasak, txotxongiloak... den-dena gaztelera hutsean. Hortik sortu ziren behaketak. Lehena nik egin nuen, eta erabaki genuen 'hau egin egin behar da'. Pentsa nolako ibilbidea egin duen geroztik".

Sendotu ahala, itzali

Hastapen haietan bazkideen borondatez eta haien lanari esker egiten ziren jardueretako asko, ordea, Bagerako langileen esku gelditu dira urteen poderioz. "Bagerak erreferentzia izatea lortu du, proiektua sendotu egin da, azpiegitura bat izatea lortu dugu; baina nik uste dut jendearen parte hartzea eta ilusioa galtzen joan dela bidean, itzaltzen joan dela", dio Goñik.

"Momentu honetan ez dago lan sailik, ezta lan sailak osatzeko jenderik ere", azaldu du Gurutzeagak. Lau langilek eramaten dituzte aurrera Bageraren jarduera guztiak. "Eta egia da Bagera sendotu egin dela, eta sendotze horrek ematen digula aukera lau langile izateko; baina, aldi berean, horrek eragin du jarduera guztia gure esku gelditzea. Egia da ere, jardueraren bat aurrera eraman behar dugunean eta boluntarioak behar ditugunean, izaten dugula laguntza; baina gu joaten gara laguntza horren bila, eta guk nahi duguna da jendea gugana etortzea, alderantzizko bidea ere egitea".

Egoera horretan, hasieran zegoen ilusio hura, lanerako gogoa eta herritarren parte hartzea berreskuratzea jarri dute 25. urteurreneko erronka nagusi moduan. "Azken urteetan askotan egin dugu gure jardunari buruzko gogoeta, ikusten genuen beharra proiektuari buelta bat emateko, etorkizunera begira lan ildo berriak zehazteko, eta hausnarketak askotan egin ditugu; baina bakoitza bere lanean murgilduta egon gara, inertziaz lan egin dugu askotan, ikasturtea hasten zen berriro eta egunerokoak ez zigun uzten pauso hori ematen. Orain, aprobetxatu nahi izan dugu urteurren borobila dela jauzi hori egiteko", gaineratu du Gonzalezek.

Bazkide berriak

Urtea hastearekin Bagerak hainbat urrats egin ditu bide horretan. "25 urteurrenarena aitzakia bat da, orain da momentua berritzeko, birsortzeko, aktibazio lana egiteko... Orain arteko lanean jendea euskararen inguruan aktibatzea izan da gure egiteko nagusia". Besteak beste, bazkide berriak egiteko lanean aritu direla azaldu du Gonzalezek, eta pozik daude emaitzarekin. Bagerak, sorreratik, ez du inoiz bazkide berriak egiteko kanpainarik egin, eta horri eutsi diote aurten. "900 bazkide ingururekin hasi baginen, egun erdiak-edo gelditzen ziren. Batzuek utzi egin dute, jende bat kanpora joan da bizitzera, beste batzuk hil egin dira; hasierako bazkideak 25 urte zahartu dira, eta behar ziren bazkide berriak, bazkide gazteak, lan egiteko gogoa duten bazkideak", azaldu du Gurutzeagak.

Gonzalezek esandakoaren arabera, lehen urrats moduan Ekarri bazkide berri bat kanpaina jarri zuten martxan. "Bazkide bakoitzari eskatu genion bazkide berri bat ekartzeko, garenak bider bi izatea, bazkideak bikoiztea. Horrekin, batetik, bazkideen inplikazioa bilatzen genuen, eta, bestetik, jende berria erakartzea; eta oso ondo joan da. Bi hilabetetan 120 inguru egin ditugu". Bazkideak lortzeko kanpainak egiten jarraituko dute aurrerantzean ere; ez dute asmorik beste 25 urtez hori lotan uzteko. "Harrera oso ona izan da; jendearengana joan garenean, ondo erantzun du jendeak, eta ni harrituta nago", gehitu du Gurutzeagak.

Bagera berritzeko bidean euskarri berriak, irudi berria eta bide berriak lantzen hasi direla dio Gurutzeagak. Besteak beste, gazteengan jarri dute arreta berezia. "Konturatu ginen gazteen arloa nahiko abandonatua genuela eta horiei begira hainbat gauza jorratu ditugu, eta ari gara jorratzen: Mintzakuadrillak, Memeen lehiaketa, elkarlana Piratekin...".

Urtea amaitzen denean, Bagera berritu bat izatea espero dute mahaiaren bueltan bildutako hiru kideek. "Baina, batez ere, etorkizuneko erronkak finkatzea da bilatzen duguna. Ez dugu guk izan nahi erronkak finkatuko ditugunak; guk ere parte hartuko dugu, baina gustatuko litzaiguke parte hartze zabalagoa izatea, Donostiako euskaltzaleek hitza izatea, epe ertain zein luzerako erronkak eta egitekoak haiekin batera zehaztea", azpimarratu du Gurutzeagak. Behin prozesua amaituta, iritsiko zaio Bagerari ospakizunetarako tartea. "Ez genuen 25. urteurrena ospakizun hutsa izatea nahi, elkartearentzat inflexio puntu bat izatea nahi genuen", dio Gonzalezek. Hala, behin prozesua amaituta, ospakizunak 2017an izango direla iragarri dute.

Aukerak eta arriskuak

Bagerarekin gora eta behera ibili arren, Goñik zehaztu du helburu nagusia ez dela Bagera indartzea. "Bagera, azken finean, tresna bat da. Bagera indartuta, lanerako aukera gehiago izango ditugu, baina gure helburu nagusia da donostiar euskaltzaleak aktibatzea, Donostian eragitea, euskararen erabilera sustatzea".

Goñiren esanetan, sorreratik euskararen erabilera izan da Bageraren kezka nagusia: "Garai hartan, ezagutza ez zegoen orain dagoen mailan; baina Donostian bazegoen euskaldun poltsa handi bat. Erabilera esparruak falta ziren, antolatzen zen ia guztia gazteleraz egiten zen, irakurtzeko aukerarik ia ez zegoen...". Egun, zalantzarik gabe, erabilera esparru gehiago dagoela, ezagutza asko igo dela baina erabilera ez dela maila berean hazi nabarmendu du Goñik, eta horrek ez diola "baikor" izateko arrazoirik ematen. "Inflexio puntu batean gaude, eta atzera egiteko arriskua dago. Ezagutza hazi bada eta erabilera ez bada hazi, horrek esan nahi du atzera egiten ari garela. Hor badaude faktore batzuk, gure eskuetatik ihes egiten dutenak, eta horri eutsi behar diogu, adi egon behar dugu atzera joan ez gaitezen. Orain, erabaki behar duguna da nola egingo dugun lan hori hurrengo urteetan".

Protokoloa

Nola jardun eraso bat gertatzen bada?Laguntza eman 1. Erasoa jasan duen emakumearengana edo emakumeengana joan, laguntza behar duen galdetu, eta haren erabakia errespetatu.Erasotzailea gelditu2. Jarrera matxistarik edo gogaikarririk gertatzen ari bada...

Oiartzualdeko lau udalek protokoloa adostu dute

O. M.
Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzungo udalek sentsibilizazio kanpaina bateratua abiatu dute, "jai parekideen alde eta eraso sexisten, homofoboen, xenofoboen eta transfoboen aurka". Festetan eraso sexista bat gertatzekotan nola jardun adostu dut...

Etxerako buelta, beldurrik gabe

Etxerako buelta, beldurrik gabe

Olatz Mitxelena
Emakume askorentzat kezka iturri izaten da jaietan gauez irten eta etxera buelta nola egingo duten erabakitzea. Tamalez, beldurrez etxeratzen dira asko jaietatik itzultzean, eta gaiari lotutako azken albisteek, gainera, ez dute batere ...

Euskal Herriko txapela herriratzeko prest

Euskal Herriko txapela herriratzeko prest

Julene Frantzesena

Joan den uztailaren 3an Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa bosgarrenez irabazita, Euskal Herriko finalera begira dira Azpeitiko pilotariak. Izan ere, txapelketa horretako Gipuzkoako ordezkariek bideratuta daukate Zigoitiaren (Araba) aurkako kanporaketa, joanekoa 3 eta 0 irabazita. Gaur jokatuko dituzte itzuliko partidak, etxetik kanpo, 19:00etan hasita.

Lan erdiak eginda, finala pauso txiki batera dute azpeitiarrek. Dena den, "partidak irabazi edo, gutxienez, tanto batzuk egin" beharko dituztela eta finalerako sailkatzea lortuko duten ikusteko dagoela diote Julen Egigurenek (Azpeitia, 2000), Gorka Iriartek (Azpeitia, 2000) eta Markel Etxanizek (Azpeitia, 1992).

Egigurenek kimuetan jokatzen du Unai Alberdirekin; Gorka Iriarte Jon Alberdirekin aritzen da gazteetan, eta Etxanizek eta haren bikote Dani Murgiondok seniorretan ordezkatzen dute Azpeitia. Dena den, lesioak direla medio, hainbat aldaketa izango dira azpeitiarren artean gaurko partidetan; izan ere, min hartuta daude Egiguren eta Etxaniz, eta kanpoan da Murgiondo. Hala, bikote guztiek jasango dituzte aldaketak: kimuetan, Unai Alberdik eta Gorka Iriartek jokatuko dute; gazteetan, Jon Alberdik eta Mikel Unanuek; eta, seniorretan, Jurgi Larrañagak eta Andoni Aizpuruk.

Hirugarrenaren bila

Azpeitiko pilotariek 2008an jantzi zuten aurrenekoz Euskal Herriko txapela, eta iaz bigarrenez. Aurten, Gipuzkoako Txapelketa irabazita, Euskal Herriko finalera iristeko pauso bat emateko faltan dira. Azpeitiarrek badakite esku-eskura dutela finalerako pasea, eta, haien aburuz, Doneztebe (Nafarroa) izango da beste finalista. Hala dio Etxanizek: "Lehenengo guk sailkatu behar dugu finalerako, eta, sailkatzen bagara, itxura guztien arabera, Doneztebe izango dugu aurkari". Egigurenek uste du "zaila" izango dela nafarrei irabaztea. "Kluben arteko Berria Txapelketan pilotari horien aurka jokatu genuen finala, eta antzeko taldea aterako dute herriartekoan: kimuen partida gogorra izango da; gazteena, oso zaila, eta seniorrena ere, zaila. Hala eta guztiz, saiatuko gara irabazten".

Badira desberdintasunak herrialdekako herriarteko txapelketen artean. Gipuzkoan, adibidez, herri baten izenean jokatzeko, herri horretan erroldatuta egon behar du pilotariak; Nafarroan, aldiz, ez. Hori "desabantaila" moduan ikusten dute azpeitiarrek. "Orain, uste dut aldaketak egin dituztela legedian, eta, erroldatuta zauden herriak taldea ateratzen badu, han jokatu behar du pilotariak. Normala ere bada, herri txikiak dira-eta asko. Doneztebeko taldean, esaterako, kimuetako atzelaria soilik da herrikoa", azaldu du Etxanizek.

Zaleen beroa, "eskertzekoa"

Azpeitiko Frontoi Txikia leporaino bete izan da Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan etxean jokatutako partidetan. Etxanizek dio "eskertzekoa" dela zaleen berotasuna: "Partidetan asko laguntzen dute. Aurreko astean Zigoititik etorritako jarraitzaileak txundituta gelditu ziren frontoian zegoen zale pilarekin. Sanferminak ziren, eta gazte ugari joan zen Lesakara eta Iruñera, baina, hala ere, bete egin zen frontoia. Horrela jokatzea ikaragarria zela esan ziguten. Ez dugu kexatzerik".

Iriarteren aburuz, "herriartekoan eta, Azpeitiaren izenean jokatzean, jendeak bere egiten du pilotarien taldea. Herriarteko Txapelketa bere sentitzen du jendeak, eta hori ederra da". Ildo beretik hitz egin du Iriartek: "Edozein txapelketatako partidetan ez da hainbeste jende izaten. Aldiz, Azpeitiaren izenean jokatzean, bete egiten da Frontoi Txikia".

Hiru pilotariak gustura dira zaleekin, eta harrokeriarik gabe baina harrotasunez diote Azpeitian "indar handia" duela pilotak. "Gipuzkoako Herriarteko finalean, 1.400 lagun izan ziren Atano III.a pilotalekuan, eta horietako asko azpeitiarrak ziren. Azken urteetako jende gehiena izan zen, eta giro ezin hobea. Etxean jokatu ditugun partida guztietan goraino bete da Frontoi Txikia. Eskertu egiten da hori; izan ere, gustura jokatzen dugu jendearen aurrean eta haien babesarekin".

Badute segida

Ilunpe Azpeitiko pilota elkartea "osasuntsu" dago, eta gustura dira elkarteko kideak. 70 haur eta gaztetxo inguru aritzen dira gaur egun herriko pilota eskolan, eta Etxanizek dio horietako asko "ondo moldatzen" direla. Horregatik, uste dute herriarteko txapelketetan-eta "aurrera egiteko aukera" izango dutela etorkizunean, "zorte pixka batekin". Egigurenek azaldu duenez, "jarraipena badago", eta "datozen urteetan ere talde polita" atera ahalko dute Herriarteko Txapelketan. Iriartek dioenez, beraiek gaztetxo zirenean baino gaztetxo gehiago dabil orain pilotan, eta horrek poza ematen dio.

Pilotariek diote oso giro ona dutela beren artean. Eta, Iriartek dioenez, oso garrantzitsua da elkarrekin ondo konpontzea, taldea sendo egon dadin. Hala eta guztiz, jakitun daude pilota munduan aurrera egitea "oso zaila" dela. Hala dio Etxanizek: "Herriartekoaz gain, gehienbat torneo pribatuak egiten dira, eta zaila da aurrera egitea. Hastea da errazena, baina gero jarraipena ematea zaila. Horrela dago pilota mundua. Bakarkako kirola da, eta kirol gogorra".

Notarik altuena dakarren jazza

Notarik altuena dakarren jazza

Maite Alustiza

"Jazzaren Eurovision jaialdia" nolakoa izango litzatekeen imajinatu zuen Improvised Music ekoizleak duela hamar urte. Lehia aparte utzita, proba egitea erabaki zuen, eta Europako jazz musikari gazteen jaialdi bat sortu. Onenen artean onenak bildu nahi zituen, hamabi puntu mereziko lituzketen bakarlari edo taldeak —puntuazio hori da Eurovisionen jaso daitekeen handiena—. Uztailaren 20tik 23ra, Donostiak hartuko du 12 Points jaialdiaren hamargarren aldia. Jazzaldiaren programazioaren barruan prestatu dute, Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin elkarlanean.

Hamabi herrialdetako musikariak ariko dira: Frantzia, Alemania, Austria, Norvegia, Irlanda, Portugal, Suitza, Herrialde Katalanak, Belgika, Erresuma Batua, Danimarka eta Suedia. Jazzaren "talentu gazteak" deskubritu eta sustatu asmo ditu jaialdiak; hori hala, parte hartzaile guztiak 30 urtez azpikoak izango dira. Gazteak izan arren, "prestatuta" dauden musikariak aukeratu dituzte, eta "Europara begira aurrerapauso bat emateko prest daudenak".

Hiru egunetan, lau kontzertu egingo dira. Arratsaldeetan eta iluntzeetan izango dira ekitaldi nagusiak; gauez, berriz, "inprobisazio puntu bat" emango diote festari. Artistak elkarren artean nahastuta aritu ahal izango dira, eta norberak bere gaitasuna erakutsi ahal izango du. Musikeneko ikasle eta irakasleez osaturiko taldeek emango diete hasiera saio horiei.

Baina musika ez ezik, parte hartzaileen arteko harremana ere bultzatu nahi du jaiak. Horretarako, goizetan, Jazz Futures mintegiak egingo dituzte. Horietan, musikari lotutako hainbat eragilek parte hartuko dute: musikariek, ikasleek, kritikoek, programatzaileek... Hausnartzeko eta eztabaidatzeko plaza izango da, beraz. Hain justu, helburu hori aintzat hartuta Elkarrizketak lerroan sartu du jaialdia Donostia 2016 kultur hiriburutzak; horren xedea, berriz, inguruko kultur eragileekin itunak egitea eta elkarlanean aritzea da.

500 musikaritik gora

12 Points jaialdiaren berezitasunetako bat da ez duela egoitza finkorik; txandakatu egiten dute: urte bakoitietan Dublinen izaten da, eta bikoitietan, Europako beste hiriburu batean. 2014an, esaterako, Suedian egin zuten, Umean; eta 2012an, Portugalen, Porton. 12 Points Gipuzkoara ekarrita, "Donostiako Jazzaldiak Europan duen difusioa zabaldu" egingo dela uste du Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak, egitasmoaren aurkezpenean azaldu zuen bezala.

2007tik, 500 musikarik baino gehiagok eman dute izena 12 Points proiektuan parte hartzeko. Batzuentzat salto bat emateko plataforma izan da; horri esker, artista gazteetako bik Donostiako Jazzaldian jo ahal izan dute: Danimarkako Ibrahim Electric taldeak —2008ko 12 Points-en parte hartu zuen eta 2014ko Jazzaldian—; eta Norvegiako Mari Kvien Brunvoll abeslariak —2010ean jo zuen gazteen jaialdian, eta bi urte geroago Donostian—.

12 Points jaialdia. Egitaraua

Uztailaren 20an, asteazkenaViktoria Eugenia antzokian. The Embla, Marco Mezquida eta Eva Klesse Quartett (20:00). Sarrera: 12 euro.Uztailaren 21ean, ostegunaViktoria Eugenia antzokian. Water Boogie System, Insufficient Funs eta Chromb (20:00). 12 ...

51. Jazzaldian, inoiz baino emanaldi gehiago

Donostiako Jazzaldiak marka berri bat ezarriko du bere 51. aldian, emanaldi kopuruari eta erabilitako agertokiei dagokienez. Uztailaren 20tik 25era, 132 emanaldi programatu ditu hogei espaziotan —horietatik 84 doakoak izango dira—.

Urtero bezala, entzute handiko hainbat musikarik joko dute Donostian; horien artean daude Diana Krall, Gloria Gaynor, Jan Garbarek, John Scofield, Brad Mehldau, Ellis Marsalis, Branford Marsalis eta Kurt Elling, Snarky Puppy, Ibrahim Maalouf, Jack DeJohnette, Dave Douglas eta Steve Coleman. Jazzaldiaren webgunean eskura daitezke kontzertuetarako sarrerak: www.heinekenjazzaldia.com

“Orain herria apainagoa dago, baina ez dauka orduko bizitasunik”

Olaia Iraola

Juan Martin Elexpuruk (Bergara, 1950) 25 urte daramatza irakasle lanetan. Idazlea eta itzultzailea ere bada. Beste hainbat lanen artean, Leintz-Aramaio, Oñati eta Eibar inguruko berbekin hiztegi bat sortu zuen, 2005ean.

Nola aldatu da herria txikia zinenetik?

Nire ustez, orain herria apainagoa dago, baina ez dauka orduko bizitasunik: era guztietako dendak, baserritarrak astoekin, tailertxoak alde guztietan, motokarroak kalean...

Zein izan da zuretzat Bergararen sasoirik politena?

1975-1985 epea. Bergara Euskal Herriko ardatz politiko eta kulturala izan zen: alkateen mugimendua, Monzon, Elkoro eta Herri Batasunaren sorrera, UNED eta Euskera Departamendua...

Eta zer aldatuko zenuke herritik?

Bergara-San Juan-Ubera bidegorria egingo nuke.

Herriko toki kutunenak?

Ubera-San Juan bailara, Irukurutzeta gaina, Munibe-Plaza-Olaso ingurua...

Zein da Bergara bisitatzeko garairik onena?

Edozein garai da ona eguraldiak laguntzen badu.

Eta idazteko afizioa, txikitatik al duzu?

Irakurtzekoa bai, baina idazten Zarauzko ikastolan maisu nengoela hasi nintzen, beharrak eraginda.

Ofizioa afizio al duzu?

Irakasle izan naiz ofizioz 25 urtez. Idaztea afizioa izan da gehienbat, nahiz eta urte batzuetan idaztetik, itzulpenetatik eta gidoiak egitetik bizi.

Beste hainbat lanen artean, Bergara aldeko hiztegia argitaratu zenuen 2005ean.

Oso gaztetatik hasi nintzen berbak jasotzen. Mendez mende pilatutako jakinduria —hori da hizkuntza, azken batean— betiko galtzeko arriskuak eraman ninduen hiztegia egin eta argitaratzera.

Zein da gustuen egin duzun liburua?

Zaila da zure ume kutunena zein den erabakitzea, baina agian Bergara aldeko Hiztegia.

Blog bat ere baduzu. Zerk bultzatu zintuen hori sortzera?

Iruña-Veleiako gaiarekin zeharo aztoratuta nengoen. Zazpi urte negargarri pasatu dira, baina ematen du dena ondo bukatuko dela laster.

Zer proiektu edo helburu dituzu orain buruan?

Euskararen aztarnak Sardinian? liburua. Bat baino gehiago harri eta zur geratuko da hango mapa toponimikoak ikustean.