Gure Esku Dago. Herri galdeketak

Azpeitian, Debagoienean eta Goierrin egingo dute galdeketa ekainaren 5ean. Honako hauek dira herriak, eta galderak.

AZPEITIA

14.822 biztanle.

Galdera: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?".

DEBAGOIENA

64.325 biztanle. Debagoieneko zortzi udalerri eta Aramaio (Araba). Galdera: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?".

Antzuola

Aramaio (Araba)

Aretxabaleta

Arrasate

Bergara

Elgeta

Eskoriatza

Leintz-Gatzaga

Oñati

GOIERRI

67.670 biztanle. 23 herri.

Galdera: "Nahi duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?".

Altzaga

Arama

Ataun

Beasain

Ezkio

Gabiria

Gaintza

Idiazabal

Itsaso

Itsasondo

Lazkao

Legazpi

Legorreta

Mutiloa

Olaberria

Ordizia

Ormaiztegi

Segura

Urretxu

Zaldibia

Zegama

Zerain

Zumarraga

Hiru asteko atzerako kontua

Eider Goenaga Lizaso

Urtea betetzera doa Gure Esku Dago dinamikak, Anoetako estadioan (Donostia) eta Euskal Herriko beste lau hiriburutan, herritarrei galdetzeko urratsa egingo zuela iragarri zuenetik. Hautetsontzi erraldoien bidez irudikatu zuten egin beharreko urratsa. Espainiako hauteskunde orokorrak gorabehera, galdeketen data dantzan ibili da orain arte, baina joan den larunbatean zehaztu zuten eguna, Donostian. Ekainaren 5ean izango da. Hiru aste barru, Euskal Herriko 34 herritan galdera egingo zaie herritarrei, denetan batera, eta helburu berarekin: erabakitzeko eskubidea gauzatzeari begirako pausoak ematea, erabakitzeko ariketak egitea.

Gipuzkoan, Goierriko 23 herritan, Debagoieneko zortzi herritan eta Azpeitian egingo dute kontsulta ekaineko lehen igandean. Guztira, 145.000 herritar biltzen dituzte galdeketa egingo duten herriek, lurralde osoko biztanleriaren %20 inguru. Aramaio (Araba) eta Ispaster (Bizkaia) izango dira egun berean kontsulta egingo dute herriak.

Herri horietan, sentsibilitate ezberdineko jendea elkartu, galdeketaren aldeko plataformak eta batzordeak eratu, galdeketak egin ahal izateko legezko elkarteak sortu, sinadurak bildu, atxikimenduak lortu, galderak zehaztu, sentsibilizaziorako ekitaldi eta jarduerak gauzatu... urte osoa eman dute lanean, herritarrei nolako estatus politikoa nahiko luketen galdetu ahal izateko. 16 urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea.

Aurrera begira

Ekainaren 5ekoa, ordea, bidearen hasiera baino ez dela dio Gure Esku Dago-k. Aurrera begira ari dira lanean. Azaroan Diman (Bizkaia) eta Bakaikun (Nafarroa) egingo dituzte galdeketak, eta 2017ari begira ari dira lanean jada Oiartzualdean, Usurbilen eta Hernanin; baita Bizkaian, Aulesti, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela eta Uribe Kostan ere. Eta atzetik gehiago helduko dira. Dozenaka herritan martxan dira jada galdeketak egiteko prozesuak. 2018an dute jarria jomuga. "Akordio zabal bat erdietsi nahi dugu 2018ra bitartean, hiru milioi biztanleko herri honek libreki bere etorkizuna erabaki dezan", esan zuen Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko kideak, larunbatean Zurriolako hondartzan egindako agerraldian.

"Euskal Herri osoan ari da urratsak egiten Gure Esku Dago, hurrengo bi urteetan aurreikusi dugun plangintza gauzatzeko". Plangintza horretan lehen olatua izango da ekainaren 5ekoa. Herritarren parte hartze ahalik eta handiena sustatzeko buru-belarri ari dira lanean egunotan, hiru aste barru herritarrek hautetsontziak boto-paperez bete ditzaten. "Erabakia elkarrekin eta herritarren parte hartzearekin hartuz gero, zilegizkoa eta herritarrok onartua izango da, emaitza edozein dela ere. Eta horrek gizarte kohesionatuagoa, sendoagoa, kritikoagoa eta jantziagoa ekarriko du".

Erabakitzen hasi

Ekainaren 5eko galdeketak badu jada irudia. E5 handi batekin ilustratu dute egun horretako afixa, botoa irudikatzen duen gutun-azal batekin eta hiru eskurekin osatzen dena. Azpian, esaldi bat: "Erabakitzen hasi gara". Erabakitzeko eskubidea erdiesteko bidean, ariketa praktikoak eta eskubide hori gauzatzeak duten garrantzia islatu nahi du Gure Esku Dago-k.

Joan den igandean, halaber, Azpeitiko eta Debagoieneko galdeketak sustatu dituzten Erain Debagoiena eta Hitzartu elkarteek ekitaldia egin zuten, Elosuan (Bergara), ekainaren 5ari begira. Orain arte egindako lanarekin pozik eta bozketa egunari begira baikor, Erain Debagoieneko kide Jon Ugarteburuk jasotako babesa nabarmendu zuen. Debagoienean, izan ere, 9.000 sinadura batu dituzte dagoeneko —Oñatin eta Antzuolan sinadurak biltzen jarraitzen dute—. "Oso datu positiboa da guretzat: herri askotan biztanleen %15ek sinatu dute".

Usurbilgo alkatearen eskaera Gipuzkoako herriei

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak ohar bat bidali die Gipuzkoako alkate guztiei, Zubietako errauste plantaren gaia euren herrietako udalbatzarretara eraman dezaten. Gutunean azaldu duenez, "itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritz...

“Arriskutik babestuko zaitut, maitea”

“Arriskutik babestuko zaitut, maitea”

Maite Alustiza

Gurasoak dira, aitona-amonak, izebak eta osabak. GuraSOS mugimenduan elkartu dira, helburu argi batekin: euren haurren osasuna babestea. Kezkatuta daude Zubietan egitekoak diren errauste plantak umeengan izan dezakeen eraginagatik. "Osasuna guztiz bermatuta ez dagoelako eta prebentzio eta babes printzipioetan oinarrituta", plantaren asmoa alde batera uzteko eskatu dute. Joan den larunbatean aurkeztu zuten mugimendua, Lasarte-Orian, eta, epe laburrera, bi asmo nagusi dituzte: informazioa jaso eta zabaltzea, batetik, eta prestatu duten manifestuaren aldeko sinadurak biltzea, bestetik. Manifestuan senide bakoitzak konpromisoa hartzen du haur batekin: "Arrisku honetatik babestuko zaitut, maitea, zin dagizut". Gipuzkoako Foru Aldundira eramango dituzte atxikimenduak.

"Kezkatzen gaitu isiltasunak, eta honelako azpiegiturak osasunean dituen eraginei buruz eztabaida gehiago ez egoteak". Ez daukate "interes politiko eta ekonomikorik", euren haurrak babestea baino ez. Honako hau da funtsean eskatzen dutena: gizartea eta haren ordezkariak ados jar daitezela hondakinen arazoari irtenbidea emateko, inoren osasuna arriskuan jarri gabe.

Euren kezken abiapuntua "errealitate ukaezin batean" dagoela diote: inork ez duela errauste planta bere herrian nahi. Gainera, inguruko herritarren osasuna arriskuan dagoela azaltzeko bi argudio dituzte. Batetik, Gipuzkoako Aldundiak Biodonostiarekin hitzartu duen azterlan epidemiologikoa —hiru azterketa egitea erabaki dute; errauste planta martxan jarri aurretik, errauste plantak martxan urtebete pasatu duenean, eta bost urte pasatu eta gero—. Mugimenduko kideen arabera, azterketa horren beharrak frogatzen du herritarrak arrisku baten aurrean daudela. Horrekin batera, salatu dute plantak gizakiengan izan dezakeen eragina "esperimentatzeko", eurak eta euren haurrak "erabiltzeko" asmoa dutela.

GuraSOSek darabilen beste argudio bat Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen azterketa da. Kutsaduraren sakabanatze atmosferikoaren azterlanean onartzen da kaltetze eremua 30 kilometrokoa dela, hau da, instalazioaren kokapenetik hasita 15 kilometroko erradiokoa. Gurasoen mugimenduak eremu horretan dauden ikastetxeengan jarri du arreta: eragin mapa bat osatu du, erraustegiak zuzenean atmosferara igorritako partikulengatik kalte egin diezaiekeen ikastetxeekin. Horren arabera, berrehun hezkuntza zentro leudeke, baita Donostiako ospitale gunea eta Onkologikoa ere.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak aurkeztutako ebidentzia zientifikoek ere kezkatzen dituzte. "Medikuek argi diote: fetuak, haurrak eta gaztetxoak dira, gaixo eta edadetuekin batera, erraustegien efektuen eragin nabarmenenak jasaten dituztenak".

Ideologia ezberdineko lagunak batu dira mugimenduan, eta, aurrera begira, kide gehiagoren elkargune izan nahi du. Maiatzaren 21erako, esaterako, dibulgazio ekitaldi bat antolatzen ari dira Hernanin, Orona Ideon. Zientzialari eta medikuen eskutik, errauste plantek osasunean sor ditzaketen eraginei buruzko informazioa jasotzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei. Familiez gain, hezkuntza komunitatea ere bidelagun izan nahi dute. Dei berezia egin diete eragin eremuan dauden ikastetxeei eta orokorrean Gipuzkoako zentro guztiei, manifestuarekin bat egin dezaten. Hezkuntza arloarekin ez ezik, osasun arloko profesionalekin ere elkarlanaren aritu nahi dute. Edozein herritarrek aukera du manifestua sinatzeko, www.gurasos.org webgunean.

Kirola, emakumeen azaletik

Kirola, emakumeen azaletik

Julene Frantzesena
Gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak "geroz eta txikiagoak" badira ere, kirolean "oso handiak" dira oraindik. Hala dio Mariate Bizkarra EHUko irakasleak (Gasteiz, 1964): "Prentsan gutxiago agertzen dira emakumeak, ...

[Herriz herri] Astigarraga. Hazkundeari aurre hartzen

[Herriz herri] Astigarraga. Hazkundeari aurre hartzen

E. Goenaga Lizaso

GIPUZKOA, BATETIK BESTERA . Sagardoa eta sagardotegiak bai, baina Astigarraga hori baino gehiago da, eta hori aldarrikatu nahi du udalak. Populazio hazkundeari erantzutea —bikoiztu egin da 25 urtean—, herria egituratzea eta Astigarraga ezagutaraztea jomugan jarrita ari dira lanean.

Donostiako erdigunetik 5 kilometrora eta Hernanitik 3,5era, Astigarraga sagardozaleen paradisua da. Sagardoetxea euskal sagardoaren museoa bertan dago, eta, hemeretzi sagardotegirekin, 300 biztanleko sagardotegi bat dute herrian. "Sagardoak mapan jarri gaitu, horretan ez dago dudarik. Hori eskertu eta zaindu behar dugu, eta zaintzen dugu. Baina Astigarraga sagardoa eta sagardotegiak baino gehiago ere bada". Jesus Mari Santos jeltzaleak (Astigarraga, 1964) urtea egingo du ekainean alkate gisa, eta herriak dituen erronken harira hitz egin du Hitza-rekin.

Asko handitu da herria azken urteotan; 1990etik bikoiztu egin da populazioa. "44 falta zaizkigu 6.000 biztanlera iristeko". Eta epe laburrean hazkunde handiagoa espero dute. Urumea inguruan 800-900 etxebizitza inguru eraikiko dira, eta horrek jende gehiago eramango du Astigarragan bizitzera. "Guk prestatu egin behar dugu jende hori etortzerako. Izan ere, horrek herrian behar batzuk sortzen ditu, zerbitzu gehiago eskaini behar zaizkie herritarrei, herritarren beharrak askoz ere handiagoak dira, eta horretara egokitu behar dugu".

Santosek dioenez, udalaren erronka Astigarragan bizi denak bizimodua herrian egitea da; umeak bertan eskolatu, erosketak bertan egin, aisia herrian antolatu... "Astigarragara etortzen diren gehienak Donostiatik datoz, baina guk ez dugu lotarako herri bat bihurtu nahi. Astigarragan bizi dena astigartar izatea nahi dugu". Ostiraletan merkatua antolatzea da ildo horretan emandako azken pausoetako bat. "Probako proiektu bat da. Ikusten ari gara nolako harrera duen. Lau astez egin da jada, eta ematen du ari dela martxa hartzen. Jendea hurbiltzen ari da, eta hori inportantea da guretzat". Krisiaren eraginez, komertzio txiki asko itxi dira, eta galera horri nolabait erantzun nahi diote.

Herrian enplegua sortzeari begira ere lanean ari dira Astigarragako Udalean. "Hiru industrialde ditugu, eta laugarren poligonoa ari gara eraikitzen. Jendeak hemen lan egiten badu, errazagoa da bizimodua hemen egitea, eta horrek herria egituratzen laguntzen du".

Kultur etxe berria

Kultur etxe berriaren eraikuntza ere aipatu du alkateak. Hurrengo urtean hasi nahi dituzte obrak. "Oraingo kultur etxea ez da udalaren eraikina, fundazio batena da, eta txikia gelditu zaigu. Badira hiru legegintzaldi gaia hor dagoela, eta guk martxan jarriko dugu. 3 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du, eta proiektu handinahikoa izango da". Kultur etxe berriak herriak dituen beharrak asetzeko adinako eskaintza eta tamaina izango duelakoan dago alkatea.

Herrigunearen garrantzia ahaztu gabe, auzoei behar duten arreta eskaintzea ere ezinbesteko jotzen du udalak. "Astigarragan pisu handiko auzoak ditugu, eta horietan ere inbertsioak eta lanketa egin beharra dago. Auzoetatik hori ari zaizkigu eskatzen, azken zortzi urteetan apenas egin baita ezer". Horrez gain, herriko hainbat guneri balioa emateko ahaleginean ari dira. "Astigarraga herri polita da, eta oso txukun dago. Baina gure ingurunea, landa gunea, izugarri ederra da, eta horri balioa ematea ezinbestekoa da. Santiagomendin, adibidez, proiektu paisajistiko bat lantzen ari gara. Santiagomendi harribitxi bat da; ermitara igotzen zara eta ikuspegi zoragarria dago. Itsasoa ikusten da, Aiako Harria, Ernio... ni maiteminduta nago toki horrekin".

Sagardotegiekin elkarlana

Alkateak behin baino gehiagotan esan du Astigarraga sagardoa baino gehiago dela. "Baina gaizki ariko ginateke sagardoak eta sagardotegiek guretzat duten balioa eta garrantzia gutxietsiko bagenu. Sagardoak herria eraikitzen lagundu du; jende askok ezagutzen badu Astigarraga, sagardoari esker ezagutzen du". Ildo horretan, sagardotegiek udalaren laguntza dutela eta udalak laguntzen jarraitzeko eta elkarlanean jarduteko asmoa duela iragarri du Santosek. Aurten, adibidez, udalak sagardotegietarako autobus zerbitzuak jarri dituela eta eskaintza hori sagardotegiekin elkarlanean landu dutela nabarmendu du.

Baina batak ez du bestea kentzen. Eta sagardotegien eskaintzari muzin egin gabe, eta sagardoari merezi duen balioa aitortuz, Astigarragak herritarrei zein bisitariei zerbait gehiago eskaini nahi diela azpimarratu du alkateak. "Asko etortzen dira sagardotegiengatik, eta ongietorriak dira, baina guk gai izan behar dugu horiei Astigarragak duen guztia erakusteko".

Hilabete honetan, esaterako, 3.000 bisitari inguru espero dituzte, Eternal Running lasterketan. "Lehen aldiz antolatuko dugu, eta itxaropentsu gaude. Hamar kilometroko ibilbide bat da, 80 oztoporekin, eta eskaintza berri bat da. Ikusiko dugu nola joaten den. Loiun izan ginen hango lasterketa ikusten, eta sekulako giroa sortu zen herrian. Gauza polita da, kirol eskaintza bat, herrira jendea ekarriko duena. Ikusiko dugu nola ateratzen den".

Tren geltokia

Astigarragak duen gabezia handienetako bat tren geltokia dela dio alkateak. Izan ere, trenbidea pasatu pasatzen da Astigarragatik, baina Renfeko aldiriko trenak ez du egiten geldialdirik bertan, ez dago geltokirik. "Aspaldiko eskaera bat da geltokia egitea. Erabakia hartuta dago, proiektua egina dago, lur eremua ere berreskuratu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak emana dute oniritzia. Adif-ek egin beharko luke obra, eta hark ere onartua du".

Urumea inguruan eraikiko diren etxebizitza berrien ondoan joango litzateke geltoki berria, eta geltokia egitearekin batera, udalaren asmoa trenbide gaineko pasabidea kentzea da. "Onena abiadura handiko trenaren obrekin batera egitea litzateke, eta hori lortzeko lanean ari gara. Biak batera eginez gero, asko merkatuko litzateke. Logikoa da".

Tren geltokia egin artean, astigartarrek autobusa dute garraio publiko bakar gisa. "Nik uste dut nahiko ondo daudela maiztasunak, bai Donostiara eta bai Hernanira joateko". Ospitaleetara zuzenean joaten zen A3 linearen ordezko bat topatzeko ere lanean ari direla dio Santosek. Linea horrek "oso erabiltzaile gutxi" zituela-eta, urte hasieran bertan behera gelditu zen. "Hernanira joan, eta handik beste autobus bat hartuta joan behar da orain ospitaleetara. Kontua da Hernanin hogei minutu inguru itxaron behar dela beste autobusa hartzeko, eta hori konpondu nahian gabiltza foru aldundiarekin".

Herritarren beharrei ahal bezain ondo erantzutea eta herritarrek udala gertu sentitzea lehentasunen artean jartzen du Santosek. "Ildo horretan, gure programan herritarrei hitza emango geniela esan genuen, eta apirilean egin dugu atez ateko hondakin bilketari buruzko galdeketa. Oso polita izan zen, giro onean joan zen, eta oso gustura gaude parte hartzearekin. Baita emaitzarekin ere. Guk bosgarren edukiontzia jartzeko proposamena egin genuen, uste genuelako kopuru onak ematen dituela, eta herritarrentzat erosoagoa dela". Bosgarren edukiontzia ahal bezain laster jarri nahi du udalak; ahal bada, uztailean, herriko festen aurretik.