“Aramarra sentitzen naiz; Aramaz guztiz maiteminduta nago”

L. Agirre

Taberna bakarra dago Araman, Toki Alai. Duela zortzi urtetik, Anne Otegi da hango arduraduna.

Aramarren topagunea da Toki Alai taberna.

Zortzi urte egin behar ditugu aurten Toki Alain, eta lortu dugu taberna huts bat baino gehiago izatea. Herria txikia da, baina aktibitate handia dago. Araman badago lelo bat: Arama txikia bai, baina eskasa ez. Eta lelo hori zorrotz betetzen dute. Ekintzailea da oso hemengo jendea. Sozializatzeko beste modu bat da taberna.

Ekintza bereziak egiten dituzue?

Taberna hartu genuenean, kultur ekintzaileak ere izan nahi genuela nabarmendu genuen. Lehenengo urteetan, umerik ez geneukanean, herriko umeekin gauza batzuk egin genituen, sukaldaritza ikastaroa ere egin dugu, barbakoa, sushia…Orain, maiatzaren azkeneko astebururako, Trukezoka bat antolatzen ari gara. Elkartasunezko ekintza bat izango da. Aldi berean, trukearen filosofia eta beste kontsumo mota batzuk bultzarazten saiatuko gara. Jendeak eskertzen du, edozer gauza egiten dela. Herriko jendea oso parte hartzailea da.

Toki Alai jatetxeko janari eskaintza berezia da. Makrobiotika, sukaldaritza japoniarra... betiko arrautza frijitu, patata eta txistorrarekin uztartzen dituzu.

Pixka bat bai. Orojalea naiz, baina barazkiak asko gustatzen zaizkit. Janari osasuntsuaren inguruan mugitu izan naiz beti. Probatzen probatzen, ikaragarrizko jarrera ona izan du. Jendeak geroz eta gehiago zaintzen du bere burua, geroz eta arazo gehiago daudelako. Oso haragizaleak izan gara, baina aldatzen ari da. Txuleta-eta parrillan jateko mila leku dauzkazu, baina barazkijaleak diren platerak jateko ez dago aukera handirik.

Eguneko eta asteburuko menuan beti daukagu aukera begetarianoa edo beganoa izango litzatekeena, eta aparte, makrokonbi plater konbinatua ere izaten dugu, makrobiotikaren irizpideetan oinarritutakoa. Denentzako aukera pixka bat egoten saiatzen gara.

Bezeroek zer moduz hartzen dute sukaldaritza mota hori?

Gauza arraroekin kosta egiten zaigu, baina probatu eta jendeak oso gustura hartzen ditu. Adineko jendea platerak probatzera etortzen da. Hori niretzat izugarrizko poza da. Batez ere, konfiantza handiarekin etortzen dira, eta hori da guk transmititzen duguna: konfiantzazko leku bat dela. Jan ezin daitekeen gauzarik ez dugu jartzen; arraroa izango da, elikagairen bat edo beste izango ditu ezezagunak, baina platera ez da hain ezberdina ere. Jendea gustura joaten dela dirudi; errepikatu egiten dute, eta hori da saririk handiena.

Sukaldaritza japoniarra ere jorratzen duzu.

Sushia gustatzen zaion jendea oso zalea da, eta asko eskertzen dute sushia jatera Donostiara joan beharrean Araman bertan jateko aukera izatea. Miso zopa ere tripatako arazoa dutenentzat oso ona da; oso goxoa da, eta jendeak oso gustura jaten du.

Ordiziatik Aramara etorri zara bizitzera. Nolako herria da Arama?

Aramarra sentitzen naiz; Aramaz guztiz maiteminduta nago. Jaiotzez itsasondoarra naiz, 3 urterekin Ordiziara joan nintzen bizitzera gurasoekin, eta orain Araman bizi naiz. Araman zoratzen nago.

Zeren falta sumatzen duzu?

Bere alde onak eta txarrak ditu. Gauza txarra da autoa hartu behar duzula derrigorrean. Egia da herrian ezin daitekeela ezer ere erosi. Baina oinez ere joan daiteke, Ordizian 15 minutuan zaude.

Zerbitzu aldetik nola ikusten duzu herria?

Haur txokoa daukagu; nahi dugunean sartzen gara, berogailua eta jostailuak daude bertan. Gimnasioa eta liburutegia ere badauzkagu, parkea, pilotalekua... Bizia dago Araman. Nahi duenarentzat, herri bizitzan sartzen denarentzako, zoragarria da. Bertako jendeak harrera oso ona egiten dio kanpotik datorren edonori. Herria bera ere oso polita da, oso ondo zainduta dago. Umeentzako leku ezin hobea da. Eskolarik ez daukagu, baina autobus zerbitzua doakoa da.

Giza Eskubideen Zinemaldia. Jarraitzen du eta hasi da

M. Alustiza

Gaur hasi da ofizialki Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia, baina egunak daramatza martxan. Ez bakarrik jaialdiaren bueltan antolatu dituzten erakusketak zabalik daudelako, baita ikus-entzunezkoen arloan ere. Hilaren 7an hasi zen Donostiako kultur etxeetako zinema zikloa, eta zinemaldia bukatu arte iraungo du. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira.

Astelehenean Beñat Fontaneda zinemagile gasteiztarraren Gora Gasteiz: izan kolore (2016) emango dute, Aieteko kultur etxean. 2014ko uda ondoren hirian sortutako herri mugimendua lantzen du dokumentalak; testigantzekin eta artxibo irudiekin osatu dute.

Asteartean, berriz, Miele (Italia-Frantzia, 2013) ikusi ahal izango da, Intxaurrondoko kultur etxean. Valeria Golino zuzendariak Ireneren bizitza kontatu du; 32 urte ditu, eta bakarrik bizi da. Irenek denbora luzea darama gaixo terminalei eta hiltzeko nahia agertzen dutenei laguntzen. Filmazpit programaren barruan sartu dute filma; italieraz eskainiko dute, euskarazko azpidatziekin.

Asteazkenean, Ander Salsamendik zuzendutako Energia trantsizioak, piztu aldaketa! dokumentala (2016) emango dute Okendon. Egungo energia ereduaren aurrean, alternatibak badaudela azalduko du lanak, munduko hainbat eredu baliatuta.

Hilaren 21ean, ostegunarekin, immigrazioaren inguruko film laburren bilduma eskainiko dute Tomasenen: Aïssa (2014), Bahar in Wonderland (2014), Einspruch IV (2012), Rétention (2013) eta Se taire (2013). Jatorrizko hizkuntzan izango dira denak.

Kultur etxeetako zikloko azkena Zeresenay Berhane Mehariren Difret (Etiopia-AEB, 2014) izango da. Aieteko kultur etxean ikusi ahalko da hilaren 22an, ostiralarekin —amhareraz, euskarazko azpidatziekin—. Addis Abeban dago girotuta lana. Meaza Ashenafi abokatuak laguntza behar duten emakume eta haur txiroei laguntzeko sare bat sortuko du, eta Poliziaren eta gobernuaren etengabeko jazarpenari aurre egin beharko dio.

Dei nazazu Danelfur Agirsson

Danel Agirre

Islandiarrak laudatuz txioak idaztea da Che Guevararen kamiseta berria. Eta, egia esanda, merezita daukate han goian zu eta ni bezalako progresista zintzoen miresmena. Justizia soziala berrezartzeko metodo ulerterraza eta sinpatikoa darabiltelako, ororen gainetik. Oskarbi badago eta blaitzen ari badira, ez dute etsi-etsian aterkirik zabaltzen, guk bezala. Gora begiratzen dute, badakitelako zeru urdinarekin bustitzen direnean norbait terrazatik burura pixa egiten ari zaielako dela. Herrialde osoa etxeko atarian biltzen dute orduan, erromeria baketsuan, eta pixatiari —ministroek eta bankariek izan ohi dute han ere prostata arazo gehien, antza denez— arren brageta ixteko eskatzen diote.

Gobernantzan bakarrik ez, sormen kontuetan ere badira norbait. Donostia aldea baino biztanle gutxiagorekin —eta Denis Itxasorik gabe—, benetako kultur hiriburua da hura. Begiratu berri dut: Islandiako zortzi bakarlari edo talderen diskoak ditut etxean —eta bilduma osoa bi apaletan kabitzen zait, hain-hain pijoa ere ez naiz—. Donostia aldekoenak, berriz, bi ale bakarrik topatu ditut. Joan den urtean ikusi nituen bi pelikula hunkigarrienak ere (Fúsi eta Rams) uharte ttipikoak ziren. Eta arteaz musikaz edo zinemaz bezainbeste dakit, hutsaren hurrena. Baina Olafur Eliassonen instalazio batzuekin topo egin nuen duela gutxi, eta normalean baino are txikiago sentitu nintzen.

Ezin da horrenbesterako izan Islandiarena, esango didazu. Finnbogasonek ere urrutitik pitxitxia zirudiela, eta behin gerturatutakoan Ilintxan ere aulkia berotuko lukeen fardel galanta zela. Arrazoia eman behar dizut: artikuluaren hasieran apropos esajeratu dut, nire helburua horrenbeste gustatzen zaizkidan dilema horietako bat planteatzea zelako. Oraintxe azalduko dizut guztia.

Egunkari honetan kontrakoa sinetsarazi nahi bada ere, aitortu beharra dago behingoz: zuk eta nik ez dugu hil arte Euskal Herriko pasaporte legalik ezagutuko. Horregatik, zilegi da alternatiba irudimentsuak bilatzea. Imajina dezagun, Iñaki Petxarromanek nobela batera eraman duen 1615eko Islandian jazo zen arrantzaleen sarraskiagatik barkamena eskatzeko, 32 gizon haien oinordeko gipuzkoarroi hango herritartasuna eskaintzen digutela. Edo, aurreko hau aldrebesegia bada, egunen batean Sigrun edo Gunnarrekin ezkontzen zarela. Baliatuko al zenuke parada hori espainiartasunari behingoz uko egiteko? Hau da, tokatu zaiguna baino herrialde txukunxeago bateko paperak zerutik eroriz gero, ausartuko al zinateke nortasun administratibo berri bat hutsetik eraikitzera? Madril pikutara bidaltzera, atzera begiratu gabe?

Niri galdetzen badidazu, oso argi daukat.

“Ezerosoak gara, ispilua gara”

“Ezerosoak gara, ispilua gara”

Eider Goenaga Lizaso

Konortea galduta ohera eraman behar izaten ninduten". "Goizean, ogia eta egunkariarekin batera, bi garagardo erosten nituen; eta, lanean hasterako, biak edaten nituen". "Publikoari begira lan egiten nuenenez, egunean zehar itxura gordetzen saiatzen nintzen, baina etxera iristean, lurra jotzen nuen". "Beste edozeinen moduan, gaztetxotan hasi nintzen, festara irteten nintzenean, asteburuetan". Leonor Carmonak (Donostia, 1964) hiru urte daramatza Aergin, errehabilitazioan dauden alkoholiko eta adiktuen Gipuzkoako elkartean, terapia jasotzen. "Nik ez nuen edan nahi, eta konorterik gabe oheratzen nindutenetan, biharamun goizean ez nintzen gai ispiluan begiratzeko. 'Ez dut gehiago egingo, ez dut gehiago edango', esaten nion nire buruari. Baina borondatea ez da nahikoa".

Bikotekideak bultzatuta joan zen Carmona Aergira. "Botiletan markak egiten zizkidan, eta nire erantzuna edari fuerteagoak hartzea izan zen; zerbait egin behar genuela esaten zidan, eta, asko kostata, duela hiru urte hasi nintzen errehabilitazioan. Tartean, edatera itzuli izan naiz; sei hilabete edan gabe eman ondoren ere bai". Carmonak bezala, martxan daramatzan hiru urte eta erdian, 401 alkoholikok eta adiktuk egin dute errehabilitazioa Aergin, eta 154 senitartekok jarraitu dute familientzako terapia. Iazko datuei erreparatuta, 165 adiktu eta senide artatu zituzten.

2015eko jardunaren memoria aurkeztu zuen, herenegun, Aergik, eta Josean Fernandez presidentea pozik agertu zen emaitzekin. "Erabiltzaileen %98 ez da berriro bere adikziora itzuli. Oso emaitza ona da. Gurera etortzen direnen artean %6an dago berriro itzultzen direnen batez bestekoa, eta horrek nabarmen hausten ditu Europako zein Espainiako Estatuko estatistikak". Terapiara joaten direnek jarraipenez egiten dutela eta %99ko asistentzia dutela ere nabarmendu du.

Tratamenduen osagarri

Fernandezek azaldu duenez, "gaixotasunari aurpegia jartzea" eta mediku zein psikiatrek menpekotasunak dituztenekin hasitako tratamenduen osagarri izatea dira euren helburuak. "Gurera etortzen denak ez du zertan errehabilitazioa aurrez hasita eduki behar; baina, gugana etortzen den oro medikuarengana bidaltzen dugu, hemen egiten ditugun terapiekin batera, eta medikuak hala behar duela uste badu, dagokion tratamendu mediko-psikiatrikoa has dezan". Taldeko terapia bidez funtzionatzen dute, eta banakako jarraipena egiten diete adiktuei zein senideei.

"Mota guztietako menpekotasunak hartzen ditugu, bai kimikoak —alkohola, tabakoa eta beste drogak— eta baita jokabidezkoak ere —ludopatia, erosketa konpultsiboak...—, eta denek batera egiten dute bidea. Izan ere, menpekotasun bakoitzak bere ondorioak dituen arren, adikzioaren oinarria eta konponbidea bera da", azaldu du Fernandezek.

Carmonak alkoholarekin du arazo handiena, baina bestelako drogak ere kontsumitu ditu. "Ile apaintzailea naiz eta desfileak-eta antolatzen nituen, han eta hemen ibiltzen nintzen, Ku diskotekan, batean, bestean. Eta giro horretan, hor dauzkazu droga guztiak. Alkoholaz gain, speeda eta kokaina ere kontsumitu ditut". Bere esanetan, legez kanpoko drogak uzteko zailtasun handirik ez zuen izan. "Baina, alkohola... Nire bizitzako hainbat gertaerek jotako kolpe emozionalen harira, alkohola izan zen nire babeslekua. Garagardo batzuk, ardo pixka bat... Edan, eta mina sentituko ez banu bezala zen. Eta, ia oharkabean, muga pasatzen duzu, eta ez zara konturatu. Kontsumo konpultsibo, amorratu eta frustragarria zen. Nik ez nuen edan nahi, baina edan egiten nuen".

Orain bizitza "koloretan" ikusten duela dio Carmonak, ez dela zuri-beltza, merezi duela bizitzeak. "Hori ere zalantzan jartzen nuen. Maiz pentsatu dut hobe nuela desagertzea. Orain ez". Eta Carmonak aurpegia ematea erabaki du, bere kasua ezagutaraztea, jendeak ikus dezan alkoholismoak edozein harrapa dezakeela. "Nik bizimodu osoa nuen, asko maite ninduen bikotekide bat, familia, izugarri maite dudan lanbide bat... Ez zirudien edateko motiborik zegoenik, baina edan egiten nuen. Alkoholikoa ez da kalean etzanda, ardo kaxa batekin eta eskean dagoena, ez. Alkoholikoa pertsona normala da. Zu eta ni bezalakoa".

Aergiko erabiltzaileen adinaren batez bestekoa 46,8 urtekoa da; ikasketa mailari dagokionez, %32,14ek unibertsitate mailako ikasketak dituzte, %53,57k maila ertaineko ikasketak, eta %12,5 dira ikasketa gabeak. Generoari begiratuta, emakumeak eta gizonak pareko dira, %51 emakumeak eta %49 gizonezkoak. "Guretzat oso inportantea da datu hori. Kontuan hartu behar dugu orain dela 20 urte errehabilitazioan zeuden emakumeen batez bestekoa hogeitik batekoa zela, eta, egun, Espainiako Estatuan hirutik batekoa dela".

Bigarren mailakoak

Profil horretan bete-betean sartzen da Carmona. Urduri dago prentsaurrekoan, lehen aldia da jendaurrean bere gaixotasunari buruz hitz egingo duela, lasaiago hitz egin du gero kazetariarekin. "Argi utzi behar da hau gaixotasun bat dela. Ni gaixo bat naiz, gaixo kroniko bat naiz, beste hamaika gaixotasun kroniko dauden moduan, eta osatzeko bidea egiten ari naiz. Hala, beste gaixoekin aurreiritzirik, arbuiorik eta mespretxurik ez badago, nik ere tratu bera merezi dut. Horregatik etorri naiz gaur, ondo nagoelako, jendeak ni ikus nazan nahi dudalako, ezagutu nazatela, jakin dezatela ez dela ezer gertatzen, alkohola utzi daitekeela, utzi egiten dela, bizitza bizi daitekeela, eta ez garela bigarren mailako herritarrak".

Hain zuzen ere, aldarrikapen hori da Aergiren leloa zehazten duena: Ikusteko modukoak gara. "Bada garaia gaixotasun honek argia ikus dezan, denen begietara zabal dadin, adiktuek errehabilitazioa ezkutuan eta lotsaz egiteari utz diezaiogun. Alkoholismoaren eta menpekotasunen estigmatizazioa puskatu nahi dugu, gaixotasunari aurpegia jarri, ondorio guztiekin eta ezer ezkutatzen eta leuntzen ibili gabe", dio Fernandezek.

Lehen pertsonan hitz egiten du Aergiko presidenteak alkoholikoez. Izan ere, Aergin menpekotasunen alorreko teknikariak eta masterdunak dira terapiak gidatzen dituzten pertsonak, baina haiek ere inoiz menpekotasunen bat izan eta gainditutakoak dira. "Ez daukagu inongo lotsarik, ez gaitu lotsatzen errehabilitazioan egoteak, eta are gutxiago errehabilitatuta egoteak", dio Fernandezek. "Kontrakoa, guk hau guztia ikusgai egin nahi dugu. Zenbakiak ematen ditugu, baina zenbakiak ez dira ezer jendeak horien berri ez badu. Jendeak ikusi behar du arazo honek baduela konponbidea, hor kanpoan jende asko baitago arazo honekin, apurtutako familia ugari dago gaizki pasatzen. Guk guztiengana iritsi nahiko genuke, eta horretarako ateratzen gara prentsaurrera".

Zertan lotsaturik ez duela sentitzen du Carmonak ere. "Edaten nuenean nire buruari esaten nion jendeak ez zuela nabaritzen, baina hori ez da horrela. Jende guztiek ikusten zuen zerbait gertatzen zitzaidala; lankideek, bizilagunek, supermerkatukoak... Orduan nengoen gaizki, orain ondo nago, eta jendeak jakitea nahi dut. Baina egia da, halaber, alkoholikoak ezerosoak garela jendearentzat, haien ispilua garelako. Niri, ni neu alkoholikoa izan arren, atzera egiten zidan tabernan emakume bat mozkortuta ikusteak, edo edaten eta makinan dirua botatzen ikusteak. Baina, zergatik arbuio hori? Ba nire ispilua zelako, eta ez nuelako ikusi nahi".

Alkoholikoak ingurukoen begietara izaten duen bilakaera aipatu du Fernandezek. "Hipokresia izugarria da. Edale soziala izatetik edale konpultsibo edo gehiegizko edale izatera pasatzen garenean, jendea gu baztertzen hasten da, ingurukoen begiradak eta mespretxua nabaritzen hasten gara; eta, kurioski, errehabilitazioan hasten garenean, bazterketa bera pairatzen dugu, ziklo sozialetik kanpora gelditu garen jendea gara".

Errehabilitazioa behar du senideak ere, eta gehienak emakumeak dira

E. Goenaga Lizaso

Errehabilitazioa egiten ari direnen %51 emakumeak dira Aergin. "Erdi eta erdi dira, gutxi gorabehera", dio Yolanda Anguera Aergiko idazkariak. Baina, Aergira iristeko moduan ezberdinak dira emakume eta gizonak. "Alkoholak ezberdin eragiten digu gizonei eta emakumeei, emakumeok ezberdin metabolizatzen dugu alkohola, gure organoei kalte handiagoa egiten die. Baina, emozionalki ere ezberdin eragiten du. Guregana datorren emakumea oso bakarrik sentitzen da, eta bakarrik etortzen da".

Gizarteak emakume alkoholikoari gizonari baino okerrago begiratzen diola nabarmendu du Anguerak, eta askotan errehabilitazioa egiten ari den emakumeak familiaren presioa izaten duela terapia uzteko. "Terapia uzten duten emakumeen bi herenek euren bikotekideen eraginez uzten dute. 'Jada ez duzu edaten, zertarako joan behar duzu?' eta horrelakoak entzuten dituzte. Terapia uzten dute, eta, tamalez, asko edaten hasten dira berriz".

Anguerak, bestalde, zaurgarritasun handiko taldea alkoholikoen senideena dela nabarmendu du. "Senideek ere behar dute errehabilitazioa, behar dute terapia, eta egoera horretan ere emakumeak dira nagusi". Egun senideentzako terapia jasotzen dutenen artean gizon bakarra dagoela nabarmendu du Anguerak.

"Kodependentzia" aipatu du Aergiko idazkariak. Dioenez, profesionalek beraiek ere ahaztu egiten dituzte adiktuen senideek pairatzen dituzten arazoak. "Mediku askok ez dakite arazo hori existitzen denik ere. Baina, adiktu asko senideekin etortzen dira guregana, eta senidea adiktua baino okerrago egoten da".

"Kodependentzia pairatzen duen emakumea menpekotasunaren mundu subjektiboan sartuta dago, eta oso zaila egiten zaio hori onartzea. Kosta egiten zaie eurek ere arazo bat dutela aitortzea. Ohitu dira arazo bat duen pertsona hori zaintzera, euren bizitzaren ardatza bihurtu da, eta ez dakite nola jokatu hura errehabilitatzen hasten denean". Anguerak dioenez, gogorra da alkoholikoaren senideak bizi duena azaltzea. "Ondoan duten pertsona hori behar dute, baina pertsona horrek kontsumitzen jarrai dezan ere bai; maite duten hori gaizki behar dute, horrek ematen diolako zentzua euren bizitzari. Hori onartzea oso latza da". Hiru bider ezkondu eta denetan alkoholiko batekin ezkondu den andre baten kasua izan dutela dio Anguerak.

Alkoholikoak edo adiktuak errehabilitazioa hasten duenean, bere ondokoak ere —dela bikotekidea, direla seme-alabak— errehabilitazioa hasi behar lukeela esan du Aergiko idazkariak. "Terapia modu bateratuan egiten ez bada, talka handia izaten da; alkoholikoak bere bizimodua aldatzen badu, baina bikotekideak ez badu urratsik egiten, oso litekeena da dibortzioan amaitzea".

Ildo horretan, eurengana senideak adiktuarekin batera edo adiktuaren ostean heltzen direla esan du Anguerak. "Baina, agian, onena senidea hastea litzateke. Adiktuaren senideak bere bizitzaren lema hartzea erabakitzen duenean, menpekotasunaren mundu subjektibo hori atzean uzten hasten denean, eta gauzak ondo egiten hasten denean, adiktua bakarrik gelditzen hasten da, lurra jotzen du, eta laguntza eskatzen du".

Ikastola, herriarekin hazten

Ikastola, herriarekin hazten

Eider Goenaga Lizaso

"Gipuzkoako ikastola gehienek 80ko eta 90eko hamarkadetan eman zuten pausoa orain ematen ari gara gu. Ikastola guztiak hasi ziren barrakoietan eta herritarrek edo erakundeek utzitako egoitzetan klaseak ematen, baina nik uste dut gehienek aspaldi egina zutela horietatik ateratzeko urratsa. Irurako ikastolak 2017an bukatuko du bide hori". Nere Etxezarreta (Andoain, 1970) Irurako Ikastolako lehendakaria da, eta eraikin berria altxatzeko obrei begira egin ditu adierazpenok. Lanak duela pare bat aste hasi zituzten, eta gaur lehen harria jarriko dute, ekitaldi ofizialean.

Eraikin berriak 2 urteko gela, Haur Hezkuntza, jangela eta psikomotrizitate gela hartuko ditu. "Orain horiek ikastolako eraikinetik kanpo daude, Irurako plazan, udalak utzitako eraikinetan barreiatuta. Guretzat pauso handia izango da horiek denak bakarrean biltzea", gehitu du Larraitz Agirrezabalak (Anoeta, 1978), ikastolako zuzendariak.

Izan ere, hiru eraikinetan banatuta daude orain Irurako Ikastolako umeak: LH osoa eta HH3, ikastolaren eraikinean; 2 urteko gela, HH1 eta psikomotrizitate gela, plazako eraikin batean; eta HH2 eta haur txokoa, plazako beste eraikin batean. Horrez gain, jangela plazako hirugarren eraikinean kokatuta dago. Ondorioz, umeek batetik bestera ibili behar izaten dute —HH3koak psikomotrizitate gelara joateko, ikastola handikoak jangelara joateko, HH1 eta HH2koak ekitaldi bateratuetan parte hartzeko...—, eta tartean errepidea pasatu behar dute birritan.

Eraikitzen

Irurako Ikastolak 2008an egin zuen udalak utzitako lokalak eta herriko plazan jarritako barrakoiak uzteko lehen pausoa. 2008-2009ko ikasturtea eraikin berean egin zuten lehendabizikoz Lehen Hezkuntzako ume guztiek —DBH Anoetako Ikastolan egiten dute Irurako ikasleek, eta Batxilergoa, Tolosan—. Kilometroak antolatu eta ikastolak eraikin propioa izateko lehen urratsa egin zuten, orduan. Eraikitzen izan zen 2008ko Kilometroen leloa, eta Irurako Ikastolak eraikitzen jarraitzen du.

"Orduan ere bagenekien eraikina ez zela nahikoa ikastolaren beharrei erantzuteko", azaldu du Agirrezabalak. "Hasierako proiektua, berez, bi zikloak, jangela eta abar hartzeko prestatua zegoen, baina, arrazoi ekonomikoak tarteko, zati bati uko egin behar izan zitzaion, momentuz". Irurako Ikastolak eraikin hura ordaintzeko eskatutako kreditua ordaintzen jarraitzen du 2008tik, baina aurten proiektu hura osatzeko pausoa emateko erabakia hartu du. "Milioi bat euroko kreditua geldituko zaigu, eta karga handia da gurea bezalako ikastola txiki batentzat, baina ezinbestekoa ikusten genuen ikastola osoa leku berean elkartzea".

Agirrezabalak, hala ere, argi du pauso hori ez zutela emango Irurako Udalak laguntza eskaini ez balie. Haren esanetan, udalaren proposamena izan baitzen bigarren eraikina egiten hastea. "Udalak bilera batera deitu gintuen, 2013an, eta, udalak behar batzuk zituenez, hasierako proiektu hari amaiera ematea proposatu zigun. Erraztasun guztiak eman zizkiguten". Batetik, lurra, eta, bestetik, iaz hamar urterako hitzarmena sinatu zuen udalak ikastolarekin; horren bidez, urtean 75.000 euro jasoko ditu ikastolak, kreditua ordaintzen joateko. "Esker oneko hitzak baino ez ditugu udalarekiko. Udalaren laguntza handia izan da, eta hori gabe ezingo genuke amets hau gauzatu", esan du Agirrezabalak, Etxezarretak buruarekin baietz egiten duen bitartean.

Ikasleak, hirukoiztu

Irurako Ikastolaren ibilbidea ezin da ulertu herriak azken urteotan izan duen hazkunde izugarriari erreparatu gabe. "Herria izugarri hazi da, eta egia bada ere ikastolak udalaren eta herriaren laguntza behar duela, egia da, modu berean, udalarentzat eta herriarentzat ikastola ezinbestekoa dela. Herriak ikastola behar du, eta normala da laguntzea", gehitu du Etxezarretak.

Izan ere, Iruran etxe berri asko egin dira azken 15 urteetan, inguruko herrietatik bikote gazte asko joan da bizitzera, eta horrek herriaren biztanleria bikoiztu baino gehiago egin du: 1996an, 726 biztanle zituen Irurak; aurtengo urtarrilean, 1785. Ikastolako ikasleei dagokienez, kopurua ia hirukoiztu egin da. "Duela 13 urte, 80 ikasle inguru genituen; orain, 231 ikasle eta 144 familia biltzen ditu ikastolak", eman du datua Agirrezabalak. 2017tik aurrera egoitza bakarra izango dute guztiek.

Dirua ateratzeko, urte osoa lanean

2008tik Irurako Ikastola dirua ateratzeko formula bila dabil, etengabe. Ikastolako irakasle eta gurasoen kezka iturri amaierarik gabea da kreditua ordaintzea. "Esfortzu handia eskatzen digu. Askotan, zeure burua ikusten duzu gehiago arlo ekonomikoari begira, ikastolari eta proiektu pedagogikoari begira baino. Ez da egoera onena, eta nahiko genuke dena ordaindua izatea, baina ez dago dirua ateratzeko beste modurik", nabarmendu du Larraitz Agirrezabala zuzendariak.

Diru gehien ematen duena Ñañarri Rallysprinta da. 2008an antolatu zuten lehendabizikoz, eta hilaren 16an izango da hurrena, ibilbide aldaketarekin. Urkizurako igoera izango da aurten. Horrez gain, taberna jartzen dute festetan, eta aurten Ene Kantak ikuskizuna ekarriko dute Tolosara, abenduan.