Gure Esku Dago. Herri galdeketak

Azpeitian, Debagoienean eta Goierrin egingo dute galdeketa ekainaren 5ean. Honako hauek dira herriak, eta galderak.

AZPEITIA

14.822 biztanle.

Galdera: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?".

DEBAGOIENA

64.325 biztanle. Debagoieneko zortzi udalerri eta Aramaio (Araba). Galdera: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?".

Antzuola

Aramaio (Araba)

Aretxabaleta

Arrasate

Bergara

Elgeta

Eskoriatza

Leintz-Gatzaga

Oñati

GOIERRI

67.670 biztanle. 23 herri.

Galdera: "Nahi duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?".

Altzaga

Arama

Ataun

Beasain

Ezkio

Gabiria

Gaintza

Idiazabal

Itsaso

Itsasondo

Lazkao

Legazpi

Legorreta

Mutiloa

Olaberria

Ordizia

Ormaiztegi

Segura

Urretxu

Zaldibia

Zegama

Zerain

Zumarraga

Hiru asteko atzerako kontua

Eider Goenaga Lizaso

Urtea betetzera doa Gure Esku Dago dinamikak, Anoetako estadioan (Donostia) eta Euskal Herriko beste lau hiriburutan, herritarrei galdetzeko urratsa egingo zuela iragarri zuenetik. Hautetsontzi erraldoien bidez irudikatu zuten egin beharreko urratsa. Espainiako hauteskunde orokorrak gorabehera, galdeketen data dantzan ibili da orain arte, baina joan den larunbatean zehaztu zuten eguna, Donostian. Ekainaren 5ean izango da. Hiru aste barru, Euskal Herriko 34 herritan galdera egingo zaie herritarrei, denetan batera, eta helburu berarekin: erabakitzeko eskubidea gauzatzeari begirako pausoak ematea, erabakitzeko ariketak egitea.

Gipuzkoan, Goierriko 23 herritan, Debagoieneko zortzi herritan eta Azpeitian egingo dute kontsulta ekaineko lehen igandean. Guztira, 145.000 herritar biltzen dituzte galdeketa egingo duten herriek, lurralde osoko biztanleriaren %20 inguru. Aramaio (Araba) eta Ispaster (Bizkaia) izango dira egun berean kontsulta egingo dute herriak.

Herri horietan, sentsibilitate ezberdineko jendea elkartu, galdeketaren aldeko plataformak eta batzordeak eratu, galdeketak egin ahal izateko legezko elkarteak sortu, sinadurak bildu, atxikimenduak lortu, galderak zehaztu, sentsibilizaziorako ekitaldi eta jarduerak gauzatu... urte osoa eman dute lanean, herritarrei nolako estatus politikoa nahiko luketen galdetu ahal izateko. 16 urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea.

Aurrera begira

Ekainaren 5ekoa, ordea, bidearen hasiera baino ez dela dio Gure Esku Dago-k. Aurrera begira ari dira lanean. Azaroan Diman (Bizkaia) eta Bakaikun (Nafarroa) egingo dituzte galdeketak, eta 2017ari begira ari dira lanean jada Oiartzualdean, Usurbilen eta Hernanin; baita Bizkaian, Aulesti, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela eta Uribe Kostan ere. Eta atzetik gehiago helduko dira. Dozenaka herritan martxan dira jada galdeketak egiteko prozesuak. 2018an dute jarria jomuga. "Akordio zabal bat erdietsi nahi dugu 2018ra bitartean, hiru milioi biztanleko herri honek libreki bere etorkizuna erabaki dezan", esan zuen Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko kideak, larunbatean Zurriolako hondartzan egindako agerraldian.

"Euskal Herri osoan ari da urratsak egiten Gure Esku Dago, hurrengo bi urteetan aurreikusi dugun plangintza gauzatzeko". Plangintza horretan lehen olatua izango da ekainaren 5ekoa. Herritarren parte hartze ahalik eta handiena sustatzeko buru-belarri ari dira lanean egunotan, hiru aste barru herritarrek hautetsontziak boto-paperez bete ditzaten. "Erabakia elkarrekin eta herritarren parte hartzearekin hartuz gero, zilegizkoa eta herritarrok onartua izango da, emaitza edozein dela ere. Eta horrek gizarte kohesionatuagoa, sendoagoa, kritikoagoa eta jantziagoa ekarriko du".

Erabakitzen hasi

Ekainaren 5eko galdeketak badu jada irudia. E5 handi batekin ilustratu dute egun horretako afixa, botoa irudikatzen duen gutun-azal batekin eta hiru eskurekin osatzen dena. Azpian, esaldi bat: "Erabakitzen hasi gara". Erabakitzeko eskubidea erdiesteko bidean, ariketa praktikoak eta eskubide hori gauzatzeak duten garrantzia islatu nahi du Gure Esku Dago-k.

Joan den igandean, halaber, Azpeitiko eta Debagoieneko galdeketak sustatu dituzten Erain Debagoiena eta Hitzartu elkarteek ekitaldia egin zuten, Elosuan (Bergara), ekainaren 5ari begira. Orain arte egindako lanarekin pozik eta bozketa egunari begira baikor, Erain Debagoieneko kide Jon Ugarteburuk jasotako babesa nabarmendu zuen. Debagoienean, izan ere, 9.000 sinadura batu dituzte dagoeneko —Oñatin eta Antzuolan sinadurak biltzen jarraitzen dute—. "Oso datu positiboa da guretzat: herri askotan biztanleen %15ek sinatu dute".

Usurbilgo alkatearen eskaera Gipuzkoako herriei

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak ohar bat bidali die Gipuzkoako alkate guztiei, Zubietako errauste plantaren gaia euren herrietako udalbatzarretara eraman dezaten. Gutunean azaldu duenez, "itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritz...

“Arriskutik babestuko zaitut, maitea”

“Arriskutik babestuko zaitut, maitea”

Maite Alustiza

Gurasoak dira, aitona-amonak, izebak eta osabak. GuraSOS mugimenduan elkartu dira, helburu argi batekin: euren haurren osasuna babestea. Kezkatuta daude Zubietan egitekoak diren errauste plantak umeengan izan dezakeen eraginagatik. "Osasuna guztiz bermatuta ez dagoelako eta prebentzio eta babes printzipioetan oinarrituta", plantaren asmoa alde batera uzteko eskatu dute. Joan den larunbatean aurkeztu zuten mugimendua, Lasarte-Orian, eta, epe laburrera, bi asmo nagusi dituzte: informazioa jaso eta zabaltzea, batetik, eta prestatu duten manifestuaren aldeko sinadurak biltzea, bestetik. Manifestuan senide bakoitzak konpromisoa hartzen du haur batekin: "Arrisku honetatik babestuko zaitut, maitea, zin dagizut". Gipuzkoako Foru Aldundira eramango dituzte atxikimenduak.

"Kezkatzen gaitu isiltasunak, eta honelako azpiegiturak osasunean dituen eraginei buruz eztabaida gehiago ez egoteak". Ez daukate "interes politiko eta ekonomikorik", euren haurrak babestea baino ez. Honako hau da funtsean eskatzen dutena: gizartea eta haren ordezkariak ados jar daitezela hondakinen arazoari irtenbidea emateko, inoren osasuna arriskuan jarri gabe.

Euren kezken abiapuntua "errealitate ukaezin batean" dagoela diote: inork ez duela errauste planta bere herrian nahi. Gainera, inguruko herritarren osasuna arriskuan dagoela azaltzeko bi argudio dituzte. Batetik, Gipuzkoako Aldundiak Biodonostiarekin hitzartu duen azterlan epidemiologikoa —hiru azterketa egitea erabaki dute; errauste planta martxan jarri aurretik, errauste plantak martxan urtebete pasatu duenean, eta bost urte pasatu eta gero—. Mugimenduko kideen arabera, azterketa horren beharrak frogatzen du herritarrak arrisku baten aurrean daudela. Horrekin batera, salatu dute plantak gizakiengan izan dezakeen eragina "esperimentatzeko", eurak eta euren haurrak "erabiltzeko" asmoa dutela.

GuraSOSek darabilen beste argudio bat Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen azterketa da. Kutsaduraren sakabanatze atmosferikoaren azterlanean onartzen da kaltetze eremua 30 kilometrokoa dela, hau da, instalazioaren kokapenetik hasita 15 kilometroko erradiokoa. Gurasoen mugimenduak eremu horretan dauden ikastetxeengan jarri du arreta: eragin mapa bat osatu du, erraustegiak zuzenean atmosferara igorritako partikulengatik kalte egin diezaiekeen ikastetxeekin. Horren arabera, berrehun hezkuntza zentro leudeke, baita Donostiako ospitale gunea eta Onkologikoa ere.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak aurkeztutako ebidentzia zientifikoek ere kezkatzen dituzte. "Medikuek argi diote: fetuak, haurrak eta gaztetxoak dira, gaixo eta edadetuekin batera, erraustegien efektuen eragin nabarmenenak jasaten dituztenak".

Ideologia ezberdineko lagunak batu dira mugimenduan, eta, aurrera begira, kide gehiagoren elkargune izan nahi du. Maiatzaren 21erako, esaterako, dibulgazio ekitaldi bat antolatzen ari dira Hernanin, Orona Ideon. Zientzialari eta medikuen eskutik, errauste plantek osasunean sor ditzaketen eraginei buruzko informazioa jasotzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei. Familiez gain, hezkuntza komunitatea ere bidelagun izan nahi dute. Dei berezia egin diete eragin eremuan dauden ikastetxeei eta orokorrean Gipuzkoako zentro guztiei, manifestuarekin bat egin dezaten. Hezkuntza arloarekin ez ezik, osasun arloko profesionalekin ere elkarlanaren aritu nahi dute. Edozein herritarrek aukera du manifestua sinatzeko, www.gurasos.org webgunean.

Kirola, emakumeen azaletik

Kirola, emakumeen azaletik

Julene Frantzesena
Gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak "geroz eta txikiagoak" badira ere, kirolean "oso handiak" dira oraindik. Hala dio Mariate Bizkarra EHUko irakasleak (Gasteiz, 1964): "Prentsan gutxiago agertzen dira emakumeak, ...