Akainaren hozkadak gaixotuta

Akainaren hozkadak gaixotuta

Asier Perez-Karkamo Iazko ekainaren 22an bizitzako kolpe handienetakoa jaso zuen Aintzane Fernandez Dorronsorok (Hondarribia, 1979). Egun horretan jakin zuen Lyme gaixotasun arraroa zuela —Old Lyme hirian diagnostikatu zuten lehen kasua, AEBetan, 1977an—. Euskal Herrian tratatzen ez den gaixotasuna da, eta horrek «zorabioa» eragin zion. Baina era berean, esperantza piztu zitzaion, behingoz ezagutu zuelako txikitatik hamaika gaitz desberdin pasarazi eta azken...

Irakurtzeko eskubidea

Irakurtzeko eskubidea

Asier Zaldua

Irakurtzea plazer bat da, eta, gainera, aberasgarria da. Jende askok, ordea, zailtasunak ditu testu arruntak irakurtzeko: harrera herriko hizkuntza menperatzen ez duten etorkinek, irakurtzen berandu hasi direnek, eskolatze urrikoek, ikasteko arazoak dituztenek, ezgaitasun intelektuala dutenek... Horien irakurtzeko eskubidea bermatzeko, Irakurketa Erraza ekinbidea sortu dute. Ardura bereziarekin landutako liburuak eskaintzen ditu, zailtasunak dituzten pertsona horientzat. Ordizian eta Legazpin hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte egitasmoa ezagutarazteko.

Ekinbide horien guztien helburua gizaki guztiek kulturaz gozatzeko duten eskubidea bermatzea da. Horretarako, Irakurketa Erraza egitasmoak ardura bereziarekin landutako liburuak eta dokumentuak eskaintzen ditu. Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek irakurri eta ulertzeko moduko idatziak dira. Izan ere, populazioaren zati handi batek —%30ek, hain zuzen ere— irakurtzeko zailtasunak ditu. Hori dela eta, batzuek ez irakurtzea erabakitzen dute, eta beste batzuek sufritu egiten dute: badakite irakurtzea plazer bat dela eta aberasgarria dela, baina ezinezkoa zaie irakurtzea.

Irakurtzea behar soziala, nazioarteko zenbait lege testutan aitortutako eskubidea, eta ideiak, pentsamenduak eta esperientziak partekatzea baimentzen duen gozamena da, ordea. Gainera, irakurketaren bidez, hainbat taldek gizarteratzea lortzen dute. Hori guztia dela eta, irakurtzeko zailtasunak dituztenei moldatutako liburuak, webguneak eta dokumentuak prestatzen ari dira mundu osoan. Testu horiek Liburutegien Nazioarteko Federazioaren arauak betetzen dituzte, hizkuntzari eta formari dagokienez.

Oñati, Arrasate, Eibar, Elgoibar, Azpeitia, Donostia eta Errenterian irakurketa errazeko taldeak daude, eta Donostiako Kaxilda eta Errenteriako Mirentxu erreferentziazko liburu dendak dira. Orain, egitasmoa Goierrin ezagutarazi nahi dute. Bultzatzaile nagusiak Legazpiko eta Ordiziako Garagune zentroak dira. Hango langile eta egoiliarrak oso gustura daude jaso duten erantzunarekin.

Asun Jauregi da bi Garagune horietako arduraduna. Irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten dutenez, Ordiziako eta Legazpiko udalei irakurketa erraza ezagutzera ematea proposatu zieten. Beraiek lau bat urte daramatzate egoiliarren artean irakurketa bultzatzen. Horretarako, piktogramak eta irakurketa errazeko testuak erabiltzen dituzte. "Hainbat barne dokumentu irakurketa errazera moldatu ditugu, egutegiak eta gonbidapenak ere irakurketa errazean idazten ditugu...".

Jauregiren ustez, egitasmoa oso garrantzitsua da. "Bi gauza daude jokoan: informazioa jasotzeko eskubidea eta kulturaz gozatzeko eskubidea. Gurekin daudenei bi mundu irekitzen zaizkie: informazioarena eta kulturarena. Batzuek egitasmo honi esker hartu dute lehenengoz liburu bat esku artean".

Proiektuak Ordiziako eta Legazpiko udalen babesa du. Isa Sanz Legazpiko Udaleko Hezkuntza teknikariak azaldu duenez, irakurketa erraza zabaldu nahi dute Legazpin: "Jendea erakusketa ikustera, hitzaldira joatera eta ikastaroan parte hartzera animatu nahi dut. Bestalde, testuak moldatzeko eta irakurketa errazeko talde bat sortzeko asmoa dugu".

Irakurketa errazeko liburuek ezaugarri jakin batzuk dituzte: irudi deskriptiboak dituzte, testu guztiak ezkerretara justifikatuta daude, lerroek testuen sintaxi unitateak errespetatzen dituzte, bazterrak zabalak dira eta lerroen arteko hutsuneak, zuriuneak eta tipografia ohiko liburuetan baino handiagoak dira. Gainera, hizkuntza erraza eta zuzena erabiltzen dute, istorio zehatz eta logiko bat kontatzen dute —argumentu lerro bakar batekin—, ekintza zuzen eta sinpleak kontatzen dituzte —pertsonaia gutxirekin—, esaldiak laburrak dira eta esaldi bakoitzak ideia nagusi bana du.

Irakurketa errazeko lehenengo liburua Suedian argitaratu zuten, 1968an. 1997an irakurketa errazeko materialak egiteko jarraibideak zehaztu zituzten. EAEko Irakurketa Erraza Elkartea, berriz, 2012an sortu zen. Ordutik, materialen argitalpena, erakundeekiko lankidetza hitzarmenak, sare bat sortzea eta dinamizazioa bultzatu ditu. Horrez gain, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: testuak egokitu, berrikusi eta argitaratzen ditu, logotipoa ematen die, idazkera erraza egiteko teknikak irakasten ditu, eta erakunde eta enpresentzat lege testu eta azalpen testuak moldatzen ditu.

Ekinbideak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Hala, mundu osoan irakurtze klubak sortzen ari dira. Klub horietako kideek irakurketa errazeko liburuak irakurtzen dituzte, eta, ondoren, liburuari buruz eztabaidatzeko elkartzen dira. Saio horietan ozenki irakurtzen dute, dinamizatzaile baten gidaritzapean. Espainiako Estatuan 130 klub baino gehiago daude: liburutegietan, zaharren egoitzetan, ospitaleetan, helduen hezkuntza iraunkorreko zentroetan, espetxeetan...

2014an Gaumin argitaletxeak irakurketa errazeko euskarazko lehen nobelak argitaratu zituen. Lehen bilduma horrek katalanetik itzulitako eta zuzenean euskaraz idatzitako euskal egileen nobelak ditu. Argitaletxea Fernando Morillo idazleak sortu zuen, eta Santiago bidearen misterioa da irakurketa errazean argitaratu duen lehen nobela. Laida Martinezek haurrentzako bi liburu idatzi ditu: Max oporretan doa eta Max Bilbon bizi da. Ander Izagirrek, berriz, Txernobil txiki bat etxe bakoitzean.

Erakusketa, hitzaldiak eta ikastaro bat

Erakusketa hilaren 16ra arte egongo da Ordiziako kultur etxean, eta hilaren 18tik apirilaren 8ra, berriz, Legazpiko kultur etxean. Bestalde, hitzaldiei dagokienez, Ordiziakoa gaur izango da: 19:00etan, kultur etxean. Legazpikoa apirilaren 6rako antola...

[Herriz herri] Altzo: Eginkizun faltarik ez dute

[Herriz herri] Altzo: Eginkizun faltarik ez dute

Imanol Garcia Landa

Mahai gainean hainbat egitasmo ditu Altzoko Udalak, bai martxan jarritakoak, eta baita aurki abian jartzekoak ere. Euskararen arnasguneetako bat da Altzo, eta bide horretan jarraitzeko, euskara ikasteko helduen talde bat jarri dute martxan ikasturte honetan. Horrekin batera, mintzalaguna egitasmoa ere abian jarri dute, hainbat herritarren konpromisoarekin. "Aurrera begira hori finkatu eta indartzen joan nahi dugu", esan du Joseba Elduaien alkateak.

Hondakinen gaiari dagokionez, bide onetik doazela dio alkateak. "Etxez etxeko erronda bat egin da, azaltzeko berriro nola sailkatu behar ziren hondakinak, zalantzak argitu, eta kezkak elkarbanatzeko. Egun, gaikako bilketaren portzentaia oso altua dugu. Organikoa herrian bertan kudeatzen dugu dena. Horregatik, birziklatzen dugunaren datu erreala jakitea zaila da, organikoa ez baita jasotzen. Konpostari dagokionez, hobeto nola txikitu dezakegun aztertzen ari gara".

Zenbait obra bideratu dituzte herrian legealdi honetan, tartean udaletxe azpiko lokala berritzea. "Eguraldi txarra egiten duenean eta asteburuetan asko erabiltzen da. Zaharkituta zegoen, eta hori berritu dugu". Hamabi urte inguru arteko haur eta gaztetxoek erabiltzen dute lokala. Beste bi lokal ere badaude gazteek erabiltzen dituztenak. Eskola azpian dagoen lokal bat 12 eta 16 urte bitartekoek erabiltzen dute: "Beraiek kudeatzen dute, laguntza pixka batekin". Eta 16 urtetik gorakoek orain gutxi gaztetxea sortu dute, udalak utzitako beste lokal batean.

Otsabiope gaztetxea hango kideek autogestionatzen dute. "Lokala uzterakoan eskatu zitzaien bakarra izan zen urtero ekitaldi batzuk antolatzeko konpromisoa hartzea". Elduaienek azaldu duenez, oso positiboa da gaztetxe bat sortu izana: "Badakigu etorkizuna herri batentzako gazteak direla. Eta ikusten da giro ona dutela. Oso pozik gaude martxan jarri delako".

Egindako beste egitasmo batek udaletxe azpian jarritako desfibriladorearekin zerikusia du. Lehen sorospenen inguruko bi ikastaro egin dituzte, eta 35 herritarrek parte hartu dute. Udalaren asmoa da urtero ikastaroak errepikatzea.

Aurrera begira

Mahai gainean ere baditu udalak aurki martxan jarriko diren egitasmoak. Horietako batek kaolin meategiekin zerikusia du. Papergintzarako ateratzen zuten bertatik kaolina, eta orain dela hamarkada batzuk itxi ziren. "Azalera handia hartzen dute meategi horiek. Hasieran behe aldera hasi ziren zuloa egiten, baina gero pixkana lur azalera joan ziren, eta horrek arriskua sortu zuen". Alkatearen arabera, zuloak egiterakoan zutabeak jartzen zituzten, ez hondoratzeko, baina urak pixkana zutabeak higatu ditu, eta hondoratzeak izan dira. "Bere garaian bi baserri jan zituen. Zulo handi bat dago eta horri irtenbidea eman nahi diogu".

Zuloa dagoen lursailak pribatuak dira, eta horrek esku hartzea zailtzen du. "Eusko Jaurlaritzarekin bilerak egin ditugu gaiari heltzeko, eta irtenbidea modu ordenatuan emateko akordio batera iritsi gara", zehaztu du alkateak. "Zuloa sortu zen lursaileko jabeekin akordioa lotzen ari gara, eta udalak hektarea bat erosiko du. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan gaude, hektarea horren berreskuratzea lantzeko. Aurreneko pausoa ematen ari gara meategien arazoari irtenbidea emateko".

Bestalde, Batzarremuño eraikinean zenbait berrikuntza egiteko asmoa du udalak. Hain justu, han dagoen erabilera anitzeko gela handi bat hornitu nahi dute: proiektorea, bozgorailuak, taulatua... Beste berrikuntza batzuk Elordi elkartearen ondoan dagoen zelaian egin nahi dituzte. "Iturri bat jarri, mahai eta eserleku batzuk, argiteria indartu...".

Ur ustiapena hizpide

Aurki landuko duten beste gai garrantzitsu bat ur ustiapenarena da. Egun herriak Ur Partzuergoarekin zerbitzu integrala kontratatuta du. "Orain hamar urte sinatu zen hitzarmena, eta aurten bukatzen da. Gure asmoa da gai honen inguruan informatzea. Ur Partzuergoko zuzendaria etorriko da Altzora azalpenak ematera. Horretarako batzarrak antolatuko ditugu, gai honen inguruko eztabaida egiteko eta denon artean erabakitzeko aurrera begira zer egingo dugun".

Beste gai bat garraio publikoarena da. Tolosaldean herri txikientzat eskaripeko zerbitzua jarri zuten iaz, eta Altzo da zerbitzua gehien erabiltzen duen herria. "Ikusten dugu sistema horri oraindik eta etekin handiago atera diezaiokegula. Harremanetan gaude aldundiarekin ordutegian zenbait aldaketa egiteko, eta geltokiak izango direnetan egokitzapen batzuk egiteko". Elduaienek esan duenez, helburua da ahalik eta auto gutxien erabiltzea. Gaiarekin lotuta, eskolarekin batera kontzientziazio kanpaina bat egingo dute udaberrian. Bestalde, bidegorri bat margotuko dute plazatik eskolaraino.

Uda aurretik martxan jarri nahi dute Altzoko Erraldoiari buruzko egitasmo bat. "Laguntza eskaera egin genuen turismoa bultzatzeko. Ezezkoa eman digute, baina gutxieneko bat egin behar dela uste dugu", dio alkateak. Erraldoiari buruz informazio panelak jartzea aurreikusten dute plazan, frontoian eta Altzo Azpin.

Era berean, herriko webgunea berritzen ari dira, eta berrikuntzen artean Elduaienek bat nabarmendu du: "Nekazarien txokoa jarri nahi dugu. Helburua da herrian norbaitek zerbait eskaintzeko badu, horren berri ematea. Horretarako Arrima elkartearekin jarri gara harremanetan".

Unicefen iragarkia, limosna biltzeko

Leire Narbaiza

Sofan nago jesarrita, telebista ikusten. Publizitate etena etorri da eta Unicefen iragarkia. Ume errefuxiatuez dihardu, eta erakunde horretako bazkide egiteko eskatzen digu. Lagun diezaiegun, NBEko elkarte hori dagoeneko bertan dagoelako janariz, tapakiz eta botikaz hornitzen. Dena ume txikien irudiekin egina, musika tristez eta Imanol Ariasen ahots errukarriarekin osotuta.

Publizitate tarte guztietan ageri da, zapping egin eta beste katekoetan ere bai. Atzera ere sakatu dut botoia, ondoez handiegia sorrarazten baitidate bertako umeek. Publizitate-agentziakoek lortu dute lehenengo urratsa: errukitzea.

Atsedenaldian nago, ez-pentsatzeko unean, horregatik jarri naiz pantaila aurrean. Baina spot horrek, barrena irauli ez ezik, burua ere martxan jarri dit eta entzefalogramak laua behar zuenean, aktibatu egin da.

Unicefek umeei laguntzen die. Ez dut zalantzan jarriko. Horretarako, guregana jotzen du, gure hondar alea jar dezagun, euren lana hobeto egin dezaten. Ederki, ez da plan txarra. Era berean, kontraesana dago deialdi horretan; izan ere, Unicef NBEko organismoa da. NBE nazioarteko erakunde handiena da, 193 estatuk osatzen dutena. Horien artean errefuxiatuen arazoaren erantzuleak daude, baita oztopoak jartzen dituzten estatuak ere. Hipokrisi biribila.

Hipokrisiaz gain, zinismoa ere badago. Herritar arruntoi eskatzen digute dirua, gu bezalako herritar arruntei lagundu ahal izateko. Baina gero benetan arazoa konpon dezaketenei ez diete ezer eskatzen. Konponbidea baino asistentzialismoa hutsa —nahiz eta, orain, hori ere behar duten errefuxiatuek—. Estatuei ez diete ezer exijitzen, ezta oinarrizko zerbitzuak edo korridore seguruak ere. Dena jende arruntaren esku.

Jende arrunta da eredugarria. Greziarrak, esate baterako. Bizi duten egoera zailaren erdian egonda ere, materiala eta janaria batzen ibili dira. Gure estatu ahalguztidunak baino gehiago, Europako Batasunak baino areago, ezaguna baita Europako Kontseiluko lehendakariak, Donald Tuskek eskatu diela iheslariei "datozen tokitik datozela", Europara ez etortzeko, "beren burua eta dirua arriskuan" ez jartzeko, eta "mafiei ez sinesteko". Tuskek zer pentsatzen ote du irudiak ikusita, umeak eta zaharrak hartuta turismoa egitera datozela? Edo arrisku kirolak gustuko dituztelako abiatzen direla? Lotsa gutxiko jendilajea da Tusk hori!

Erakunde erraldoi ankilosatu eta paralitikoek ezer gutxirako balio dute. Diru asko xahutu egituretan, baina bizkortasun eta eraginkortasun gutxi, zurrunduta dagoelako burokrazia eta interesengatik.

Bitartean, Idomeni existitzen zela jakin dugu, gas negar-eragileengatik. Haurrak ikusi ditugu deskontsolaturik malkotan. Eta konturatu gara umeek antzera egiten dutela negar Mazedoniako mugan ala Gipuzkoakoan, euskaldunak izan ala afganiarrak. Haur iheslarien aurpegietan, atzera ere geureenak ikusi ditugu, eta geureak balira legez, tristatu gara.

Idomeni ezagutu, baina Tinduf ere hortxe dagoela gogoratu gara. Sahararrak 40 urtean direla errefuxiatu eta Aljeriako basamortuan daudela kanpalekuetan, ahaztuta eta abandonatuta. NBEk orain 25 urte emandako berba ere bete barik duela…

Idomeni, Tinduf, Gurugu, Calais, Sabra eta Xatila... hamaika halako Unicefek eta NBEk konpondu ez dituztenak. Gure limosnarekin kontzientzia garbitze hutsa!

Munduan eragiteko zortzi modu

Munduan eragiteko zortzi modu

Maite Alustiza
"Hogei urtez artikuluak idatzi eta hitzaldiak eman ditut. Horietako askok ezohiko itxura dute, musikan erabiltzen ditudan antzeko metodoak baliatu ditudalako". Horrela hasten da John Cageren Silence liburuaren hitzaurrea. Donostiako Kold...

Koldo Mitxelena, presenteago

Ikerne Zarate

Iaz bete zen Koldo Mitxelena Elissalt hizkuntzalariaren jaiotzaren mendeurrena. Horren harira, hamaika ekintza antolatu zituzten han-hemenka, baita jaio zen herrian ere, Errenterian. Besteak beste, Oarso aldizkarian gehigarri berezia eskaini zioten, eta Mitxelenarenak zinema zikloa antolatu zuten lehen aldiz, hizkuntzalari horrek zinema kritikari gisa izaniko alderdi ez hain ezaguna azalarazteko. Ez da hor amaitu, ordea, Goiko kalean jaio zen Mitxelenaren omenezko egitaraua. Hari monumentua egiteko lehiaketa abiatu berri du Errenteriako Udalak, eta ipuin bat ere prestatzen ari dira.

Monumentuaren ideia mendeurrenaren harira egindako hausnarketaren ondorio dela esan du Garazi Lopez Etxezarreta Euskara zinegotziak. Gobernu taldearen ideia izan da, eta gaiaren gainean eztabaida zabala izan dutela azaldu du: "Monumentuena garaikidea, gaur egungoa, den edo ez aztertzen izan gara. Oro har, uste dugu garrantzitsua dela presentzia gazteentzat. Mitxelenaren omenezko eskulturak figuratiboa izan behar zuen edo ez ere jarri genuen mahai gainean… Belaunaldi berriei begira, izenetik harago, fisikoki hizkuntzalaria irudikatuko duen monumentua interesgarria dela uste dugu, Mitxelenarengana gerturatzeko aukera ematea".

Aitortzaz harago, urrats bat aurrera egitea dela esan du Lopezek, Mitxelenaren gisako figura batek izan duen garrantziari "ikusgarritasun handiagoa" ematea.

Lehiaketarako epea zabaldu dute, eta artistek maiatzaren 31 arte izango dute euren proposamenak aurkezteko aukera. Behin denak bilduta, epaimahai batek aukeratuko du lanik onena. Oraindik ere zehaztu gabe dago zeintzuek osatuko duten, baina udalak argi du zein arlotako ordezkariak nahi dituzten mahai horretan: " Bi artista izango dira epaimahaikide, eta, ahal dela, bietatik bat bederen Errenteriakoa izan dadin saiatuko gara. Mitxelenaren gaineko aditu bat ere izango da, eta, azkenik, Lau Haizetara euskaltzaleon topaguneko kide bat". Epaimahaiak hilabete eta erdi beharko du irabazlea aukeratzeko, eta hortik aurrera bost hilabeteko epea izango du monumentua egiteko. 20.000 euro arteko diru zatia edukiko du obra gauzatzeko, eta, gainera, 2.500 euroko diru saria jasoko du.

Eskulturari mugarik ez diotela jarri esan du Lopezek: "Artistak berak erabakiko du eskultura figuratiboa egin edo ez, zein neurri izango dituen, eta bestelako ezaugarriak". Monumentuarentzat kokapen posible batzuk aztertu ditu udalak. Mitxelenarentzat berarentzat erreferentziazkoak ziren espazioak dira pentsatu dituzten horiek, haren egunerokoaren parte izan direnak. Eskultura egiten duenak, proposamenarekin batera, monumentuaren kokapena ere jarri beharko du, bere lana non jartzea nahi duen. "Gero guztion artean eta aipatutako irizpideak aintzat hartuta erabakiko dugu".

Oraingoz, Koldo Mitxelenak herri ikastetxea eta institutua ditu Errenterian, eta baita bere izena daraman plaza bat ere. Bere omenezko monumentua izango du orain, baina baita ipuin bat ere. Mitxelenaren figura eta euskararen unibertsoan izan duen garrantzia haur eta gazteei hurbiltzea ezinbestekoa da, udalarentzat. Joxe Mari Carrere Errenteriako ipuin kontalariak egin du kontaketa, eta testua dagoeneko prest du. Irudiak, berriz, Idoia Beratarbide ilustratzaile oiartzuarrak egingo ditu, eta bera ari da orain Carrerek prestatutako hitzak irudiekin josten. Ipuina noizko izango den ez dute zehazterik izan, "udara aurretik edo ostean". Lopezek gaineratu du 30 orriko lana haurrei egokitzeko "sintetizazio handia" dagoela.

Mitxelenaren gaineko ipuina egitea Oarso aldizkariaren bueltan eta artxibategian lanean ari direnen proposamena izan zen. Behin argitaratuta, Errenteriako ikastetxeetan ipuinaren gaineko lanketa berezia egin nahi dute, "txikienek ere izan dezaten Mitxelenaren berri".