Koldo Mitxelena, presenteago

Ikerne Zarate

Iaz bete zen Koldo Mitxelena Elissalt hizkuntzalariaren jaiotzaren mendeurrena. Horren harira, hamaika ekintza antolatu zituzten han-hemenka, baita jaio zen herrian ere, Errenterian. Besteak beste, Oarso aldizkarian gehigarri berezia eskaini zioten, eta Mitxelenarenak zinema zikloa antolatu zuten lehen aldiz, hizkuntzalari horrek zinema kritikari gisa izaniko alderdi ez hain ezaguna azalarazteko. Ez da hor amaitu, ordea, Goiko kalean jaio zen Mitxelenaren omenezko egitaraua. Hari monumentua egiteko lehiaketa abiatu berri du Errenteriako Udalak, eta ipuin bat ere prestatzen ari dira.

Monumentuaren ideia mendeurrenaren harira egindako hausnarketaren ondorio dela esan du Garazi Lopez Etxezarreta Euskara zinegotziak. Gobernu taldearen ideia izan da, eta gaiaren gainean eztabaida zabala izan dutela azaldu du: “Monumentuena garaikidea, gaur egungoa, den edo ez aztertzen izan gara. Oro har, uste dugu garrantzitsua dela presentzia gazteentzat. Mitxelenaren omenezko eskulturak figuratiboa izan behar zuen edo ez ere jarri genuen mahai gainean… Belaunaldi berriei begira, izenetik harago, fisikoki hizkuntzalaria irudikatuko duen monumentua interesgarria dela uste dugu, Mitxelenarengana gerturatzeko aukera ematea”.

Aitortzaz harago, urrats bat aurrera egitea dela esan du Lopezek, Mitxelenaren gisako figura batek izan duen garrantziari “ikusgarritasun handiagoa” ematea.

Lehiaketarako epea zabaldu dute, eta artistek maiatzaren 31 arte izango dute euren proposamenak aurkezteko aukera. Behin denak bilduta, epaimahai batek aukeratuko du lanik onena. Oraindik ere zehaztu gabe dago zeintzuek osatuko duten, baina udalak argi du zein arlotako ordezkariak nahi dituzten mahai horretan: ” Bi artista izango dira epaimahaikide, eta, ahal dela, bietatik bat bederen Errenteriakoa izan dadin saiatuko gara. Mitxelenaren gaineko aditu bat ere izango da, eta, azkenik, Lau Haizetara euskaltzaleon topaguneko kide bat”. Epaimahaiak hilabete eta erdi beharko du irabazlea aukeratzeko, eta hortik aurrera bost hilabeteko epea izango du monumentua egiteko. 20.000 euro arteko diru zatia edukiko du obra gauzatzeko, eta, gainera, 2.500 euroko diru saria jasoko du.

Eskulturari mugarik ez diotela jarri esan du Lopezek: “Artistak berak erabakiko du eskultura figuratiboa egin edo ez, zein neurri izango dituen, eta bestelako ezaugarriak”. Monumentuarentzat kokapen posible batzuk aztertu ditu udalak. Mitxelenarentzat berarentzat erreferentziazkoak ziren espazioak dira pentsatu dituzten horiek, haren egunerokoaren parte izan direnak. Eskultura egiten duenak, proposamenarekin batera, monumentuaren kokapena ere jarri beharko du, bere lana non jartzea nahi duen. “Gero guztion artean eta aipatutako irizpideak aintzat hartuta erabakiko dugu”.

Oraingoz, Koldo Mitxelenak herri ikastetxea eta institutua ditu Errenterian, eta baita bere izena daraman plaza bat ere. Bere omenezko monumentua izango du orain, baina baita ipuin bat ere. Mitxelenaren figura eta euskararen unibertsoan izan duen garrantzia haur eta gazteei hurbiltzea ezinbestekoa da, udalarentzat. Joxe Mari Carrere Errenteriako ipuin kontalariak egin du kontaketa, eta testua dagoeneko prest du. Irudiak, berriz, Idoia Beratarbide ilustratzaile oiartzuarrak egingo ditu, eta bera ari da orain Carrerek prestatutako hitzak irudiekin josten. Ipuina noizko izango den ez dute zehazterik izan, “udara aurretik edo ostean”. Lopezek gaineratu du 30 orriko lana haurrei egokitzeko “sintetizazio handia” dagoela.

Mitxelenaren gaineko ipuina egitea Oarso aldizkariaren bueltan eta artxibategian lanean ari direnen proposamena izan zen. Behin argitaratuta, Errenteriako ikastetxeetan ipuinaren gaineko lanketa berezia egin nahi dute, “txikienek ere izan dezaten Mitxelenaren berri”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.