Gil Berzalen ardo naturala: gaur egunera egokitutako tradizioa

Aitonari entzundakoak bere egin ditu Saul Gil Berzalek: "Ardoa mahastian egiten da. Han etxeko lanak egiten ez badituzu, gero zaila da upategian ondo lan egitea". Guardiako (Araba) Gil Berzal upategiaren ardoek kalitatezko mahatsa dute oinarrian; hortik abiatuta, zabala da eskaintza: "Gurasoek ardo gaztea egiten zuten bakarrik. Lekukoa hartzerakoan, ardo bereziagoak ekoizten hasi gara: autore ardoak ditugu, zainduagoak, modernoagoak...".

Zazpi ardo ekoizten dituzte egun; Recoveco gaztea da Euskal Herriko Plazak eskaintzen duena. Berezia da ekoizpen modua: "Oso modu tradizionalean egiten da; galtzen ari da, gainera, eta horri eustea garrantzitsua dela uste dugu". Beratze karbonikoa erabiltzen dute ekoizpenean: mahats mordoa mahastitik jasotzen duten bezala hartzitzen dute, osorik, eskeletoa deitzen diotena kendu gabe. "Horrela, ardo freskoagoa lortzen da, Arabako Errioxako ardo tipikoa". Bi mahats mota ditu Recoveco gazteak: %95 tenpranilloa da, eta %5 biura. Intentsitate handiko usaina du, fruitu lurrinekoa eta erregaliz ukituduna.

Sukaldean bezala, ardogintzan ere lehengai onak izatea ezinbestekoa da Gil Berzalentzat: "Sukaldari bati arrain freskoa ematen badiozu, ziur plater ederra egingo dizula. Izoztutakoa emanez gero, ordea, agian hobetuko du, baina ez da bikaina izango". Produktu on bat lortzeko, ekoizpen prozesua lehen momentutik zaintzen dute, inaustetik bertatik: "Inauste motzak egiten ditugu, eta mahats mordo txikiak izaten saiatzen gara, ardoak kalitate hobekoak izan daitezen". Gil Berzalen ustetan, asko ekoitziz gero, umotzea ez da behar bezalakoa izango, eta kalitatea ez da hain ona izango. "Errendimendu oso baxuan egiten dugu lan: hektareako 6.500 kilora arte dago baimenduta, baina guk 4.000-4.500 kilo ditugu. Uste dugu hori dela egokiena kalitatezko ardo bat egiteko".

Ardo naturalak dira Gil Berzalenak. Mahastizaintza ekologiko eta iraunkorra lantzen dute: ez dute ongarririk erabiltzen, ez herbizidarik, ezta produktu kimikorik ere. Upategian ere, filosofia hori daramate: berezkoa duen legamiarekin hartzitzen da mahatsa, eta ez dute azidorik botatzen. "Gure asmoa da barrika ez dadila protagonista izan, errespeta dezala fruitua, eta fruitu hori izan dadila benetako protagonista". Tradizioan oinarritutako ekoizpena egiten dute; Gil Berzalentzat, hala ere, "oso garrantzitsua" da teknologia ardoa egiterakoan. Tenperaturak kontrolatzeko ekipamenduan eta abarretan egin dituzte berrikuntzak.

Izotz ardoa

Urtean 80.000-100.000 litro ekoizten dituzte upategian, eta erdia botiletan merkaturatzen ari dira. Eskaintza zabaltzearekin batera, "hazten" doa upategia. Esperientzia berriei ere ireki diete bidea: izotz ardoa egiten dute: "Mahats bilketa negurako uzten dugu; ez da, ohi bezala, urrian biltzen". Lehenengo izozteak heltzen direnean jasotzen dute, azaro bukaeran edo abenduan: "Gauean egin behar da, mahatsa izoztuta dagoenean. Prentsatzea ere zero azpiko tenperaturetan egiten dugu". Gil Berzalek dioenez, izotzak mahatsa deshidratatzen du, ura kentzen dio, eta mamia geratzen da. "Ardo aromatikoa da, gozoa".

Toloño mendilerrotik hurbil daukaten sail batean egiten dute izotz ardoa; "oso hotza" izan behar du tokiak, bestela, ez du funtzionatzen: "Saiatu izan gara beste toki batzuetan egiten, baina ezin izan dugu lortu". Neguan, gaueko mahats bilketan parte hartzeko aukera eskaintzen dute; upategiaren webgunean eman daiteke izena.

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Gil Berzal upategia.

Helbidea. www.gilberzal.com

Eskaintza. Recoveco ardo gaztea, 2012. urtekoa. Hiru botilako kaxa bat. Ekainaren 10era arte eskura daiteke.

Prezioa. Kaxak 20 euro balio du.

Produktua erosteko. www.euskalherrikoplaza.com

11:30

'Euskahaldunen' argazkia, bihar, donostianAEK-k Korrikaren mezua hedatzen jarraitu nahi du. Euskahaldun ideiaren barruan, kontzeptu bat azpimarratu nahi du: euskara jakin ez, ahaldundu, eta euskara ikastea lortu zuen jendea. Horiek ikusarazteko, talde...

Neurriak, lan istripuak saihesteko

Olaberriko Karobi industrialdean izandako lan istripua salatzeko, elkarretaratzea egin zuten asteazkenean hainbat lagunek industrialdearen sarreran, gehiengo sindikalak deituta. Ezbeharra astelehenean gertatu zen, Construcciones Metalicas Ogei enpresa...

Udaletan hegemonia garbirik ez

Udal hauteskundeen osteko mapak kolore bakarrekoa zirudien duela lau urte. Bilduk nagusitasunez irabazi zuen Gipuzkoan, eta udaletan ere inoizko udal kopuru handiena lortu zuen Sortu, Alternatiba eta EAren arteko koalizioak. Hegemonia. Horixe Bilduk 2011ko udal hauteskundeen ostean lortutakoa definitzen zuen hitza. Hegemonia hori galdu egin du oraingoan EH Bilduk, eta mapa berriak kolore gehiago ditu, 2011 aurretik egindako beste hauteskundeekin...

Emaitza bakarra: hamarra

Zaila. Bera Bera eskubaloi taldeak hitz horrekin definitu du lehen kolpean aurtengo denboraldia. Eta polita, gelditu zaien sentsazioa.

Kirolean zein pertsonalki izan dituzte zailtasunak zein momentu gogoangarriak. Espainiako Liga hirugarren urtez jarraian irabazi dute, horrek dakarren sekulako lanaren zamarekin, baina, era berean, ereindako fruituez gozatzeko sentsazio gozoarekin. Entrenatzailea aldatu aurretik momentu zailak izan dituzte, eta aldaketa horrek berak zer ekarriko zuen, tentsio hori ere egon da. Taldekide baten heriotzak ere denboraldia belztu du.

Guztiaren gainetik, ordea, hamar borobil bat eman dio denboraldiari Tati Garmendia Bera Berako kirol zuzendariak: "Oso konplikatua eta zaila da hiru urtez jarraian liga irabaztea. Gainera, liga oso estu egoten da; lau talde daude goian, eta ez da hain erraza garaipenak eskuratzea, are gehiago denboraldi honetan izan ditugun zailtasunak kontuan hartuta. Nahiz eta Erreginaren Kopa ez irabazi, hamar bat ematen diot denboraldiari".

Lortutakoa lortzeko sekretu gutxi: lana gogotik egitea. "Talde honetako jendeak kalitate handia du, eta, horrez gain, oso-oso lehiakorrak dira. Kalitatea, lana eta lehiakortasuna elkartzen badira, hori oso positiboa da, eta lorpenak etortzen dira".

Jokalariek ere bat egin dute kirol zuzendariaren iritziarekin. Zailtasunei aurre egiten jakin dutela nabarmendu dute Esther Arrojeriak, Nagore Arizagak eta Uxue Ezkurdiak. "Ondo egokitu gara, eta lan asko egin dugu", adierazi du Ezkurdiak. "Bai, konplikatua izan da, baina, oso lotuta gaudenez, aurrera atera gara, eta bukaera polita eman diogu", gehitu du Arrojeriak.

Ondorio nagusi bat atera du Garmendiak denboralditik: denboraldi berean gauza askori aurre egin behar izaten dietela eta ikusi dutela taldeak zailtasunei aurre egin diezaiekeela. Entrenatzailea aldatzea gakoetako bat izan da. Aitor Etxaburu izan dute entrenatzaile denboraldi hasieran, baina taldea ongi ez zegoela jakinarazi zioten jokalariek kirol teknikariari, eta zirt edo zart egin beharra zegoen: "Apustu arriskutsua izan da, nire postua galtzear egongo litzateke gauzak gaizki ateraz gero. Lider zihoan talde bateko entrenatzaile bat ordezkatu genuen, eta hori arriskutsua zen. Baina taldea ez zegoen ongi, eta horrela jakinarazi zidaten. Askotan zeure buruari ez diozu garrantzirik eman behar eta guztiaren gainetik taldea jarri behar duzu". Montse Putse kataluniarra aritu da entrenatzaile lanetan.

Babeslearen esperoan

Zailtasun ekonomikoen gainean ere hitz egin du Garmendiak: "Zor bat dugu, eta pixkanaka tapatzen ari gara; helburua hemendik hiruzpalau urtera zorrik ez edukitzea da. Egia da ez dagoela arazo ekonomiko larri bat, baina beti gehiago nahi duzu, eta bide horretatik taldekideen egoera hobetu". Taldekideen kontratuak hobetzea, esaterako: "Kirolari bati kontratua hobetu nahi diozu errendimendu ona duelako, baina ezinezkoa da aurrekontu bati lotuta zaudelako".

Orain urte batzuk denak profesionalak ziren taldean, eta duela lau urte eta bi urte murrizketa "oso handiak" egon ziren —200.000 euroko murrizketa aurrekontuan—. Hori horrela, talde guztia profesionala izatea "ezinezkoa" da, eta gaur egun semiprofesionala da. "Hori bai, talde osoak Gizarte Segurantzan kotizatzen du. Gurea talde bakarra da, edo bakarrenetakoa, Gizarte Segurantzan kotizatzen duena, taldekide guztiak esan nahi dut. Kirolari ordu asko eskaintzen dizkiozu, eta zure lan moduan azaltzea oso garrantzitsua iruditzen zait". Jendearen konpromisoa ere bide beretik doala adierazi du, "profesionala". Emakumeek ere kirol bat edukitzeko eta horretara dedikatzeko "eskubidea" dutela iritzi dio.

Zailtasun handiena finantzaketa pribatua aurkitzea da. Erakundeek babesten dute, baina argi du diruak finantzaketa pribatutik etorri behar duela: "Ezin gara soilik publikotik bizi". Aurten bi babesle atera zaizkie, baina babesle indartsu baten esperoan daude. "Hori da behar duguna". Iritsiko dela ziur dago: "Bera Berara batzea proiektu indartsu eta sendotu bati batzea da. Balio garrantzitsu batzuk ordezkatzen ditugu, garaipenez aparte. Nik uste garaipenek ez dutela beti egon behar babesle bati lotuak, eta hala izan ohi da askotan, gainera".

Emakumeen eskubaloiak publizitatean eta gizartean erakargarritasuna baduela iruditzen zaio kirol zuzendariari, eta komunikabideetan toki gehiago duela ere bai. "Telebistan, hala ere, oraindik pauso bat dago emateko. Jendeak eskubidea du eskubaloi femeninoa telebistan ikusteko".

Aitorpen horretan Espainiako Eskubaloi Selekzioak lortutako garaipenek zerikusia dute Garmendiaren irudikoz. Harmailetan ikusle gehiago daudela nabaritu dute Bera Berako kideek, "eta hori pozgarria da benetan". Eskubaloian emakume eta gizonen desberdintasunez hitz egitean, Garmendiak uste du gaur egun ezin dela horretaz hitz egin, "krisiak gizonen eskubaloia ere jo duelako".

Desberdintasunak zeuden garaian, beraz, ekonomikoak ziren batik bat. Bere jokalari garaiak gogoratu ditu horri erreferentzia eginez: "Garai batean desberdintasunak handiak ziren. Selekzioan ere emakumeek lan bera egiteagatik gutxiago kobratzen zuten. Nire garaian, kopuru bera kobratzen zuten neska onenak eta aulkian jokatu gabe egoten zen mutilak".

Zehaztapenak ere egin ditu: "Egia da garai hartan neskek ez zituztela gizonek adina garaipen lortzen, baina lortzen hasi zirenean ere ez zen inon islatuta azaldu. Aitzakia bezala garaipenak erabiltzen ziren lehen". Hala ere, alderaketak egitea ez zaio gustatzen, "agian gizonek gehiago sortzen dutelako", baina argi du bakoitzak berea aldarrikatu behar duela, eta desberdintasunak baldin badaude gutxitu egin behar direla.

Kirola, lana eta ikasketak

Esther Arrojeria eta Uxue Ezkurdia ikasleak dira goi mailako kirolariak izateaz gain. Arrojeria Erizaintza ikasten ari da, eta Ezkurdia, Enpresaritza. Euren denbora hobeto antolatzea dute erronka, bi gauza uztartu ahal izateko. Biek ala biek goizez dituzte klaseak, eta, entrenamenduak arratsaldez direnez, nahiko ongi moldatzen dira. Gainera, goi mailako kirolariak izanik, unibertsitatean erraztasunak ematen dizkietela adierazi dute: azterketen datak aldatzeko, klaseak galduz gero irakasleen laguntza dute... Kirola eta ikasketak uztargarriak direla diote.

Zaila dena eskubaloitik soilik bizitzea da, eta horren adibide da Nagore Arizagaren erabakia: taldea utziko du. Erizain lanetan dabil, eta bere kasuan zailtasunak egon badaude: "Bi gauzak aldi berean egiten saiatu naiz, baina zaila da goi mailako kirol bat eginez bi gauzak uztartzea. Egunero entrenatzen gara, eta asteburuetan partidak ditugu. Denbora asko kentzen dizu". Ikasten zebilen bitartean, eskubaloian izaten zuten bi hilabeteko atsedenaldia aprobetxatzen zuen praktikak egiteko.

Asko pentsatutako erabakia izan da Arizagarentzat: "Hainbeste urte eskubaloian ibilita, nire egunerokoan zegoen". Aurrerantzean harmailetatik ikusiko ditu partidak: "Ea zenbateko inbidia pasatzen dudan!". Bere ibilbidea gogora ekarriz, hasierako garaiak "gogorrak" izan zirela gogoratu du. Ikastetxetik atera eta entrenatzera joaten zen. Lehenengo bi urteetan gazte mailan bere taldearekin entrenatu eta gero, egun batzuetan Bera Berara joaten zen, entrenamentu saio bikoitza egitera. Handik atera eta etxera joaten zen ikastera. Sentsazio ezin hobearekin bukatu du, ordea, bere goi mailako kirol ibilbidea: "Ezagutu ditudan pertsonak geratuko zaizkit gogoan. Hainbeste bidaia, ordu... lagun handiak egin ditut. Kiroletik harago, pertsona moduan asko ikasi dut".

Arizaga ez da taldea utziko duen bakarra; beste hiru ez dira hurrengo denboraldian Bera Beraren parte izango. Patri Elorza eta Maria Nuñez Frantziako Ligara doaz, eta Amaia Azanzari ez diote kontratua berritu. Garmendia kirol zuzendariak dioenez, normalak dira jokalarien joan-etorriak, baina baikorra da hurrengo denboraldiari begira: "Ez dut inongo zalantzarik talde lehiakor bat osatuko dugula".

TS Fundiciones, berpizteko bidean

Uda amaitzerako jarduera berriro martxan egotea espero dute Zestoako TS Fundicionesen. Aste honetan jakinarazi du Pedro Malagon epaileak Shandong Iraeta Wind Power Flanges Manufacturesen esku utziko duela planta, hau da, Gonvarriren esku. 2014ko azaroan konkurtsoan sartu zen enpresa, eta 150 langilek postua galdu zuten. Planaren arabera, 121 lanpostu berreskuratuko dituzte. LABek eta ELAk begi onez hartu dute lantegia Gonvarriren esku geratu izana —irudian, LABen bilera langileekin—.

Libre, baina elkartzeko beharrez

. Tolosatik banandu eta hamar urtera Alegia eta Orendainekin batu zen Ikaztegieta, Aizpuruako Batasunean, irauteko. Ondoren Altzo elkartu zitzaien. Orain gutxi arte, 1967tik 1989ra, Iruerrieta udalerria osatu zuen Orendain eta Baliarrainekin.Histor...