Klik panpinekin osatuta

Romanorum Playmobil Populus izeneko erakusketa ikusgai dago Irungo Oiasso Erromatar Museoan. Playmobil jostailuko klik panpinekin osatutako erakusketa da eta gaztetxoenak erakartzea du helburu.Guztira 2.000 klik panpinek osatzen dute Oiassoko erakuske...

Rapa eta musika esperimentala

Uztailerako egitarau bete betea prestatu dute Oñatiko Antixeneko gaztetxean. Igandean, bi ikuskizunez gozatzeko aukera izango da: Etxepare Rap, batetik, eta Eroa Naizen taldea, bestetik.

Etxepare Rap izenaren atzean Imanol Epelde zarauztarra dago. Euskal literatura eta rap musika uztartzen ditu. Ikus entzunezko bitartekoak ere erabiltzen ditu. Literatura klasikoa eta rap doinuak sarri nahasten ez badira ere, Epeldek Axular, Bilintx, Jon Mirande, Txirrita eta beste askoren hitzei base erritmikoa jartzen die.

Eroa Naizen, berriz, Eibarko talde esperimental berria da.

Etxepare Rap eta Eroa Naizen

Igandean, 19:00etan, Oñatiko Antixeneko gaztetxean.

Gazteak lanean

Goierriko lanbide eskolak 50 urte bete ditu egun hauetan. Lanbideetan trebatzeko ekimen sozialez sortu zena titulazio unibertsitarioak eskaintzera iritsi da eskualdeko enpresen eta jarduera produktiboen lagungarri. Horrelakorik ez zatekeen posible izango borondate asko eta oso desberdinak bide berean jarri ez balira. Ondare handia da Goierriko eskolarena.

Antzeko esperientzia anitz ditugu Gipuzkoan eskualdez eskualde. Tokian tokiko industriaren beharrak eta laneratzeko eskubide eta aukerak maila orotako familiei eskaintzeko gogoak horrelako hamaika esperientzia sorrarazi zuen. Inoiz aztertu beharko da herri ekimen horien eragina gizarte kohesioan eta garapen ekonomiko, industrial zein teknologikoan.

Gazteei lan merkatuan txertatzeko aukera ematea eta bizibidea eskaini nahia zuten helburu esperientzia horiek. Esan daiteke, hamarkada luzeetan, gazteari herrigintzatik aitortu izan zaiola bere eskubideen artean eskolatua izatea, lanbide bat ikastea eta lanaren bitartez bere autonomia ekonomikoa eskuratzea.

Horren gurea izan den sentsibilitate horrek, ordea, egungo errealitatearekin talka egiten du. Hau da, Euskal Herrian 24 urtez beheiti lanerako prest dauden gazteen %43 langabezian daudela (Gipuzkoan %34,5). Gainera, lanean ari diren gazteen %22,6 aldi bateko kontratuarekin ari direla eta orotara %40,4k dedikazio murriztua dutela nahiz eta gehiago lan egiteko prest egon. Esaten ari garena beste hitz batzuekin esan daiteke: alegia, gure artean gazteentzat lana eskas dela eta pobrezian bizitzeko bidea zabal-zabala.

Begien aurrean duguna, beraz, Gipuzkoako gizarte eragileek hamarkadetan sustatu izan duten gizarte ereduaren kontrakoa dugu. Gazteak trebatu arren, gazte horientzat lekurik ez gure lan merkatuan. Hainbat gazte bere gaitasunaz azpiko lanak betetzen, beste hainbat urte luzez ikasitako horretan ezin jardun… alferrik galtzen ari den hamaika ahalegin eta ilusio.

Errealitate konplexu baten aurrean gaude, eta ez dago formula magikorik. Gazteek lan merkatuan lekua izatea edo ez izatea "merkatu" delako horren baitan ez ezik, enpresa jabeen asmo, finantzaketa aukera, araudi eta lege nahiz politika publikoen baitan ere badago. Baina arretaz aztertuta, ikuspegi konplexuzale hori aitzakia ere izan daiteke. Izan ere, gurearen oso antzekoak diren ekonomietan, Danimarkan, Finlandian edo Alemanian, esaterako, gazteen langabezia %10aren azpitik dabil. Hau da, jarduera produktiboak gazteak kontratatzeko joera izan dezake edo ez, horretarako jartzen diren bideen arabera. Argi dago gazteen enplegua herri estrategien parte dela, eta horrek herri mailako adostasuna behar duela, nork berea bete dezan.

Gazteak kontratatzea enpresaren egungo negozio bolumenak izan dezakeen bilakaeraren arabera utziz gero, jai dago bolada batez. Beraz, esan daiteke gazteen enplegua eraginkortasunez sustatu behar dela, eta eginkizun hori lideratzea administrazioari dagokiola.

Egia da Madrilgo administrazioaren erabakiak pairatzen ari garela lan merkatuari eta gastu publikoari dagokionez. Eta egia da horrek mugatu egiten gaituela herri gisa lan harremanak arautzeko orduan. Baina milaka gazte kalean utzi, gure baliabideak alferrik galtzera eman eta gure eskualdetako enpresak zaharkitzera kondenatzen dituen inposizioak erantzun indartsuagoa eskatzen du. Egun indarrean dagoena baino indartsuagoa. Gazteek beren bizitza proiektu duina egiteko eskubidea dutelako, eta gure gizarteak zein ekonomiak gazteak behar dituelako. Gainerakoan, gure gizartearen hamarkadetako joeraren kontra goazela onartu beharko dugu, horretan ere bai.

Folk-pop intimista, Hondarribian

The Icer Company talde nafarrak zuzeneko kontzertua eskainiko du gaur, Hondarribiko Pub Uxoan.

Proiektu pertsonal gisa aurkezten dute The Icer Company. Bizipen pertsonal latz baten ostean Arima Sutan taldeko Iker Zia abeslariak kanta multzo batzuk bildu zituen, formatu akustikoan eta etxean grabatuta. Baina, hasierako grabazio horiek lagun musikarien belarrietara eta eskutara iritsi ziren (Kerobia, Arima Sutanen eta Soñadores natosen egondako musikariengana). Hasierako grabaziok hartuz kantu akustiko haien gainetik disko osoa euren kabuz grabatu eta osatu zuten. Emaitza, Ur abisalen espedizioa da, mimoz sortutako folk-pop intimista eta landua.

'The icer company'

Gaur, 21:00etan, Hondarribiko Pub Uxoa-n.

Herri izaeradun argazki jaia

Argazkilaritza pasio dutenei aukera bat emateko jarri zen martxan Argazkialdia, iaz. Bide batez, kulturaren sustapenak ez duela garestia izan behar erakutsi zuten antolatzaileek. Datorren urtean antolatuko dute bigarren aldiz, Andoainen, eta, 2015eko...

Kolorez beteko da

Cirque du Soleil Kanadako taldea Gipuzkoako hiriburuan izango da asteburuan, Dralion lana aurkezten. Anoetako belodromoan izango da igandera arte. Agertoki gainean pailazoak eta akrobatak izango dira protagonista nagusiak.

Guztira sei emanaldi eskainiko ditu konpainiak Donostian. Atzo egin zuten lehena; gaur, 17:30ean eta 21:00etan izango dira ikuskizunak; bihar ere ordu berean izango dira; eta, igandean, 16:00etan.

Dralion-i dagokionez, diziplina anitzeko ikuspuntua eta Txinako akrobazia artearen 3.000 urteak uztartuz egin du emanaldia Cirque du Soleilek. Ikuskizuna ekialdeko filosofian eta gizakien zein naturaren arteko harmonia bilatzean oinarritua dago. Dralion izena bi izaki legendarioen uztartzetik dator: Ekialdea irudikatzen duen herensugea eta Mendebala irudikatzen duen lehoia. Ikuskizunean naturako lau elementuek —airea, ura, sua eta lurra— gizakien itxura hartzen dute, gizakiak eta bere inguruak lortzen duten oreka erakutsiz. Dralion-en unibertsoan nahastu egiten dira kulturak, gizakiak eta naturak bat egiten dute eta, lanaren sortzaileen esanetan, oreka lortzen da.

Musika, mimoak, malabarismoak, umorea, saltoak eta koreografia ikusgarriak izango dira asteburuko protagonista Donostiako Belodromoan. Gaur egun, 40 herrik eta 25 hizkuntzak osatzen dute zirkua eta 3.000 langile dituzte munduan osoan. Horrez gain, 34x20 metroko pista erabiltzen dute. Espazio horrek, bi ordu eta erdiko ikuskizunean barrena murgiltzeko aukera ematen dio ikusleari.

Bide luzea eginda

Cirque du Soleil 1984an Quebecen Guy Laliberték eta Daniel Gauthierrek sortutako zirku konpainia da. Mundu osoan ezaguna da bere ikuskizunengatik eta 125 miloi lagunek ikusi dute zuzenean. 100 sari baino gehiago lortu ditu Cirque du Soleil konpainiak. Horrez gain, hilero casting-ak antolatzen dituzte munduko ikuskizun onena emateko.

Konpainia zirkuko arauak berritzeko asmoz sortu zen. Bere lehen ikuskizuna La Magie continue izan zen. 1987an AEBetara bidaiatu zuten eta 1990ean Europara. Beldurra, fantasia, poza, denboraren iragana edo Ekialde eta Mendebaldeko ohituren inguruan aritzen dira. Gaur egun, AEBak, Europa eta Japoniaren artean bidaiatzen dute.

Kolorea da zirkuaren ezaugarrietako bat. Quebeceko egoitza nagusian ekoizten dituzten jantzi, zapata, kapela, maskara eta makillaje zirriborroak edonor liluratzeko modukoak dira. 2.500 jantzi baino gehiago dira, hiriz hiri 50 bat edukiontzitan gordeta garraiatzen dituztenak. Eta horiekin batera lau arduradun, arropak zaintzeko eta konpontzeko eginbeharra dutenak. Hiri bakoitzean beste bi lagun ere kontratatu ohi dituzte laguntzaile gisa, emanaldi bakoitzean hiru aldiz aldatzen baitute artistek euren janzkera.

Cirque du Soleilek mundu osoko bazterrak kolorez eta magiaz margotzen ditu. Euskal Herria ere kutsatuko du zirkuak, Donostiatik Bilbora egingo baitu abuztuan.

Donostiako udalak Cirque du Soleil taldearen ikuskizunerako 420 sarrera eskaini zituen joan den astean langabe donostiarrentzat. Ordu gutxitan banatu zituzten guztiak.

Cirque du Soleilen 'Dralion' ikuskizuna

Igandera arte Donostiako Anoeta Belodromoan.

“Gure eskolaren misioa da Goierri garatzen laguntzea “

Goierri Eskola herritarren eskutik sortu zen, 1964an. Hamabi guraso elkartek eta hainbat enpresak aurreikusi zuten eskualdeko lantegiek eskulan kualifikatua beharko zutela, eta gazteak prestatzeko proiektua jarri zuten martxan. Eskola garatzen joan da geroztik, eta, egun, ingeniaritza ikasketak ere eskaintzen ditu, besteak beste. Iñaki Zabalo (Ordizia, 1968) da zuzendaria. Zabalok argi du zein den eskolaren zeregina: eskualdearen unean uneko beharrei erantzuten laguntzea.

Goierri Eskolak 50 urte bete ditu aurten. Zenbat ikasle pasatu dira eskolatik?

8.200 ikasle inguruk lortu dute lanbide heziketako titulua. Horietako gehienak, gainera —%90etik gora—, eskualdeko enpresetan ari dira lanean. Horiez gain, beste 9.000 bat langile ere igaro dira gure eskolatik, haien gaitasun teknikoa hobetzeko helburuarekin. Bestalde, 2001etik ingeniaritza ikasketak ere eskaintzen ditugu eskolan. Dagoeneko 400 ingeniari lizentziatu dira.

Urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia egin zenuten ekainaren 25ean. Herritarren elkarlana goraipatu zenuen han. Zergatik?

Zalantzarik gabe, herritarren lana ezinbestekoa izan delako eskola aurrera ateratzeko. Nondik sortu zen ikusi besterik ez dago horretarako. 1960ko hamarkada hasieran gogoeta bat egin zuten hainbat herritarrek. Antzeman zuten eskualdeko enpresek garapen sakona izango zutela eta eskulan kualifikatua beharko zutela. Garai hartan, CAFek bakarrik zeukan eskola bat. Eskualdeko beharrak ikusita, hainbat enpresa eta eskualdeko hamabi guraso elkartu, eta martxan jarri zuten lanbide heziketako eskola sortzeko ideia. Geroztik, apurka-apurka, garatzen joan da ideia hura. Herritarren elkarlanaren ondorioz sortu zen eskola. Horregatik diot elkarlana ezinbestekoa izan dela.

Elkarlan horren emaitza da 1986an sortutako Goierri Fundazioa ere?

Bai, hori da. Goierri Fundazioaren sorrera da beste giltzarri nagusietako bat. Eskola garatzen ari zen, eta, fundazioa sortuta, eskualdeko udalek bere gain hartu zuten proiektua. Horrek egonkortasuna eman zion eskolari. Alde batetik, garrantzitsua izan zen eskolari izaera publikoa aitortu ziotelako. Bestetik, kontuan hartu behar da udalez gain hemezortzi enpresa ere badaudela fundazioan. Eskualde mailako topagune bat da fundazioa. Denon artean erabakitzen dugu zein pauso eman.

50 urtean gauza asko gerta daitezke. Une zailak ere igaroko zenituzten, ezta?

Bai, noski. Beti daude momentu zailak, eta guk ere igaro ditugu. 1990eko hamarkadan, esate baterako, Goierrik krisialdi gogorra jasan zuen. Egun, langabezia tasa %13koa da eskualdean; bada, 1991n, %18koa izateraino iritsi zen. Beste une zail batzuk ere izan ditugu, baina, une horietan, elkarlana sustatuz eta denen iritziak kontuan hartuz gai izan gara erronka berriei aurre egiteko. Eskola betidanik saiatu da errealitate berrietara egokitzen. Pentsatzen ari gara une oro, non gauden eta norantz jo behar dugun. Ariketa hori egitea beharrezkoa da. Garai onetan, zein txarretan.

Esango zenuke errealitate berrietara egokitzen jakitea izan dela eskolak aurrera jarraitzeko gakoetako bat?

50. urteurrenaren harira, liburu bat egiten ari gara, eta haren egileetako batek esaten dit Goierri Eskolaren DNAn dagoela zer egiten ari garen zalantzan jartzea. Ez gara geldirik egoten. Garrantzitsua da erronkak aurreikustea. Azken batean, hori da gakoa: lanean jarraitzea, geldirik ez egotea.

Etengabe egokitzen ari zaretela esan duzu. Alde horretatik, eskaintza berriak sortu dituzue. Osasun arloan, adibidez.

Duela lauzpabost urte antzeman genuen eskualdean menpekotasun egoeran zeudenei arreta eskaintzeko pertsona kualifikatuak behar zirela. Udal batek egin zigun eskaera, eta lanean jarri ginen. Joan den ikasturtean jarri genuen abian, eta arrakasta izan du. Orain arte, industriari lotutako eskaintzak egin izan ditugu, baina egokituz joan gara. Ez ikasketa arautuan soilik, langabeak etengabe formatzen jarraitzea ere bai baita gure nahia. Gure eskolaren misioa da tresna bat izatea Goierri garatzen laguntzeko.

Zuen eskolan hasieratik izan dute lekua emakumeek. Orain ohikoagoa dirudi, baina 1960ko hamarkadan ez zen hain ohikoa.

Gure eskolak hasieratik landutako balioetako bat da berdintasuna. Gurean hasieratik izan dute lekua emakumeek. 1965eko lehen promozioan dagoeneko bazeuden emakumeak. Horietako asko eskualdeko enpresetan aritu dira geroztik. Emakumeen presentzia hasieratik izan dugu eskolan: lanbide heziketako ikasketetan, ingeniaritza ikasketetan. Gustatuko litzaigukeela gehiago izatea? Bai,baina apurka, behintzat, ari gara urratsak egiten.

Eskolak zer eskaini dio Goierriri?

Kontuan hartu behar dugu gurea oso eskualde txikia dela. Eta, hala ere, ikusi Goierriko zenbat enpresak egin duten lekua nazioarteko merkatu handietan. Sektore askotan erreferentzia dira bertako enpresa asko: sektore energetikoan, garraioen sektorean... Lorpen handia da hori eskualde txiki batentzat. Askoren lanari esker lortu da hori, eta, besteak beste, Goierri Eskolaren ekarpenari esker. Gure ekarpena izan da langile kualifikatuak prestatzea, gero kalitatezko produktuak egiteko.

50 urte barru nola imajinatzen duzu Goierri Eskola?

50 urte barru ere gustatuko litzaiguke tresna baliagarria izatea eskualdearentzat. Ez dakigu nolakoak izango diren datozen urteak, baina ziur gaude orain arte bezala elkarlana bultzatu beharko dugula, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Ezinbestekoa izango da eskualdeko eragile guztiek norabide berean lan egitea. Eguneratzen joan behar dugu.

Talde eta bizileku askotako musikaria

Irunen sortutako musikaria da Oscar Benas. Ordea, Bartzelona du bizileku urteotan, eta handik bideratzen du musikaren bidea. Maika Makovski musikariaren taldeko kide izateaz gain, bakarkako bidean ere aritzen da egun; Oskar Benas y los Vampiros del Ri...

Hitzezko berdintasunaz harago, jaiak denentzat izan daitezen

Astearte goizaldean, Arrasateko txosna gunearen inguruetan neska batek sexu erasoa sufritu zuela salatu du bertako txosna batzordeak. Ane Zuazubiskar txosna batzordeko kidearen hitzetan, erasoa onartezina da: "Emakume baten kontrako erasoa emakume guztion kontrako erasoa da, eta ez dugu onartzen inoren aurkako erasorik". Horri erantzun asmoz egin zuten elkarretaratzea asteazken iluntzean, txosna gunean bertan. Arrasatekoa ez da, ordea, jaietako eraso sexista bakarra. Izan ere, Bilgune Feministaren arabera, jaietan ugaritu egiten dira emakumeen aurkako erasoak, eta "batzuek ongi pasatzeko beste batzuek gaizki pasatu behar izaten dute".

Halakoak saihesteko prebentzio kanpainak egiten dituzte hainbat lekutan, herriko jaien bueltan. Prebentzioaz gain, erasoak salatu eta horiei erantzuteko protokoloak ere badira zenbait herritan. Andoainen, joan den ostiralean hasi ziren sanjoanak, eta herenegun amaitu ziren. Bertako udalak, berdintasun planaren barnean, herritarren artean eraso sexisten aurkako kontzientzia bultzatzeko kanpaina egin du. Miren Agirreurreta gizarte zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, eskoletan harreman egokietarako garatu duten programari esker hauteman dituzte jai giroko jarrera sexistak: "Programako dinamizatzaileek kontatu digutenez, neskek gazte-gaztetatik dute beldurra gauez kalera irteteko. Tabernetan, txosnetan... jarrera oso sexistak izaten dira, neskek lotsa sentitzen dute eta normalean ez dute ezer egiten horren aurka".

Emakumeak aktibatzeko eta ingurukoen konplizitatea bilatzeko pegatinak banatu dituzte herritarren artean; eta txosnetan zein tabernetan, kartelak jarri dituzte jarrera sexistak onartzen ez direla erakusteko. Udalak bere ekimenez egin du kontzientziazio kanpaina, baina hurrengo festetarako elkarlanean aritu nahi dute jai batzordearekin. Balorazio positiboa egin dute kanpainaz, herritarrek egoki erantzun dutelako. Baina harago jo behar dela uste du Agirreurretak: "Abiapuntu bat izan da, baina badago zer hobetu. Eskoletan, esaterako, lehenagotik hasi behar dugu gaia lantzen".

Festetatik sagardo garaira

Hernanin, bi urte dira eraso sexisten aurkako protokoloa abian dutela, baina txosna batzordera mugatzen zen orain arte. Aurten, sagardo garaian erasoak egon direla jakin dute, eta gaia lantzeko eta herriratzeko beharra dagoela uste du Maialen Apezetxeak, Hernaniko berdintasun teknikariak: "Sagardogileekin egon ginen, eta esaten ziguten halakoak ikusten dituztenean ez dakitela nola jokatu. Gaia landu beharra zegoela ikusi genuen, tabernariek eta herritarrek, oro har, jarrera sexistarik onar ez dezaten".

San Joan jaietarako —astelehenean abiatu ziren, eta gaur amaituko dira— zabaldu egin dute erantzun protokoloa: txosna batzordearekin batera, udal ordezkariek, Berriak ostalarien elkarteak eta tabernariek ere parte hartu dute hori osatzen. "Jaiak denontzat espazio segurua izan daitezen prebentzio lana egin dugu; eta zerbait gertatuz gero, erantzuteko orduan denon artean koordinatzeko pausoak eman ditugu". Elkarlan hori "garrantzitsua" da Apezetxearen ustez, baina hausnarketa gehiago zabaldu nahi dute: "Jai batzordera, adibidez. Nolako jaiak antolatzen diren, norentzat, nori begira... zein jai eredu bultzatzen den hausnartzea nahi dugu, mugimendu feministaren kontua soilik izan ordez, herriko eragileek ere konpromisoa har dezaten".

Eremu gehiagotara iristeaz gain, San Joan festetatik harago ere eragin nahi dute Hernanin: "Txotx garaia ere izaten dugunez, ia lau hilabetez jaiak ditugu. Oraingo festetatik abiatu eta aurrera begira ere gaia landu nahi dugu". Izan ere, gizartean egin beharreko aldaketek herriko jaietan isla izatea nahi dute, festetan ohitura txarrak erreproduzitzen direla iruditzen baitzaie: "Jai batzordean, adibidez, parte hartzaileen %90 baino gehiago gizonezkoak dira. Horrek jaietan gizonezkoei mugatutako ekitaldi pila egotea dakar, txarangak gizonezkoez soilik osatuta egotea; garai batekoak diruditen ekintzak soilik daudela dirudi".

Irunen, duela sei urte, Bilgune Feministak ekin zion jaietako eraso sexisten aurkako prebentzio kanpainari; eta oraindik ere beharrezkoa da, Miren Lanz Irungo Bilgune Feministako kidearen hitzetan: "Festetan, tamalez, ikusten dugu eraso sexistak areagotu egiten direla, eta erasotzaileei kalean marra gorriak ezartzeko zein emakumeei ahalduntzen laguntzeko beharrezkoa da prebentzio lana".

Horregatik, Eraso sexisten aurrean, atera zure bibotea lelopean, koloretako biboteekin argazkiak ateratzeko dinamika jarri dute martxan: "Jendeak kanpainarekin bat egitea eta bertan parte hartzea nahi dugu, horretarako jarri dugu martxan photocall metodoa". Irungo kasuan, alardeak zalaparta handia eragiten du, eta horretan oinarrituta hautatu dute bibotearen ikurra: "Alarde parekidean parte hartzen duten emakumeei 'bigotuda' deitu izan diete sarri, eta dinamika honekin, buelta eman eta barre egin nahi izan dugu, kontrako sinbolo moduan baliatzeko".

Irungo jaiak astelehenean abiatu ziren, eta uztailaren 1era arte iraungo dute. Orain arte, argazki saio batzuk egin dituzte, eta, bihar, Mosku plazan egongo dira. Saio horietan banatzeko esku orri batzuk ere prestatu dituzte: "Kanpainaren garrantzia nabarmentzeko, batetik; eta erasoen aurrean egin beharrekoaren inguruko protokoloa azaltzeko, bestetik".

Hernaniko festetako ekintza jendetsuenetakoa, berriz, azeri dantza da: azeri batekin lagun talde bat soka baten inguruan ibiltzen da, maskuria eskuan; herriko izkinetatik irten eta jendea borobilean biltzen dute jotzeko. Ekintza horrekin gertatu dena esanguratsua da Apezetxearen ustez: "Lehen, mutilak bakarrik ateratzen ziren, eta, orain, neskak ere ateratzen dira; beraz, badirudi ez dagoela arazorik. Orain, ordea, gauza da neskak atera daitezkeela, baina egun bakarrean, azken egunean. Ondorioak norberak atera ditzala!".

Diskurtso zuzenarekin bat

Eraso sexistak jai giroan gertatzen dira, Apezetxearen arabera, "eta alkoholaren zein drogaren eraginagatik justifikatu ere egiten dira". Jarrera horiek egunerokoan daudela ikusarazi nahi diete hernaniarrei, jaien aitzakian bakoitzak nahi duena egiteko aprobetxa ez dezan: "Horren inguruan tabernariek zein txosnetan gabiltzanok badugu ardura; halako jarrerak ez onartzea da gure egitekoa".

Lanzen arabera, "festetan badirudi gizonek askatasun osoa dutela ondo pasatzeko, barre egiteko, iseka egiteko, neskak mehatxatu edo umiliatzeko. Sozialki ez dago gaizki ikusita". Berdintasunaren aurka egotea politikoki zuzena ez denez, jendeak diskurtsoarekin bat egiten duela uste du Apezetxeak, baina praktikan akats asko daudela iruditzen zaio: "Berdintasun faltsuaren ideia dago: hitzetan, denok gaude erasoak gertatzearen aurka eta berdintasunaren alde. Baina gero jarrera matxistak daude, baita jende gaztearen artean ere". Bat dator horretan Lanz ere: "Sarri entzuten dira 'ni berdintasunaren aldekoa naiz, baina ez naiz feminista' eta halakoak. Inor ez da ausartzen eraso sexisten aurkako jarrerarekin bat egitera. Baina uste dut jendea ez dela oso kontziente eraso sexisten molde ezberdinez; sotilagoak diren horiek ez ditugu horren argi".

Hernanin adostu duten protokoloak bi atal ditu. Batetik, tabernarientzat eta txosnetan lanean ari direnentzat eginikoa: "Eraso bat gertatzen ari dela iruditzen bazaie, eraso diotenari laguntzarik behar duen galdetu behar diote; baietz badio, arretaz entzun behar zaio, eta ez da epaitu behar. Erasotzaileari, berriz, halako jarrerarik ez dela onartuko jakinarazi behar diote". Bestetik, erasoa larriagoa bada, bortxaketa, adibidez, biktima dagokion zerbitzura bideratu behar da: "Udaltzaingora edo larrialdi zerbitzuetara; eta, horrez gain, erantzuteko modua ere adostu beharko litzateke". Behin jaiak igarota, protokoloa aztertu egingo dute: "Balio digun ikusi eta eragileen artean egokitzea da asmoa".