Atzo eman zitzaion hasiera Tolosandblues jaialdiari, Belceblues Bergarako taldearekin, eta Duke Robillard izar duen egitarau zabal batek emango dio jarraipena gaur, bihar eta etzi. Iñigo Martin da jaialdiaren antolatzaileetako bat, eta gustura dago jaialdiak izan duen harrerarekin: "Hasierako urteak izan ziren zailenak, jendea ez zegoelako ohituta musika mota horrekin". Baina gaur egun Euskal Herriko jaialdi "onenetakoa" dela uste du.
Maila horretara iristeko formula goi mailako programazioa lantzea izan dela gaineratu du Martinek. Hala, talde eta emanaldi gogoangarriak izan dira orain arte jaialdian: "Little Charlie and The Nightcats, adibidez, une horretan [2008an] mundu mailako talde onenetakoak ziren. Hain justu, Euskal Herrian kontzertu bakarra eman zuten; non eta hemen, Tolosan". Gero, Valentzian (Herrialde Katalanak) eman zuten beste kontzertu bat, eta, ondoren, taldea desegin egin zen. Fronton tabernan gauza onak ikusi direla du gogoan: "Francisco Simon gitarra jotzailea, Joan Pau Cumellas, Victor Puerta eta Antonio Serrano aho-soinu jotzaile apartak... Gauza interesgarriak entzun eta ikusi ahal izan ditugu, eta espero dugu horrela jarraitzea".
Jaialdia lehendabiziko aldiz egin zenean, 2005ean, jende gutxi bildu zen. "Jendeak ez zuen ezagutzen musika mota hau, eta urteen poderioz konturatu da baduela kutsagarria den zerbait, jendea dantzan jartzen duena; berehalako konexioa dago musikariaren eta jendearen artean".
Horrenbestez, urtetik urtera jende gehiago elkartzen da, eta Plaza Berrian 400 edo 500 pertsona biltzea "normala" dela dio Martinek. "Aurreko urtean bai Solana 4 tabernan eta baita Saikinen ere jende ugari elkartu zen kontzertuak ikusteko. Horrek indarra ematen du; horrek erakusten du jendeak baloratzen duela musika mota hau, badakielako talde onak ekartzen ditugula". Jende gehien erakarri duena Raimundo Amador izan da. "Amador Madrilgo blues bandarekin etorri zen. Amua Raimundo Amador izan zen, eta Plaza Berrira joan ginenean agian 2.000 pertsona zeuden".
Aurrekontua aurten 16.000 euro ingurukoa da, eta Tolosako Udalak 10.000 euro jartzen ditu. Hortik aurrera, hainbat babesle daude, tartean kontzertuak izaten diren inguruko tabernak. Bestalde, musikariei afariak ematen zaizkie herriko elkarteetan, normalean Eroetxe, Txinparta eta Lizardin. Aurrera begira, Martinek etorkizun "aparta" ikusten dio Tolosandblues jaialdiari: "Aurtengoarekin gozatu gabe, dagoeneko hurrengo urterako baditut buruan pare bat talde, zer formaziorekin-edo etor daitezkeen pentsatzen...". Azkenean, ia urte guztiko lana izaten da egitaraua pentsatu eta osatzea. "Udalak aurrera segitzeko asmoa badu, aurrera egingo du jaialdiak".
Etxeko taldea, bukatzeko
Txaston Dixie Band Tolosako taldeak bere lehen kontzertua emango du aurtengo Tolosandblues jaialdian. "Talde xume bat gara, iazko udazkenean sortu zena", dio Juanmi Calahorra bateria jotzaileak. "Hasi ginenetik helburua izan da entseguetan ondo pasatzea". Dixieland musika egiten dute, hau da, aurreko mende hasieran New Orleansen (AEBak) sortutakoa. Beti txarangetan-eta ibili direnak "zerbait ezberdina egiteagatik eta musika alaia jotzeko asmoz" elkartu dira. "Guretzat erronka izaten ari da", esan du.
Hainbat lekutatik etorritako musikariak direla dio Calahorrak: "Musikalki profesionalak direnak, baina agian instrumentua menperatzen ez dutenak. Adibidez, Isitxo Larrañaga profesionala da, baina tubarekin urtebete darama".
Beti gustatu izan zaie bluesa, eta Tolosako jaialdiak maila handia hartu duela eta, "errespetu" handia ematen die bertan jotzeak. Behin lehenengo kontzertua emanda, hortik aurrera bere helburua hobetzen jarraitzea izango dela gaineratu du.