Uruguaitik heldu zen taupada

Poliziaren jazarpenetik ihesi atzerrira joan, eta deserrian ere errepresio bortitza pairatu. Horixe gertatu zitzaien Manueltxo Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskal errefuxiatuei, duela bi hamarkada. 1994ko abuztuaren 24an, haien kontrako estradizio agindua onartu zuen Uruguaiko Gobernuak, eta milaka pertsona kalera atera ziren, euskal herritarrei babesa adierazteko. Uruguaiko diktaduraz geroztik gertatutako istilu larrienak eragin zituen Poliziak egun hartan: ehunka zauritu, dozenaka atxilotu eta bi hildako izan ziren. Sarraski hori gogora ekarri nahi du Askapena erakundeak, Errefuxiatu eta Iheslarien Nazioarteko Egunean.

Filtroko gertakaria gogoratzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Askapenako kideek Oñatin, hangoa baita Uruguaitik estraditatutako iheslarietako bat: Manueltxo Goitia. Haren antzera ihes egin zutenei omenaldia egingo diete bihar, eta Euskal Herriaren eta Uruguairen arteko harremana sendotzeko ere baliatuko dute ekitaldia.

Montevideoko manifestarien jarrera txalotu zuten Askapenako ordezkariek Oñatiko ekitaldiaren aurkezpenean: "Herrien arteko samurtasunak mugarik ez duela erakutsi ziguten Uruguaiko herritarrek, eta torturaren nahiz inperialismoaren aurrean, kaleak hartu eta euskal militanteak uruguaitarrak balira bezala defendatu zituzten, bizia emateraino".

Irmotasun erakustaldia

1990eko hamarkadaren hasieran, Goitia, Lizarralde eta Ibañezek Euskal Herritik ihes egin zutenean, alderdi sozialistak gobernuan ziren Madrilen zein Parisen. Espainiarentzat, gainera, urte bereziak ziren horiek: ate-joka zituen Bartzelonako Olinpiar Jokoak nahiz Sevillako Expoa. Nazioartea begira zuen Felipe Gonzalezen gobernuak, eta irmotasun irudia zabaldu nahi izan zuen, "ETAren kontrako operazioak" abiatuta. Uruguaiko euskal iheslariena izan zen horietako bat.

Garai hartan, La Trainera izeneko jatetxea gobernatzen zuten euskal herritarrek Montevideo hiriburuan. 1992ko maiatzean, baina, Uruguaiko Polizia jatetxera sartu zen, eta sarekada bakarrean atxilotu zituen jatetxeko 30 langile; tartean, hamahiru euskal errefuxiatu. Herrialdera sartzeko dokumentazio faltsua erabiltzea leporatu zieten. Horren atzean, ordea, Espainiako Gobernuaren eskua zegoen.

Madrilen interesaren erakusle izan zen gobernuak Montevideora bidalitako ordezkaritza: Carlos Bueren Auzitegi Nazionaleko epailea, Rafael Vera garai hartako Estatu Segurtasunerako idazkaria eta Espainiako Poliziaren bi goi kargudun. Ezker abertzaleak, bestalde, delegazio propioa igorri zuen herrialdera: Karmelo Landak, Juan Mari Olanok eta Jon Idigorasek osatzen zuten lantaldea, besteak beste.

Euskal Herriko ordezkaritza hark lan diplomatiko handia egin zuen, eta eragile politiko asko akusatuen aldera lerratzea lortu zuen. Horrez gainera, babes politikorako sentsibilitate berezia zegoen garai hartan Uruguain; alde batetik, uruguaitarren %30 eta %40 artean euskal jatorrikoak direlako, eta, bestetik, diktadura amaitu berritan uruguaitar errefuxiatu asko etxera itzultzen hasiak zirelako.

Gizartearen presio horrek ezustean harrapatu zuen Espainia. Euskal errefuxiatuen aldeko elkartasun kanpaina abiatu zen, eta estradizio bizkorra zirudiena bi urteko prozesu amaigabea bihurtu zen Madrilentzat. Kasuak banan-banan aztertzen hasi zen Uruguaiko Justizia, eta denbora tarte horretan, auzipetu gehienak aske gelditu ziren.

Manifestazio ugariren eta bi gose grebaren ostean, Espainiaren presioa areagotu egin zen. Bigarren greba horrek izan zezakeen arriskua zela medio, Filtro ospitalera eraman zituzten Goitia, Lizarralde eta Ibañez. Kanpoan, protestak indartu egin ziren. Abuztuaren 23an, Uruguaiko sindikatu nagusiak greba orokorrera deitu zuen. Ordurako, ordea, estradizioaren erabakia hartua zegoen. 4.000 pertsonak inguratu zuten ospitalea, eta Polizia tiroka oldartu zitzaion jendetzari. Biktimen artean, bi hildako: Roberto Facal eta Fernando Morroni. Euskal iheslariek ospitaletik ikusi zuten triskantza.

Ordutik, Uruguaiko Gobernuak ez du bere gain hartu Facalen heriotza. Bai, ordea, Morronirena. Haren senideei kalte-ordaina eskaini zien, baina Fernandoren ama Norma Morronik uko egin zion dirua jasotzeari: "Semea hil eta gero, zuen dirua onartuko dudala uste al duzue? Fernandori hiru lezio nagusi irakatsi nizkion: elkartasuna, konpromisoa eta duintasuna. Dirua onartzea horren guztiaren kontra egitea izango litzateke".

20

denboraldiko aurrekontua, Milioitan

Bost aldiz biderkatuko du Eibarrek 2013-2014ko denboraldiko aurrekontua. Aurtengoan, 3,9 milioi euroko aurrekontua izan dute —kategoriako baxuena—, eta hurrengorako 20 milioi euro bueltan izango dituzte; telebista eskubideengatik, besteak beste.

Euskal marinel gazteak Atlantic Challengen izango dira

Morbihanek (Bretainia) hartuko du bi urtetik behin nazioartean antolatzen den Atlantic Challenge topaketa. Pasaiako Albaola itsas kultur erakundea bertan izango da, eta haren eskutik, Euskal Herria, munduko beste nazioen parean.

Atlantic Challengeko bazkide osoa izan nahi zuen Albaolak, eta erronkari eutsita, aurten lortuko du. Horretarako, ontzi propioa eraikitzen ari da itsas kultur erakundea, eta tripulazioa osatzeko lanetan dabil. Lehen helburua hilaren 30aren aurretik lortuko du, egun horretan egingo baitute Pasaiako badian ontziaren uretaratzea, San Pedro jaietan. Tripulazioa osatze aldera, berriz, deialdia egin du Albaolako kudeatzaile den Herme Pedrosillok. "Egokiena 15 eta 22 urte arteko lau emakume lortzea litzateke, baina birekin ere moldatuko gara".

Azaldu du tripulazioak orekatua izan behar duela: "Neska eta mutil kopurua parekatu behar da, eta ez da erraza izaten; handitzen ari bada ere, itsas kiroletan nesken presentzia ez delako handia".

Orain 28 urte sortu zuten Atlantic Challenge, ontzien erabilera tradizionala hezkuntza arlora eramateko. "Ohartu ziren gazteek beren abileziak praktikan jartzeko aukerarik ez dutela, eta hainbat balio ere ez zirela lantzen: elkarlana, elkarbizitza... Horiek ontzi tradizionalen bidez lantzea otu zitzaien", esan du Mikel Leoz Albaolako kultura programatzaileak.

Frantziako ontzi zaharrena

Ontzi eredu bat aukeratu zuten horretarako. Frantzian kontserbatzen den ontzi mota zaharrena: iola. Hamabi metro inguruko ontzi bat da, hamabi lagunek osatutako tripulazioarentzat. Garai batean, almiranteek erabiltzen zuten itsasontzi batetik bestera joateko. "Dotorea eta polita", hala definitu du Leozek iola, "eta tripulazioari lan handia ematen diona. Hori gazteekin lan egiteko gainbalio bat da, denek dutelako ardura bat, zeregin bat. Gazte talde bat hartzen dute gero tripulazio gisa, eta irakasten diete ontzian ibiltzen, korapiloak egiten, belak erabiltzen, arraunean egiten...". Leozek esan du amerikarrek eta frantsesek sortu zutela Atlantic Challenge, baina egun halako proiektuak lurralde askotara zabaldu direla.

Bi urtean behin, munduko herrialde batean bilkura egiten dute ikasitako hori partekatzeko. Nabigazio probak egiten dituztela azaldu du Leozek: "Ez dira estropadak; garrantzitsua ez da lehena edo azkarrena izatea, baizik eta dakizuna erakustea, eta horretarako, maniobra konplexuak, edota uretara eroritako pertsona bat erreskatatu behar izaten dute gazteek; abileziak garatzea da kontua. Esperientzia izugarria da gazteentzat eta guretzat".

Hala ezagutu izan zuen esperientzia Aitor Edrosok. Pasaia Lezo lizeoko ikaslea zela hartu zuen parte Atlantic Challenge topaketan Ontarion (Kanada) 2010. urtean. Dibertsifikazio taldean zegoela ikastolan eta bere burua galdutzat emana zuela aitortu du Edrosok Albaolara heldu aurretik: "Bizi esperientzia izugarria izan zen; bestelako balioak lortzeaz gain, autoestimua handitzeko ere baliagarri suertatu zitzaidan". Lau urte igaro dira ordutik, eta Bretainiara eramango duten iola eraikitzeko lanetan boluntario lanetan dabil Edroso orain, Brian MacClellan irakasle estatubatuarrarekin batera.

Horiez gainera, Europako Ontzigintza Eskolatik praktikak egitera Pasaiara heldu diren bi holandar, bi bretainiar eta beste estatubatuar batek osatzen dute taldea. Gainera, patroi lanak egingo ditu Edrosok Atlantic Challengen.

Mariñel Gazteak proiektua

Leozen esanetan, Euskal Herria itsasoko herria dela zabalduko du Albaolak lau haizeetara: "Irudi hori hedatu nahi dugu; maiz ahazten badugu ere, itsas historia luzea dugulako". Albaolako kideak argi du nazioarteko topaketa aukera paregabea dela horretarako, gazteentzat batez ere. "Nabigazio tradizionalaren bidez bultzatzen dituen balioengatik, aukera ikaragarria da".

Bestalde, Atlantic Challenge topaketa hutsa baino gehiago proiektu orokor bat dela esan du Pedrosillok. "Prestatze saioak egiten dira aurretik; kokatze historikoa egin behar dute parte hartzen duten gazteek; ontziaren eraikuntzan, teknologia eta diziplina piloa lantzen dituzte; taldean lan egiten hasten dira... Euren bizitza beste baten eskuetan eta besteena beraienean dutela sentitzen dute. Izugarria da".

Urteak dira Albaola elkartean Mariñel Gazteak egitasmoa bururatu zitzaienetik, baina oraindik ere hura ekonomikoki babestuko duenik ez dutela aurkitu esan du Pedrosillok. "Proiektu interesagarria da oso, baina ezin dugu aurrera eraman, ez dugulako baliabiderik".

Morbihaneko topaketara joateko ere ez dutela diru laguntzarik lortu gaineratu du: "Ez gara horretara jarri, bestelako proiektu handiekin gabiltzalako buru-belarri". Horrenbestez, tripulazioko kide bakoitzak 300 euro ordaindu beharko ditu parte hartu ahal izateko, ez badute uztailaren 19a baino lehen diru laguntzarik lortzen.

Halere, Albaolako kudeatzaileak nabarmendu du ontzia egiteko materiala debalde lortu dutela, eta AEBetatik heldutako McClellan irakaslea ere dohainik ari dela lanean Albaolarentzat. Iola sei hilabetean eraikiko dute, hilaren 30ean uretaratzeko. McClellanek argi dauka ontziak egiteko prozesuan denbora luxu bat dela.

8

Lehen mailan debutatu aurreko partidak

Lehen Mailako 2014-2015eko denboraldia hasterako, zortzi adiskidantza partida jokatuko ditu Eibarrek. Logroñes, Barakaldo, Bergara, Racing, Numantzia, Valladolid, Athletic —aurkezpen egunean— eta Realaren aurka jokatuko du.

“‘No volveré a hablar en euskara'”

Horrelako zigorrak, debekuak, mespretsuak, erasoak… sarritan izan dira gure herrian. Euskaldunok frustrazioz beteriko bizipen ugari ezagutu ditugu urteetan. Normala zena anormala bihurtu nahi zuten, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukerarik ez izatea, alegia. Horrelako adibide ugari zuzenean ezagutzeko aukera izan dugu, orain gutxi arte, Egiako kultur etxean ikusgai egon den Euskara ospeletik eguterara, hizkuntza zapalkuntzaren memoria erakusketaren bitartez.

Gaur egun, berriz, tamalez, zapalkuntza amaitu denik ezin dugu esan, horrelako erasoaldiak egunero jasaten baititugu eta herritarroi hizkuntza eskubideak behin eta berriz urratzen baitizkigute. Nola ulertu, bestela, euskaraz bizitzeko hautua egiten dugunean hainbat lekutan jasandako erantzun desegokiak? Edota erakunde publikoetatik euskararen alde hartutako erabakien aurrean jaso diren errekurtsoak eta epaitegietara joateko jakinarazpenak?

Horrelako zerbait bizi izan dugu orain gutxi Donostian, Dbus konpainiak lan poltsa berria osatzeko egin duen lan deialdian oinarrizko euskara maila eskatu duenean. Kasu horretan, UGT sindikatuaren eskutik etorri zaigu errekurtsoa. Gaztelaniaz jakin beharra baldintzatzat ezartzen da, baina bertakoa eta geurea den hizkuntzak bigarren mailako trataera jasotzen du berriro ere, Donostian zerbitzua jasotzen dugun 70.000 euskaldunon hizkuntza eskubideak kontuan hartu gabe.

Hala ere, hizkuntzaren memoriak erakutsi digun bezala, oraingoan ere baditugu motiboak itxaropentsu jarraitzeko; nola ulertu bestela lurralde honetatik euskara desagertzeko egin dituzten ahalegin guztiak egin eta gero oraindik bizirik irautea? Argi dago sufritzen eta eusten jakin izan dugula eta berdin jarraitzeko asmoa dugula.

Donostiako Euskarak Batzen bilguneak bat egiten du Dbus konpainiak hartutako erabakiarekin. Zoriondu eta animatu nahi zaituztegu etorkizunean donostiarrok euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen alde lan egitera. Donostia euskararen hiria eraikiko dugu, euskaraz bizitzeko aukerak esparru eta alor guztietara zabalduz.

Tokian tokiko curriculuma osatzen

Orioko curriculuma sortze bidean, aurtengo ikasturtean datu bilketa fasea bukatutzat jo dute Orioko Curriculuma Sortzen taldekoek. Lanaren emaitza joan den ostiralean aurkeztu zuten, herritarren artean; 80 lagun inguru bildu zen Kultur Etxera. Bi lan nagusi egin dituzte azken ikasturte honetan: batetik, Orioko curriculuma osatuko duten edukiak zerrendatu dituzte, eta, bestetik, proiektua sozializatzen, kaleratzen, egin dute lana. Lau arlotan banatu dute datuen bilketa: giza eta gizarte zientziak; natur eta osasun zientziak; euskara; eta musika.

Hiru ikasturte dira Orioko curriculum propioa sortze bidean lanean dabiltzala. Tokian tokiko hezkuntza proiektua osatu nahi dute. Horretarako, euskal curriculuma oinarri hartuta, metodologia berria erabiltzen ari direla nabarmendu du Orioko Curriculuma Sortzen-eko taldekide den Ruben Iglesiasek: "Proiektua aitzindaria da". Herriko kultur ondarea biltzea eta ondorengoei transmititzea dute helburu. "LOMCEri aurre egiteko guk geurea egin behar dugu". Lan handia egin dute, baina oraindik egiteko ere asko dagoela uste dute.

Materiala biltzeko lana

Zortzi hilabeteotan, batetik, ikus-entzunezko materiala bildu dute, eta, gainera, Karkara herri aldizkariko 25 urteotako artikuluak aztertu dituzte. Bestetik, bideoan hiru herritarren elkarrizketak jaso dituzte: Patxi Oliden Danbolin-ena, Maria Sagrariorena eta Martin Lizasorena.

Arloz arloko profesionalekin ere bildu dira, gai horiek herrian nola landu aztertzeko. Adituek ere parte hartu dute aurkezpen ekitaldian: giza eta gizarte zientzien arloko Ana Gonzalez de Txabarrik Orion ikasleak sexu berdintasunean trebatu nahi dituztela nabarmendu du: "Emakumearen papera ezkutuan gelditu da, zulo beltzean. Testu liburuetan ez da apenas azaltzen".

Horrez gain, Orio errioak sortu duela nabarmendu du Gonzalez de Txabarrik: "Marea beherarekin eta gorarekin hartu du arnasa Oriok. Hortik etorri da ia gure aberastasun guzti-guztia. Gu gara ontzigileak eta arotzak, eta hori errioarekin lotuta egon da".

Natur eta osasun zientzietan aditu Eneritz Odriozola eta Garbiñe Manterolaren ustez, berriz, honako hau da oriotar ume batek jaso beharko lukeen esaldia: "Etorkizuna zuek zarete, gure itxaropena". Natura 2000 sarea hondartzara eta basora zabaltzea ere oinarrizkoa dela azpimarratu dute, "horretan, herritarrak saregile izatea nahi dugu".

Euskara arloan, herriko pedagogia proiektuak Orioko euskararen arnasgunea izan behar du. Orioko literatura eta hizkera jasoko eta landuko ditu. "Euskal hiztun kontzienteak sortzea bermatu behar da Orion, eta kalitatezko euskal hiztunak esportatzea".

Musika arlotik, berriz, egindako bilketa lanaren emaitza berehala izango da kalean, Orioko 24 kantu bilduko dituen liburuxka argitaratuko dutelako.

Orioko curriculum propio bat izateko lan honetan, datorren ikasturtean fase berri bat abiatuko dute. "Proposamen bat da aurtengo ikasturteko lanaren ondorioa, orain herritarrei dagokie hori osatzea, eta hurrengo ikasturtearen bukaerarako egingo da. Gero, helburua curriculuma ezartzea izan behar du", Orioko Curriculuma Sortzen-ekoen ustez.

Tolosaz gaindiko martxa

Beste bizikleta martxa bat antolatu du Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolak ekainaren 29rako: 199 kilometroko lasterketa bat, Gipuzkoako hamaika mendatetatik barrena, eta metatutako desnibela 4.280 metrokoa izango da. Martxa nagusi horrekin batera, lasterketa laburrago bat ere izango da, 48 kilometrokoa.

Ibilbidea Abraham Olano txirrindulariak berak diseinatu du, eta irteera eta helmuga Tolosan izango ditu. Txirrindulari anoetarrak azaldu duenez, martxaren filosofiak eskolarenarekin bat egiten du, eta gabezia bati aurre egiteko asmoz sortu dute: "Oriako eskolan 40 txirrindulari inguru ditugu, eta kategoria guztietan antolatzen ditugu lasterketak, zikloturistentzat izan ezik. Hutsune hori betetzera dator ekainaren 29ko martxa".

Olanoren alaba Oriakon sartu zenean, segituan esan zien zein zen asmoa. Iaz ideia ezin izan zuten aurrera atera, eta, lehendabizikoz, aurten egingo da Abaraham Olano martxa, igandez. "Espero dugu larunbatetan izatea hurrengo urteetan".

Oraingoz, 120 lagun inguruk eman dute izena, baina asteburu honetan Pirinioetan izango den Quebrantahuesos probaren ostean parte hartzaile gehiagok izena emango dutelakoan daude. Lasterketan parte hartu nahi duenarentzat zabalik dago oraindik epea: ekainaren 27an amaituko da, datorren ostiralean, eta hemen eman daiteke izena: www.kirolprobak.com webgunean.

Helburu nagusia txirrindularitzaren festa herrira ekartzea da, eta, eta bide batez, txirrindularitzaren egun berezi bat izatea Tolosaldean. "Badakigu lehen urtea zaila izaten dela, baina gure intentzioa gauzak ondo egin eta jarraitzea da", dio Olanok. Erronka handitzat jo dute antolatzaileek lehen proba hau.

Ibilbide gogorra

Erronka ez da soilik antolatzaileentzat izango, txirrindularientzat ere ez baita ibilbide makala: Tolosatik abiatu eta gutxira, Bidaniako mendatea igo beharko dute txirrindulariek hasierako kilometroetan. Errezilditik barrena Azpeitira joko dute, eta Urrestilla eta Nuarbetik igaro ostean, Beizamara igoko dira.

Olanoren arabera, Bidania eta Beizamako igoerak "oso gogorrak" dira, eta hasi besterik ez da egin lasterketa. Beizama atzean utzita, Santa Agedako mendatea igo beharko dute ondoren txirrindulariek, berriro ere Tolosara joateko. Lehen 48 kilometroak eginda, martxa laburra hautatzen dutenek bertan amaituko dute saioa. Gainerakoei, beste 150 kilometro geldituko zaizkie lasterketa amaitu aurretik.

Txaramatik barrena segituko dute aurrera, Altzora igoko dira, eta handik Alegira jaitsiko dira, gero Orendaindik barrena Larraitzera igotzeko. Handik Zaldibiara jaitsiko dira, Lazkao Mendi igo aurretik. "Hori da martxaren puntu garrantzitsuena", hor hautsiko baita seguruenik tropela.

Baina handik aurrerakoak ere ez dira atzean geratzen. Lazkao, Olaberria, Beasain eta Mandubiko mendatea etorriko dira gero. Ormaiztegitik igaro, eta Legazpira eta Oñatira joko dute ondoren.

Azken txanpan, berriz, Angiozartik Elgetako mendatea igo eta Bergarara jaitsiko dira, Elosutik barrena Azkoitira joateko. Urraki igo ostean, Tolosara bidea hartu, eta han amaituko da martxa.

Martxaren gogortasuna dela eta, bizikleta gainean zaildutako kirolzaleentzat prestaturiko lasterketa da Abraham Olano Martxa. Edozeinek har dezake parte, betiere, 18 urtez gorakoa baldin bada. Eta derrigorrezkoa izango da kasko homologatua jantzita eramatea ibilbide osoan.

Halako martxetan ohikoa denez, ez da lehiatzeko lasterketa izango. Antolatzaileek argi eta garbi diote: Abraham Olano Martxa ez da lasterketa edo lehiaketa, martxa zikloturista baizik. Hori dela eta, herrietatik igarotzean beti eskuinetik joateko deia egin diete txirrindulariei.

Bi gurpilen gainean dabiltzanen festa handia izango da, baina oinezkoek ere izango dute aukerarik.

Txirrindulariei segika, oinez

Txirrindulariak ikusiz, kirola oinez egiteko aukera ere izango da egun horretan. Aipatu beharrekoa da zikloturista martxaz gain trekking bat ere antolatuko dutela egun horretarako. "Modu horretan, lasterketa ikusiz, ikusleek egun-pasa egiteko aukera izango dute", azaldu du Olanok.

Trekkingean parte hartzen dutenek lasterketa lau mendatetan jarraitzeko aukera izango dute. Horretarako, antolatzaileek autobusak jarriko dituzte oinezkoak zikloturista martxa igaroko den tokietara gerturatzeko. Hala, Tolosatik Bidania-Goiatzera autobusez joan ahal izango dira oinezkoak, eta handik lau kilometro oinez egin Santa Agedako gainera iristeko. Behin hara heldutakoan, 11 kilometroko oinezko ibilbidea prestatu dute, Mandubiko gainera iritsi arte. Bertan, jatetxea dago, han bazkaldu nahi dutenentzat, edo, bestela, bazkaria etxetik eramaten dutenentzat, mahaiak egongo dira. Halaber, haurrentzako jolas parkea izango da.

“Datorren ikasturtean partaidetza zabaltzea da asmoa”

Orioko Independentisten Foroak jarri zuen martxan Orioko curriculuma sortzeko proiektua. Gero, ordea, proiektuak aurrera egin, eta iaz Orioko Curriculuma Sortzen taldea sortu zuten. Taldeko koordinatzailea da Iñigo Gaiton (Orio, 1987).

Hiru ikasturtez aritu zarete herriko proiektu pedagogikoa jorratzen. Zer egin duzue epe honetan?

Lehen ikasturtean, hezkuntzaren inguruko kezka zuten lau-bost laguneko herritar talde bat elkartu ziren, eta hezkuntzaren inguruko jardunaldiak egin zituzten Orion. Orduan, herri curriculum propio bat sortzeko premia ikusi zen. Behar hori ikusita, Orio O3ten bigarren hezkuntza jardunaldiak egin eta Orioko curriculuma egiteko zer egin nahi zen eta zer pauso jarraitu beharko ziren aurkeztu genuen. Hor, herriaren babesa beharko zelako, Ijitoen Akordioa sinatu zuten udaleko alderdi denek, ikastetxeek eta herriko eragileek.

Eta, azken ikasturte honetan, curriculuma sortzen hasi zarete.

Bai, eta horretan eman dugu ikasturtea: batetik, Orioko curriculuma osatuko duten edukiak erabaki ditugu, eta, bestetik, proiektua sozializatzen segitu dugu. Aurreko ikasturtean, zer egin nahi genuen azaldu genuen, eta oraingoan curriculumak jorratuko dituen gaiak ukitzeko ekintzak egin ditugu, sozializatzeko.

Datu bilketa fasea bukatuta, nolako balorazioa egin duzue?

Ikasturte honetako balorazioa ona da. Fasearen bukaerako aurkezpen ekitalditik ere jendea gustura atera zen. Taldeak, berriz, ondo funtzionatu du, eta ibilbide polita egin du. Beste herrietan horrelako proiektuak badira, baina darabilgun metodoa erabiltzen aurrenekoak gara, eta beste bati begiratzeko ere erreferente argirik ez daukagu. Atzera bota eta ikusita ikasturte hasieran nola geunden eta orain nola gauden, oso ongi iruditzen zaigu. Gainera, objektiboki bildu dugun informazioa ona da.

Datorren ikasturtean zer lan egiteko asmoa duzue?

Proiektu hau herritik herrira egindako zerbait dela defendatu dugu hasieratik, eta, orain arte nahiko jendek parte hartu duen arren, datorren ikasturtean partaidetza hori zabaltzea da asmoa. Aurrena, aurten bildutako dokumentuak herriko bi ikastetxeetatik pasatuko ditugu, horietako irakasleek aztertu eta beren ekarpenak egin ditzaten. Ondoren, berriz, herrian prozesu parte hartzaile bat jarri nahi dugu martxan: hitzaldi, mahai inguru eta beste hainbat ekintzarekin. Era horretan, herritarren azken ekarpenak jasoko ditugu, eta, orduan, gutxi gorabehera, Orioko Curriculum Propioa eginda geldituko litzateke.

Aralarren lur azpiko altxorrak

Lurpeko munduan murgildu eta kobazuloek zer ezkutatzen duten gertutik ezagutzeko, hainbat irteera antolatu ditu Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak. Hain justu ere, espeleologian adituak direnen eskutik Aralar Natur Parkearen Gipuzkoako eremuaren sekretuak eta altxor txikiak erakutsiko dituzte. Espeleologia ezagutzak ez dituztenentzat prestatutako bisitak izango dira.

Lurpeko eremuen ikerketaz eta zaintzaz arduratzen da Felix Ugarte elkartea, eta haiek arduratu dira, Parketxe Sarearekin elkarlanean, bi irteerak antolatzeaz. Akaitz Txiki 2 kobara egingo den irteera espeleologikoa da lehena, uztailaren 5ean. Goizeko 09:30ean jarri dute ordua, Lizarrustiko Parketxean, eta 10:30ean Errekabeltzeko langan. Akaitz Txikira bidean fenomeno karstikoak, sarbegiak eta muinoak ikusiko dituzte, eta Lareoko urtegia igarota, Akaitz Txiki mendira iritsiko dira. Bertan, Akaitz Txiki 2 kobara sartuko dira. Javier Busselo Felix Ugarte elkarteko espeleologiako kirol teknikaria Aralarren lanean aritu da, elkarteko beste hainbat kiderekin batera, eta Akaitz Txiki 2 aukeratzeko arrazoiak eman ditu: "Edozein sartzeko moduko koba delako aukeratu dugu". Baina ez hori bakarrik: "Polita da, ikusgarria. Oso txuria da, eta estalagmitaz tapizatua dago". Ondoren, Enirio ingurura joango dira. Bertatik, antiklinala, borgoniar barra eta Ataungo domoa ikusi ahal izango dituzte, besteak beste. "Aralar nola eratua dagoen azalduko dugu; Gipuzkoako eremuko Aralar, Nafarroakoa urrun xamar geldituko zaigulako", esan du Busselok.

Antolakuntzak kaskoa, argiteria eta eskularruak eramango ditu parte hartzaileentzat, baina uretako oinetakoak eta aldatzeko arropa eramatea gomendatu dute antolatzaileek, eta zira-galtzak eramatea ere komeni dela. Guztira, bi orduko ibilaldia izango da.

Meatzarien Aralar

Bigarren txangoa geologia eta meatzaritza alorrekoa izango da, Arritzagako haranean, uztailaren 19an. Parketxe Sarekoek azaldutakoaren arabera, "inguru hori punta-puntako gunea da geologiaren eta meatzaritzaren ikuspegitik". Aralarko geologia maila antzinakoenak ikus daitezke bertan, egitura konplexukoak, baita morrenetan jatorria duten biltegiak ere, Kuaternarioan gertatu zen glaziazio prozesuaren lekuko direnak.

Abiapuntua Amezketako Beratzeaga aparkalekua izango da, goizeko 09:30ean, eta haraneraino iristeko bi ordu inguruko ibilaldia egin beharko da. Hara iristean, lehenik eta behin meategi bat bisitatuko dute. Izan ere, Felix Ugarte elkartekoek egin dituzten indusketetan ikusi ahal izan dute duela milaka urtetik ustiatu dela kobrea Arritzaga inguruetan. Eneolitoan eta Brontze Aroan hasi ziren minerala ateratzen, eta Erromatarren aroan, Erdi Aroan zein XVIII. mendean jarraitu zuten, joan den mendeko erdialdean jarduera amaitu zen arte. Hala azaldu du Busselok: "Duela 4.500 urteko aztarnak aurkitu ditugu egindako indusketetan, erromatar garaiko zeramika ere bai, eta Behe Erdi Aroko ustiaketa zantzuak".

Azken ustiaketa aldiko meatzarien herrixka nolakoa zen azalduko dute: eliza non zegoen, kantina eta langileen barrakoiak. Minerala lantzeko fabrika ere bisitatuko dute; baita inguruan dauden Historiaurreko nahiz Aro Modernoko aztarnak ere.

Azken boladan erabili zuten meatze batean ere barneratuko dira. "Meatze txikia izango da, 300 metro ingurukoa, ustiatzeari utzitakoan itxi egiten baitituzte", azaldu du Busselok. Garai hartako dokumentuetan ikusi ahal izan dute meatze horrek bi edo hiru maila zituela eta oso sakona zela. "Ezingo gara barruraino sartu, baina berez oso sakona da", dio espeleologoak.

Eguerdian ordubete inguru izango dute bazkaltzeko eta atseden hartzeko. Baratzeagara, aurreikuspenen arabera, arratsaldeko seiak ingururako itzuliko da taldea. Irteera honetarako ere materiala jarriko dute antolatzaileek. Parte hartzaileek, berriz, kontuan izan behar dute bost bat orduko ibilaldia izango dela.

Hamalau urte lanean

Felix Ugarte elkartea 2000ko maiatzaean eratu zuten, Arantzazun (Oñati), lur azpiko munduaz jakin-mina zuten hainbat lagunek. Uda horretan bertan Irunen jarri zuten euren bulegoa, eta, ordutik, hainbat eremutan egin dituzte azterketa lanak, eta bisita nahiz ezagutza irteerak antolatzen aritzen dira. Aralarren ez ezik, Ernion ere lan egin dute, baita Deban eta Mutrikun ere.