“Gure eskolaren misioa da Goierri garatzen laguntzea “

Goierri Eskola herritarren eskutik sortu zen, 1964an. Hamabi guraso elkartek eta hainbat enpresak aurreikusi zuten eskualdeko lantegiek eskulan kualifikatua beharko zutela, eta gazteak prestatzeko proiektua jarri zuten martxan. Eskola garatzen joan da geroztik, eta, egun, ingeniaritza ikasketak ere eskaintzen ditu, besteak beste. Iñaki Zabalo (Ordizia, 1968) da zuzendaria. Zabalok argi du zein den eskolaren zeregina: eskualdearen unean uneko beharrei erantzuten laguntzea.

Goierri Eskolak 50 urte bete ditu aurten. Zenbat ikasle pasatu dira eskolatik?

8.200 ikasle inguruk lortu dute lanbide heziketako titulua. Horietako gehienak, gainera —%90etik gora—, eskualdeko enpresetan ari dira lanean. Horiez gain, beste 9.000 bat langile ere igaro dira gure eskolatik, haien gaitasun teknikoa hobetzeko helburuarekin. Bestalde, 2001etik ingeniaritza ikasketak ere eskaintzen ditugu eskolan. Dagoeneko 400 ingeniari lizentziatu dira.

Urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia egin zenuten ekainaren 25ean. Herritarren elkarlana goraipatu zenuen han. Zergatik?

Zalantzarik gabe, herritarren lana ezinbestekoa izan delako eskola aurrera ateratzeko. Nondik sortu zen ikusi besterik ez dago horretarako. 1960ko hamarkada hasieran gogoeta bat egin zuten hainbat herritarrek. Antzeman zuten eskualdeko enpresek garapen sakona izango zutela eta eskulan kualifikatua beharko zutela. Garai hartan, CAFek bakarrik zeukan eskola bat. Eskualdeko beharrak ikusita, hainbat enpresa eta eskualdeko hamabi guraso elkartu, eta martxan jarri zuten lanbide heziketako eskola sortzeko ideia. Geroztik, apurka-apurka, garatzen joan da ideia hura. Herritarren elkarlanaren ondorioz sortu zen eskola. Horregatik diot elkarlana ezinbestekoa izan dela.

Elkarlan horren emaitza da 1986an sortutako Goierri Fundazioa ere?

Bai, hori da. Goierri Fundazioaren sorrera da beste giltzarri nagusietako bat. Eskola garatzen ari zen, eta, fundazioa sortuta, eskualdeko udalek bere gain hartu zuten proiektua. Horrek egonkortasuna eman zion eskolari. Alde batetik, garrantzitsua izan zen eskolari izaera publikoa aitortu ziotelako. Bestetik, kontuan hartu behar da udalez gain hemezortzi enpresa ere badaudela fundazioan. Eskualde mailako topagune bat da fundazioa. Denon artean erabakitzen dugu zein pauso eman.

50 urtean gauza asko gerta daitezke. Une zailak ere igaroko zenituzten, ezta?

Bai, noski. Beti daude momentu zailak, eta guk ere igaro ditugu. 1990eko hamarkadan, esate baterako, Goierrik krisialdi gogorra jasan zuen. Egun, langabezia tasa %13koa da eskualdean; bada, 1991n, %18koa izateraino iritsi zen. Beste une zail batzuk ere izan ditugu, baina, une horietan, elkarlana sustatuz eta denen iritziak kontuan hartuz gai izan gara erronka berriei aurre egiteko. Eskola betidanik saiatu da errealitate berrietara egokitzen. Pentsatzen ari gara une oro, non gauden eta norantz jo behar dugun. Ariketa hori egitea beharrezkoa da. Garai onetan, zein txarretan.

Esango zenuke errealitate berrietara egokitzen jakitea izan dela eskolak aurrera jarraitzeko gakoetako bat?

50. urteurrenaren harira, liburu bat egiten ari gara, eta haren egileetako batek esaten dit Goierri Eskolaren DNAn dagoela zer egiten ari garen zalantzan jartzea. Ez gara geldirik egoten. Garrantzitsua da erronkak aurreikustea. Azken batean, hori da gakoa: lanean jarraitzea, geldirik ez egotea.

Etengabe egokitzen ari zaretela esan duzu. Alde horretatik, eskaintza berriak sortu dituzue. Osasun arloan, adibidez.

Duela lauzpabost urte antzeman genuen eskualdean menpekotasun egoeran zeudenei arreta eskaintzeko pertsona kualifikatuak behar zirela. Udal batek egin zigun eskaera, eta lanean jarri ginen. Joan den ikasturtean jarri genuen abian, eta arrakasta izan du. Orain arte, industriari lotutako eskaintzak egin izan ditugu, baina egokituz joan gara. Ez ikasketa arautuan soilik, langabeak etengabe formatzen jarraitzea ere bai baita gure nahia. Gure eskolaren misioa da tresna bat izatea Goierri garatzen laguntzeko.

Zuen eskolan hasieratik izan dute lekua emakumeek. Orain ohikoagoa dirudi, baina 1960ko hamarkadan ez zen hain ohikoa.

Gure eskolak hasieratik landutako balioetako bat da berdintasuna. Gurean hasieratik izan dute lekua emakumeek. 1965eko lehen promozioan dagoeneko bazeuden emakumeak. Horietako asko eskualdeko enpresetan aritu dira geroztik. Emakumeen presentzia hasieratik izan dugu eskolan: lanbide heziketako ikasketetan, ingeniaritza ikasketetan. Gustatuko litzaigukeela gehiago izatea? Bai,baina apurka, behintzat, ari gara urratsak egiten.

Eskolak zer eskaini dio Goierriri?

Kontuan hartu behar dugu gurea oso eskualde txikia dela. Eta, hala ere, ikusi Goierriko zenbat enpresak egin duten lekua nazioarteko merkatu handietan. Sektore askotan erreferentzia dira bertako enpresa asko: sektore energetikoan, garraioen sektorean... Lorpen handia da hori eskualde txiki batentzat. Askoren lanari esker lortu da hori, eta, besteak beste, Goierri Eskolaren ekarpenari esker. Gure ekarpena izan da langile kualifikatuak prestatzea, gero kalitatezko produktuak egiteko.

50 urte barru nola imajinatzen duzu Goierri Eskola?

50 urte barru ere gustatuko litzaiguke tresna baliagarria izatea eskualdearentzat. Ez dakigu nolakoak izango diren datozen urteak, baina ziur gaude orain arte bezala elkarlana bultzatu beharko dugula, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Ezinbestekoa izango da eskualdeko eragile guztiek norabide berean lan egitea. Eguneratzen joan behar dugu.

Talde eta bizileku askotako musikaria

Irunen sortutako musikaria da Oscar Benas. Ordea, Bartzelona du bizileku urteotan, eta handik bideratzen du musikaren bidea. Maika Makovski musikariaren taldeko kide izateaz gain, bakarkako bidean ere aritzen da egun; Oskar Benas y los Vampiros del Ri...

Hitzezko berdintasunaz harago, jaiak denentzat izan daitezen

Astearte goizaldean, Arrasateko txosna gunearen inguruetan neska batek sexu erasoa sufritu zuela salatu du bertako txosna batzordeak. Ane Zuazubiskar txosna batzordeko kidearen hitzetan, erasoa onartezina da: "Emakume baten kontrako erasoa emakume guztion kontrako erasoa da, eta ez dugu onartzen inoren aurkako erasorik". Horri erantzun asmoz egin zuten elkarretaratzea asteazken iluntzean, txosna gunean bertan. Arrasatekoa ez da, ordea, jaietako eraso sexista bakarra. Izan ere, Bilgune Feministaren arabera, jaietan ugaritu egiten dira emakumeen aurkako erasoak, eta "batzuek ongi pasatzeko beste batzuek gaizki pasatu behar izaten dute".

Halakoak saihesteko prebentzio kanpainak egiten dituzte hainbat lekutan, herriko jaien bueltan. Prebentzioaz gain, erasoak salatu eta horiei erantzuteko protokoloak ere badira zenbait herritan. Andoainen, joan den ostiralean hasi ziren sanjoanak, eta herenegun amaitu ziren. Bertako udalak, berdintasun planaren barnean, herritarren artean eraso sexisten aurkako kontzientzia bultzatzeko kanpaina egin du. Miren Agirreurreta gizarte zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, eskoletan harreman egokietarako garatu duten programari esker hauteman dituzte jai giroko jarrera sexistak: "Programako dinamizatzaileek kontatu digutenez, neskek gazte-gaztetatik dute beldurra gauez kalera irteteko. Tabernetan, txosnetan... jarrera oso sexistak izaten dira, neskek lotsa sentitzen dute eta normalean ez dute ezer egiten horren aurka".

Emakumeak aktibatzeko eta ingurukoen konplizitatea bilatzeko pegatinak banatu dituzte herritarren artean; eta txosnetan zein tabernetan, kartelak jarri dituzte jarrera sexistak onartzen ez direla erakusteko. Udalak bere ekimenez egin du kontzientziazio kanpaina, baina hurrengo festetarako elkarlanean aritu nahi dute jai batzordearekin. Balorazio positiboa egin dute kanpainaz, herritarrek egoki erantzun dutelako. Baina harago jo behar dela uste du Agirreurretak: "Abiapuntu bat izan da, baina badago zer hobetu. Eskoletan, esaterako, lehenagotik hasi behar dugu gaia lantzen".

Festetatik sagardo garaira

Hernanin, bi urte dira eraso sexisten aurkako protokoloa abian dutela, baina txosna batzordera mugatzen zen orain arte. Aurten, sagardo garaian erasoak egon direla jakin dute, eta gaia lantzeko eta herriratzeko beharra dagoela uste du Maialen Apezetxeak, Hernaniko berdintasun teknikariak: "Sagardogileekin egon ginen, eta esaten ziguten halakoak ikusten dituztenean ez dakitela nola jokatu. Gaia landu beharra zegoela ikusi genuen, tabernariek eta herritarrek, oro har, jarrera sexistarik onar ez dezaten".

San Joan jaietarako —astelehenean abiatu ziren, eta gaur amaituko dira— zabaldu egin dute erantzun protokoloa: txosna batzordearekin batera, udal ordezkariek, Berriak ostalarien elkarteak eta tabernariek ere parte hartu dute hori osatzen. "Jaiak denontzat espazio segurua izan daitezen prebentzio lana egin dugu; eta zerbait gertatuz gero, erantzuteko orduan denon artean koordinatzeko pausoak eman ditugu". Elkarlan hori "garrantzitsua" da Apezetxearen ustez, baina hausnarketa gehiago zabaldu nahi dute: "Jai batzordera, adibidez. Nolako jaiak antolatzen diren, norentzat, nori begira... zein jai eredu bultzatzen den hausnartzea nahi dugu, mugimendu feministaren kontua soilik izan ordez, herriko eragileek ere konpromisoa har dezaten".

Eremu gehiagotara iristeaz gain, San Joan festetatik harago ere eragin nahi dute Hernanin: "Txotx garaia ere izaten dugunez, ia lau hilabetez jaiak ditugu. Oraingo festetatik abiatu eta aurrera begira ere gaia landu nahi dugu". Izan ere, gizartean egin beharreko aldaketek herriko jaietan isla izatea nahi dute, festetan ohitura txarrak erreproduzitzen direla iruditzen baitzaie: "Jai batzordean, adibidez, parte hartzaileen %90 baino gehiago gizonezkoak dira. Horrek jaietan gizonezkoei mugatutako ekitaldi pila egotea dakar, txarangak gizonezkoez soilik osatuta egotea; garai batekoak diruditen ekintzak soilik daudela dirudi".

Irunen, duela sei urte, Bilgune Feministak ekin zion jaietako eraso sexisten aurkako prebentzio kanpainari; eta oraindik ere beharrezkoa da, Miren Lanz Irungo Bilgune Feministako kidearen hitzetan: "Festetan, tamalez, ikusten dugu eraso sexistak areagotu egiten direla, eta erasotzaileei kalean marra gorriak ezartzeko zein emakumeei ahalduntzen laguntzeko beharrezkoa da prebentzio lana".

Horregatik, Eraso sexisten aurrean, atera zure bibotea lelopean, koloretako biboteekin argazkiak ateratzeko dinamika jarri dute martxan: "Jendeak kanpainarekin bat egitea eta bertan parte hartzea nahi dugu, horretarako jarri dugu martxan photocall metodoa". Irungo kasuan, alardeak zalaparta handia eragiten du, eta horretan oinarrituta hautatu dute bibotearen ikurra: "Alarde parekidean parte hartzen duten emakumeei 'bigotuda' deitu izan diete sarri, eta dinamika honekin, buelta eman eta barre egin nahi izan dugu, kontrako sinbolo moduan baliatzeko".

Irungo jaiak astelehenean abiatu ziren, eta uztailaren 1era arte iraungo dute. Orain arte, argazki saio batzuk egin dituzte, eta, bihar, Mosku plazan egongo dira. Saio horietan banatzeko esku orri batzuk ere prestatu dituzte: "Kanpainaren garrantzia nabarmentzeko, batetik; eta erasoen aurrean egin beharrekoaren inguruko protokoloa azaltzeko, bestetik".

Hernaniko festetako ekintza jendetsuenetakoa, berriz, azeri dantza da: azeri batekin lagun talde bat soka baten inguruan ibiltzen da, maskuria eskuan; herriko izkinetatik irten eta jendea borobilean biltzen dute jotzeko. Ekintza horrekin gertatu dena esanguratsua da Apezetxearen ustez: "Lehen, mutilak bakarrik ateratzen ziren, eta, orain, neskak ere ateratzen dira; beraz, badirudi ez dagoela arazorik. Orain, ordea, gauza da neskak atera daitezkeela, baina egun bakarrean, azken egunean. Ondorioak norberak atera ditzala!".

Diskurtso zuzenarekin bat

Eraso sexistak jai giroan gertatzen dira, Apezetxearen arabera, "eta alkoholaren zein drogaren eraginagatik justifikatu ere egiten dira". Jarrera horiek egunerokoan daudela ikusarazi nahi diete hernaniarrei, jaien aitzakian bakoitzak nahi duena egiteko aprobetxa ez dezan: "Horren inguruan tabernariek zein txosnetan gabiltzanok badugu ardura; halako jarrerak ez onartzea da gure egitekoa".

Lanzen arabera, "festetan badirudi gizonek askatasun osoa dutela ondo pasatzeko, barre egiteko, iseka egiteko, neskak mehatxatu edo umiliatzeko. Sozialki ez dago gaizki ikusita". Berdintasunaren aurka egotea politikoki zuzena ez denez, jendeak diskurtsoarekin bat egiten duela uste du Apezetxeak, baina praktikan akats asko daudela iruditzen zaio: "Berdintasun faltsuaren ideia dago: hitzetan, denok gaude erasoak gertatzearen aurka eta berdintasunaren alde. Baina gero jarrera matxistak daude, baita jende gaztearen artean ere". Bat dator horretan Lanz ere: "Sarri entzuten dira 'ni berdintasunaren aldekoa naiz, baina ez naiz feminista' eta halakoak. Inor ez da ausartzen eraso sexisten aurkako jarrerarekin bat egitera. Baina uste dut jendea ez dela oso kontziente eraso sexisten molde ezberdinez; sotilagoak diren horiek ez ditugu horren argi".

Hernanin adostu duten protokoloak bi atal ditu. Batetik, tabernarientzat eta txosnetan lanean ari direnentzat eginikoa: "Eraso bat gertatzen ari dela iruditzen bazaie, eraso diotenari laguntzarik behar duen galdetu behar diote; baietz badio, arretaz entzun behar zaio, eta ez da epaitu behar. Erasotzaileari, berriz, halako jarrerarik ez dela onartuko jakinarazi behar diote". Bestetik, erasoa larriagoa bada, bortxaketa, adibidez, biktima dagokion zerbitzura bideratu behar da: "Udaltzaingora edo larrialdi zerbitzuetara; eta, horrez gain, erantzuteko modua ere adostu beharko litzateke". Behin jaiak igarota, protokoloa aztertu egingo dute: "Balio digun ikusi eta eragileen artean egokitzea da asmoa".

Blues musikak Tolosa hartu du bete-betean

Atzo eman zitzaion hasiera Tolosandblues jaialdiari, Belceblues Bergarako taldearekin, eta Duke Robillard izar duen egitarau zabal batek emango dio jarraipena gaur, bihar eta etzi. Iñigo Martin da jaialdiaren antolatzaileetako bat, eta gustura dago jaialdiak izan duen harrerarekin: "Hasierako urteak izan ziren zailenak, jendea ez zegoelako ohituta musika mota horrekin". Baina gaur egun Euskal Herriko jaialdi "onenetakoa" dela uste du.

Maila horretara iristeko formula goi mailako programazioa lantzea izan dela gaineratu du Martinek. Hala, talde eta emanaldi gogoangarriak izan dira orain arte jaialdian: "Little Charlie and The Nightcats, adibidez, une horretan [2008an] mundu mailako talde onenetakoak ziren. Hain justu, Euskal Herrian kontzertu bakarra eman zuten; non eta hemen, Tolosan". Gero, Valentzian (Herrialde Katalanak) eman zuten beste kontzertu bat, eta, ondoren, taldea desegin egin zen. Fronton tabernan gauza onak ikusi direla du gogoan: "Francisco Simon gitarra jotzailea, Joan Pau Cumellas, Victor Puerta eta Antonio Serrano aho-soinu jotzaile apartak... Gauza interesgarriak entzun eta ikusi ahal izan ditugu, eta espero dugu horrela jarraitzea".

Jaialdia lehendabiziko aldiz egin zenean, 2005ean, jende gutxi bildu zen. "Jendeak ez zuen ezagutzen musika mota hau, eta urteen poderioz konturatu da baduela kutsagarria den zerbait, jendea dantzan jartzen duena; berehalako konexioa dago musikariaren eta jendearen artean".

Horrenbestez, urtetik urtera jende gehiago elkartzen da, eta Plaza Berrian 400 edo 500 pertsona biltzea "normala" dela dio Martinek. "Aurreko urtean bai Solana 4 tabernan eta baita Saikinen ere jende ugari elkartu zen kontzertuak ikusteko. Horrek indarra ematen du; horrek erakusten du jendeak baloratzen duela musika mota hau, badakielako talde onak ekartzen ditugula". Jende gehien erakarri duena Raimundo Amador izan da. "Amador Madrilgo blues bandarekin etorri zen. Amua Raimundo Amador izan zen, eta Plaza Berrira joan ginenean agian 2.000 pertsona zeuden".

Aurrekontua aurten 16.000 euro ingurukoa da, eta Tolosako Udalak 10.000 euro jartzen ditu. Hortik aurrera, hainbat babesle daude, tartean kontzertuak izaten diren inguruko tabernak. Bestalde, musikariei afariak ematen zaizkie herriko elkarteetan, normalean Eroetxe, Txinparta eta Lizardin. Aurrera begira, Martinek etorkizun "aparta" ikusten dio Tolosandblues jaialdiari: "Aurtengoarekin gozatu gabe, dagoeneko hurrengo urterako baditut buruan pare bat talde, zer formaziorekin-edo etor daitezkeen pentsatzen...". Azkenean, ia urte guztiko lana izaten da egitaraua pentsatu eta osatzea. "Udalak aurrera segitzeko asmoa badu, aurrera egingo du jaialdiak".

Etxeko taldea, bukatzeko

Txaston Dixie Band Tolosako taldeak bere lehen kontzertua emango du aurtengo Tolosandblues jaialdian. "Talde xume bat gara, iazko udazkenean sortu zena", dio Juanmi Calahorra bateria jotzaileak. "Hasi ginenetik helburua izan da entseguetan ondo pasatzea". Dixieland musika egiten dute, hau da, aurreko mende hasieran New Orleansen (AEBak) sortutakoa. Beti txarangetan-eta ibili direnak "zerbait ezberdina egiteagatik eta musika alaia jotzeko asmoz" elkartu dira. "Guretzat erronka izaten ari da", esan du.

Hainbat lekutatik etorritako musikariak direla dio Calahorrak: "Musikalki profesionalak direnak, baina agian instrumentua menperatzen ez dutenak. Adibidez, Isitxo Larrañaga profesionala da, baina tubarekin urtebete darama".

Beti gustatu izan zaie bluesa, eta Tolosako jaialdiak maila handia hartu duela eta, "errespetu" handia ematen die bertan jotzeak. Behin lehenengo kontzertua emanda, hortik aurrera bere helburua hobetzen jarraitzea izango dela gaineratu du.

Mutuak izango balira

Badator lo gozoa, geroz eta hurbilago dago; laster harrapatuko nau gaueroko adiskide misteriotsuak, eta gorputzak pisurik ez daukan txoko horretara eramango nau. Izugarri gustatzen zait lokartzeko une hori... loak hartzen nauela konturatzea magikoa iruditzen zait, eta momentu hori ahal bezain beste luzatzen dut; errealitatearen eta ametsaren arteko lerroa nola lausotzen den begiratzen dut kulunpio zuri batean hara eta hona nabilen bitartean.

Hitzetan adierazita oso poetikoa geratzen da, baina seguru trenean lo geratzen den aitonaren moduan ahoa zabal-zabal eginda lo hartzen dudala, lerde jarioan.

Baina poesiarekin jarraituko dut; non gindoazen? A, bai: badator lo gozoa, geroz eta hurbilago dago... "ñiiiiiiiii", bat-batean loa alde egiten hasi da; nora ote doa? Zergatik doa? "Ñiiiiiiiii", berriz ere. Eta horixe da arrazoia, intsektu txiki hegodun odol zurrupalari hori. Edo gaueko hamabietan esango nukeen moduan: "Moskito puta hoi". Guztiz esnatu banau ere, kasurik ez egitea erabaki dut. "Joango da, lo hartu beharra daukat; tira looo, loooo...", agindu diot neure buruari. Gauza lasaietan pentsatuko dut: belaze berdeak, laino zuriak, haize freskoa... "Ñiiiiiiiii", jode, tira, imajinatu gauza politak: nire esku hotzak aitonaren esku zaharren artean berotzen nituenekoa, hondartza oin hutsik zapaldu nuen aurreneko aldi hura, elurra egiten zuenean eskolara joan gabe geratzen ginen egun zuri haiek... "Ñiiiiiiiiiii", etxeko zapatilarekin moskito puta bat paretaren kontra akabatu nuen gau epel hura...

Horrela ezin dut! Haserre piztu dut argia; harrapatzen badut, zukutu egingo dut. Txoko guztietan begiratu dut, sabaian, paretetan, gaueko mahaitxoan, maindire artean, iratzargailuaren azpian eta gortinetan. Ez da inondik ageri; alde egingo zuen agian sukaldera edo egongelara. Atea itxi dut bueltan etor ez dadin, ohean sartu naiz, argia itzali dut, begiak itxi ditut... "Ñiiiiiiiiiiii". Dios! Nola da posible? Hemen jarraitzen du banpiro txikiak. Ziztatu behar banauzu, ziztatu nazazu; hartu behar duzun odol guztia, eta ospa! Baina, jaungoikoaren izenean, egin beharrekoak isil-isilik egin itzazu, ze hots hori belarriaren aldamenean jasango duen amaren semerik ez da sortu oraindik.

Animalia zalea naiz, beti babestu eta defendatzen ditut, eta, noski, animalien aurkako tratu txarrak beti kondenatzen ditut. Baina galdera sakon bat daukat: ezinbestekoa al da "ñiiii" egiten duen eltxoa izaki bizidunen sistema katean? Hain larria izango al litzateke intsektu horren hutsunea bizitzaren katean? Akabatu ezin badira ere, sikiera, mututzerik balego...

Hurrengo egunean, telebistako iragarkietan ikusi dudan tramankulu bat erosi dut: entxufean sartu eta intsektuak akabatzeko produktu bat askatzen du pixkanaka-pixkanaka. Akabatuko ez ditu, ba, ia ni ere akabatu nau eta! Hori da kiratsa... entxufetik atera eta komunean utzi dut. Ohera noa berriz ere, ea loak lehenbailehen bere magal ilunera eramaten nauen, bisitari txikia nire eskuineko besoan afaltzen ari dela konturatu aurretik.

“Goierriko Jazzaldiaren helburua da musika mota hori zabaltzea”

Goierriko bigarren jazz jaialdia antolatu dute Araman eta Ordizian datorren astebururako, uztailaren 4 eta 5erako. Eskualdean jazza entzuteko plaza bat eskaintzea da jaialdiaren helburua, musika estilo horri Goierrin indarra emateko. Sei kontzertu antolatu ditu Joseba Basarte, Nohan Alberdi, Jon Txurruka eta Urtzi Etxeberria laukoteak. Etxeberriak eman ditu azalpen gehiago.

Non du sorrera Goierriko Jazzaldiak?

Lagunartean sortutako ideia bat da. Jazza gustuko dugun laukote bat elkartu ginen, eta Goierrin zerbait antola genezakeela pentsatu genuen. Laukoteko kide bat Araman bizi da, eta, ideia ere bertan sortu zenez, bertan egitea pentsatu genuen.

Zein helbururekin hasi zineten iaz jaialdia antolatzen?

Guri jazza gustatzen zaigu, eta badakigu eskualdean badela musika estilo hori gustuko duen jendea. Guretzako jaialdi bat egin nahi genuen, hemen inguruan jazz kontzertuak zuzenean ikusteko, Goierrin jada antolatzen direlako beste musika estilo batzuetako jaialdiak. Baina, batez ere, jazz musika zabaltzeko asmoz pentsatu genuen jaialdia antolatzea; gainera, inguru honetan ere badaude jazza egiten duten musikariak, eta haien lana ezagutzera eman genezakeela ere pentsatu genuen.

Bi helburu dituzue, beraz.

Bai, hala da; jazz musikak ez du izaten beste musika estilo batzuek adina leku, eta musikariak plaza bila aritzen dira. Gu, berriz, musika estilo hori zuzenean entzuteko lekuen bila. Bi nahiak elkartu eta jazzari Goierrin leku bat egitea izan da asmoa.

Zein berezitasun du Aramak jaialdia bertan egitea erabakitzeko?

Herri txikia da, baina musika eta, batez ere, jazza zuzenean entzuteko parke zoragarri bat du. Oso leku aproposa da, eta eguraldi onarekin primerako lekua da, lasai zelaian eseri eta kontzertuez gozatzeko.

Ordizia izango da jaialdiko bigarren agertokia. Zergatik antolatu duzue jaialdia bi herritan?

Jaialdia ahalik eta gehien zabaldu nahi genuen, ondo irtenez gero etorkizun batean inguruko beste herri batzuetan ere ideia garatzen joateko: Beasainen, Lazkaon... Azken finean, jaialdia eskualdera zabaltzea da nahia, jazz afariak, ikastaro didaktikoak eta beste antolatzea delako asmoa.

Nola egin duzue taldeen aukeraketa?

Helburua ahalik eta jende gehienarengana iristea da, helduengana, gazteengana... eta, horretarako, mota ezberdinetako emanaldiak antolatu ditugu. Hori buruan izan dugu beti, eta horren arabera aukeratu ditugu bi urteetan kontzertuak: umeentzako kontzertu didaktikoak, publiko guztiarentzako saioak, eta gauerako jazz kontzertua, baina jazz ireki bat, festa giroa sortuko duena. Hori izan zen iazko antolaketa, eta aurten ere antzeko bideari jarraitu diogu.

Estilo ezberdinetako taldeak entzun ahalko dira, beraz?

Ostiraleko bi kontzertuak Ordizian izango dira, eta lehen saioa herriko musika eskolako ikasleek osatzen duten Combo Jazz taldearena izango da. Jazz estandarra entzun ahalko da [19:30ean, Plaza Nagusian]. Horren jarraian, berriz, aurtengo jaialdiko momentu gorenetako bat iritsiko da: Javier Lopez Jaso&Marcelo Escrich Quartet taldearen kontzertua [23:00etan, D'elikatuz-en]. Estatu mailan erreferentzia bat da musikari nafarra, eta bi taldeak konparatzerik ez badago ere, hor ikusten da jazz mota ezberdinak entzun ahalko direla jaialdian.

Aramako saioak larunbaterako utzi dituzue.

Aramako parkea egunez gotzatzeko da, eta, horregatik, larunbateko lehen hiru saioak bertan egingo ditugu: Victor de Diego Trio eta Miguel Salbador arituko dira aurrena, 18:30ean hasita, eta, ondoren, herriko plazan Busbu disko jartzaile ordiziarra ariko da. Nahi duenak bertan afaldu ahalko du, eta barra ere egongo da.

Aramatik, Ordiziara buelta.

Libert Fortuny saxo jotzaile kataluniarrak itxiko du aurtengo jaialdia, Ordiziako Barrena parkean [23:00]. Munduan zehar aritu da bere musika eskaintzen, eta seguru gaude Ordizian ere sekulako kontzertua egingo duela.

Herri batetik bestera joateko autobusak jarriko dituzue, doan.

Larunbatean egongo da autobus zerbitzua, Ordiziako Garagartza plazatik —17:15ean irtengo da, autobusa bete ahala—, eta, ondoren, nahi duena berriz Ordiziara autobusez itzul daiteke. Kontzertuak ere doan izango dira.

Ikusleen aldetik, zein erantzun espero duzue?

Iazko erantzuna zein izan zen ikusita antolatu dugu aurten ere jaialdia, kartel interesgarriago batekin. Beraz, nik uste jendeak gustura hartuko duela.

Sarean ere badu lekua jaialdiak.

Jaialdian dagoena zabaldu nahi dugu, jendeak zein aukera duen jakin dezan, eta horregatik sortu dugu www.aramajazz.com webgunea. Facebooken ere bagaude [GoierrikoJazzaldia].

76

Aldundiarekin informazio trukerako hitzarmena sinatu duten udalakGipuzkoako 76 udalek eta foru aldundiak datuak elkarri emateko hitzarmena sinatu dute. Funtsean, aurreko hitzarmena hobetzea lortu da, informazio trukaketa aldebikoa izango baita. Hala ...

Herriko dantzaren oinarri sendoa

Usurbilgo dantzaren historiako zati garrantzitsu bat bildu dute liburu batean. Usurbil dantzan, Usurbilgo Dantza Taldea 1975-2013 izena darama Usurbilgo Dantza Taldeak argitaratutako bildumak, eta herriko hiru bizilagunek ondu dute lana: Maider Errast...

Zaindari isila goraka doa

Gipuzkoan dauden gazteluetatik erakargarrienetakoa da Oiartzungo Beloaga, ia eraitsita egon arren: horren gaineko dokumentazioa oso handia da, Oiartzualdeko eta Euskal Herriko memoria historikoa berreskuratzeko eraikin esanguratsua da —"haren historiak herri honen bilakaeraren zati handi bat erakusten du", esan du Beloaga Bizirik taldeko Joxemari Iturriotzek—, eta herrialdean antzeko gazteluak badauden arren, besteetara ez bezala Oiartzungora iristea erraza da. Gainera, inguruan Gipuzkoako populazio eremu handiena dago, Donostia aldea, Oiartzualdea eta Bidasoa aurrez aurre ikus daitezkeelako bertatik.

Gaztelua estrategikoa izan zen bere kokalekuagatik, besteak beste, Erdi Aroko gatazketan, II. Karlistadan eta 1936ko gerran. Gazteluari buruzko lehen aipu idatzia 1200. urtekoa da. Horregatik guztiagatik aukeratu du Aranzadi Zientzia Elkarteak Beloaga berreskuratzeko lehentasun moduan, Oiartzungo Beloaga Bizirik elkartearen ekimenez.

Gaztelua berreskuratzeko propio sortutako elkartea da Beloaga Bizirik, eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean ari da Oiartzungo Gurutze auzoan dagoen eraikinari astindua ematen; aurtengo urtarrilean sinatu zuten hitzarmena da horren lekuko. Hiru fasetan egingo dituzte lanak bertan. Jada lehen fasearen erdia egina dute, eta horren barruan bertako dorrearen zati bat egonkortu dute —arma plaza ere bazuen gazteluak—. Hil honetan ibili dira bertan lanean Aranzadiko kideak eta elkarteko boluntarioak; boluntario horiek, aurretik, beharrezko material guztia igo zuten gaztelura. Lehen faseari irailean ekingo diote berriz ere. Bigarren eta hirugarren faseak aurrerago egiteko asmoa dute, baldin eta horretarako finantzaketa nahikoa badago.

Joxe Mari Iturriotzek finantzaketaren auzia jarri du Beloaga nolakoa izan zen irudikatzeko egiten ari diren lanen balizko arrakastaren erdi-erdian. Izan ere, lehen faserako lortu duten dirua bazkideen ekarpenen eta Oiartzungo Udalak emandako diru laguntzaren bidez iritsi da —395 euro lortu ditu Beloaga Bizirik-ek, kide bakoitzak hamarna euro emanda—, baina, hala ere, nekez aurre egingo diote proiektuari horrekin bakarrik. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundira nahiz Eusko Jaurlaritzara ere jo dute laguntza eske; "uste dut eskaera horiek bide onetik doazela", aitortu du Iturriotzek.

Bide horretatik, Iturriotz ez da ausartzen esatera Beloaga noiz egongo den berreskuratuta —ez berreraikita, ezinezkoa baita gaztelua zen bezala, berdin-berdin berreraikitzea—, baina uste du bi urteren buruan eginda egon daitekeela: "Dena ondo badoa, dorrea behar bezala konponduz gero, bestea ere egin liteke. 2016rako eginda egongo dela esatea gehiegitxo esatea litzateke agian, baina Aranzadik asmo hori du: urte bakoitzeko fase bat egitekoa".

Oiartzungo nahiz Errenteriako armarrietan agertzen den gaztelua Beloaga da. Duela ez urte asko ia ezkutuan egon zen harri multzo horrek Oiartzualdean izan zuen garrantziaren erakusle da hori.

Beste bi faseak

Bigarren fasea egiteko, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren zain daude Beloaga Bizirik taldeko kideak. Europako Batasunak ematen duen diru laguntza baten bitartez kudeatuko luke Jaurlaritzak Beloagarako ekarpena, monumentu historiko izendatuz gero; bide horretan espedientea zabalik du egitasmoak, eta hori "seinale ona" dela uste du Iturriotzek. Hartara, ekarpen horrekin, gazteluaren dorrearen altuera zazpi bat metrora iritsiko litzateke, eta goialdean plataforma gisako bat egingo lukete, petril batekin, "horrek dorreari dorre itxura emango lioke, nahiz eta bere garaian dorre horrek 12-15 bat metroko garaiera izan, pareten zabaleratik ateratako datuen arabera. Informazio panelak ere jarriko lirateke bigarren fase horretan".

Hirugarren faseak iristeko erraztasun neurriekin du lotura. Izan ere, gaztelua Gurutze auzoko kaskotik hurbil dagoen arren ez da oso erosoa bertaraino iristea, eta eskailera batzuk egitea dago aurreikusia.

Oiartzuarren auzolana

Egitasmoa aurrera eramateko, oiartzuarren auzolana funtsezkoa izan da, hasieratik. 2010ean hasi ziren hainbat herritar gazteluaren ingurua garbitzen, eta eremua ezagutu eta bertan aurkitzen hasi ziren material eta gaiek bultzatuta, are indartsuago egin zuten Beloaga berreskuratzeko sentimendua. Obrak egiteko finantzaketa lortzen, egitasmoaren garrantziaz herritarrak eta erakundeak jabetzen eta Beloagan bertan izerdia botatzen ibili dira azken hilabeteetan herritarrak. Hil honetako lanak egin baino lehen, adibidez, asteburuetan beti bildu dira hainbat oiartzuar ur deposituak, morteroa eta harriak gazteluaren ondo-ondoraino eramateko; izan ere, gazteluak denboraren poderioz jauzi zaizkion harriak ditu inguruan, eta horiek erabiltzen ari dira.

2016rako hainbat egitasmo daude aurreikusita Gipuzkoan, eta Beloaga gazteluaren berreskuratzea izan daiteke eginda egon daitekeen bat.

Obabako testiguen ibilaldi musikala

Info 7 irratiko Obabako testiguak literatura saioak Obaba Fest jaialdia antolatu du Donostiako Doka kafe antzokian. Hiru kontzertuk eta disko jartzaileen saioak osatuko dute jaia. Giorgio Bassmatti abeslari donostiarrak Oso Fan proiektua aurkeztuko du...