“Argazki perfekturik ez dago, zuretzat beti dago hobetzeko zerbait”

Hogei urtean egin duen argazkilaritza lana bildu du Jose Angel Areta Goñi Juxe-k (Errenteria, 1968), Intxaurrondo kultur etxean, Donostian. Rock kontzertuetan ateratako argazkiak ikus daitezke Keep on klik han erakusketan, ekainaren 25a arte. Askotariko argazkiak egin baditu ere, aitortu du rockak eraman zuela argazkigintzara. Errenterian Black Irudi Faktoria estudioa zabaldu berri du.

Keep on klik han erakusketa duzu Intxaurrondo kultur etxean. Nola sortu zen aukera eta zer aurkituko du ikusleak han?

Erakusketaren izena Beñardo Goietxek, Berako lagun eta abeslariak sortu zuen. Hogei urte bete dira orain argazkigintzan hasi nintzela, eta hori bada arrazoietako bat, ez bakarra, erakusketa egiteko. Orain arte, 50 erakusketatik gora egin ditut Euskal Herrian zein estatuan. Edukiari dagokionez, kontzertuetako argazkiak daude, baina baita promozioetakoak ere. Agertzen direnak, beraz, ez dira agertokikoak bakarrik, kalean ateratakoak, back stage-an egindakoak, edo kontzertu baten inguruan sortzen diren irudiak dira. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet azaltzen diren musika taldeei eta erakusketa muntatzen lagundu didaten guztiei.

Rock munduaren bueltan egin duzu argazkigintza lana, batez ere.

Erabat ezberdina da niretzat erakusketan edo Black Irudi Faktorian —Errenterian duen estudioan— egiten dudan lana. Estudioan orokorragoa da, denetatik dago, eta erakusketan, berriz, bakarrik kontzertuetako edo zuzeneko rock argazkiak. Hamabost urtetatik gustuko izan dut rocka, nire bizitzaren zati handi batean disko dendetan egin dudalako lan, eta beti nahiko harreman zuzena izan dudalako zenbait bandarekin. Argazkigintza aspaldi ikasi nuen, baina 1993. urtean kontzertuetan ikusten nuena erretratatu behar nuela erabaki nuen. Eta kontzertuetako argazkietatik iritsi naiz beste eremuetara.

Perfekzioaren atzetik musika duzula beti esan duzu. Musika behar duzu lanerako?

Lan egiteko musika behar dut bai, ezin dut lanik egin hura gabe. Rocka batez ere, baina soula edo punka eta hardcorea entzuten dut... denetarik entzuten dut. Beti dut atzean musika.

Sarritan nahiago bidearen edertasuna helmuga bera baino. Zure hitzak dira horiek ere. Ederragoa da bidea, emaitza bera baino?

Argazkilari askok esaten dute prozesu horretan ez dutela gozatzen. Amaieran, emaitza ikusita gozatzen dutela, argazkia egina ikusita, alegia. Niri gustatzen zait amaierako kopia edo argazki hori, baina bidean egiten dudan guztia ere oso gustukoa dut, eta argazkia egiteko momentuan, argazkia egiten pasatzen ditudan une horietan guztieta, baita laborategian ere, gehiago gozatzen dut emaitzarekin baino.

Argazki perfektua existitzen da? Zuk aurkitu duzu hogei urte hauetako ibilbidean?

Ez. Argazki perfekturik ez dago, zuretzat beti dago hobetzeko zerbait argazki batean. Badaude argazki batzuk gustuko dituzunak, baina zaila da argazki onena edo gustukoena aukeratzea daukazunean sekulako artxiboa.

Gogokoena izango duzu, ordea.

Musikazale amorratua naiz, eta musika talde gustuko bat zuzenean lehenengo aldiz ikustera joaten naizenean, izugarrizko zirrara sortzen zait... Momentu horiek izaten ditut gogokoenak. Lehenengo aldi hori berezia izaten da.

Black Irudi Faktoria zabaldu berri duzu Errenterian. Halako lehenengo esperientzia duzu?

Iaz, San Tomas Egunaren bueltan zabaldu genuen. Ideia landua nuen aspalditik, baina iaz sortu zitzaidan aukera. Argazkigintzaren inguruan lan egin nahi nuen, eta niretzat. Beti egin izan dut lana besteentzat, aldizkarietarako dela, edo egunkarietarako... Jende askok uste du, gainera, kontzertuetako argazkiak egiten ditudala bakarrik, beti ikusi izan nautelako agertokietan. Estudioa zabalduta, hori apurtu nahi dut. Estudioan argazkiak egiteaz gainera, ikastaroak eta erakusketak edo kontzertuak egin nahi ditut. Ideia nahiko zabala da.

Zein da estudioaren balorazioa abendutik hona?

Ona, oso ona. Lokala zabaltzen duzunean, beti nobedadea da. Hau ez da argazki denda bat, ez dut materiala saltzen, argazkiak saltzen ditut; batez ere, nire lana saltzen dut. Gehienbat, ikastaroak egitera edo estudioko argazkiak egitera etortzen da jendea. Oraindik, halere, bidea gelditzen da egiteko.

Zein izango da hurrengo urratsa zure bizitza profesionalean?

Orain arte, ez naiz bizi izan argazkigintzatik, bestelako lanbideak izan ditut, eta, orain, estudioa zabalduta hasi naiz mundu honetaz bizitzen saiatzen. Helburua da Black Irudi Faktoriari jarraipena ematea eta hortik bizitzea.

Debagoienan, tabakoaren kontsumoa gutxitu nahian

"Tabakoa da gehien prebeni daitekeen heriotza kausa". Horren kontsumoa gutxitu eta tabakoaren gaineko menpekotasuna gainditzeko helburuarekin, eskualdeko udalek, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak Debagoiena tabako kerik gabe egitasmoa jarriko dute martxan hurrengo astean. Kerik Gabeko Astearen barruan egingo dute, Osasunaren Mundu Erakundearen deialdiari jarraituz.

Ez erretzeak dituen abantailak, zaletasuna uzteko dauden baliabideak eta beste hainbat aholku emateko, karpak jarriko dituzte Eskoriatzan, Aretxabaletan, Bergaran, Arrasaten, Antzuolan eta Elgetan. Gainera, tabakoa utzi nahian dabiltzan horiek animatu nahi dituzte dagokien osasun zentrora joan daitezen, zuzenean zein aukera dauden eta zer urrats egin behar dituzten jakiteko.

Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariaren arabera, garrantzitsua da erakundeek eta gizarte eragileek batera lan egitea osasunari lotutako horrelako programetan. Hain justu, hirurek hasitako elkarlana zabal dadin nahi dute; haien asmoa beste eragile batzuk erakartzea baita —elkargoak (farmazienak eta dentistenak), ikastetxeak, tokiko elkarteak...—.

2013ko Osasun Inkestaren arabera, Gipuzkoan gizonezkoen %27,7k erretzen dute —noizean behin edo normalean— eta emakumeen %21,1ek. 15 eta 24 urte artekoen artean, ordea, neska gehiagok erretzen dute: nesken %19,1ek, eta mutilen %17,4k.

Horrez gain, nabarmendu dute sektore apaleko pertsonak lotuago daudela tabakismoari. Izan ere, bizimodu erosoa dutenen artean, gizonezkoen %25,3k erretzen dute —noizean behin edo normalean—, eta maila apalagoa duten gizonezkoen %36,2k. Gaineratu dute tabakoak bizi-itxaropenari hamabost urte kentzen dizkiola gutxi gorabehera; biriketako minbizien %90 tabakoak eragiten ditu.

Kalean, udal auzoaren aldeko

Igandean egun berezia dute Itziarren (Deba): Itziar auzo udal izatearen gaineko herri galdeketa egingo dute, Europako Parlamenturako hauteskundeekin batera. Honako galdera honi erantzun beharko diote: "Ados zaude auzo udala ondorengo lurraldeekin, Itziar kaskoa, Itxaspe, Egia, Mardari, Endoia, Arriola, Lastur eta Elorrixa sortzeko?" Eta bai edo ez erantzun beharko dute. Lau tokitan jarriko dituzte galdeketako hautetsontziak: Itxaspe eta Itziar kaskokoa; Elorrixa eta Mardarikoa; Lastur goia, Lastur behea, Endoia eta Arbizkoa; eta Egia eta Arriolakoa.

Itziarko kaskoan hainbat etxebizitzatako balkoietan eta errepideetako bidegurutzeetan udal auzo izatearen aldeko kartelak eta kamiseta berdeak daude zintzilikatuta. Itziarren bertan ere galdezka hasi, eta auzo udalik nahi ez duenik ez du aurkitu Gipuzkoako Hitza-k, kalean behintzat.

Sonia Sabajanes Itziarko herrigunetik industrialdera doa oinez. Herri galdeketa egitea oso ondo iruditzen zaiola dio, eta udal auzo izatearen aldeko boza emango du: "Europako hauteskundeetan agian ez dut bozkatuko, baina bai, ordea, udal auzo izateko galdeketan". Ez dago ziur "zehazki" zer ekarriko duen udal auzo izateak, baina horren alde dago, zalantzarik gabe. "Itziartarrontzat abantailak ekarriko dituela pentsatzen dut, eta herritarrontzako udal auzo izatea da onena". Herritar gehienak udal auzo izatearen aldekoa direla uste du, "kalean entzuten dena hori da".

Beste emakume batek, berriz, ez du gaiaz hitz egin nahi; hala ere, agurtzerakoan bera ere auzo udalaren aldekoa dela esanda joan da erosketen poltsarekin kalean gorantz. Itziarko pilotalekuaren aurrean, auzo udala eratzeko proposamenaren berri ematen duten bi informazio panel handi daude jarrita. Ondoan, gutunontzi bat ere bai, herritarrek euren proposamenak egiteko. Hantxe aurrean aritu da izena eman nahi ez duen gizonezko bat galdeketaz. "Herrian entzuten denaren arabera, baiezkoa aterako da. Gainera, uste dut oraintxe dela erabakitzeko garaia".

Auzo udala izanda herritarrek erabaki gehiago hartzeko aukera izango dutela uste du. "Garai batean, Itziarren segregazioaren aldeko mugimendua egon zen. Ordea, orain hori alde batera utzita dago, eta auzo udal izateaz erabakiko da. Denon Herria horretan ari da indarra egiten, eta mugimendu asko sortu da herrian". Lasturren, berriz, baiezkoa aterako den zalantza azaldu du.

Eta gero, zer?

Iñaki Unanue Lasturkoa da, baina udal auzoa osatzearen aldekoa. Itziarko kaskoa eta beste lurraldeak udal auzo batera joatearekin bat dator. "Itxaspe, Itziar, Lastur eta beste denak udal auzoan batera joan behar genuke, ez zait ondo iruditzen banatzea".

Udal auzo izatearen gainean Itziarren eta beste auzoetan bilerak izan direla dio: "Ni ez naiz izan bileran, baina emaztea eta alaba izan dira. Udal auzo izatea hoberako izango dela esaten dute, eta auzotik dena hobeto kudeatuko dela. Lasturko bileran Ereñotzuko herritar bat ere egon zen hizketan —Ereñotzu ere Hernaniren udal auzo egin zen—, eta oso gustura daudela esan zuen, askoz gauza gehiago egiten ari direla herrian". Unanuek hala izan daitekeela pentsatzen du, "baina, probatu arte ez dago jakiterik".

Hala ere, denerako iritziak daudela nabarmendu du, "badaude onerako ez dela izango esaten dutenak ere". Baina, herriari galdetuko zaiolako gustura dago: "Galdetzea ondo dago. Eta, gero, bai edo ez irten errespetatu egin beharko da".

Galdeketa egin beharra, berriz, "tristea" iruditzen zaie Itziar Astigarragari eta Hiart Aizpuruari. "Jendeari galdetu gabe, Debako Udalak legez egokitzen zaiguna ematea izango litzateke egokiena, batere presiorik eta galdeketarik egin beharrik izan gabe. Hau da, Itziarri egokitzen zaiona eman eta kito. Pixka bat penagarria da, baina ez dago beste biderik". Bi horiek ere Itziar udal auzo egitearen aldekoak dira.

Galdeketak Itziarren mugimendu pixka bat sortu du. "Beti mugitzen direnak batzuk dira. Herrikoek, betiko herritarrek direnek badakite nondik norakoa den galdeketa. Baina jende asko kanpotik etorri da herrira bizitzera, eta haiek herriko bizitzarik ez dute egiten", esan du Aizpuruak. "Bai, eta beste askok ez dute ezer jakin nahi kontu honetaz. Igual, haurrak eramango dituzte eskolara, eta eskolari eragin diezaioke emaitzak. Baina, hala ere, ez zaie axola".

"Beldur pixka bat ere sortu da Deba aldean. Lehen, desanexioa eskatzen genuen Itziarren. Baina, gaur egun, Debarekin batera nahi dugu, udal auzo izanda. Askok ez du bata eta bestea bereizten, eta zalantza eta beldur asko sortu dira". Baiezkoa aterako delakoan daude Aizpurua eta Astigarraga, baina galdeketako parte hartze kopuruak kezkatzen ditu. "Zenbatek parte hartuko ote duen beldur gara".

Baiezkoa aterako balitz ere, gero ikusi egin beharko litzateke Debako Udalak zer erabakitzen duen. "Baiezkoa ateratzeak ez du esan nahi Debako Udalak hori onartuko duenik. Azkenean, galdeketan aterako dena herritarren iritzia da, eta agian gero har litekeen erabakiari bultzadatxoa emateko balio dezake".

Diziplinaz, konpromisoaz

Unibertsitatean —EHUn behintzat— irakaskuntza aldiaren hondar asteetan gabiltza. Ikasgaiak ixteko garaia, eta ikasleek azken aurkezpenak egiteko tenorea dute, gehientsuenetan. Azken ekarpenen une hori garrantzitsua izaten da, halako saioetan ikasleen gaitasunak neurtu ez ezik, gure irakaskuntzaren arrakasta edo porrota ere neurtzen baitugu. Ezagutzez eta gaitasunez jabetu direla ziurtatu nahi izaten dugu, lehen saiotik azken saiora alderik badagoen ikusi, ikasleengan eragin dugula egiaztatu…

Saio horiek ezagutzaz eta gaitasun akademikoez besteko neurririk ere ematen digute, halako saioetan talde dinamika ikusgarriago egiten baita, eta baita taldeko afektu mapa ere. Egia da afektu mapa hori ez dagoela guztiz irakasleon esku, baina talde-dinamika sustatzearen ardura bada gurea, eta, neurri batean, ikasleek elkarren interesak partekatzea eta elkarri entzuten ikastea bada irakasleon ardura.

Ikasleak urduri doaz aurkezpen publiko horietara, baina gu ere halaxe goaz, bestelakoa da urduritasuna, ordea. Zeregin bikoitza baita gurea une horretan: batetik, talde aurrean arituko diren ikasleak eroso sentitzea; eta, bestetik, gainerako ikasleek, entzuleek, jakin-minez entzutea —edo gutxienez, errespetuzkoa izan dadila haien jarrera—. Jakina, aurretik halakorik landu ez badugu, ez dugu saio horietan lortuko talde dinamikarako giro onik. Horregatik, beldur txikiak ere izaten ditugu batzuetan, elkarri errespetuz entzungo ote dioten, elkarren arteko jarrera nolakoa izango den. Hala ez bada, errespetuzko giroa ez bada nagusi, gure irakaskuntza jarreraren inguruan zalantza egiten dugu.

Halako kezkak buruan nituela izan nuen Valentziako Gorteetan gertaturikoaren berri. Compromís-eko Mònica Oltra diputatuari aretotik ateratzeko eskatu zion lehendakariak, errespetuzko jarrerarik izan ez zuelakoan. Mònica Oltrak uko egin zion aretoa uzteari, PPko diputatuen jarrera ere bertsua zelakoan, baina haien kasuan lehendakariak ezikusiarena egiten zuelakoan. Ezin errespetuzko girorik eskatu, halakorik ez badu sustatu talde dinamikaren arduradun denak, hots, lehendakariak. Eta bat-batean burura irudi oldea etorri zitzaidan: parlamentu edo legebiltzarretako politikariak, elkarri inolako errespeturik gabe hitz eginez, eztabaida mamitsuetan sartzeko interesik gabe... Hezkuntza arautzen duten horiexek, hezkuntzako diziplina ahotan une oro duten horiexek. Diziplina eta agindua sinonimotzat dute, eta diziplinak ez omen du konpromisoaren itzalik haientzat. Oltrarentzat, aldiz, bai.

Hiru asterako doinuak

Musika

Pasaia

Pasai Donibanen, 24. Musika Jardunaldian murgilduta daude. Itsas Mendi musika taldeak antolatuta, joan den igandean eman hasi zuten zikloa Mugarik Gabeko Txuntxurreroak taldeak. Gaur, Lezoko Musika Eskolako Banda entzuteko aukera izango da San Joan Bataiatzailearen parrokian, 20:15ean —leku horretan egingo diren kontzertu guztiak ordu berean izango dira—. Guztira, hiru kontzertu koral eta bi instrumental antolatu dituzte aurtengo egitarauan.

Asteburuan ez ezik, datozen egunetan ere musika jardunaldiaz gozatzeko aukera izango da. Ekainaren 6an, ostiralarekin, Miarritzeko (Lapurdi) Itsasoa abesbatzak emango du kontzertua. Hurrengo egunean, Donostiako Luberri abesbatza entzuteko aukera izango da. Astebete geroago, ekainaren 14an, Errenteriako Andra Mari Abesbatzaren barruan sortutako Orereta Gazte Abesbatzak eskainiko du kontzertua. Azkenik, ekainaren 15ean, Errenteriako Musika Banda izango da. Kontzertu guztiak San Joan Bataiatzailearen Parrokian izango dira, Errenteriako Musika Bandarena izan ezik: herriko plazan joko du, 13:00etan.

Gainera, Errenteriako bandak 150 urte betetzen ditu aurten, eta hori ospatzeko, Gipuzkoa osora zabalduko den egitaraua osatu dute. Errenteriako Musika Banda 1864. urtean jarri zen martxan, herrian zegoen eta gaur egun oraindik dirauen musika zaletasunari erantzun nahian.

MUSIKA JARDUNALDIA

Noiz. Maiatzaren 18tik

ekainaren 15era bitarte.

Non. San Joan Bataiatzailearen parrokian eta herriko plazan.

“Hegaztia ez duzu zeuk menderatzen; bizikideen arteko harremana da”

Euliak kutxatilan sartzen zituen Isaac Jimenok umea zela (Urretxu, 1985), eta, dioenez, Rodriguez de la Fuente naturalistaren telebista saioetan muturra pantailara itsasten zuten haur horietakoa zen. Poliki-poliki, falkoneriaren munduan sartu zen, eta etxekoek esaten bazioten ere hegaztiekin bizimodua ezingo zuela atera, lortu egin du. Egun enpresa bat dauka Errioxan (Espainia), eta, falkoneria erakustaldiak egiteaz gain, fauna kontrola egin eta hegaztiak uxatzen dituzte. Gainera, bere zentroan hainbat animalia itxita hazten ditu; orain gutxi, bost katamotz jaio dira han.

Lehenengo falkoneria maisua 18 urte zituenean ezagutu zuen. Hasieran, batik bat, liburuak erabili zituen ikasteko; izan ere, Urretxutik 400 kilometrora bizi zen gertuen zuen belatz hezitzailea. Hegaztiak trebatzen ikasi du, nahiz eta "ofizio honetan ez zaion inoiz ikasteari uzten". Dioenez, beti sor daiteke espero gabeko egoeraren bat, eta, horrelakoetan, "eskarmentuak lagundu egiten du".

Haren enpresak fauna kontrola ere egiten du. Kontrol hori zertan datzan azaltzean, arriskua sortzen duten animaliak "kendu" baino gehiago "uxatu" egiten dituztela dio. Uxatzeko beste harrapari batzuk erabiltzen dituzte, batez ere. Finean, "haien presentziarekin, gune hori deseroso eta beldurgarri" bihurtzen dute, esate baterako, aireportu baten inguruetan habia egin duen zikoina koloniarentzat. "Gure helburua arriskua sortzen duten animalien lekualdatzea eragitea da, ahal dela bakar bat ere akabatu gabe".

Aireportuetatik gertu kokatzen diren hegaztiak edo ugaztunak uxatzeaz gain, zabortegietatik hurbil dabiltzan kaioak eta arabazozoak ere uxatzen dituzte, infekzioak zabaldu ditzaketelako. Ugaztunei dagokienez, Logroñoko aireportu ondotik (Errioxa) 6.000 untxi joatea lortu zutenekoa gogoratu du: "Untxiek ez zuten berez arazorik sortzen, baina bestelako harrapari batzuk erakartzen zituzten". Arazoa errotik kentzea pentsatu zuten, eta lurra lisatu egin zuten untxiek gordelekurik ez egiteko.

Lanerako harrapariak eta laser argiak, soinu seinaleak zein suziriak erabiltzen dituzte. Baliabide horiekin guztiekin, aireportuetan kaioen presentzia %95 jaistea lortu dute, adibidez.

Haren lanaren beste adar bat falkoneria erakustaldiak dira. Herrietako jaietan eta Erdi Aroko azoka ugaritan ibilitakoa da. Ingurumen hezkuntzaren inguruko hitzaldiak ere egiten ditu. Hitzaldiak haurrekin egiten ditu batez ere, eta bizirik dauden animaliak eramaten ditu horietara. "Animaliak bertan izanda, kontzientzia sortzea errazagoa da".

Arrano beltzaren dantza

Faunaren kontrola eta falkoneria erakustaldiak ditu gogoko Jimenok. Dena dela, haren jardun gogokoena animaliak itxian nola hazten diren bertatik bertara ikustea da. Hirurogei bat hegazti dituzte, arrano, belatz eta gautxoriak batuta. Ugaztunak ere badituzte: 22 katamotz jaio dira haren parkean azken bost urtean.

Bere animaliak haztea garrantzitsua dela dio: "Hazierak animalia nolakoa izango den baldintzatuko du, eta guri komeni zaigu gureak ondo ezagutzea". Sozializazioa erabakigarria da haziera prozesuan. Oraindik hegan egin ezin duen txitari ingurua ezagutzen laguntzen diote: pertsonak, animaliak zein ingurunea bera. "Haren habitat natural bihurtuko dugunez, ez dio gizakiari beldurrik izango, ezta autoen zaratari ere".

Arrano beltzaren gorteatze dantza hurbiletik ikustea, habia nola egiten duen aztertzea, arrautza bere aurrean ipini eta nola puskatzen duen ikusi ahal izatea "maila goreneko esperientzia" da Jimenorentzat. Hegaztiekin sortzen den hartu-emana ere ez dauka saltzeko: "Hegaztia ez duzu zeuk menderatzen; bizikideen arteko harremana da".

ERBESTEA ARDATZ, AZKEN EMANALDIA

Igandean birako azken kontzertua eskainiko du Eñaut Elorrieta musikariak Donostian, Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Deserriko kantak bere lehen diskoa aurkezten aritu da Euskal Herriko hiri eta herrietan; lanaren izenburuak dioen bezala, erbestearen bueltako gogoetak bildu ditu. Hamar kantu dituen diskoa Joseba Sarrionandia, Mario Benedetti, Joan Oliver, Harkaitz Cano eta beste zenbait idazle eta poeten hitzekin osatu du. Hala, "hitzetan oinarritutako disko bat da", Elorrietaren hitzetan, orain arte egin duen "literarioena". Argazkian, kantariaren kontzertu bat, artxiboko irudi batean.

7

Bertako produktuak zerbitzatuko dituzten jatetxeak. Hernaniko Fagollaga, Azkoitiko Joseba, Hondarribiko Alameda, Itziarko Salegi, Bergarako Lasa, Donostiako Branka eta Ordiziako Martinez jatetxeak talde handien bazkariak bertako produktuez prestatzeko kanpainara batu dira.

SADEk jarrera “interesatua” du, Ancoraren ustez

"Erortzeko zorian dagoela diote, baina espekulazio hutsa da. Ez dago hori egiaztatzen duen sententziarik; gezurra da". Ancora elkartea haserre agertu da, SADEk udalari eskatu baitio egin dezala espediente bat eraikina erortzeko zorian dagoela egiaztat...

Grebaren ondoren, patronalak erantzun zain daude garbitzaileak

Enpresa handiek lan erreformari uko egiteko asmorik ez dutela ikusita, lanpostuak utzi eta kalera irteteko erabakia hartu dute Gipuzkoako garbitzaileek, ELA eta LAB sindikatuen deiari erantzunez. Astelehenean ekin zieten mobilizazioei, eta gaur dira lan uztea amaitzekoak; orain, patronalaren erantzuna zein den ikusi behar dute, Edurne Iriondo ELA sindikatuko garbiketa arloko arduradunaren hitzetan: “Horren arabera, egoera aztertu eta hurrengo pausoa zein...