“Kultur itsasargi gisa aurkezteko eraikina da”

Rafael Garcia-Velilla (Mexiko, 1959), Donostiako Kultur Ondarea Babesteko Elkarteko presidentea, pozik dago Jaurlaritzak Arte Ederren eraikina monumentu izateko espedientea abiatu duelako. Orain, eraikina desjabetu beharko litzatekeela uste du, “sortu zeneko helburuen araberako” erabilera emateko. Haren hitzetan, interes pribatuen “neurrirako trajea” egin du orain arte udaleko oposizioak. Zalaparta ederra Arte Ederren eraikinaren mendeurrena ospatzeko. Jabeek [SADE enpresa] eta eraikina ez babestearen...

“Kultur itsasargi gisa aurkezteko eraikina da”

Rafael Garcia-Velilla (Mexiko, 1959), Donostiako Kultur Ondarea Babesteko Elkarteko presidentea, pozik dago Jaurlaritzak Arte Ederren eraikina monumentu izateko espedientea abiatu duelako. Orain, eraikina desjabetu beharko litzatekeela uste du, "sortu zeneko helburuen araberako" erabilera emateko. Haren hitzetan, interes pribatuen "neurrirako trajea" egin du orain arte udaleko oposizioak.

Zalaparta ederra Arte Ederren eraikinaren mendeurrena ospatzeko.

Jabeek [SADE enpresa] eta eraikina ez babestearen alde egin zuten zinegotziek sortu dute zalaparta, 92 logelako hotel bati bidea irekita. Ondarearen defentsan arlo publikoak duen funtzioa eta interes pribatuak aurrez aurre jarri ditu auzi honek.

Zer balorazio egiten duzu Jaurlaritzaren erabakiaren inguruan?

Ba, behar den moduan, Jaurlaritzak esana zuen babes maila altuena merezi duen eraikina dela; espero dut espedientearen amaieran Euskadiko monumentu nazional izendatzea.

Zergatik hartu du erabaki hori?

Uste dut hilabeteak igaro direla Jaurlaritzak erabaki hori hartu zuenetik, baina hiru taldeen iritziak —edo taldeenak baino gehiago, euren zerrendaburuenak— prozesua geratzea eragin zuela. Azken finean, horiek dira egungo eta etorkizuneko hirirako horren garrantzitsuak diren auzien inguruko erabakiak. Garbi utzi nahi dut lotsagarria iruditzen zaidala oposizioko udal taldeetako buruen jarrera: EAJk Arte Ederren eraikina eta ondarea babesten zituen lehen; sozialistak aitzindariak izan dira Espainia mailan ondarearen alde egiten, eta Donostian jabeen interesen alde agertu da; eta, PPri dagokionez, uste dut Ramon Gomezek ez duela duen kargua merezi, orain Jaurlaritzaren erabakia txalotzen badu ere beti herritarren interesen aurka agertu delako.

SADEren eta zinegotzi horien artean lotura dagoela esan izan duzue.

Bai, interes pribatuen neurrirako traje bat egin dute eta. Kultur ondarearen arloan zeresana duten instituzioei, aldundikoei, Jaurlaritzakoei, arkitektoen elkargoari, ICOMOS Unescoko ordezkaritzari eta abarrei kasu egin ordez, jabetza pribatuaren borondatera makurtu dira.

Zuek kultur erabileraren aldekoak zarete. Zein dira hurrengo pausoak?

Madrilgo Beti-Jai frontoiarekin egin zuten bezala, orain, eraikina desjabetu beharko litzateke, eta jabeei ordain tasatu bat eman; sortu zeneko helburuen araberako kultur erabilera emango zaiola ziurtatzeko. Hiriaren eskumena izan dadila, eta hiriak kultur hiriburutzarako ikur gisa har dezala. Egun barreiatuta dauden kultur eragileen topagunea izan daiteke; Europari eta bisitariei kulturaren itsasargi gisa aurkezteko moduko erakina da. Baina beldur naiz jabeekin negoziatzen hasiko ote diren, trukean zerbait ematea edo, eta azkenean euren interesak gailenduko ote diren guztion ondare izendatu arren. Horregatik eskatzen genuen guk ez zedila izan neurriz kanpoko faboritismorik eta eraikinak sortu zeneko helburuak manten zitzala.

Zer egingo duzue aurrerantzean?

Gure iritzia kontuan hartu nahi badute, prest gaude gure esperientzian oinarrituta ekarpenak egiteko eta egitasmoak proposatzeko. Baita proiektuak finantzatzeko bideak topatzeko ere, hiriari gastu ekonomiko handiegirik ez eragiteko. Horrez gain, ondarearen aurka egon daitezkeen gainerako erasoak saihesteko lanean segituko dugu.

Ez dute eraitsiko

Irailean beteko ditu ehun urte Donostiako Arte Ederren eraikin enblematikoak, baina, ospakizunak baino gehiago, eztabaidak inguratu du hilabeteotan. 1914an, zinema areto gisa inauguratu zen; hasieran, antzokia zen, eta gero Donostiako Orfeoiaren zein ...

Berdintasuna, hezkuntzatik

"Tabuak eta beldurrak" egunerokoak dira epilepsiaren inguruan. "Tristea da XXI. mendean hori ikustea". Alfonso Lopez de Etxezarretak gertutik bizi du hori, Gipuzkoako Epilepsia Elkarteko presidentea baita. Gaixotasuna dutenenganako "arbuioa" dago giz...

ARANZADI, ZERO ZABOR NORABIDEAN

Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hitzarmen bat sinatu dute zero zabor norabidea sustatzeko. Aranzadik hiru konpromiso hartu ditu: egoitzetako kafe makinetan erabiltzen diren erabilera bakarreko edalontziak murriztea, edalontzi berrerabilgarri...

Atzerritik bozkalekuei begira

Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo dira igandean. Kanpaina osoan alderdien mitinak izan dira Gipuzkoako herrietan, propaganda afixak etxeetako postontzietan, eta botoa eskatzen zuten bozgorailuak autoetan. Gaur da kanpainako azken eguna, bihar gogoeta eguna izango baita.

28 herrialdetako herritarrak daude deituta igandean botoa ematera, guztira 751 eurodiputatu aukeratzeko. Baina bakoitzak ezberdin begiratzen die hauteskundeei. Gipuzkoako Hitza-k Europan bizi diren zenbait gipuzkoar galdekatu ditu, han eta handik zer-nolako ikuspuntua duten jakiteko.

ANA ETXABURU

Mutrikuarra Belgikan

"Nahiz eta jendeak interesik ez izan, bozkatzera behartuta daude"

1. Belgikan bizi naiz, Braine-L'Alleud izeneko herri batean, Wallonian, Bruselatik hurbil. Ia bost urte daramatzat hemen. Gazte eta haurrentzako erakunde batean lan egiten dut, proiektu koordinatzaile moduan. Bruselako Euskal Etxeko zuzendaritzako partaide ere banaiz.

2. Belgikan hiru hauteskunde izango dira maiatzaren 25ean: europarrak, federalak eta erregionalak. Erregionalek eta federalek indar handiagoa dute hemen, jende ezagunagoa dago zerrendetan, eta denbora askoz gehiago hartzen dute komunikabideetan. Europarako zerrendagaiak ez dira karteletan ikusten, adibidez.

3. Arrazoi beragatik belgikarrek interes handiagoa dute hauteskunde erregional eta federaletan. Horretaz gain, hemen derrigorrezkoa da bozkatzea. Nahiz eta jendeak interesik ez izan, bozkatzera behartuta daude.

4. Ez dut bozkatuko hauteskunde hauetan. Alde batetik, ez ditudalako hurbil ikusten, nahiz eta Europako Batzordea hemen izan; eta, beste alde batetik, Europan lan egiten dutenek horrenbeste diru irabazten dute, Brusela eta inguruetan gizartea bi abiadurara doa: "eurokratak" eta besteak. Guretzat ezinezkoa da etxebizitza bat erostea Bruselan, adibidez.

5. Ez dut uste Euskal Herrian egonda Europako hauteskundeetan bozkatuko nukeenik, urrunago ikusiko nuke oraindik ere Europa. Belgikan bizita arrazoiak pertsonalagoak direla esango nuke.

AINARA MAIA

Irundarra Txekiar Errepublikan

"Ez dute interes handirik, ez bada euren bertako eskubideak aldarrikatzeko"

1. Brno hirian bizi naiz, Txekiar Errepublikako Morabia eskualdeko hiriburuan. Seigarren urtez bizi naiz bertan, euskara irakurle [irakasle] gisa Brnoko Masaryk unibertsitatean.

2. Kalean alderdi txekiarren kartelak daude (ODS, CSSD, Moravane…), prentsan ere ageri dira alderdien iragarkiak, eta Interneten eta sare sozialetan ere ageri dira; mitinak apenas dauden, baina iragan asteburuan, esate baterako, manifestazioa eta mitin bat egon dira bertako alderdi nazionalistarena (Moravane); horiek Txekiar Errepublikan autonomia eskatzen dute.

3. Bertako herritarrek ez dute interes handirik Europako hauteskundeekiko, ez bada euren bertako eskubide nazionalak edo erregionalak aldarrikatzeko, Moravane alderdi abertzalea, kasurako.

4. Hemen bizita, Euskal Herria urrun sentitzen dut Estatuen Europa honetan; pixka bat dezepzionaturik nago, ikusirik Euskal Herriko interes nazionalak estatuen interes ekonomikoen azpian daudela. Ikusirik Euskal Herria baino txikiagoak diren beste estatu batzuek (Eslovenia, Estonia…) ordezkari gehiago lortuko dituztelako.

5. Euskal Herrian bizi izango banintz, segur aski inplikatuago egongo nintzateke hango politikan.

MIREN ALTUNA

Azpeitiarra Eskozian

"Eskozian erreferendum urtea izanik, garrantzi berezia dute hauteskunde hauek"

1. Edinburgon, Eskozian bizi naiz urriaz geroztik. Karrera bukatu berri Euskal Herrian lanik ez nuenez —Kazetaritzan lizentziatua naiz—, hona etorri nintzen ingelesa hobetzeko asmoz, lanera. Hotel batean ari naiz lanean.

2. Eskozian kalean ezer gutxi bizi da politika. Zaila da inolako mitin edo kartelak ikustea. Oso noizean behin. Etxez etxe ere informaziorik apenas ematen duten, aldian behin panfletoren bat.

Prentsan batzen da informazio guztia, horrek dakartzan arazoekin. Prentsan egunero ateratzen dira berriak, eta, gainera, Eskozian aurten erreferendum urtea izanik, garrantzi berezia dute hauteskunde hauek. Izan beharko lukete, behintzat.

3. Eskoziarrek ez dute gehiegi bizitzen politika. Ez dute euskaldunok bezala bizi. Zaila da taberna batean edo etxean politikaren inguruko eztabaida bat entzutea, eta hori hauteskundeetan islatzen da. Politika bizitzeko modu hau dute hemen: lau urtean behin botoa eman eta politika politikarien esku utzi.

4. Zuzenean, Euskal Herriko emaitza da gehien interesatzen zaidana, baina, zeharka, hemengoa oso garrantzitsua izango zaigu. Dirudienez, Erresuma Batuan UKIP alderdi ultraeskuindarra gailenduko da. Horiek imigranteen kontrako neurriak hartuko dituzte, eta horrek hemen lanean ari garenoi zuzen eragiten digu.

Bestetik, hauek irabaztea Eskoziaren independentziaren aldeko bultzada nabarmena izango litzateke, horrek Euskal Herriarentzat esan dezakeenarekin. Eskozian ia ez dute babesik, eta desberdintasun honek haustura handitu lezake.

5. Uste dut interesa maila berean mantenduko nukeela. Euskal Herrian gertatzen dena neurri on bat izan daiteke zenbait taldek daramaten bideari azterketa egiteko eta emaitzak zein diren ikusita, erabakitze eskubidea Europako Parlamentura eramateko. Hala ere, uste dut, eta hemen bizi naizenez are argiago, Euskal Herrian bizi den orok begiratu beharko liokeela Eskozian gertatzen denari.

JOSU ITURRIOZ

Donostiarra Suitzan

"Suitza eta Europako Batasunaren arteko erlazioek eragin zuzena izango dute gugan"

1. Zurichen daramatzat lau urte, ingeniari lanean.

2. Suitzak Europako Batasunetik kanpo egotearen jarrera oso sendoa azaldu izan du betidanik, eta etorkizunean ere horrela izatea espero da. Hori esanda, beste herrialdeekin alderatuz, Suitzan orokorrean gai honen inguruan jarraipen eta interes gutxi dagoela esango nuke. Pertsonalki gai honen inguruan ez dut inolako ekitaldi edo aldarrikapen berezirik antzeman.

3. Bertako sistema politikoa dela medio (zuzeneko demokrazia izenaz ezagutua), orokorrean hemengo gizarteak politika gaietan interes eta parte hartze handia du.

4. Garrantzia badutela esango nuke, etorkizunera begira, Suitzaren eta Europako Batasunaren arteko erlazioek eragin zuzena izango baitute gugan, bertan bizi garon kanpotarrengan.

5. Han egonda ez litzateke interesa aldatuko; interes berbera edukiko nuke.

AIALA NUÑEZ

Tolosarra Suedian

"Boto eskubidea obligaziotzat dute, baita politika askorik interesatzen ez zaienek ere"

1. Egun, Suedian ari naiz lanean sei hilabeteko beka bati esker, Stockholmen. Otsailaz geroztik, Vinos Torres izeneko enpresan nabil lanean.

2. Komunikabide guztiek dute zeresana hauteskundeen inguruan. Berrien bonbardaketa etengabeak hauteskundeetan interesa edukitzea bultzatzen zaitu. Stockholm erdialdean, asteburu askotan ikus ditzakezu mitin politikoak. Ez da egunik prentsa idatziak hauteskundeen berriren bat idazten ez duenik. Suediarrek hauteskundeekiko duten inplikazio altuaren arrazoi bat, beharbada, egiten den komunikazio kanpaina sakona izan daiteke.

3. Interes handia dute, edo hori esaten dute, behintzat. Gizartearen parte sentitzen dira erabat, eta bertan duten inplikazioa nahitaezko moduan ikusten dute. Denek dute iritzi bat, bai datozen Europako hauteskundeekiko eta baita Suediako politikarekiko. Boto eskubidea obligaziotzat dute, baita politika askorik interesatzen ez zaienek ere. Hauteskundeekiko herritarren parte hartzea oso altua izanik, esan dezakegu herriak aukeratzen duela politikaria.

4. Egia esan, ez dakit eragiten didanik ere. Duela egun gutxi arte ez nekien noiz ziren Europako hauteskundeak, eta jakin dudanetik ez dut askorik irakurri gaiari buruz. Kanpoan bizita beste lehentasun batzuk dauzkat, eta zoritxarrez oraintxe bertan hauteskundeak nahiko urrun sentitzen ditut.

5. Erabat aldatuko litzateke. Botoa ematera joango nintzateke, eta horrek eskatzen duen gutxieneko aurre jakintza edukiko nuke. Hala ere, gertu edo urrun egotea ez litzateke baldintza izan behar, denoi gustatzen baitzaigu erabakien jabe izatea.

JONE IBARRONDO

Donostiarra Italian

"Gauzek beti bezala jarraituko dutela uste dute, irabazten duenak irabazten duela"

1. Sizilian (Italian) daramatzat jada zortzi hilabete, Catania hirian. Artearen Historiako ikasketak egiten ari naiz, Erasmus programaren bitartez, ikasturte bateko iraupenarekin.

2. Egia esan, ez naiz ari hauteskunde hauek batere jarraitzen; etxean ez dugu telebistarik, eta Internet konexioa ere ez dugu oso ona... Beraz, noizean behin Internet bidez albisteak irakurtzen ditut, eta gaiaz dezente hitz egiten ari direla iruditzen zait. Bestalde, kalean jartzen dituzten kartelek atentzioa ematen didate, nahiko mezu zuzenak izaten baitituzte, eta nahiko sentsazionalistak.

3. Hemengo lagun batzuekin gaiaz hitz eginda, daukadan sentsazio orokorra da hauteskunde hauek ez zaizkiela askorik axola. Izan ere, uste dute irabazten duenak irabazten duela gauzek beti bezala jarraituko dutela; beraz, botoa ematera joango dira, baina Europan zerbait aldatzeko esperantza gutxirekin.

4. Hemen egonda ezin dut, eta ez dut postaz botoa bidaltzea pentsatu ere egin. Garrantzitsuak dira hauteskunde hauek, denoi zuzenean eragiten digutelako, baina nik ere ez dut uste gauzak asko aldatuko direnik maiatzaren 25eko hauteskundeen ondoren.

5. Badakit Euskal Herrian egongo banintz hauteskunde hauek gertuagotik jarraituko nituzkeela eta maiatzaren 25ean botoa ematera joango nintzatekeela.

‘Low cost’ psikoanalisia

Gizakiak sortutako objektu guztiak sailkatzen dituen inbentario borgiar ezinezkoan, low cost airelineatako hegazkinetako aulkiak eta psikoanalistaren dibanak orrialde berbera partekatzen dute. Eserlekuak azpisailean, altzariak tomoan. Kontsultatako besaulkiak goxoak izaten dira, intimitatearen gotorlekuko zaindariak erlaxatu eta sekretu presoak paseatzera lasai irten daitezen. Gerri bueltak modu ankerrean tratatuagatik, Vueling-eko jesarleku zurrunek ere lortzen dute nire barrenak askatzea, eta ia sendagilearen faktura bezala ikusi izan dut aspaldian ontziratze txartela. Nor naizen, nondik natorren eta nora noan idatzita dakar kartoitxo horrek, modu zehatzean. Aireratzetik lurreratzera igarotzen den tarte hutsalean galdera horiek berberak —nor naizen, nondik natorren, nora noan— errepikatzen dizkiot nik ere neure buruari, sei hiletik behingo balantzean. Erantzunek ez dute inola ere "TXL-BIO" edo "8F" baten zehaztasunik, baina ez dira guztiz ezdeusak ere izaten. Zintatik maleta jasotzen dudanerako fakturatzerakoan baino dezente zalantza gutxiago nabari ohi dut beti.

Oso berandu irten gara gaur, pilotuak barkamena eskatu digu motorrak pizterakoan. Nire aita imajinatu eta irribarre maltzurra irten zait, zain egoten bera baino hobexeagoak diren bizpahiru ezagutzen baititut. Etxean ekipajea utzi bezain laster ea malekoira gin tonic bat edatera nirekin animatuko ote den galdetu diot goizean. "Usoaren ezkon festara joateko ia denborarik gabe ibiliko gara eta!", ez zaio ideia burutsua iruditu. Horixe da, baina, hamar egun hauetatik ilusio benetakoa sortzen didan bakarretakoa, aitarekin gin tonica malekoian edatea. Izan ere, batere gogorik gabe eta ia baldintzek behartuta noa Zarautzera. Zergatik jabetu nahian nabil, baraurik egoteagatik sabelean ukabilkada bat bezala sufritu dudan garagardo high cost askoa lagun.

2014ko maiatzean nor naizen jakiteko malekoiko gin tonica nire etxetzat har dezakedan deliberatzen saiatu naiz une batez. Helbide bitxia litzateke fakturak-eta bidaltzeko, bai horixe. Edabeari aberri estatusa eman diezaiokedan pentsatu dut gero, eta irudimenaren Photo-shoparekin gin tonicen lurraldearen pasaporteak diseinatzen hasi naiz. Goizetik garagardoarekin aspaldi hasi gabea nintzen.

Idoiarekin kasualitatez egin dut topo lehenago Tegelen, Zumarragara astebeterako doa. Burutik pasatzen zaidan lehenengoa kanporatu zale naizenez, zapla galdetu diot ea ulertzen nauen, berari ere gauza bera gertatzen ote zaion. Bueno, lagun alemaniar bati Euskal Herria erakustera doala oraingoan, ezberdina dela, baina hein batean ba omen daki zertaz ari naizen: "Azkenean, denbora daramagu dagoeneko hemen, eta Berlinen daukagu orain gure bizitza, logikoa ere bada nagikeria". Terminalean baleko gogoeta iruditu zait, baina 10.000 metroko altueran pisu asko galdu eta airean lausotu da. Izan ere, nire bizitza Zarautzen zegoenean hegazkin bat hartzeko desiratzen egoten nintzen.

San Pedroburuko herrixka

G ipuzkoako herriak Erdi Aroaren hasieran eta erdialdean nolakoak ziren ezagutzeko asmoz ari da lanean Zehazten kultur zerbitzuak taldea, Iosu Etxezarraga arkeologoa buru duela. Horretarako, elizak nolakoak ziren eta nola aldatu diren jakitea garrantz...