“Trantsizio ordenatu bat behar dugu”

Ingeniaria, aholkularia, eta deitzen dioten leku guztietara joaten den horietakoa da Rafa Etxeberria (Laudio, Araba, 1967). Villabonako Subijana etxean egungo bizimoduaren iraunkortasunaren inguruan hitz egin du.Zein izan da zure hitzaldiaren oinarria...

Kultur uhinen zurrunbiloan

Kultura irratian eta irratia kulturan. Binomio horren inguruan aritu dira hainbat kazetari Donostian, Casares irratiak antolatutako jardunaldi batzuetan. Kultura irratian: aurrera begira erronkak gaia jorratu dute aste honetan Arantxa Iturbek (Euskadi Irratia), Gorka Bereziartuak (Argia), Gaizka Amondarainek (Hala Bedi irratia) eta Iñigo Astizek (BERRIA). Etorkizunaz ez ezik, gaur egun kulturak hedabideetan duen presentziaz, kultur edukiez, irrati txikiez eta abarrez ere aritu dira hizketan.

1. Presentzia

Albistegietan ageri bai, baina gehienetan, atzeko aldean: "Kultura da albistegia bukatzeko polita egiten duen berria. Apaingarria da, laxoa, normalean arrosa eta ederra", azaldu du Iturbek. Kultur albisteen aurretik aipatzen diren berri askotatik, ordea, kultura hitza ez dago salbu: entzun ohi da futbolaren kultura, gastronomiaren kultura... "Kultura eranstea prestigioa eranstea bezalakoa da".

Gai bakoitzari eskaintzen zaion denborari dagokionez, berriz, Iturbek dio "laburrera" jotzen dutela, arduradunen irizpidez betiere: "Ordu erdiko elkarrizketa pentsaezina da; aspergarria iruditzen zaie".

Astizen ustetan, oro har kulturak ez du "pisu handirik" hedabideetan, baina zenbat agertzen den baino gehiago kezkatzen du nola agertzen den. Irizpide ekonomikoen arabera banatzen dira kartak: "Balio ekonomikoaren arabera aitortzen zaie balio kulturala". Bat etorri dira Astizekin gainerako parte hartzaileak ere, Bereziartua tartean; haren ustetan, "salmenta aurreikuspenek eta merkatuko joerek baldintzatuta" egon ohi da. Hala ere, uste du badagoela funtzionatzen duen bestelako kulturgintza bat, "merkatuko zurrunbilotik aparte, publiko masiborik gabe".

2. Edukia

Irrati arduradunen menpeko erabakiei jarraitzen diete esatari edo irratigileek. Iturbek dioenez, "agintariek dute ardura kontatzekoa, baina ez hitzez, zenbatzekoa baizik, entzule kopurua". Uste du irrati programazioa eratzerakoan "zenbat" dela neurgailuetako bat, baina berak bestelako galdera bat proposatu du entzuleari egiteko: "'Hunkitzen zaitu? Ukitzen zaitu?' Aukerak eskaintzea da irrati arduradunen ardura, eta aukera egitea entzulearena". Kulturaz aritzean, berriz, kazetariek berek ezagutzen duten artistaren baten azkenekoa kontatzen dute — "batzuetan azken-azkena, heriotza"—, edo kultur ekitaldi baten iragarkia. "Nork famatua behar du; zerk ez du horrenbeste axola; noiz, bai".

Astizen arabera, "erabaki batek bilakatzen du soinuaz betetako errealitate bat isiltasun", eta, gehienetan, "zerbait ikusgarri" erakusteko baliatzen da kultura: artistaren baten heriotza, artelan baten truke ordaindutako milioi kopurua... "Ez bada ikusgarria, ez da. Anplifikatzen ez dena, gaur egun, ez da existitzen". Dena den, "bizi duenak ezinezkoa du isiltasuna", Astizen arabera, eta publikoaren aurreko ekitaldia amaitutakoan gertatzen den hori eskaintzean jarri beharko luke indarra kazetariak.

3. Tamaina

Ez dago irrati txikiak eta handiagoak multzo berean sartzerik: irrati komertzialak daude, baita publikoak eta herri ekimenetik sortutakoak ere. Azken horiek ondo ezagutzen ditu Amondarainek, urteetako esperientzia baitu alor horretan. Uste du txikienen funtzioa "besteen osagarri" izatea dela, eta, horretaz gain, identifikatzea beren benetako indargunea zein den. "Irrati txikien ezaugarri nagusia hurbiltasuna da, baina kalitateari ere erreparatu behar zaio".

Iturberen iritziz, "txikia handiagoa da askatasunean", eta, aldi berean, beharko du handiagoa izan irudimenean. Amondarainen ustetan, berriz, "irrati kultural" batez hitz egitea baino interesgarriagoa litzateke "irratia kulturgile bihurtzea, tokian tokiko kultur eragile".

4. Komunitatea

Guztiek interesgarritzat jo dute irrati txikiek komunitate bat izatea inguruan. Bereziartuak uste du, gainera, "foku nagusitik kanpo" dauden sortzaileei zerbitzu bat eskaintzea litzatekeela funtzioetako bat; "eztabaida leku oso ona ere izan daiteke". Ildo horretatik, Amondarainek gaineratu du tokian tokiko irratietan jendeak irratia bere sentitu behar duela, eta, hori lortzeko, kulturgintzan dabilen jendea irratiaren parte bihurtzea aproposa litzatekeela. "Zerbitzua emateaz gain, identifikatzea zer kulturgile ditugun inguruan, haiekin eseri, eta ateak zabalik dituztela argi eta garbi utzi. Bultzatu behar dugu jendea parte hartzera: irratsaioak egin, kolaborazioak...".

Bereziartuaren ustez, sarea ondo egituratuz gero"erreferentzial" izatea lor daiteke, txikiak izan arren. "Arazo bat izan daiteke momentuko tendentzietan tematzea, modaren bidez jarraitzen baitugu askotan kulturgintza".

5. Etorkizuna

Iturbek ez daki irratiak zer etorkizun duen; ez daki baduen ere: "Baneki, ez nintzateke irratilari izango". Uste du behin maiteminduta nekez uzten zaiola maitatzeari: "Belarri bidez jasotzen dugunak askoz barruragoko bidea egiten du, begitik jasotzen dugunak baino". Begi onez ikusiko luke irratia zerbait eraikitzaile bihurtu balitz, "sermoi" izateari utzita. "Posible da. Betiko formulei ihes eginda, nahi erara lantzeko aukerak ematen ditu irratiak".

"Eskemak apurtzeko garaia da", Amondarainen ustez. "Ematen du besteek egindakoa kopiatu besterik ez dugula egin behar. Inertziak albo batera utzi beharko genituzke. Etorkizunera begira eskura ditugun tresna teknologikoak nola aprobetxatu aztertu beharko genuke, irrati txikiek elkar nola lagundu dezakegun ikusi".

Euskal Herri osoko hainbat irrati txiki harremanetan dira dagoeneko, eta, elkarlanerako pausoak ematen ari badira ere, aurrera begira aukera egingarri gisa ikusten du irratsaioak partekatzea; hau da, irrati batean egiten irratsaioa beste batean eman ahal izatea. "Irrati txikien sare aberatsa osa genezake".

Bereziartuak, berriz, pentsatzen du "oso ondo norantz jo ez dakien medio bat" dela irratia, orain arteko konbentzio sendoak zalantzan dituela. Aro digitalak ekarri duen "gaininformazioa" aipatu du, baita hedabideetan gertatzen ari den euskarrien nahasketa ere.

Esku zuriak ahoak isiltzeko

Coca-Cola marka ezagunaren azken iragarkia ez dugu berriz ere telebistako pantailan ikusiko. Gotzon Sanchez aktore euskaldunak parte hartzen du bertan, eta sekula esperoko ez genuen iskanbila ekarri du. Iragarkia estreinatu eta handik gutxira atera di...

Casares irratia, kultur mugimenduen erakusleiho

Hogeita hiru urte daramatza Casares irratiak dialean. Donostiako Altza auzoa du sorleku; Casares-Tomasene kultur etxea egoitza. Orain, webgune eta programazio berria dakarte 107,4 sintoniara, "kalitateari eta euskarari garrantzia berezia" emateko.Berr...

“Iragarpenak bezain garrantzitsuak dira erabakiak”

"Igarle ikastarorik" ez dago, oraingoz, meteorologoentzat. "Informatzen zaituztenean, dakitena esaten dizute". Modeloak erabiliz, etengabe begiratzen diote itsasoari: "Garrantzitsuena, ordea, ez da gertatuko dena aurreikustea, horrek zer eragin izango duen baizik". Horrela dio Pedro Anitua Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendariak. Aste honetan Donostian izan da, arrisku eta larrialdien kudeaketari buruzko jardunaldietan parte hartzen.

Euskalmet zerbitzutik, denboraleak kosta inguruan izango duen eragina aztertzen dihardute; horrek nola eragingo dien kosta inguruko herritarrei, baita kostaldeko azpiegiturei ere. "Helburua da biktimak egotea saihestea, eta, horrez gain, kalteak gutxitzea. Ezin da esan kalteak saihestea denik helburua, ezinezkoa delako kalterik ez egotea ".

Helburu hori lortzeko, "iragarpenak bezain garrantzitsuak dira hartzen diren erabakiak". Anituak argitu du eurek hartzen dituzten erabakiak "teknikoak" baino ez direla, ez dagoela inolako faktore politikorik horien atzean: "Inork ez digu esaten: 'Ez jarri kolore gorria, agian jendea beldurtu egingo da eta; hobe da laranja jartzea'". Abisua eman ondoren, Segurtasun Sailari dagokio erabakitzea plan bat martxan jartzea komeni den ala ez.

Informatzea da haien lehen pausoa; herritarrena, berriz, hurrengoa: autobabesa. "Administrazioak ezin du jakin jende guztiak zer ekintza egin behar dituen, baina jendea informa dezakegu, bakoitzak beharrezko neurriak har ditzan". Adibidetzat jarri du gaztelu puzgarriak alokatzea: ezinezkoa da jakitea nork alokatu duen halako plataformaren bat, baina esan diezaiekete haize ufada bortitzak egongo direla eta arazoak izan ditzaketela. Horrez gain, larrialdi zerbitzuek egoera etengabe aztertzea ere garrantzitsua da, baita arrisku gehieneko inguruetara baliabideak bidaltzea ere, kalteak gutxitzeko.

Epe luzeko iragarpenik ez

Epe motzera jokatzeak fidagarritasuna ematen dio iragarpenari. Anituak dioenez, 24 ordura begira egindako aurreikuspena "oso fidagarria" izaten da; 48 ordura egindakoa, "fidagarria"; 72 ordura begirakoa, berriz, "erdipurdikoa". "Jendeak galdetzen digunean udan zer eguraldi egingo duen, asmatzeko probabilitatea huts egitekoaren bera da guretzat". Gaineratu du halakoak egiteak bestelako arazoak sor ditzakeela; eguraldi txarra egingo duela esan eta jendea herritik mugitzen ez bada, ostalariek pentsa dezakete kalte handia eragin diela iragarpenak. Alarma gorria, esaterako, ez dute inoiz 72 ordu baino lehen iragartzen.

Izan euriagatik, haizeagatik edo olatuengatik, koloreen dantza egon ohi da ohar eta hedabideetan. Batzuetan, fenomenoa bera izanda ere, inguruko faktoreek abisuaren maila alda dezakete. "Gerta daiteke gaur euriagatik abisua horia izatea, eta bihar, euri kopuru berarekin, laranja. Hori izan daiteke lurra beteta dagoelako eta kalkulatzen delako eragina handiagoa izango dela".

Hala ere, meteorologia jorratzen duten agentzien artean ere aldeak egon daitezke, kasuak kasu. Aemet agentziarekin dituzte ezberdintasunak azaldu ditu: "Hark soilik meteorologia mailak hartzen ditu aintzat, eta Euskalmet saiatzen da eragina aztertzen. Beraz, meteorologoek balio berak emanda ere, kolore ezberdinak atera ditzakegu, gu eragina gehitzen ari garelako".

Azken hilabeteetako denboraleetan, olatuen ikusgarritasunak erakarri du herritar askoren arreta. "Badirudi olatuak direla garrantzitsuena, baina ez da hala". Anituaren baieztapena babestu du Jose Antonio Arandak, Euskalmeteko ordezkariak. Haren hitzetan, beste hainbat aldagai hartu behar dira kontuan eragina neurtzeko: olatuen norabidea, denbora tartea, hondoko itsasoa, marearen altuera…

"Gero eta gehiago jakin, konturatzen zara orduan eta gutxiago dakizula, eta informazioa eduki behar dela jakin ahal izateko". Horrek duen garrantzia azaltzeko, itsasoan izan ohi dituzten buia baten irudia ekarri du pantailara: kablea moztuta ageri da buia, hondartza batean. "Neurtzen ez duenak ez daki. Oso garrantzitsua da jakiteko eta egoki erabaki eta jarduteko datuak edukitzea".

Bueltan da Mundumira

MusikaArrasateUrtebeteko etenaren ondoren, Mundumira munduko kulturen jaia asteburuan itzuliko da, bete-betean itzuli ere. Arrasaten egingo dute aurten, eta giro onaz, musikaz, gastronomiaz, azokez eta kirolaz beteko da herria hiru egunez. Zentzumena...

ERBESTEA ARDATZ, AZKEN EMANALDIA

Igandean birako azken kontzertua eskainiko du Eñaut Elorrieta musikariak Donostian, Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Deserriko kantak bere lehen diskoa aurkezten aritu da Euskal Herriko hiri eta herrietan; lanaren izenburuak dioen bezala, erbestearen bueltako gogoetak bildu ditu. Hamar kantu ditu diskoak, eta Joseba Sarrionandia, Mario Benedetti, Joan Oliver, Harkaitz Cano eta beste zenbait idazle eta poetaren hitzekin osatu du. Hala, "hitzetan oinarritutako disko bat da", Elorrietaren hitzetan, orain arte egin duen "literarioena". Argazkian, kantariaren kontzertu bat, artxiboko irudi batean.

12

Kutxak azken hamarkadan gizarte ekintzan inbertitutako milioiak. Kutxako Gizarte Ekintzak eskatu du dudarik ez egiteko Gipuzkoan eta Donostian duen konpromisoaz; eta gogorarazi du Donostia aldean hamabi milioi euro inbertitu dituela azken hamar urteetan.

Ez dute eraitsiko

Irailean beteko ditu ehun urte Donostiako Arte Ederren eraikin enblematikoak, baina, ospakizunak baino gehiago, eztabaidak inguratu du hilabeteotan. 1914an, zinema areto gisa inauguratu zen; hasieran, antzokia zen, eta gero Donostiako Orfeoiaren zein Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitza bihurtu zen. Gaur egun, erabilerarik gabe dago, eta eraikinak izan beharreko babes mailaz ez dira ados jartzen udaleko talde politikoak; herritarrek ere egonezina agertu...