30

IRPH-aren kaltetuen salaketak kutxaren kontra Donostiako epaitegi batek Kutxa zigortu zuen duela bi aste Tolosako bikote bati IRPH indizea aplikatzeagatik. Epaiaren ostean, beste 30 salaketa jarri dituzte IRPHaren kaltetuek kutxaren kontra. Iragan ost...

Gipuzkoako garraiolariak, helmuga argirik gabeko joanean

Beste hainbat arlorekin batera, krisiak gogor jo du garraio sektorea, eta Guitrans Gipuzkoako garraio enpresen elkarteak premiazko neurriak hartzeko eskatu die instituzioei. Guitransek iragan larunbatean egin zuen bazkideen batzar orokorra, Donostiako Miramar jauregian, eta Gipuzkoako garraio enpresa eta elkarte guztiak bildu ziren bertan. Horiez gain, han ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saileko eta beste hainbat erakundetako ordezkariak. Sektorea krisi...

“Gure esku ez dago ezer”

Goizeko zazpietan ekiten dio Jose Ignacio Larrartek (Astigarraga, 1968), eta gaueko bederatziak aldera arte horretan aritzen da. Pasaiako kaian txatarraz, ongarriz edo beste materialen batez bete kamioia, eta Bergaran, Olaberrian edo Zumarragan deskargatzen du. “Dena ondo badoa”, halako hiru bidaia egiten ditu egunean. Bere kamioiko atea zabaldu zion astearte goizean Gipuzkoako Hitza-ri, Arcelor Mittalen Olaberriko fundizioan, Pasaiatik hara eramandako txatarra...

Garraio txartel bakarra Euskal Herri osoan nahi dute

Gipuzkoako Mugi garraio sistema Euskal Herri guztira zabaldu nahi du Gipuzkoako Aldundiak, eta, hori lortzeko, protokolo proposamen bat bidali berri dio Eusko Jaurlaritzako Garraio Agintaritzari. Proposamen horrek biltzen duenez, erakundeek eta garraio sektoreak tarifa integrazio baten aldeko borondatea eta eman beharreko pausoak zehaztuko lituzkete lehenik.

Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, diputazioa prest dago "edozein ekarpen" jasotzeko, eta, sistema ezartzeko izan daitezkeen zailtasunak direla-eta, lurralde bakoitzaren "erritmoa" errespetatzearen alde dago. "Gure malgutasuna erabatekoa da, baina protokoloan agertu behar du martxan jartzeko borondate politikoak. Badakigu ez dela erraza izango; Gipuzkoan kosta egin zen, baina borondatearekin posible da".

Arabara eta Bizkaira ez ezik —Bat eta Barik txartelak dituzte, hurrenez hurren—, Nafarroara eta Iparraldera ere hedatu nahi du aldundiak sistema bateratua, tokian tokiko erakundeen bitartez. Ildo horretan, hain zuzen, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako ordezkariek topaketa tekniko bat egin dute duela gutxi Iruñerriko Mankomunitateko ordezkariekin. Mugi txartelaren hedatze prozesua aztertu zuten: planifikazioa, zabalpena, esperientzia…

Hauek lirateke txartel bakarrak izango lituzkeen abantailak: ordainbide eta tarifa bateratuak, eremuaren araberako tarifen ezarpena, deskontuak —bidaia kopuru jakin bat egiteagatik, bidaia berean garraio aldaketak egiteagatik edo talde eta kolektibo berezietako kide izateagatik...—.

Emaitza onak urtebetean

Gipuzkoan, sistema bateratuak "arrakasta" izan du. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak emandako azken datuen arabera, 60 milioi bidaia egin dira lurralde osoan, gipuzkoarren %63,97k dute Mugi txartela, eta lurraldeko garraio sarean egindako ordainketen %86 txartel horren bidez egin dituzte. Hilero 252.000 gipuzkoarrek erabiltzen dute, eta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta merkeagoa da bidaia.

Baina urteko datuek diote erabiltzaile gehienek, %70ek, bat eta hogei bidaia bitartean egiten dituztela hilean; beraz, erabiltzaile horiek %45eko deskontua izan dute. Soilik erabiltzaileen %5ek lortu dituzte %90era arteko deskontuak —51 bidaia baino gehiago egitea esan nahi du horrek—. Deskontuekin batera, penalizazioak ere izaten dira, baina lehen urtean soilik Mugi sistemaren erabiltzeen %1ek jaso dute halako zigorren bat. Irteterakoan txartela makinatik ez pasatzea izan da horretarako arrazoi nagusia.

Neurri kontuak

Enpresen tamaina txikia arazo izatetik hizpide izatera pasa da. Gaindegiak urrian aurkeztu zituen Euskal Herriko enpresa demografiaren datuetan aipatu zuen, eta aurreko egunetan Confebask enpresarien elkarteak gai berari heldu dio enpresen batez besteko tamaina handitu behar dela esanez.

Enpresa txikiek, hamar langile baino gutxiagokoek, enpleguaren %60ari eusten dioten aldetik ez da txantxetakoa horrelako enpresen osasuna. Horrekin batera, garrantzitsua da bertako enpresa indartsuenei egiten dieten zerbitzu ekarpena, hurbilekoa eta eraginkorra. 2008an finantza krisialdiak eztanda egin zuenetik, ordea, hainbat enpresa ikusi ditugu ateak ixten edo zailtasun larrietan, horietako asko enpresa txikiak eta langile autonomoenak.

Izan ere, Gipuzkoan enpresa industrial txiki eta ertain askok —%92 hemeretzi langiletik beherakoak dira— bezero bakarrarentzat jardun dute lanean, garapen teknologiko eta merkaturatze baliabideak, inbertsioa azken batean, doi-doi eguneratuz; maximizazioa eta errentagarritasuna berrikuntzaren aurretik egon dira, harik eta gazteak kontratatzeari utzi dioten arte. Fagor Etxetresnak edo beste hainbat enpresa handiren zailtasunek enpresa txiki askoren etorkizuna nola baldintzatu duten ikusi dugu, eta horrek ikusarazi digu, halaber, zeinen garrantzitsua den enpresa txikien gaitasuna bere puntuan mantentzea.

Zoritxarrez, azken urteotako gorabehera ekonomiko larriak oinarriak dantzan jartzeraino iritsi ez balira, ez ginateke jardungo enpresa txikiak indartzearen garrantziaz. Datu bat aski da esandakoa ulertzeko: berrikuntzara bideratutako baliabide ekonomiko gehienak enpresa ertain eta handietara joan dira, txikienen eguneratzea berez etorriko zelakoan.

Gauzak ez dira, ordea, horrela gertatu, eta, egun, badakigu hainbat eta hainbat lanposturi eusteko nahiz herrialde honen gaitasun produktiboa bermatzeko ezinbestekoa dugula enpresa txiki horiek sasoian egotea. Are gehiago, enpresa industrialak edo industriarentzat laguntzaileak badira; horiek baitira enplegu gehien eta kalitate handienekoa sortzen dutenak.

Enpresa txikien eraginkortasun eta sendotasunak, baina, ertz gehiago ditu. Batetik, kontuan izan behar genuke enpresa txikietan ahulenak eskualde periferikoetan daudela. Hiriburuen eragin eremutik kanpo. Beraz, gainbehera ekonomikoak herri eta bailara osoen gainbehera eragin dezake. Horra hor, Gipuzkoan Urolak eta Debabarrenak duten egoera, Oarsoaldea ahaztu gabe. Halaber, sektore ahulenetan dauden enpresa txikienak are larriago ibiltzen dira horrelakoetan; besteak beste, baserriko produkzioa, transformazio agroalimentarioa, merkataritza txikia, baxurako arrantza eta abar.

Gipuzkoan eta Euskal Herrian enpresa txikien proportzioa ez da Europako beste lurralde batzuetakoa baino handiagoa. Desberdintasuna, ordea, beste nonbait dago, enpresen arteko saretze eta lankidetza kulturak indar handiagoa du hainbat kasutan. Beraz, baliteke enpresen tamaina handitzea izatea erronka berriei erantzuteko bide eraginkorra, esaterako, atzerrira jo edo prozesu berriak indarrean jartzeko. Baina badira formula osagarriak ere, besteak beste, enpresen arteko saretze eta lankidetzarena; balio katea osatuz zerbitzu eta produktu berriak eskaintzeko aukera dugu, esaterako, Lapurdiko enpresekin elkar hartuta.

Gauzak horrela, enpresa txikienen sendotze prozesuak erabateko apustua eskatzen du, maila askotan. Instituzioek inteligentzia ekonomikoko zerbitzu indartsuak bideratu beharko lituzkete, baita formazio politika indartsuagoak ere, enpresek parte hartze eta konpromisorako formula berriak bideratu, finantzaketa tresna konprometituak…

Ezagutzen dugu baliabide publikoak xahutu eta enplegu eskasa sortzen duen industria, ezagutzen dugu bertako enpleguari eusteko konpromisorik ez duena, bertako hornitzaile eta baliabideak baztertzen dituena, bertako eskola eta instituzioak ulertzen ez dituena. Orain, gure egitura produktiboa ikasitakotik indartzeko gai garela erakutsi beharko dugu.

60.000

Energia eraginkortasuna sustatzeko dirua. Aldundiak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak energia eraginkortasunerako eta aurrezpenerako ituna egingo dute. Zerbitzu teknikoa Merkataritza Ganberak eskainiko du, eta aldundiak 60.000 euroz lagunduko du.

Behobia-Donostiak ia 15 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen 2013an

Behobia-Donostia lasterketaren berri ematean zenbakiak agertu ohi dira beti: korrikalari kopurua, helmugara iristeko igarotako ordu eta minutuak... Orain, lasterketa osoaren ikuspegi ekonomikoari erreparatu dio Deustuko Unibertsitateak, eta iaz lasterketak Gipuzkoan izandako eragin ekonomikoa aztertu du: horren arabera, 14,9 milioi euroko eragina izan zuen. "Goteborgeko [Suedia] gure guru handienek 45.000 korrikalarirekin hamar milioi euroko eragina lortu zuten 2008an; guk, 28.000 lasterkarirekin, hamabost milioi sortzen ditugu; harro egoteko modukoa da". Hala azaldu du Fernando Ibarreta Fortuna kirol elkarteko zuzendariak emaitzen berri ematean.

Gasturik handiena korrikalari eta hurbilekoek egiten dute Behobia-Donostiak hartzen duen asteburuan —lasterkari bakoitzeko bi lagun etortzen direla kalkulatu dute—. Sektoreka, jan-edanetan gastatzen dute gehien —3,1 milioi—; jarraian daude erosketa eta kultur jarduerei lotutako gastuak eta ostatuarenak —1,7 milioi—, lasterketaren prestakuntzari dagozkionak —776.000 euro— eta garraioarenak —352.000 euro—. Josune Saenz ikerketaren koordinatzaileak azaldu duenez, korrikalarien jatorriari ere erreparatu zioten datuak jasotzerakoan: "Ez da berdina hemengo parte hartzaile batek egin dezakeen gastua edo kanpotik datorren norbaitena; hemengoak ez du zertan bere ohiko bizilekutik kanpo gaua pasatu edo jatetxe batean bazkaldu". Ikerketaren arabera, parte hartzaileen %73 ateratzen da gutxienez behin etxetik kanpora bazkaldu edo afaltzera.

Gipuzkoatik kanpoko korrikalarien artean, katalanek egin zuten ekarpen handiena iaz, bi milioi eurotik gertu. Herrialde Katalanak dira, hain zuzen, Gipuzkoaren ondotik parte hartzaile gehien ekartzen dutenak. Gainera, Saenzen arabera, gastu zuzenaren %77 Hego Euskal Herritik kanpoko parte hartzaileek sortzen dute, eta lasterketa kopuru guztiaren %47 baino ez dira.

Korrikalariek gastatutakoa ez ezik, Fortuna elkartearen eta babesleen ekarpena ere aintzat hartu dute kontaketak egiteko orduan, gastua kalkulatzeko garaian. Horrez gain, batzuek eta besteek egindako gastutik aparte, ondorioztatu dute lasterketaren bidez 122 lagunek lana izan zutela iaz, eta Ogasunak 853.953 euro bildu zituen zerga bidez.

Lasterkarien datuak jasotzeko, eurak eta haiekin lasterketara joan ziren senide edo lagunak galdekatu zituzten. Horretarako, lasterketaren asteburuan galdetegiak banatu zituzten hainbat tokitan. Gutxienez 395 galdetegi zuzen jasotzea jarri zuten helburu, lehen kalkulu bat egiteko kopuru adierazgarria izan zedin: 423 onartu zituzten.

Azken datuekiko aldeak

Eragin ekonomikoaren inguruko azken azterketa 2008koa da. Garai hartan, 4,2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen lasterketak lurraldean, 35 laguni eman zien lana, eta administrazioari zerga bidez egindako ekarpena 686.000 euro izan zen. Ezin alderatu dira, ordea, orduan eta iaz parte hartu zuten korrikalari kopuruak: 14.000 ziren 2008an, eta 23.500 inguru helmugaratu ziren iaz.

Behobiatik Donostiarako ibilbideak gero eta korrikalari gehiago ditu, hein batean Gipuzkoatik kanpo lasterketa ezagutzera emateko egiten den lanaren ondorioz. Saenzen hitzetan, "Behobia-Donostiak sortzen duen balio ekonomikoaren zati handi bat lotuta dago beste tokietako korrikalariak erakartzeko gaitasunarekin".

Aurreko aldietan bezala, hainbat hiritan izan dira aurten lasterketa sustatzeko: Bartzelonan, Madrilen, Parisen eta Londresen. "Hurrengo urtean Herbehereetako merkatuan barneratzea interesatuko litzaiguke, enpresa talde oso indartsuak etortzen ari direlako", dio Ibarretak.

Zabaltze horrek Gipuzkoa osoan du eragina, hiriburuan, bereziki. Josu Ruiz Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziak uste du "running turismoan" posizionamendu bat ematen diola lasterketak Donostiari, eta, horrez gain, "erakargarri ekonomiko garrantzitsua" dela hiriarentzat, turismoari dagokionez: "Goi denboraldiko asteburua bilakatzen da behe denboraldikoa izango litzatekeena Behobia-Donostiarekin".

Ingalaterratik Gipuzkoako hondakin kudeaketari begira

Zero Waste England edo Ingalaterra Zero Zaborreko kideek Gipuzkoa ezagutu nahi zuten, eta, batez ere, Orendain. Horretarako, Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideekin jarri ziren harremanetan, bidaia baten inguruan hitz egiteko. Iragan ostiralean gauzatu z...

“Pilotak aldaketa bat behar du; duela ehun urte bezala segitzen du”

Duela 36 urte, 19 zituela hasi zen erremonterako xisterak egiten Juan Pello Ugarte (Oronoz, Nafarroa, 1957). Hernaniko Galarreta frontoian jaso zuen prestakuntza, Ziganda anaien eskutik. Bi anaiak nafarrak ziren, pilotari izandakoak, eta tailer bat zeukaten erremontean aritzen zirenei zerbitzua eskaintzeko: xisterak egin eta konpondu. Ofizioa ikasi bezain laster hasi zen maitatzen.

Ez dira erremontearentzat garai onak, ordea, eta Galarreta pilotalekuko tailerrean lanik gabe geratu zen Ugarte: "Frontoian gero eta jende gutxiago ibiltzen da, eta guk ere lan gutxiago izaten dugu". Langabezian geratu, eta negozioa bere kasa hastea erabaki zuen: Xanperen Txokoa zabaldu zuen Errenterian, duela zenbait hilabete. Xisterak egiteaz gain, markoak eta arropa ere saltzen ditu.

Hasieratik ondo moldatu zen lanbidearekin, lana egiteaz gainera partiden giroa eta saltsa gertu-gertutik ikusteko aukera zeukalako. Gogoan du partidak astearteetan eta ostegunetik igandera izaten zirela. "Tailerra bertan genuenez, arratsaldeetan partidak ikusten genituen", gaineratu du.

Uste du garai batetik hona kirol horretan gauzak asko aldatu direla, jokatzeko zestak barne: "Lehengoak egurrezkoak eta zumitzezkoak ziren; orain, berriz, uztaia zuntzezkoa da, eta barrukoa, berriz, polipropilenozkoa. Eskularrua da mantentzen dena: larruzkoa da gaur egun ere". Materiala aldatu arren lana egiteko modua bera dela zehaztu du.

Materiala aldatzearen arrazoia erresistentzia dela argitu du Ugartek: "Orain, pilotariek beldurrik gabe jokatzen dute. Uztaia orain ere puskatzen da, baina ez lehen bezainbeste. Lehen, zumitzarekin zuloa egiten zutenak ere izaten ziren". Jakinarazi du xistera batek gaur egun bizpahiru hilabete irauten duela, hogei partida inguru.

Artisau lana izanda, gainera, xistera bakoitza bakarra izaten da, eta pilotarien beharretara moldatuta egoten da. Pilotarientzat lan egiten dute, hain zuzen, baina, Ugarteren arabera, zestak ez dira horienak, enpresenak baizik: "Enpresak kobratzen dio pilotariari zestarengatik, eta, behin erabilita, konpondu egiten ditugu. Konpondutakoan erremonteko eskoletara joaten dira, gazteentzat. Handik berriro puskatuta itzultzen dituztenean, zesta berriak egiten ditugu". Horretarako, ahal dutena berrerabiltzen dute: uztaia, eskularrua...

Ofizioan, Ugarterekin batera, beste pertsona bat baino ez da aritzen, eta biak dira erremontista guztientzat xisterak egiten dituztenak.

Erretiroa hartu arte lan egin nahiko luke, baina esan du erremontea oso egoera txarrean dagoela. Galarretan eta Iruñe aldean bakarrik jokatzen dutela gaineratu du. "Pilotak, kirol gisa, aldaketa bat behar du, oro har: esku pilotak, erremonteak nahiz zesta-puntak. Duela ehun urte bezala segitzen du zesta-puntak, baina jendea eta ohiturak aldatu egin dira denbora honetan guztian, eta horrela ezin dugu jarraitu. Finaletan jende asko izaten da, baina bestela? Jende gaztearengana hurbildu beharra dago".