Tokian tokiko curriculuma osatzen

Orioko curriculuma sortze bidean, aurtengo ikasturtean datu bilketa fasea bukatutzat jo dute Orioko Curriculuma Sortzen taldekoek. Lanaren emaitza joan den ostiralean aurkeztu zuten, herritarren artean; 80 lagun inguru bildu zen Kultur Etxera. Bi lan nagusi egin dituzte azken ikasturte honetan: batetik, Orioko curriculuma osatuko duten edukiak zerrendatu dituzte, eta, bestetik, proiektua sozializatzen, kaleratzen, egin dute lana. Lau arlotan banatu dute datuen bilketa: giza eta gizarte zientziak; natur eta osasun zientziak; euskara; eta musika.

Hiru ikasturte dira Orioko curriculum propioa sortze bidean lanean dabiltzala. Tokian tokiko hezkuntza proiektua osatu nahi dute. Horretarako, euskal curriculuma oinarri hartuta, metodologia berria erabiltzen ari direla nabarmendu du Orioko Curriculuma Sortzen-eko taldekide den Ruben Iglesiasek: "Proiektua aitzindaria da". Herriko kultur ondarea biltzea eta ondorengoei transmititzea dute helburu. "LOMCEri aurre egiteko guk geurea egin behar dugu". Lan handia egin dute, baina oraindik egiteko ere asko dagoela uste dute.

Materiala biltzeko lana

Zortzi hilabeteotan, batetik, ikus-entzunezko materiala bildu dute, eta, gainera, Karkara herri aldizkariko 25 urteotako artikuluak aztertu dituzte. Bestetik, bideoan hiru herritarren elkarrizketak jaso dituzte: Patxi Oliden Danbolin-ena, Maria Sagrariorena eta Martin Lizasorena.

Arloz arloko profesionalekin ere bildu dira, gai horiek herrian nola landu aztertzeko. Adituek ere parte hartu dute aurkezpen ekitaldian: giza eta gizarte zientzien arloko Ana Gonzalez de Txabarrik Orion ikasleak sexu berdintasunean trebatu nahi dituztela nabarmendu du: "Emakumearen papera ezkutuan gelditu da, zulo beltzean. Testu liburuetan ez da apenas azaltzen".

Horrez gain, Orio errioak sortu duela nabarmendu du Gonzalez de Txabarrik: "Marea beherarekin eta gorarekin hartu du arnasa Oriok. Hortik etorri da ia gure aberastasun guzti-guztia. Gu gara ontzigileak eta arotzak, eta hori errioarekin lotuta egon da".

Natur eta osasun zientzietan aditu Eneritz Odriozola eta Garbiñe Manterolaren ustez, berriz, honako hau da oriotar ume batek jaso beharko lukeen esaldia: "Etorkizuna zuek zarete, gure itxaropena". Natura 2000 sarea hondartzara eta basora zabaltzea ere oinarrizkoa dela azpimarratu dute, "horretan, herritarrak saregile izatea nahi dugu".

Euskara arloan, herriko pedagogia proiektuak Orioko euskararen arnasgunea izan behar du. Orioko literatura eta hizkera jasoko eta landuko ditu. "Euskal hiztun kontzienteak sortzea bermatu behar da Orion, eta kalitatezko euskal hiztunak esportatzea".

Musika arlotik, berriz, egindako bilketa lanaren emaitza berehala izango da kalean, Orioko 24 kantu bilduko dituen liburuxka argitaratuko dutelako.

Orioko curriculum propio bat izateko lan honetan, datorren ikasturtean fase berri bat abiatuko dute. "Proposamen bat da aurtengo ikasturteko lanaren ondorioa, orain herritarrei dagokie hori osatzea, eta hurrengo ikasturtearen bukaerarako egingo da. Gero, helburua curriculuma ezartzea izan behar du", Orioko Curriculuma Sortzen-ekoen ustez.

Tolosaz gaindiko martxa

Beste bizikleta martxa bat antolatu du Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolak ekainaren 29rako: 199 kilometroko lasterketa bat, Gipuzkoako hamaika mendatetatik barrena, eta metatutako desnibela 4.280 metrokoa izango da. Martxa nagusi horrekin batera, lasterketa laburrago bat ere izango da, 48 kilometrokoa.

Ibilbidea Abraham Olano txirrindulariak berak diseinatu du, eta irteera eta helmuga Tolosan izango ditu. Txirrindulari anoetarrak azaldu duenez, martxaren filosofiak eskolarenarekin bat egiten du, eta gabezia bati aurre egiteko asmoz sortu dute: "Oriako eskolan 40 txirrindulari inguru ditugu, eta kategoria guztietan antolatzen ditugu lasterketak, zikloturistentzat izan ezik. Hutsune hori betetzera dator ekainaren 29ko martxa".

Olanoren alaba Oriakon sartu zenean, segituan esan zien zein zen asmoa. Iaz ideia ezin izan zuten aurrera atera, eta, lehendabizikoz, aurten egingo da Abaraham Olano martxa, igandez. "Espero dugu larunbatetan izatea hurrengo urteetan".

Oraingoz, 120 lagun inguruk eman dute izena, baina asteburu honetan Pirinioetan izango den Quebrantahuesos probaren ostean parte hartzaile gehiagok izena emango dutelakoan daude. Lasterketan parte hartu nahi duenarentzat zabalik dago oraindik epea: ekainaren 27an amaituko da, datorren ostiralean, eta hemen eman daiteke izena: www.kirolprobak.com webgunean.

Helburu nagusia txirrindularitzaren festa herrira ekartzea da, eta, eta bide batez, txirrindularitzaren egun berezi bat izatea Tolosaldean. "Badakigu lehen urtea zaila izaten dela, baina gure intentzioa gauzak ondo egin eta jarraitzea da", dio Olanok. Erronka handitzat jo dute antolatzaileek lehen proba hau.

Ibilbide gogorra

Erronka ez da soilik antolatzaileentzat izango, txirrindularientzat ere ez baita ibilbide makala: Tolosatik abiatu eta gutxira, Bidaniako mendatea igo beharko dute txirrindulariek hasierako kilometroetan. Errezilditik barrena Azpeitira joko dute, eta Urrestilla eta Nuarbetik igaro ostean, Beizamara igoko dira.

Olanoren arabera, Bidania eta Beizamako igoerak "oso gogorrak" dira, eta hasi besterik ez da egin lasterketa. Beizama atzean utzita, Santa Agedako mendatea igo beharko dute ondoren txirrindulariek, berriro ere Tolosara joateko. Lehen 48 kilometroak eginda, martxa laburra hautatzen dutenek bertan amaituko dute saioa. Gainerakoei, beste 150 kilometro geldituko zaizkie lasterketa amaitu aurretik.

Txaramatik barrena segituko dute aurrera, Altzora igoko dira, eta handik Alegira jaitsiko dira, gero Orendaindik barrena Larraitzera igotzeko. Handik Zaldibiara jaitsiko dira, Lazkao Mendi igo aurretik. "Hori da martxaren puntu garrantzitsuena", hor hautsiko baita seguruenik tropela.

Baina handik aurrerakoak ere ez dira atzean geratzen. Lazkao, Olaberria, Beasain eta Mandubiko mendatea etorriko dira gero. Ormaiztegitik igaro, eta Legazpira eta Oñatira joko dute ondoren.

Azken txanpan, berriz, Angiozartik Elgetako mendatea igo eta Bergarara jaitsiko dira, Elosutik barrena Azkoitira joateko. Urraki igo ostean, Tolosara bidea hartu, eta han amaituko da martxa.

Martxaren gogortasuna dela eta, bizikleta gainean zaildutako kirolzaleentzat prestaturiko lasterketa da Abraham Olano Martxa. Edozeinek har dezake parte, betiere, 18 urtez gorakoa baldin bada. Eta derrigorrezkoa izango da kasko homologatua jantzita eramatea ibilbide osoan.

Halako martxetan ohikoa denez, ez da lehiatzeko lasterketa izango. Antolatzaileek argi eta garbi diote: Abraham Olano Martxa ez da lasterketa edo lehiaketa, martxa zikloturista baizik. Hori dela eta, herrietatik igarotzean beti eskuinetik joateko deia egin diete txirrindulariei.

Bi gurpilen gainean dabiltzanen festa handia izango da, baina oinezkoek ere izango dute aukerarik.

Txirrindulariei segika, oinez

Txirrindulariak ikusiz, kirola oinez egiteko aukera ere izango da egun horretan. Aipatu beharrekoa da zikloturista martxaz gain trekking bat ere antolatuko dutela egun horretarako. "Modu horretan, lasterketa ikusiz, ikusleek egun-pasa egiteko aukera izango dute", azaldu du Olanok.

Trekkingean parte hartzen dutenek lasterketa lau mendatetan jarraitzeko aukera izango dute. Horretarako, antolatzaileek autobusak jarriko dituzte oinezkoak zikloturista martxa igaroko den tokietara gerturatzeko. Hala, Tolosatik Bidania-Goiatzera autobusez joan ahal izango dira oinezkoak, eta handik lau kilometro oinez egin Santa Agedako gainera iristeko. Behin hara heldutakoan, 11 kilometroko oinezko ibilbidea prestatu dute, Mandubiko gainera iritsi arte. Bertan, jatetxea dago, han bazkaldu nahi dutenentzat, edo, bestela, bazkaria etxetik eramaten dutenentzat, mahaiak egongo dira. Halaber, haurrentzako jolas parkea izango da.

“Datorren ikasturtean partaidetza zabaltzea da asmoa”

Orioko Independentisten Foroak jarri zuen martxan Orioko curriculuma sortzeko proiektua. Gero, ordea, proiektuak aurrera egin, eta iaz Orioko Curriculuma Sortzen taldea sortu zuten. Taldeko koordinatzailea da Iñigo Gaiton (Orio, 1987).

Hiru ikasturtez aritu zarete herriko proiektu pedagogikoa jorratzen. Zer egin duzue epe honetan?

Lehen ikasturtean, hezkuntzaren inguruko kezka zuten lau-bost laguneko herritar talde bat elkartu ziren, eta hezkuntzaren inguruko jardunaldiak egin zituzten Orion. Orduan, herri curriculum propio bat sortzeko premia ikusi zen. Behar hori ikusita, Orio O3ten bigarren hezkuntza jardunaldiak egin eta Orioko curriculuma egiteko zer egin nahi zen eta zer pauso jarraitu beharko ziren aurkeztu genuen. Hor, herriaren babesa beharko zelako, Ijitoen Akordioa sinatu zuten udaleko alderdi denek, ikastetxeek eta herriko eragileek.

Eta, azken ikasturte honetan, curriculuma sortzen hasi zarete.

Bai, eta horretan eman dugu ikasturtea: batetik, Orioko curriculuma osatuko duten edukiak erabaki ditugu, eta, bestetik, proiektua sozializatzen segitu dugu. Aurreko ikasturtean, zer egin nahi genuen azaldu genuen, eta oraingoan curriculumak jorratuko dituen gaiak ukitzeko ekintzak egin ditugu, sozializatzeko.

Datu bilketa fasea bukatuta, nolako balorazioa egin duzue?

Ikasturte honetako balorazioa ona da. Fasearen bukaerako aurkezpen ekitalditik ere jendea gustura atera zen. Taldeak, berriz, ondo funtzionatu du, eta ibilbide polita egin du. Beste herrietan horrelako proiektuak badira, baina darabilgun metodoa erabiltzen aurrenekoak gara, eta beste bati begiratzeko ere erreferente argirik ez daukagu. Atzera bota eta ikusita ikasturte hasieran nola geunden eta orain nola gauden, oso ongi iruditzen zaigu. Gainera, objektiboki bildu dugun informazioa ona da.

Datorren ikasturtean zer lan egiteko asmoa duzue?

Proiektu hau herritik herrira egindako zerbait dela defendatu dugu hasieratik, eta, orain arte nahiko jendek parte hartu duen arren, datorren ikasturtean partaidetza hori zabaltzea da asmoa. Aurrena, aurten bildutako dokumentuak herriko bi ikastetxeetatik pasatuko ditugu, horietako irakasleek aztertu eta beren ekarpenak egin ditzaten. Ondoren, berriz, herrian prozesu parte hartzaile bat jarri nahi dugu martxan: hitzaldi, mahai inguru eta beste hainbat ekintzarekin. Era horretan, herritarren azken ekarpenak jasoko ditugu, eta, orduan, gutxi gorabehera, Orioko Curriculum Propioa eginda geldituko litzateke.

Aralarren lur azpiko altxorrak

Lurpeko munduan murgildu eta kobazuloek zer ezkutatzen duten gertutik ezagutzeko, hainbat irteera antolatu ditu Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak. Hain justu ere, espeleologian adituak direnen eskutik Aralar Natur Parkearen Gipuzkoako eremuaren sekretuak eta altxor txikiak erakutsiko dituzte. Espeleologia ezagutzak ez dituztenentzat prestatutako bisitak izango dira.

Lurpeko eremuen ikerketaz eta zaintzaz arduratzen da Felix Ugarte elkartea, eta haiek arduratu dira, Parketxe Sarearekin elkarlanean, bi irteerak antolatzeaz. Akaitz Txiki 2 kobara egingo den irteera espeleologikoa da lehena, uztailaren 5ean. Goizeko 09:30ean jarri dute ordua, Lizarrustiko Parketxean, eta 10:30ean Errekabeltzeko langan. Akaitz Txikira bidean fenomeno karstikoak, sarbegiak eta muinoak ikusiko dituzte, eta Lareoko urtegia igarota, Akaitz Txiki mendira iritsiko dira. Bertan, Akaitz Txiki 2 kobara sartuko dira. Javier Busselo Felix Ugarte elkarteko espeleologiako kirol teknikaria Aralarren lanean aritu da, elkarteko beste hainbat kiderekin batera, eta Akaitz Txiki 2 aukeratzeko arrazoiak eman ditu: "Edozein sartzeko moduko koba delako aukeratu dugu". Baina ez hori bakarrik: "Polita da, ikusgarria. Oso txuria da, eta estalagmitaz tapizatua dago". Ondoren, Enirio ingurura joango dira. Bertatik, antiklinala, borgoniar barra eta Ataungo domoa ikusi ahal izango dituzte, besteak beste. "Aralar nola eratua dagoen azalduko dugu; Gipuzkoako eremuko Aralar, Nafarroakoa urrun xamar geldituko zaigulako", esan du Busselok.

Antolakuntzak kaskoa, argiteria eta eskularruak eramango ditu parte hartzaileentzat, baina uretako oinetakoak eta aldatzeko arropa eramatea gomendatu dute antolatzaileek, eta zira-galtzak eramatea ere komeni dela. Guztira, bi orduko ibilaldia izango da.

Meatzarien Aralar

Bigarren txangoa geologia eta meatzaritza alorrekoa izango da, Arritzagako haranean, uztailaren 19an. Parketxe Sarekoek azaldutakoaren arabera, "inguru hori punta-puntako gunea da geologiaren eta meatzaritzaren ikuspegitik". Aralarko geologia maila antzinakoenak ikus daitezke bertan, egitura konplexukoak, baita morrenetan jatorria duten biltegiak ere, Kuaternarioan gertatu zen glaziazio prozesuaren lekuko direnak.

Abiapuntua Amezketako Beratzeaga aparkalekua izango da, goizeko 09:30ean, eta haraneraino iristeko bi ordu inguruko ibilaldia egin beharko da. Hara iristean, lehenik eta behin meategi bat bisitatuko dute. Izan ere, Felix Ugarte elkartekoek egin dituzten indusketetan ikusi ahal izan dute duela milaka urtetik ustiatu dela kobrea Arritzaga inguruetan. Eneolitoan eta Brontze Aroan hasi ziren minerala ateratzen, eta Erromatarren aroan, Erdi Aroan zein XVIII. mendean jarraitu zuten, joan den mendeko erdialdean jarduera amaitu zen arte. Hala azaldu du Busselok: "Duela 4.500 urteko aztarnak aurkitu ditugu egindako indusketetan, erromatar garaiko zeramika ere bai, eta Behe Erdi Aroko ustiaketa zantzuak".

Azken ustiaketa aldiko meatzarien herrixka nolakoa zen azalduko dute: eliza non zegoen, kantina eta langileen barrakoiak. Minerala lantzeko fabrika ere bisitatuko dute; baita inguruan dauden Historiaurreko nahiz Aro Modernoko aztarnak ere.

Azken boladan erabili zuten meatze batean ere barneratuko dira. "Meatze txikia izango da, 300 metro ingurukoa, ustiatzeari utzitakoan itxi egiten baitituzte", azaldu du Busselok. Garai hartako dokumentuetan ikusi ahal izan dute meatze horrek bi edo hiru maila zituela eta oso sakona zela. "Ezingo gara barruraino sartu, baina berez oso sakona da", dio espeleologoak.

Eguerdian ordubete inguru izango dute bazkaltzeko eta atseden hartzeko. Baratzeagara, aurreikuspenen arabera, arratsaldeko seiak ingururako itzuliko da taldea. Irteera honetarako ere materiala jarriko dute antolatzaileek. Parte hartzaileek, berriz, kontuan izan behar dute bost bat orduko ibilaldia izango dela.

Hamalau urte lanean

Felix Ugarte elkartea 2000ko maiatzaean eratu zuten, Arantzazun (Oñati), lur azpiko munduaz jakin-mina zuten hainbat lagunek. Uda horretan bertan Irunen jarri zuten euren bulegoa, eta, ordutik, hainbat eremutan egin dituzte azterketa lanak, eta bisita nahiz ezagutza irteerak antolatzen aritzen dira. Aralarren ez ezik, Ernion ere lan egin dute, baita Deban eta Mutrikun ere.

Elgoibarko bigarren metal gaua

Sinuosek II. Hellgoibar Metal Gaua antolatu du gaurko, Elgoibarren. Aurtengo edizioan, Estigia eta Darkness By Oath taldeen kontzertua izango da.Estigia Zarautzen sortu zen, 1985. urtean, eta 1997. urtean banandu zen. Bi hamarkada pasatu ondoren, disk...

Ipurua gutizia

Azken hilabetean gauza bakarra dugu hizpide herrian. Igogailu solasaldiak alaiago bilakatu dira, eta oporretan edonora doan eibartarrak Eibar futbol taldeko elastikoa sartuko du maletan. Kolpetik, mapetan Eibar kokatzen duen puntua handiago bilakatu da. Are gehiago, herritarren aldartean ere nabaritu dela esango nuke, kalean hamar zentimetroko txokolate gozo kapa bota izan balute bezala. Iritzi subjektiboa da, baina egia da kirol arrakastek, eta foballekoek bereziki, badutela nolabaiteko efektu lotarazle bat, miseriak estalarazten dituena.

Eibar Lehen Mailara igo izanak herriari mesede edo kalte egingo dion eztabaidatzea txikiteoak girotzen ari da, eta nik garbi dut mesede egingo diola. Halako kalkuluak egiten dituzten enpresak badaude, eta normalean puztu egiten dituzte. "Bisitari bakoitzak ez dakit zenbat euro gastatuko ditu...", beti puztuak. Halere, eraginaren aritmetika erraza da: hiria gero eta txikiagoa, inpaktua are nabarmenagoa.

Eibarrek 27.000 biztanle ditu —Bigarren Mailan taldea zuen hiririk txikiena zen, eta zer esanik ez Lehen Mailan—, eta futbol taldeak, oraingoz, 3.500 abonatu. Taldeko zuzendaritzak nahita itxi zuen iturria. Ipurua estadioak 5.200 ikuslerentzako eserlekuak ditu, eta 6.000raino handitzeko lanetan ari da, LFPk hala behartzen duelako —6.500 izan daitezke—. Azpiegitura desmuntagarria beharko luke; ez dut uste harmaila berriak eraikitzen hasteko garaia denik, diruak beste zerbaiterako izan behar baitu. Are gehiago kontuan hartuta taldea Lehen Mailako ateak jotzen hasi zen arte ez zela bete estadioa. Ipurua txikia da; ez dago handitzeko premiarik, eta hor du xarma, eta bere erakarmen ahalmena. Lehen Mailako futbola bertan ikustea gutizia bat izan behar da, bonboi bat jatea, eta horrek jendea erakarriko du.

6.000 edo 6.500 eserlekuetara iritsiz gero, eta oraingoz abonatu berriak gehitzea ezinezkoa denez, 3.000 eserleku huts horiek kudeatzea da gakoa. Herrian argi dugu zati handienak Eibarren gelditu behar duela, baina herriarentzako negozio iturria kanpoko jendea da. Auzia ez da erraza: sarrera horiek herritarren esku utzi, objektiboki azken urteetan hain fidelak izan ez diren arren —2.911 ikusle batez beste azken sasoi honetan, eta 1.259 aurrekoan, 2. B Mailan—, edo balizko bisitariei eskaini, garesti, herriko negozioen hobe beharrez?

Lehen Mailako futbola eromena da, eta Eibarren badakigu kanpotik 500 lagun etortzea aski dela herria aztoratzeko. Kopuru horiek handitu egingo dira; ez beti, baina Realak, Athleticek, Real Madrilek eta Bartzelonak jende asko mugitzen dute. Olatu hori ustiatzen jakin behar da, eta hasiak dira nola zukutu aztertzen. Beste kontu bat izango da inpaktu mediatikoa, eta horrek ez, horrek ez nau hainbeste konbentzitzen, Eibarrek, berez, amu turistikorako ahalmen gutxi baitu ostalaritza onetik harago. Baina tira, nork jakin, agian, foballari esker, Euskal Herria ezagutzera etortzen diren erretiratuentzako antolaturiko txangoen kanpaleku nagusia baino gehiago izango da.

Dokumental musikalen VII. zikloa

Rockumentalak zikloaren VII. edizioa maiatzaren 24an abiatu zuten, Zarautzen, eta gaur amaituko da, Searching for Sugar Man filmaren proiekzioarekin. Maiatzean zendu zen Malik Bendjelloul zuzendariari eskainiko diote, omenaldi gisa.Zarauzko I Love Roc...

%75

Hoteleko gela erreserbatuakEibarren igoera aukerak zabaldu orduko hasi zen bisitarien mugimendua antzematen ostalaritzan. Herriko hotel bakarrak, Hotel Unzaga Plazak, esaterako, 88 logela ditu; eta horietatik %75 erreserbatuta dauzkate urte amaierara ...

Arriskatzea maite dutenen eztena

Atzo hasi zen Errenteriako Eztena antzerki eta dantza jaialdia. "Arriskatzen duten antzezlanek eta egileek" dute tokia jaialdi horretan. Atzo, Antton Luku Libertitzeaz liburuaz aritu zen hizketan. Gauean, berriz, De Cyne Reyna tabernan Las XL taldeak Abandónate mucho antzezlana eskaini zuen. Gaur, dantza emanaldiak izango dira arratsaldez, eta antzezlanak ilunabarrean.

'Dantza kalean' ikuskizuna.

Organik taldearen Carneros, Pasaiaiaren GR10 eta Lasalaren Hooked; bihar, 17:30ean, plazan.

Antzerki piezak Mikelazulon.

Happy End taldearen Arrautza, A pan y agua eta Suicidio en 15 minutos antzezlana, 20:00etan, Mikelazulo elkartean.

2

Ekonomia gardenerako aldundiaren dinamikakEkonomia gardena eratzeko egitasmoak aurkeztu ditu aldundiak. Batetik, fakturak eskatzearen garrantziaz kontzientziazio kanpaina bati ekingo dio; eta, bestetik, terminal fiskalaren proiektua laster izango dela...