%40

PUTZUEN ERAGIN EREMUADebagoieneko Fracking Ez taldearen arabera, Gipuzkoako lurralde osoaren %40 egongo da haustura hidraulikorako guneen eraginpean. Debagoienari eragingo lioke batez ere, baina Debabarrena, Urola, Goierri eta Oriako hainbat lur ere h...

“Heteroarauak esaten digu zer desiratu behar dugun eta zer ez”

Heteroarauari desobedientzia! Ideietatik arrakaletara lelo hartuta, hainbat ekintza antolatu dituzte elkarrekin Azpeitiko Bilgune Feministak eta Ernaik, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren bueltan. Besteak beste, Arrakala, zirrikitu bat haitzetan dokumentala eman eta landu dute. Horrez gain, elkarretaratzera deitu dute plazan, bihar, 12:30erako. Leire Ibarguren (Azpeitia, 1979) Bilgune Feministako kideak gogorarazi du Azpeitia eta Azkoitia artean ekainaren 28aren bueltan hamaika ekintza antolatu direla azken hogei urteetan. Aurten, heteroarauaren gaia jorratu dute Arrakala dokumentalaren bidez.

Arrakala, zirrikitu bat haitzetan filma eman duzue ekainaren 28aren bueltan antolatutako ekitaldietan. Zergatik?

Heteroarauak gure bizitzan nola eragiten duen adierazten du dokumentalak. Pertsonen bizipenetan oinarritutakoa da, eta oso interesgarria da hausnarketa horiek denak herriratzea. Gaiaz modu kolektiboan hausnartzea eta konpartitzea garrantzitsua da: asko gara gizartean onartuta ez dauden edo normaltasunaren barruan sartzen ez diren desioekin bizi eta horren alde maila pertsonalean zein kolektiboan borrokatzen garenak.

Donostian, dokumentalaren aurkezpenean izan ginen, eta oso ederra eta hunkigarria izan zen, kolektibo handi batek dugun errealitatean oinarritutakoa delako. Jende asko bildu ginen, barre egin genuen, hausnarketa berriak eragin zizkigun eta haserretu ere egin ginen. Baina, batik bat, indar handia eman zigun, gaiaz eztabaidatzen segitu eta dokumentala herri guztietara zabaltzeko.

Zer kontatzen du lan horrek?

Hainbat hausnarketa egiten ditu heteroarauaren inguruan: zati batean, heteroaraua zer den eta gure bizitzetan nola eragiten duen azaltzen du. Beste zati batean, desioaren inguruan hitz egiten du: desioa ere nolabait gizarteak eraikitzen duen gauza bat delako. Horrez gain, familia eredu desberdinen inguruan ere ari da, eta baita modu kolektibo batean ere, heteroarauak eta heterauaren kontrako borrokak daukan garrantziaz.

Zer da heteroaraua?

Askotan, legeak babestuta, oso modu bortitzean azaleratzeaz gain, gauza oso sotila ere bada. Sotiltasun horrek botere handia ematen dio. Txiki-txikitatik gure bizitzetan eragin zuzena du, eta gure bizitzako momentu askotan azaleratzen da. Heteroarauak esaten digu zer gustatu behar zaigun eta zer ez, zein gustatu behar zaigun eta zein ez, zer praktika sexual gustatu behar zaizkigun eta zein ez, esaten digu pertsona bakarra gustatu behar zaigula eta bizi osorako izan behar duela, esaten digu familia egitura bat osatzera bideratutako desio bat izan behar dugula... Nolabait, bide bat markatzen digu, gure ibilbide afektibo sexuala baldintzatuz eta erregulatuz. Identitate lesbiana, gay, trans, queer eta abarrak bazterrean utzita. Pertsonon gorputzak bi motatakoak direla sinetsaraztea da heteroarauaren beste oinarrietako bat. Bi eredu horietatik kanpo dauden beste denak normaltasun arautik kanpo gelditzen dira, erosotasun horretatik kanpo. Gizarteak ez ditu espazio seguruak sortzen bi eredu horietatik kanpoko pertsonentzat, eta gorputz horien sexualitatea ukatu egiten da.

Horrek nola egituratzen edo osatzen du gure gizartea?

Egungoa gizartea kapitalista da, eta eremu pribatuan bere unitate garrantzitsuenetako bat familia nuklearra da. Heteroarauen helburuetako bat emakumeaz, gizonaz eta seme-alabez osatutako familia nuklearra osatzea da. Gero, familia nuklear horren barruan, sexualitatea bizitzeko modua ere baldintzatzen du heteroarauak: emakumea objektu sexual baten gisan eta ugalketarekin lotzen duen sexualitate ereduan kokatzen du. Gizonezkoa, aldiz, modu aktiboko sexuarekin eta plazerarekin lotzen duen ereduan. Hor ere botere harreman batzuk sortzen dira emakumeen eta gizonen artean. Horrek denak gizarteko beste alor guztietan ere eragina dauka. Ikuspegi sexual batetik ere, heteroarauak emakumeak menpeko izaki egin nahi gaitu. Sexuen araberako rol banaketan ere heteroarauak eragiten du, eta argi dago gaur egungo gizarte egitura horri eusteko ezinbestekoa dela emakumeek gaur egun duten rola betetzen segitzea. Gizartea sostengatzen duten errekonozitu gabeko lanak egiten jarraitzea: zaintza lanak, etxeko lanak, ugaltzea…

Eta egunerokoan nola eragiten digu heteroarauak?

Norbanakoaren egunerokoan eragiten du, bai beste pertsonekin harremanak izateko orduan, bai harreman sexualak edukitzeko, bai gure desioak adierazteko edota baita gure sentitzeko moduan ere. Jendaurrean non eta nola kokatzen garen, edota gure etorkizuna nola proiektatzen dugun baldintzatzen du.

Zein da Arrakala, zirrikitu bat haitzetan dokumentalak gure gizarteari egiten dion ekarpena?

Ekarpen interesgarria egin dezake, herri txikietan ere hausnarketa modu kolektiboan egiteko. Pertsona asko Madrilera, Bartzelonara edo Londresera joaten dira heteroarauak sortzen dien deserosotasunagatik, eta herri txikietan espazio seguru horiek ez dituelako aurkitzen. Horregatik, herrietan hori guztia lantzea oso garrantzitsua da. Eta ari gara. Adibidez, Azpeitian azken hogei urteotan ekainaren 28aren bueltan ekintzak antolatu dira. Antolatzen segitu eta beste bizi eredu batzuk ezagutzera ematea, aldarrikatzea eta azaleratzea oso garrantzitsua da. Heteroarautik at dauden bizi-ereduak bilduko dituen herri bat aberatsagoa baita. Era desberdineko familiaz osatutako eta askotariko desioak askatasunez bizitzeko aukera ematen duen herri batean herritar denak irtengo dira irabazian.

Olatuaz busti nahia

Eibar historian aurrenekoz Lehen Mailara igo izana, eibartarrengan eragin duen pozaz gain, herriko ekonomiari bultzada emateko moduko gertaera izan daiteke. Horren aurrean, ilusioa eta etorkizunera begiratzeko gogoa dute zenbaitek; beste batzuek, orde...

3.500

Eibarko Bazkide abonatuakEibar Kirol Elkarteak 3.500 bazkide abonatu izan ditu 2013-2014ko denboraldian. Abonamenduen prezioa 209 eta 297 euro artekoa izan da. Igoera aukerengatik abonatu kopurua igotzen hasi zen, eta, maiatzean, izen-ematea etetea e...

Uruguaitik heldu zen taupada

Poliziaren jazarpenetik ihesi atzerrira joan, eta deserrian ere errepresio bortitza pairatu. Horixe gertatu zitzaien Manueltxo Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskal errefuxiatuei, duela bi hamarkada. 1994ko abuztuaren 24an, haien kontrako estradizio agindua onartu zuen Uruguaiko Gobernuak, eta milaka pertsona kalera atera ziren, euskal herritarrei babesa adierazteko. Uruguaiko diktaduraz geroztik gertatutako istilu larrienak eragin zituen Poliziak egun hartan: ehunka zauritu, dozenaka atxilotu eta bi hildako izan ziren. Sarraski hori gogora ekarri nahi du Askapena erakundeak, Errefuxiatu eta Iheslarien Nazioarteko Egunean.

Filtroko gertakaria gogoratzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Askapenako kideek Oñatin, hangoa baita Uruguaitik estraditatutako iheslarietako bat: Manueltxo Goitia. Haren antzera ihes egin zutenei omenaldia egingo diete bihar, eta Euskal Herriaren eta Uruguairen arteko harremana sendotzeko ere baliatuko dute ekitaldia.

Montevideoko manifestarien jarrera txalotu zuten Askapenako ordezkariek Oñatiko ekitaldiaren aurkezpenean: "Herrien arteko samurtasunak mugarik ez duela erakutsi ziguten Uruguaiko herritarrek, eta torturaren nahiz inperialismoaren aurrean, kaleak hartu eta euskal militanteak uruguaitarrak balira bezala defendatu zituzten, bizia emateraino".

Irmotasun erakustaldia

1990eko hamarkadaren hasieran, Goitia, Lizarralde eta Ibañezek Euskal Herritik ihes egin zutenean, alderdi sozialistak gobernuan ziren Madrilen zein Parisen. Espainiarentzat, gainera, urte bereziak ziren horiek: ate-joka zituen Bartzelonako Olinpiar Jokoak nahiz Sevillako Expoa. Nazioartea begira zuen Felipe Gonzalezen gobernuak, eta irmotasun irudia zabaldu nahi izan zuen, "ETAren kontrako operazioak" abiatuta. Uruguaiko euskal iheslariena izan zen horietako bat.

Garai hartan, La Trainera izeneko jatetxea gobernatzen zuten euskal herritarrek Montevideo hiriburuan. 1992ko maiatzean, baina, Uruguaiko Polizia jatetxera sartu zen, eta sarekada bakarrean atxilotu zituen jatetxeko 30 langile; tartean, hamahiru euskal errefuxiatu. Herrialdera sartzeko dokumentazio faltsua erabiltzea leporatu zieten. Horren atzean, ordea, Espainiako Gobernuaren eskua zegoen.

Madrilen interesaren erakusle izan zen gobernuak Montevideora bidalitako ordezkaritza: Carlos Bueren Auzitegi Nazionaleko epailea, Rafael Vera garai hartako Estatu Segurtasunerako idazkaria eta Espainiako Poliziaren bi goi kargudun. Ezker abertzaleak, bestalde, delegazio propioa igorri zuen herrialdera: Karmelo Landak, Juan Mari Olanok eta Jon Idigorasek osatzen zuten lantaldea, besteak beste.

Euskal Herriko ordezkaritza hark lan diplomatiko handia egin zuen, eta eragile politiko asko akusatuen aldera lerratzea lortu zuen. Horrez gainera, babes politikorako sentsibilitate berezia zegoen garai hartan Uruguain; alde batetik, uruguaitarren %30 eta %40 artean euskal jatorrikoak direlako, eta, bestetik, diktadura amaitu berritan uruguaitar errefuxiatu asko etxera itzultzen hasiak zirelako.

Gizartearen presio horrek ezustean harrapatu zuen Espainia. Euskal errefuxiatuen aldeko elkartasun kanpaina abiatu zen, eta estradizio bizkorra zirudiena bi urteko prozesu amaigabea bihurtu zen Madrilentzat. Kasuak banan-banan aztertzen hasi zen Uruguaiko Justizia, eta denbora tarte horretan, auzipetu gehienak aske gelditu ziren.

Manifestazio ugariren eta bi gose grebaren ostean, Espainiaren presioa areagotu egin zen. Bigarren greba horrek izan zezakeen arriskua zela medio, Filtro ospitalera eraman zituzten Goitia, Lizarralde eta Ibañez. Kanpoan, protestak indartu egin ziren. Abuztuaren 23an, Uruguaiko sindikatu nagusiak greba orokorrera deitu zuen. Ordurako, ordea, estradizioaren erabakia hartua zegoen. 4.000 pertsonak inguratu zuten ospitalea, eta Polizia tiroka oldartu zitzaion jendetzari. Biktimen artean, bi hildako: Roberto Facal eta Fernando Morroni. Euskal iheslariek ospitaletik ikusi zuten triskantza.

Ordutik, Uruguaiko Gobernuak ez du bere gain hartu Facalen heriotza. Bai, ordea, Morronirena. Haren senideei kalte-ordaina eskaini zien, baina Fernandoren ama Norma Morronik uko egin zion dirua jasotzeari: "Semea hil eta gero, zuen dirua onartuko dudala uste al duzue? Fernandori hiru lezio nagusi irakatsi nizkion: elkartasuna, konpromisoa eta duintasuna. Dirua onartzea horren guztiaren kontra egitea izango litzateke".

20

denboraldiko aurrekontua, Milioitan

Bost aldiz biderkatuko du Eibarrek 2013-2014ko denboraldiko aurrekontua. Aurtengoan, 3,9 milioi euroko aurrekontua izan dute —kategoriako baxuena—, eta hurrengorako 20 milioi euro bueltan izango dituzte; telebista eskubideengatik, besteak beste.

Euskal marinel gazteak Atlantic Challengen izango dira

Morbihanek (Bretainia) hartuko du bi urtetik behin nazioartean antolatzen den Atlantic Challenge topaketa. Pasaiako Albaola itsas kultur erakundea bertan izango da, eta haren eskutik, Euskal Herria, munduko beste nazioen parean.

Atlantic Challengeko bazkide osoa izan nahi zuen Albaolak, eta erronkari eutsita, aurten lortuko du. Horretarako, ontzi propioa eraikitzen ari da itsas kultur erakundea, eta tripulazioa osatzeko lanetan dabil. Lehen helburua hilaren 30aren aurretik lortuko du, egun horretan egingo baitute Pasaiako badian ontziaren uretaratzea, San Pedro jaietan. Tripulazioa osatze aldera, berriz, deialdia egin du Albaolako kudeatzaile den Herme Pedrosillok. "Egokiena 15 eta 22 urte arteko lau emakume lortzea litzateke, baina birekin ere moldatuko gara".

Azaldu du tripulazioak orekatua izan behar duela: "Neska eta mutil kopurua parekatu behar da, eta ez da erraza izaten; handitzen ari bada ere, itsas kiroletan nesken presentzia ez delako handia".

Orain 28 urte sortu zuten Atlantic Challenge, ontzien erabilera tradizionala hezkuntza arlora eramateko. "Ohartu ziren gazteek beren abileziak praktikan jartzeko aukerarik ez dutela, eta hainbat balio ere ez zirela lantzen: elkarlana, elkarbizitza... Horiek ontzi tradizionalen bidez lantzea otu zitzaien", esan du Mikel Leoz Albaolako kultura programatzaileak.

Frantziako ontzi zaharrena

Ontzi eredu bat aukeratu zuten horretarako. Frantzian kontserbatzen den ontzi mota zaharrena: iola. Hamabi metro inguruko ontzi bat da, hamabi lagunek osatutako tripulazioarentzat. Garai batean, almiranteek erabiltzen zuten itsasontzi batetik bestera joateko. "Dotorea eta polita", hala definitu du Leozek iola, "eta tripulazioari lan handia ematen diona. Hori gazteekin lan egiteko gainbalio bat da, denek dutelako ardura bat, zeregin bat. Gazte talde bat hartzen dute gero tripulazio gisa, eta irakasten diete ontzian ibiltzen, korapiloak egiten, belak erabiltzen, arraunean egiten...". Leozek esan du amerikarrek eta frantsesek sortu zutela Atlantic Challenge, baina egun halako proiektuak lurralde askotara zabaldu direla.

Bi urtean behin, munduko herrialde batean bilkura egiten dute ikasitako hori partekatzeko. Nabigazio probak egiten dituztela azaldu du Leozek: "Ez dira estropadak; garrantzitsua ez da lehena edo azkarrena izatea, baizik eta dakizuna erakustea, eta horretarako, maniobra konplexuak, edota uretara eroritako pertsona bat erreskatatu behar izaten dute gazteek; abileziak garatzea da kontua. Esperientzia izugarria da gazteentzat eta guretzat".

Hala ezagutu izan zuen esperientzia Aitor Edrosok. Pasaia Lezo lizeoko ikaslea zela hartu zuen parte Atlantic Challenge topaketan Ontarion (Kanada) 2010. urtean. Dibertsifikazio taldean zegoela ikastolan eta bere burua galdutzat emana zuela aitortu du Edrosok Albaolara heldu aurretik: "Bizi esperientzia izugarria izan zen; bestelako balioak lortzeaz gain, autoestimua handitzeko ere baliagarri suertatu zitzaidan". Lau urte igaro dira ordutik, eta Bretainiara eramango duten iola eraikitzeko lanetan boluntario lanetan dabil Edroso orain, Brian MacClellan irakasle estatubatuarrarekin batera.

Horiez gainera, Europako Ontzigintza Eskolatik praktikak egitera Pasaiara heldu diren bi holandar, bi bretainiar eta beste estatubatuar batek osatzen dute taldea. Gainera, patroi lanak egingo ditu Edrosok Atlantic Challengen.

Mariñel Gazteak proiektua

Leozen esanetan, Euskal Herria itsasoko herria dela zabalduko du Albaolak lau haizeetara: "Irudi hori hedatu nahi dugu; maiz ahazten badugu ere, itsas historia luzea dugulako". Albaolako kideak argi du nazioarteko topaketa aukera paregabea dela horretarako, gazteentzat batez ere. "Nabigazio tradizionalaren bidez bultzatzen dituen balioengatik, aukera ikaragarria da".

Bestalde, Atlantic Challenge topaketa hutsa baino gehiago proiektu orokor bat dela esan du Pedrosillok. "Prestatze saioak egiten dira aurretik; kokatze historikoa egin behar dute parte hartzen duten gazteek; ontziaren eraikuntzan, teknologia eta diziplina piloa lantzen dituzte; taldean lan egiten hasten dira... Euren bizitza beste baten eskuetan eta besteena beraienean dutela sentitzen dute. Izugarria da".

Urteak dira Albaola elkartean Mariñel Gazteak egitasmoa bururatu zitzaienetik, baina oraindik ere hura ekonomikoki babestuko duenik ez dutela aurkitu esan du Pedrosillok. "Proiektu interesagarria da oso, baina ezin dugu aurrera eraman, ez dugulako baliabiderik".

Morbihaneko topaketara joateko ere ez dutela diru laguntzarik lortu gaineratu du: "Ez gara horretara jarri, bestelako proiektu handiekin gabiltzalako buru-belarri". Horrenbestez, tripulazioko kide bakoitzak 300 euro ordaindu beharko ditu parte hartu ahal izateko, ez badute uztailaren 19a baino lehen diru laguntzarik lortzen.

Halere, Albaolako kudeatzaileak nabarmendu du ontzia egiteko materiala debalde lortu dutela, eta AEBetatik heldutako McClellan irakaslea ere dohainik ari dela lanean Albaolarentzat. Iola sei hilabetean eraikiko dute, hilaren 30ean uretaratzeko. McClellanek argi dauka ontziak egiteko prozesuan denbora luxu bat dela.

8

Lehen mailan debutatu aurreko partidak

Lehen Mailako 2014-2015eko denboraldia hasterako, zortzi adiskidantza partida jokatuko ditu Eibarrek. Logroñes, Barakaldo, Bergara, Racing, Numantzia, Valladolid, Athletic —aurkezpen egunean— eta Realaren aurka jokatuko du.