Zeresan handia eman du aste honetan Zigor Etxeburua Gipuzkoako Diputazioko Euskara zuzendariak, 2015erako aldundiaren zerbitzu guztiak euskaraz eskainiko dituela iragarrita.
2015erako zerbitzuak euskaraz eskaintzeak helburu utopikoa zirudien orain arte, baina errealista dela esan duzue…
Nahita jarri genion helburu hori geure buruari. Izan ere, epemuga bat ezartzea ezinbestekoa da. Grafiko batekin erraz uler daiteke: Y ardatzean gure helburua koka dezakegu [zerbitzu guztiak euskaraz ematea], baina X ardatzean mugarik ez badago, helburu hori infinituraino luza daiteke, bete gabe. Guk epe zehatz bat zehaztu dugu X ardatz horretan: 2015, eta horrek erakusten digu zein izango den gure erritmoa eta lanaren intentsitatea. Hori da egin behar duguna.
Zertan oinarritu zarete epemuga hori ezartzeko?
Borondatean eta erosotasunean. Helburua lortzeko bideak erosoa izan behar du, jakina, baina gauza bat da erosotasuna eta oso bestelako bat, erosokeria. Lehen, administrazioak onargarritzat edo erosotzat jotzen zuena lehenesten zen, beti herritarren hizkuntza eskubideen gainetik, eta hori ez da bidezkoa. Hori erosokeria da. Herritarrengan jarri behar dugu arreta. Administrazioak moldatu beharko ditu bere egiturak, herritarren eskubideak bermatzeko, eta ez alderantziz.
Plangintza horretan, lehentasunak ezarri al dituzue?
Lehenik eta behin, identifikatu egin behar da zeintzuk diren jendaurreko lanpostuak. Eta hori ez da edonolako auzia: batzuentzat, herritarrekin harremana duten lanak mostradore baten atzean egiten direnak dira soilik, baina guk uste dugu ikuspegia zabaldu behar dela. Adibidez, errenta aitorpeneko kanpainan, gizarte eragile batek paperak aurkeztu behar baditu, ez da diputazioko harrera gelan geldituko. Gure administratzailearen bulegora joan beharko du, eta harekin ere euskaraz hitz egiteko eskubide osoa dauka. Lan hori ere jendaurrekoa da, baina orain arte ez zaio aitortu izaera hori. Horrez gain, gure departamentuetan eskaintzen diren zerbitzu guztietan ere euskara bermatu nahi dugu, eta horrek egitura osoa eta eguneroko funtzionamendua birplanteatzea eragiten du: zein da zerbitzua Errepide sailean? Eta Gizarte Politiketan? Zerbitzuak euskalduntzeko helburua ezarri izana aurrera urrats handia izan da administrazioa bera euskalduntzeko, eta ez soilik jendaurreko lanpostuak. Langile batzuk lekuz aldatzea ekarri du horrek, jakina. Adibidez, errenta kanpainarako kontratatutako langile erdaldunak.
Eta ez al duzue kexarik jaso horregatik?
Hain zuzen, iazko errenta kanpainarako behin-behineko langileen lan poltsa osatzeko, 3. hizkuntza eskakizuna ezarri genuen baldintzen artean; bada, horretan aritzen zen langile talde batek auzitara eraman zuen aldundia. Epaiketa irabazi genuen, eta epaian argi eta garbi adierazten zen administrazioari zegokiola herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea.
Herritarrek begi onez ikusi al dute aldaketa?
Gipuzkoarrek oso ondo hartu dute aldundiaren euskararen aldeko jarrera. Dena den, guretzat hau ez da zoriontzeko modukoa. Egin beharreko kontua da, eta atzorako egina behar zuen.
Beste administrazio batzuetan ere arazo handiak izan dituzte hizkuntza eskubideak bermatzeko. Hortxe dugu Dbusen afera Donostian...
Argi dago Espainiako erakundeek eta zenbait alderdik ez dutela lana errazten. Gaia judizializatzen dute, eta, ondorioz, eguneroko funtzionamendua trabatu egiten da. Finean, alderdi eta erakunde horiek euskararen alde erakutsi nahi duten adostasun hori faltsua da, eta legearen ezarpena geroratu besterik ez dute egin nahi.