“Euskaldunon eskubideak bermatzea ez da txalogarria; egin beharrekoa da”

Zeresan handia eman du aste honetan Zigor Etxeburua Gipuzkoako Diputazioko Euskara zuzendariak, 2015erako aldundiaren zerbitzu guztiak euskaraz eskainiko dituela iragarrita.

2015erako zerbitzuak euskaraz eskaintzeak helburu utopikoa zirudien orain arte, baina errealista dela esan duzue…

Nahita jarri genion helburu hori geure buruari. Izan ere, epemuga bat ezartzea ezinbestekoa da. Grafiko batekin erraz uler daiteke: Y ardatzean gure helburua koka dezakegu [zerbitzu guztiak euskaraz ematea], baina X ardatzean mugarik ez badago, helburu hori infinituraino luza daiteke, bete gabe. Guk epe zehatz bat zehaztu dugu X ardatz horretan: 2015, eta horrek erakusten digu zein izango den gure erritmoa eta lanaren intentsitatea. Hori da egin behar duguna.

Zertan oinarritu zarete epemuga hori ezartzeko?

Borondatean eta erosotasunean. Helburua lortzeko bideak erosoa izan behar du, jakina, baina gauza bat da erosotasuna eta oso bestelako bat, erosokeria. Lehen, administrazioak onargarritzat edo erosotzat jotzen zuena lehenesten zen, beti herritarren hizkuntza eskubideen gainetik, eta hori ez da bidezkoa. Hori erosokeria da. Herritarrengan jarri behar dugu arreta. Administrazioak moldatu beharko ditu bere egiturak, herritarren eskubideak bermatzeko, eta ez alderantziz.

Plangintza horretan, lehentasunak ezarri al dituzue?

Lehenik eta behin, identifikatu egin behar da zeintzuk diren jendaurreko lanpostuak. Eta hori ez da edonolako auzia: batzuentzat, herritarrekin harremana duten lanak mostradore baten atzean egiten direnak dira soilik, baina guk uste dugu ikuspegia zabaldu behar dela. Adibidez, errenta aitorpeneko kanpainan, gizarte eragile batek paperak aurkeztu behar baditu, ez da diputazioko harrera gelan geldituko. Gure administratzailearen bulegora joan beharko du, eta harekin ere euskaraz hitz egiteko eskubide osoa dauka. Lan hori ere jendaurrekoa da, baina orain arte ez zaio aitortu izaera hori. Horrez gain, gure departamentuetan eskaintzen diren zerbitzu guztietan ere euskara bermatu nahi dugu, eta horrek egitura osoa eta eguneroko funtzionamendua birplanteatzea eragiten du: zein da zerbitzua Errepide sailean? Eta Gizarte Politiketan? Zerbitzuak euskalduntzeko helburua ezarri izana aurrera urrats handia izan da administrazioa bera euskalduntzeko, eta ez soilik jendaurreko lanpostuak. Langile batzuk lekuz aldatzea ekarri du horrek, jakina. Adibidez, errenta kanpainarako kontratatutako langile erdaldunak.

Eta ez al duzue kexarik jaso horregatik?

Hain zuzen, iazko errenta kanpainarako behin-behineko langileen lan poltsa osatzeko, 3. hizkuntza eskakizuna ezarri genuen baldintzen artean; bada, horretan aritzen zen langile talde batek auzitara eraman zuen aldundia. Epaiketa irabazi genuen, eta epaian argi eta garbi adierazten zen administrazioari zegokiola herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea.

Herritarrek begi onez ikusi al dute aldaketa?

Gipuzkoarrek oso ondo hartu dute aldundiaren euskararen aldeko jarrera. Dena den, guretzat hau ez da zoriontzeko modukoa. Egin beharreko kontua da, eta atzorako egina behar zuen.

Beste administrazio batzuetan ere arazo handiak izan dituzte hizkuntza eskubideak bermatzeko. Hortxe dugu Dbusen afera Donostian...

Argi dago Espainiako erakundeek eta zenbait alderdik ez dutela lana errazten. Gaia judizializatzen dute, eta, ondorioz, eguneroko funtzionamendua trabatu egiten da. Finean, alderdi eta erakunde horiek euskararen alde erakutsi nahi duten adostasun hori faltsua da, eta legearen ezarpena geroratu besterik ez dute egin nahi.

50

batzordeak herrietanIrungo Ficoban Gure Esku Dago dinamika aurkeztu zenetik ia urtea betetzear denean, 50 batzordetik gora sortu dira Gipuzkoako herrietan. Horien lanari esker, milaka gipuzkoar batuko dira igandeko giza katera.

Gidariarekin erdaraz

Autobusaren atzeko partean eseri beharko du euskarak beste behin ere. Donostiako Lan arloko 2. auzitegiko epailearen arabera, Dbus garraio zerbitzu publikoko erabiltzaile euskaldunek ez dute zertan gidariekin hitz egin, eta egitekotan, gaztelaniaz egi...

Larrugorrian

Ederra bezain onuragarria omen da arroparik gabe lo egitea. Ederra dela banekien, baina osasuntsua zenik ez nekien duela gutxi arte. Zenbait ikertzailek egindako azterketen emaitzek hala diote, eta nik nire ikertzaile propioengana jo nuen euren uste e...

“Eskola da herri txikien bizkarrezurra”

Duela 27 urte, orduko Bidanian ospatu zen eskola txikien lehen festa antolatzen ibili zen buru-belarri Antton Beloki. Garai hartan gurasoa zen, eta orain Bidania-Goiazko Txinkorta eskolan ikasten dute haren bilobek.Eskola Txikien Festaren sortzaileeta...

Patana Fest 2014, Zestoan

Bigarren urtez jarraian, Patana Fest musika jaialdia antolatu dute Zestoan. Bihar egingo dute, herriko plazan, 17:00etatik aurrera. Parte hartuko duten sei taldeetatik lau eskualdeko taldeak dira: Human eta Grises zestoarrak, Ezinean azpeitiarrak eta ...

Apo lasterkariari eragindako kaltea arinduko dute Bidaso aldean

Bidaso aldeko ospitalearen inguruan biribilgunea egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Bertatik ibilgailuarekin pasatzen denak ondo daki hori, goizeko lehen orduetan eta arratsaldean auto ilara handiak sortzen baitira —nahiz eta ez diren obraren aurrekoak baino askoz luzeagoak—. Izan ere, Hondarribira sartzeko edo Hendaia alderantz jarraitzeko inbutua sortzen da eremu horretan, eta arazo horiek arindu nahi dituzte biribilgune horrekin, egungo trabak lausoagoak izan daitezen etorkizunean.

Baina gizakiari eragiten diona baino larriagoa izan daiteke Gipuzkoan eskualde horretan soilik bizi den animalia espezie bati sortutako kaltea: apo lasterkariari. Horregatik, konpentsazio neurriak hartu dituzte, errepidea berritzeko lanek espezie horren habitatean eragin ditzaketen kalteak zuzentzeko. Gipuzkoako Aldundiko Berrikuntzako nahiz Landa Garapeneko eta Turismo departamentuko Basa Animalien Zerbitzuak proposatu ditu neurri horiek, eta lanen ardura duten beste bi departamentuekin —Errepideak eta Ingurumena— adostu dituzte.

Basa Animalien Zerbitzuak mehatxuan dauden espezieak babesteko neurriak hartzen ditu: "Urte dezente daramagu apo lasterkariarekin lanean, espeziearen azterketa egiteko eta berreskuratzea lortzeko. Kudeaketa plan bat idatzi genuen, eta nahiz eta onartuta ez egon, prozedura konplikatua daramalako, plan hori aurrera eramaten ari gara", azaldu du zerbitzuko buru Iñigo Mendiolak.

Jaitzubian, apoaren ugalketarako hainbat putzu prestatuko dituzte, errepidearen handitzeak ugalketarako egokiak diren eremu batzuk okupatuko dituelako. Lehen aldia da azpiegitura baten eraikitze lanetan apoaren aldeko neurriak hartzen direna, baina aurretik badute eskarmentua espeziea bizi den beste eremu batean: Irungo Osinbiribilen. Duela bi urte hasi ziren bertan lanean, eta Izaskun Alsa zerbitzuko teknikariak aztertu du: "Osinbiribilen sortzen diren putzuen ezaugarriak aztertzen hasi ginen, batez ere gazitasuna, apoa ugaltzeko egokiak ote ziren zehazteko. Erabaki genuen putzu berriak egitea, euri urarekin soilik mantenduko zirenak, beste ur emaririk gabe. Joan den urtean lau putzu egin genituen, eta aurten ikusi dugu lau putzuetan larbak azaldu direla eta errunaldiak ere bai".

Emaitza ona ikusita, putzu horien gisakoak egingo dituzte Jaitzubian ere: ez oso sakonak, euri garaian soilik betetzen direnak, bestelako anfibioek erabil ez ditzaten.

Diru gutxi, asko irabazteko

Neurri zuzentzaileak lanaren barruan kokatzen dira, eta, hortaz, Ingurumen eta Errepideetako departamentuen ardura dira, baina legeak dio mehatxatutako espezieen babeserako politika Basa Animalien zerbitzuaren eskumena dela, eta, hori horrela, lanetan aintzat hartzen direla adierazi du Mendiolak: "Saiatzen gara departamentuen artean elkarrekin lan egiten, eta haiek onartzen dituzte gure erabakiak". Gainera, mehatxatutako espezieen aldeko babes neurri zehatzen kostua oso txikia dela nabarmendu du: "Oso putzu xumeak dira, ikusten ari garenez oso eraginkorrak, baina obran ez dute kostu handirik eragiten". Kostu txikia, baina garrantzi handia. "Espeziearen araberakoa da, baina, normalean, batez ere galzorian dauden espezieak badira, horrelako neurriak hartzea oso inportantea da", gehitu du.

Osinbiribilen izan den emaitza ikusita, pentsa daiteke Jaitzubian hartuko dituzten neurriek balioko dutela apo lasterkariaren populazioari eusteko. Helburu hori du erakundeek onartu beharreko kudeaketa planak, eta bide horretan garrantzi handikoa izan daiteke espeziea presente den eremuen arteko lotura bermatzea. "Txingudi oso humanizatuta dago. Osinbiribil Plaiaundirekin lotzea ez da erraza, eta Plaiaundi Jaitzubiarekin ere ez, baina lotura hori lortzen saiatuko gara".

Ekintza zehatzez harago

Jaitzubian egiten ari direna, errepideko obran neurri zuzentzaileak hartzea, geroz eta gehiago egiten den zerbait dela deritzo Mendiolak: "Hemen hasten ari gara, baina, egia esan, gero eta gehiago zaintzen da, batez ere eragin ikerketen bitartez eta horien jarraipenen bitartez".

Esaterako, A-8 autobidea Donostia eta Orio artean zabaldu zutenean: "Hirugarren bidea egin zenean antzeko neurriak hartu ziren hegoaldeko zuhaitz igela babesteko, Igeldon bizi den igeltxo hori".

Azpiegitura zehatzez gainera, lurralde osoari eragingo dion plan bat abiatu du Gipuzkoako Diputazioak orain dela gutxi: korridore ekologikoena. Mendiolak azaldu duenez, azpiegiturek moztutakoa berriro lotzeko xedea du plan horrek: "Korridore ekologikoak dira habitat eta gune desberdinen artean egiten diren loturak, espezieak ez isolatzeko. Batetik, ikertu egiten da lotune natural horiek nolakoak diren eta ebakitzen dituzten azpiegiturak zeintzuk diren. Horren ostean, aztertu behar da zein izan daitekeen irtenbidea".

Herrialde osoa ikertzen ari dira, etorkizunean tokian tokiko neurriak abiatzeko, baina jada hasiak dira eremu zehatz batean lanean. Hala gaineratu du aldundiko Basa Animalien Zerbitzuko buruak: "Ikerketa teorikotik abiatuta, Etzegaraten hasi dira neurri praktikoak hartzen. Argi dago Etzegaratek pasabide natural garrantzitsu bat eteten duela, eta lotura egiteko zein neurri praktiko har daitezkeen aztertzen ari dira".

Herrixa Dantzan, Arrasaten

Herrixa Dantzan dantzaldi gidatua egingo dute gaur, 20:15ean, Uarkape pilotalekuko tabernan. Plazako dantza tradizional ludikoez osatutako dantzaldia izango da. Besteak beste, sokan, korroan, taldeka eta bikotean arituko dira. Helburua adin ezberdinet...

“Inoiz ez dut borra erabili jendea jotzeko, baina nire lana da”

Artean 25 urteko gaztea besterik ez zela hasi zen udaltzain lanean Sergio Rodriguez (Zarautz, 1977): "Ekainaren 1ean bete ziren hamabi urte lanbide honetan hasi nintzela". Gaur egun, Azpeitiko hamabost udaltzainetako bat da, baina aurretik beste hainbat herritan ere lan egin du. Jaioterrian hasi zen, eta bederatzi hilabete egin zituen han. "Gero, Arrasaten beste bederatzi; ondoren, Oñatin udaltzain postua atera nuen, eta han urte eta erdiz jardun nuen". 2005ean, berriz, lana uzteko baimena eskatu, eta Azpeitian hasi zen.

Nola erabaki zenuen udaltzain izan nahi zenuela?

Lagun baten osaba udaltzaina da Zarautzen, eta hark esan zidan udarako udaltzain lanerako jendea behar zutela. Halaxe hasi nintzen: aurkeztu, lanean hasi eta lana gustatu egin zitzaidan.

Udaltzainaren lanbideak zer dauka onetik?

Gauza asko, baina batik bat jendearekin tratua edukitzea. Jendearekin komunikatzea eskatzen du, eta hitz egitea asko gustatzen zait niri.

Baina txarretik ere izango du, ezta?

Jendearekin tratuan eztabaidak izatea, eta egunero gertatzen ez diren gauza txar horietako bat ikusi edo bizi beharra: istripu larri bat edo.

Etxera ailegatzean, laneko gauza asko ibiltzen dituzu buruan?

Batzuetan gertatzen da, baina urteekin lanetik irten eta laneko kontuak burutik kentzen ikasi egiten da. Gainera, ez naiz bizi lan egiten dudan herri berean, eta horrek deskonektatzen laguntzen du. Bizi naizen auzoan Sergio naiz. Azpeitian biziko banintz, bertatik bertara biziko nuke gertatzen den oro, nahiz eta lanetik kanpo egon. Norberaren herrian lan ez egiteak alde on hori dauka.

Bitxikeriarik gertatu al zaizu lanean ari zarela?

Telefonoz hizketan ari zen bitartean gidatzen ari zen pertsona bat ikusi nuen behin: esan nion halakorik ezin zuela egin. Hark erantzun zidan, bera ez, emaztea zela hizketan ari zena, eta hitzik ere ez ziola egiten lagatzen. Horixe da isuna ez jasotzeko jarri didaten aitzakiarik onena.

Ordutegi ona al daukazue?

Txandaka lan egiten dugu: goizez, arratsaldez edo gauez. Ohitu egiten da bat, eta niri denak gustatzen zaizkit lanerako, baita gaua ere. Ordutegi bakoitzak ditu bere alde onak eta txarrak. Goizekoak duen okerrena zera da, jaikitzea kostatzen zaidala; arratsaldez lan egiten dudanean, berriz, goiza ez dut aprobetxatzen. Txanda bakoitzak bere kontuak ditu.

Kalean jendeari konfiantza adierazi behar zaio edo ez?

Konfiantza eman behar da, baina bere neurrian. Ez gehiago. Batzuei konfiantza eman eta ez dira pasatzen, baina beste batzuk bai. Denetarik dago.

Jendeak zer errespetatzen du gutxien?

Autoa espaloian aparkatuta uzten dute maiz, eta ez dira konturatzen gurpil aulki batekin edo haurren aulki batekin pasatzeko tokirik ez dutela uzten. Ohitura handia dago toki guztietara autoarekin mugitzeko, eta jendeak uste du lau argi keinukariak jarrita bost minututan autoa aparkatuta utz dezakeela. Baina argi horiek larrialdikoak dira, ez dira bost minututan autoa aparkatuta uzteko.

Armatuta lan egiten al duzu?

Armak? Non?

Borra baduzue, behintzat.

Bai, borra bai, eskuburdinak, defentsa pertsonalerako esprai bat ere bai, eta labana bat gauzak mozteko eta. Baina beste armarik ez dugu, hemen udaltzainek armak eramateko ohiturarik ez dutelako. Gipuzkoako herri batzuetan armatuta egoten dira udaltzainak, baina Azpeitian eta beste zenbait herritan ez.

Inoiz erabili al duzu borra?

Bai, baina inoiz ez dut erabili jotzeko, egoera lasaitzeko bakarrik erabili dut. Hobe inor jotzeko erabili behar ez izatea, baina erabili beharko banu, nire lanaren barruan dago.

Udaltzain batek zer ezaugarri eduki behar ditu?

Bakoitzak bere ezaugarriak ditu: bat trebea izan daiteke gauza batzuetan, eta beste bat, bestelako kontuetan. Batzuk legea betearazten dira onak, eta beste batzuk, bulegoko lanetan. Azken batean, denetarik pixka bat jakitea garrantzitsua da.

Denetarik egin behar izaten al duzue?

Bai, batzuetan bulegoan egon behar dugu telefono deiak jasotzen, eta beste batzuetan zirkulazioa zuzentzen edo zaintza lanetan. Eta ezusteko bat gertatzen bada, hura konpontzera joan behar dugu.

Lanerako uniformea erabili behar duzue. Erosoa al da?

Bai, ni gustura nago uniformearekin, polita da. Uniformea ez dut traba bezala ikusten, ondo ikusten dut. Gainera, lanerako zer jantzi behar duzun pentsatu beharrik ere ez daukagu era horretan. Badu bere alde ona.