Bi egun baino ez dira falta Gure Esku Dago dinamikak antolatuta Iruñea eta Durango batuko dituen giza katea osatzeko. Kateak izango dituen 123 kilometroetatik 35 osatzeko ardura dute gipuzkoarrek, eta bi festa gune izango dira Gipuzkoan: Bergaran bat eta Lazkaon bestea.
Lazkaon hirukoiztu egin dute giza katerako behar zuten jende kopurua; 300 lagun bildu behar zituzten, eta 900dik pasa izango dira. Bergarako kasuan, bete beharreko espaziorako gutxieneko jende kopururen bikoitza lortu dute, baita Eibarren ere. "Pozik gaude; urduri ere bai, eguna bertan dago eta", dio Aitor Alberdik, Eibarko herri batzordeko kideak. Ados egoteko puntu bat nahikoa izan da herri batzordeak sortu eta etengabe hazteko. Eibarren, urri amaiera aldera sortu zuten dozena erdi bat herritarrek batzordea, eta denboraren joanean hogei lagun biltzeraino iritsi dira: "Denetariko jendea gaude: langabeak, administrariak, irakasleak, merkatariak... Kolore ezberdinetakoak gaude taldean, eta hori pozgarria da, batzen gaituen zerbait badagoelako".
Duela bi urte Idiazabalen erabakitzeko eskubidearen alde abiatutako Nazioen Mundua dinamikak eragina izan du Lazkaoko jendea batzerakoan, Xanet Barrerasen hitzetan: "Goierrin Nazioen Munduko batzordeak sortu ziren orduan, eta iaz Gure Esku Dago aurkeztu zenean, dinamikaren parte izatera pasatu ginen". Urte osoan hamabost bat lagun aritu dira horretan lanean, eta giza katea gerturatu ahala jende asko batu zaie. Etzi bertan izango den festa gunean antzemango da hori: "Goierri mailako jendeak antolatutakoa izango da". Igandean 10.000 lagun elkartzea espero dute, eta "erabateko harrotasuna" ematen die horrek: "150 lagun mobilizatu dira antolakuntzarako, eta hau goraka doala ikusten dugu".
Ikuspuntu ezberdinak
Bergaran gehiago kosta zaie martxa hartzea. Abenduan sortu zuten batzordea, eta "lehen bi hilabeteak ez ziren errazak izan", Asier Larrañagaren arabera: "Ez genuen elkar ezagutzen, eta bageneuzkan gauzak ikusteko ezberdintasunak. Hasieran, hiruzpalau lagun biltzen ginen, eta denbora behar izan genuen taldea handitzeko". Lazkaon bezala, erronka handi bati aurre egin behar izan diote: "Kilometro hartzaileak gara, bost kilometro antolatu behar ditugu, eta jai gune bat ere Bergaran da; ahalik eta jende gehien bildu behar dugu".
Behin martxa hartu dutenean, ordea, pozik daude, eta hondakinak biltzeko sistemak azken aldian herrian eragin duen liskarra gainditzeko baliagarria izango delakoan daude: "Sentsibilitate desberdineko jendea bilduko gara Bergaran helburu demokratiko bera babesteko: erabakitzeko eskubidea. Nabarmen ikusiko da, desberdinak izan arren, helburu bera lortzeko elkarrekin joan gaitezkeela".
Eibarren, hasiera batean, giza katera 500 lagun eramateko apustua egin zuten, baina giroa ikusita, 800era igo zuten langa, eta hori ere txiki geratuko zaie: "980 lagun bueltan bildu ditugu dagoeneko; orain, mila metrotan dugu erronka, eta uste dut iritsiko garela". Herrian dinamika indartzea nahikoa ez eta batzordea "indartsu" zegoela ikusita, eskualdekoekin harremana izan behar zutela erabaki zuten Eibarren, eta inguruko herrietara dinamika zabaltzeko akuilu lana egin dute: "Elgoibarren ez, baina gainerako herrietan bultzatzaile lana egin dugu. Aurkezpenak egin, taldeak martxan nola jarri azaldu... harro gaude, beste herrietan ere emaitza onak lortzen ari direla ikusi dugu eta".
Herritar guztiengan ez dute arrakasta bera lortu, ordea.Giza katerako Eibarko gazte kuadrilla asko animatu badira ere, eguneroko lanera gazteak erakarri ez izanaren pena du Alberdik: "Herriko batzordeko gehienak helduak gara, 40 urtetik gorakoak, eta ez zaigu gazte askorik hurbildu lanerako asmoarekin. Horiek aktibatzeko gai izan ez garen pena dugu".
Ezarritako erronka beteta, igandekoa hasiera baino ez da Alberdiren hitzetan: "Behin giza katea pasatuta, lehenik, lasaitu egingo gara; eta gero ikusiko dugu, baina gure asmoa lanean jarraitzea da. Ikusiko dugu dinamika nora bideratuko den, orain artekoa aireratzea baino ez da". Barreras ere Lazkaon balorazioa egin eta aurrera begira zer egingo duten zehaztu beharko dutelakoan dago: "Lehenik giza katea dago, eta, ondoren, pausoz pauso aurrera joatea espero dugu".