“Hegaztia ez duzu zeuk menderatzen; bizikideen arteko harremana da”

Euliak kutxatilan sartzen zituen Isaac Jimenok umea zela (Urretxu, 1985), eta, dioenez, Rodriguez de la Fuente naturalistaren telebista saioetan muturra pantailara itsasten zuten haur horietakoa zen. Poliki-poliki, falkoneriaren munduan sartu zen, eta etxekoek esaten bazioten ere hegaztiekin bizimodua ezingo zuela atera, lortu egin du. Egun enpresa bat dauka Errioxan (Espainia), eta, falkoneria erakustaldiak egiteaz gain, fauna kontrola egin eta hegaztiak uxatzen dituzte. Gainera, bere zentroan hainbat animalia itxita hazten ditu; orain gutxi, bost katamotz jaio dira han.

Lehenengo falkoneria maisua 18 urte zituenean ezagutu zuen. Hasieran, batik bat, liburuak erabili zituen ikasteko; izan ere, Urretxutik 400 kilometrora bizi zen gertuen zuen belatz hezitzailea. Hegaztiak trebatzen ikasi du, nahiz eta "ofizio honetan ez zaion inoiz ikasteari uzten". Dioenez, beti sor daiteke espero gabeko egoeraren bat, eta, horrelakoetan, "eskarmentuak lagundu egiten du".

Haren enpresak fauna kontrola ere egiten du. Kontrol hori zertan datzan azaltzean, arriskua sortzen duten animaliak "kendu" baino gehiago "uxatu" egiten dituztela dio. Uxatzeko beste harrapari batzuk erabiltzen dituzte, batez ere. Finean, "haien presentziarekin, gune hori deseroso eta beldurgarri" bihurtzen dute, esate baterako, aireportu baten inguruetan habia egin duen zikoina koloniarentzat. "Gure helburua arriskua sortzen duten animalien lekualdatzea eragitea da, ahal dela bakar bat ere akabatu gabe".

Aireportuetatik gertu kokatzen diren hegaztiak edo ugaztunak uxatzeaz gain, zabortegietatik hurbil dabiltzan kaioak eta arabazozoak ere uxatzen dituzte, infekzioak zabaldu ditzaketelako. Ugaztunei dagokienez, Logroñoko aireportu ondotik (Errioxa) 6.000 untxi joatea lortu zutenekoa gogoratu du: "Untxiek ez zuten berez arazorik sortzen, baina bestelako harrapari batzuk erakartzen zituzten". Arazoa errotik kentzea pentsatu zuten, eta lurra lisatu egin zuten untxiek gordelekurik ez egiteko.

Lanerako harrapariak eta laser argiak, soinu seinaleak zein suziriak erabiltzen dituzte. Baliabide horiekin guztiekin, aireportuetan kaioen presentzia %95 jaistea lortu dute, adibidez.

Haren lanaren beste adar bat falkoneria erakustaldiak dira. Herrietako jaietan eta Erdi Aroko azoka ugaritan ibilitakoa da. Ingurumen hezkuntzaren inguruko hitzaldiak ere egiten ditu. Hitzaldiak haurrekin egiten ditu batez ere, eta bizirik dauden animaliak eramaten ditu horietara. "Animaliak bertan izanda, kontzientzia sortzea errazagoa da".

Arrano beltzaren dantza

Faunaren kontrola eta falkoneria erakustaldiak ditu gogoko Jimenok. Dena dela, haren jardun gogokoena animaliak itxian nola hazten diren bertatik bertara ikustea da. Hirurogei bat hegazti dituzte, arrano, belatz eta gautxoriak batuta. Ugaztunak ere badituzte: 22 katamotz jaio dira haren parkean azken bost urtean.

Bere animaliak haztea garrantzitsua dela dio: "Hazierak animalia nolakoa izango den baldintzatuko du, eta guri komeni zaigu gureak ondo ezagutzea". Sozializazioa erabakigarria da haziera prozesuan. Oraindik hegan egin ezin duen txitari ingurua ezagutzen laguntzen diote: pertsonak, animaliak zein ingurunea bera. "Haren habitat natural bihurtuko dugunez, ez dio gizakiari beldurrik izango, ezta autoen zaratari ere".

Arrano beltzaren gorteatze dantza hurbiletik ikustea, habia nola egiten duen aztertzea, arrautza bere aurrean ipini eta nola puskatzen duen ikusi ahal izatea "maila goreneko esperientzia" da Jimenorentzat. Hegaztiekin sortzen den hartu-emana ere ez dauka saltzeko: "Hegaztia ez duzu zeuk menderatzen; bizikideen arteko harremana da".

ERBESTEA ARDATZ, AZKEN EMANALDIA

Igandean birako azken kontzertua eskainiko du Eñaut Elorrieta musikariak Donostian, Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Deserriko kantak bere lehen diskoa aurkezten aritu da Euskal Herriko hiri eta herrietan; lanaren izenburuak dioen bezala, erbestearen bueltako gogoetak bildu ditu. Hamar kantu dituen diskoa Joseba Sarrionandia, Mario Benedetti, Joan Oliver, Harkaitz Cano eta beste zenbait idazle eta poeten hitzekin osatu du. Hala, "hitzetan oinarritutako disko bat da", Elorrietaren hitzetan, orain arte egin duen "literarioena". Argazkian, kantariaren kontzertu bat, artxiboko irudi batean.

7

Bertako produktuak zerbitzatuko dituzten jatetxeak. Hernaniko Fagollaga, Azkoitiko Joseba, Hondarribiko Alameda, Itziarko Salegi, Bergarako Lasa, Donostiako Branka eta Ordiziako Martinez jatetxeak talde handien bazkariak bertako produktuez prestatzeko kanpainara batu dira.

SADEk jarrera “interesatua” du, Ancoraren ustez

"Erortzeko zorian dagoela diote, baina espekulazio hutsa da. Ez dago hori egiaztatzen duen sententziarik; gezurra da". Ancora elkartea haserre agertu da, SADEk udalari eskatu baitio egin dezala espediente bat eraikina erortzeko zorian dagoela egiaztat...

Grebaren ondoren, patronalak erantzun zain daude garbitzaileak

Enpresa handiek lan erreformari uko egiteko asmorik ez dutela ikusita, lanpostuak utzi eta kalera irteteko erabakia hartu dute Gipuzkoako garbitzaileek, ELA eta LAB sindikatuen deiari erantzunez. Astelehenean ekin zieten mobilizazioei, eta gaur dira lan uztea amaitzekoak; orain, patronalaren erantzuna zein den ikusi behar dute, Edurne Iriondo ELA sindikatuko garbiketa arloko arduradunaren hitzetan: “Horren arabera, egoera aztertu eta hurrengo pausoa zein...

Borrokatu beharraren eta beldurraren artean

Garbiketa enpresek eskaintzen duten zerbitzuaren prezioa KPIaren arabera igo badute ere, garbitzaileen soldatetan ez da igoerarik izan. Kontxi Usabiaga da garbitzaile horietako bat; Auzolaguneko langilea da, eta Goierriko AMPO enpresa garbitzen lan egiten du. Usabiagak 50 urte ditu, eta hamasei daramatza garbitzaile lanetan: “Seietan sartu eta ordu bietan bukatzen dut; justu-justu ibiltzen naiz, garbitzeko dugun guztiarekin, lana amaitu ezinik. Baldintza...

Grebaren ondoren, patronalak erantzun zain daude garbitzaileak

Enpresa handiek lan erreformari uko egiteko asmorik ez dutela ikusita, lanpostuak utzi eta kalera irteteko erabakia hartu dute Gipuzkoako garbitzaileek, ELA eta LAB sindikatuen deiari erantzunez. Astelehenean ekin zieten mobilizazioei, eta gaur dira lan uztea amaitzekoak; orain, patronalaren erantzuna zein den ikusi behar dute, Edurne Iriondo ELA sindikatuko garbiketa arloko arduradunaren hitzetan: "Horren arabera, egoera aztertu eta hurrengo pausoa zein den ikusiko dugu".

Lan erreformaren aurrean blindatuta egongo den herrialderako lan itun berri bat eskatzen dute Gipuzkoako garbitzaileek, "ultraaktibitate mugagabea edo luzea izango duena". Halaber, soldatak kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igotzea ere eskatzen dute. Izan ere, 2009an iraungi zen garbiketa sektoreko langileen hitzarmena, eta iazko uztailaren 8an indargabetu zuten enpresa handiek. 2010ean ekin zieten negoziazioei sindikatuek, baina emaitzarik lortu gabe gaurko egunera arte mantendu da negoziazio mahaia.

Hilaren 27an dute sindikatuetako ordezkarien eta ASPEL patronalaren arteko hurrengo bilkura. Kontxi Noble garbiketa sektoreko LABeko arduradunaren hitzetan, "patronalak zein jarrera duen" ikusiko dute bileran, eta orduan adostuko dituzte aurrerantzean egin beharreko urratsak. Lanuzte mugagabea ez dute baztertzen, baina, Nobleren arabera, ez dute oraindik "aukera hori planteatu". Hala ere, ez dira besoak gurutzatuta geratuko: "Ez dugu saiatu gabe geratzeko asmorik; borrokan segituko dugu herrialdeko itunaren alde".

ELA eta LAB sindikatuen arabera, sektoreko langileen erdiei eragiten die hitzarmenik ezak. Bi sindikatu horiek sektoreko %70eko ordezkaritza dute, eta haiek deitu dute grebara. Baina CCOO, UGT eta ESK ere bat datoz aldarrikapenekin. Sindikatuen arabera, ASPEL patronalak "azken lau urteetarako soldatak izoztu nahi ditu, eta antzinatasuna ezabatu nahi du". Nobleren hitzetan, gutxieneko baldintza batzuekin hitzarmena sinatzea nahi dute, "era mugagabean edo epe luzerako behintzat". Hori betetzen ez delako jo dute astebeteko grebara. Baina bi greba egun egin zituen sektoreak 2014ko urtarrilean. Horrek erantzunik jaso ez zuelako eta negoziazioak aurrera egiten ez duelako planteatu dituzte deialdi gehiago.

Tokian tokiko itunekin, hobeto

Garbiketa sektoreko langileen erdiei eragiten die hitzarmenik ezak, gainerakoek itun espezifikoak baitituzte. Batez ere, administrazio publikoak azpikontratatzen dituen langileak dira tokian tokiko hitzarmenak dituztenak, eta horiek "askoz hobeak" dira Iriondoren arabera: "Tokian tokiko hitzarmenak dituzten langileek 2.000 edo 3.000 euro gehiago irabazten dituzte urtean".

2013. urteko uztailean lan erreforma indarrean sartu zenean, garbiketa sektoreko enpresak "aitzindariak" izan ziren erreforma ezartzen, eta Noblek ez dio ondo irizten horri: "Garbiketa enpresek garraioari zegokion ordainsaria kendu eta zenbait artikulutan Espainiako hitzarmena aplikatzeari ekin zioten". Espainiako hitzarmenak ez ditu lanaldiak eta soldatak erregulatzen: "Beraz, langileen estatutura pasatu beharko genuke zuzenean, eta hori atzerakada handia litzake".

Horiek horrela, auzitara jotzea erabaki zuten langileek, eta negoziazioak luzatu bitartean Gipuzkoako hitzarmena mantendu egin behar zela ebatzi zuen epaileak. ASPEL patronala, hala ere, ez zen epaiarekin konforme agertu, eta errekurtsoa jarri zuen. Madrilen erabakitzen denaren zain daude orain Gipuzkoako langileak. Iriondok salatu du enpresek krisia eta lan erreforma baliatu dituztela etekin handiagoak lortzeko: "Lauzpabost urte pasa dira dagoeneko, eta enpresek irabaziak dituztela ikusi dugu euren gordailuetan. Asmoa argia da: lan erreforma baliatu dute soldatak debaluatzeko".

Ordezkapenak, auzitara

Astelehenean abiatutako lanuztearen erantzuna baloratu egin du Noblek, "gune handienetan hauteman" dela azalduz. Gune horietako batzuk dira udalak, eta EH Bildu koalizioak neurriak hartzeko asmoa azaldu du. Greban dauden garbitzaileen elkartasuna adierazi, eta koalizioak kudeatzen dituen udaletan —Lasarte, Tolosa, Ordizia, Azkoitia eta Soraluze— "tentuz aztertzen ari dira langileen egoera eta hartu beharreko neurriak".

Horrez gain, ELAk eta LABek gertutik zaindu dituzte enpresa handiak, ea enpresa handiek grebaren aurrean beste garbitzaile batzuk kontratatu ote dituzten jakiteko. Asteartean jakinarazi zutenez, Oñatiko Ulma eta Donostiako HABE enpresetako zein Eibarko eskola publikoko jantokiko garbiketa lanetarako jendea kontratatu dute, grebak iraun duen artean. Hori ikusirik, Lan Ikuskaritzan salaketa jarriko dutela jakinarazi dute, "langileen greba eskubidea urratu dutelako hainbat enpresak".

Borrokatu beharraren eta beldurraren artean

Garbiketa enpresek eskaintzen duten zerbitzuaren prezioa KPIaren arabera igo badute ere, garbitzaileen soldatetan ez da igoerarik izan. Kontxi Usabiaga da garbitzaile horietako bat; Auzolaguneko langilea da, eta Goierriko AMPO enpresa garbitzen lan eg...

Errezilgo eta Mutrikuko udalen egoera hobera doa “nabarmen”

Egoera ekonomiko "larria" zuten 2011. urte bukaera aldean Errezilgo eta Mutrikuko udalek. Zorpetze handia zeukaten bi herrietan. Zorra jaisteko eta kontuak onbideratzeko asmoz, duela bi urte bideragarritasun plan bana adostu zuten aldundiarekin. Orain, Ogasunak udalerri bakoitzari dagokion txostena igorri die Batzar Nagusiei: aurten, bi udalen egoera ekonomiko-finantzarioa "nabarmen" ari da egiten hobera. Horren arabera, planean jasotako neurriak bete dituzte, eta zehaztutako helburuak hobetu.

Zor bizia izan da biek izan dituzten arazoen iturburu nagusia, eta aurreikusitako mugetatik behera iritsi dira. Mutrikuko Udalaren zor bizia urte bereko sarrera arrunten %128koa zen 2011. urte bukaeran; 2013 amaieran, berriz, %79koa. Planean aurreikusitako zor bizia %95,7 izan zen garai horretarako. Errezilen, berriz, denbora tarte horretan %142tik %105era igaro da zor bizia —planean %114,3ko helburua aipatzen zen—. Gainera, bien sarrera arruntak hazi egin dira, eta aurrezki garbia negatiboa izatetik positiboa izatera pasatu da. Mutrikuren sarrerak % 12,4 igo dira bi urtetan; Errezilenak, %12,5.

Bien bitartean, udalek maiztasunez eman behar dute Ogasunean euren egoeraren berri; horrekin, aldundiak txosten bat osatzen du ondoren.