Proposamenak egiten hasi dira lau eskualdetan, 2015eko aurrekonturako

Urola Erdian hasitako egitasmoak jarraipena izango du aurten Gipuzkoako beste hiru eskualdetan. Urola Erdiko herritarrekin batera, Tolosaldea, Oiartzualdea eta Bidaso aldeakoek aukera izango dute aurrekontuaren zati bat zertan erabili nahi duten azaltzeko. Helburua: proposamenak aldundiaren 2015eko aurrekontuan txertatzea.

Eskualde bakoitzerako 500.000 euro bideratuko ditu diputazioak —bi milioi euro, guztira—, eta, hainbat tailer eta bileraren bitartez, herritarren iritziak jaso nahi ditu. Hasiak dira eskualde guztietan proposamenak egiten. Pasai Donibanen, esaterako, 25 ekarpen egin dituzte; beste 30etik gora Lezon, hamar Hernialden, Anoetan eta Iruran; eta beste horrenbeste gainerako bileretan. Azkoitian antolatutako saioan, 2015eko asmoen gainean ez ezik, iaz onartutako proiektuen inguruan ere aritu dira —zazpi egitasmo aukeratu zituzten aurtengo aurrekonturako—.

Ekainean, eskualdeka

Maiatza lehen batzar irekien hilabetea izango da. Tailerrez gain, nahi duen guztiak aukera du iritzia emateko, bai Internet bidez (www.aurrekontuahobetzen.net), baita etxeko postontzietara iritsiko diren esku orrien bitartez ere. Ekarpen guztiak jaso ondoren, eskualdeko bilerak hasiko dira, eta horietan, proposamen guztien zerrendatik aukeraketa bat egingo dute —ekainaren 10ean hasiko da fase hori—. Irailera bitarte, aldundiko teknikariek lehenetsitako proposamenak aztertuko dituzte, ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren ala ez argitzeko. Azkenik, urritik azarora, teknikarien oniritzia duten egitasmoak eskualde bakoitzeko batzar irekietan eztabaidatuko dituzte, eta hor zehaztuko dira behin betiko aurrekontuan sartuko diren egitasmoak.

Proposatzen diren proiektuak diputazioaren eskumena badira, aldundiak berak hartuko dugu horiek mamitzeko ardura; hala ez bada, proposamenak dagozkien administraziora bideratuko dituzte.

Guztira, 39 udalerrik parte hartuko dute prozesuan; 228.204 biztanle, Gipuzkoako biztanleriaren ia herena. Tolosaldeko 28 herriak sartu dituzte; Urola Erditik, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa; Bidaso aldetik, Irun eta Hondarribia; eta Oiartzualdeatik, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia.

Hiriburuan eta eskualdeetan mobilizazioak egunero

Astelehenean hasi eta egunero bezala, Donostian elkartuko dira gaur goizean Gipuzkoako garbiketa sektoreko langileak: goizez, 11:30ean, Correos bulegoaren parean. Arratsaldez, berriz, 15:30ean ekingo diete mobilizazioei Beasainen, Donostian, Errenteri...

Andoaingo ura ezberdina da

Ermua. 2014ko maiatzak 7. Udalbatzarra. PSE-EEren gehiengo osoko gobernua PPrekin batera. Oposizioko alderdiak: EH Bildu, EAJ eta Ezker Anitza-IU. Uraren kudeatze orokorra Gipuzkoako Ur Partzuergoaren esku uzteko proposamena. Aho batez onartua.

Andoain. 2013ko irailak 26. Udalbatzarra. EH Bilduren gutxiengo gobernua. Oposizioko alderdiak: PSE-EE, EAJ eta PP. Udal gobernuaren proposamena uraren kudeaketa orokorra Gipuzkoako Ur Partzuergoaren esku uzteko. Proposamen ez-onartua oposizioko alderdi guztien aldetik (PSE-EE, EAJ, PP).

Ermuko EAJko ordezkariaren hitzak euren jarrera azaltzen, Deia-ren maiatzaren 4ko zenbakian: "Guk nahi duguna da uraren gipuzkoar erakundeak prozesu guztia bere gain hartzea…"; "Nahi EZ duguna da araztegiaren kudeaketa bakarrik sinatzea, osoko eskualdatzea nahi dugu".

Andoaingo EAJren prentsa oharra, Diario Vasco-ren 2013ko irailaren 13an: "Andoaingo EAJ udal taldeak Bilduren udal gobernua salatu du uraren zerbitzu publikoa pribatizatzerakoan epe laburrekoa izateagatik eta udal kutxa hipotekatzeagatik". Zertan gaude? Alderdi horientzat Andoaingo uraren kudeaketak bestelakoa izan behar ote du? Edo Bildu agintean egotea ote da arazoa?

Udal gobernura heldu ginenean, aurkitu genuen uraren kudeaketak zulo nabarmenak zituela, ekonomikoak zein materialak. Hoditeriaren %21,3 nahiko hondatuta dago, hodi zaharkituekin, ezinbestean aldatu beharrean. Horretarako behar den dirutza bost milioi eurokoa da, Andoaingo udalak gaur egun bere gain hartu ezinezkoa —eta, nire iritziz, gauza bera beste edozein udalen kasuan—.

2011ko amaiera aldera galera ekonomikoak agertzen hasi ziren, gaur egun, batez beste, urteko 400.000 eurorenak izanik. Hori guztia, inbertsioak eta konponketak kontuan hartu gabe, inondik inora gure gain hartu ezinekoak, eta ahal dugun moduan heltzen diegunak. 2010. urte amaierara arte, Andoainek ez zuen ur kontsumoa ordaintzen, zuzenean Leitzaranetik hartzen baitzuen. Hori dela eta, tasak eta gastuak kontuan hartuta, Andoainek urtero 500.000 euroren irabaziak izaten zituen, gutxi gorabehera, urte batzuetan bikoiztu ere egiten zirelarik. Nola liteke halako irabaziekin oraindik egin gabeko inbertsioak edukitzea eta ur zikinak ibaira zuzenean botatzea?

Beraz, argitu beharko digutena da euren burua kudeatzaile publiko apartzat duten horiek eta Bildukook zarpail batzuk garela diotenek zer egin zuten Andoainen uraren kontsumoak irabazi handiak ematen zituenean.

Teknikoek ohartarazita eta txostenak tarteko, legegintzaldiaren hasieran gobernu taldean hasi ginen serio pentsatzen uraren kudeaketa Partzuergoaren esku uztea, erakunde publiko bat non 72 udal gipuzkoar dauden —Añarbeko Urak eta Txingudiko mankomunitateaz gain—.

Hainbat bilera teknikoren ostean, beharrezko dokumentazio teknikoarekin, oposizioari proposamena aurkeztea erabaki genuen. Bilera hartan Partzuergoaren arduraduna egon zen edozein zalantza argitzeko prest. Hala ere, hurrengo egun eta hilabeteetan, oposizioko inork ez zuen aldaketarako inongo alternatiba eta proposamenik aurkeztu, ezer ez. Ura pribatizatu nahi genuela besterik ez ziguten aurpegiratu, publikoki zein pribatuan. Behin eta berriz publikoki errepikatu duten gezurra izan da, ondotxo baitakite publikoa den erakunde batez ari garela, bere estatutuetan argi esaten denez, eta udal idazkariak iazko uztailaren 10ean txosten juridiko batean zehaztu bezala.

Gogorarazi genien euren alderdiek kudeatzen dituzten udalek Partzuergoari utzia dutela kudeaketa osoa, EAJk zuzentzen duen Elgoibarko udala, esaterako; Eibarkoa, PSE-EEren esku dagoena; edo Tolosakoa, EAJ alkatetzan zegoelarik. Gaur egun, edozein udal ez da bideragarria, eta ez bakarrik Andoaingoa —ezta Ermukoa ere dirudienez—, uraren kudeaketa orokorrak sorrarazten dituen gastuak bere gain hartzea. Eta hori ederki dakite denek. Hala ere, hasieratik gezurretan aritu zaizkie andoaindarrei, eta ederki gainera!

Urtebetetik hona, eta gordinki gainera, EAJ salaketan aritu da Bilduren gobernuaren kontra, esanez interesatzen zaigun bakarra dela udal kontuak garbitzea Andoain hipotekatuz uraren pribatizazioarekin; baina Ermuan, Tolosan, Elgoibarren iritzi berekoak al dira jeltzaleak? Esaten dute euren burua "kudeatzaile bikaintzat" duten horiek tasen urteroko igoera progresiboa ezartzea nahikoa dela; bildutakoarekin pixkanaka hoditeriaren berritzean inbertitu, eta kito, arazoa konponduta. Bai erraza, ezta? Ba, has daitezela proposamen zoragarri horri zifrak eta datuak jartzen, oraindik ez baitute egin. Bosgarren edukiontziaren plan itzela bezala, sekretu handia izan behar baitu, oraindik inork ez baitu ikusi edo ezagutu. Edo euren Ermuko edo Elgoibarko edo Tolosako edo Bizkaiko alderdikideei galde diezaietela.

Oposizio horrek benetan bilatzen duena da "ahalik eta okerren orduan eta hobeto" politika egitea Andoainen. Blokeo ekonomiko itzela bilatzen dute ondoren eurek agertzeko salbatzaile handien gisa. Halako bidea hartzeko prest daude!

Badira bi urte jarraian, 2013 eta 2014, aurkeztutako aurrekontuen kontra egin dutela guztiek, bestelako inongo proposamenik aurkeztu gabe: zuzenean denari ezetz. Bitartean, egunero bezala, gu udaletxean aurkituko gaituzue lanean.

Euskai, lana ikusgarriago egiteko

Euskai izena edo marka hartu du Zarauzko Euskara Aholku Batzordeak, ikusgarritasuna lortu eta egiten duten lana zabaltzeko asmoarekin. Euskara Aholku Batzordeak egiten duen lana zabaltzeko izen eta irudi bat ematea garrantzitsu ikusi dute horretan par...

%74

Aurten sagardotegietara joandako gipuzkoarrak. Aurten Gipuzkoako sagardotegietara joan direnetatik %74 izan dira hemengoak; eta iaz baino gehiago etorri dira Kantabria, Asturias eta Madrildik (Espainia).

Lurra eta ura, banaezin

Seme-alabei mundu hobe bat uztea aipatu ohi da natura eta ingurumena zaindu beharraz hitz egiten denean. "Ez dut horretan sinesten: uste dut askoz hobea dela seme-alaba hobeak uztea munduari". Hala dio Adolfo Uriartek, Azti Tecnaliako Itsas Ikerketa Unitateko zuzendariak. Itsasoan zein lurrean, aldaketei baliabide eta aurrerapenekin erantzun diete azken mende erdian. Baina inork ezin du etorkizuna igarri: "Etorri behar duena etorriko da, eta guk pentsatu behar dugu aldaketa horietara nola egokitu". Tolosako Naturaldia jardunaldietan parte hartu du Uriartek, Iñaki Aizpuru botanikoarekin batera. Gipuzkoako natura ondarearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritu dira.

"Lurralde osoan dago natura, eta dena da beharrezkoa". Aizpuruk lehorreko eremua du aztergai: "Gipuzkoa asko aldatu da denbora gutxian, mende batean; 200 edo 300 urtean izan ez ziren aldaketak izan dira". Paisaiak aldatu egin dira; baserrien inguruko bizitzatik hiriguneen zabalpenera igaro da. "Paisaia erabilera baten fruitua da, bere gauza on eta txarrekin". Aizpururen arabera, azken hamarkadetan gertatu den aldaketa handienetakoa nekazaritza lurrena izan da; "neurri handi batean, galdu egin dira". Eta horrekin batera heldu da lur artifiziala: errepideak, trenbideak, industrialdeak… Basoen bilakaera ere "berezia" izan da: 1784an 11 milioi zuhaitz zeuden lurraldean; 1996an, berriz, 52 milioi.

Uraren kalitatea, hobera

Lehorreko eremua ez ezik, itsas aldea ere ez da lehen zena. Kutsadura zegoen ibaietan, eta aparra hondartzetan. Orioko Antilla hondartzako irudi bat erakutsi du Uriartek; ume bat ageri da, olatuetatik ihes, apar mordoa datorkiola atzetik. "Zurriolan ere hala gertatzen zen 1965. urte inguruan. Nahiko ohikoa zen aparra hondartzetan; ibaien eta, ondorioz, kostaldeen ingurumen egoera txarrarengatik". Azken 25 urteetan, ordea, airearen eta uraren kalitatea "asko hobetu da", Uriarteren hitzetan. "Ezin dugu esan egoera orokorra ona denik; urak garbiak dira, baina horietan bizi diren animaliatxoei apur bat kostatzen ari zaie egokitzea; bide onetik doaz, dena den".

Ibaien ezagutzari dagokionez, aurrerapena handia izan da mende erdian. "Ziurrenik ez da egongo Europa osoan Gipuzkoako ibaietako laginketa eta jarraipen sarea bezain trinkorik". Horrez gain, beste hainbat alorretan ere tresna berriak gehitzen joan dira; arrantza sektorean, esaterako. "Nola jakin hemengo arrainak Norvegiakoaren berdinak ote diren? Duela hamar urtetik markak jartzen dizkiegu arrainei. Horrela, beste toki batera heltzen direnean, jakina da zer migrazio izan duten". Berdelaren kasua aipatu du: arrainari markak eginda ikusi dute 5.000 kilometroko migrazioa dutela. "Horrek balio du konturatzeko dena biztanleria berdina dela eta hemen egiten dugun edozer gauzak eragina izango duela Norvegian edo beste edonon".

Kostaldeko habitaten mapa osatzea ere lorpentzat jo du —egun, 200 metroko sakoneran lanean ari dira—; baita korronteen gaineko ezagutza handitzea ere, mareen eraginaren berri izatea, denboraleen abisuetan aurrerakadak egitea, biotopoen babeserako neurriak hartzea…

Babesa, osotasunetik

Naturaren babeserako politikak duela 30 urtetik garatzen ari dira Euskal Herrian, Aizpuruk azaldu duenez. Lehendabizi, espezie edo ingurune bereziak babesten hasi ziren —Aralar, Aizkorri eta Pagoetako parke naturalak, esaterako—. Etorkizunera begira, baina, beharrezkotzat jo du lurraldeari bere osotasunean heltzea: "Gipuzkoa lurralde oso txikia da, eta jende asko bizi gara bertan. Ez dugu esan nahi dena berdina denik, baina lurraldea bere osotasunean tratatu behar dugu".

Gizartea aldatuko da; "orain arte aldatu den bezala, orain ere aldatuko da". Horri guztiari behar bezala erantzuteko, ez da nahikoa espezie edo toki jakin batzuetan pentsatzea, Aizpururen arabera. "Beharrezkoa da natura eta bere osagai guztien egonkortasuna handitzea, aldaketa horiei aurre egiteko baliabideak lortzea".

Iritsiko diren aldaketei adi daude, eta batzuk heldu dira jadanik: "Klima aldaketa, esaterako, ez da etorriko zaigun zerbait, bertan daukagu". Uriartek dioenez, 2100erako itsas maila metro erdi igoko dela darabilte buruan; "batzuek diote metro bat ere igoko dela". Arrainek ere euren ibilbideak alda ditzakete, eta espezie berriak etor daitezke. "Egitekoen artean ditugu intereseko habitatak berreskuratzea, itsasoaren eta kosten ingurumen egoera hobetzen jarraitzea, klima aldaketaren eraginak gutxitzen saiatzea…". Hori dute helburu itsas aldean; lehorrean ere badituzte erronkak. "Bi arlotan oinarritzen dira: batetik, habitatean galera gelditzea da erronka, eta, bestetik, aniztasun hori mantenduko duten oinarriei eustea".

Arriskuan dauden espeziak gero eta gehiago direla dio Aizpuruk, eta zaila dela babestea: "Gehiago garelako eta gero eta behar gehiago ditugulako". Uste du Gipuzkoa txikia izan arren, azalera mugatua eduki arren garrantzitsua dela besteen aurrean "eredu" izatea. "Baso azalerak galtzen ari direla entzuten dugu, Amazonian eta Indonesian. Baina gure basoak hemen dauzkagu, eta gure ahalegina hemen dago". Basoak energia iturri alternatibo izatearen aukeraren gainean ere mintzatu dira. Aizpururentzat, ordea, "pentsaezina da" biomasa alternatiba gisa planteatzea. "Basoei dagokienez, arazoa da materiaren zikloa moztu dugula. Basoek eurek energia behar dute, eta hori hildako egurrak ematen die. Kontua da Gipuzkoan basoek hildako egurra oso gutxi dutela".

Gainera, aldapatsua izateak ere zaildu egiten du baliabideen erabilera. "Lehen, inguru lau gutxi zeuden; orain, are gutxiago. Futbol zelai bat egitea ia ezinezkoa izango litzateke. Horregatik, edozein materia ateratzea garestia da. Gure basoetako biomasa erabiltzea ekonomikoki ez da errentagarria".

Kosta inguruan, berriz, baliabideak egoki kudeatzeaz aritu da Uriarte. "Kostak 170 kilometro ditu, eta hor dauzkagu portuak, aisialdi guneak… gero eta gehiago izango ditugu, eta planifikazioa beharrezkoa da bakoitzari bere tokia uzteko. Ikusi behar dugu nola atera etekin handiena, baina gehienbat ziurtatuta iraunkorra dela".

Gosearen eta eskasiaren kupoiak

Amaitu berria zen 36ko gerra. Errepresioa, fusilatuak eta askotariko galerak. Gerra bukatu eta hilabetera, ordea, eskasiak inguruan jarraitu zuen, eta 1939ko maiatzaren 14ko agindu batek, Francoren diktadurapean, herritarren ahalmena mugatzen jarraitu zuen: arrazionamendu txartelak indarrean jarri ziren. 75 urte igaro dira egun hartatik.

Gose urteak izan ziren askorentzat arrazionamenduarenak, gutxi eta gaizki jatekoak. Txartel bat zuen familia bakoitzak, aurrez ordaindutako kupoiekin, eta han zehaztutako produktu eta kopuruen bila joan behar izaten zuten dendetara: azukrea, arroza, olioa, bakailaoa, ogia. "Arrazionamendu garaian ogia estimatzen genuen, orain pastelak baino gehiago". Antonio Eizagirre zarauztarrarekin bat datoz Ahotsak.com atarian euren testigantza utzi duten beste asko ere. Ogi "beltz eta txarra" dute gogoan. Pertsonako 150 gramo ogi ziren; militarrek, apaizek eta guardiek, berriz, 350 gramorako eskubidea zuten.

Dendatik etxera eraman ahal izateko, kantitateak aldatzen zihoazen, baina hasierako urteetan erreferentziak halakoak ziren: litro laurden olio, ehun gramo azukre eta beste ehun garbantzu, berrehun gramo xaboi, patata kiloa... Bi txartel izaten ziren; bata haragiarentzat, eta bestea gainerako produktuentzat. Familia osoarentzako txartel bat izan zen lehenik; banakakoak 1943tik aurrera, kontrola areagotzeko asmoz.

Normalean asterako jakiak eman ohi zizkieten; hala eta guztiz ere, hainbat tokitan hamabostaldia izaten zen batetik besterako tartea. Zegoenarekin moldatu beharra zegoen orduan, Pakita Anabitarte donostiarraren testigantzak baieztatzen duenez. Donostiatik Errenteriara joan zen bizitzera; lehen ez bezala, bizitoki berrian hamabostean behin egiten zen banaketa. "Jarraitu nuen Errenteriatik Donostiara etortzen, tranbian. Gizona kamioiarekin ibiltzen zenez, agian zerbait ekartzen zuen kanpotik, ezkutuan, eta horrela moldatzen ginen". Goseari aurre egiteko, Anabitarte eta haren ahizpek ereiteko patata kilo mordoa ere erosi zuten, jateko.

Ganadua eta soroak edukitzea arnasa izan zen beste batzuentzat, Joxe Antonio eta Juantxo Bereziartua anaien kasuan bezalaxe. "Guk goserik ez genuen pasatu, baina aserik ere ez". Baserritik ateratzen zutenarekin bizi ziren: patata, babarrunak, barazkiak. Noizean behin zerriren bat hiltzen zuten; txekor bat hildakoak ere badira.

Bereziartua anaiek bezala, Pilar Azkarretazabal aretxabaldarrak ere baserriko lurretan zuen beharrezkoa. Senarraren dendan egotea ere tokatu izan zitzaion arrazionamenduan. "Txartelarekin etortzen ziren. 'Zuri tokatzen zaizu ez dakit zenbat, zuri ere bai'. Azukrea, adibidez, ziren ehun gramo. Ehun gramogaz zer egingo duzu ba?". Janariaz gain, tabakoa ere sartuta zegoen arrazionamenduan, adinez nagusi zirenentzat. Tabakoa bai, baina "gutxi". Hala zen, behintzat, Andoni Azkarate antzuolarraren aitarentzat. Erretzen ez zutenen kupoiak hartuta ere, gehiago behar, eta ortuan landatu zuen tabakoa, arrazionamenduan tabako kopurua handitu zen arte.

Merkatu beltzaren agerpena

Arrazionamendua 1952. urtera arte eduki zuten martxan. Txartel bidezko sistema horrek produktuen banaketaren kontrola ziurtatzea zuen helburua hasieran, iruzurrik egon ez zedin, baina, aldi berean, merkatu beltza edo estraperloa agertzea ekarri zuen. Berez, ezinezkoa zen arrazionamenduak zehazten ez zuen edozein produktu legalki eskuratzea, baina estraperloarekin aukera hori zabaldu zen batzuentzat. Gainera, horri esker aberastu ziren zenbait, arraziomenduko prezioetatik oso gora zeuden salneurriak jarrita. Edozer eros edo truka zitekeen, dirua edukiz gero. Azukre kiloa, adibidez, 1,90 pezetaren truke zegoen arrazionamenduan; estraperloan, berriz, 20 pezeta pagatzera heltzen ziren.

Azkaratek gogoan du nola 1944 inguruan ehun pezeta ordaindu zituzten olio litro baten truke: "Amona zenari janari garbia jateko agindu zion medikuak, eta olioa halako lekuan zegoela esan zion ezkutuan, halako dendatan. Noizean behin tarrastaratxoren bat bota, eta harentzat bakarrik egoten zen".

Zigorra zuen estraperloan aritzeak, harrapatuz gero. Hala bizi izan zuen Anita Tolosa urnietarrak aitaren atxiloketa. "Guardia Zibilak ikusi nituen nik, eta mutil bat eraman zuten eskuak lotuta. Etxera joandakoan ikusitakoa kontatu, eta hala esan zidaten: 'Hire aita horrelaxe eraman zinenan'". Estraperloan harrapatu zuten, Gipuzkoatik Nafarroara zaku-irinekin. "Hamahiru umeren aita zaku-irinekin joatea, ze delitua…".

Erosteko ahalmenaren beherakada.

ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, Gipuzkoako garbitzaileen soldatak izozteak euren erosteko ahalmena %9 puntu murriztu du. Hala, deitoratu egin dute "borrokari esker" lortutako hobekuntzak bertan behera geratu izana.