Amets Bide, dantza egiaz

Dantzaren ametsak bide luzea egin du Ordizian. Amets Bide taldeak 50. urteurrena du, eta aspaldiko ongien ospatuko du, gainera. Sortu zenetik gaurdaino, bidean koska asko gainditu behar izan ditu, hala ere. Ezintasunak gaindituta, lehengo eta oraingo dantzariek igandean batera dantza egingo dute, Dantzari Egunean.

Lehenengo zailtasuna sorreratik beretik izan zuen. Elizaren estalkipean sortu zuten Amets Bide, 1964an. Entseatzean "ezkutuan bezala" hasi ziren, eta kanpora begira lehen saioa hurrengo urtean egin zuen, Herri Antzokian. "Baina hasi eta berehala inguruko herrietan emanaldi dezente egin zituzten", dio taldeko kide Izaro Intsaustik.

Goierrin atzera euskal kultura indartzen hasia zen, eta Ordiziako dantza taldea izan zen aurrenekoetako ernamuina. Urretxuko Lurra 1965ean sortuko zuten, Lazkaoko Oin-Arin 1966an. Amets Bide 18-20 urteko 30 bat pertsonak osatu zuten hasieran.

Hurrengo eragozpena ere, garai hartan ohikoa zena: mutilek soldadutzara joan beharra. "Gorabehera handiak izan zituen taldeak horrekin, mutilik gabe dinamika bat sortzeko arazo handiak izan zirelako. Neskak, askotan, Beasaingo mutilekin elkartu izan dira, dantza taldea osatu ahal izateko". Inguruko herrietako dantzarien elkartasunarekin gainditu zituzten ordiziarrek gabeziak. Iraupenarekin kezkatuta, ordea, eta Jakintza ikastola ere bazenez, ikastetxe harekin lotu zuten taldea, gero.

Urte askoan Jakintza izenean

Ikastolak utzitako lokaletan hasi ziren Ordiziako dantzariak entseatzen, eta Amets Bideri hala aldatu zioten izena, eta Jakintza bihurtu. Duela bi-hiru urte arte iraun du hala, taldearen izaerarako eta etorkizunerako aldaketa erabakigarria suertatu zen arte.

Ordizian, bi dantza talde daude gaur egun: Amets Bide eta Urdaneta —izen bereko eskola publikokoa—. "Ikusten genuen, orain bi-hiru urte, umeen artean betiko tirabirak sortzen zituela bitasun horrek. Eskolen arteko liskarrean sartzea oso tristea zen".

Izen zaharra berreskuratu, eta tirabirak gainditzen saiatu ziren duela lau urteko azken "garai kritikoan". Erabateko batasuna ez zen mamitu ahal izan, hainbat funtzionamendurengatik.

Taldea erakuslerik gabe gelditu zen, asko unibertsitatera ikastera joan zirelako. Intsaustik eta beste lagun batek hartu zuten ardura. "Bi erakusle gelditu ginen, eta geneuzkan ume guztiak hartu genituen". Baina Amets Bidek beste erabaki garrantzitsu bat ere hartu zuen: helduei dantza ikastaroak ematen hastea. Horrek, denborarekin, helduen taldea gorpuztea ekarri du.

"Euskal Herrian hain tradizio garrantzitsua izanik dantzarena, helduak zergatik ez hasi? Ematen du lotsagarria dela haiek dantza egitea". Talde batekin ekin, eta "oso erantzun ona" izan du egitasmoak harrezkero. Urtero izan dira ikastaroak, "zenbaitetan 75-80 lagun biltzeraino".

Ikastaroetan ikasitakoarekin konforme ez, eta partaideek jarraipena eskatzen zutenez, duela bi urte helduen taldea sortu zuen Amets Bidek. 25 bat dantzari ditu, hogei urtetik hirurogeira bitartekoak. "Oso giro ona izaten da, eta garrantzitsua da hori. Ostiralean elkartzen gara entseguetan", dio Edurne Saezek, Amets Bideren lehendakariak.

Ondo pasatzeaz haraindi, dantza taldeko nerabeek aurrera segitzeko modua dute orain. "Lehen 12-13 urterekin utzi egiten zuten. Jarraipena ematea pentsatu genuen, eta lortu dugu".

Umetan dantzari zirenak orain haurren erakusle era badira, eta "zikloa" itxi dute. "Orain bermatuta daukagu beti gure kezka izan dena: taldeak irautea. Harrobia jorratzen ari gara, eta asko zaintzen dugu transmisio hori. Ez dugu amesten hamarreko dantzariak edukitzearekin; guretzat hobea da dantzaz gozatzea eta taldetxoa giro onean eta gustura ibiltzea", dio Intsaustik. Zailtasun ugari igaro arren, "garai oso onean" dago gaur egun Amets Bide.

Eskualde mailako lanketa

Sasoiaren eta giro onaren seinale, dantza suspertzeko asmoa Ordiziatik kanpora hedatzen ari da. Goierrin Erromeria Bira sortzeko ideia darabilte, beste herrietako taldeekin batera. "Dantza ikastaroetan ohiko fandango eta arin-arinak ikasita non dantzatu ez daukala esaten digu jendeak. Erromeria gutxi daude Goierrin". Hileko azkeneko igande arratsaldean erromeriak antolatzea da asmoa, herri jakin batzuetan. Ikasturte osoan, irailetik ekainera izango lirateke. Irailean, Oianguko erromeria berreskuratu nahi dute ordiziarrek, eta ekainean San Pedro bezperako jaiarekin bukatuko litzateke.

"Goierriko taldeak ere aktibatuko gaituela uste dugu, gure artean harremana estutu, eta hortik zer lanketa sor litekeen ikusteko", azaldu du Intsaustik. Dantzari Txiki egunetatik harago joan nahi dute, dantzaren inguruan taldeen "hausnarketak" partekatu. "Ikusten dugu Ibarra, Tolosa, Villabona edo Donostia aldean beste urrats batzuk egiten ari direla dantza alorrean, eta guk ere ea zer egin dezakegun. Hango irakasleak etortzen dira hona; harremana badugu. Denen artean indarra egin eta aurrera jo nahi dugu, taldeak ez desagertzeko".

Dantzari gizartean balioa ematea ere lortu nahi dute, kultur tradizioaren ezinbesteko osagai den aldetik. Erronka ugari ditu Amets Bidek. Lehena, 50. urteurreneko ospakizunak. Dantzari ohi asko ari da entseguetan parte hartzen, eta igandean 110 bat lagun elkartuko dira, Ordiziako eta gonbidatutako beste herrietako dantzari txikiekin batera.

Saezek dioenez, "bigarren aukera" eman diete orain dantza egiteko. "Nik 14 urterekin utzi nuen. Berrogei urteren ondoren, berriz animatu gara. Nirekin ibilitako 21 lagun elkartu gara. Batzuk Donostiatik edo Tolosatik etortzen dira entseguetara. Erabat murgilduta eta pozik gabiltza".

Txikitako oroimena berritzeaz gain, alabarekin talde berean dantza egiten du Saezek. "Niretzat, pozgarria da hori, izugarri baloratzen dut". Dantzan, ametsak egia bihur baitaitezke Ordizian.

Klik

Zein da zure perfil ona?", galdetu dit argazkilariak. Gorroto dut galdera hori, baina ezin erantzun gabe gelditu. "Batere ez" ezin erantzun, neure burua hori baino gehixeago maite dut. "Biak" erantzuten badiot, kaskarin handiuste bat naizela pentsatuko du agian... Dedio, galdera normalagorik ez al zaik bururatu? "Zer egin zuen atzo Realak?", adibidez; nik "ideiarik ez" erantzungo nioke, eta eroso jarraituko genuke argazkiak egiten.

Nire perfil edo alde ona zein den pentsatzen dudan bitartean, argazkilariak bere lanean jarraitzen du, klik eta klik. Ea, eskuineko begia hobeto pintatzen dut beti, klik, baina bihotzak ezkerrean egiten dit taupa. Klik. Ezkerreko masailean bi peka ditut, bat ez zait gehiegi gustatzen, baina besteari urteen poderioz sinpatia pixka bat hartu diot; klik, "kaka, begiak itxita atera naiz". Ezin aukeratu, aizu! Bi aldeak maite ditut normalean, eta bi aldeekin haserretzen naiz zenbaitetan.

"Zuk atera bi aldeetatik eta gero aukeratuko dugu politena", erantzun diot azkenean; barre egin du, barre gozoa eta garbia. Asko gustatzen zait barre errazeko jendea, komediante onenen pare sentiarazten naute uneoro.

Argazkilariak bere lanean jarraitu du, eta ni ezerezera begira jarri naiz argazkirako, horizontera begira egongo banintz bezala; halaxe egiten dute metro laurogeiko modeloek, interesante aurpegiarekin atera nahi dutenean. Ezerezera begira jarri orduko nire barruko unibertsoan murgildu naiz, eta goizean irakurritako albiste bat etorri zait burura; 32 urteko neska bat auto istripuz hil da Ameriketako Estatu Batuetan. Gidatzen zuen bitartean, selfie bat egin —bere buruari argazkia atera— eta Facebooken jartzen zuen bitartean izan du istripua. Irratia entzuten ari dela, gustuko abestia jarri dute, eta, bere buruari argazkia egin ondoren, "Happy abestiak pozik jartzen nau" esaldia idatziz publikatu du erretratua. Minutu bat beranduago, poliziak istripuaren berri izan du.

Irudiaren eta teknologiaren garaian bizi gara, eta horrek berak kendu dio bizitza. Hain garrantzitsua al da uneoro zer egiten, pentsatzen, jaten, edaten, janzten edo eranzten ari zaren adieraztea? Ezin al dugu ezer gorde gero lagun arteko intimitatean kontatzeko? Akabo dena, neska; akabo argazkiak, barreak, lagunak, familia, akabo Happy kantua. Ez dut haren jarrera ulertzen, baina pena ematen dit gertatu zaionak; azken finean, egungo moda sukarraren biktima bat besterik ez da. Klik batekin itzali zaio dena.

Konturatzerako, nire pareko argazkilariak bere lana amaitu du. Hiru aukeratu ditut: bat, ezkerreko aldetik ateratakoa, bi pekatxoekin; bestea, eskuinekoa, begia oso ondo margotu dut gaurkoan; eta azkena, aurrez aurre egindakoa, gertuko plano bat, barrez nago, masailak nahi baino gorriago ikusten zaizkit, baina berdin du, ni naiz hori.

Perkusio doinuak nagusi

Musika

Lasarte-Oria

Dinbi Banda aisialdi elkartearen eta Lasarte-Oriako Udalaren eskutik, Euskal Herriko II. Batukada Topaketa egingo dute Lasarte-Orian, bihar. Egun osoko festa izango da, eta Hego Euskal Herri guztitik etorritako hamar taldek herria erritmoz beteko dute.

Jaiaren bigarren aldia berrikuntzaz beterik dator; festa parte hartzaile eta herrikoiagoa izango da aurtengoa. Programazio zabalagoa izango du, gainera: goizetik gauera arte perkusioa izango da nagusi.

Honako talde hauek parte hartuko dute batukada topaketan: Dinbi Banda (Lasarte-Oria), Buruntzantzan (Urnieta), Taupada (Donostia), Zo Zongo (Errenteria), Kaleanbatu (Iruñea), Beriba eta Kumbalaye (Gasteiz), Batukale (Bilbo), Batukotx (Otxandio) eta Zaparrada (Zornotza).

Egitaraua 11:00etan hasiko da. Ordu horretan, batukada taldeak auzoz auzo ibiliko dira kalejiran. 11:30ean, haurren tailerrak hasiko dira Okendo plazan. Batukada erritmo sinpleak eta abesti labur bat landuko dituzte haurrek. Ondoren, 12:30ean, tailerrean ikasitakoarekin emanaldi bat eskainiko dute. Taldeen bazkariaren ondoren, arratsaldean, ekitaldi nagusia izango da. 18:30ean hasiko da, eta Ibon Fernandez eta Maider Gorostegi Gaztea irratiko esatariek aurkeztuko dute. Ekitaldi horretan, aurtengo saioan parte hartuko duten hamar taldeek saio bat egingo dute; banaka ariko dira lehenik, eta, amaieran, denen artean batukaden topaketaren erritmoa joko dute.

BATUKADA TOPAKETA

Noiz. Bihar, 11:00etan.

Non. Okendo plazan.

DANTZAN, BERTSOA OINARRI HARTUTA

Altzako XIV. Bertso Astearen barruan askotariko jarduerak antolatzen ari dira hil honetan, guztiek bertsoa ardatz dutela. Asteari amaiera emateko, igandean Errimak oinetan ikuskizuna eskainiko du Haatik dantza konpainiak, 18:00etan, Altzako Plaza Gorrian. Ikuskizunak bertso saio baten egitura du —hasierako agurrak, bakarkako nahiz binakako saioak eta azken agurra—, baina oholtza gaineko artistak ez dira bertsolariak, dantzariak baizik. "Dantza berriak bertsoei jarriak" dira, ikuskizunaren azpitituluak dioen moduan. Unai Elizasuk eta Aiert Beobidek zuzentzen dute obra. Argazkian, ikuskizunaren aurkezpeneko irudi bat.

“Kafeak garbia, atsegina eta orekatua izan behar du”

Barista da ofizioz eta afizioz Javier Garcia (Irun, 1972). Goi mailako sukaldariak janariarekin bezala, hura kafea ezagutu eta lantzen aritzen da. Haren ofizioa ez da soilik barista izatea, kafeari eskaintzen baitio arreta guztia. Kafezalea da, eta edari hori probatzea gustatzen zaio. Hala ere, ona izateko ezaugarriak argi ditu: "Kafeak garbia, atsegina eta orekatua izan behar du; gozo, gazi eta mingotsaren arteko oreka betetzen duena".

Zerbitzari gisa hasi zuen ibilbidea, eta horretan ari zela egin zitzaion kafea deigarri. Pixkanaka, bere kasa ezagutuz joan zen: fruitu baten hazia dela, zer-nolako motak dauden, lurrak nola eragiten duen produktuan, altuerak, nola biltzen den...

Lehia gosea sartu zitzaion, eta 2007an animatu zen lehen lehiaketan parte hartzera, eskualde mailan. Handik urtebetera, serio heldu zion gaiari, eta Espainiako Txapelketa irabazi zuen, lehenbizikoz. Orduz geroztik, beste hiru irabazi ditu; duela hilabete eskas, azkena. Bide horretan, kafearen munduan murgiltzen jarraitu du. 2009an Nikaraguara joan zen. "Asko ukitu" zuen bidaia hark, kafearen jatorria lehen eskutik ezagutu ahal izan zuelako.

Urte horretan bertan parte hartu zuen lehen munduko txapelketan, Atlantan. AEBetako kafearen gaineko aurreiritziak irauli zituen bidaia hartan: "Kafe harrigarriak probatu nituen AEBetan. Azkenean, gauza guztiekin bezala da: edonon dago denetarik". Esperientzia horrek zentzu guztietan aldatu zuen.

2010eko txapelketa Londresen izan zen, eta ez zen esperientziarekin oso gustura gelditu, ez zuelako gozatu. Orduan enpresa garrantzitsu batean lanean ari zen barista gisa, eta, hurrengo urteari begira, lana utzi zuen, Espainiako Txapelketa ongi prestatzeko. Irabazi egin zuen. 2011n ere, Bogotako munduko txapelketan laugarren geratu zen.

Entrenatzeko prest

Garcia laster hasiko da munduko txapelketarako prestatzen. Jaso berri du han egingo duen erakustaldian erabiliko duen kafea (60 kilo), nahiz eta horren gaineko xehetasunak txapelketaren bukaerarako utzi dituen; sorpresa. "Oso ongi aztertutako kafea da". Garciak azaldu duenez, hainbat txigorketa egingo dituzte kafeak nola erantzuten duen jakiteko, eta uztailaren 10era arte entrenatuko dira —egun horretan izango da txapelketa—.

Bidasoa Bizirik-ek utzitako lokal batean entrenatzen ari da. Han, munduko txapelketan aurkituko duen agertoki bera erreproduzitu du: neurri jakin batzuk dituzten erakusleihoak, munduko txapelketaren babeslearen makina bera eta bestelako tresnak. Munduko txapelketakoa hamabost minutuko ariketa bat izaten da, eta, alde teknikoaz gain, hitzak eta musika ere gaineratzen ari dira. "Behin ariketa prestatuta, errepikatu eta errepikatu egin behar dugu". Puntuazioaren zati handiena, %86, sentsoriala da.

Munduko txapelketa irabaztera doa. "Baina ez munduko txapelduna naizela esateko, hori izateak kafearen mundua hobeto ezagutzeko ematen dizkizun aukerengatik baizik: bidaiak, kultura...". Zehaztu duenez, aldeko, esperientzia du, eta kontrako, denbora, Espainiako Txapelketaren ondoren pare bat hilabeteko tartea izango dutelako prestatzeko.

Joaquin Parrarekin lanean

Azken bi urteetan Right Side Coffee proiektuan murgilduta dago, Joaquin Parra kafe txigortzailearekin. Batik bat kafea txigortzeko eta ikastaroak emateko enpresa bat sortu dute. Txigortzean maila teknikoa asko hartzen dute kontuan, nahiz eta haientzat oinarrizkoena kafe alea bera den.

Hala, kafea ekartzerakoan, kontuan hartzen dute zein iraunkortasun duen eta lehengaia zein baldintzatan ekoizten den. Horrek prezioan eragina duela uste du, baina baita kalitatean ere: "Ekoizleak diru gehiago irabaziko du, eta nik kafe hobea izango dut". Erdialdeko Amerikatik (El Salvador), Hego Amerikatik (Kolonbia) eta Afrikatik (Ruanda, Etiopia) ekartzen dute lehengaia: kafe freskoa.

Behin txigortuta, Internet bidez saltzen dute (www.rightsidecoffee.com). Garciaren arabera, ez dute kafea ehota saltzen, alea bera baizik. Batik bat jende gaztea dute bezero: kafetegi edo coffee corners-en jabeak eta baita partikularrak ere. "Ardo onak erosten dituzten bezala, kafe ona erosten duen jendea dago. Kafearen inguruan, pixkanaka-pixkanaka kultura bat sortzen ari da".

Izan ere, kafea inoiz baino eskuragarriago dago: dendak, etxerako kafe makinak... Horren arrazoia kafearen industriak marketinaren alde egin duen apustua dela iritzi dio Garciak. "Begietatik sartzen den marketina egiten ari dira". Etxeko kafe makina horien gainean, ordea, oso kritiko azaldu da irundarra: "Marketin handi bati esker, produktu bat saltzea lortu dute. Zorroko zopa zerbait esklusibo gisa saltzea lortu dute".

Dioenez, makina horien inguruan entzun du tabernako kafea baino goxoagoa egiten dutela ere, "tabernan ere produktuaren kalitatea falta delako eta prestatzen ari den pertsonaren ezagutza falta delako". Hala ere, kafe makina horiek bezeroei zapore aukera handitu diela iritzi dio: "Hori ondo dago, mundu zabalago bat badela erakusten baitu".

% 5,5

Bidegorrietako txirrindulari kopuruaren igoera urtebetean. Foru Aldundiak herri arteko bidegorrietako kontagailuen 2013ko datuak aztertu ditu: herri arteko bidegorrietan 2012an baino % 5,5 txirrindulari gehiago izan dira 2013an. Guztira, 3,2 milioi joan-etorri izan ziren iaz.

“Ez gara inorenak”

Gogorra da esatea, baina ohitu egiten zara hala bizitzera ere. Ingurukoek salatu egin behar duzula esaten badizute ere, ezin duzu; ezin duzu pertsona hori utzi”. Amandak hitz horiekin azaldu du bikotekideak tratu txarrak ematean sentitzen zuena, Anak ere buruaz baietz dio. Eusko Jaurlaritzak apiril amaieran kaleratutako datuen arabera, genero indarkeria da biktimen arreta zerbitzura jotzeko arrazoi nagusia. Gipuzkoako kasuan, 1.138...

“Terapiari esker, ahalduntzeko aukera dute tratu txarren biktimek”

Tratu txarrak jasandako emakumeei arreta terapeutikoa eskaintzen die Maria Angeles Alvarez psikologoak (Donostia, 1957). Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialeko elkargokidea da, eta elkarte horren mintegian hitzaldia eman zuen astelehenean. Zergatik antolatu duzue mintegia? Ezinbestekoa delako arreta eskaintzea indarkeria matxista jasan dutenei. Pairatzen duten emakumeek behar bezalako arreta jasotzeko, beharrezkoa da psikologo talde on bat txukun formatuta egotea ere. Guri dagokigu genero...