Umeentzat arreta programak lantzen ari da Agintzari

Agintzari elkartea ikerketak egin eta genero indarkeria sufritzen duten adingabeen tratamendurako programa bereziak lantzen ari da. Bertako indarkeria eta harreman gatazkatsuetako lerroaren zuzendari Josu Gagoren arabera, "amen aurkako indarkeriaren l...

Txikitasunean handiak

Eskola da herria bizirik mantentzen duena; eskola da herriari bizia ematen diona, eta, txikia izanagatik ere, herri baten ardatza izan liteke. Horregatik dira garrantzitsuak eskola txikiak ere". Eskola txiki bateko guraso eta Zeraingo Basarte guraso elkarteko kidea da Amaia Etxeberria. Haren ustez, herria ezin da eskolarik gabe ulertu: "Umeek ematen diote bizia, eta umeek eskola behar dute. Horregatik da garrantzitsua herri txikietan ere eskola egotea; are gehiago, eskola txikiak egotea". Aldarrikapen horien bozgorailu izaten da urtero antolatzen duten jaia; aurtengo Goierriko Eskola Txikien Festa bihar izango da, Zerainen.

Eskola txikiek beste edozein eskolak dituzten ezaugarriak dituzte, tamainaz eta ikasle kopuruz txikiagoak izan arren. Baina ez hori bakarrik: eskola txikiek handiek ez dituzten beste ezaugarri batzuk ere badituzte. "Ez dira gainontzeko eskolak baino hobeak, baina txarragoak ere ez; ezberdinak dira, ezaugarri ezberdinak dituztelako". Txikiek handiengandik ikasten dute, eta handiek txikienen ardura izaten ere ikasten dute, "eta hori oso aberasgarria da, bai ikasle txikientzat baita handientzat ere".

Gurasoen inplikazioa da eskola txikien beste ezaugarrietako bat. Etxeberriak azaldu duenez, gurasoak "eskolaren zati" dira eskola txikietan: "Irakasleek gure laguntza behar izaten dute, eta guk hor egon behar dugu, gure esperientzia kontatzeko, antzerki batean laguntzeko, lantzen ari diren gaietan laguntzeko... Horregatik, gurasoen inplikazioa handiagoa da, edo, hobeto esanda, zuzenagoa".

Hezkuntza aldetik, ordea, eskola txikiak gainerako eskolen berdinak dira: "Agian gaiak lantzeko modua ezberdina izango da batzuetan eta besteetan, baina eskola txikiak utzi eta herri handiagoetako eskoletara joaten direnean ikasleek ez dute arazorik izaten, ezagupen maila beste eskoletan jaso dutenaren berbera delako".

Etxeberriaren arabera, eman daitekeen aldaketa bestelakoa da. "Edukiak ikasteko modua ezberdina da, eta ikasleek euren artean duten erlazionatzeko modua ere bai; ikasle-irakasle arteko harremana ere estuagoa da, irakasle bakoitzak ume kopuru txikiagoa baitu bere ardurapean. Geroko aldaketa izan daiteke eskola txikiek izan dezaketen alderik txarrena".

Gela txikietan, ikaskide kopuru txikiekin ohitu, eta 20-25 lagunez osatutako geletan aritzeari egin dio erreferentzia: "Bat-bateko aldaketa da, izugarria, eta hori da, nire ustez, alderik txarrena. Egia da gero berehala ohitzen direla, baina lehen aldaketa ez da erraza izaten".

Hor daudela "oihukatzeko"

Txikiak dira tamainaz eta ikasle kopuruz, baina beren lekua aldarrikatzen dute, "eskola txikiak ere eskolak direlako". Gainerako eskolak dituzten beharrak dituzte, zerbitzu bat eskaini behar dute, eta horiei eskola txikiek sortzen dituztenak gehitu behar zaizkie. "Zaintza, jangela... zerbitzu ugari eskaintzen ditugu, gainerako eskolen moduan lan egiten dugu, beraiek bezala funtzionatzen dugu, eta hemen gaudela aldarrikatzen dugu".

176 haur Goierrin

Arratsalde osorako jaia antolatu dute biharko Zerainen. Han elkartuko dira Goierriko beste eskola txikietako ikasleak ere, guztira 176 haur. Zeraindarrekin batera egongo dira bihar Gabiria, Olaberria eta Itsasondoko ikasleak. Datorren urtean, gainera, beste eskola txiki bat izango da Goierrin: "Ezkio-Itsason datorren ikasturtean jarriko dute eskola martxan, eta hori oso berri ona da. Ea pixkanaka Goierriko eskola txikiak handitzen joaten garen".

"Festarekin hemen gaudela esan nahi dugu, oihukatu, ez daitezela gurekin ahaztu". Eskola txikietako kideak elkartzea izaten da festen helburua, "egunerokotasunarekin apurtu, eta aparteko giro batean elkarrekin harremanetan egon". Umeak gehiagotan elkartzen dira, baina gurasoak ez. "Gainera, hots pixka bat ere atera nahi izaten dugu aldian behin, hemen gaudela jakinarazi jendeari, eta, bide batez, eskola txikiak ezagutzera eman".

Gipuzkoako eskola txikien jaia, berriz, Bidania-Goiatzen egingo dute, ekainaren 8an. Herri horretara itzuliko da berriro Gipuzkoako festa, 26 urte geroago —han egin zuten lehenengoz—. Eskola txikiak bizirik lelopean egingo dute ospakizuna, "1988an herrian hasi zen mugimendu hark oraindik bizirik eta indartsu jarraitzen baitu".

Tuperrak eta ‘The World’s 50’

Ba omen ziren garai batean Frantzian Au hasard de la fourchette izeneko jatetxe batzuk, non txanpon batzuen truke bezeroari eltzean burruntzalia —batzuek diotenez, eskua— sartzen uzten zioten, behin bakarrik, noski. Suertea zuenak zerbait ateratzen zuen, eta ez zuenak, salda bakarrik. Azkenaldi honetan, jatetxeetan eguneko menuaren prezioei erreparatzen hasi eta bururatzen zait batzuetan ez ote garen hemen ere txanpon batzuen truke burruntzalia eltzean sartzera iritsiko.

Nolabait esateko, sukaldaritza proletario bat zabaltzen ari ote den irudipena dugu. Badira dagoeneko pare bat belaunaldi lantokira beren tuperrak gainean dituztela joaten direnak. Eta ikasleak zer esanik ez. Amonek igande goizak ematen dituzte tuperrak prestatzen, eta, esan didatenez, emakume taldeak daude lanbide gisa horretara dedikatzen direnak. Gogora dezakegu tuperra ez dela gure aitona-amonen garaiko arrantxoaren bertsio modernoa baizik. Orduan lurrezko eltzean eramaten zuten jatekoa mendira. Orain plastikoetan daramate lantokira edo ikasle pisuetara.

Sukaldaritza proletarioa zabaltzen ari den bitartean eliteko gure sukaldaritzak goia jo du. Duela egun batzuk eman ditu jakitera Restaurant Magazine-k aurtengo Top World's 50 zerrenda osatzen dutenen izenak. Eta harro egon gintezke, Euskal Herriko bost jatetxek lortu baitute munduko 50 onenen artean sartzea. Euskal sukaldaritzarena da une honetan herri bezala esporta dezakegun markarik onenetakoa. Kooperatiba mugimendua ere esportatu izan dugu, baina krisiak ukitu egin du ontzi erraldoi hori. Euskal sukaldaritzak bakarrik lortu zuen orain urte batzuk Europa iparraldeko herrialdeetaraino iristea. Andoni Adurizek inoiz komentatu izan duenez, herrialde horietako ministroren batek sukaldariak bildu eta bertako gastronomia elitera jasotzeko eredu batzuk aurkeztu omen zituen eta gurean garatutakoa aukeratu zuten. Andoni bera ibili zen hitzaldiak ematen.

Tamalez, sukaldaritza proletarioaren eta elitekoaren artean amildegi bat sortzen ari da, sortua dago dagoeneko, eta hori Euskal Sukaldaritza Berriak sorreran izan zuen filosofiaren kontra doa. Ez legoke gaizki Donostia 2016, datorren urteko Aberri Eguna edo abagune xumeagoaren bat baliatuz —aitzakia da gutxienekoa—, tarteka amildegi hori gainditzeko zubiak eraikitzen saiatuko balira edo saiatuko bagina; ekintza gastronomiko merke eta masiboak antolatuz edo menu birtualak dastatuz, besterik ez bada, sukaldari handi horien alderdirik harrigarriena bere izaera eta jenialtasuna baita. Gauden egoeran ni konformatuko nintzateke Adurizen edo Arzaken hitzaldi bat entzun eta haiek prestatutako pintxo batzuk jatearekin. Txanpon batzuen truke, noski, Au hasad de la fourchette batean bezala.

Sukaldaritza elitekoan txorakeria gehiegi dagoela esaten dutenei esan behar zaie handi horien sukaldeetan lana dagoela franko eta txorakeria gutxi. Beste jatetxe mota batzuetan lantzen da azalkeria eta moda. Londresen, diotenez, jatetxe esklusiboen artean ezkontza eskatzeko edo maitale berri bat liluratzeko prestatutakoak omen zeuden lehen, eta azkenaldi honetan, dibortzioa eskatzeko ere aproposak diren lekuak aurki omen daitezke.

Villa-Matas idazleak kontatzen du behin, Parisen, Lô Sushi izeneko jatetxe batean egon zela eta hara bakarti muturrekoak bakarrik joaten zirela. Mahai bakoitzak ordenagailu bat omen zuen eta haren bidez saia zitezkeen bazkaltzen edo afaltzen ari zirenak beste mahaikoetakoekin komunikatzen, mahaiaren aurretik igarotzen zen zintak jakiak garraiatzen zituen bitartean —maki eta sashimi-ak, bereziki—. Ez dut uste oraindik behintzat dibortzioak eskatzeko edo bakarti muturrekoentzako jatetxeek gurean arrakasta handirik izan dezaketenik, baina, auskalo!

MEMORIA IKERGAI

Beasaingo Udalak memoria historikoa berreskuratzeko hitzarmena sinatu berri du Aranzadi Zientzia Elkartearekin. Jon Kortazar Billabeitia historialariak —irudian, eskuinekoa— ikertuko ditu 1936tik 1945era Beasainen eta beasaindarrei gertatuak.

Gipuzkoako hondartzak prestatzen hasi dira uda garairako

Otsaileko eta martxoko itsas denboraleen ondorioz sortutako kalteak konpontzeko lanak hasita daude. Uda garaia hasterako, Gipuzkoako kostaldeko hondartzak egokitzeko lanek ere badute egutegia. Donostiako Zurriolako hondartza egokitzeko lanak gaur bert...

8,3

Kudeaketan aldundiak izan duen superabita milioitan. Kudeaketa arloan, 8,3 milioi euroko superabita izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013an. Diru hori lurraldearen ekonomia eta ongizatea sustatzeko erabiliko dutela iragarri du Larraitz Ugarte bozeramaileak.

Iraunarazi, aterik itxi gabe

Zabalik dagoen kaiola bat da. Gordailuaren eraikina halaxe irudikatu nahi izan zuten Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte arkitektoek. Kaiola hori inoiz baino irekiago dago orain, eraikinaren goi eta beheak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu baiti...