Galtza gorriak estutu baietz

Zinean garbitegiak bazter arras interesgarri bezala erakusten dizkigute beti. Han bizi dituzte ezkutuko maitaleek erromantze supersonikoak. Han garbitzen ditu kulpaz kutsaturiko trapuak hiltzaile metodikoak. Deslekuetan desordutan zabalik egoten dira bizimolde irregularra daramatenen (daramagunon) bilgune horiek. Renatok eta biok ez daukagu ikuzgailurik Neckarstrasse 11n. Garbitegira joaten garenetik bizitako erromantzeen zenbaketa hutsean daukagu, baita ebatzitako krimenena ere. Abentura gosez jarraitzen dugu, hala eta guztiz ere. Gaueko hamaikak dira. Motxilak hartu, eta bagoaz asteko gobada egitera —eskerrik asko, Maialen Lujanbio—.

"Tok-tok" jo behar izan diot kristalean atea zaintzen dabilen neskatoari. 5 bat urte izango ditu, beltza da eta txirikorda polit-politak ditu, pistatxo koloredun begizta jostalariekin. Aitatxo dirudiena eta haren adiskide bat eskuoihalak tolesten ari dira. Lanez gainezka dabilela azaldu dio lagunak; ondo doakiola, baina asteburuetan ez duela jakiten zer egin. Berlinen ez du ia inortxo ezagutzen, eta etxean ematen ditu orduak eta orduak, aspertuta. Solte ari dira alemanez biak ala biak. Badira Renato eta ni baino gehiago behintzat.

Ez daude makina asko libre; bulgariar kuadrilla batek martxan dauzka gehienak —ezagutzen ditugu, Boddinstrassekoak dira—. Laneko arropak kiloka ekarri dituzte, eraikuntzan eta erabiltzen direnen modukoak. Kalean apain edo dotore azaltzeko nahiago dute markako txandala eta zapatila eta lepoko distiratsuak luzitu. Ozen egiten diote desafio elkarri, bultzaka. Aspaldi koskortuak dira —baten bat aitona, ziur—, baina institutuko nerabeak dirudite.

Zentrifugazioak 45 minutuko programa agortu du. Orgatxoa bete eta lehorgailuen bila abiatzerako, agure turkiar bat guk utzi makinak betetzen hasi da, maindirez betetako zakua zabalduta. Egundoko txiza kiratsa darie. Hain da sarkorra, ze Renatok eta biok geratzen zaizkigun hogei minutuak kalean ematea beste irtenbiderik ez dugu ikusi.

Badirudi errutina filmen misterioari gailendu zaiola aste honetan ere. Renato eta biok zirrarari leihotxoak zabaltzen abilak gara, ordea. Kotoizko (100%, poliesterrik ez) galtza gorriak handitxo datozkit aspaldian. Estutze aldera, 95 gradutara garbitu ditugu lehenik, eta orain lehorgailuaren programa beroenarekin dantzan ari dira, buelta eta buelta kalejira bertikalean. Galtza gorriak berriz noiz jantziko desiratzen nago, baietz berriro ederki egokitu.

Hasieran ez zion batere graziarik egiten, baina orain Renato bat dator nirekin. Momentuz behintzat, hobe garbigailurik erosten ez badugu.

Ereindakoa babestu nahian

Bi urte eta erdi dira Lezon Apaiziartzako proiektua martxan jarri zutenetik. Gaintxurizketa inguruan, herritar talde batek baserri baten erdia eta inguruko lurrak okupatu zituen; geroztik, nekazaritza ekologikoan aritu dira lanean, kontsumo taldeak eratu dituzte, eta 75 familia elikatzen dira ekoizpen horretatik. Orain, ordea, "alarma" piztu dela ohartarazi dute: "Joan den urteko urritik jazarpen etengabea pairatzen ari gara. Azkeneko aldian baserrira sartu dira, barrutik puskatu dute, baratzeak ere puskatzen ari dira…". Hala eman du egoeraren berri Joseba Pikabeak, kontsumo taldeko ekoizle eta Apaiziartza Bizirik taldeko kideak.

Bi urtez "inolako arazorik gabe" egon dira ondoko bizilagunekin; harremana "normala" izan da, aldaketa iritsi zen arte. "Ez dakigu zer interes dauden atzetik; haiek diote gu baino lehenago daudela, lehentasuna dutela lur horiek eta baserri zati hori erabiltzeko; horretan oinarritzen dira". Pikabearen ustetan, baina, "interes espekulatiboak" egon daitezke jarrera horren atzean: "Gaintxurizketako lurrak hain baliotsuak izanda, baratzeak egin ordez agian nahiago dute beste zerbait egin". Inplikatutako beste aldeak ez du gaiaren inguruko azalpenik eman.

Gutxieneko batzuk lortzea

Egoera bideratze aldera, aldundiarekin —okupatutako inguruaren jabetza du— eta Lezoko Udaleko ordezkariekin hainbat bilera egin dituzte taldeko kideek, baita bizilagunekin eurekin ere: "Behintzat gutxieneko batzuk adostea zen asmoa, elkarbizitzarako arau batzuk. Gure aldetik prest azaldu ginen, baina haiek ez zuten inolako asmorik horretarako. Hor ikusi zen zer prestutasun zegoen arazo hau konpontzeko".

Okupatutako lurretan jarduten dute lanean nekazaritzaren alorrean; horregatik, erabiltzaile gisa ikusten dute euren burua. Pikabearen arabera, bileretako batean aldundiak proposamen bat jarri zuen mahai gainean aurrera begira: "Lur horiek lur banku batean sartzea proposatu zuen, eta konkurtso publikora ateratzea. Horrela, gu aurkez gintezke, baita bizilagunak eta beste edozein herritar ere".

Apaiziartza Bizirik-eko kideek begi onez ikusiko lukete aldundiaren aukera hori, euren nahia bakarra baita: orain arte egindakoari eutsi ahal izatea. "Eman beharreko pausoak emateko prest gaude; hasieratik, gainera". Dena den, gatazka "areagotzen" ari dela ikusten dute, eta bizilagunen intentzioa "ahalik eta gatazka gehien sortu eta gatazka horretatik etekina ateratzea" dela iritzi diote. "Gu alderantziz ari gara: saiatzen gara probokazioetan ez erortzen eta gure eguneroko jardunarekin jarraitzen".

Egoeraren berri emateko, taldeak batzarra antolatu zuten atzo, Lezon. Haien asmoa herritarren artean informazioa zabaltzea izan zen, eurengandik jakin dezaten zer gertatzen ari den: "Gatazka kaleratzen ari da, baina jendeak pentsatzen du bizilagunen arteko gatazka soil bat dela. Guk esaten dugu hor beste interes batzuk daudela, oso lotuta daudenak enpresa eraikitzaileekin. Hor kontrajartzen dira interes partikular edo ekonomikoak eta kolektiboak".

Lurrak eta baserri erdia okupatu zituztenean, nekazaritza ekologikoan oinarritutako kontsumo sare bat sortzea zuten helburu, baina, horrekin batera, etxebizitza arazo "larriari" irtenbidea emateko modu bat ere ikusi zuten. Han eraiki nahi duten plataforma intermodalari aurre egitea ere bazen euren xedea.

Landa eremuetako auziak

Apaiziartzako kasutik haratago, "jazarpen" mota hori beste hainbat tokitan gertatzen dela salatu du Pikabeak, batez ere landa eremuetan. "Ikusten dugu nola presionatzen duten baserritar bat bere lurrak saltzeko, ezinegon hori sortu, azkenean etekin ekonomiko bat lortzeko". Katalunian hainbat kasu izan direla esan du taldeak, eta gertuago ere halakoak gertatzen ari direla ohartarazi du —Tangora Etxeko kasua Getxon, 2003an—.

Taldeak salatu duenez, eraikuntza enpresa handiak etengabe ari dira han eta hemen lurrak ikuskatzen, "etekina emango dien aukeraren bila". Uste dute horretarako "peoiak" dituztela, "belar txarra garbitzen" laguntzen diena.

Magia ikusi eta ikasteko

MagiaElgetaNazioarteko X. Magia Mostra hartuko du Elgetak gaurtik igandera bitarte. Mundu osoko hainbat magok euren abilezia eta trikimailuak erakutsiko dituzte Espaloia kafe antzokian. Horrez gain, haurrentzako tailerrak ere prestatu dituzte, magia m...

500

Idiazabalgo Gazta Egunean dastatutako gazta kiloak. Iragan igandean ospatu zuten Idiazabalen XVII. Gazta Eguna, eta Idiazabal jatorri izeneko 500 kilo gazta dastatzeko aukera egon zen bertan. Horrez gain, Joxe Mari Lizarralde artzaina omendu zuten.

SANTIKUTZEN BUKAERA, MIRANDAOLAN

Santikutz jaietan urteroko ohiturari eutsiko diote aurten ere Legazpin. Igandea festen amaierako eguna izango da, Mirandaola Eguna, eta askotariko jarduerak egingo dituzte herrian, goizetik hasita: txistulari eta dantzariek goiza girotuko dute Miranda...

Tratu txarren biktimen arretarako mintegiko hurrengo saioak

Maiatzak 12. Kode deontologikoa, datuen babesa eta baimen informatua hitzaldia, Monika Gallo Psikologoen Elkargo Ofizialeko abokatuaren eskutik. 10:00etatik 12:00etara, Kutxa aretoan.

Maiatzak 19. Ahalduntzea eta berdintasuna hitzaldia, Maria Jose Bojo Psikologoen Elkargo Ofizialeko elkargokidearen eskutik. 10:00etatik 12:00etara, Kutxa aretoan.

Maiatzak 26. Esku hartze terapeutikoa eta esku hartze tresnak hitzaldia, Maria Angeles Alvarez Psikologoen Elkargo Ofizialeko elkargokidearen eskutik. 10:00etatik 12:00etara, Kutxa aretoan.

Langile izateko nahiko lan

Langileen eskubideen alde kalera irteteko eguna izaten da Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, eta atzokoa ere hala izan zen. Azken urteetako krisi ekonomikoaren ondorioz, gainera, motiboak pilatuz doaz, eta haiek motibatuta mobilizatu ziren atzo ehunka gipuzkoar eskualdeka: Zarautzen, Donostian, Eibarren, Irunen, Hernanin, Tolosan, Ordizian… Sindikatuetako eta alderdi politikoetako kideek murrizketei eta eskubide urraketei aurre egin eta eredu ekonomiko propioa sortu...

Langile izateko nahiko lan

Langileen eskubideen alde kalera irteteko eguna izaten da Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, eta atzokoa ere hala izan zen. Azken urteetako krisi ekonomikoaren ondorioz, gainera, motiboak pilatuz doaz, eta haiek motibatuta mobilizatu zire...

“Dolua bizitzari dago lotuta, heriotzari baino gehiago”

Aulki hutsak heriotzari eta doluari buruzko euskarazko dokumentala da. Aulkia hutsik utzi duenaren ikuspuntua baino gehiago, haren senideen zein lagunen sentipenak jaso ditu Iñaki Peña zinemagile eta medikuak (Burgos, Espainia, 1971). Barne medikuntza da Peñaren espezialitatea, eta zainketa aringarrien arloa landu du bereziki. Dokumentala Euskal Herriko hirietan zein herrietan aurkezten ari da, baina bazter guztien artean berak "loturarik estuena" Debagoienarekin duela dio: Peñak hamar urtez lan egin du Arrasateko Ospitalean, eta orain Zumarragako Ospitalean dabil, etxeko ospitaleratzeen sailean.

Nola sortu zen dokumentala egiteko ideia?

Orain zazpi urte, gure aita hil zen. 64 urte zituen, eta ni dokumentalean zuzenean hitz egiten agertzen ez banaiz ere, gure aitarena hor dago beti. Hor daude Donostiako etxea, txokoa, haren izena, Lesakako hilobia... Lan hau egin dudanerako neure dolua borobildua nuela esango nuke, nahiko itxita. Baina gure amak bi aldiz ikusi du, eta balio izan diola esan dit; batik bat, aita ez dela itzuliko jabetzeko.

Filma doluari buruzko testigantza bilduma al da?

Bai, doluari buruzko istorio bilduma txiki bat da. Aldi berean, heldulekuak eta zertzelada teoriko batzuk ere ematen ditugu. Aditu batzuk agertzen dira, Euskal Herrikoak denak. Batzuek profesional moduan eta beste batzuek sendatzaile nahiz zauritu moduan hitz egiten dute. Guk, sendatzaileok, doluaren gaiari buruzko teoria transmititzeaz gain, barren-barrenetik ateratzen zaiguna ere adieraz dezakegu. Heriotzak guztioi eragiten digu, guztioi joan zaigu norbait edo joango zaigu. Zaurituen testigantza ugari dago. Gehienek, gainera, baiezkoa eman zidaten lehenengoan.

Heriotzaren aurrean helduleku gutxi dagoela esango al zenuke?

Bai. Ez da gai horiei buruz hitz egiten, eta, hitz egiten ez denez, ez dira existitzen. Baina hor daude. Guk dokumentalean helduleku batzuk eman nahi izan ditugu.

Familia batean eta lagunarte batean aulki bat husten da. Gero zer?

Prozesu bat hasten da. Prozesu hori beti da mingarria, laburragoa izan edo ez. Horrez gain, dolua beti da ezberdina, beti baita norberarena, eta faktore askok baldintzatzen dute. Niretzat oso garrantzitsua da heriotza zerk eragin duen: gaixotasun luze batek, istripu batek, suizidio batek... Adinak ere zeresan handia dauka, hil dena pertsona gaztea edo umea izan den, geratu dena nerabea edo heldua den... Guk dokumentalean bi esperientzia oso gogor hain gogorrak izan ez diren beste bi bizipenekin kontatzeko ariketa egin dugu. Edonola ere, maite duzun norbait galtzea beti da gogorra.

Zein helburu ditu filmak ikusleei dagokienez?

Dolua eta heriotza ikusgarri eta entzungarri egin nahi ditugu. Finean, gaiari buruz hitz egiteko gonbita da. Dolua geratzen garenona da, eta bizitzari dago lotuta, heriotzari baino gehiago. Film hau joan direnen omenaldia da, baina geratu garenontzat da.

Baina dolua ez da bakarrik heriotzaren aurrean egiten, ezta?

Ez, dolua edozein galerari lotuta dago, hala bikotekidearen galerari nola zango baten galerari.

Zein da zainketa aringarrietako mediku baten jardunaren ardatza?

Hiltzear daudenei heriotza ona eskaintzen saiatzen gara. Enpatia sortzen bada, lana ongi egin dugun seinale da. Gure jardunean ez dago eutanasiarik, baina lagungarri diren beste bide batzuk badaude, lasaigarria ematea, adibidez. Pazienteak berak ezin badu hitz egin, familiaren baimena ezinbestekoa da. Pazienteak hitz egin ahal badu, eta lasaigarria emateko baimena ematen badizu, hori guretzat Everestera igo eta parapentean botatzea bezala da, bion arteko elkar ulertu itzelaren emaitza baita.

Egun errukiak ez dauka agian ospe handirik, baina zuk beharrezkotzat jotzen al duzu?

Oinarrizkoa da. Gure lanean ezinbestekoa da entzutea. Batzuetan medikuarena egin behar dugu, bestetan apaizarena, baina beti izan behar dugu entzule. Agian, paziente batek inori bizitza osoan kontatu ez diona zuri kontatzen dizu joan aurretik, eta hor egon behar duzu entzuteko.

Gaia lantzen duen euskarazko lehenengo dokumentala da.

Doluari buruz film asko egiten ari dira azken urteetan: La stanza del filio [Nanni Moretti, Italia, 2001], My Life Without Me [Isabel Coixet, Kanada-Espainia, 2003], Les invasions barbares [Denis Arcand, Kanada, 2003], Mar adentro [Alejandro Amenabar, Espainia, 2004]... Dokumentalak ere agertu dira. Alma-k [Jose Javier Perez, 2012] Mikel Trueba bizkaitarraren bizitza kontatzen du; alboko esklerosi amiotrofikoa zuen, eta orain gutxi hil da. Cuidadores dokumentala ere itzela da, Oscar Tejedor legazpiarrarena. Biak, hala ere, gaztelaniaz egin dituzte. Katalanez dago, berriz, alzheimerrari buruzko Bicicleta, cullera, poma, Eduard Boschena [2010]. Horrek zer pentsatua eman zidan, eta gaiari buruz euskarazko dokumentala egiteko gogoa sortu zitzaidan.

Orain dokumentala aurkezten ari zara, eta ikusleen erreakzioen lekuko zara bertatik bertara. Zer jasotzen ari zara?

Dokumentala eman ondoren solasaldia egiten dugu, eta ikusleei hitz egiteko gogoa sortzen diela konturatu gara. Lagun batek esan zidan filmean hitzekin, isiltasunekin, musikarekin eta paisaiekin ederki islatu ditugula sentimenduak zein bizipenak. Orain artean, Gasteizko eta Bergarako emanaldiak izan dira parte hartzaileenak. Foro espezializatuetan ere egon gara. Guztien artean, dena dela, Oñatiko aurkezpena izan da bereziena. Niretzat herri kutuna da Oñati, hango paziente ugari izan dudalako. Emanaldi hunkigarriena izan da. Euskal Herrian ez gaude ohituta emozioak azaleratzen, baina Oñatin ederki erakutsi zituzten. Eskerrak estreinaldia ez genuela han egin, bestela marra pasatu izanaren sentipena izango genuen, eta filmaren diskurtsoa buruarekin idatzita dago, bihotzetik asko duen arren.

Dokumentalaren mezua positiboa dela esango zenuke?

Geratu garenontzat den heinean, mezua positiboa da. Doluaren nahiz heriotzaren erraietara jo gabe, lan dotorea da. Protagonista batek dioen bezala, "zein inportantea den dotoreziaz bizitzea dotoreziaz hiltzeko".

Zein izan da Aulki hutsak dokumentala egiteko prozesua?

2012ko Gabonetan bonbilla piztu, eta iazko Gabonak baino lehen Elgetan aurkeztu genuen. Gidoia idazten hiru hilabete eman nituen. Aldez aurretik buruan neukana entzun nituen testigantzekin aberastu zen. Iazko maiatzean hasi ginen filmaketarekin. Lehenengo Iruñean eta gero Bilbon ere aritu ginen. Bilbo nire hiria da, eta Zazpikaleetan grabatu genuen, etxetik gertu. Bilbo klasikoa aintzat hartu nahi genuen, ez hainbeste Guggenheim museoaren Bilbo berritu hori. Dena dela, dokumentala nahiko gipuzkoarra atera zaigu, testigantza gehienak Debagoienean jasota daudelako eta Eskoriatzako Arteman ekoizpen etxea produkzio lanak egitera animatu zelako. Urrian, grabaketa amaitu, eta muntaketari ekin genion. Iban Toledo errealizadore ordiziarra ondoan izan dut hasieratik amaierara arte, eta harekin zinemagintza barru-barrutik ikusi dut.

Zinemagile egin zara?

Muntaketa lana zoragarria izan da. Film bat nola egiten den ikusi eta ikasi dut. Ikusle zein zale izatetik egile izateko pauso hori liluragarria izan da. Irudiak moztu, soinua gehitu eta doitu... Toledo lankideari hura magia egitea zela esaten nion.

Nola bihurtzen da mediku bat zinemagile?

Beti gustatu zait idaztea eta irakurtzea. Dokumentalaren gidoiarekin oso pozik geratu naiz; puzzle handi bat osatzea bezala izan da. Orain, urtetan ereindako ortuak, nahikoa euri eta eguzki izpi jaso ondoren, fruitua eman du.

Musikak ere badu bere lekua.

Bai. Aukeratu dugun musika guztia euskal musikariena da. Denak Ez dok Amairuren ondorengoak. Ruper Ordorika, Gari, Anari, Gorka Urbizu eta Pettiren abestiak jarri ditugu.

Lau atal ditu dokumentalak; zeintzuk?

Mina, haserrea, data bereziak eta itxaropena. Amaieran epilogo bat dago Pettiren abesti batekin, eta epilogoan ez daude bakarrik kredituak.