AZKOITIKO EGOERA, BERTATIK BERTARA

Herritarrekin herrira dinamikaren barruan, Martin Garitano ahaldun nagusia Azkoitian egon da bertako udalaren eta herritarren kezka eta iritziak jasotzeko. Urrategi Alberdi alkateak gidatuta, Azkoitiko errealitatea eta herriko arazoak hurbilagotik eza...

Krisia eta Hondarribiko Herri Olinpiadak

Hondarribiko olinpiaden fenomenoari buruz bueltaka aritu gara azkenaldian, beste jende askoren artean, dokumentalaren gidoia egiten ari garenok ere. Gidoi berri baten premiak hainbat arazo aztertzera eraman gaitu, batez ere dokumentalaren hasierako funtsa jendea olinpiadetan parte hartzera animatzea baitzen, eta ikusi denez, sobera lortu da jada. Orain arteko gidoian hasierako olinpiadei buruzko nondik norakoak jakin eta duela 25 urteko Hondarribia nolakoa zen ere erakutsi nahi genuen, bere garaiko irudi, bideo eta dokumentuez eta bere garaiko parte hartzaileen elkarrizketez baliatuz. 1980 eta 1990eko hamarkadako Hondarribiko gizartearen testuingurua aztertzea, hain zuzen. Hondarribiko olinpiaden fenomenoa ez da kasualitatea, testuinguru baten kausalitatea baizik; Hondarribiko Herri Olinpiaden berpiztea krisi testuinguru bategatik etorri da.

Zerk mugitzen du jendea ez bada asperdurak edo beldurrak? Zerbait sortu nahi bada, lehenik eta behin norberak aspertuta egon behar du; asperturik ez bagaude, ez dugu sortzeko beharrik izango. Bestetik, jakina denez, beldurraren —eta min bortitz baten— aurrean hiru erreakzio ematen dira: lehena, shock-ean gelditzea (petrifikatua); bigarrena, ziztu bizian korrikan alde egitea; hirugarrena, organizatzea (arraroena).

Esan bezala, 1980ko hamarkadako eta egungo krisia konparatuta konturatu gara olinpiadak krisi garaian sortu eta berpiztu direla, bai Hondarribian eta baita beste herrietan ere. Hondarribian 1996an izan ziren azkenekoak. Jakina denez, 1990eko hamarkadan etorri zen suspertze ekonomikoa, egungo estafaren hazia: bi auto garajean, hipotekak 50 urtean ordaintzeko, ordenagailu berriak, telebista berriak... Batzuek diote belaunaldi aldaketa izan zela Hondarribiko aurreko olinpiaden desegitearen arrazoia. Beste arrazoi askoren artean bat besterik ez da. 1990eko hamarkadan saldu ziguten etorkizun fantastiko-faltsua ez al genuen gutako askok sinetsi? Geroa konponduta badaukagu, zertarako ezer sortu? Hamarkada horretan etorkizun oparoaren ilusioak beldurra poz bihurtu zuen, eta asperdura, entretenimendu hutsa.

2008ko krisiarekin gauza aldatu egin da. Egia da bizi garen tokian gutxiago sumatzen dela krisia, baina eskuina eta ezkerra identifikatzeko, bederen, gai gara… oraindik. Gazteok etorkizun latza daukagu. Europako Iparraldeak bahitu egin gaitu, eta gure herritik joatera behartu gaituzte. 1990eko hamarkadako ilusioa hautsi egin da, eta ez dago B planik. Shock-ean gaude.

Askok bere buruari galdetzen diote: Auschwitzeko espetxeratuek nolatan ez zuten iraultza egitea lortu? Borreroak askoz gutxiago ziren eta haiek milioiak! Edo Indian, adibidez, nolatan nekazariak ez dira biltzen eta miseriatik ateratzeko iraultza bat egiten? Bi kasuetan estrategia berbera da. Gizabanakoari gizaki egiten gaituen hori —nortasuna, sinbologia, ohiturak, gizalegea… giza eskubideak— ukatzen dizkigutenean, bizirik iraute hutsera kondenatzen gaituzte, kanibalismora hain zuzen. Ez gaitezen inozoak izan; horretara eraman nahi gaituzte. Hain latza dugu etorkizuna? Bai, ez badugu ezer egiten.

Ez dut esango olinpiadak herriaren iraultzaren seinale direla, ezta gutxiago ere. Olinpiadak sintoma bat besterik ez dira, seinale bat. Gaur egun, nortzuk hartzen dugu parte olinpiadetan? Unibertsitate eta batxilergoko ikasle asko dago, baina mugagabeko geldialdian dauden gazte asko ere bai. Olinpiada duintasunaren eta pozaren garrasia da: aspertuta eta beldurtuta izango gara, baina hemen gaude.

Sinesten dut

Sinesten dut egun batean hilen naizela, hutsean eroria, ezerezean amildua hauts bihurtuko naizela. Sinesten dut hartuko nauen lur horretatik landare berriak sortuko direla". Horrela mintzo zen Xabier Lete olerkaria. Poeta handia. Nik ere badakit gure ...

“Historiaren zati bat berreskuratzen ari da”

Aurreko olinpiadetako kide batek eta egungo Hondarribiko Gazte Asanbladako beste batek piztu zuten 2014ko Hondarribiko Herri Olinpiadei hasiera eman zien sua. Emakume baserritarrez jantzita sartu ziren Santiago kalean Xinboren Alkain (Hondarribia, 196...

Errenta aitorpena ere euskaraz

Bospasei urte igaro dira Tolosaldean, Galtzaundi Euskara Elkarteak, UEMAko udalerriek, Kontseiluak eta hainbat herrik errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu zutenetik. 2012an eskualdeko ia 5.000 lagunek aukeratu zuten euskara errenta aito...

“%7 gehiago dira aitorpena euskaraz egiten dutenak”

Ibarrako herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea da kanpainari herrian jarri dioten helburua, Tomas Ugaldebere euskara teknikariaren arabera.Zenbat denbora daramazue aitorpena euskaraz egitea bultzatzeko kanpainarekin Ibarr...

Gipuzkoan erretinosi pigmentarioa dutenak.

Kalkulatzen da Gipuzkoan erretinosi pigmentarioa duten berrehun lagun inguru daudela. Munduan, 3.000 eta 4.000 herritarren artean batek du, batez beste; hau da, mundu osoan 2.000.000 gaixo inguru daude.

Hiru hamarkada plazaz plaza

Euskal Herriko plazetan giroa jartzen adituak dira Drindots taldekoak. Kilometro ugari egin dituzte errepidean festarik festa, batera eta bestera; eta bidean jarraitzen dute oraindik. Taldea sortu zutenetik aldaketa ugari izan badituzte ere, helburua bera da: gazteak dantzan jartzea.

Plazen artean bat aukeratzekotan Lazkaokoarekin geldituko lirateke Drindotseko musikariak, zalantzarik gabe. Gaur bertan emango diote denboraldiari hasiera bertako jaietan. Hiru hamarkadaren ondoren, "berezia" da oraindik beraientzat etxean jotzea. Hala dio behintzat Jon Urdangarin taldeko kideak. Taldearen historiari errepasoa emateko Gipuzkoako Hitza-ren gonbita onartu du Urdangarinek.

Gustuko bidean

Egan, Joselu Anaiak... badaude hamarkada luzeen ondoren jotzen jarraitzen duten taldeak, asko ez badira ere. 1981ean sortu zuten Drindots taldea, "Realak liga irabazi zuen urtean". Plazetan hasi eta ondoren euren musika egiteko asmoarekin jaio ziren, nahiz eta pausu hori ez duten eman. Maritxu edo Ebamirentxu dituzte egindako bertsio ezagunenetako bi. Nahiz eta atzetik beste asko etorri diren.

Kideak aldatu diren arren, taldearen izaerari eutsi egiten diote: "Gure asmoa zen gazteentzat jotzea, eta helburu berarekin jarraitzen dugu. Jendea dantzan jarri nahi dugu". Luze irauteko sekretua zein den galdetuta,berriz, gakoa "egiten duzun hori gustukoa izatea" dela dio Urdangarinek. Txikitatik ezagutu du erromerien mundua berak. Ama hernaniarra izanda Tilosetan igandero ikusten zituen musika kontzertuak. "Txikitatik ikusi izan dut; atzerriko musika ere horrelako taldeen bidez ezagutu nuen".

Musikari ugari pasa dira Drindots taldetik, baina, Urdangarin bera da sortu zenetik gaur arte jarraitzen duen bakarra. Azken lauzpabost urtetan beste lau musikarirekin batera osatzen du taldea; Fredi Pelaezekin, Beñat Barandiaranekin, Jon Arruti Tuti-rekin eta Joxean Floresekin, hain justu. Irakasleak dira guztiak; Urdangarin euskarakoa, Lazkaoko Maizpiden dabil zuzendari lanetan, eta musikakoak gainontzekoak. "Musikari bikainak dira, eurekin zer egiten ote dudan galdetzen diot askotan nire buruari. Plazer bat da beraiekin aritzea".

Orain urte batzuk ia lanbide izan zen Urdangarinentzat Drindotsen aritzea. Gaur egun, ordea, kide guztiek dute euren lana. Bakoitza berean arituta ez dute denbora libre askorik izaten; edonola ere, asteburua iritsi eta taldearekin aritzea "egunerokotik ihes egitea da" eurentzat, "aire freskoa".

Elkarlanean

Lazkaon hasiera emanda, 40 bat kontzertu izango dituzte hemendik urrira bitartean. Lehen ia urte osoan jotzen zuten; orain, ordea, apirilean hasi eta urrira bitartean aritzen dira. Urterik onena 1992koa izan zuten Urdangarinen ustez, 119 kontzertu egin baitzituzten.

Euren helburu nagusia gazteentzat jotzea izan bada ere, urteetako esperientziak erakutsi die abestiak plazan bildutako jendearen arabera moldatzen. Musikariak aitortu duenez, denboraldi hasieran errepertorioa prestatzea ez dute lan erraza izaten. Ondo aukeratu behar izaten dute zer jo: "Momentu honetan euskarazko abesti arrakastatsu askorik ez dago. Lehen Aitormena jo eta mundu guztia kantuan jartzen genuen. Baina orain, kosta egiten da horrelakoak bilatzea".

Jaiak, oholtza gainetik

Herriko jaien bilakaeraren lekuko zuzenak izan dira Drindots taldekoak. Nafarroan jo izan dute gehien, Etxarri-Aranatzen, esate baterako. Bizkaian eta Araban ere bai, eta Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian gutxiago. Urdangarinek ez daki ziur esaten gaueko giroa aldatu den, edo musikariak eurak diren aldatu direnak. "Orain 25 urte jotzera joaten ginenean, jotzea eta parranda egitea ia gauza bera zen. Gaur egun ez da horrela, ez dugu parrandarik egiten".

Urte askoan festa plazetatik tabernetara joan dela ikusi dute, plazak ia hutsik gelditzeraino. Berriro ere kontrakoa gertatzen ari dela iruditzen zaie, ordea. Gazteek botelloia egiten dutenez, kalean gehiago egoten dira. Izan dituzte herriak, Basauri kasu, plaza gaztez leporaino beteta izan dutena botelloia-ren aitzakian. "Jotzen genuen bitartean dantzan egiten zuten, gure atsedenean eserita jartzen ziren, eta ondoren berriz festara". Festak galtzen ari ote diren galdetuta, ezezkoa dio Urdangarinek. "Agian, herri txikietan nabarituko da gehiago. Autoa hartu behar duzuenean, alkoholemia kontrolak-eta izaten direlako... Bizkaian, adibididez, metroa iristen den herrietan gazte asko mugitzen da, han ez dute arazorik".

Hiru hamarkadaz anekdota eta kontakizun ugari bildu dituzte Drindotsekoek. Liburu bat egitea ere pentsatu izan dute behin baino gehiagotan, eta izenburua ere badute. Bitxikeria gisa, abesteko hizkuntzarekin gertatu zaiona nabarmendu du Urdangarinek. Izan ere, lehen ingelesezko abestietan paragrafo bakarra ikasi eta errepikatuta nahiko izaten omen zuen, eta orain ezin du horrelakorik egin: "Gazteek letra guztiak dakizkite!". Gogoan du, baita ere, duela urte asko Lizarran (Nafarroa) gertatutakoa. Tabernari batek udaltzain batekin joan eta bolumena jeisteko agindu zien. Musikariek udalak antolatutako ekitaldia zela eta ez zutela jaitsiko esatean, iskanbila izan zuten udaltzainekin.

Etorkizunera begira

Halabeharrez, ordu asko pasatzen dituzte elkarrekin. "Herri batera joan, trasteak jarri, jo, umoretsu egon, jaso eta bueltan etorri. Etxetik irtetzen garenetik itzultzen garenera hamabi edo hamalu ordu pasatzen dira. Garrantzitsua da elkarrekin ondo moldatzea, ondo aterako bada. Guk, egia esan, beti egin izan dugu hori, eta oraingoek ere oso ondo egiten dugu".

"Urte onetan" lau diska grabatu zituzten Drindotsekoek. Oraingo taldekideek ere buruan darabilte zerbait egitea. Urdangarinek zalantza du, ordea, orain zentzurik ba ote lukeen diskoa grabatzeak. "Gure taldekide Fredi Pelaezek grabaketa estudioa du, beraz, ez genuke arazorik izango. Hala ere, egitekotan zerbait txukuna egingo genuke, eta ez daukagu denbora askorik". Taldeak herriz herri noiz arte jarraituko duen esaten ez daki abeslariak. "Nik utziko banu ere, gainontzekoek jarrai dezaten nahiko nuke".