Emakumeen jatorri ugariak islatzeko mahaia Pasaian

Iazko urrian ekin zioten Pasaian emakume migratzaileen taldea sortzeko prozesuari, "migrazio prozesuan diren Pasaiako emakumeei talde edo gune bat ireki eta abian jartzeko", Marian Suarez Migrazio eta Aniztasunaren teknikariaren hitzetan. Izan ere, 20...

Hiru hamarkada plazaz plaza

Euskal Herriko plazetan giroa jartzen adituak dira Drindots taldekoak. Kilometro ugari egin dituzte errepidean festarik festa, batera eta bestera; eta bidean jarraitzen dute oraindik. Taldea sortu zutenetik aldaketa ugari izan badituzte ere, helburua bera da: gazteak dantzan jartzea.

Plazen artean bat aukeratzekotan Lazkaokoarekin geldituko lirateke Drindotseko musikariak, zalantzarik gabe. Gaur bertan emango diote denboraldiari hasiera bertako jaietan. Hiru hamarkadaren ondoren, "berezia" da oraindik beraientzat etxean jotzea. Hala dio Jon Urdangarin taldeko kideak. Taldearen ibilbideari begiratu bat emateko Gipuzkoako Hitza-ren gonbita onartu du Urdangarinek.

Gustuko bidean

Egan, Joselu Anaiak... badaude hamarkada luzeen ondoren jotzen jarraitzen duten taldeak, asko ez badira ere. 1981ean sortu zuten Drindots taldea, "Realak liga irabazi zuen urtean". Plazetan hasi eta ondoren euren musika egiteko asmoarekin jaio ziren, nahiz eta pauso hori ez duten eman. Maritxu edo Ebamirentxu dituzte egindako bertsio ezagunenetako bi. Nahiz eta atzetik beste asko etorri diren.

Kideak aldatu diren arren, taldearen izaerari eutsi egiten diote: "Gure asmoa zen gazteentzat jotzea, eta helburu berarekin jarraitzen dugu. Jendea dantzan jarri nahi dugu". Luze irauteko sekretua zein den galdetuta, berriz, gakoa "egiten duzun hori gustukoa izatea" dela dio Urdangarinek. Txikitatik ezagutu du erromerien mundua berak. Ama hernaniarra izanda, Ezkiaga pasealekuan igandero ikusten zituen musika kontzertuak. "Txikitatik ikusi izan dut; atzerriko musika ere horrelako taldeen bidez ezagutu nuen".

Musikari ugari pasatu dira Drindots taldetik, baina Urdangarin bera da sortu zenetik gaur arte jarraitzen duen bakarra. Azken lauzpabost urtetan beste lau musikarirekin batera osatzen du taldea; Fredi Pelaez, Beñat Barandiaran, Jon Arruti Tuti eta Joxean Floresekin, hain justu. Irakasleak dira guztiak; Urdangarin euskarakoa, Lazkaoko Maizpiden dabil zuzendari lanetan, eta musikakoak gainontzekoak. "Musikari bikainak dira, eurekin zer egiten ote dudan galdetzen diot askotan neure buruari. Plazer bat da beraiekin aritzea".

Orain urte batzuk ia lanbide izan zen Urdangarinentzat Drindotsen aritzea. Gaur egun, ordea, kide guztiek dute euren lana. Bakoitza berean arituta ez dute denbora libre askorik; edonola ere, asteburua iritsi eta taldearekin aritzea "egunerokotik ihes egitea da" eurentzat, "aire freskoa".

Elkarlanean

Lazkaon hasiera emanda, 40 bat kontzertu izango dituzte hemendik urrira bitartean. Lehen ia urte osoan jotzen zuten; orain, ordea, apirilean hasi eta urrira bitartean aritzen dira. Urterik onena 1992koa izan zuten Urdangarinen ustez, 119 kontzertu egin baitzituzten.

Euren helburu nagusia gazteentzat jotzea izan bada ere, urteetako esperientziak erakutsi die abestiak plazan bildutako jendearen arabera moldatzen. Musikariak aitortu duenez, denboraldi hasieran errepertorioa prestatzea ez dute lan erraza izaten. Ondo aukeratu behar izaten dute zer jo: "Oraintxe bertan euskarazko abesti arrakastatsu askorik ez dago. Lehen, Aitormena jo, eta mundu guztia kantuan jartzen genuen. Baina orain, kosta egiten da horrelakoak bilatzea".

Jaiak, oholtza gainetik

Herriko jaien bilakaeraren lekuko zuzenak izan dira Drindots taldekoak. Nafarroan jo izan dute gehien, Etxarri Aranatzen, esate baterako. Bizkaian eta Araban ere bai, eta Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian gutxiago. Urdangarinek ez daki ziur esaten gaueko giroa aldatu den edo musikariak eurak diren aldatu direnak. "Orain 25 urte jotzera joaten ginenean, jotzea eta parranda egitea ia gauza bera zen. Gaur egun ez da horrela, ez dugu parrandarik egiten".

Urte askoan festa plazetatik tabernetara joan dela ikusi dute, plazak ia hutsik gelditzeraino. Berriro ere kontrakoa gertatzen ari dela iruditzen zaie, ordea. Gazteek kaleko edana egiten dutenez, kalean gehiago egoten dira. Izan dituzte herriak, Basauri kasurako, plaza gaztez leporaino beteta izan dutena botila festaren aitzakian. "Jotzen genuen bitartean dantza egiten zuten, gure atsedenean eserita jartzen ziren, eta ondoren, berriz festara". Festak galtzen ari ote diren galdetuta, ezezkoa dio Urdangarinek. "Agian, herri txikietan nabarituko da gehiago. Autoa hartu behar duzuenean, alkohol probak-eta izaten direlako... Bizkaian, adibidez, metroa iristen den herrietan gazte asko mugitzen da; han ez dute arazorik".

Hiru hamarkadaz anekdota eta kontakizun ugari bildu dituzte Drindotsekoek. Liburu bat egitea ere pentsatu izan dute behin baino gehiagotan, eta izenburua ere badute. Bitxikeria gisa, abesteko hizkuntzarekin gertatu zaiona nabarmendu du Urdangarinek. Izan ere, lehen ingelesezko abestietan paragrafo bakarra ikasi eta errepikatuta nahiko izaten omen zuen, eta orain ezin du horrelakorik egin: "Gazteek hitz guztiak dakizkite!". Gogoan du, baita ere, duela urte asko Lizarran (Nafarroa) gertatutakoa. Tabernari batek udaltzain batekin joan eta bolumena jaisteko agindu zien. Musikariek udalak antolatutako ekitaldia zela eta ez zutela jaitsiko esatean, iskanbila izan zuten udaltzainekin.

Etorkizunera begira

Halabeharrez, ordu asko pasatzen dituzte elkarrekin. "Herri batera joan, musika ekipoa jarri, jo, umoretsu egon, jaso eta bueltan etorri. Etxetik irteten garenetik itzultzen garenera hamabi edo hamalau ordu pasatzen dira. Garrantzitsua da elkarrekin ondo moldatzea, ondo aterako bada. Guk, egia esan, beti egin izan dugu hori, eta oraingoek ere oso ondo egiten dugu".

"Urte onetan" lau disko grabatu zituzten Drindotsekoek. Oraingo taldekideek ere buruan darabilte zerbait egitea. Urdangarinek zalantza du, ordea, orain zentzurik ba ote lukeen diskoa grabatzeak. "Gure taldekide Fredi Pelaezek grabaketa estudioa du; beraz, ez genuke arazorik izango. Hala ere, egitekotan zerbait txukuna egingo genuke, eta ez daukagu denbora askorik". Taldeak herriz herri noiz arte jarraituko duen esaten ez daki abeslariak. "Nik utziko banu ere, gainontzekoek jarrai dezaten nahiko nuke".

GAZTA DENBORALDI BERRIA

Asteazkenean Ordizian ospatutako Artzain Egunean zabaldu zuten aurtengo Idiazabal gaztaren denboraldia. Gazta mozteko ardura Donostiako Mirador de Ulia jatetxeko Ruben Trincado sukaldariarena izan zen. Irudian, Trincado gazta mozten hainbat ordezkari ...

Urteurrenarekin segituz

KontzertuaAnoetaAnoetako gaztetxeak hamabost urte beteko ditu aurten, eta urteurrenaren harira, herriko gazteek egitarau zabala prestatu dute, otsailetik apirilera. Egitarau horren barruan, kontzertua antolatu dute gaurko. 23:00etatik aurrera, Katez e...

Bizi nadin beti errepidean

Nire idoloen panteoiko apaizburuak Komet Bernhard izena du. 65 urteko erretretaduna da, zilar koloreko batere zaindu gabeko bizar luze-luzeek nahastezin bihurtzen dutena. Druida tankera ematen dioten tunika eta bestelako janzki koloretsuz betetako armairua dauka. Ez dago Berlinen Techno Opa (techno aitona) ezagutuko ez duenik. Ez baitago festa zoroenetan ordu gehiago emandakorik, ezta bere dantza egiteko modua imitatzeko gai denik ere. Frenetikoak baina aldi berean aszetikoak dira Kometen manerak DJen akelarreetan. Techno aitona ez, techno xamana da.

Dominoan eta emaztearekin paseoan eman beharreko egunak drogaz betetako biltegi ilunetan ematen dituen agurea heldugabetasunaren munduko errekorduntzat hartuko duzu, beharbada. Justu kontrakoa da nire iritzia. Ordu txikitan diskoteketan xaboi-burbuilak barreiatzeak betetzen dizkio bere pila alkalino askoak Kometi. Beti errepikatzen die urtetan ezagututako ehunka lagunei halakorik egiten jarraitu ezin duen egunean nahiago lukeela isilik desagertu. Ez du lortuko, zulo galanta utziko baitu dantzalekuaren erdi-erdian.

Hastapenetako hipsterren bizi-hautua —egungo suzedaneo urbanoekin zerikusirik ez duena— errepidea izan zen. Inon kanpamenturik paratu gabe beti aurrerantz jarraitzea, ez zentzu geografikoan bakarrik. Segurantzari eta egonkortasunari uko eginda, baina baita iraganeko oroitzapenei eta nostalgia arriskutsuari bizkar emanda ere. Hipster haien liburuak aspergarri askoak suertatu zitzaizkidan irakurri nituenean, portzierto. Errepidean bizitzea erabakitzen dutenak miresten ditut, ordea.

Munduko beste puntara eramango dion hegaldiaren zain aireportuan bakarrik eta urduri dagoen mutikoa ezagutu nahiko nuke, batere pentsatu gabe duela hilabete ezagutu duen neska txundigarriarekin egoteko guztia uztera doana. Lanpostua utzi eta 45 urterekin Arte Ederrak ikasteko unibertsitatean izena eman duen amarekin kafetxoa gustura hartuko nuke. Besarkada emango nioke Kubara oporretara joan eta bueltako hegazkina hartu ez zuenari. Dantza egitera noan bakoitzean, gauak beste kutsu bat du Komet han badabil.

34 urte eta zilar koloreko ilea dituen majaderoa naiz, gazte plantak egiteko burua tindatzen hasi dena. Aspaldian zaborretan aurkitu nuen peluxezko gepardo erraldoi bat besapean hartuta irteten naiz kalera, joaten naiz oporretara. Pitokeria bat bestearekin kateatzen jarraitzen dut, eta DJen akelarreetan auzo lotsa eragiten dute nire manerek. Tipo irrigarri samarra nauzu, eta nire buruarekin adeitsu izaten ari naiz. Baina errepidean jarraitzen dut, oraingoz.

MOBYDICKEN PAPEREZKO KONTZERTUAK

Igandean, Eneko Burzako MobyDick kantautorearen (Getxo, Bizkaia, 1982) txanda izango da Paperezko Kontzertuak egitasmoaren barruan. 11:30etik aurrera, emanaldi-solasaldia egingo du Zarauzko Garoa liburu dendan. Liburu bat aukeratzeaz gain, hainbat abe...

Bidea argitzeko bereizgarria

Pertsona askok pentsatzen dute ikusmena izaten den edo izaten ez den zerbait dela. Uste dute, gainera, ikusteko zailtasuna beti zuzen daitekeela betaurrekoen edo ebakuntzen bidez. Bada, Begisarek, Gipuzkoan erretinosi pigmentarioa dutenen elkarteak, erakutsarazi nahi du badagoela beste multzo bat. Multzo horretan sartzen dira ikusmen murriztua duten herritarrak. Oraingoz, inolako betaurreko, tratamendu edo ebakuntzarik ez dute asmatu horien ikusmen arazoak gainditzeko....

Eskolarteko txapelketako zortzi finalistak, erabakita

Bukatu dira Gipuzkoako 34. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako kanporaketak. Zortzi bertsolari gazte hauek sailkatu dira 14 eta 18 urte bitarteko finalera: Eneko Araiztegi (Segura), Maider Arregi (Oñati), Jon Gurrutxaga eta Iñigo Ibañez (Azpeitia), Aratz Igartzabal (Gabiria), Paul Iruretagoiena (Ataun), Iraitz Mateo (Oiartzun) eta Amaia Urbieta (Zarautz). Finala Arrasateko Amaia Antzokian jokatuko dute, maiatzaren 25ean, 11:00etan.

Lehen aldiz, Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunaren barruan egingo dute eskolarteko finala. Bertso eskolen egunaren helburua da Gipuzkoako bertso eskoletako gazteek elkar ezagutzea eta elkarrekin egun ederra pasatzea. Sarrerak www.bertsosarrerak.eu atarian eskura daitezke. Herri ugaritatik jarriko dituzte Arrasatera joateko autobusak. Aurrerago jakinaraziko dute ordutegia.

Goizez, finala jokatu ostean, bakoitzak bere etxetik eramandakoa bazkalduko dute. Arratsalderako, berriz, Txatxilipurdi elkarteak jolasak antolatu ditu. Iaz, Pasai Donibanen ospatu zuten bertso eskolen eguna, eta 200 gaztetxotik gora elkartu ziren.

14 urte artekoetan, bertso paperen lehiaketari eutsi diete. Aurten, ordea, ez dute egin bat-bateko lehiaketarik. Horren lekuan, saio didaktikoak antolatu dituzte. 14 eta 18 urte artekoan ere izan dira aldaketak. Orain arte, oholtza gainean jokatu izan dira kanporaketak; aurten, berriz, mahaiaren bueltan kantatu dute gazteek, afari baten ondoren. Finalerako gaiak prestatzeko ardura hainbat bertso eskoletako gaztetxoek izango dute Egoitz Aizpuru eta Inaxio Usarralde gai-jartzaileen laguntzarekin.

Begisare elkarteko kideak.

Egun, 170 kide inguru ditu Begisarek. 1997an sortu zuten erretinosi pigmentarioak eragindakoen Gipuzkoako elkartea, eta hiru helburu nagusi ditu: ikerketa bultzatzea, gaixotasuna duten herritarrei laguntza eskaintzea eta gizartea sentsibilizatzea.