Virginia Imazek bi ikuskizun emango ditu ontzian, bihar bat eta etzi bestea

Virginia Imaz clown donostiarrak bi emanaldi egingo ditu Zoroen Ontzian asteburuan. Bihar, 22:30etik aurrera, De miel y escalofrío lana emango du. Sarrerak bost euro balioko du. Hurrengo saioa igandean egingo du Imazek, 19:00etan hasita. Solo cuando me río lana eskainiko du. Lan hori ikusteko ere bost euro ordaindu beharko dira. Oihulari Klown taldearen sortzaileetakoa da Imaz, eta pailazo lanean 25 urtetik gora daramatza. Hilaren 26an, berriz, Imes Grimland-ek A flor de piel lana emango du. Edonola ere, edukiera mugak ditu ontziak ikusleentzat, eta bertakoek esan dute hobe dela ikuskizunetara sarrerak aurrez hartuta joatea. Horretarako, 626-08 56 89 telefono zenbakira deitu edo az@azart.org helbide elektronikora idatz daiteke. Informazio gehiago www.azart.org helbidean lor daiteke.

Ogi Berri Migel Soroa Txapelketako finaletan zazpi gipuzkoar arituko dira

Pilotako II. Ogi Berri Migel Soroa Txapelketako finalak bihar jokatuko dira, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 17:00etan hasita. Hamabi finalistetatik zazpi gipuzkoarrak dira.

Elduaingo Migel Soroa pilotari ohiaren oroimenezko txapelketa urtarrilean jarri zuten martxan, eta hiru mailatan banatu dute. Gazteetan, Laso-Martinez eta Peña-Martija bikoteak iritsi dira finalera. Jon Ander Peña tolosarrak etxean jokatuko du, beraz, afizionatuen mailako txapelketa garrantzitsu honetako azken partida. Azken denboraldian eta txapelketan bertan, sekulako gorakada izan du Peña gazteak. Finalaren atarian egindako adierazpenetan, tolosarrak adierazi du eskuinarekin konfiantza hartzen hasia dela, lesioekin hainbat arazo izan ondoren. Aurkarien artean, Lasoren jokoa da nabarmentzekoa. Nafarrak eskuinarekin oso-oso bizkor astintzen du pilota, eta ikuskizuna eskaini du orain arteko partidetan.

21 urtez azpikoetan, Dario-Erasun eta Labaka-Imaz izango dira lau protagonistak. Jon Erasun zizurkildarra da; 17 urte besterik ez duen arren, helduagoen aurka ari da jokatzen, eta hori nabaritu egiten da frontoian; kolpeari dagokionez, batez ere. Hala eta guztiz ere, dohain handiak ditu. Horren erakusgarri da finalera sailkatu izana. Oso pilotari segurua da, eta ia ez du pilotarik galtzen. Gainera, haren esanetan, helduagoen aurka jokatzeak are gehiago motibatzen du. Zizurkildarrak Dario errioxarra izango du lagun aurrean: ez da nolanahiko pilotaria hura ere, bi enpresa nagusiak baitaude haren ibilbideari adi. Eskuin eskuarekin kolpe bikaina du.

Finalean, Erasunen eta Darioren aurkariak gipuzkoarrak dira: Eneko Labaka albizturtarra eta Ander Imaz oiartzuarra. Bikote horrek ezustekoa eman du; izan ere, txapelketa behe-behetik hasi, eta finalean sartzea lortu dute. Tolosaldeko aurrelaria joko bolada onean dabil; defentsa ona du, eta, gainera, asmatzen ari da tantoa bukatzeko garaian. Ander Imaz, berriz, txapelketako atzelaria izan da orain arte; ikusleen artean zeresan handia eman du oiartzuarrak. Eskuinarekin jotzen duenean, abiadura izugarria hartzen du pilotak. Oso bikote orekatua osatzen du Labakarekin batera.

Aurreko ligaxkan bi bikote horiek elkarren aurka jokatu zuten, eta orduan 22-19 irabazi zuten Dariok eta Erasunek. Oraingo honetan, ordea, desberdina izango dela uste du atzelari zizurkildarrak: "Labaka eta Imaz joko puntu hobean iritsi dira finalera".

Nagusietan ere partida estua espero da. Hiru gipuzkoar iritsi dira finalera: alde batetik, Iñaki Artola —Gorriti izango du lagun—, eta, bestetik, Arrieta eta Arratibel. Hirurak ere sasoiko daude, eta, berriz ere, txapelketa guztian erakutsi dute afizionatuetan oraingo pilotari onenetakoak direla. Beotibarrera joandako pilotazaleek bertatik bertara ikusiko dituzte bataren eta bestearen dohainak.

Artola alegiarra afizionatuetan dagoen pilotaririk onenetakoa da. Azken urteetan txapelketa ugari irabazi ditu; jauzia emateko zain, txiki geratu zaio maila. Bikotearen pisua berak eramaten du, baina Gorriti atzelariarekin gustura dabil: "Gutxi galtzen duten atzelariekin oso eroso sentitzen naiz, eta Gorriti esperientzia handiko pilotaria da, segurua". Oso bikote indartsua osatzen dute gipuzkoarrak eta nafarrak, eta txapela irabazteko faboritoak dira.

Aurkariak, ordea, defentsa handiko pilotariak dira; batez ere, Arrieta aurrelaria: hernaniarra punta-puntako pilotaria da, eta hari tantoa sartzeko, pilota zehaztasun handiarekin mugitu beharko dute aurkariek. Arratibel ataundarrarekin osatzen du bikotea Arrietak. Atzelaria eskuetako arazoekin ibili da azken urteetan; klase handiko pilotaria da, hala ere, eta, defentsaz gain, tantoa amaitzeko ez du bitan pentsatzen, aukera duenean.

Pilotazale asko Beotibarren

Tolosako Beotibarren pilotazale ugari elkartu da txapelketa guztian, eta pilotariek nabaritu dute. Iñaki Artolaren esanetan, kanpotik etorri diren pilotariak "harrituta" gelditu dira, harmailetan egon diren giroarekin. Alegiarraren esanetan, jendea etorkizuneko pilotariak ikusteko gogoz inguratu da Beotibarrera.

Jon Erasunek sentsazioen inguruan hitz egin du ikusleen gertutasuna azaltzean. Zizurkildarrak dio kuslerik gabe edo ikusleekin jokatzea ez dela gauza bera, eta jendearen animoak eta laguntza eskertzekoak direla.

Jon Ander Peñak etxean jokatu du txapelketa, eta finala ere horrela jokatuko du. Euren mailan aurkari gogorrak izan dituztela dio, eta hasieran ez zutela espero finalera iristea. Helduagoei begira egoteko aukera ere izan du Peñak, eta goi mailako txapelketa izan dela uste du.

Antolatzaileak tolosarraren iritzi berekoak dira, eta oso gustura daude orain arte ikusitakoarekin. Anizeto Lazkano tolosarra buru-belarri ibili da partidak antolatzen eta koordinatzaile lanetan. Finalean sartu diren pilotariekin oso gustura dago, eta kanpoan gelditu direnek erakutsita- koarekin ere bai. Kantxan ikusitakoaren balantzea positiboa baldin bada, zer esanik ez harmailetan ikusitakoarena. Lazkanok nabarmendu du hasieratik jendearen erantzuna "oso ona" izan dela. Finalean ere beste horrenbeste izatea espero du.

Perituak dio

Ostiral gaueko hamaikak dira. Zutabe honek atzo arratsalderako bidalia behar zuen, baina astelehena arteko amnistia eskatu behar izan diet goizean Andoaingoei. Euria ari zuen nire erraietan asteazkenaz geroztik, aspaldi bota gabeko euri jasa nabari nuen nire baitan. Oso irristakor sentitzen nituen oinak pauso bakar bat emateko, begirada lausotuegia ezer taxuz ikusteko.

Astea oskarbi abiatu nuen, bakean. Igandean Annerekin itzuli nintzen Pragatik Berlinera trenez. Aspaldiko bost ordu gozoenak izan ziren. Jannowitzbrücken metrotik jaitsi, eta urruntzen ikusi nuen haren bagoia, haren jertse zuria. Inor ez zebilen geltokian, eta eskailera mekanikoak dantza inozo batean jaitsi nituen beheko solairura, etxera eramaten nauen U8 lineako nasara.

Asteazkenean etxetik pasako zela agindu zidan. Poztu egin nintzen, lehenago ezin izango zuela esana zidalako. Sezerren marrubi tarta probatzera eraman nuen, ez zuen ezagutzen. Iritsi zenetik antzeman nuen ezeroso zebilela, eta metrora lagundutakoan zapla bota zidan. Ez dut honekin aurrera jarraitu nahi. Ez nion zergatik galdetu. Zertarako, hori larritua zeukana koitaduak. Orduan sumatu nituen lehen euri tantak barrunbean. Zirimiria bakarrik zen oraindik; segituan pasako da, engainatu nuen neure burua.

Ostiral gaueko hamaikak dira. Behingoz ateri dagoela nabaritu dut, baina zaparrada ez da nolanahikoa izan. Hiru egunetako uholdearen kalteak neurtu berri ditu perituak; pasa dit txostena. Egoa txiki-txiki eginda daukazu, ikusi noraino igo den ura. Baina egoa aseguratu gabe zeneukan, sentitzen dut.

Bi aste baino ez dira pasa nik inola ere espero gabe afaltzera gonbidatu ninduenetik. Bi aste horiek nahikoak izan ditu gosea galtzeko. Annek ekarritako lainoak bakarrik ez ziren gai izango, hala ere, nire barruan halako ekaitz perfektua eragiteko.

Mariekek lehenago bidalitako hodeiak ere batu zaizkie, ordea, trinkoak eta beltz-beltzak, hura ere segituan aspertu baitzen nirekin lakura bizikletarekin joateaz. Zergatik gogaitu zineten hain azkar. Bien erantzunekin nire egoa onik litzateke oraindik, beharbada, baina nahiago izan dut ez galdetu eta trumoiak baretu arte itxaron, blai. Bularra zanpatzen didan denboralea nondik datorren asmatu ezinik. Ondoegi jakinda.

Ostiral gaueko hamaikak dira. Bowieren Sound And Vision atera dut itsu-itsuan. Aterki moduan erabili izan dut beti abestia, baina oraingoan enbatak azkar okertu eta birrindu du guardasola. Diskoa aldatu dut bizkor. Ulertzekoa da. Schönebergen idatzi zuen Sound and Vision Bowiek. Eta Anne Schönebergen bizi da, eta gainera mezua bidali berri dit.

Bera ez omen da irtengo, baina ea nik ostiral gauerako plan dibertigarririk ba ote daukadan. Artikulua behingoz bukatzeko asmoarekin nabilela erantzun diot, eta ea zertaz ari naizen galdetu dit, modu nahiko maitagarrian. Egia erantzun diot, nire egoaz, ezingo nuke beste ezertaz idatzi oraintxe bertan. "OK, ulertzen dut", whatsapp-ak piztu du telefonoa. Euria ari du berriz, goian behean, eta ez daukat non ezkutaturik. Zutabea behingoz bidaltzeko moduan nagoela uste dut behintzat.

“Belarrira doana maite dut egun”

Benito Lertxundik Kilometroak jaiaren alde kontzertua eskainiko du Orion bihar, 22:00etan, Karela kiroldegian. Sorterrian ariko da. Azkenaldian darabilen errepertorioa joko du, Oroimenaren oraina azken diskoko kantuak batik bat. Bere ofizioa maite du;...

“Fisioterapia masajeak ematea baino askoz gehiago da”

Naiara Olaetxeak (Tolosa, 1981) hainbat urte daramatza fisioterapeuta lanean. Sorian egin zituen fisioterapeuta ikasketak, eta, behin hori bukatuta, lanari ekin zion buru-belarri. Hainbat urtez kanpoan aritu izan da fisioterapeuta lanean, Perun eta Fr...

Hamarkada bete doinu

MusikaArrasateHamargarren aldia du Arrasateko Udaberriko Musikaldiak. Joan den asteburuan hasitako egitarauari jarraipena emango diote gaurtik igandera bitarte, herriko zenbait gunetan. Aurtengo programan euskal autoreek duten garrantzia nabarmendu du...

17

Uda aurretik Gipuzkoan izango diren zero zabor herriak. Beste lau udalerri zero zabor herri dira: Berastegi, Lizartza, Alkiza eta Leaburu-Txarama. Uda aurretik, Aizarnazabal, Asteasu, Beizama, Belauntza, Bidania-Goiatz eta Errezil ere bai. Guztira, hamazazpi herri izango dira hala.

UDABERRIARI ONGI ETORRIA, MUSIKAREKIN

Aurten ere, Udaberri Fest jaialdia hartuko du Zarautzek. Munoako karpatik askotariko musika taldeak igaroko dira bihar, 18:00etatik aurrera. Han izango dira Gatibu, Gose, Skasti, Lauroba, Bluestock, Perlak, Patera Style Sound System eta DJ Gulu-Gulu. ...

Talde ekologistak pozik, elkar ezagutu eta batu direlako

Bilduren agintaldian esperotako aldaketarik jaso ez badute ere, Gipuzkoako talde ekologistek ez dute prozesua "ezkortasunez bizi": "Prozesu honek natur eragileak biltzeko balio izan du, eta elkartuta jarraitzeko asmoa dugu. Aldundiak jakin beza bidel...