Euskararen sufrimenduak eta pozak

Debekuak, zigorrak, itxierak. Askotarikoak dira urteetan euskarak jasan dituen erasoak. Dozenaka urte egin daiteke atzera adibideak aurkitzeko, edo hamar bat urte besterik ez. 1349. urterako debekatu zuten Hueskako azokan, hebreera eta arabierarekin egin zuten bezala. 1730ean, Beasaingo Udalak utzitako lekukotasunak zigorrak iragartzen zituen euskaraz hitz egiten zuenarentzat. Eta 2003an, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera. "Gauza batzuk ez dira hainbeste aldatu". Hala dio Arantxa Erasun Euskal Memoria Fundazioko kideak. Urteetan euskararen kontra egindakoa ezagutzera emateko, Euskara, ospeletik eguterara erakusketa ibiltaria prestatu du fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta zenbait udalekin elkarlanean. Dagoeneko ikusgai dago Oiartzunen.

Bereziki azken mendean euskararen aurka hartu diren neurrien zipriztinak bildu dituzte; dena den, traben gainetik, euskarak bizirik jarraitu ahal izateko sortutako mugimenduari bere lekua egin nahi izan diote. "Gauza bat da euskarak zer sufrimendu eman digun, baina poza ere eman digu. Euskara ilunpean egon da, sufritu dugu eta sufritzen ari gara. Hala ere, euskarari eutsi egin zaio, herritarrek horri eusteko mugimendu zabal bat antolatu dutelako". Erakusketako hamahiru paneletan historiaren pasarteak jaso dituzte; zapalkuntzaz hitz egiterakoan, berriz, hamaika adibide: euskarazko liburuak erretzea, frankistek Tolosan egin zuten bezala; euskaraz ari ziren irratiak edo egunkariak ixtea, baita euskaraz egitea debekatzea ere. Edo administrazioan euskaraz hitz egitea galaraztea. Euskararen ezagutzaren bilakaeraren berri ere ematen dute: 1866an, %96,6 zen Gipuzkoan; 2001ean, berriz, %51,5.

Euskarari buruz ez ezik, euskaldunen bizipenez ere mintzo da erakusketa. Zigor Etxeburua aldundiko Euskara zuzendariaren hitzetan, "asko" hitz egin da euskararen normalizazioaz, baina ez hainbeste euskal hiztunen bizipenez: "Gure ikuspegitik euskaldunon bizipenek ezin dute jarraitu frustrazioaren bidetik. Normalizazio politikoaren garaian gaude, eta bere eskutik joan behar du normalizazio linguistikoak". Dioenez, "funtsezkoa" da euskaldunek bizi izandakoaren berri ematea, bizipen "gaizto" horietaz jabetu eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

Irudiak eta solasaldiak

David Anauten Euskararen kate hautsiak liburuarekin heldu dio Euskal Memoria Fundazioak zapalkuntzaren gaiari, eta hori da, hain justu, erakusketaren oinarria. Baina, panelez gain, informazio hori beste hainbat euskarritan jasotzeko aukera ere izango dute bisitariek. Ikus-entzunezko baten bidez, zenbait lagunen testigantzak entzun ahal izango dira. "Aukera emango du ez bakarrik lekukotasunak entzuteko, baita emateko ere. Kontakizun hori egiten segitu nahi dugu, eta hori herritarrek egin behar dute". Hori horrela, soka batean lekukotasun idatzien zatiak egongo dira, eta bertaratzen direnek aukera izango dute euren gogoeta zintzilikatzeko. Gainera, eskualdez eskualde mahai inguruak antolatuko dituzte; horietan ariko dira, besteak beste, zapalkuntzaren biktima izan direnak, hizkuntzaren urraketan adituak eta euskararen alde herrigintzan dabiltzanak.

Oiartzunek hartu du aste honetan erakusketa, udaletxeko pleno aretoan —igandera arte ikusi ahal izango da—. Irati Etxebeste Oiartzungo Euskara zinegotziak azaldu duenez, erakusketaren inguruan egitarau zabalago bat osatzeko proposatu diete udalei, eta haiek halaxe egin dute aste honetan: Oiartzueraren eta Memoria Historikoaren Astea prestatu dute. Horretan izan dituzte hitzaldiak, dokumentalak, antzezlanak… Aurrera begira, dagoeneko zehaztu dituzte hurrengo geldialdiak: maiatzean Zarautz, Donostia eta Arrasatera iritsiko da erakusketa; ekainean, Tolosa, Azpeitia eta Urola Garaian ikusi ahal izango da. Udazkenean helduko da Orio, Lasarte-Oria, Debabarrena, Goierri eta Debagoienara.

“Kudeaketa duin eta indartsua lortuko dugu”

Roke Akizu da (Soraluze, 1967) aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko zuzendari berria. Bere departamentua baso sektorekoen eta ekologisten erdian ikusten du, baina "oreka mantentzen ahalegindu" behar dutelakoan dago.

Julian Unanueren kargugabetzea baso politiketako barne mailako desadostasunetatik etorri da?

Ez, ez dago desadostasunik. Baso politikak gobernuak markatzen ditu, eta denentzako garbi daude. Diputatuaren ardura da kargugabetzeena, baina ildo politikoa markatuta dago. Beste kontu bat da erritmoen eta ikuspuntu berrien gaia, eta hori nik hobeto egin nezakeelakoan aldatu da kargua. Dena den, garrantzitsuena hemendik agintaldi amaiera arteko lanak dira.

Jon Peli Uriguenek adierazi zuen Unanue motel ari zela aldaketak gauzatzen.

Aldundiko kideok apustu garbia egiten dugu bertako landaretzan oinarritutako ekosistemei duten balioa aitortzeko. Horretarako, guk kudeatzen ditugun lur publikoetan —nahiz eta batzuk udaletxeen esku egon— dauden 11.345 hektareatan eraldaketa bat egitea nahi dugu. Bertan landatutako espezie exotikoetatik bertako espezieetarako aldaketa egin nahi dugu. Hori orain arte erritmo batean egiten zen, eta orain hamar urtetarako plangintza zehatzak markatu ditugu. Aurten eta datorren urtean, esaterako, urte bakoitzean mila hektarea inguru eraldatu nahi ditugu. Beste gauza bat da mendi pribatuetan egin beharrekoa. Aldapa handiko lursailetan eta baldintza klimatologiko desegokietan egurra ateratzea saihestu nahi dugu, lurra babestea ezinbestekoa delako. Hor irizpide batzuk ezarriko ditugu egurra baldintza egokietan ateratzen dela bermatzeko.

Horiek dira Larraitz Ugartek aipatutako baso politikako aldaketak?

Hori gobernuaren irizpidea da, eta bere horretan ez da aldatzen. Aldatuko dena urratsen planifikazioa da, aipaturiko hektarea horiek bertako landaretzara eraldatzeko prozesua denboran kokatu dugulako. Mendi pribatuetako basoen ustiapenean ezarri nahi ditugun irizpideek, agian, ekarriko digute foru arauen aldaketa edo dekretuen beharra.

Baso sektorekoen arabera, bioaniztasunak garrantzi handiegia du.

Bioaniztasuna zaintzea eta basoak errentagarriak izatea ez da kontrajarria. Baina errentagarritasuna ez da hektareako zenbat metro kubiko egur ateratzen den soilik. Kontuan hartu behar da ikuspegi soziala eta ekologikoa ere, eta hori bermatzeko beharrezkoa da bioaniztasuna ere kontuan hartzea, eta administrazio publikoak badu ardura hori.

Ekologisten ustez, aldiz, ez da etorri Bildurekin espero zuten aldaketa.

Uste dut gauza batzuk egin direla, bertako landaretza sustatzeko diru laguntzak igo egin dira, eta azken urteetan pista berriak zabaltzeko lanak ez dira finantzatu. Aurten, ez fumigatzeko erabakia ere hartu dugu. Aldaketak egin dira, agian, ez eurek espero zuten erritmoan. Gu erdian gaude, eta oreka mantentzen ahalegindu behar dugu, bi aldeek diotena kontuan hartuta ados jarri ahal izateko.

Posible al da errentagarritasuna eta ikuspegi ekologista uztartzeko politikak egitea?

Bai, posible da. Bioaniztasuna kontuan hartzen ez bada, errentagarritasuna antzua dela uste dut; beraz, guztia kontuan hartu beharra dugu politikak egiteko orduan. Uste dut lortuko dugula baso kudeaketa duin eta indartsua egitea.

Nerabeen bost proposamen Donostia berritzeko asmoz

12 eta 16 urte bitarteko 225 ikaslek hainbat proposamen egin dituzte Donostia hiri berritzaileagoa izateko helburuz. Innobasque berrikuntzaren euskal agentziak antolatuta, Donostiako bost ikastetxetako ikasleak gora bildu ziren asteartean TrainINN Lab...

LAB, MICHELINGO AKORDIOAREN AURKA

LABek salaketa jarri du Espainiako Auzitegi Nazionalean Michelinek CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako malgutasun akordioaren aurka. Estatu mailako akordio horrek Michelinek Lasarten eta Gasteizen dituen guneei eragiten die. Irudian, langileen agerr...

Gipuzkoarron jatorriaz

Gipuzkoa itsasertzean eta penintsula kontinentearekin lotzen duen pasabidean, joan-etorrian dabiltzan pertsonen eta salgaien pasalekua izan da. Erromesak, marinelak, merkatariak, ingeniariak… hamaika bizibidetako pertsonak erakarri ditu Gipuzkoak. Horrela, mendez mende, gure artean izan ditugu "beste" gu batzuk: gaskoiak, ijitoak, atlantikoan portuak dituzten hainbat herritako pertsonak... Halaber, merkataritzarako aukerak lurralde industrial egin du Gipuzkoa: ontzigintza, burdingintza, ehungintza, ekoizpen agroalimentarioa eta abar eta abar ekoizten asmatu dugu. Hamaika produktu eta zerbitzu sortu dugu eskaerari erantzun nahian eta bizibide duin baten bila.

Kokapenak eta ekonomiak, beraz, osaera sozial berezia eman digute, zer esanik ez azken hamarkadetan. Frantziako Errepublikak eta Espainiako erresumak, maiz, beren hedabideen bitartez, etengabe gogorarazten digute zeinen egoera larria duten immigrazioa dela medio; lurralde horietatik kanpo sortutakoak %14,6 eta %11,6 dira, hurrenez hurren. Gipuzkoan, aldiz, gaur egun biztanleen %22,6 dira Euskal Herritik kanpo sortutakoak. Euskal Herri osoari erreparatuko bagenio, %28,5eraino iristen da, eta Ipar Euskal Herria bere horretan hartuta, %43,6. Katalunian proportzio hori %38,5eraino iristen da. Beraz, euskal herritarrok, eta katalanek ere bai, badakigu zerbait bizikidetzaz, eta bagenuke zer konta munduari. Ohar gaitezen ez dugula prozesu hori kudeatzeko eta behar bezala antolatzeko eskumenik izan.

Gipuzkoar eta oro har euskal herritarren jatorriak, ordea, lotura handia du gure historiarekin. Azken hamarkadetakoa, batez ere, gerra galdu izanarekin eta Madrilgo asmo asimilazionistekin oso lotuta egon da. Baina errepara diezaiogun gure ekonomiaren historiari. Industria non, herritarrak han. Bailaraz bailara, tokiko industriaren indarraren arabera osatu da Gipuzkoako giza geografia orain arte. Horra hor, Irun, Pasaiako badiaren inguruko herri eta auzoak, Lasarte-Oria, Andoain, Zumarraga, Eibar edo Debagoieneko hainbat herri.

Baina garai bateko su eta keak, hazkundeak eta ondareak nola baliatu ditugun ere hausnartu beharko genuke. Izan ere, inork non ez dakiela eraikitako egitasmo ekonomiko horiek dakarkigute orain agerian ditugun hainbat gabezia; ez genituen erabaki, baina bai jasan. Hiriguneetan txertatutako lantegi zaharkituak, herritarrez leporaino betetako "usategiak", eta abar. Eta, hain zuzen, estualdi ekonomikoak datozenean denontzat diren arren, estuagoak dira, berriro ere, leku horietan. 1980ko hamarkadako krisiak gogorren jo zuen herri eta auzo horietan ditugu egun langabezia eta prekarietate egoerarik larrienak. Sinesten ez duenak aski du aipatutako geografiari bueltaxka bat ematea hango eta hemengo tabernetan pintxoak dastatuz edozein egunetan.

Azken urteotan izaten ari garen gainbeherari eta estualdiari nola erantzun izan behar du oraingo erronkak. Ez du, ordea, edozein konponbidek balio. Hurrengoa datorrenean gure geografian "ahul" diren eremuek egoera hobean erantzuteko prestatu beharko genuke geure burua. Ez daitezela betiko zonaldeak enbataren aurrean horren ahul egon, ez daitezela kalteak jasaten lehenak izan. Ea berriro bizikidetza ikasgai bat eman ahal dugun. Estaturik ez duen herri baten estatu mailako ikasgaia. Has gaitezen orain prestatzen biharko krisiaren erantzuna, lurralde ikuspegiz.

Virginia Imazek bi ikuskizun emango ditu ontzian, bihar bat eta etzi bestea

Virginia Imaz clown donostiarrak bi emanaldi egingo ditu Zoroen Ontzian asteburuan. Bihar, 22:30etik aurrera, De miel y escalofrío lana emango du. Sarrerak bost euro balioko du. Hurrengo saioa igandean egingo du Imazek, 19:00etan hasita. Solo cuando me río lana eskainiko du. Lan hori ikusteko ere bost euro ordaindu beharko dira. Oihulari Klown taldearen sortzaileetakoa da Imaz, eta pailazo lanean 25 urtetik gora daramatza. Hilaren 26an, berriz, Imes Grimland-ek A flor de piel lana emango du. Edonola ere, edukiera mugak ditu ontziak ikusleentzat, eta bertakoek esan dute hobe dela ikuskizunetara sarrerak aurrez hartuta joatea. Horretarako, 626-08 56 89 telefono zenbakira deitu edo az@azart.org helbide elektronikora idatz daiteke. Informazio gehiago www.azart.org helbidean lor daiteke.