Mendia ezagutuz maitatzeko

Afizioa ofizio bihurtu. Horixe da Legazpiko hiru gaztek egin berri dutena. Mendiarekiko zaletasuna eta maitasuna dira batzen dituen ezaugarriak, eta hortik sortu zaie Mendi Bazterrak enpresa martxan jartzeko ideia. Krisiaren eraginez bestela lana aurk...

Bergaran, ‘Guifi.net’-i buruzko batzarra egingo dute bihar

Gipuzkoan pixkanaka-pixkanaka ari da zabaltzen Guifi.net sarea. Duela bi urte, Errenteriako Gaztaño auzoan muntatu zuten lehen azpiegitura, eta, geroztik, hainbat lagun lanean dabiltza egitasmoaren oihartzuna eskualde guztietara iritsarazi nahian. Bihar, esate baterako, Bergarako gaztetxean batzar bat antolatu dute, Debagoienean Guifi.net sarea bultzatzeko helburuarekin. Zibergara taldeak antolatu du batzarra, eta 10:30ean hasiko da. Bertan parte hartuko dute Elgetako, Arrasateko, Antzuolako eta Oñatiko hainbat ordezkarik.

Hasteko, Guifi.net proiektua zer den aurkeztuko dute. Zein diren haren ezaugarriak, zein bereizgarri dituen, alderdi teknikoak... Herri edo auzo bakoitzeko egoeraren berri emango dute gero. Aurkezpen horiek bukatuta, mahai inguru irekia egingo dute, ikusteko herritarrak zenbaterainoko konpromisoa hartzeko prest leudeken. Azkenik, eman beharreko pausoak adostuko dituzte.

Hasiera batean, egitasmoaren bultzatzaileek Oiartzualdean, Donostia inguruan eta Bidasoan lan egin zuten, batez ere. Azken hilabeteetan, ordea, Gipuzkoako eskualde gehiagotan jarri dute martxan Guifi.net. Eskoriatzako hainbat auzotan, adibidez. Tolosaldeko hainbat herrik ere bat egin dute proiektuarekin, eta martxan jartzeko gutxieneko azpiegitura sortzen ari dira. Tolomendi Landa Garapen Elkarteak landu du gaia Tolosaldean. Internet zerbitzua jasotzeko zailtasunak dituztenei konponbide bat eman nahi die elkarteak. Hala ere, ez da landa eremuetara soilik mugatutako proiektua. Herriz herri ari dira sarea hedatzen.

Andoain da egitasmoa indartzen ari den beste herrietako bat. Hiru antena instalatu dituzte herrian. Udaletxeko teilatuan eta Sorabillako elizaren dorrean antena bana instalatu zuten lehenik, eta, bien arteko zubi lana egiteko, hirugarren antena jarri behar izan dute gero; Goiburu auzoko etxebizitza batean.

2012ko Kilometroetan

Herrietara ez ezik, hainbat jaialditara ere zabaldu dute Guifi.net sarea. 2012an, Andoaingo Kilometroetako koordinakundearekin eta udalarekin adostu zuten ibilbide guztian sare bat sortzea egun horretarako. Horrez gain, iazko udaberrian, Urduñan (Bizkaia) egindako Gazte Danbada jaialdian ere jarri zuten sarea.

Kultur hiria, kontraesanak eztabaidagai

Donostiako Kultur Hiriburutzaren afera eta horrek sustatzen duen hiri eredua zein den eztabaidan jartzeko eta modu kritikoan interpretatzeko helburuz, mahai ingurua egin du abiadura handiko trenaren aurkako Donostiako taldeak, Kortxoenea gaztetxean, Azpiegiturak, AHT eta 2016 Kultur Hiriburutza: Kultur eraldaketa ala hiriaren merkantilizazioa helburu izenburupean.

Urtarrilean AHTaren aurkako Mugitu desobedientzia mugimenduak Donostian egin zuen aldarrikapen ekintza baten ondorioz piztutako erreakzioetatik sortu zen astearteko mahai ingurua. Hain zuzen, Donostiaren 2016. urteko Europako Kultur Hiriburutza sustatzeko Igeldoko mendi magalean jarritako DSS 2016 EU esaldia AHT TAV EZ leloarekin estali zuten orduan. Ekintzaileen hitzetan, "gertaera hori zenbait komunikabidek sabotajetzat eta 2016ren kontrako boikot astetzat jo dute, baina Kultur Hiriburutzaren bulegokoek ziurtatu dute egitasmoan AHTari buruz egiten diren aipamenak aurreko udal gobernuaren inposizioa izan zirela". 2009tik 2011ra Santi Eraso izan zen Europako Kultur Hiriburutzako egitasmoaren zuzendaria, eta bere jarrera azaldu zuen Kortxoenean: "Zoritxarrez, askotan kapitalaren Europari atxikita ibili diren Europako kultur hiriburuen marka eta eredu horietatik hasieratik bereizi nahi izan dugu guk".

AHTaren aurkako Donostiako taldearen ustez, "AHTari buruz aipamen ugari egiten dira Donostia Europako kultur hiriburu izan dadin Europako Batzordearen aldekotasuna lortu zuen dokumentuan; hiriaren azpiegitura bikainen artean goraipatzen dira, halaber, Gipuzkoa eta Euskadi osoa zeharkatzen duten autopista eta autobideen sare trinkoa eta 2016an hiri erdialdearekin zuzenean lotura egingo duen metroaren lehen linea. Donostiako aireportuaz gain, Bilbo, Gasteiz, Miarritze eta Iruñeko aireportuak ere aipatzen dira, ehun kilometroko erradioan aurkitzen direnak".

Egitura orokorra eztabaidagai

Dokumentuak dionean oinarrituta, "kultur hiriburutzak gizartea eta kultura antolatzeko modu jakin bati erantzuten" diola uste dute AHTaren aurkakoek: "Planaren ardatz nagusia turismoaren gehikuntza lortzea da". Kortxoeneko mahai inguruaren antolatzaileen hitzetan, "kontua ez da hiriburutzaren programako ekitaldiak nolakoak izango diren, 60 milioi eurotik gorako aurrekontua duen egitasmo horren zentzua eta egitura orokorra eztabaidatzea baizik". Ideia hori ekarri zuen Unai Fernandez de Betoñok, EHUko Hirigintza irakasle eta arkitektoak, Kortxoeneko mahai ingurura: "Gai honetaz hitz egitean hirien merkaturatzearen fenomeno orokorraz aritu behar dugu. Hiria ekonomia iturri gisa jartzen da, eta lurralde antolaketarako hezurduratzat jotzen dira azpiegiturak".

Edonola ere, ekonomia kulturarekin lotzeko ahalegina egiten da Fernandez de Betoñoren iritzian: "Lurralde antolaketarako gida lerroen artean, ardatz eraldatzaileak aipatzen dira, eta horietako bat litzateke sorkuntzarena". Baina kultura hirien makillaje modura baliatzen delakoan dago arkitektoa: "Diskurtso horri alde polita, alde salgarria jartzera dator sorkuntza, hiria bera salgai bihurtzeko. Kulturak aberastasuna sortzen duelako egiten da kulturan inbertitzeko hautua".

Azpiegiturena ez da hiriburutzaren egitasmoari AHTaren aurkakoek ikusten dioten kontraesan bakarra: "Parte hartzea da egitasmoaren lelo nagusietako bat; zehazkiago, hiritarren parte hartze aktibo eta konprometitua Internet bidez eragin asmo dute sustatzaileek. Horrek guztiak herritarren parte hartze zuzenaren aurkako asmakizun bat dirudi, ordea, jendarteak informatzeko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko benetako espazio publikorik ez duenez".

Horretan sakontzen ahalegindu zen Markel Ormazabal Donostiako herri mugimenduko kidea, parte hartzea modu kuantitatiboan ulertzen baitzuten agintariek, haren hitzetan: "Parte hartzea oso lotuta zegoen ikusle huts izatearekin, eta horrela ulertzen gintuzten herritarrok". Hala ere, baikor dago Ormazabal, azken urteetan "aldaketa dezente" izan dituelako proiektuak. Haren hitzetan, "zuzendaritza bera ere aldatu da eta hasierako zenbait hutsune bete dira". Kortxoenean, horren adibide gisa aipatu zuen euskalgintza arloan diharduten zenbait talde, esaterako, gaur egun hiriburutzaren proiektura "erabat lotuta" daudela.

Ireki leihoak zoro haizeari

Norbait gogoko dudan antzemateko, hutsezinezko metodo ezkutukoa daukat: inauteriak gustatzen ote zaizkion galdetzen diot. Ezezkoa bada, gurutzetxoa ipini eta nazkanteen zerrenda eguneratzen dut. Mozorrotzeak alferkeria eragiten diela eta etxean geratzea nahiago dutela esaten duten guztiak arbuiatzen ditut; deal-breaker borobila da niretzat. Zoro haizea altxatzen denean leihoak ziztu batean ixten dituzten horiek asper dezatela beste norbait, arraioa.

Milaka irakurle leial eta zorrotzek aurpegiratuko didate txoko honetan dolce far niente-aren apologia behin eta berriz egin izan dudala, ahal den gutxien eginda bizitzearena, alegia. Bulkada eroekin beti salbuespena egin beharra dago, ordea. Inork ez die kontatzen bilobei astearte goiz hotz batez tailerrean tornuarekin zein engranaje perfektuak irten zitzaizkion. Barru-barrutik ateratzen zaizkigun egitasmo ustez burugabeak dira gure lagunek gure hiletan irribarre batekin gogoratuko dituztenak. Eta guztiok gure hileta irribarrez betea nahiko genuke, ezta?

Jar dezagun adibidetzat nire idoloetako bat: Leslie Nielsen zena. Hil baino bi urte lehenago, omenaldia jaso zuen Peñiscolako (Espainia) Komedia Festibalean (existitzen da, bai, eta itxura erakargarria du oso). Bi astez deliberatu nuen autoa hartu eta Frank Drebin teniente jeniala oparitu zigun aktoreari nire begirunea adieraztera hurbildu ala ez. Kikildu egin nintzen, eta beti damutuko zait.

Jar dezagun adibidetzat nire beste idoloetako bat: Imanol Epelde. 27zapata-z miresten ditudan bertute guztien zerrenda egiteko hiru bat paragrafo beharko nituzke behintzat, edo hiru eta erdi, baina bakarra emango diot, gaur tokiz justu nabil eta. Irratian hitz egiteko eta poesia ozen errezitatzeko daukan ahalmena salgai balego, hamaikagarrenez eskainiko nioke arima Kutxabanki haiek bereganatzeko. Bururatzen zaion oro berak bakarrik, ia laguntzarik gabe gauzatzeko daukan kemena are gehiago miresten dut, ordea. Etxepare RAP proiektu ederraz erditzeko gaitasuna behar da, baina baita zoramen maitagarria ere. Portzierto, gaurtik bertatik hasita, bost egunez bisitan izango dut etxean, eta zuek ez; izorra zaitezte.

Talentuz betetako bere igerilekura egiten du jauzi Epeldek, eta nirea huts-hutsik dagoenez ostia galantak hartuko baditut ere, ni ere salto egitera noa. Hurrengo helburuen artean lagunekin film labur bat eta punk musika talde bat osatzea dauzkat, besteak beste. Zineaz hutsaren hurrena dakit, eta, musikari dagokionez, ez dut sekula esku artean instrumenturik eduki (txertatu hemen zure txiste lizuna, errazkeria horrekin aukera-aukeran utzi dizut eta). Egitasmo horien xehetasunak ez dituzu BERRIAren kultura sailean aurkituko, zorionez, amateurismoaren akats propioez gain, gustu eta zentzu onaren kanonak birrinduko dituzten beste milioi bat barrabaskeria burutuko ditugulako. Behin hain kuttun izango ditudan bi gorotz pilo horiek bataiatuta, pitokeria berriei helduko diet, mozorrotzea gustuko duen edozeinekin.

Gipuzkoa, barduloen lurraldea

Gaur egun ezagutzen dugun Gipuzkoa erromatarren garaian aipatzen da aurreneko aldiz. "Gipuzkoa gaur egun ezagutzen dugun bezala ez da ezagutzen, baina gaur egun Gipuzkoako lurraldetzat hartzen duguna beste izen batzuekin aipatuta orduan azaltzen da". ...

Baserriz baserri dantzan

InauteriakAbaltzisketa/AmezketaAsteburu honetan, Gipuzkoako herri eta auzo askotan ospatuko dituzte inauteriak. Konpartsen desfileak antolatu dituzte, haurrentzako antzerkiak, mozorro festak, musika emanaldi bereziak... Askotariko ekintzak egingo ditu...

353

Atzerrian ondasunak dituztela aitortu duten gipuzkoarrak. Zergadunak derrigortuta daude Espainiatik kanpo dituzten ondasunen eta eskubideen inguruan Ogasuna informatzera, martxoaren 31 baino lehen. Orain arte, 353 zergadunek egin dute hori, Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez.

LAGUN ZAHARRAK ELKARREKIN ELGETAN

Napoka Band taldeak eta Mursegok kontzertu bat emango dute igandean, 19:00etan, Elgetako Kafe Antzokian. Napoka Iria taldea biko formatua baztertu, eta boskote gisa igoko da oholtza gainera. Napoka Band proiektuan, beste hiru musikari elkartu zaizkie:...

Gipuzkoan, Oiartzualdean hasi zen proiektua garatzen

Guifi.net-ek Oiartzualdean egin zituen Gipuzkoako lehen urratsak. Gaztaño-Guifi.net taldeak bultzatuta, Errenteriako Gaztaño auzoan jarri zuten lehen antena, 2012an. Gero, sarea zabaltzen hasi zen ondoko herrietara. Eskuineko irudian, hainbat lagun sarearen konfigurazioa eta antenak prestatzen, Hondarribian.

Emakume guztien elkargunea

Emakumeon etxeak hartu duen distira, ametsak sortzen ausartuz eta amets horiek gauzatuz, ametsak sortzen ausartuz egia bihurtzen dira”. Bertso hori kantatu zuen Uxue Alberdi bertsolariak Donostiako Emakumeen Etxearen inaugurazioan, 2010eko azaroaren 13an. Hiru urte baino gehiago igaro dira geroztik, eta hasierako amets hura urtetik urtera “errotuago” dago Donostian. Okendo kaleko egoitza erreferente bihurtu da mugimendu feministentzat, emakume elkarteentzat nahiz antolatu...