Kuttun, gozatuz gozaraztearren

Ezustekoa" izan da Josetxo Guiurentzat eta Juan Ortega Kanu-rentzat Kabi Alai elkartearen Inauterizale Kuttun izendapena jasotzea. "Ohorea da inauterizale onak izateagatik suziria botatzea", dio Guiuk. "Gurekin gogoratu dira, eta hori zerbait bada", gaineratu du Ortegak. "Izendapenak esan nahi du ez garela besterik gabe pasa inauterien festa erraldoian", esan du Guiuk. Ortegak eta biek hainbat konpartsa gogoangarri atera dituzte, eta sariak erruz jaso dituzte inauterien lehiaketan.

2011n izan zen konpartsa moduan atera ziren azken aldia. 1973an hasita, kuadrillan, familian, hirukote zein bikote gisa atera izan dira. "Dagoeneko ez ditugu 20 urte, eta ikusita inauteriek eskatzen duten esfortzua, eta bi garenez, bietako batek ezin badu, dena pikutara doa", dio Guiuk. "Zortea izan dugu biotako inork arazorik ez izanda, bestela ez zen posible izango hainbeste urtetan konpartsak osatzea", gaineratu du Ortegak.

Taldean atera izan badira ere, urteen poderioz, biek bakarrik jarraitu dute. Horrek tamaina txikiagoko karrozak egitera bideratu ditu. Hori bai, aldatu ez dena umorea da: "Beti saiatu gara alde umoretsua lantzen. Ez da batere erraza jendeari barrea eragitea, eta uste dut hainbat urtetan hori lortu dugula, eta horregatik pozik gaude". 2008an ez ziren atera, baina orduan Ferialekutik materiala lapurtu zietelako izan zen, eta ez zuten denborarik izan beste bat prestatzeko.

Ez dira mugatu mozorrotzera bakarrik, beti egin dituzte antzezpenak, eta horregatik izan ohi zuten hainbeste jende beren inguruan. "Bazegoen jendea gure bila etortzen zena", dio Ortegak. "Jarraitzaileak genituela esan daiteke".

Aldaketak festa ereduan

Inauterizaletasuna ez zuten gurasoengandik jaso. "Mozorrotzen ziren", dio Guiuk, "baina ez ziren gu bezain parte hartzaileak". Euren seme-alabek jaso dute, ordea, eta ez dute huts egiten inauterietan. "Gordeta dauzkagun material eta mozorroak erabiltzen dituzte. Horiek harra txikitatik sartua dute". Hala ere, plataformara igo eta antzezten hastea ez dela erraza diote: "Hainbeste jende aurrean izanda, errespetua eragiten dizu".

Inauteriak, batez ere, soinuaren aldetik aldatu direla diote: "Hasi ginenean bafle txiki batzuk erabiltzen genituen, eta ondoko karrozatik hogei metrotara egonez gero, ez zen arazorik izaten. Egun, potentzian gehien irabazten duenak besteengan agintzen du". Gaia zaila dela esan dute: "Karrozek beren artean arazoak dituzte, eta, gainera, nola ezin diren hainbeste mugitu, denak pilatuta egoten direnez, zailagoa da arazoa konpontzea". Soinuaren dema horrek konpartsetan eta karrozetan ateratzen direnak dantza egitera mugatzen dituela dio Guiuk: "Gutxiago antzezten da, eta dantza eginez grazia egitea ez da batere erraza".

Urteetan aldatu den beste gauza bat karrozetan eta plataformetan dagoen lana dela diote: "Batzuek lan handia egiten dute, baina beste batzuek, plataforma karratu bat atera, eta urtetik urtera errepikatu egiten dute forma bera. Gu saiatu izan gara forma ezberdinak ematen egiturari, urte batetik bestera aldatzen".

Izan ere, lan handia ekarri izan die prestaketak: "Bi izanik, Eguberrien ondoren eta inauteriak arte egunero sartzen genituen orduak". Hasiera batean Aranzegi karrozerian egiten zituzten, Ferialekua ez baitzen orduan erabiltzen karrozak eta plataformak prestatzeko. "Arazoa da Ferialekuan ezin duzula bihurkin bat bera ere utzi, bestela lekuz aldatzen dizute segituan. Lapurreta asko izan dira, baina, dirudienez, arazoa orokorra da", dio Ortegak.

Muntaketa egitea ez da garrantzitsuena Guiuren ustez, zer egin nahi den jakitea eta hori antolatzen asmatzea baizik: "Pentsatu egin behar da zer egin nahi den eta nola, bestela ordu pila bat egon zaitezke begira, ezer egin gabe, ohol bat leku batetik bestera aldatzen. Gure kasuan, normalean plano bat izaten zen, eta gauzak neurrira moztu eta gero egitura osatzen joaten ginen". Ortegak gaineratu du: "Josetxo delineatzailea da, eta dena antolatzen zuen".

Zaila egiten zaie atera dituzten konpartsetatik bat aukeratzea. "Niretzat zaila da bat edo bi esatea; nik, gutxienez, dozena bat esango nituzke", dio Guiuk. "Nik guztiekin oso ondo pasatu dut", Ortegak. "Asko eragiten du eguraldiak ere", esan du Guiuk, eta zenbait adibide ekarri ditu gogora: "Indurain eta Olanoren arteko lehiaren konpartsa atera genuenean, plastikozko bizikletak genituen, eta plataformara igotzen zirenek pedalei ematerakoan mugitzen ziren. Euria hasi zuen, gurpilak irristatu egiten ziren, eta gauzak hondatzen hasi ziren". Hori bai, eguraldiak ez ditu kikildu: "Urtero atera gara, euria edo elurra egin arren. Egindakoa kale edo bale ateratzen genuen, hilabete eta erdi lanean aritu eta gero…".

Anekdota asko dituzte. Lehenengoetakoa, astoak ihes egin zienekoa: "Igandean astoarekin atera ginen, utzi genuen egunaren bukaeran karrozerian lotuta, eta astelehenean falta zen. Astoa bera bakarrik etxeraino joan zen, herriaren beste puntaraino. Gero berriz jaitsi genuen, eta asteartean berriro atera ginen". Beste urte batean txerri batekin atera ziren, baina ezkutatu egin zen, eta kostatu zitzaien topatzea.

Atera dituzten karroza askotara jendea igoarazten zuten, eta hori ez dela erraza diote: "Inork ez zuen igo nahi, zerbait egingo geniela pentsatzen zutelako. Jendea urruti jartzen zen, begira bai, baina badaezpada urruti; zertaz mozorrotuta geunden eta ea norbait konpartsara igotzen genuen ikusi nahi zuten lehenengo". Beste jende askok argazkiak atera nahi izaten zituen haiekin. "Simpson familiaz mozorrotu ginenean sekulakoa izan zen, jende pila batek eskatu zuen argazkia ateratzea".

Ofizialki, beraz, aurreko bi urteetan bezala, ez dute beren umorea San Frantzisko kaletik paseoan aterako. Baina inauterien harra handia da, eta zerbait prestatu dute: Zaldunitan, Iurre tabernaren parean ikuskizunen bat eskainiko dute, 22:00 inguruan hasita. "Musika ekipoa dugunez, aprobetxatu egingo dugu. Gainera, Iurre auzoan ez denez ezer izaten, ea bizi pixka bat ematen diogun". Hain handia da beren inauterizaletasuna, ezin dute barnean utzi, eta besteekin partekatu beharra dute.

Gipuzkoan martxan dauden azpiegiturak.

Egun, Gipuzkoan Guifi.net sareko 73 azpiegitura daude erabilgarri. Gehienak Oiartzualdean (28) eta Debagoienean (18) daude. Horiez gain, beste 44 ari dira eraikitzen, eta beste 30 azpiegitura ere proiektatuta dauzkate.

‘Urumeako Kronika’-k bihar kaleratuko du lehen zenbakia

"Euskara hutsean egindakoa, herritar guzti-guztiei begira egindakoa eta doakoa". Horiek dira Urumeako Kronika proiektu berriaren ezaugarri nagusiak. Bihartik aurrera, larunbatero-larunbatero, Urumea aldeko albisteak bilduko dituzte paperekoan; www.kronika.net webgunea, berriz, egunero berrituko dute. "Urumeako Kronika-k bailara baten oihartzuna izan nahi du; inguruko ahotsak bilduko dituen hedabidea, eta herritarren iritziak herritarrei zabalduko dizkiena". Urumeako Kronika-n lekua izango dute Hernaniko, Astigarragako, Ereñotzuko, Aranoko eta Goizuetako kontuek. Bestalde, hemendik aurrera, Astigarragak kronika propioa izango du asteazkenetan —herenegun kaleratu zuten 0 zenbakia—. Asteartean aurkeztu zuten proiektua, Hernaniko Biteri kultur etxean.

Gutxienez, hamasei orrialde izango ditu larunbatetako edizio bateratuak. Hernaniko Kronika-k hasitako bidean jarraitzea da Urumeako Kronika-ren asmoa. Lehendik ere beste herrietako albisteak ematen zituen Hernaniko Kronika-k, baina, orain, "benetako lekua eta azpiegitura" eskainiko die herritarrei: "Bereziki, kontuan hartuko ditugu herritarrak. Zuzenean lan egingo dugu haiekin, eta egunkaria haiena dela sentituko dute". "Iritzi guztiei" egingo die lekua; alderdi politiko, elkarte eta herritar guztiei, "inongo diskriminaziorik egin gabe".

Webgune "indartsua"

Webgune berritua ere bihar jarriko dute martxan. Azken urteetako joera ikusita, beharra ikusi dute Interneterako plataforma "indartsu bat" eraikitzeko. Orri hori egunero berrituko dute, albisteak sortu ahala. Paperekoan baino erritmo biziagoan lan egingo dute sarean.

Albisteak argazkiekin, audioekin edo bideoekin kargatuko dituzte webgunera. Herri bakoitzak bere atala izango du, gainera. Atal bakoitzean klik eginez, aukeratutako herriko albisteak irakurriko dira. Argazki bilduma ere handiagoa izango da, argazki bat baino gehiago argitaratzeko aukera edukiko baitute albiste bakoitzarekin. Herritarren txokoa da beste berritasunetako bat. Atal horretan herritarrek berek kargatuko dituzte albisteak edo argazkiak.

Herritar ugarik parte hartu zuten astearteko aurkezpenean, eta bertan izan ziren hainbat erakunde eta elkartetako ordezkariak ere. Bost herrietako alkateak: Luis Intxauspe (Hernani), Andoni Gartzia (Astigarraga), Imanol Lizeaga (Ereñotzuko Auzo Udala), Ainhoa Ansa (Arano) eta Pablo Miranda (Goizueta); Tokikom elkarteko zuzendari Inazio Arregi, Urko Aristi lehendakaria eta Mikel Irizar lehendakari ohia; Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria.

Bakardadetik ateratzeko elkartasuna

Lotsa sentimendua, erruduntasuna, goibeltasuna, antsietatea, adore falta... Horiek dira krisiak eragin zuzena edo zeharkakoa izan duen pertsona askoren sentimenduak. Gogor jo du gainbehera ekonomikoak gipuzkoarren artean, eta, beste erakunde eta eragi...

NORTASUNAREN ALDEKO ILDOA, PREST

Euskal Herritarrak gara egitasmoaren prestakuntzarako bilkura eta ekitaldia egin zituen Udalbiltzak, iragan larunbatean, Ordizian. Euskal Herriaren ikurren aldeko herri dinamika sustatzea, nortasun agiri propioa bultzatzea eta Interneteko domeinu prop...

%50. Gaixoaldi kopurua krisi ekonomikoagatik.

Lanik gabe gelditu direnek bakarrik ez, lana duten eta krisiaren zantzuak antzeman dituzten langileek ere jasaten dute horren eragina. Europako Lan Osasun eta Segurtasun Agentziaren arabera, gaixoaldien %50 inguru krisiak eragindako estresagatik dira.

Mendebaldea

Mendebaldeko gizakiak osasuna galtzen du dirua irabazteko, eta ondoren dirua galtzen du osasunean irabazteko". Ez dio hori soilik Dalai Lamak. Honako hau ere eransten dio egia gordinari: "Mendebaldeko gizakiak etorkizunari begiak ixten dizkio, eta ora...

Erakundeekin koordinazioa bilatuko dute psikologoek

Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofiziala jakitun da eurek emandako laguntzak erakundeekin koordinatuta egon behar duela. Hala, haiek osasun mentalaren alorrean lan egiteko prest daude, baina krisiak kaltetuei bestelako laguntza emateko ere prest agertu...

“Erleei ahal den ingurune txukunena jarri behar diegu”

Naturatik hurbil egon ahal izateko aitzakia aproposa dira erleak, eta horrek bultzatuta murgildu zen Aitor Zabala (Pasaia, 1971) erleen munduan. Afizio moduan hasi zuen, baina bere ofizio eta ogibide bihurtu du, eta dagoeneko zortzi urte baino gehiago daramatza erlezain lanean. Erlauntzak Jaizkibelen eta Oiartzunen ditu sanjuandarrak, eta, horrez gain, Erleen Mundua proiektua ere jarri du martxan. Proiektu horren barruan hiru ildo bereiz daitezke: erleekin egiten duen ekoizpena; Erleskola, erlearen eta erle munduaren inguruko gaiak zabaltzea helburu duena; eta, azkenik, bereak ez diren erleen bueltan egiten dituen lanak —erlezain elkarteetan egindakoak edo norbaiti balkoian erleak sartzean horiek kentzeko egiten dituenak, besteak beste—.

Erlezainek izan behar duten prestakuntzari buruz galdetuta, honela dio Zabalak: "Zoritxarrez, hemen ez dago horrelako ikasketarik egiteko lekurik; Gipuzkoako erlezain elkarteak eta Fraisoro Nekazaritza Eskolak ikastaro batzuk ematen dituzte, baina oso oinarrizkoak dira". Horrez gain, bere kabuz irakurtzen eta esperientzia duen jendearengandik ikasten joan dela esan du Zabalak.

Erlezaintzaren ofizioan eragin nabarmena du ingurumenak. Naturak markatzen ditu eginbeharrak, eta, sanjuandarrak azaldu duenez, berarentzat oso atsegina da naturari begira egotea: "Eguraldiari, landareei, loratzeei, tenperaturari... begiratu behar zaie". Erleek ematen duten ekoizpenean ere eragin nabarmena du ingurumenak: "Kutsadurak, lore faltak, monolaborantzak eta beste hainbat faktorek eragiten diete erleei". Europa mailan urtero ehun erletik 30 hiltzen direla azaldu du sanjuandarrak. Duela urte batzuk, hamar-hamabost soilik hiltzen ziren. Ingurumena hondatzen ari den adibide "nabarmena" da hori. Hortaz, natura zaindu egin behar da erleen iraupena bermatu ahal izateko. "Erleei ahal den ingurune txukunena jarri behar diegu", azaldu du sanjuandarrak. Asiako liztorraren kasuak ere kezkatzen duela azaldu du Zabalak, bortizki kalte egiten baitio erleen iraupenari. Liztorrak erleen "etsai gogorrak" dira, eta erleek ez dakite nola babestu horien aurrean: "Liztorra erlauntzaren sarreran jartzen da, eta erlea ez da janari bila ateratzen". Polenarekin eta nektarrarekin erlauntzara datozen erleak ere hiltzen dituzte liztorrek beren larbei jaten emateko. Horren ondorioz, elikagai sarrera murriztu eta erlauntza ahuldu egiten da. Gainera, erlauntzara nektar sarrerarik egiten ez denez, erreginak utzi egiten dio arrautzak jartzeari.

Zabalaren hitzetan, gaur egun erlezainen lanak garrantzi handia dauka, bai lan horretatik lor daitezkeen produktuengatik baita espezieak naturari egiten dion onuragatik ere: "Erleen produktuak oso osasuntsuak dira; gainera, antzinatik erabili izan dira erleak emandako produktuak. Bestetik, erlea ingurua hobetzen duen espeziea dela uste dut. Hainbat espeziek inguruneari kalte egiten diote, baina erlearekin aurkakoa gertatzen da; eta polinizazioarekin, kasurako, erlea jartzen den ingurunea hobetu egiten da".

Bestalde, erleekin lana egitea lasai egin beharreko lana dela azaldu du Zabalak. "Lasai, baina ez poliki", gaineratu du. Erleekin zenbat eta denbora gehiago pasatu orduan eta gehiago aztoratzen baitira: "Lanean hasi aurretik ongi antolatu behar da lana; ez da komeni mugimendu zakarrak egitea, erleak aztora ez daitezen".

Eztia egiteaz gain, hainbat lan egiten ditu Zabalak: polena, propoleoa, xaboiak, ukenduak, kandelak... Eta produktu horiek saltzeko, salmenta zuzena egiten du. Tokiko produktua erabiltzea bultzatzea da salmenta zuzenaren helburu nagusia.

Erlauntzaren egitura

Erlauntzek ere gizarte egitura bat izaten dute: erregina, langileak eta erlemandoak izaten dituzte. Sanjuandarrak azaldu duenez, erregina eta erle langileak berdinak dira jaiotzez. Arrautzatik larba bat sortzen da, eta, larba horrek jan duenaren arabera, erle erregina edo langilea jaioko da: "Erleek larbari erreginajalea soilik ematen badiote, erregina jaioko da; aldiz, erreginajalea, polena eta eztia ematen badiote, langilea jaioko da". Erreginak arrautzak behar bezala jartzen ez dituela ikusten dutenean, erregina berria sortzen dute erleek. Hortaz, erregina zaharrak alde egin beharko du erlauntzatik, edo bestela erregina berriak hil egiten du. Erregina eta langileak emeak dira, eta erlemandoak deiturikoak, arrak. Horiek udaberri aldera hazten dira, eta udazkenean erle langileek akabatu edo erlauntzatik botatzen dituzte.

Gaur egun, erle gehienak erlezainenak dira. Zabalak azaldu duenez, ia ez da erle basatirik geratzen: "Erleak guk geuk sortzen ditugu ,edo beste erlezainei erosten dizkiegu". Baina, normalean, erlezain bakoitzak bere erlekumeak egiten ditu: "Hori egiteko, erlauntza bat erdibitzen da, eta, horrenbestez, horietako bat erreginarik gabe geratzen da. Erregina ez duen erlauntzak erregina sortzen du arrautza batetik hasita".