Lurraldeko taldeen batzarra, otsailaren 22an

Bihar zortzi bilduko dira Fiareko Gipuzkoako taldeak Donostiako Ernest Lluch kultur etxean, 10:00etan. 2013ko zifren errepasoa egin, eta aurtengo bazkidetza helburuak ezarriko dituzte. "Horrez gain, Italiako kooperatibarekin egin beharreko integrazio ...

Mikel Laboaz oroitzeko

'Zazpi aldiz elur...'

Donostia

Iazko abenduaren 1ean bost urte bete ziren Mikel Laboa abeslaria hil zela. Bada, artista gogoratzeko ikuskizun bat prestatu du Ttanttaka antzerki konpainiak: Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan). Ikuskizun berria Gasteizen estreinatu dute aste honetan bertan—herenegun eta atzo—; bihar eta etzi, berriz, Donostian ikusi ahalko da, Antzoki Zaharrean, 20:00etan.

Musika, poesia, interpretazioa... Askotariko adierazpideak nahastuko dituzte ordubetean. Mireia Gabilondo aktorea aritu da zuzendari lanetan, eta Bernardo Atxagarena da gidoia. Hain zuzen ere, idazleak 2009an Erlea aldizkarian Laboari buruz idatzitako testua da oinarria. Honela bukatzen da testu hura: "Haren hitzak, haren kantak, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean txorien hankek utzitako arrastoak bezala...". Elurra metafora moduan erabili dute Laboari buruz hitz egiteko.

Hainbat artista igoko dira oholtza gainera. Antzezle lanetan, Iñaki Rikarte ariko da, Mireia Gabilondorekin batera. Angel Unzuk gitarra joko du, Iñaki Salvadorrek pianoa, eta Maria Berasartek kantatu egingo du. Eta Zumetak emanaldirako apropos egindako irudiak proiektatuko dituzte.

Ttanttaka konpainiaren arabera, Laboa "gogoratzeko" sortu dute ikuskizuna: "Kontatuko ditugu Mikelen nahiak, Mikelen bizipozak, Mikelen gauza intimoak, personalak eta ezezagunak. Eta, nola ez, ausardiaz, berak egiten zuen bezala, esperimentatu, jolastu, hitz egin, isildu... aske sentitu eta aske sentiarazi".

Duela urtebete hasi ziren ikuskizuna prestatzen, eta jada hogei emanalditik gora lotuak dituzte maiatza bitartean. Gipuzkoan ikusteko lehen aukera, bihar eta etzi, Antzoki Zaharrean.

'ZAZPI ALDIZ ELUR...'

Noiz. Bihar eta igandean, 20:00etan.

Non. Antzoki Zaharrean.

‘Deal-breaker’

Hizkuntza bat behar bezala ikasteko prozesuan, hark ezkutatzen dituen ñabardurak eta zehaztasun bereziak maitatzea eta mimatzea oso lagungarria da. Ingelesaren kasuan, kontzeptu konplexu bat esamolde bakar batekin hiztegiratzeko gaitasuna inbidiagarria iruditzen zait. Horietako bat baino gehiago inguruko gertaerak azaltzeko erabili ohi ditut. Eusnobismotik oso urrun eta modu original eta bakanean, noski. Nire joskera kuttunena, beharbada, deal-breaker izenekoa da.

Errealitate edo egoera konplexu bat zapuzten duten xehetasun ziztrinak dira deal-breaker-ak. Itxuraz inongo garrantzirik gabeak, arinak, baina balantzaren beste aldean dauden mila argudio astunek baino pisu handiagoa izaten dutenak azkenean. Harreman batean, deal-breaker-a izan daiteke gure bikotekideak erretzeari ekitea; taberna batean gertatutako ika-mikan, manera txarrekin ahotsa goratzea; edo, nik zer dakit ba, egun batetik bestera EAJko militante txartela ateratzea. Irrazional samarrak eta apetatsuak dira deal-breaker-ak. Horrek egiten ditu hain erakargarri.

Artikulu edo liburu bat edo blogen bateko sarrera irakurtzen hasitakoan, adibidez, interes guztia galdu ohi dut datu oker bat topatu bezain pronto. Euskal nobelagile ezagun baten azken alea bukatu ezinik nabil, lehen ehun orrialdeetan bi hanka sartze koskor topatu eta gero. Haiekin estropezu egin arte bizi-bizi nindoan, benetan gozatzen ari nintzen. Deal-breaker-aren ondoren, ez dut uste sekula berak publikatutakoei sekula berriz kasu egingo diedanik. Alergia baten oso antzekoa baita azaldu nahian ari naizen errealitate hau. Saihetsezina, eta gehienetan, sendatu ezinezkoa.

Antzemanda eta sailkatuta dauzkadan deal-breaker guztien artean, bada bereziki ezordukoa suertatu izan zaidan bat. Erreakzio guztiz matxista bada ere, zakar hitz egiten duten neskengan interes guztia galtzen dut, automatikoki, nik neuk kamioilari mexikar batek baino birao gehiago erabiltzen baditut ere. Lehengo batean, taberna kuttunean —aupa Laidak!— saioan ari nintzen piercing-dun sudur baten jabearekin, eta guztia nahiko ondo bideratuta zihoala iruditzen ari zitzaidan. Ez dakit zer egitea "alutik" ez zitzaiola irteten bota zuen halako batean, eta nire berotasunak pare bat segundo hamarren behar izan zituen itzaltzeko. Bere begi berdeak eta gorputz estu eta sexia ikusezin bihurtu ziren, eta ez dakit zein aitzakia baldar baliatuta, hanka egin nuen handik.

Deal-breaker-ak printzipioak baino askoz interesgarriagoak dira. Haien mantenuak ez du koherentziarik eskatzen, eta izan daitezke zentzugabeak eta iraingarriak. Ni oso gustura nago, oro har, nireekin, mila jarrera onartezin zuritu ditzakedalako "badakit huskeria dela, baina bulkada geldiezina eragiten dit betitik, nahi banuke ere ezingo nuke saihestu, pikutara dena" esanda. Nazkante konpletoa izateko beste modu berri eta moderno bat erakutsi dizudalakoan, agur, irakurle.

‘TXIMELA’ KAPITAINAREN HITZAK, GITARRAZ

Joseba Tapia Tximela kapitainaren izarrak disko berria aurkezten ari da herriz herri. Asteburu honetan bi lekutan izango da haren musikaz gozatzeko aukera: Errenterian —gaur, 19:00etan, Niessen aretoan— eta Usurbilen —igandean, 19:00etan, Sutegi aretoan—. Disko berriko hemezortzi kantuak gitarrarekin sortu ditu, eta Luis Fernandezen txeloa izan du lagun. Zuzeneko emankizunetan ere biak igoko dira oholtza gainera. 36ko gerran Eusko Gudarostean aritutako Luis Rezola AranaTximela kapitainarenak dira kantuetako hitzak. Tapiak musika jarri die hark 1937an Duesoko kartzelan (Espainia) preso zegoela idatzitako bertso eta poemei.

Elkarlanean egindako liburua

Irungo Alkatea auzoetan egitasmoa; Azpeitiko Denon artean; Mutrikuko Mutriku 2022; Oñatiko Herri Jorran proiektua; Donostiako Ttipi-ttapa; Abaltzisketako Parte hartzea indartzen. Horiek dira Herritarrekin liburuan jasotako esperientzietako batzuk. Azken bi urteotan Gipuzkoako 62 herritan egindako 137 parte hartzeko prozesu bildu ditu Imanol Azkue idazleak (Zumaia, 1965). Legegintzaldi honetan parte hartzearen kultura sustatzen egindako lanaren “erradiografia bat” da Herritarrekin. Astelehenean aurkeztu zuten,...

%31

Legazpiko udal aurrekontuaren igoera. 2014an 12,8 milioi euroko aurrekontua izango du Legazpiko Udalak, iaz baino %31 handiagoa. Aurrekontuak Bilduren aldeko botoekin onartu dituzte, eta EAJk, PSE-EEk eta Hamaikabatek aurkako botoa eman dute.

Igartza auzorako herritarrekin eginiko plan bat aurkeztu dute

Beasaingo Udalak aurkeztu du urteotan herrian zeresana eman duen Igartza auzorako proiektua. Azken hilabeteetan, herritarren iritziak eta ekarpenak jaso ditu udalak, parte hartzeko prozesu baten bidez —150 herritar inguruk parte hartu dute—. Prozesuaren hasieran bi balizko proiektu aurkeztu zituen udalak. Ondoren, hirugarrena proposatu zuen; azkenik, lehengo astean aurkeztu zuen laugarren eta azken proiektua, herritarren proposamenak kontuan hartuta. Herritarrekin adostutako proiektu hori astelehenean ezagutarazi zuten udaleko hirigintza batzordean.

Aurreko agintaldiko udalak aurkeztutako proiektuarekin alderatuta, azken proiektuan aldaketa ugari egin dituzte. Errekarte eta Telleri baserriak botatzea aurreikusten zuen aurreko proposamenak. Oraingoak, berriz, bi eraikinei eusten die. Aukeren artean jaso dute, gainera, etorkizunean Errekarteri bestelako erabilera bat ematea. Beste aldaketa nabarmena etxebizitza kopuruarena da. Lehen planak 183 etxebizitza egitea aurreikusten zuen —horietatik 65 babes ofizialekoak ziren—. Azkenean, ordea, 62 etxebizitza egitea da asmoa. Horietatik 25 izango dira babes ofizialekoak.

Espazio publikoari buruzko herritarren eskaerei ere jaramon egin diete. Hala, etxebizitza berrien goialdean berdegune bat egingo dute. Errekaren bidea errespetatuko dute, eta, bizilagunek eskatu bezala, oinezkoentzako bide bat egingo dute. Horretarako, orain dagoen errepidea bere horretan utziko dute, eta AHTaren obretarako erabili duten bidea egokituko da. Bide hori Loinazko San Martin baselizara joateko bidearekin lotuko dute orain.

2010eko proiektua

Urteotan zeresan handia sortu du aurreko legegintzaldian Beasaingo Udalak Igartza auzorako aurkeztutako proiektuak. 2010ean, udalak beharrezko jo zuen Errekarte eta Telleri botatzea 183 etxebizitza eraikitzeko. Hasieratik, ordea, lanen aurka agertu ziren Beasaingo hainbat herritar. Herriko arkitekto batek alegazio txosten bat aurkeztu zuen udalean, baserriak eraistea eragozteko. Txostenean azaldu zuenez, bi eraikinen egitura arkitektonikoak eta urbanistikoak "oso garrantzitsuak" dira. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eskatu zion ingurua Monumentu Multzo izendatzeko. Jaurlaritzak erantzun zion ezin zuela hala izendatu, baina ingurua babestera deitu zuen udala.