22

Eibarko lehen Akademien Azokako postu kopurua. Bihar eta etzi ospatuko dute lehen aldiz Eibarko Akademien Azoka, Unzaga plazan. Bertan, Eibarren zerbitzua eskaintzen duten 22 enpresa eta negoziotako ordezkariek jarriko dituzte postuak, euren eskaintza ezagutarazteko helburuz.

“Gure asmoa, modu integralean tokiko garapena sustatzea da”

Krisiaren ondorioz kontsumoan izandako beherakadari aurre egitea eta herritarrei Eskoriatzan inbertitzeko abantailak eskaintzea dira axtroki monetarekin lortu beharreko helburuak. Udala izan da horren bultzatzaile nagusia, eta Beñat Herce alkateak (Eskoriatza, 1981) "epe luzerako estrategia" martxan jarri dutela azaldu du.

Nondik nora sortu zen tokiko monetaren beharra?

Eskoriatza ez da izan merkataritza indartsua duen herri bat eta genuena mantentzeko ere nahiko lan geneukan. Gainera, adinean gora doan populazioa dugu, eta ondorioz, gertukoak eta kalitatezkoak diren zerbitzuak behar ditugu herrian. Merkatal establezimenduak behar ditugu eta badauzkagu, baina orain arte ez zegoen inolako merkataritza elkarterik. Egoera ekonomikoa bera zein kontsumoaren beherakada ikusita, 2012 erdialdera, udaletik proposamena luzatu genien hainbat merkatariri euren artean biltzen hasteko. Gehienbat, bakarrik edo independenteki arituta baino elkarrekin emaitza hobeak lortuko zituztela uste genuelako. Tarteka biltzen ziren, baina ez zeuden formalki antolatuta. Lehen helburua, merkatari elkartea bera eratzea zen, eta horrekin batera, udalaren eta merkatari elkartearen artean Eskoriatzako merkataritza sustatzeko ekintzak antolatzea. Hortik sortu zen Axtroki merkatari elkartea.

Elkarlanaren ondorio da, beraz, tokiko moneta?

Foro horretan identifikatutako hainbat ekintzaren artean, udaleko ordezkarioi otu zitzaigun Eskoriatzako merkataritza indartzeko modurik egokiena herritarrak bertan erosketak egitera bultzatzea zela. Hainbat alditan hitz egin genuen kontzientziatze eta publizitate kanpainez, baina apur bat harago jo beharra zegoela uste genuen egiazko efektu bat lortzeko.

Nortzuk hartu duzue parte prozesu horretan?

Merkatari elkartea sortu ostean bertan eratutako talde motorrak, udaleko teknikari batek eta nik neuk.

Beste nonbaiteko ereduren batean oinarritu zarete?

Nik ezagutzen nituen moneta sozialen adibide batzuk, euskoaren kontua ere garai horretan martxan hasia zen... Bonu sistema bat ezartzea pentsatzen hasi ginen lehenik, baina zaila ikusten genuen bonuekin Eskoriatzan etengabe martxan egongo zen diru zirkulazioa abian jartzea. Izan ere, bonuek epe jakinerako probetxua dute, behin erabiltzen dira eta kito. Guk, ordea, epe luzerako zirkulazioa jarri nahi genuen martxan, eta horretarako sistema egokiaren bila genbiltzan, bertako txanpon edo moneta bat sortu behar genuen. Hainbat adibide aztertu genituen, baina ez genuen egokirik topatzen, ezagutzen genituenen artean udalek ez zutelako parte hartzerik izan. Gure kasuan, udala administrazio gisa partaide aktiboa izateak, hainbat prozedura jarraitzera eta hainbat lege betetzera behartzen gintuen, eta ez genuen asmatzen. Baina azkenean, lortu genuen tokiko monetaren diseinua egitea eta asmatu dugu.

Axtroki deitu diozue diruari.

VII. mendeko urrezko kaiku batzuk ziren axtrokiak, Eskoriatzan agertutakoak eta gaur egun Madrilen daudenak. Guretzako oso ezagunak dira, herritarrek garai batean trukerako baliatzen zituztelako; eta herrian bertan aipaturiko zirkulazioa martxan jartzeko guk ere trukerako elementu bat behar genuen.

Zein balio dute?

Euroaren baliokideak dira, baina zenbaki osoak soilik atera ditugu, euro bateko, bosteko eta hamarreko balioa duten billeteak. Zentimorik ez dugu atera, baina horretarako euroak baliatzea pentsatu dugu. Demagun axtroki eta erdiko erosketa bat egiten dugula eta hamar axtrokiko billetearekin ordaintzen dugula, ba dendariak zortzi axtroki eta 50 euro zentimo itzuli beharko lizkiguke.

Herritarren parte hartzea ere sustatu duzue.

Hori da, lehenik eta behin, sortu berria zen Axtroki merkatari elkartearentzako irudia behar genuen, existitzen zela irudikatu nahi genuen, eta bide batez, Axtrokiko kide diren merkatal guneak identifikatzeko irudia nahi genuen. Horretarako egin genuen logotipo lehiaketa eta Matilde Aizpuruak irabazi zuen, saria axtrokitan eman genion. Horrez gain, merkatari elkarteak Gabonetako kanpaina bat ere egin zuen eta zozketa bidez mila axtrokiko eta ehun axtrokiko sari bana ere banatu zituen.

Udalak ere hobari fiskalak axtrokitan ematea onartua du, nola funtzionatzen du horrek?

Bagenekien gure ordenantza fiskala hainbat politika aurrera eramateko tresna bat dela. Kontua da, berez, hobariek kobratu beharreko kuotaren beherapena esan nahi dutela, hau da, herritar bati hobaria aplikatu behar zaion kasuan, kuota osoa kobratu ordez zati bat kobratzen zaio. Mekanismo horrekin ez genuen axtrokirik zirkulazioan jartzen, ondorioz, sistema aldatu eta hobariak diru laguntza bihurtu ditugu, garapen soziala eta garapen jasangarria bultzatzen dituzten arloei dagokienean. Hala, garapen sozialean, familia ugariko herritarrei, ezgaitasunak dituztenei, ikasleei, erretiratuei... kobratu beharreko zergak osotasunean kobratzen zaizkie eta hobariengatik izango luketen beherapenaren kopurua diru laguntza gisa itzultzen zaie axtrokitan. Gauza bera egiten dugu ingurumenarekiko jasangarriak diren ondasun higiezin nahiz higigarriak dituzten edo jarrera jasangarria duten herritarrekin. Modu honetan, hobariak jasotzen dituzten herritarrek dirua Eskoriatzan bertan inbertituko dutela ziurtatzen dugu.

Eredu ekonomiko oso baten bueltako kontua da, beraz?

Bai, gure asmoa, modu integralean tokiko garapena sustatzea da. Bi helburu aldi berean lortzen ditugu: batetik, herritar batzuei udalak hala erabakita laguntza eskaintzen diegu; eta, bestetik, tokiko garapen ekonomikoa sustatzen dugu, ikuspegi sozialetik eta modu jasangarrian.

Zein dira axtrokiak euroarekin alderatua dituen onurak?

Alde positiboa da zirkulazioan egongo den dirua etengabe Eskoriatzan inbertituko dela. Udalak 12.000 eta 15.000 axtroki artean jarriko ditu mugimenduan diru laguntza eta sarien bitartez, eta horiei, merkatari elkarteak jarriko dituenak gehitu behar zaizkie. Horrez gain, herritarrei abantailak ere eskaini nahi dizkiegu. Udalak berak orain artekoak baino laguntza handixeagoak bideratuko dituelako, baina merkatariek ere axtrokitan erosten duten kontsumitzaileei abantailak eskaini behar dizkietelako.

Gipuzkoako informazioguneen ordutegia

Arrasate. Jose Luis Iñarra kaleko egoitzan, asteazkenetan, 18:30etik 20:30era.

Donostia. Salamanka pasealekuko egoitzan, ostegunetan, eta Iparragirre kalean, astearteetan, 18:00etatik 20:00etara.

Eibar. Egoaizian, astearteetan eta ostegunetan, 11:00etatik 13:00era; eta Jubiletxen, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara.

Errenteria. Merkatuzarren, asteazkenetan, 19:30etik 21:00etara.

Getaria. Elkano kaleko egoitzan, hileko bigarren asteartean, 19:30etik 21:00etara.

Irun. San Marcial kalean dagoen egoitzan, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara.

Ordizia. Goierri kaleko bulegoan, astelehenetan, 18:30etik 20:30era.

Tolosa. Plaza Berriko Abastos eraikineko bulegoan, astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara.

Zarautz. Madoz kalean dagoen bulegoan, astearteetan, 18:00etatik 20:00etara.

Antixena, herritik herrirako

Gaur egun Oñatiko gaztetxea den Antixena eraikina Oñatiko Udalarena da orain. Horretarako, udalak hitzarmen bat egin berri du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoarekin. Akordioaren arabera, 131.800 euro ordainduko du udalak kalte-ordainetan. Izan ere, unibertsitateak aurretik beste hitzarmen bat zuen egina udalarekin; horren arabera, Eskola Politeknikoak berrogei urterako azalera eskubidea zuen Antixena erabiltzeko (2031. urtera arte).

Oñatiko Udalbatzak urtarrilaren 30ean aho batez onartu zuen Antixena herriaren esku jartzeko akordio berria. 2012tik, Oñatiko gaztetxea dago Antixena eraikinean, eta hala segituko du.

Antia parkean eraiki zuten Antixenako eraikin berria, 1992an. Udalaren lurretan egin zuen Mondragon Unibertsitateak. Aurretik, 1991ko urriaren 24ko osoko bilkuran, akordio bat onartu zuten eraikina berrogei urtez erabiltzen uzteko Mondragon Goi Eskola Politeknikoari. Garai hartan, ostalaritza eskolarako erabili zuten Antixena, baina, 1999an, hutsik gelditu zen.

2000. urteko urrian, Mondragon Eskola Politeknikoak eraikina erabiltzeko azalera eskubidearen baldintzak aldatzea proposatu zuen, eta aurrerantzean etengabeko prestakuntzarako erabiltzea eskatu, baina berrogei urteko epea aldatu gabe. Oñatiko Udalak onartu egin zuen, eta Mondragonek Etengabeko Prestakuntza kokatu zuen han. Gero, berriz, Mondragon Ikerketa Kudeaketaren (MIK) egoitza bihurtu zen. Baina hark ere utzi egin zuen eraikina, Mondragonek Enpresagintza unibertsitate campusa ireki zuenean Oñatin.

Ordutik, eraikina hutsik zegoen, 2012ko irailean Oñatiko Gazte Asanbladak gaztetxe izateko okupatu zuen arte. Okupazioaren ondoren, eraikinaren gaia lantzeko, Mondragon Goi Eskola Politeknikokoen, Oñatiko Udalekoen eta Gazte Asanbladakoen arteko elkarrizketa mahai bat osatu zuten. Udalak eraikina berreskuratzeko asmoa azaldu zuen hasieratik, eta Goi Eskola Politeknikoarekin kontratu bat ere sinatu zuen, erantzukizunak argi uzteko. "Gazteek eraikina okupatu eta segidan, kontratu prekario bat egin genuen udalaren eta Eskola Politeknikoaren artean", azaldu du Mikel Biain Oñatiko alkateak.

Bitartean, elkarrizketa mahaiak martxan segitu zuen. "Esan beharra dago hasiera-hasieratik jarrera ona izan dela alde guztien partetik; ados jartzeko jarrera egon da. Gazteek arduraz jokatu dute, eta Mondragon Unibertsitatea ere oso ondo portatu da", dio alkateak.

Udalak eta Mondragon Unibertsitateak negoziatu egin dute eraikina herriaren esku jartzeko. "Eraikin horretan egindako inbertsioa kontuan hartuta, kalkulu bat egin behar izan da. Unibertsitateak kopuru bat eskatu zuen, baina udalak ezezkoa eman zion. Azkenean, amortizatzeko gelditzen zaion kopuruaren erdia (131.800 euro) kalte-ordainetan ematea adostu da", azaldu du Biainek. Antixena eraikinaren balioa 700.000 euro ingurukoa da. Udaleko arduradunak "oso pozik" daude Antixena herriarentzat berreskuratu izanarekin: "Pozik gaude, akordiora modu onean iritsi eta eraikina herriarentzat berreskuratu delako".

Antixenak gaztetxe izaten segituko du. "Gaur egun, gaztetxea oso aktibo dago: askotariko ekitaldiak antolatzen dituzte, denetariko jendeari zuzendutakoak", adierazi du Oñatiko alkateak.

Biltzar bat, espazio bat

2012ko irailetik, Oñatiko gaztetxea da Antixena. Baina, aurretik, beste gaztetxe eta biltzar batzuk ere izan dira. "Oñatin gaztetxe asko egon dira, eta gazte biltzarrak ere bai; batzuetan, izen desberdinarekin eta izaera antzekoarekin: OGA, Tantaz tanta... Eta, beste batzuetan, ez dute izan gazte biltzar izena", dio Oñatiko gaztetxeko kide Arantzazu Sagarzazuk. Biltzar bakoitza espazio desberdin bati lotuta egon da. "Bai gaztetxea beste toki batean egon denean, bai biltzarra kalean egon denean, eta baita Gaztelekuko prozesu parte hartzailean parte hartu izan duenean ere".

Antixenako eraikina okupatzea erabaki zutenean, Oñatin bazegoen beste gazte biltzar bat, eta baita beste gaztetxe bat ere. "Izenez, gaztetxea zen, baina askoren artean erabaki zen ez zituela Oñatiko gazteak ordezkatzen. Hala, gazte biltzarra izateari utzi, eta gaztetxe zen horrek utzi egin zion gaztetxe izateari; gaur egun, San Martineko etxe okupatu gisa funtzionatzen du", dio Sagarzazuk, Antixenaren aurrekora joz.

Oñatin gaztetxeak herriaren erdigunean egon behar duela aldarrikatu dute beti; Antixenak hori betetzen du. "San Martinekoak ez zuen baldintza hori, eta horrek ondorioak zituen. Orduan, herrigunetik gertuago zegoen eraikin baten bila hastea erabaki zen", esan du gaztetxeko kideak.

Jatorria, Gazte Topaketetan

Antixenan, oraindik bi urte ez ditu bete gaztetxeak, baina orain artekoarekin gustura daude. "Dinamika oso-oso ona dauka". Baina ibilbidearen balorazioa egiteko, okupazioa baino lehenagoko garaira jo behar dela uste du Sagarzazuk. Gaztetxea okupatu aurretik, 2012ko martxoan, herriko gazteek Gazte Topaketak egin zituzten, Tantaz tanta... olatua izenarekin. Mugimendu hark dinamismoa" eman zien "herriko gazteen arteko harremanei. "Gaztetxeak ondo funtzionatzen du, baina egoera jakin hartan kokatu behar da. Jende asko egon zen gaztetxe honen sorreran". Gaztetxean antolatutako ekitaldiak, batik bat, parte hartzeari begira egiten dituzte: "Herriko eta herritik kanpoko parte hartze zabala dauka gaztetxeak, eta, alde horretatik, oso gustura gaude".

Gaztetxean, hainbat lantalde dituzte: batetik, barne funtzionamendurako taldeak (garbiketarakoa, sukalderakoa, barrarakoa, musikarakoa, obretarakoa, aisialdirakoa...); eta, bestetik, bertan bizitza egiten duten herriko eragileak. "Ez denak, baina herriko eragile gehienak bertan biltzen dira. Horrek, gainera, gaztetxea edukiz betetzen du".

Bihar, herriko sagardoa dastatzeko aukera jarri dute Oñatiko gaztetxean. Txotx egitearekin batera, bazkaria egingo dute.

LEGE ERREFORMAREN AURKA, ASKE

Estatu osorako deialdia eginda zegoen, eta jende ugari elkartu zen joan den larunbatean Euskal Herriko hainbat lekutan PPk Abortuaren Legea erreformatzeko plazaratutako proposamenaren aurka egiteko. Argazkian, hainbat emakume ageri dira Donostiako Art...

Zaborra zena sormen bihurtuta

Paloma San Basilio etxeko sukaldean sartuta ikustea ez da hain arraroa, edo tronboi eta tronpetak diru-zorroan sartuta eramatea. Ez behintzat Emaus Gizarte Fundazioaren Corte Verde markak sortutako Sindesperdicio egitasmoa martxan denetik.

Proiektuaren izenak dioen moduan, ongi aprobetxatzea da asmoa, hondakinak ez sortzea. Hain justu, hondakintzat hartzen ez diren horiei, errefusa direnei, bizi berri bat ematen diete; are gehiago, artelan ere bihurtzen dituztela esan daiteke. Baina nola, zer... egiten duten galdetuko du batek baino gehiagok. Horren berri Oihana Agirre Emauseko Ekonomia solidario saileko zuzendariak eman dio Gipuzkoako Hitza-ri: "Sindesperdicio-koak bihotzez egindako poltsak eta osagarriak dira".

Poltsa eta osagarri horien lehengaiak edo oinarria faroletan, eraikinetan eta beste hainbat tokitan jartzen dituzten PVC materialez egindako oihal moduko horiek dira. "Olana horietan normalean publizitatea joaten da, baina kamioiek ere izaten dute, eta hauteskunde kanpainan ere asko erabiltzen dira", azaldu du Agirrek.

Euren publizitate funtzioa bukatzean, lur azpira joan beharrean, hartu eta produktu berriak egiten dituzte Emausekoek. Lehenik eta behin, ondo dauden olanak —gaizki daudenak ezin baitira aprobetxatu— garbitu eta patroi batzuk hartuta, olan horiek mozteari ekiten diote. Ahalik eta zati gehienak aprobetxatzen ahalegintzen dira: "Diseinu esklusiboak direla esaten dugu, sekula ez baitira bi igualak ateratzen".

Alternatiba soziala

"Hautabide ekologiko bat izateaz gain, gizarte hautabide bat ere bada", kontatu du Ekonomia saileko zuzendariak: "Izan ere, lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei, batik bat emakumeei, lana ematen diete, eta diru sarrera guztiak horretara bideratzen dira".

Oraintxe, bi emakume daude Sindesperdicio egitasmoan, eta haiekin batera, Jone Barkero. Gai horretan prestakuntza duen pertsona da Barkero, eta diseinuak eta patroiak ateratzeaz arduratzen da. Gizonak aritu izan badira ere, gehienak emakumeak dira, emakume jostunak. "Dena den, jostunak izan arren, gauza berri bat ikasten dute, honek ez duelako arropa jostearekin zerikusirik. Makinak desberdinak dira, eta baita teknika ere", esan du Agirrek.

Gutxienez urtebete eta gehienez hiru urtez egoten dira pertsona horiek Sindesperdicio programan, enpresen gizarteratze legearen arabera. "Hori da txarrena, jendea prestatu egiten duzu, ikasi egiten dute, eta gero joan egin behar dute", azaldu du Agirrek. Prestakuntza hori Arrasaten egiten dute, han tailer bat baitute Emauseko dendarekin batera.

Hasiera zaila izan zela aitortu du Agirrek: "Konkurrentzia Bartzelonan dugu, baina, eurekin alderatuta gurea merkeagoa den arren, Euskal Herrian kosta egin zaigu produktu hauek sartzea, baina pixkanaka lortu dugu. Esperientziarekin ikasi egin dugu, eta orain produktu hobeak egiten ditugu".

Iaz hausnarketa saio batzuk egin zituzten, eta, horien ondorioz, produktuen katalogoa murriztu egin dute, eta "kalitateari leku gehiago eman diote". Web orria ere berritu egin dute, eta handik eros daitezke produktuak. Katalogoan dauden poltsa, diru zorro eta bestelakoez aparte, erosleek euren diseinua erabaki dezakete. Diseinua ere proposa dezake erosleak, kasu horretan Barkero arduratuko litzateke patroia ateratzeaz.

Web orriaren bidez erosteaz gain, Arrasateko Emausen ere salgai dituzte Sindesperdicioko produktuak. "Baina aparte doaz. Gipuzkoako beste Emausetan, esaterako, ez ditugu saltzen. Jendea nahastu egiten da, bigarren eskuko gauzak saltzen ditugu Emauseko dendetan, merkeak, eta Sindesperdicio produktuak leku berean saltzea ez zaigu egokia iruditzen. Erosle desberdinak dira batekoak eta bestekoak", azaldu du Agirrek.

Materiala lortzea

Olanak lortzeko zenbaitetan zailtasunak dituztela kontatu du, erosleak eduki bai baina materialik ez zuteneko garaiak ere izan dituzte. Donostiako Udalarekin hitzarmena dute, eta komertziala hara eta hona deika ibiltzen da. Hauteskunde garaietan horrelako olanak ugariak badira ere, esan du horiek ezin dituztela erabili kasu jakin batzuetan ez bada.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.sindesperdicio.es

Lagundu ‘Irutxuloko Hitza’-ri

Pasa den ostiralean, hilak 7, dei larri bat egin zuten Irutxuloko Hitza-ko langileek: azken urte eta erdian hiru langileren murrizketa egin dutela eta, urtarriletik aurrera, lanean geratzen diren sei langileetako bakoitzak hileko 200 euro gutxiago jas...

Lehiaren aitzakian, bertso jaia herri artean

Tolosaldeko herrien artean lehen aldiz jokatuko da bat-bateko kantuaren lehia; hamar herri, 11 talde, 33 bertsolari. Harituz bertsozaleen elkarguneak antolatuta, sekula plazan aritu ez direnei aukera emango diete saio informaletan parte hartzeko, eta gaur abiaraziko dute guztia, Alegian. Bertako taldearen eta Villabonakoaren arteko lehia izango da, Ixkiña tabernan, 22:30etik aurrera.

Harituz-eko Oihana Iguaranek eta Mikel Artolak azaldu dutenez, elkargunea sortu zenez geroztik, eskualdean saioak edo halakoak antolatzeko behar hori sentitu izan dute: "Onerako edo txarrerako, txapelketa da oihartzun gehien hartzen duena, eta hortik jaio da herri arteko txapelketa hau".

Ostiralean bertan hasita, apirilaren 11ra bitarte izango da lagun arteko bertso lehiaren egitasmoa. Kanporaketa fasea izango da lehenik: "Zozketa bidez erabaki ditugu kanporaketen herriak, eta talde bakoitzak askatasuna izango du saioa bere herrian nahi duen erara antolatzeko. Izan ere, Harituz-en helburuetako bat indarrak batzea den modu berean, herri bakoitzari bere esparrua ere utzi nahi diogu". Horrela, Alegia, Villabona, Andoain, Larraul, Altzo, Berastegi, Zizurkil, Tolosa, Amasa eta Anoetako taldeek izango dute ordezkaritza herri arteko lehen txapelketan.

Larraulgoa, berriz, afari formatuan prestatu dute, eta 21:00etan jarri dute ordua herriko ostatuan. Bigarren kanporaketa horretan Larraulgo taldea Andoaingoaren aurka ariko da, eta afarirako txartelak ostatuan bertan eskuratu ahal izango dira, hamabost euroren truke; haurrek, berriz, bederatzi euro ordaindu beharko dute.

Saioen funtzionamenduari dagokionez, dinamika berezia prestatu du Harituz-ek, publikoaren gozamenerako eta saio ereduari kolore berriak emateko: "Talde bakoitzean, oreka mantentze aldera, bertsotan pixka bat egiten duen norbait bada, plazetan lehenago ere aritutako norbait. Horren babesean, ordea, beste bi ariko dira, hainbesteko esperientziarik ez dutenak. Horrela, gai-jartzaileak proposatuko dizkien ariketak beren artean banatu eta kudeatu beharko dituzte, bertsolari bakoitzaren abileziak eta gabeziak kontuan hartuta. Konbinazio interesgarriak sortuko direla uste dut", dio Iguaranek.

Parte hartuko duten 33 bertsolari horiek txapelketaren "erakusleihoan" egongo dira, baina, horiekin batera, azpiegitura nahiz antolakuntza lanen ardura izango duen talde handi bat arituko da, buru-belarri, lanean. Lehen fasean bakarrik, bederatzi edo hamar kanporaketa inguru izango dira, eta horiek prestatzeko jende asko beharko dutela nabarmendu dute Harituz-eko kideek.

Bide beretik, saiorik ezin da egin gairik gabe, eta gai-jartzaile taldea lanean ari da jada; hor ere, eskualde izaerari eutsiz eta herri guztien ordezkaritza zainduz, taldea sortu den herri bakoitzeko lagun bat ari da gaiak jorratzeko lantaldean: "Horrez gain, saioetan bertan gaiak esatari moduan jarriko dituen jendea ere izango da", azaldu dute. Sekula plazan abestu ez duten hainbat bertsolarik lehen aldiz abestuko dute jendaurrean, eta lehen aldi hori eskaintzeko helburuz ere prestatu dute herri artekoa.

Festa, bertsoen gainetik

Iguaranek Beterriko txapelketa ekarri du gogora: "Lehen, Beterriko txapelketa egiten zen inguru honetan, eta oso estimatua zen. Guk horrelako zerbait bultzatu nahi genuen, baina eskualdeko jendeari aukera emanez". Horrela, eskualdean lagunartean bertsotarako dagoen joera indargunetzat hartu dute, txapelketa antolatzeko: "Hemen, zorionez, parrandetan-eta badago bertsotan egiteko kultura hori; jende askok egiten du bertsotan, baina gero ez dira ausartzen modu ofizialean kantatzera. Jende hori guregana ekarri eta animatu nahi izan dugu, eta meritu handia dute, gainera".

Bertso saio ofizialek izaten duten kutsu serioa alde batera utzi, eta Anoetako gaztetxeko finalera ez ezik, kanporaketa guztietara ere festa giroa eraman nahi dute Harituz-eko antolatzaileek. Helburu horri begira, bertso aleak epaitzeko modua ere ez da betikoa izango. "Nahiko subjektiboa izango da, eta plazan sekula aritu ez den batek bi poto eginda ere, oso bertso ona bota baldin badu eta jendearengana iritsi baldin bada, finalean izateko aukera izango du ziur aski", dio Iguaranek.

Epaitzeko bide horiek, beraz, publikoan zenbait boto bilduz erabiliko dituzte, eta "saioak nahiko irekiak izango dira, entzuleek erabakiko baitute guztia". Finean, txapelketa irabazten duen taldea teknikoki onena izan beharrean, publikoarengana gehien gerturatzen dena izango da, Iguaranen ustez.

Euskal familiaren mahaia

Euskal Herrian, familia giroan zein lagunartean, gutxi dira hordago eta mus hitzak entzun gabeak. Eta musean bakarka jokatu ezin denez, joko hori beti izan da jendea batzeko lokarri. Euskal Herriko Mus Txapelketak, elkartzeko nahia ardatz hartuta, euskaldunak batzeko darabil musa, eta, zinez, korapilo sendoak egiteko gai izan dira, egun, txapelketako mahaiaren bueltan, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako euskaldunez osatutako familia handia ari baita jokoan. Bihar, hain justu, Gipuzkoako Txapelketako finala jokatuko da Orion.

Euskal Herriko Mus Txapelketaren seigarren edizioa da aurtengoa; alabaina, egungo txapelketaren aurrekaria zenbait urte lehenagokoa da. 2002an hasi zen Segurako Iparra-Hegoa elkartea Euskal Herriko Mus Txapelketa antolatzen. Lehen txapelketa hura gaur egungoa baino xumeagoa bazen ere, orduan oinarri zituen balioei eusten die oraindik.

Xabier Albizu segurarrak ondo baino hobeto gogoratzen ditu lehen pauso haiek: "Iparra-Hegoan iparraldeko jendea ere bada, eta horiek musaren bidez zazpi herrialdeetako jendea elkarrekin jokoan jartzea planteatu zuten". Hain zuzen ere, Gerard Urrutia urruñarrak proposatu zuen hori. Albizuren hitzetan, "nahiko sinbolikoa zen hura, eta azpiegitura ez zen oso handia. Parte hartzaileak ere ez ziren orain bezainbeste. Gaur egun, 2.000 partaide inguru izaten dira, baina, orduan, kopuru horren laurdenak parte hartzen zuen".

Garai hartan, Orreaga fundazioak Nafarroan antolatzen zuen mus txapelketa bat. Gerora, fundazio horrek Bai Euskal Herriari dinamikarekin eta Iparra-Hegoarekin bat egin zuen; eta hiru elkarteen artean, Euskal Herri osoko muslariak biltzeko gunea sortzeko konpromisoa hartu zuten. Urrutiak planteatu bezala, zazpi herrialdeetako muslariak herri gisa aritzeko eta lotzeko egitasmo txiki bat zabaltzeko ardura hartu zuten.

Hala hasi ziren gaur egun hainbeste muslari biltzen dituen mahai handiari forma ematen. Gerora, Euskal Herriko mus federazioa eratu zuten hiruren artean. Harrezkero, federazio hori arduratzen da txapelketa antolatzeaz, eta bistan da lanak ondo egin dituztela, urtez urte arrakastatsuagoa bilakatzen ari baita.

"Batasun nahia"

Askok hala pentsa balezake ere, Euskal Herriko Mus Txapelketa ez zen inoiz kartetan aritzeko bilgune soila izan, beti izan zuen bestelako helbururik. Hori dela eta, jendeak parte hartzea beharrezkoa eta pozgarria den arren, kopuruari garrantzia kentzen dio Albizuk, eta horren guztiaren azpian dagoen "batasun nahia" nabarmendu du. Izan ere, haren hitzetan, txapelketaren benetako helburua "musaren inguruan Euskal Herriko zazpi herrialdeetako jendea elkartzea da, gero 2.000 edo 4.000 izan parte hartzaileak, hori bigarren mailako kontua da".

Xedea hasieratik izan zuten oso argi, baita hori lortzeko baliabidea ere: musa. Litekeena da, ordea, muslaria ez denak galdetzea zergatik aukeratu zuten musa. "Gerard Urrutiak, muslaria bera, musa jatorri euskalduna duen jokoa dela nabarmentzen zuen; gero esportatu dena, tartean, diasporara, gure aurrekoek kanpora joan behar izan zutenean. Herrialde horietan eta iparraldean asko jokatzen dela zioen; beraz, zergatik ez erabili joko hori gure asmoa gauzatzeko?", dio Albizuk.

Txapelketaren egitura

Nazio mailako txapelketa izanik, nahitaezkoa da ondo egituratzea. Hori dela eta, Euskal Herriko Mus Txapelketa hiru fasetan egituratua dago.

Lehena herrietako fasea da. Gipuzkoaren kasuan, 75 bat herrik parte hartu dute aurten. Herrietako lehian ez da sari berezirik izaten: "Herri bakoitzean tabernariek edota dendariek zerbait eman dezakete, baina antolakuntzaren aldetik ez da saririk izaten; bai, ordea, partaide guztientzat ardo botila bana".

Bigarren fasea herrialdeetakoa izaten da, eta fase horretan aurrekoan onenak izan direnak lehiatzen dira. Fase horretan ere ez da dirutan saririk izaten, baina aurrekoan ez bezala, sari sinbolikoak izaten dira, hala nola txapelketarako bereziki egindako garaikurrak eta txapelak.

Azkenik, final nagusian lehiatzen dira sailkatuak, eta han, sari handiak izaten dituzte. Irabazleek 3.000 euro eta Kariberako bidaia jasotzen dute. Txapeldunordeek, 1.500 euro eta Kanariar Uharteetarako bidaia, eta hirugarren sailkatuek, 750 euro eta asteburuko egonaldia Atxaspi hotelean (Lesaka). Horiek ez ezik, bosgarren postutik hamaseigarrenera bitartekoak ere saritzen dituzte.

Arestian esan bezala, hasieran, Iparra-Hegoa elkarteak antolatzen zuen txapelketa. Horregatik, garai hartan, hainbat urtetan Seguran jokatu izan zen final nagusia. Orain, ordea, ez da urtero leku berean izaten. Aurtengoa martxoaren 8an izango da, eta Nafarroa Beherean jokatuko da, Heletan.

Lekuan lekuko ohiturak

Hamabi urte igaro dira, baina oraindik bizirik dirau Iparra-Hegoa elkarteko kideek zazpi herrialdeetako euskaldunak biltzeko xedez abian jarri zuten mus txapelketaren ametsak, eta tinko, gainera; nahiz eta, noski, egitasmo gehienetan gertatzen den moduan, zenbait "eztabaidatxo" ere izan dituzten. "Adibidez, musean lau erregerekin edo zortzirekin jokatu. Araban eta Bizkaian zortzirekin asko jokatzen da, eta iparraldean, berriz, ez dute inoiz zortzirekin jokatzen. Hori ikusirik, herrietako fasean ohitura duten bezala jokatzea erabaki zen, laurekin zein zortzirekin; baina herrialdeko fasean eta final nagusian, laurekin".

Hizkuntzak ere sortzen ditu batzuetan egoera bitxiak: "Arazo txiki batzuk izaten dira batzuetan hizkuntzarekin, denek ez baitakite euskaraz". Baina arazo horiek ez dute buruhauste handirik eragiten; izan ere, Albizuren hitzetan, musak baditu konponbideak: "Musean imintzioak ere erabiltzen dira, baita hizkuntza internazionala ere; beraz, beste komunikazio mota batekin konpontzen dira arazoak", zehaztu du. Zailtasun txiki horiek ez dute eragozpenik eragiten parte hartzaileen artean, eta Albizuk argi dauka esperientzia ederra dela txapelketakoa. Horrenbestez, muslariak parte hartzera animatzen ditu: "Merezi du esperientzia honetan parte hartzea. Mus jokoarekin jokalari bakoitzak, apalki bada ere, Euskal Herria osatzen laguntzen du". Horrez gain, "esperientzia bikaina da herrialdeko final batera edota final nagusi batera joatea, horretarako egun osoa hartuta".

Bestalde, Albizuren iritziz, "ohiko mus txapelketak azkarrak dira. Horietan, sarrera kopuru jakin bat izaten da, partaide kopuru zehatza, eta bukaeran irabazleek diru jakin bat jasotzen dute, eta akabo". Haien filosofia bestelakoa da: "Ez da hori, ez da diruarena; txapelketan parte hartzen duenak ekarpena egiten dio hain gurea den joko honi, eta zaletasun bera duen Euskal Herriko jendea ezagutzeko aukera izaten du".

Iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunen batzeko nahiak bultzatuta jaio zen txapelketa mahai txiki baten bueltan, 2002. urtean. Harrezkero, mahaia hazi eta aldatu egin da, eta gero eta gehiago biltzen dira bertara. Baina ezbairik gabe, Albizuk adierazi bezala, aulki kopuruaz harago, garrantzitsuena mahaiaren inguruan biltzen den familia da, "zazpi herrialdeetatik etorritako senideez osatutako familia bateratua".