Gasa, berdea eta merkeagoa

Garai batean, baziren gasa erabiltzen zuten ibilgailuak Euskal Herrian, baina interes ekonomikoak eta segurtasun arazoak zirela medio, desagertuz joan ziren. Egun, ordea, kontzientzia handiagoa dago ingurumenarekin, eta berriro agertzen hasi dira, nah...

BERRI EMAN ETA SALATU

Urtarrilaren 1ean herriko neska batek jasan zuen erasoa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten joan den larunbatean Lasarte-Oriako Okendo plazan, herriko emakume batzuek deituta. Irudian, elkarretaratzerako deia egiteko egindako agerraldia, "gertatutak...

Irribarre bat nahikoa zen

Aiorari ez zaio Pablo gustatzen; Pablok ere ez dio ondo begiratzen Aiorari. Fina da Aiora, pinpirina. Burugogorra eta berekoia Pablo. Batak amaren hilobia eta besteak senarrarena bisitatzeko aitzakiarekin, hilobian egiten dute topo. Badirudi ezberdinak diren bi munduak ez dagoela elkarren alboan jartzerik. Begirada batek, ordea, dena aldatuko du. Barre leun bat nahikoa izango da bi protagonisten arteko sua pizteko.

"Maitasun istorio batek aurrera egin dezakeela kontatzen da, edozein zailtasuni aurre eginez. Bi pertsona oso ezberdin direnean ere aurrera egin dezakeela; nahi badute behintzat, posible da". Hala dio Aitziber Garmendia aktoreak (Zaldibia, 1982). Aioraren rolean buru-belarri dabil azken asteetan.

Eta agertokian ondoko tipoa du Iker Galartza (Amezketa, 1977). "Gustura" dabil Galartza Pabloren rolean: "Maitasun istorioa da, baina ez gaztetxo batzuena. 40 urteren bueltako bi pertsona maitemintzen dira, baina bakoitzak bere bizia du... Sokatiran bezala arituko dira, guztia nola bideratu erabakitzeko".

Zalantzarik gabe, umore kutsuarekin datorren antzezlana da Ondoko hilobiko tipoa. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, komedia erromantikoa da Aiorarena eta Pablorena. Bi mundu ezberdin leku berean. Bata bestearen ondoan, kanposantuan. Maila sozial eta kultura ezberdinak aurrez aurre jarriko dituzte. Ezinezkoa litzatekeena posible egiten duen istorioa da.

Urtarrilaren 10ean Andoaingo Basteron estreinatu zutenetik, herriz herri dabiltza emanaldiak egiten. Euskal Herrian zehar emanaldi ugari izango dituzte, euskaraz zein gazteleraz. Burgoseraino (Espainia) ere eramango dute antzezlana. "Bi hizkuntzetan ari gara, eta bietan natural aritu behar da", dio Galatzak.

Antzokiak barre algaraz betetzen dabiltza. Kartelean Garmendia eta Galartza ikusita pentsatzekoa da barrez lehertzeko moduko komedia baten aurrean dagoela ikuslea. "Eseri orduko hasten da jendea barrez", dio Garmendiak. Barrez ari ez direnean ere, irribarrez daude ikusleak. "Gaur egungo garaietan, ostiral gau batean ogitarteko bat afaldu eta jendeari barre eragitea asetzeko moduko lana da", dio Galatzak.

Gustura daude bi aktoreak antzezlana izaten ari den harrerarekin. Andoaingoa ez ezik, Gernikako, Sopelako eta Erandioko (Bizkaia) antzokiak bete dituzte. Berezia, ordea, Zaldibiakoa izan zen Garmendiarentzat: "Bertakoa izanda izugarrizko harrotasuna sentitzen da; zenbat jende joan zen ikustera! Pasilloa eta dena bete-bete eginda...". Galatzaren arabera ere etxean antzeztea berezia da. Hala ere, familiakoak jarraitzaile onak dituzte, eta autoa hartu eta joaten dira hara eta hona ikustera.

Biak umore lanetan aurpegi ezagunak diren arren, Ondoko hilobiko tipoa lanarekin egin dute lehenbizikoz topo agertokian. Asmoa ikusleei barre eragitea badute ere, entseguetan barrez lehertu direnak eurak izan direla aitortu du Garmendiak: "Terapia bat izan da". Beren neurrira egindako pertsonaiak jantzita, agertokian ere begi bistakoa da bi aktoreen arteko kimika.

Osasun ohituretan eragiteko

Pil-pileko gaiak landuz informazio eguneratua eskaintzeko helburuz abiatu da Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgelak ziklo berria. Minbiziari, lesioei, bihotzeko gaixotasunei eta beste hainbat osasun arazori buruzko hamar hitzaldi antolatu dituzte ot...

Agurtzeko moduak

Ez da batere erraza gaur agurrarekin asmatzen. Lehen, aski izaten zen "aupa!" edo "kaixo" bat, edo buruarekin keinu bat eginez agurtzen genuen elkar, "baserritarren erara". Esamoldea ez da nirea, Beckettena baizik. Parisen 1960ko hamarkadan Falstaff edaritegian elkartzen ziren gauean Godard, Ionesco bera tarteka, Sartre ikasle edo jarraitzaile gazteren batekin eta Beckett bera irlandar adiskideekin askotan. Eta elkar modu horretara agurtzen zutela dio, hitzik esan gabe, buruarekin keinua eginez.

Orain berrogei urte, egia da, bazegoen "baserritar erara" diosala egiteko beste era bat, askoz ere basatiagoa, batez ere erromerietan trago batzuk gainean zituzten mutilen artean erabiltzen zena: mutil batek beste bati ongietorria egiteko zangoetatik bi besoekin heldu eta gora altxatzen zuen, airean botatzen ez zuenean. Ongietorria jasotzen zuen mutila lurrera erortzen zen, noski, hezurren bat hausteko arriskuarekin gehienetan. Ikusgarria bezain arriskugarria zen agurtzeko modu hori erabat desagertu da, zorionez.

Orain dozena bat urte hasi ziren besarkadak. Nik hasieran telebistaren eragina izango zela pentsatzen nuen, eta hala izango da gehienetan, programa batzuek negar egin eta besarkadak emateko ikastaroak baitirudite. Baina ez da hala beti. Lanagatik ikastolaz ikastola elkarrizketak egiten ibili nintzen urteetan ohartu nintzen adimen emozionala lantzen zuten zentroetan emanagoak direla besarkada luze horietara. Ohikoa zen idazkaritzara joan, zuzendariagatik galdetu eta hark agertu orduko besarkada estu bat ematea eta ondoren hitz egin behar zenuen irakasle emakume bakoitzeko estualdiak hartu beharra. Ez naiz kexatzen ari, alderantziz. Etxera emakume lurrinez kutsatuta itzultzen zinen, ohe arrotz batean lo egin izan bazenu bezala.

Ez dut esan nahi besarkaden kontu honekin musuak desagertu direnik. 1960ko hamarkadan ohitura exotikoa zen, paristarra esango nuke, inoiz bi edo hiru eman behar ziren, nondik hasi behar genuen (ezker masailetik ala eskuinekotik) ikasi ez bagenuen ere. Oraindik ere ematen dira, eta asko. Hirietako giroan aurkezpen eta agur protokoloaren parte bihurtu dira bi musuak.

Orain modan jarri dena, hala ere, gizonen arteko musuak dira, artista jendearen artean batik bat. Ez dakit ohitura hori generoen arteko berdintasunak ekarri duen ala desertuko haizeak. Badago gizonen artean agurra egiteko modu informalago eta zabalduago bat, eskua jaso eta topa egitea. Badu agurtzeko modu amerikar horrek halako kiroltasun ukitu bat ere, gustagarria egiten dena.

Bakoitzak bere agurtzeko modua du. Argiñanok, esate baterako, ezkerreko eskua gora altxatuz egiten du urrundik diosala. Ezkertiarren ukabil jasoaren eta pilotari baten bolearen arteko keinua da. Eskuarekin egiten diren keinu horiek izaeraren araberakoak dira. Beraz, pertsona adina agur daude. Hori nabarmena da Zinemaldira etortzen diren aktoreen artean. Baina ideologia adina agur ere badaude. Hor daude agur militarrak. Hor daude oraindik Madrilen ikusten diren agur faxistak ere. Hor dago Dieudonne komiko frantziarraren agur polemikoa. Nik neuk, Becketten erara, buruarekin keinu laburra eginez agurtzen jarraitzen dut.

Besarkada guztiak ez dira, noski, agurrak. Asko maitasunezkoak dira. Gizonezko batek emakumea atzetik, bi besoak bularren parean gurutzatuz, besarkatzen badu, maite duen seinale. Emakume hori lasai egon daiteke, zaintzeko eta defendatzeko asmoa adierazten du; izan ere, zer dago bizkarra baino gorputzeko atal babesgabeagorik, mendeetan labankadak eta erasoak hortik etorri baitzaizkigu.